EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017123

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko (SPRI) erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko ekainaren 19ko Ebazpenari buruzkoa, «Renove Maquinaria 2017» Programa arautuko duen araudia onartzen duena.

Xedapenaren data: 2017-06-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201703316
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)
2017ko ekainaren 19an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) zuzendari nagusiak, «Renove Maquinaria 2017» Laguntza Programa argitaratzeari buruzko Ebazpena eman zuen, honako eduki honekin:
Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.
Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatu ditu enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta beren ekipoak modernizatzeko eta, bide horretatik, sektorean aplikagarri diren legeriak betetzeko.
Ondorioz, laguntza programa hau diseinatu da makina industrialetan inbertsioak egin daitezen sustatzeko, bide horretatik produkzio ekipamenduak modernizatzeko, eta Segurtasun eta Osasun arloan indarrean dagoen araudiari egokitzeko.
Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2017ko martxoaren 29ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:
1.– «Renove Maquinaria 2017» laguntza programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.
2.– «Renove Makineria 2017» laguntza programaren araudia onartzen duen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bilbao, 2017ko ekainaren 19a.
Zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.
ERANSKINA
RENOVE MAQUINARIA programa
Euskal enpresek lehiakortasuna hobetzeko ahaleginak egiten jarraitu beharra daukate, besteak beste, ekoizpen-prozesuak modernizatuaz, teknologiaren, lan-segurtasunaren, ingurumenaren eta eragingarritasun energetikoaren arloetan. Horregatik, programa hau martxan jartzea erabaki da.
Azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoak, 5.1 artikuluan xedatzen duenez, prebentzioaren inguruko politikaren helburua izango da laneko baldintzen hobekuntza sustatzea, langileek lanean duten segurtasun eta osasunaren babes maila handituz.
Ildo horretatik, 5.3 artikuluak adierazten duenez, herri administrazioek jarduerak sustatuko dituzte lanean segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko eta laneko arriskuak murrizteko, babes-molde berriak ikertu eta bultzatzeko, eta prebentzio egitura eraginkorrak ezartzeko. Jarraian, aipatutako arauak dio helburu horrekin abiarazten diren programetan araudiaren arabera xedatzen diren pizgarriak eskaini ahal izango direla, eta pizgarri horiek enpresa txiki eta ertainei bideratuko zaizkiela batez ere.
Urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuak –makinak komertzializatu eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituenak– helburu du makinak komertzializatu eta zerbitzuan jartzeko manuak ezartzea, euren segurtasuna eta zirkulazio librea bermatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko maiatzaren 17ko 2006/427EE Zuzentarauan jasotakoaren arabera, zeina makinei eta 95/16/EE Zuzentaraua aldatzeari buruzkoa baita.
Programa honen helburua da industri arloko ETEen produkzio-ekipamenduetan modernizazio maila altua lortzea, ekipamendu horiek laneko segurtasun eta osasun arauei egokitzea eta produktibitatea hobetzea, horrela lehiakortasuna ere areagotuz.
Horren ondorioz, euskal industria-sarea egiazki sustatzeko, eta berariazko jarduketa eta segmentuetan baliabide publikoak aplikatzeko helburuarekin, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A.k, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako sozietate publikoak (aurrerantzean, SPRI), uste du EAEko ETEetan produkzio-teknologia izateko beharrezko baliabidea dela ekoizpen-gaitasunaren modernizazioa; eta hartarako, prozesua erraztuko duen finantza-laguntza bat jarriko du eskuragarri.
1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Xedea.
Programa honen helburua da makina industrial berriak erosteko inbertsioak sustatzea, produkzio ekipamenduen modernizazio maila handitzeko eta, era berean, ekipamendu horiek segurtasun eta lan osasunerako arauetara egokitzeko.
Araudi honen bidez finkatzen dira programaren baldintzak eta hartan parte hartzeko prozedura.
2.– Laguntzen izaera:
a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.
b) Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez daukate norgehiagoka-prozedura bete beharrik.
c) Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.
d) Programa honen barruan emandako diru-laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.
2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) diru-laguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Europako Batzordearen 1407/2013. Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L-352/1).
4.– Azaroaren 27ko 1435/1992 Errege Dekretua, Estatu kideek makinei buruz dituzten legeak elkarren antzeko egiteari buruzko Kontseiluaren 89/392/EEE Zuzentaraua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.
