EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2017124

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 3koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2017-05-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201703326
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean (gaur egun Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren izena aldatzeko eta estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseilu Orokorraren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, Dekretu bidez onartu zen lehen Euskal Autonomia Erkidegoko Perituen eta Injineru Tekniko Industrialen Kontseilua zenaren izena aldatzea eta horren ordez Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseilua jartzea. 2016ko ekainaren 29ko idazki baten bidez, Herri Administrazio eta Justizia Sailak Kontseiluari estatutuen aldaketa agindu bidez onartzeko ikusi ziren akatsak konpontzeko eskatu zion. 2016ko uztailaren 26an Herri Administrazio eta Justizia Sailean elkargoak igorritako agiriak sartu ziren.
Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik eragin gabe.
Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluan.
Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38. eta 39. artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.
Oinarria. Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren estatutuen aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Kontseilu horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 3a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ESTATUTUAK
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO INDUSTRIA ADARREKO INGENIARITZA GRADUDUNEN, INGENIARI TEKNIKO INDUSTRIALEN ETA PERITU INDUSTRIALEN KONTSEILUA
2016ko ekainaren 25eko Batzar Nagusian onartuak
ZIOEN AZALPENA
Estatutuen aldaketa honen xedearen oinarrian dago Zerbitzu Profesionalen erregulazioa eta Elkargo Profesionalen Legea aldatzen dituen legeria batera egokitzeko beharra –zehazki, 17/2009 Legea, azaroaren 23koa, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoa; eta zenbait lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legea, zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko Legera egokitzeko–. Halaber, xedearen oinarrian ere dago Europako Unibertsitate Eremuan sortutako unibertsitateko titulazio berrien gaur egungo errealitatera egokitzeko beharra.
LEHEN TITULUA - XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
ERATZEA, IZAERA, NORTASUN JURIDIKOA ETA HELBIDEA
1. artikulua.– Eratzea.
Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen babespean eratua izan zen ofizialki Euskal Autonomia Erkidegoko Perituen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseilua, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Perituen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargoek osatua, bertako Estatutuak onartu eta argitaratu ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 1999ko ekainaren 18ko Agindu bidez. Hauek 1999ko abuztuaren 6ko 149. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren.
2. artikulua.– Izaera eta nortasun juridikoa.
1.– Konstituzioan, Euskal Herriko Autonomia Estatutuan eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean onartutako Zuzenbide Publikoko Korporazioa den aldetik, Euskal Herriko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluak (aurrerantzean Kontseilua) nortasun juridiko propioa du eta jarduteko ahalmen osoa.
2.– Kontseiluaren jardute-eremua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargoena bera da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremua.
3.– Kontseilu Profesionalaren xede nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan lanbidea ordezkatu eta haren alde egitea da, osatzen duten elkargo profesional bakoitzaren eskumen esklusiboak ez diren alorretan; hauek izango dira bere ardurak: kudeatzea, koordinatzea eta homogeneoki jardun ahal izateko irizpide komunak ezartzea; osatzen duten profesionalen taldearentzat onuragarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea, gizarteari zuzenduz.
4.– Kontseiluaren barneko egitura eta funtzionamendua demokratikoak izango dira.
3. artikulua.– Helbidea.
Kontseiluaren Lehendakaritza zein elkargok duen, elkargo horren egoitza izango da Kontseiluaren helbidea.
Aurrekoa baztertu gabe, Kontseiluaren Gobernu Batzordeak kudeaketa kabinete bat sortzea erabaki ahal du, zuzenean eta esklusiboki Kontseilua Lehendakaritzaren menpe egongo dena.
II. KAPITULUA
XEDEAK ETA EGITEKOAK
4. artikulua.– Xedeak eta egitekoak.
Hauek dira Kontseiluaren egiteko propioak:
a) Lanbidearen arau deontologiko komunak jaso eta sortzea.
b) Bere estatutuak onartzea eta aldatzea eta, artikulu honetako 2. zenbakian xedatutakoaren arabera, dagokion lanbidea erregulatzea.
c) Elkargo profesionalen artean sor daitezkeen eztabaidak arbitrajearen bidez ebaztea.
d) Elkargoen ekintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.
e) Elkargo eta kontseilu profesionalak, eta lanbide titulatuak gauzatzeko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 19.2 artikuluaren arabera, diziplina-ahalmena gauzatzea.
f) Elkargo eta kontseilu profesionalen eta lanbide titulatuak gauzatzeko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 54. artikuluaren arabera, Gobernuak burutuko dituen arauzko proiektuen berri ematea.
g) Bere aurrekontua onartzea; elkargoek Kontseiluaren gastuetan bakoitzak dagokion neurrian parte hartzeko modua zehaztea.
h) Jarduera profesionala legezkoa eta egokia den eta elkargo profesionalen funtzionamendua zuzena den begiratzea, helburua herritarrekiko errespetua eta herritarren eskubideak zaintzea izanik. Elkargoen funtzionamenduak eragindako kexak konpontzea.
i) Lanbidearekin zerikusia duten erakundeak, zerbitzuak eta jarduerak sustatu, sortu, antolatu eta koordinatzea, gizarte asistentzia eta asistentzia sanitarioa emateko, eta lankidetza bultzatzeko. Era berean, lanbiderako komenigarriak diren itun eta akordioak ere egingo dituzte Administrazioarekin eta dagozkion erakunde eta entitateekin.
j) Beste edozein legeren bitartez esleitzen zaizkion guztiak.
k) Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio autonomiko, foral eta lokalaren funtzioak ere bete ditzake Kontseiluak, betiere, funtzio horiek honako helburuak badituzte: tituludun lanbideetan jardutearen eta profesionalen elkargo eta kontseiluen gaineko azaroaren 25eko 18/1997 Legeko 25. artikuluak aipatzen dituen funtzio administratiboak elkargoek egitearena koordinatzea edo tutelatzea.
l) Leihatila bakarra:
Kontseiluak web orri bat zabalik eduki eta mantenduko du, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarraren bitartez, profesionalek elkargoko kide egiteko, gauzatzeko eta elkargoan baja emateko behar diren izapide guztiak egin ditzaten, modu elektronikoan eta posta arrunt bidez. Zehazki, behar den guztia egingo dute, honen bitartez:
1.– Jarduera profesionalean sartzeko eta bertan aritzeko behar diren informazio eta formulario guztiak eskuratzeko.
2.– Beharrezko dokumentazio eta eskaera guztiak elkargo bakoitzaren elkargokidetzarena barne aurkezteko.
3.– Interesatutzat hartzen duten prozeduren izapide-egoera ezagutzeko, eta derrigorrezko izapide egintzei dagokien jakinarazpena eta haien ebazpena jasotzeko, baita diziplina-espedienteen jakinarazpena ere beste bitarteko baten bidez jakinarazi ezin denean.
4.– Estatutu-bilerak deitzeko.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak modurik egokienean babesteko, Leihatila Bakar horren bitartez ondorengo informazioa argia, garbia eta doakoa eskainiko da:
1.– Elkargo bakoitzeko elkargokideen erregistroan sartzea. Bertan, gutxienez, datu hauek bilduko dira: elkargokide profesionalen izena eta abizenak, elkargoko kide zenbakia, lortu dituen titulu ofizialak, helbide profesionala eta gaitasun profesionaleko egoera.
2.– Elkargo bakoitzeko sozietate profesionalen erregistrorako sarrera. Bertan, sozietate profesionalen martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan (2201/2007 legea) deskribatutako edukia jasoko da.
3.– Kontsumitzailearen edo erabiltzailearen eta elkargokide edo elkargo profesional baten artean gatazka sortuz gero, jarri ahal izango diren erreklamazio-bideak eta helegiteak.
4.– Zerbitzu profesionalen hartzaileek laguntza jasotzeko erabil ditzaketen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen edo erakundeen datuak.
5.– Kode deontologikoen edukia.
Helburu horrekin, artikulu honetan aurreikusitakoa betetzeko behar diren neurriak hartuko dira. Hori hala izateko, teknologia egokiak erabiliko dira, eta sistema diferenteen arteko eraginkortasuna eta pertsona desgaituen irisgarritasuna bermatuko duten plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko dituzte. Horretarako, beharrezko koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak jarriko dira martxan.
m) Urteko memoria:
Kontseiluak bere kudeaketaren gardentasun-printzipioa bete beharko du. Horretarako, urteko memoria bat osatuko du. Bertan, honako informazio hau bilduko da, gutxienez:
1.– Kudeaketa ekonomikoko urteko txostena, pertsonal-gastuak barne hartuta.
2.– Aplikatzekoak diren kuoten zenbatekoa, kontzeptuen eta eskainitako zerbitzu-motaren arabera xehatuak, eta hauek kalkulatzeko eta aplikatzeko arauak.
3.– Informazio erantsia eta estatistika-informazioa, instrukzio-fasean dauden edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Zer arau-hauste den, izapidetzea zer egoeratan dagoen eta, hala badagokio, zer zigor ezarri den ere adieraziko dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez betiere.
4.– Informazio erantsia eta estatistika-informazioa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa. Bere izapidetzeari buruzkoa ere izan daiteke informazio hori, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.
5.– Aldaketak bere kode deontologikoen edukian.
6.– Gobernu Batzordeetako kideek dituzten bateraezintasunei eta interes-gatazken egoerei buruzko arauak.
7.– Ikus-onespenari buruzko estatistika-informazioa. Hala badagokio, datuak elkargoen arabera eta lurraldeka banakaturik aurkeztuko dira.
8.– Urteko memoria web-orriaren bidez argitaratuko da, urteko lehenengo seihilekoan.
n) Kexa eta erreklamazioen zerbitzua:
1.– Elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzungo die Kontseiluak, bere eskumeneko esparruan.
2.– Era berean, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek izapidetu eta ebatziko ditu elkargokideen lanbide-zerbitzuak kontratatzen dituzten kontsumitzaileek edo erabiltzaileek elkargoaren edo elkargokideen jarduna dela-eta aurkezten dituzten kexak eta erreklamazioak, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta antolakundeek beren ordez edo beren interesen alde aurkeztutakoak ere.
3.– Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bidez, elkargoak ebatziko du kexa edo erreklamazioa. Bai gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko sistemari buruzko informazioa emanez, bai espedientea elkargoaren organo eskudunetara bidaliz haiek dagokion informazio- edo zehapen-espedientea abiarazi dezaten, bai espedientea artxibatuz, bai bere eskumeneko beste edozein erabaki hartuz, zuzenbidearen arabera betiere.
4.– Zerbitzu horren araubidean aurreikusi beharko da kexak eta erreklamazioak bide telematiko bidez aurkez daitezkeela.
BIGARREN TITULUA - KONTSEILUAREN ANTOLAKETA
I. KAPITULUA
KONTSEILUAREN ORGANOAK
5. artikulua.– Kontseiluaren organoak.
