EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017125

AGINDUA, 2017ko ekainaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie itunpeko ikastetxe pribatuei ituntzeko unitateak zehaztu ditzaten Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz sendotzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2017-2018 ikasturterako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201703356
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/01/15ean argitaratutako 2015/12/22ko 201500236 DEKRETUA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aginduak 2016-2017 eta 2021-2022 aldietako ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzeko eta itun berriak egiteko ez ezik, 2016-2017 ikasturterako itundu beharreko unitateak zehazteko deia ere egiten du, baina ez ditu xedearen barruan honako hauek jasotzen: Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza berezi irekia, hezkuntza berariaz sendotzeko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak.
Abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak (Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena), VI. kapituluan, berariazko hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako aniztasun-neurriak ezartzen ditu. Zehazki, hezkuntza-premia bereziak dituztelako pedagogia terapeutikoan espezializatutako irakasleak behar dituzten ikasleak aipatzen ditu 37. artikuluan; 39. artikuluan, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak, eta, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak 40.ean.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean (apirilaren 11ko 2/2017) aurreikusten da itunpeko ikastetxeak mantentzeko ekonomia-moduluen arabera finantzatzea Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekia, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak.
Agindu honen bidez dei egiten zaie indarreko hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei ituntzeko unitateak zehaztu ditzatela Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2017-2018 ikasturterako.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta hartzaileak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten zaie eska ditzatela ituntzeko unitateak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2017-2018 ikasturterako.
2.– Irakaskuntza hauek emateko baimena duten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte ituntzeko unitateak:
a) Lehen Hezkuntza, lehen hezkuntza berezi irekiko unitateak eskatzeko.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, bigarren hezkuntza berezi irekiko unitateak, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak eskatzeko.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritakoa izango da unitate horietara bideratutako funts publikoen gehieneko zenbatekoa.
2. artikulua.– Baldintza orokorrak.
1.– Hezkuntza-itunen Erregelamendua onartzen duen Dekretuan (irailaren 8ko 293/1987) ezarritako itun-araubidearen berezko baldintzak bete beharko dituzte ikastetxeek.
2.– Lehen Hezkuntza berezi irekian eta Bigarren Hezkuntza berezi irekian itundu beharreko unitateek aldez aurretik baimenduta egon beharko dute indarreko legeriarekin bat etorriz.
3.– Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Organo kudeatzaileak behar adina aldiz egiaztatuko du itunak eskatu dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du horretarako haien baimenik eskuratu beharko.
4.– Ikastetxeek bermatuko dute betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren (urtarrilaren 15eko 1/1996) 13. artikuluaren 5. zenbakian xedatua, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzeko Legearen bidez ezarria (uztailaren 28ko 26/2015).
3. artikulua.– Baldintza espezifikoak.
1.– Ikasgela irekiko unitate bat itunduko badu, ikastetxeko honako betekizun hauek bete beharko ditu, etaparen eta ikasle hartzailearen arabera:
a) Lehen Hezkuntzan, honako baldintza hauetakoren bat:
– Desgaitasunei edo jokabidearen nahasmendu larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak (4-6 bitartean) eskolatzea, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, honakoa eskatzen baitute: banakako jarduketa-plan bat, zeinak barne hartzen baitu Lehen Hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era nabarmenean egokitzea, eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin, zabalarekin edo orokortuarekin.
– Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak (HLBP) dituzten ikasleak (8-12 bitartean) eskolatzea; hauei lotuta egonik: heltze-atzerapena, mugako gaitasun intelektuala, nahasmendua arreta defizitarekin (hiperaktibitatearekin ala gabe), diskalkulia, irakurketa-nahasmendua edo dislexia, edo hizkuntzako nahasmendu espezifikoa, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, eskatzen baitute: banakako jarduketa-plan bat, barne hartzen duena Lehen Hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era nabarmenean egokitzea, eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin.
b) Bigarren Hezkuntzan, honako baldintza hauetakoren bat:
– Desgaitasunei edo jokabidearen nahasmendu larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak (4 edo 5) eskolatzea, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, honakoa eskatzen baitute: banakako jarduketa-plan bat, zeinak barne hartzen baitu Bigarren Hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era nabarmenean egokitzea, eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin, zabalarekin edo orokortuarekin, edota
– Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak (HLBP) dituzten ikasleak (8-10 bitartean) eskolatzea; hauei lotuta egonik: heltze-atzerapena, mugako gaitasun intelektuala, nahasmendua arreta defizitarekin (hiperaktibitatearekin ala gabe), diskalkulia, irakurketa-nahasmendua edo dislexia, edo hizkuntzako nahasmendu espezifikoa, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, eskatzen baitute: banakako jarduketa-plan bat, barne hartzen duena Bigarren Hezkuntzako irakasgairen bateko curriculuma era nabarmenean egokitzea, eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin.
2.– Hezkuntza sendotzeko proiektuetan unitate bat ituntzeko, baldintza hauek bete beharko ditu aldi berean ikastetxeak:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen edo bigarren mailako 13 edo 14 urteko –eta salbuespenez 15 urteko– ikasleak eskolatuta edukitzea (gutxienez 8 eta gehienez 15), eta horiek hezkuntza-laguntzako berariazko premiak (HLBP) edukitzea ahulezia-egoeran dagoen gizarte- edo kultura-ingurune bateko kide direlako, edo eskolara egokitzeko arazo larriak edo eskola-porrota edukitzeagatik.
b) Bekadunak gutxienez % 35 izatea programa eskatzen duten mailetan.
c) Hezkuntza berariaz indartzeko proiektua aurkeztea deialdi honen 4. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera.
3.– Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitate bat ituntzeko, ikastetxeak honako baldintza hauek bete beharko ditu ikasleen adinaren eta programa-iraupenaren arabera:
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan matrikulatutako ikasleen % 15 baino gehiago ez proposatzea curriculum-aniztasunerako. Bi talde baino gehiago ituntzea eskatuz gero, ikastetxean 300 ikasle baino gehiago egon beharko dira DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulaturik.
Gainera, programaren iraupenaren arabera:
– Programa bi ikasturtetarako bada, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan 15 edo 16 urteko ikasleak eskolatuta edukitzea (gutxienez 8 eta gehienez 15), eta horiek baldintza hauek betetzea:
● Oinarrizko Hezkuntzan mailaren bat errepikatzea.
● 2016-2017ko ikasturteko aparteko deialdiaren ondoren, DBHko 1. eta 2. mailetako gehienez lau ikasgai gainditu gabe edukitzea.
● DBHko 3. mailara igarotzeko baldintzak ez betetzea.
– Programa ikasturte bakarrerako bada, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan 16 edo 17 urteko ikasleak eskolatuta edukitzea (gutxienez 8 eta gehienez 15), eta horiek baldintza hauek betetzea:
● Oinarrizko Hezkuntzan mailaren bat errepikatzea.
● 2016-2017ko ikasturteko aparteko deialdiaren ondoren, DBHko 1., 2. eta 3. mailetako gehienez lau ikasgai gainditu gabe edukitzea.
● DBHko 4. mailara igarotzeko baldintzak ez betetzea.
Ikasturte bateko programan curriculum-aniztasunerako programa jada egin duten 18 urteko ikasleak jaso ahal izango dira, baldin eta Graduatu titulurako proposatu ez badituzte.
4.– Artikulu honetan adierazitako adin-eskakizuna betetzeko ikasleak 2017ko abenduaren 31n duen adina hartuko da kontuan.
4. artikulua.– Ikastetxeak egiaztatzea eta jarraibideak hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak garatzeko.