5.– Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua eta ondorengo aldaketak.
6.– Makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretua.
7.– Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014. Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO 2014 L 187/1) eta I. Eranskinean ezarritakoari dagokionez.
8.– Abenduaren 21eko 7/1993 Legea, OSALAN – Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Euskal Institutua sortzeko dena. EHAA 4. zk., 1994ko urtarrilaren 7a.
9.– Azaroaren 8ko 31/1995 legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa, zeinak esparru orokorra zehazten baitu eta baita ere berau garatzeko araudia.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:
1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako sozietate publikoa).
2.– Industria-enpresa. Negozio-bolumenari dagokionez, jarduera ekonomiko nagusitzat izaera industrialeko produkzio-eraldaketa duen entitatea, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa.
3.– Erantzukizunezko aitorpena: ETEaren legezko ordezkariak egindako aitorpena, zeinak puntu hauen berri eman behar baitu:
a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.
c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza Eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
d) Laguntza ematen denetik gutxienez hiru urtez, diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomi Erkidegoan jarraitzeko konpromisoa.
e) Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.
f) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko edo/eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.
g) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
h) Proiektu hori gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuk emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
i) Enpresako langile-kopurua.
j) Araudi honen 5.2.c artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.
k) Laneko Arriskuen Ebaluaketa eta Prebentzio Plana egina izatea, bai eta urtero egin beharreko prebentzio-plana ere.
4.– Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.
Baimena ematea SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.
4. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoa eta indarraldia.
1.– Programa hau indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2017ko urriaren 31ra bitartean, betiere, egun hori baino lehen aurrekontu-funtsak agortzen ez badira.
2.– Programaren helburua dela eta, eta programaren 1.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki, laguntzen eskatzaileei ez zaie aplikatuko norgehiagoka-printzipiorik. Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak 9.000.000 eurokoak dira, eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen 2017rako Aurrekontuetakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez. Nolanahi ere, ez da halakorik gertatuko, programarako aurrekontua berariaz zabaldua izaten bada, eta hori ere argitaratu egingo da SPRIren web orrian eta EHAAn.
3.– Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
5.– Programa honek babesten dituen proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsak kofinantzatzen ditu. Horregatik, proiektu horiek Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an onartutako 1303/2013 zenbakidun arautegian (EE) ezarritakoa bete behar dute. Onuradunak Europako araudia betetzeko betebeharra du, funtsen jatorriaren informazio eta publizitatearen, kontrolaren, erantzukizunaren, araubide zehatzailearen eta ez-betetzearen arloan. 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da Programa.
Hauek dira EGEFren ko-finantzaketak berekin dakartzan gutxieneko betebeharrak:
– Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, onuradunak Estatuko eta EBko legeria bete behar ditu.
– Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Eragilearen esparruan kofinantzatuko dira laguntza hauek, eta horren berri eman beharko da jendaurrean, 1303/2013 (EB) Araudiaren 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskineko 2.2. atalaren arabera. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduerei buruzko informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, EGEF bidezko kofinantzaketa komunitarioa aipatu beharko da hedapenerako erabilitako material edo euskarrietan, Batasunaren ikurra eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta. Operazioa garatzen ari den bitartean, haren deskribapen labur bat egin beharko da bere webgunean, Batasunaren diru laguntza nabarmenduz bertan, eta gutxienez proiektuari buruzko informazio kartel bat -A3ko gutxieneko tamainan- jarriko da, non Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendeak ikusteko moduan.
– Laguntza onartuz gero, onartu egingo da, halaber, 1303/2013 (EB) Araudiaren 115. artikuluko 2. atalean jasotako operazioen zerrenda publikoan sartzea.
– EGEFren kofinantzaketa jasotzen duenak finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatu behar du, harik eta operazioaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik 3 urte igarotzen diren arte, agintarien eskura emon beharrarekin euren eskaera (1303/2013 Erregelamenduko 125.4.d eta 140. artikulua).
– Finantzatutako ekintzen kontabilitate-sistema bereizia edo erraz identifikagarri berariazko kodeketa mantentzea (EBko 1303/2013. Araudiarren 125.4.b artikulua).
