EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2017124

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 13koa, Azpiegitura eta Garraioko sailburuordearena; horren bidez, jendaurrean jarri da asiai-ontzien titularrek amarralekuak erabil ditzaten baimena emateko prozedura eta emakida horien araubidea arautzen dituen Aginduaren proiektua.

Xedapenaren data: 2017-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201703328
Maila: Ebazpena
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak aisia-ontzien titularrek amarralekuak erabil ditzaten baimena emateko prozedura eta emakida horien araubidea arautzen dituen Aginduaren proiektua egin du. Proiektu hori abenduaren 22ko 8/2003 Legeak (xedapen orokorrak egiteko prozedurarenak) ezartzen duen bezala izapidetu behar da.
Horretarako, legezko araudi hori betez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak 2017ko martxoaren 24ko Agindua ezarri zuen, eta, horren bidez, hasiera eman zion aisia-ontzien titularrek amarralekuak erabil ditzaten baimena emateko prozedura eta emakida horien araubidea arautzen dituen Agindua egin eta izapidetzeko prozedurari. Halaber, 2017ko maiatzaren 23ko Agindua ezarri zuen, testuko artikuluak idatzi ondoren testu horri aurretiazko onarpena emateko.
Aipatu 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, herritarren eskubideei eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrei entzunaldi-izapidea emango zaie, eta xedapenen izaerak hala gomendatzen duenean, jendaurrean jarriko dira.
Horretarako, aurreproiektua jendaurrean jarriko da, 20 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Hori dela eta, apirilaren 11ko 74/2011 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak) 20.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aisia-ontzien titularrek amarralekuak erabil ditzaten baimena emateko prozedura eta emakida horien araubidea arautzen dituen Aginduaren proiektua jendaurrean jartzea, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Proiektuaren edukia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzan egongo da ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian, bai eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren atarian ere (www.garraioak.ejgv.euskadi.eus).
Hirugarrena.– Alegazioak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaiak Zuzendaritzan aurkeztu behar dira, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian (PK 01010), edo urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak) 16.4 artikuluan ezartzen duen tokietako edozeinetan, eta aipatu Portu eta Itsas Gaiak Zuzendaritzara zuzendu beharko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 13a.
Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea,
ANTONIO AIZ SALAZAR.