1.– Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan unitateak ituntzea eskatzen duten ikastetxeek honako hau egiaztatu beharko dute:
– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak ontzat eman duela ikastetxeko Zuzendaritzak proposatutako hezkuntza berariaz indartzeko proiektua, eta, onartzekotan, ikastetxeko Urteko Planean jasotzeko konpromisoa hartu duela.
– Ikastetxeak programaren jarraipenean laguntzeko eta Berritzeguneek antolatutako jardueretan parte hartzeko konpromisoa hartu duela.
– Ikastetxeak programaren garapena azaltzen duen memoria egingo duela ikasturtearen amaieran, eta ikastetxeko urteko memorian txertatuko duela hori.
– Ikastetxeko zuzendaritzak gurasoei eta/edo legezko tutoreei jakinarazi eta entzun diela.
– Erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazi du.
2.– Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan unitateak ituntzea eskatzen duten ikastetxeek eskabidearekin batera bere proiektu-proposamena ere aurkeztu beharko dute, eta jarraibide hauek hartuko dituzte kontuan hori egiteko orduan:
– Ikastetxeko ikasleen aniztasunari globaltasunez eta batera erantzuteko planteamenduaren baitan, eskola inklusiboaren barruan, garatzea proiektua, eta itxaropen handiak sortzea hartzaile diren ikasleengan.
– Programaren jarduketak, baita ohiko eta ezohiko baliabideak ere, ikasle guztien eskola-arrakasta lortzera bideratzea, programaren hartzaile diren ikasleei arreta berezia emanez.
– Metodologia aktiboak eta estrategia inklusiboak erabiltzea, hala nola taldeko irakasle kopurua murriztea, hau da, irakasle bakoitzak ikasgai bat baino gehiago ematea; bi irakasle ikasgelan; talde interaktiboetan lan egitea; solasaldi dialogikoak; tutoretzadun liburutegia; ikaskuntzaren elkarlaneko antolaketa; IKTak erabiltzea ikaskuntzak aberasteko... Horrelako estrategiek ez dute inola ere eragingo programako ikasleentzat taldeak eta saioak berariaz sortzea, hizkuntzetako komunikazioa lantzeko banaketa heterogeneoei dagokienez izan ezik.
– Proiektuaren hartzaile diren ikasleei talde naturalaren barruan banakako arreta emateko neurriak antolatzea (banakako tutoretzak, berdinkideen arteko tutoretzak, kontratu pedagogikoak, ikasle enbaxadoreak, babesak, berbalagunak...).
– Irakasle guztien arteko koordinazioa bermatzea, bai bertikala bai horizontala; batez ere, proiektuaren xede diren ikasleak dauden taldeekin harremanak izango dituzten irakasleen arteko koordinazioa.
– Senideen harremana eta parte-hartzea lantzea, eta haien prestakuntza ahalbidetzea, eta ikasleekin elkarrekintzan dauden inguruko eragileekin ere koordinazioa sustatzea.
– Irakasleen barneko prestakuntza antolatzea (tutoreak, ikasketa-buruak, orientazioa...).
– Proiektuak honako atal hauek berariaz jasotzea:
● Hezkuntza berariaz sendotzeko proiektuaren helburuak eta aniztasunaren arretarako planarekin zer lotura duen.
● Helburuak lortzeko zer jarduketa egingo diren zehaztea, aurreko orientabideei jarraikiz, zer ikasgelatan esku hartuko duten, zer ikasgaitan eta horietako bakoitzaren irakasle arduradunak zein diren zehaztuta, baita ikasgela bakoitzean berariaz proiektuaren hartzaile diren ikasleak ere.
● Ikasleen jarraipena egiteko ekintzak eta neurriak zehaztea eta proiektuaren ikasle hartzaile bakoitzarentzat banakako jarduketa-plana egiteko konpromisoa; ikastetxeak Hezkuntza Ikuskaritzaren eta dagokion eskualdeko Berritzegunearen esku jarriko du hori, halaber.
● Proiektuarekin zerikusia duten jarduketetan senideek izandako parte-hartzearen deskribapena.