– Onuradunak eraginkor eta proportzionatu anti-iruzur neurrietan lagundu behar du, finantzaketa bikoitza, dokumentuak faltsutzea eta abar saihesteko, baita ere arrisku potentzial detektatzeko informazioa ematen. Neurri hauek, iruzurra arriskuak saihesteko prozeduren berrikustea ekar ditzake, eta iruzur arrisku handia bezala ebaluatzen bada, laguntza edo kobratu den kantidadearen berreskuratzea ekar ditzakete (1303/2013 Erregelamenduko 125.4.c artikulua).
5. artikulua.– Erakunde onuradunak,
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresa txiki eta ertainek (ETE) jaso ahal izango dituzte programa honetan zehaztutako laguntzak.
Enpresa ertain edo txikiek, halakotzat hartzeko, Europako Batzordearen 651/2014 (EB) araudiko I. eranskinean ezarrita dauden baldintzak bete behar dituzte, edo hura aldatu edo ordezten dituzten xedapenak. Eta hauek dira araudi horretan indarrean diren betebeharrak:
– Gutxienez 250 langile dituztenak.
– 50 milioi euro baino gutxiagoko urteko negozio bolumena dutenak edota 43 milioi euro baino gutxiagoko urteko balantze orokorra dutenak.
Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentziazko epea zehazteko, eranskin horretan xedatutakoa izan beharko da kontuan.
2.– Onuradunek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Makineriaren kokaleku izango den jarduera ekonomikoko zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, gutxienez hiru urtez laguntza ematen denetik aurrera. Makineria horrek erakunde onuradunaren aktiboan egon beharko du epe berean.
b) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI, S.A. Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.
c) Egoera hauetakoren batean ez egotea (ziurtagiriak aurkeztu beharko dira):
Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.
Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.
Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun.
Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 10. artikuluan daude zehaztuta.
Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.
Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.
Zazpigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.
Zortzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
Bederatzigarrena.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.
Hamargarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1(c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Hamaikagarrena.– Krisi-egoeran dagoen enpresa izatea, betiere krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Jarraibideetan azaltzen diren baldintzekin bat etorriz (DO, C 249, 2014-07-31).
Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren arteko denbora osoan laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.
3.– Ez dira onuradun izango:
a) Administrazio Publikoek edo eurek sortutako enpresa edo erakundeek kapital gehiengoa edo erabakitzeko gaitasuna dauzkatenean.
b) Eusko Jaurlaritzako honako eremu hauei dagozkien inbertsio-proiektuak dituzten enpresak: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila; eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza eta Arrantza arloa.
6. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Makinak erostea diruz lagundu daitekeen jarduera izango da, baldin eta makina horiek badira, batetik, industria-enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatzeko, betiere ekipamendu horiek laneko segurtasun eta osasun arauei egokituta, eta, bestetik, produktibitatea hobetzeko, eta, hartara, lehiakortasuna handitzeko.
2.– Iraunkortasun jarraituaren ildotik, makineria berria erosiko da.
7. artikulua.– Gastu hautagarriak.
1.– Honako hauek izango dira gastu hautagarriak: produktuak eta materialak ontziratzeko eta paketatzeko, osagarriak muntatzeko, lehengaiak eta erdilandutako produktuak eraldatzeko, metrologiarako, eta enpresa eskatzailearen ustiapen ekonomikoko produkzio-prozesuetan erabilera automatikoa egiteko erabiltzen diren makina berriak erosteko egindako gastuak. Gastu hautagarriak egiaztatzeko, alderdiek (laguntza eskatzaileak eta fabrikatzaile/hornitzaileak) eskaera edo kontratua onartu behar dute. Gainera, zenbatekoaren gutxienez % 10 ordaindu eta horri dagokion faktura aurkeztu behar da, makineria lantokian instalatzeko eta martxan jartzeko eskaera edo kontratua egin eta gehienez ere 12 hilabeteko epean.
2.– Honako zehaztapen eta ezaugarri hauek bete beharko dira:
a) Makineria berriaren erosketa-prezioa, gutxienez, 70.000 eurokoa (BEZa barne) izan beharko da, eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren barruan, produkzio-prozesuari lotuta egongo da; horretaz gain, onuradunaren enpresara eraman eta bertan instalatu beharko da.
b) Makineria berria 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta martxan jarri beharko da, eta, nolanahi ere, onartutako eskaera-dataren ondorengo 12 hilabeteetan.
c) Ez da onartuko Programa honen aurreko deialdietan makinak erosteko aurkeztu eta ukatutako eskaerarik, salbu eta aurrekontua agortu izanagatik ukatu bada.