Kontseiluak organo hauek izango ditu:
a) Gobernu-organo bat: Gobernu Batzordea.
b) Pleno-organo bat: Biltzar Nagusia.
c) Aipatutako organoen ordezkaritza nagusia: Lehendakaritza.
d) Lan Batzordeak, Idazkaritza Teknikoa eta estatutu hauekin bat etorriz sor daitezkeen beste organo batzuk, pertsona bakarrekoak edo taldekoak.
II. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOA
6. artikulua.– Gobernu batzordea.
1.– Hauek dira Kontseiluaren Gobernu Batzordea osatuko dutenak:
a) Hiru berezko kontseilari: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkargo profesionalen dekano lehendakariak.
b) Sei kontseilari, elkargo bakoitzeko bi, elkargoetako gobernu batzordeek hautatuak. Hautatuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte: elkargoko kideak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik; lanbidean jardutea; eta legezko, estatuetako edo erregelamenduko arauekin bat etorriz, zigor bidez desgaituta ez egotea.
2.– Gobernu Batzordeko kideen agintaldiak lau urte iraungo du (berriro hautatzea ere izango da), salbu eta horietakoren batek bere elkargoko dekano izateari uzten badio, edo aurreko idatz-zatian aipatutako baldintzak betetzen ez baditu; horrelakorik gertatuz gero, hutsik geratu den posturako beste hautaketa bat egingo da, gehienez hiru hilabeteren buruan, kargu horren agintaldia bete arteko denborarako.
3.– Gobernu Batzordearen lehendakaria une horretan Kontseiluaren Lehendakaritza duen elkargoko dekanoa izango da; Lehendakaritza txandaka aldatuko da, bi urtero: Kontseilua eratzen denean Arabako Elkargoak hartuko du horren ardura, gero Bizkaikoak eta azkenik Gipuzkoakoak, eta ondoren berriro orden horri jarraituko zaio.
III. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAREN KARGUAK, ESKURANTZAK ETA JARDUNBIDEA
7. artikulua.– Gobernu-organoaren karguak.
Kontseiluaren Gobernu Batzordeak kargu hauek izango ditu: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta diruzaina.
Lehendakariaren kargua txandakakoa izango da, 6. artikuluko 3. idatz-zatian ezartzen den moduan.
Lehendakariordea hurrengo agintaldian Kontseiluaren Lehendakaritza hartzea dagokion berezko kidea hau da, elkargoko dekanoa izango da.
Idazkaria eta diruzaina Gobernu Batzordeko kideen artean hautatuko dira, bi urtez, lehendakari aldaketa egiten den une berean.
8. artikulua.– Gobernu-organoaren eskurantzak.
Gobernu Batzordearen egitekoak hauek dira:
1.– Kontseiluaren ohiko kudeaketa oro har zuzentzea, Biltzar Nagusiak emandako artezpideei jarraituz.
2.– Kontseiluak burutu behar dituen jarduerak programatzea.
3.– Diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontua Biltzar Nagusiari aurkeztea hark onar dezan, bai eta amaitu den urteari dagozkion kontu-egoera, balantzea eta memoria ere.
4.– Biltzar Nagusirako gai-zerrenda prestatzea; Ohiko Biltzar Nagusietarako edo Ezohikoetarako deialdiak onartzea.
5.– Beharrezkoa bada, Lan Batzordeak sortzea eta horietako kideak izendatzea; hala badagokio, Idazkaritza Tekniko Administratiboa sortzea.
6.– Diziplina eta zigorrei dagokienez, estatutu hauek ematen dizkioten eskumenez baliatzea.
7.– Biltzar Nagusiari berariaz ematen ez zaion beste edozein.
9. artikulua.– Gobernu-organoaren jardunbidea.
Gobernu Batzordearen jardunbidea arau hauei lotuko zaie:
1.– Gobernu Batzordea hiru hilabetean behin bilduko da gutxienez, eta lehendakariak deitzen duen guztietan, bai bere kabuz, bai bi kidek edo gehiagok hala eskatuta.
2.– Kontseilari bakoitza, bere elkargoko Gobernu Batzordeak berariaz izendatua izan daiteke.
3.– Kontseiluaren Gobernu Batzorderako deia postaz, telegrafoz, telefaxez edo eraginkorra den beste edozein komunikabideren bidez egin daiteke; deialdian gai-zerrenda, ordua eta eguna zehaztuko dira, eta gutxienez zazpi egun lehenago bidali beharko da. Salbuespenez, berebiziko presako kasuetan deialdia edozein bidez egin ahalko da, baina beti 24 ordu lehenago gutxienez.
4.– Kontseiluaren Gobernu Batzordea balioz eratzeko kideen erdiak baino gehiagok bertaratu beharko du.
5.– Erabakiak bertaratuen gehiengo sinplez hartuko dira; hainbanaketarik gertatuz gero, lehendakariaren kalitate-botoak ebatziko du.
6.– Bozketak pertsonalak izango dira, eta, norbaitek eskatuz gero, sekretuak.
7.– Bilkura bakoitzean akta jasoko da, bilkuraren amaieran bertan edo hurrengo bilkuraren hasieran irakurriko da akta, onartua izan dadin.
IV. KAPITULUA
BILTZAR NAGUSIA: PLENO-ORGANOAREN EGITEKOAK, OSAERA ETA JARDUNBIDEA
10. artikulua.– Biltzar Nagusiaren konposizioa.
Biltzar Nagusia hiru elkargoetako Gobernu Batzordeen Osokoek eratzen dute eta Kontseiluaren organo nagusia da.
11. artikulua.– Biltzar Nagusiaren Funtzioak.