● Ikastetxeko irakasleek proiektuaren ekintzetan duten parte-hartzea eta inplikazio-maila.
● Proiektuaren eta ikasleen ebaluazio-adierazleak.
3.– Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitateak ituntzea eskatzen duten ikastetxeek honako hau egiaztatu beharko dute:
– Ikastetxeak programako kide bakoitzarentzat oinarrizko programa eta banakako programa egiteko konpromisoa hartzen du. Dokumentu horiek Hezkuntza Ikuskaritzaren esku egongo dira 2017ko iraila amaitu aurretik.
– Ikastetxeak banakako plana egiteko konpromisoa hartzen du; plan horretan irakasleek oinarrizko edukiak eta ebaluazio-irizpideak zehaztuko dituzte. Ikasleak oinarrizko gaitasunak eskuratu ditzan irakasleek beharrezko jotzen dituzten oharrekin osatu egingo da programa hori ikasturtean zehar.
– Ikastetxeak programaren garapena azaltzen duen memoria egingo du ikasturtearen amaieran, eta ikastetxeko urteko memorian txertatuko duela hori.
– Ikastetxeko zuzendaritzak gurasoei eta/edo legezko tutoreei jakinarazi eta entzun die.
– Erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazi du.
4.– Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitateak ituntzea eskatzen duten ikastetxeek honako jarraibide hauek bete beharko dituzte curriculum-aniztasunaren oinarrizko eta berariazko programazioa egiteko orduan:
– Curriculum Aniztasunaren programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzera bideratzea; horrenbestez, ebaluazioak Bigarren Hezkuntzaren oinarrizko gaitasunak eta helburuak izan beharko ditu funtsezko erreferentziatzat.
– Programaren hartzaile diren ikasle guztiek jarraituko duten oinarrizko programa zehaztea; metodologia, edukiak eta ebaluazio-irizpideak zehaztuko ditu horrek, eta berariazko taldetan, eremuka, edo talde arruntetan, modu integratu batez, egin ahal izango da:
● Berariazko taldeak: programa horietako ikasleek, gutxienez ere, 23 ordu eskainiko dizkiete hizkuntzen eta gizartearen eta zientziaren eta teknologiaren arloei. Irakasle batek edo gehiagok emango dute arlo bakoitza; irakasle horietako batek ikasleen banakako tutoretza hartuko du bere gain, astean bi orduz gutxienez.
●Talde arruntak: Proposamen integratuan, curriculumaren antolaketa eremuka, diziplinarteko proiektuka edota jakintza-arloka egin daiteke, eta curriculum-aniztasuneko ikasleek ikasgai guztiak talde arruntetan egingo dituzte. Ikastetxeko proposamenak ikasgelan sendotu beharreko ikasgaiak eta noiz egin zehaztuko du, baita irakasle-taldeko zer irakaslek hartuko dute banakako tutoretzen ardura ere.
● Talde ikasle bakoitzarentzat banakako programa egitea; horrek barnean hartuko ditu, besteak beste, ibilbide akademiko pertsonala, eduki-egokitzapena eta dagozkion ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak. Curriculum-aniztasuneko ikasleek ebaluazioa jaso beharko dute ikasturte bakoitzaren amaieran, eta bi ikasturteko programetan, nahitaezkoa izango da lehenengotik bigarrenera igotzea.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Hamabost egunekoa izango da 2017-2018 ikasturterako ituntzeko unitateen eskabideak aurkezteko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Hezkuntza Saileko hezkuntza-itunen aplikazio informatikoaren bidez.
Eskabideak aurkezteko argibideak eta deialdi honi buruzko gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/itunak/y22-izapide/es
2.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Hezkuntza bereziko ikasgela irekien unitateak ituntzeko eskabideetan, banakako planaren eta Pedagogia Terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntzaren hartzaile diren ikasleen zerrenda.
b) Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan unitateak ituntzeko eskabideetan: Eskakizunak IIA eranskinaren arabera egiaztatzea, ikasleei arreta emateko ikastetxeak proposatutako proiektua IIB eranskinaren arabera, eta proiekturako proposatutako ikasleen zerrenda IIC eranskinaren arabera.
c) Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitateak ituntzeko eskabideetan: Eskakizunak egiaztatzea IIIA eranskinaren arabera, eta programarako proposatutako ikasleen zerrenda IIIB eranskinaren arabera.