8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
1.– Gastu hautagarriak zenbatzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:
a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izango dute programa honen helburu den eta diruz lagundu daitekeen jarduerarekin.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.
c) Eurotan egiten ez den gastu hautagarriaren balioespena eurotara bihurtuko da faktura-dataren eguneko truke tasaren arabera.
d) Gastu hautagarritzat hartuko da fakturari aplikatutako zerga, berreskuratu ezin dena. Kasu horretan, dagokion Foru Aldundiko Ogasun Sailaren ziurtagiri bidez egiaztatuko da baldintza hori.
e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.
f) Eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako makineria ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.
2.– Makineria berria enpresa onuradunean instalatuko da eta enpresako arriskuen ebaluazioan sartuta egon beharko du. Honako zehaztapen eta ezaugarri hauek ere bete beharko ditu:
a) 2. artikuluko 4., 5. eta 6. paragrafoetan ezarritako xedapenak.
b) CE marka, ezabaezina, irakurgarria eta argi eta garbi ikusteko modukoa.
c) Makinetarako derrigorrezkoa den «CE» adostasun-aitorpena. Aitorpena eta jarraibide-eskuliburua gaztelaniaz idatzita edota jatorrizko hizkuntzatik gaztelaniara itzulita egongo da.
3.– Inbertsioa finantza errentamenduaren bidez finantzatu ahal izango da, eta diru-laguntza jaso ahal izango du, baldin eta enpresak erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa hartzen badu, hain zuzen ere eragiketa egiten duen finantza-erakundearekin. Gainera, konpromiso hori jasotzen duen dokumentua entregatu beharko da, bi erakundeek sinatua eta zigilatua.
9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
Programa honen xede diren laguntzak gastu hautagarrien % 15eko diru-laguntzak izango dira, makina berriak erosteko direla egiaztatu ondoren, eta gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina berri bakoitzeko, eta 100.000 euro, gehienez, enpresa eta urte bakoitzeko.
10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
2.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.
3.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.
4.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk, gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
5.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.
6.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.
11. artikulua.– Laguntza eskaera.
1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute, SPRIren http//www.spri.es/maquina web-gunean.
2.– Eskaria inprimatutakoan, erakundea ordezkatzeko adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du eta erakundeak berak zigilatu ondoren SPRI S.A.ren egoitzara bidali (Urkijo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbo).
Laguntza eskaera eta gainerako agiri osagarriak noiz jaso SPRIren bulegoetan (paperezko euskarrian), egun horixe izango da aurkezpenarena.
3.– Erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren eta hala badagokio harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.
4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Aplikazio informatikoan dagoen eskaera inprimakia, alderdi guztiek behar bezala beteta eta sinatuta.
b) Erantzukizunezko aitorpena.
c) Eskabidea sinatu behar duen pertsonaren indarrean dagoen ahalordetzaren fotokopia.
d) Makina berriaren salerosketa kontratuaren kopia, alderdi biek sinatua, edo alderdi biek onartutako eskaera.
e) Gutxieneko % 10a ordaindu izanaren fakturaren kopia eta makinaren/makinen ordainketaren bankuko egiaztagiria, ordainketa hori kontuetan adieraziz edo bankuko egiaztagiria atxikiz.
f) Makinaren memoria, makina berriaren oinarrizko informazio guztia (ezaugarriak, noiz entregatu den, nola ordaindu den, bermeak, e.a.) biltzen duena, bertan azalduz betetzen dituela 8. artikuluko 2. atalean adierazitako ezaugarriak.
g) Enpresa eskatzaileak kanpoko erakunde baimendu(ar)ekin prebentzio zerbitzuak hitzartu dituela azaltzen du(t)en ziurtagiria(k), non adieraziko baita egungo hitzarmena(k) indarrean daudela eta zein espezialitatetan hitzartu d(ir)en.
h) Hala badagokio, baimendutako Ikuskaritza Erakundearen Ziurtagiria, non adieraziko baita enpresak egin duela prebentzio sistemaren Arauzko Auditoria eta beraz eguneratuta dagoela.
12. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza eskaerak aurkezteko epea araudi hau Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2017ko urriaren 31ko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da, aurrekontua aurretik agortzen ez bada.