Kontseiluaren Biltzar Nagusiak egiteko hauek ditu:
1.– Ohiko bilkuretan: aurreko ekitaldi itxiko kontu-egoera, itxierako balantzea barne, ezagutzea, aztertzea eta, hala badagokio, onartzea; hurrengo ekitaldiko aurrekontua ezagutzea, aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.
2.– Ezohiko bilkuretan:
a) Beharrezkoa bada, estatutu hauen aldaketak eztabaidatu eta onartzea, Zazpigarren Tituluan ezarritakoaren arabera.
b) Kontseiluaren desegitea eta likidazioa ezagutzea eta onartzea, Zortzigarren Tituluan ezarritakoari lotuz.
c) Diziplina eta zigorrei dagokienez estatutu hauetan eta berau garatzeko arauetan ematen zaizkion eskumenez baliatzea.
d) Legeek edo arauek aginduta bere eskumenekoak diren errekurtsoez arduratzea eta horiek ebaztea.
12. artikulua.– Biltzar Nagusiaren funtzionamendua.
1.– Kontseiluaren Gobernu Batzordeko lehendakariak eta idazkariak kargu horiek berak izango dituzte Biltzar Nagusian.
2.– Ohiko Biltzar Nagusia urteko lehenengo sei hilabetekoan bilduko da; ezohikoa, Gobernu Batzordearen erabakiz edo Batzorde Nagusiko kideen ehuneko hogeik hala eskatzen badute.
3.– Deialdiak lehendakariak bidaliko ditu, Gobernu Batzorderako ezarri diren era eta epe berberetan.
4.– Biltzar Nagusia balioz eratzeko gutxienez kideen herenak bertaratu beharko du.
5.– Estatutu hauetan adierazten diren gai zehatzetan (Kontseiluaren desegitea eta likidazioa, estatutuak aldatzea, e.a.) izan ezik, erabakiak bertaratuen gehiengo sinplez hartuko dira, eta botoak pertsonalak izango dira. Hainbanaketarik gertatuz gero, lehendakariaren kalitate-botoak ebatziko du.
6.– Biltzar Nagusiaren bilkura guztietan akta jasoko da; bilkuraren amaieran edo hurrengo bilkuraren hasieran onartuko da akta.
HIRUGARREN TITULUA KONTSEILUAREN BESTE ORGANOAK
I. KAPITULUA
LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA
13. artikulua.– Lehendakaria.
Lehendakaritza, bai gobernu organoarena, bai biltzar nagusiarena, hiru elkargoetako dekanoei dagokie, txandaka eta bi urtez, estatutu hauetako 6.3 artikuluan ezarri den bezala.
14. artikulua.– Lehendakariaren egitekoak.
Egiteko hauek izango ditu lehendakariak:
a) Kontseiluaren ordezkaritza gorena; hala estatutu hauek eta erabili beharreko arauek, nola gobernu-organoek eta pleno-organoak ematen dizkioten egitekoak eta eskuduntzak izango ditu.
b) Kontseilua bera, bertan bildutako elkargoak eta elkargoen kideak defendatzeko beharrezkoak diren ekimenak burutzea epaitegietan, justizia auzitegietan eta edozein aginteren aurrean, Euskal Autonomia Erkidego osoan lanbidearekin zerikusirik duten arau, programa, ebazpen, zuzentarau edo erabaki orokorren kasuan, elkargo bakoitzaren autonomia eta eskumena baztertu gabe.
c) Gobernu Batzordearen bilkuretarako deia egitea, gai-zerrenda finkatzea eta bilkuren buru izatea; Gobernu Batzordeak eskatuta, Kontseiluaren Biltzar Nagusirako deia egitea eta eztabaidak antolatzea. Bi organo horien bilkurak hasi, eten edo amaitzea.
d) Kontseiluak antolatzen dituen biltzar, jardunaldi, ikastaro edo sinposiumen saioen buru izatea, eztabaidak zuzentzea eta saioak hasi, eten edo amaitzea.
e) Gobernu Batzordeak edo Biltzar Nagusiak sor ditzaketen lan batzordeak koordinatzea.
f) Idazkariak ematen dituen agiriak, aktak eta ziurtagiriak bisatzea.
g) Kontseiluaren organoen bozketetan gerta daitezkeen hainbanaketak ebaztea bere kalitatezko botoaz.
15. artikulua.– Presidenteordearen egitekoak.
Presidenteordeari dagokio:
Presidentea kanpoan edo gaixo badago, edo kargua hutsik badago, haren ordezkoa Presidenteordea izango da eta presidenteari dagozkion eskurantzak bere gain hartuko ditu.
Horietaz gain, presidenteak ematen edo eskuordetzen dizkion egitekoak beteko ditu.
II. KAPITULUA
IDAZKARIA ETA DIRUZAINA
16. artikulua.– Idazkariaren egitekoak.
Idazkariari egiteko hauek dagozkio:
a) Gobernu Batzordearen eta Kontseiluaren Biltzar Nagusiaren bilkuren aktak egin eta baimentzea, eta horien berri ematea onar ditzaten.
b) Kontseiluaren organoen bilkuretan, ukitu beharreko edo lehendakariak agindutako gaiei buruz informatzea.
c) Kontseiluaren organoetako kide guztien kargu-jabetzearen fede ematea.
d) Kontseiluaren erabakiak betetzea, bai eta, Estatutuekin bat, Lehendakaritzak ematen dituen bazpenak ere.
e) Akta-liburuak eta beharrezko agiriak arteztea; dagozkion ziurtagiriak eta, Gobernu Batzordearen edo lehendakariaren baimena duen kasuetan, jakinarazpenak eta zirkularrak ematea.
f) Elkargo bakoitzeko kideen errolda ikusi ahal izatea.
g) Zigorren erregistroa eramatea.
h) Kontseiluan egon daitezkeen pertsonalaren eta zerbitzuen buru izatea.
i) Kontseiluaren administrazioa ongi joateko egoki diren ekimen eta jarduerak proposatu eta kudeatzea.