7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzaren ardurapean dago Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz sendotzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan agindu honetan aurreikusitako unitateak ituntzeko prozedura kudeatzea.
8. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
Deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira ituntzeko eskabideak, eta unitate edo zerbitzu engaiatuen txostenak helarazi beharko dira.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, aurreko ataleko txostenetan oinarrituz eta agindu honen 3. eta 4. artikuluei jarraikiz, behin-behineko proposamen bat egingo du, eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.
Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak proposamen horren berri emango du, agindu honen 11. artikuluari dagokionez.
Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek jakinaraziko diete ikastetxeei ituntzeko behin-behineko proposamena. Proposamen horren aurka ikastetxeek, jakinarazten den egunetik hasita hamar eguneko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte.
9. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
Alegazioak aztertzeko, honako kide hauek osatuko duten Batzordea eratuko da:
Batzordeburua: Hezkuntzako sailburuordea edo horrek eskuordetzen duen pertsona.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark izendatzen duen ordezkoa.
Ikuskari nagusia edo hark izendatzen duen ordezkoa.
Idazkaria: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bat.
Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertutakoan, batzordeak ebazpen-proposamena jakinaraziko dio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari.
Eta, era berean, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak Hezkuntzako sailburuari helaraziko dio ebazpen-proposamena.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko du deialdia agindu baten bidez, non zehaztuko baitu ikastetxe bakoitzerako itundu beharreko Lehen eta Bigarren Hezkuntza berezi irekiko unitate kopurua, hezkuntza berariaz sendotzeko proiektuak eta curriculum-aniztasuna, 2017-2018 ikasturterako, aplikatzeko modulua eta zenbatekoa.
2.– Deialdi hau sei hilabeteko epean ebatziko da, agindu honetako 5. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.
3.– Agindu honen bidez itunduko diren unitateek, matrikulazio-epea amaitutakoan, deialdi honetan jasotako ikasle-ratioak bete beharko dituzte, eta ofiziozko aldaketa baten mende egongo dira.
11. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.
1.– Ikasturtea bi aurrekontu-ekitaldiren kontura finantzatuko da, eta hezkuntza-itunak finantzatzeko aurrekontu-partidetan erabilgarri dauden kredituen arabera baimenduko da gastu hori.
2.– Itundu beharreko ikasgela kopurua zehazteko izapidea hasi aurretik, iraila-abendua aldiari dagokion gastua baimendu beharko da. Gastu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura finantzatuko da, eta Lege horretan itunpeko ikastetxeak mantentzeko modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.
3.– Halaber, urtarrila-abuztua aldiari dagokion gastua aurretiaz izapidetuko da hurrengo urteko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura, gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz. Hurrengo urteko ekitaldirako Aurrekontuei buruzko Legeak, onartzen denean, adierazten dituen modulu ekonomikoetara egokituko da zenbateko hori.
12. artikulua.– Hezkuntza-itunak ordaintzea.
1.– Agindu honen bitartez arautzen diren unitateen ordainketa aurretiaz egingo da, lau hilabeteka, eta Ordainketa Eskuordetua arautzen duen Dekretuaren arabera (urriaren 15eko 289/1993), ordainketa mota horrek eragiten dituen hezkuntza-mailetan.
2.– Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak hezkuntza-itunen ordainketa jasotzeko.
3.– Laguntzen ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar hainbestetan eta eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
13. artikulua.– Ez-betetzeak.
Onuradunak Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, dagozkion legezko interesak gehituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian diru-sarrera eginez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondoreak.
Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.