EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017125

AGINDUA, 2017ko ekainaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology (UPV/EHU-Eduardo Anitua fundazioa) atxikitzea, ikerketarako unibertsitate-institutu gisa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201703355
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/08/27an argitaratutako 2012/07/19ko AKORDIOA [201203869]

Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta modalitate eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauekin bat: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua–; eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak eta Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuak aldatua–, 10.4 artikuluan, ezarrita dago ezen, ikerketarako unibertsitate-institutuak unibertsitate publiko bati atxikitzeko, hitzarmen bat egin behar dela eta hitzarmen hori autonomia-erkidegoak onartu behar duela, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposatuta eta Gizarte Kontseiluaren aldeko txostena izan ondoren.
Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren 142. artikulutik 145.era bitartean dago jasota zein diren ikerketarako unibertsitate-institutuen modalitateak, eta horien artean ikerketarako unibertsitate-institutu atxikiak daude, UPV/EHUrekiko hitzarmena egin duten beste organismo publiko edo pribaturen mendekoak, hain zuzen; hitzarmen horretan finkatzen da zer-nolako lankidetza den.
Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren 2012ko uztailaren 19ko Erabakian, non UPV/EHUko ikerketarako unibertsitate-institutuen esparru-araudia onartu baitzen, 2. artikuluan, ikerketarako unibertsitate-institutuen motak daude jasota eta, 26. artikulutik 29.era bitartean, horiek eratzeko alderdi batzuk, araubide juridikoa eta sortze- edo atxikipen-hitzarmenaren edukia.
Aipatutako araudi hori oinarritzat hartua, Euskal Herriko Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio onar dezala Euskal Herriko Unibertsitateari University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology-UIRMI (UPV/EHU-Eduardo Anitua fundazioa) atxikitzea ikerketarako unibertsitate-institutu gisa.
University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology (UPV/EHU-Eduardo Anitua fundazioa), –aurrerantzean UIRMI– ikerketa-zentro bat da; haren estrategiak bi zutabe handi dauzka: batetik, haren ikerketa-jarduera erreferentzia da medikuntza birsortzailearen, zauri txikiko kirurgiaren eta ahoko inplantologiaren eremuan, baita horiek guztiak gizarteratzean ere; eta, bestetik, goi-mailako prestakuntza daukan langileen prestakuntza hori ematea, nazioarteko proiekzioa duten graduondoko prestakuntza-jarduerak sustatzen baititu.
Euskal Herriko Unibertsitateak atxikipen hori proposatu du, eta haren helburu nagusia da medikuntza birsortzaileari eta ahoko inplantologiari loturiko graduondoko ikerketak eta irakaskuntza garatzea, batera programatutako jardueretan, eta beroriek garatzea espezializazio eta kalitate zientifiko handiaz. Hori eginda, UIRMI erreferentziako institutu bilakatuko da diziplina anitzeko ikerketa, prestakuntza bikaina eta gizarteratze hobea sustatzen, zientzia-dibulgazio eta -zabalkundearen bitartez, eta ekintzailetza sustatuta.
Alde batetik, Eduardo Anitua fundazioa nazioarteko liderra da medikuntza birsortzaileko eta inplantologiako ikerketetan; izan ere, modu aktibo batean bilatzen ditu formulazio eta tratamendu berriak, gaur egungo arazo sozio-sanitarioei konponbide terapeutikoak ematearren. Beste alde batetik, nazioarteko mailan, UPV/EHUk bere bikaintasun zientifikoa sendotu du, eta lagundu du ezagutzak areagotzen, kalitateko prestakuntza-eskaintza zabal baten bidez.
Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren 2016ko irailaren 29ko Erabakia ikusita, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Herriko Unibertsitateari University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology-UIRMI (UPV/EHU-Eduardo Anitua fundazioa) atxikitzea, Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren 2017ko martxoaren 29ko aldeko txostena ere ikusita; Euskal Autonomia Erkidegoari proposamena egin ostean, eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 10.4 artikuluarekin bat, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Euskal Herriko Unibertsitateari University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology-UIRMI (UPV/EHU-Eduardo Anitua fundazioa) atxikitzea, ikerketarako unibertsitate-institutu gisa.
Bigarrena.– University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology-UIRMI (UPV/EHU – Eduardo Anitua fundazioa), Euskal Herriko Unibertsiateari atxikitako zentroa den aldetik, beteko du hauetan xedatutakoa: Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa; Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legea, eta aplikagarri diren gainerako arauak.
Hirugarrena.– Ikerketarako unibertsitate-institutu honek, bere jarduerak garatzeko, kontuan hartuko du instituzioa biek sinatutako lankidetza-hitzarmena eta, edonola ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak UPV/EHUko ikerketarako unibertsitate-institutuen esparru-araudia, eta aplikagarri diren gainerako arauak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 20a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.