17. artikulua.– Diruzainaren egitekoak.
Hauek dira diruzainaren egitekoak:
a) Lehendakariak ontzat emanda, egiaztatu behar diren ordain-igorpenak egitea eta diruzaintzaren edo Kontseiluaren izenean irekitako kontuen kargurako ordain-aginduak sinatzea.
b) Kontseiluaren Kontabilitateko Liburuetako idazpenei dagokienez, eskura izan, ezagutu eta beharrezko aginduak ematea; liburuok diruzainak berak arteztu ditzake, edo Gobernu Batzordeak aukeratzen dituen pertsonalaren eta zerbitzuen bidez.
c) Kontseiluak edozein kontzepturengatik jasotzen dituen diru-kopuruak kobratu eta jasotzea, dagokien erabilera emanez eta bere sinaduraz ordainagiriak baimenduz; lehendakariari eta Gobernu Batzordeari Diruzaintzaren egoeraz eta aurrekontuko aurreikuspenen garapenaz berri ematea.
d) Urteko balantzeak eta aurrekontuen proiektua lantzea Gobernu Batzordearentzat, ondoren Ohiko Biltzar Nagusian aurkez ditzan.
III. KAPITULUA
BESTE ORGANO ETA KARGU BATZUK
18. artikulua.– Lan Batzordeak.
Lan Batzordeak. Gobernu Batzordeak hala erabakita, Lan Batzordeak osatu ahalko dira, beharrezko diren jarduerak, azterlanak, proposamen-lanketak edo bestelako lan osagarriak burutu ditzaten, Kontseiluaren organoek agintzen dietenaren arabera.
Lan Batzordea bozeramaile batek, Kontseiluaren Gobernu Batzordeak aukeratuak, eta hark izendatzen dituen pertsonek osatuko dute.
Bozeramailea izango da Lan Batzordeen buru eta berak egingo ditu deialdiak, bere kabuz edo bi kidek edo gehiagok hala eskatuta. Lan Batzordeek beren jardueren, emaitzen eta ondorioen berri eman beharko diote Lehendakaritzari; bestalde, kide guztiei dei egin ahal zaie Kontseiluaren Gobernu Batzordean ager daitezen.
19. artikulua.– Idazkaritza tekniko administratiboa.
Idazkaritza tekniko bat sor daiteke, Kontseiluaren Gobernu Batzordeak aukeratutako pertsona batek edo gehiagok osatua.
Gobernu Batzordeak erabakiko du haren osaera, egitekoak eta egoitza; Kontseiluari laguntzeko organo bat izango da, hura eta osatzen duten elkargoak elkarren artean koordinatzeko, informatzeko eta lotzeko.
LAUGARREN TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
20. artikulua.– Araubide ekonomikoa.
Kontseiluaren ekonomia, finantza- eta ondare-egoera eta osatzen duten elkargoena independenteak dira. Elkargo bakoitza autonomoa da bere baliabideak eta ondarea kudeatu eta administratzeko; hala ere, Kontseiluaren aurrekontuari laguntzeko ekarpenak egingo dituzte, ondoren zehaztuko den moduan.
21. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Kontseiluak baliabide ekonomiko hauek izango ditu bere gastuei aurre egiteko:
1.– Kontseiluaren Biltzar Nagusiak elkargo bakoitzari ezartzen dizkion kuotak.
2.– Ematen dituen agiri eta ziurtagiriengatik lortutako diru-kopuruak.
3.– Kontseiluak jaso ditzakeen diru-laguntza ofizial eta partikularrak, dohaintzak eta legatuak.
4.– Aparteko egoeretan Kontseiluaren Gobernu Batzordeak ezar ditzakeen derrama bereziak.
5.– Kontseiluak burutzen dituen zerbitzu eta jarduerengatiko eskubideak.
6.– Kontseiluaren jabetzako edo ondareko kapital higigarri edo higiezineko elementuek sortutako etekinak.
7.– Kontseiluak bere jarduera publiko edo pribatuengatik jasotzen dituen beste sarrera guztiak.
22. artikulua.– Ekitalde ekonomikoa.
Kontseiluaren ekitaldi ekonomikoa urte naturalaren amaieran itxiko da, eta orduan egingo dira ekitaldiaren itxiera-balantzea eta hurrengo urteko aurrekontu-proiektua. Diruzainak Gobernu Batzordeari aurkeztuko dizkio aurreko agiri guztiak; ondoren, Gobernu Batzordeak Kontseiluaren Biltzar Nagusiari aurkeztuko dizkio, onar ditzan.
BOSGARREN TITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA
23. artikulua.– Diziplina araubidea.
Kontseiluak du diziplina-ahalmena dagokion pertsona Kontseilua osatzen duten elkargoetako baten edo Kontseiluaren beraren gobernu-organoko kidea denean.
Azken kasu horretan, Kontseiluko kidea den inplikatuak ezingo du parte hartu ez eztabaidetan ez dagozkion erabakiak hartzean.
24. artikulua.– Zigor prozedura.
Zigor-prozedurak bi fase izango ditu: instrukzioarena eta erabakiarena, eta organo desberdinei emango zaie horien ardura.