13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.
1.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A.ko Administrazio Kontseiluak 2014ko urtarrilaren 24an hartutako erabakiaren arabera eratu zen Renove Maquinaria Programako Batzorde Betearazlea, Alexander Arriola Lizarriturri Jn., Alejandro López Carcamo Jn., José Ignacio Tellechea Fernández Jn. eta Imanol Cuétara Camiruaga Jn. Osatuta, zeina Merkataritza Erregistroan inskribatu baitzen. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.
2.– Laguntza eskaerak espedienteak osorik daudenean ebaluatuko dira.
3.– Ebazpen epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, deialdia ixten den egunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
4.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, Batzorde Betearazleak ebazpena emateko egin duen batzar egunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 20 eguneko epean. Aipatutako epea zenbatzean ez da kontuan hartuko abuztua.
14. artikulua.– Laguntzen likidazioa – Ordainketa.
1.– Aldeko ebazpenen kasuan, ordainketak gauzatzeko, enpresa eskatzaileak behar bezala bete beharko ditu «Likidazio-eskaera» izeneko formularioak, programaren web gunean (www.spri.net) horretarako ezarritakoak. Horretaz gain, ordaintzeko eskaera izenpetu, eta SPRIri honako agiri hauek eman beharko dizkio:
– Erositako makina berriaren fakturaren/fakturen kopia.
– Diruz lagun daitezkeen gastuak ordaindu izanaren bankuetako frogagirien fotokopia. Hornitzailearen finantziazioa izanez gero, hark sinatutako idazkia, zeinetan onartzen duen enpresa onuradunari laguntza ordaintzea, nahiz eta makineria guztia kobratu gabe izan.
– Makinaren entrega-albaranen kopia.
– Makinaren entregarako logistikaren fakturen kopia.
– Onuradunak makina onartzen duela dioen dokumentuaren kopia, alderdi biek sinatua.
– Makinaren adostasunezko «CE» aitorpena, gutxienez gaztelaniaz.
– Erakunde Finantzarioaren egiaztagiriaren fotokopia, bankuko kontuaren titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko.
– Diruz lagundutako makinaren kolorezko argazkia(k), non agertuko baita makinaren identifikazioa eta enpresari bere momentuan emango zaion (A3) kartela, diruz lagundutako proiektuaren informazioa emango duena eta bertan itsatsita izango dituena Europar Batasunaren ikurra eta Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren aipamena.
Likidazio eskaera eta gainerako dokumentazioa aurkezteko gehienezko epea 15 hilabetekoa izango da, eskaera-inprimakian eskaera onartzeko adierazten den egunetik aurrera. Osalanek egiaztagiria egin ondoren ordainduko da esleitutako diru-laguntza.
Erosketa ziurtagiriak aurkezteko epea betetzen ez bada, automatikoki ezeztatuko da aurrez emandako diru-laguntza.
Diruz lagun daitekeen gastua enpresak laguntza eskaeran aurreikusi duena baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio proiektua gauzatzeko ezarri den portzentajeari.
2.– Laguntza aldi bakarrean ordainduko da, behin diruz lagunduko den jarduera egin ostean, eta, betiere, aurrez aurkeztu ondoren bai likidazio eskaera, bai inbertsioa nola gauzatu den eta programaren helburuak nola bete diren egiaztatzen duen gainerako dokumentazioa.
3.– Ordainketa egin baino lehen, SPRIk eta OSALANek erakunde onuradunari eska diezaiokete entrega ditzala programaren xede den jardueraren exekuzioarekin zerikusia duten beste dokumentu batzuk. Esaterako, auditoretza-pista fidagarri bat, hau da, erosketaren agiri guztiak, elkarrekin erlazionatuz erosketa prozesuari lotutako dokumentuak.
4.– Laguntzaren ordainketa gehienez ere lau hilabeteko epean egingo da, behin erakunde onuradunak artikulu honetan adierazitako ziurtagiriak eta likidazio-eskaera aurkezten dituenean.
5.– Ez da laguntza ordainduko, baldin eta makina berria ez badago instalatuta adierazitako baldintzetan.
15. artikulua.– Laguntza eta likidazio eskaerak zuzentzea.
