EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2017128

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Leintz-Gatzagako udal-mugartean (Gipuzkoa) dagoen iturburutik datozen ur mineral industrialak ustiatzeko baimena emateko.

Xedapenaren data: 2017-04-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703418
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2001/06/22an argitaratutako 2001/05/21eko EBAZPENA [200103530]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– Industria eta Meatzetako Administrazioko zuzendariaren 2001eko maiatzaren 21eko Ebazpenaren bidez, Leintz-Gatzagan dagoen iturburutik datozen urak ur mineral industrial direla adierazi zen. Ebazpena 2001eko ekainaren 22ko EHAAn argitaratu zen.
Bigarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2014ko maiatzaren 28ko Ebazpenaren bidez, lehiaketa publikoa egin ondoren, Leintz-Gatzagako Udalari eman zitzaion gatz-iturburuko urak ustiatzeko eskubidea.
Hirugarrena.– 2014ko azaroaren 26an, Leintz-Gatzagako Udalak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Lurralde Ordezkaritzan, «Productos Leniz» gatz-fabrika zaharreko iturburuaren urak ustiatzea eskatu zuen.
Laugarrena.– Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez, Leintz-Gatzagan (Gipuzkoa) gatz-baliabideak ustiatzeko herri horretako udalak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin zen.
Bosgarrena.– 2017ko otsailaren 21eko Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren (IGME) txosten baten bidez, babes-perimetro bat proposatu zen, Udalaren proiektuan proposatutakoaren ondoan aldaketa txiki batekin; honela definituta geratu zen:
– Ondoko eremua edo erabateko murrizte-eremua: Iturburuetara sartzeko meazuloaren inguruko gertueneko eremuari dagokio. Sarrerak metalezko ate batekin babestuta egon behar du, eta bertan, iturburuaren funtzionamendurako eta mantentze-lanetarako erabat beharrezkoa ez den jarduera orok murriztuta egon behar du.
– Babes kuantitatibo eta kualitatiboko eremua: Erpinen arabera mugatua, titularraren proposamenarekiko aldaketa txiki batzuekin.
Halaber, txostenak esaten du uraren babes kualitatiborako mugatuta edo debekatuta egon behar dutela, babes-perimetroan, beste kutsadura-foku bat eragin dezakeen jarduera guztiek, perimetroa onartu ondoren. Babes kuantitatiborako, ez da onartuko, babes-perimetroan, akuiferoari eragingo dioten hirugarrenen zulaketa berririk, meatze-agintaritzak baimendu gabe.
Seigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Lurralde Ordezkaritzaren Meatzeetako Teknikariaren aldeko txosten batekin, Leintz-Gatzagako gatz-baliabideen iturburutik datozen ur mineral industrialak ustiatzeko baimenaren berri eman zen, aurkeztutako proiektuaren arabera.
Zazpigarrena.– 2017ko martxoaren 30ean eta 2017ko martxoaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ingurumen Sailari helarazi zitzaien, horren berri izan zezaten, eta orain arte ez da erantzunik izan.
Zuzenbideko oinarriak
Lehenengoa.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuz (2017ko apirilaren 21eko EHAA).
Bigarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2015eko azaroaren 13ko Ebazpenaren bidez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzei eskuordetu zitzaien meatzeen arloko gai jakin batzuen eskumena, horien artean, «A) edo B) ataletako baliabideak aprobetxatzeko baimenak eta C) edo D) ataletako baliabideak aprobetxatzeko emakidak emateko ebazpen-proposamenak izapidetzea, horiei buruzko txostena egitea eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak behin betiko onar ditzan aurkeztea».
Hirugarrena.– Meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legean eta 2857/1978 Errege Dekretuak onesten duen Meatzaritzaren Erregimenerako Erregelamendu Orokorrean B) ataleko ustiapenen baimenei buruz xedatutakoaren arabera.
Laugarrena.– Baita Meategietako Segurtasuneko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean ere (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretua) eta osatzen duten ITCetan.
EBAZPENA
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak Leintz-Gatzagako udal-mugartean (Gipuzkoa) dagoen iturburutik datozen ur mineral industrialak ustiatzeko baimenari buruz, udalerri horretako Udalaren alde egindako ebazpen-proposamena ikusita, honako datuekin:
1.– B) atalaren baimenaren izena: Leintz-Gatzaga gatz-baliabidea.
2.– Titularra: Leintz-Gatzagako Udala.
3.– Helbidea: San Miguel Plaza 2, 20530 Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa.
4.– Ur-mota eta horren erabilera: Mineral industriala.
5.– Ustiatzeko emaria: 7.800 m
6.– Babes-perimetroaren koordenatuak:
Proposamen horren oinarri diren aurrekariak eta oinarriak kontuan hartuta, egokia da haren edukiak organo honen Ebazpen izatera pasatzea; agintzen da horren berri interesdunari bere terminoetan ematea.
Meatzaritzako Erregimenerako Erregelamendu Orokorreko 2.3 artikuluan xedatutakoaren bat etorriz, baimen hau hirugarrenei kalterik egin gabe ulertzen da, eta ez du baztertzen legeen arabera beharrezko izan daitezkeen gainerako baimen eta emakidak lortu behar izatea.
Meatzeetan eskudun den Lurralde Ordezkaritzako Zerbitzu Teknikoek instalazioetarako bisitak direla-eta edo beste edozein egoera dela-eta ezar litzaketen preskripzioak eta baldintzak bete beharko dira.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 27a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.