EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017123

AGINDUA, 2017ko ekainaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzetarako deialdi bat egiten baita EAEko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzenduta.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201703299
Maila: Agindua
Gaixoek eratutako irabazi-asmorik elkarteak pertsona fisikoen taldeak dira, eta, horietan, patologia bera pairatzen duten pertsonak elkartzen dira. Gisa horretako elkarteek honako helburu hauek dituzte: dena delako gaixotasuna eta berau sendatzeko tratamenduak hobeto ezagutzeko lan egitea, gaixoek elkarri laguntzea, herritarrei gaixotasuna prebenitzeko argibideak ematea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea.
Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira elkarte horiek, gaixoentzat nahiz haien familientzat.
Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du elkarte horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.
2017ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen da 2017ko ekitaldirako (argitara emanda dago euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan). Agindu horretan, «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» atalean, hau jasotzen da: «Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko diru-laguntzak».
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean, laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.
Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauekin, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauekin, zeinak diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen.
Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.
1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdia egitea EAEko gaixoek eta haien familien kolektiboek osatuta dauden eta bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko elkarteentzat.
2.– Laguntza hauen xedea da 2017ko urtarriletik abendura bitartean eginiko jarduerak finantzatzea; jarduera horien helburuak hauek izango dira:
a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien familiei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzera bideratutako jarduerak, beren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.
b) Gaixoei laguntza eta jarraibideak ematea gizarte- eta osasun-premietan.
c) Gaixoek eta haien familiek gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.
d) Gaixoek osasun aldetik besteekiko dituzten desberdintasunak gutxitzea.
3.– Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:
a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek egiten dituztenen pareko jarduerak.
b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Betekizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan jasotako laguntzak:
a) EAEko pertsona gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatuak eta legez eratuak izatea, eta egoitza soziala duten lurraldeko elkarteen administrazio erregistro ofizialean behar bezala inskribatuak izatea, diru-laguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez.
b) Ez dute irabazi-asmorik edukiko.
c) Gaixoen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardun behar dute, elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratuz.
d) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
e) Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu, epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan xedatutako beste edozein betekizun.
2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez diru-laguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako diru-laguntza likidatu arte. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du betekizunak konplitzen direla, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen.
3.– Erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute –eskabidearen inprimakian jasota dago–, eta, han, honako hauek adierazi: onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez dutela eta, bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak ordainduta dituztela, bai eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe agindu honetako 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduerak.
3. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
1.– Agindu honen helburua betetzeko, hirurehun mila (300.000) euro bideratuko dira.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorrik mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.
2.– Jarduerarako diru-laguntza erabil daiteke entitateko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta, gehienez, zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak diru-laguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.
3.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:
a) Diruz laguntzen diren jarduera horien Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkion gastuak.
b) Finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; berandutze-errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: zerga, tributu eta tasen ordainketetan berandutzearen edo halakoak ez ordaintzearen ondoriozko zehapenak, edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen gastuak, eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozedurek eragindakoak.
c) Bestelako gastuak, baldin eta, balioespen-batzordearen ustez, laguntzaren xedearekin edo jardueraren exekuzioarekin bat ez badatoz, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak badira.
5. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada.
2.– Lortutako laguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, diru-laguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.
Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez ditu gaindituko honako muga hauek: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa; elkarte onuradun bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa (elkarte batek proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero).
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–, eta, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko azalpen-memoria, agindu honen I. eranskineko eredua erabiliz; 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan eskura daiteke.
b) Entitate eskatzailearen datu orokorrak, agindu honen II. eranskinean eta 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan dagoen eskabide normalizatua erabiliz, salbu eta aurretik aurkeztu badira Osasun Sailean, eta, betiere, indarrean baldin badaude eta hala adierazten bada eskabidean.
c) Honako hauek egiaztatzeko ziurtagirien kopia arruntak: elkartea eratu izana eta kasuan kasuko administrazio-erregistroan inskribatu izana, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Elkarteak ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, baldin eta, eskabidearen bidez, berariaz baimena ukatu badio organo kudeatzaileari ziurtagiriak zuzenean eskura ditzan kasuan kasuko administrazio publiko eskudunetan.
d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Elkarte bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliz.