1.– Laguntza edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk eta Osalanek 10 egun balioduneko epea emango diote enpresak eskaeraren Erantzukizunezko Adierazpenean adierazitako harremanetako pertsonari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko zaio horrela egin ezean eskaera ukatuko zaiola, eta halaxe jakinaraziko zaio eskatzaileari.
2.– SPRIk eta Osalanek egokitzat jotzen duten informazio guztia eskatu ahal izango diote erakunde onuradunari, makinaren fabrikatzaileari edota makinaren saltzaileari, eta espedientearen zuzenketatzat hartuko da, aurreko paragrafoan emandako tratamendu berarekin.
3.– Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleak ebazpen bidez adieraziko du uko egin zaiola laguntza-eskaerari.
4.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk/Osalanek posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak.
5.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu makina fabrikatzaileak edota makinaren saltzaileak (erakunde onuradunarentzako kopia propioarekin) diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertson(ar)en helbide elektroniko(eta)ra SPRIk/Osalanek posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak.
16. artikulua.– Erakunde laguntzailea eta bere eginkizunak.
Behin likidazio eskaera osoa jaso ondoren eta hura tramitatzen hasteko, makineria berriaren ikuskapeneko ziurtagiri teknikoak eskatuko dizkio SPRIk erakunde laguntzaileari.
Programa honen ondorioetarako, Osalan izango da SPRIren erakunde laguntzailea, zeinak eginkizun hauek izango baititu:
a) Agiri teknikoak nahiz laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak aztertzea.
b) Makinak ikuskatzea.
c) Ikuskapenei buruzko txostenak egitea.
d) Programaren batzordeetan elkarlanean aritzea.
e) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.
Osalan arduratuko da agiri teknikoak nahiz laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak aztertzeaz eta makineria ikuskatzeaz. Osalaneko teknikariak enpresara joaten direnean, instalatuta eta martxan egon beharko du makinak, eta enpresako arriskuen ebaluazio-txostenean sartuta.
Makinerian edo agiri teknikoetan hutsuneak ikusten badira, hilabeteko epe bakarra jarriko da programa kudeatzen duen aplikazio informatikoaren bitartez hutsune horiek zuzentzeko, huts horien berri ematen den egunetik aurrera.
Azkenik, Osalanek txosten bat igorriko dio SPRIri ikuskapena egin dela egiaztatuz eta eskakizunak behar bezala bete diren ala ez adieraziz.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen eta diru-laguntzaren xede diren makinen fabrikatzaileen eta merkaturatzaileen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek eta diru-laguntzaren xede diren makinen fabrikatzaileek eta merkaturatzaileek 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar da. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.
b) Diru-laguntza programaren xede den jarduerarako erabiltzea.
c) SPRIri edo Osalani uztea programa behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiten, eta laguntzaren jarduerari eta xedeari buruzko dokumentazioa ematea. Halaber, emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatuko dela eta eskatutako baldintzak beteko direla egiaztatze aldera, SPRIk edo Osalanek izendatutako langileek premiazkotzat eta komenigarritzat jotako egiaztapen guztiak egin ahal izango dituzte onuradunaren edozein instalaziotan.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, bost urtez, laguntza jaso dezaketen gastuak burutzen direnetik aurrera.
e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.
g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio SPRIri.
h) Diru-laguntza jatorriari buruzko publizitatea eman Diru-laguntzen Lege Orokorreko 18. artikuluaren arabera.
18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.
2.– Halaber, SPRIk luzapen bat eman dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko, baldin eta erakunde onuradunek eskatu eta behar bezala justifikatzen badute, hala izanez gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin daiteke, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.
3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta Programako Batzorde Betearazleak aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, diru-laguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako araudi orokorretan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Laguntza itzultzeko arrazoiak dira Diru-laguntzen Lege Orokorreko 37. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitakoak.
3.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:
a) Programan ezarritako xedea edo programako jardueraren garapena justifikatzeko betebeharrak ez betetzea.
b) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
c) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
d) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
e) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
4.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.
5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36-4, 48011 Bilbao) ardurapeko «LAGUNTZAK» izeneko fitxategian gordeko dira.
Fitxategi horren xedea da SPRIk diseinatutako edo kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziari jakinarazi zaio fitxategi hori sortu dela eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko diren segurtasun neurri guztiak dauzka.
Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz lopd@spri.es helbidera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
PRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espreski, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.