Gobernu Batzordeak ofizioz has dezake prozedura, edo alde interesatu batek eskatuta salaketa-idazki baten bidez, salatutako ekintzetan funtsezko zantzu edo susmorik egotekotan.
25. artikulua.– Instrukzio-fasea.
Kontseiluaren Gobernu Batzordeak instruktore bat izendatuko du, prozedura sustatu eta izapidetu dezan, eta idazkari bat, jarduera, jakinarazpen eta froga guztien fede eman dezan.
Instruktoreak karguen plegua idatziko du; interesatuari horren berri emango zaio, hamabost egun balioduneko epean egozten zaizkion karguei buruzko deskargu-idazkia aurkeztu eta frogabideak aurkez ditzan.
Egotzitako karguei buruzko frogak egin ondoren, interesatuei horren bista emango zaie, eta instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du. Interesatuari horren berri emango zaio, hamabost egun balioduneko epean azken alegazioen idazkia presta dezan; epea hori igarotakoan, idazkia aurkeztu ala ez, idazkariak organo erabakitzaileari igorriko dizkio jarduera egiaztatu guztiak.
26. artikulua.– Zigor-espedienteari buruzko ebazpena.
Inplikatua Kontseiluaren Gobernu Batzordeko kide bada, Biltzar Nagusiaren Osokoa izango da organo erabakitzailea. Kasu horretan, ezohiko bilkurarako deia egingo da, espedientea jaso eta hilabeteko epean gehienez.
Inplikatua Kontseilua osatzen duten elkargoetako baten Gobernu Batzordeko kidea bada, Kontseiluaren Gobernu Batzordeak izango du zigor-espedientea ebazteko eskumena; espedientea jaso eta hilabetea baino lehen bildu beharko du organo horrek erabakia hartzeko.
Inplikatuari azken ebazpenaren berri emango zaio eta horrek administrazio-bidea amaituko du, indarreko legerian ezarritakoari jarraituz.
27. artikulua.– Arau-hauste motak.
Diziplina-zigorra jaso dezaketen arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
a) Arau-hauste arinak:
1.– Dagokion elkargoaren edo Kontseiluaren Estatutuetako arauak edo erabakiak betetzean arduragabekeriaz jokatzea edo horiek urratzea, berez arau-hauste larria edo oso larria ez den kasuetan.
2.– Korporazio-karguak edo Gobernu Batzordeak eta Biltzar Nagusiak agindutako lanak edo eginkizunak justifikaziorik gabe ez onartzea, elkargoari ezarritako egitekoei dagokienez.
3.– Elkargoko Gobernu Batzordeko bilkuretara edo Kontseiluaren organoen bilkuretara behin eta berriro ez joatea eta ordezkorik ez izendatzea.
4.– Elkargoko Gobernu Batzordeko kideekin edo Kontseiluaren korporazio-organoetako lankideekin horrela jokatzea beren lanbidean ari direla.
b) Arau-hauste larriak:
1.– Elkargoen edo Kontseiluaren arauak edo horietako organoen erabakiak doluz ez betetzea.
2.– Lanbidearen egitekoak ez betetzea, jarduera profesionala eskatu edo hitzartzen dutenentzat kalterik badakar.
3.– Elkargoko kide den profesionalak ezagutzen dituen arauz kanpoko intrusismo profesionaleko kasuen berri dagokion elkargoari emateko duen betebeharra ez betetzea.
4.– Asegurua izatearen betebeharra ez betetzea, legeek edo Estatutuek agintzen badute.
5.– Elkargokide gisa dituen betebehar ekonomikoak ez betetzea.
6.– Lanbideko, organo kolegiatuetako edo Kontseiluko gainerako kideak gogor iraintzea edo haiekin begirunerik ez izatea.
7.– Lehia desleiala dakarten ekintzak.
8.– Elkargoen edo Kontseiluaren ohiko jarduera eragotzi edo nahasten dituzten.
9.– Arau-hauste arinengatik bost zigor edo gehiago jaso izana bi urteko epean.
c) Arau-hauste oso larriak:
1.– Lanbidean aritzea horretarako gaitasuna kenduta duela, edo bateraezintasuna dakarkion arrazoirik badago.
2.– Lanbidean aritzea dagokion elkargoko kidea izan gabe.
3.– Lanbidean aritzean edo horretaz baliatuz doluzko delituak egitea, partaidetza edozein dela ere.
4.– Egiteko profesionalak ez betetzea, horrek duintasun edo etika profesionalari edo zerbitzu profesionalak eskatu edo hitzartu dituztenei kalte larriak badakarzkie.
5.– Sekretu profesionala urratzea.
6.– Kode Penalaren 403. artikuluan jasota dagoen intrusismo profesionala estaltzea.
7.– Urte biko epean, gutxienez bi arau-hauste larri egitea.
28. artikulua.– Zigorrak.
Diziplina-zigorrak, arau-hausteak bezala, arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke. Jarraitzeko prozedura, irismena eta zigorraren kopurua, hurrengoak izango dira:
1.– Zigor arinak: idatzizko ohartarazpena eta gehienez 300 euroko isuna.
2.– Zigor larriak: lanbiderako gaikuntza kentzea, urte beterako gehienez, eta 300 eta 3.000,00 euroren arteko isuna.
3.– Zigor oso larriak: lanbiderako gaikuntza kentzea, urte bete eta egun bat eta hogei urteren artean, eta 3.000 eta 30.000 euroren arteko isuna.
29. artikulua.– Zigorrak ezartzeko arauak.
1.– Arau-hausleak zigorra eragin duten jardueretatik etekin ekonomikorik atera badu, isuna handiagoa izan daiteke, eta aurreko artikuluan ezarritako gehienezko kopuruari etekin ekonomiko horri kalkulatzen zaion muntaren bikoitzeraino gehitu ahalko zaio.
2.– Zigorrak kasuan kasuko zehaztasunen arabera graduatuko dira; horrek ez du baztertzen zigortua bestelako erantzukizunak izatea.
3.– Lanbiderako gaikuntza kentzen bazaio, zigortua aritzen den esparruko erakunde, entitate edo enpresei horren berri emango zaie.
4.– Kontseiluak zigorrak erregistratzeko liburu bat izango du, Gobernu Batzordeko idazkariak arteztuko duena.
30. artikulua.– Preskripzio-epea.
1.– Arau-hausteena:
a) Arau-hauste oso larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera, eta arinek urte betera; epea arau-haustea egin zen egunetik hasiko da.
b) Zigor-prozedura hastean eten egingo da preskripzioa, interesatuari jakinarazita. Interesatuari egoztekoak ez diren arrazoiengatik zigor-espedientea sei hilabetetik gora geldirik badago, preskribatzeko epea kontatzen hasiko da berriro.
2.– Zigorrena:
a) Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute, larriengatikoek bi urtera, eta arinengatikoek urte betera.
b) Zigorrak preskribatzeko epea zigorra ezartzen duen ebazpenak irmotasuna hartzen duen egunaren biharamunean hasiko da kontatzen.
c) Betearazte-prozedura hastean eten egingo da preskripzioa, interesatuari jakinarazita. Interesatuari egoztekoak ez diren arrazoiengatik betearazte-prozedura sei hilabetetik gora geldirik badago, preskribatzeko epea kontatzen hasiko da berriro.
SEIGARREN TITULUA
KONTSEILUKO KIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
31. artikulua.– Elkargo ofizialen eskubideak.
Kontseiluko kide diren aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen Eta Ingeniari Tekniko Industrialen Eta Peritu Industrialen Kontseilua elkargo ofizialek eskubide hauek dituzte:
1.– Kontseiluan parte hartzeko eskubidea, boz eta botoarekin, beren organoen bidez, eta haren erabaki, ekimen eta jardun guztietan.
2.– Bere eremuko gai eta eskumen berezkoei dagokienez bere autonomiari eusteko eskubidea.
3.– Elkargoak eskatuz gero, Kontseiluak haren ordezkotza eta defentsa egiteko eskubidea edozein instantzia, administrazio edo entitateren aurrean lanbideari dagozkion alorretan.
4.– Kontseiluaren Gobernu Batzordeko kide izateko eskubidea dute, bai elkargo bakoitzeko dekano-lehendakariak, bai elkargo bakoitzaren Gobernu Batzordeak izendatutako bi pertsonek.
5.– Kontseiluaren Biltzar Nagusian ordezkotza izateko eskubidea, elkargoko Gobernu Batzordearen bitartez.
6.– Estatu hauetan ezarritako epe eta betekizunei jarraituz aukeratutako pertsonen bidez, Kontseiluaren Gobernu Batzordeko karguak (lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina) hartzeko eskubidea, bai eta sortzen diren lan batzordeetan parte hartzekoa ere.
7.– Kontseiluaren egoitza izateko eskubidea, estatutu hauetan Lehendakaritzarako ezarri den txandakako sistemaren arabera.
8.– Kontseiluaren kontuen, finantzen eta ondarearen egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
9.– Kontseiluak eztabaidatu eta onartu aurretik, estatutuak aldatzeko proposamenen berri izateko eskubidea.
10.– Kontseilua desegiteko proposamenaren berri izateko eskubidea, eta hura likidatzeko faseena, haren ondasunen eta eskubideen destinoa barne.
11.– Estatutu hauei jarraituz Kontseiluaren organoek hasitako eta ebatzitako diziplina prozeduren berri izateko eskubidea.
12.– Kontseilutik hark eman diezazkiokeen informazioa eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea: aholkularitza juridiko, fiskal eta laborala, lan-poltsa, etengabeko prestakuntza, e.a.
13.– Indarreko legeriarekin eta estatutu hauekin bat, legitimazioa izatea Kontseiluaren ekintza edo erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko, administrazio edo auzi bidezkoak.
14.– Estatutu hauetatik eta, oro har, erabil daitezkeen legeetatik etor daitekeen beste edozein eskubide edo ahalmen.
32. artikulua.– Elkargo ofizialen betebeharrak.
Hauek dira Kontseilua osatzen duten elkargo ofizialen betebeharrak:
1.– Kontseilua osatzen duten beste elkargoek jakin beharreko jardun, gertaera edo erabakien berri ematea aipatutako organoari, estatutu hauetako 4.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Kontseiluaren ebazpen, erabaki edo arauak bere kideei jakinaraztea, haiengan eragina dutenean edo beraientzat interesgarri direnean.
3.– Elkargoko kideak Kontseiluaren kargu bat hartzeko izendatzen dituztenean, kargu hori bere gain hartzea.
4.– Kontseiluaren organoen ekitaldi eta bilkuretara behar denetan eta garaiz joatea.
5.– Kontseiluaren aurrekontuari aurre egiten laguntzea, Kontseiluak berak erabakitzen duen moduan, horretarako ezartzen diren ohiko kuotak edo derrama bereziak ordainduz.
6.– Elkargoaren Estatutuak ezarri edo aldatzean horren berri ematea Kontseiluari.
7.– Elkargoaren Gobernu Batzordeko kideen izenen eta karguen berri ematea, eta, eskatuz gero, elkargokideen erroldarena.
8.– Beren eskumenez baliatuz, elkargo ofizialek ezartzen dituzten diziplina-zigorren berri ematea Kontseiluari.
9.– Kontseiluari behar duen laguntza eta lankidetza eman lanbidearen defentsa, duintasuna, sustapena edo interesak bultzatzeko.
10.– Oro har, estatutu hauen aginduak eta Kontseiluaren organoek hartutako erabakiak bete eta gordetzea, elkargo bakoitzari dagokion guztietan.
ZAZPIGARREN TITULUA
ERREKURTSOAK
33. artikulua.– Araubide juridikoa eta administratiboa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen Eta Peritu Industrialen Kontseiluari dagokio osatzen duten elkargoen jardun eta erabakien aurka aurkeztutako errekurtsoez arduratzea eta horiek ebaztea, bidezkoa denean Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/15 Legea aplikatuz.
34. artikulua.– Administrazio-prozedura.
Kontseiluak zuzenbide administratiboari lotuz burututako ekintzek eta ebazpenek amaiera ematen diote bide administratiboari; bide hori administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurretikoa da, jurisdikzio hori arautzen duen Legearekin bat etorriz.
ZORTZIGARREN ARTIKULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
35. artikulua.– Estatutuak aldatzea.
Estatutu hauek aldatzeko, Kontseiluaren Biltzar Nagusiko kideen laurden batek gutxienez eskatu beharko du.
Aldatzeko eskabidearekin batera, aldaketaren proposamena aurkeztu beharko da, ukitutako artikuluei eman nahi zaien idazketa adieraziz; Kontseiluaren Gobernu Batzordeak dagokion moduan bultzatuko du ekimena.
36. artikulua.– Estatutuak aldatzeko prozedura.
Biltzar Nagusiari deituko zaio Estatutuak aldatzeko proposamena aurkezteko, eta kide bakoitzari proposatu den testua bidaliko zaio.
Aldaketa Biltzar Nagusiaren erabakiz onartuko da, bertaratuen botoen hiru laurdeneko gehiengoz gutxienez, eta ondoren horretan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako Sailek onartu beharko dute eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu.
BEDERATZIGARREN TITULUA
KONTSEILUA DESEGITEKO JARDUNBIDEA ETA LIKIDAZIO-ERREGIMENA
37. artikulua.– Kontseilua desegiteko jardunbidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adareko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen Eta Peritu Industrialen Kontseilua desegitea Biltzar Nagusiaren erabakiz onartu beharko da, kideen botoen hiru laurdeneko gehiengoz gutxienez; ondoren horretan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako Sailei jakinaraziko zaie, aurretik eragindako elkargoei entzunda.
38. artikulua.– Likidazio-erregimena.
Kontseilua desegiteko erabakian Batzorde Likidatzaile bat sortzea onar daiteke; batzorde horretako kideen kopurua bakoitia izango da.
Dena dela, desegiteko erabakian, Batzorde Likidatzaileak ondoren hartutako erabakiz, geratzen diren ondareko ondasun edo eskubideen erabilera zehaztu beharko da, Kontseilua osatzen zuten elkargoei esleituz edo, horiek desagertu badira, lanbidearekin lotura zuzena duten elkarte, mutualitate, prebisio-entitate edo beste talde batzuei, Administrazio Publikotik datozen diru-laguntza, funts edo baliabideen sistemaren araubidean horri buruz ezarritakoa kontutan hartuta.
HAMARGARREN TITULUA
ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREKIKO ETA ELKARGOEKIKO HARREMANAK
39. artikulua.– Administrazio Publikoarekiko harremanak.
Kontseiluak nahitaez jakinarazi beharko dizkio Administrazio Publikoari Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearekin lotutako araugintzako egitasmo guztiak.
Kontseilua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak harremanetan egongo dira, haien izatearen funtsa diren interes eta xedeak lortzeko elkarren beharra baitute.
Kontseiluak bere Estatutuen testua jakinarazi beharko dio horretan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari, eta horien aldaketak, horrelakorik egonez gero.
40. artikulua.– Kontseilua osatzen duten elkargoekin harremanak.
Kontseilua osatzen duten elkargo ofizialek alderdi hauek jakinarazi beharko dizkiote erakunde horri, idazkaritzaren bitartez:
1.– Bakoitzaren Estatutuak eta horien aldaketak.
2.– Gobernu Batzordeetako kideen izenak.
3.– Elkargoko kideen errolda, eskatzen bazaie.
4.– Elkargoek beren eskumenez baliatuz jartzen dituzten diziplina-zigorrak.
Lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren Gobernu Batzordeari dagokio estatutu hauek arautu, garatu eta interpretatzea, bai eta bete dezaten zaintzea ere, horretarako beharrezkoak diren agindu eta jarraibideak emanez.
Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA
Estatutu hauetan aurreikusi ez diren gaietan, Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialen Estatutu Orokorrak ezarriko dira, honen osagarri.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
2016ko ekainaren 25ean egindako Ohiko Batzar Nagusian aho batez erabaki da 1999ko ekainaren 18ko datarekin onartutako (149. EHAA, 1999ko abuztuaren 6koa) Euskal Autonomia Erkidegoko Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseiluaren Estatutuak indargabetzea eta Estatutu hauen bidez ordezkatzea.
O.E.
Presidentea,
SANTIAGO BERASAIN BIURRARENA.
Idazkaria,
DANIEL ARCAUZ AZCARGORTA