4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten elkarteen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.
b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka, ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.
5.– Elkarte eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21. artikuluetan.
10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.
Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan eskakizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrean.
Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.
Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli behar duela diru-laguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten eskabideek ez dute diru-laguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.
a) Jardueraren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu, gehienez.
b) Diru-laguntza eskatu den jarduera eginda zer helburu espezifiko lortu nahi diren: 14 puntu, gehienez.
1) Helburu egingarriak: 7 puntu, gehienez.
2) Baliabide egokiak erabiltzea: 7 puntu, gehienez.
c) Jardueraren garapenari buruzko deskribapena (edukiak, faseak, zereginak, kudeaketa-prozesuak, jardueraren kokapena edo lurralde-eremua, jarduera garatuko den leku fisikoa, denboralizazioa, aurrekontua eta abar): 20 puntu, gehienez.
1) Jardun-eremua:
a. EAE: 5 puntu.
b. Lurralde historikoa: 4 puntu.
c. Eskualdea: 3 puntu.
d. Udalerria/auzoa: 2 puntu.
2) Faseak, zereginak eta denboralizazioa: 10 puntu, gehienez.
3) Programatutako jarduerara egokitutako aurrekontua: 5 puntu, gehienez.
d) Jarduera ebaluatzeko aurreikusitako prozedura eta eragina, adierazle kuantitatiboak eta/edo kualitatiboak: 7 puntu, gehienez.
1) Ebaluazio-proposamen bat aurkeztu du: 3 puntu.
2) Ebaluazioan, adierazle kuantitatiboak zehaztu ditu: 2 puntu.
3) Ebaluazioan, adierazle kualitatiboak zehaztu ditu: 2 puntu.
e) Aurreikuspenen arabera, zenbat pertsona izan daitezkeen jardueraren helburu edo onuradun (zenbat talde edo tailer, zenbat saio, zenbat iraungo duen saio bakoitzak). Kuantifikazioa (zenbat lagun izan daitezkeen jardueraren onuradun, kasuan kasuko lurraldean edo EAEn eragindako pertsonekiko); ezaugarritzea (sexua, adina, aintzat hartzea desberdintasun sozioekonomikoak eta genero ikuspegia): 15 puntu, gehienez.
1) 50 pertsona baino gehiago izango dira jardueraren onuradun: 5 puntu.
2) Desberdintasun sozioekonomikoak aintzat hartzea: 5 puntu.
3) Genero-desberdintasunak aintzat hartzea: 5 puntu.
f) Jarduera diseinatzeko kontuan hartutako irizpideak, xede-populazioaren eta boluntarioen parte-hartzeari dagokionez: 10 puntu, gehienez.
1) Xede diren biztanleen parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 5 puntu.
2) Elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzea: 5 puntu.
g) Jarduera beste elkarte edo federazio batzuekin lankidetzan gauzatzea: 5 puntu, gehienez.
h) Koordinazioa eta sinergia, aurreikusitako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.
i) Jarduera burutzeko beharrezkoak diren giza baliabideen deskribapena: zenbat eta nolakoak (prestakuntza, kualifikazioa eta, hala badagokio, aurreikusitako langileen identifikazioa). Adierazi erakunde eskatzaileak zuzenean kontratatuko dituen edo ez: 5 puntu, gehienez.
j) Jarduera burutzeko beharrezkoak diren baliabide materialen eta azpiegituren deskribapena: zehaztu kopurua, eta adierazi dagoeneko eskuratu diren edo ez: 5 puntu, gehienez.
12. artikulua.– Eskabideak balioestea.
1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Miren Dorronsoro Iraeta andrea), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jn., Elena Albisua Cortazar and., Juan Carlos Fernández Crespo jn.). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.
2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.
3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.
4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.
5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.
Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.
Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.
6.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta han, honako hauek adieraziko dizkio: zer diru-laguntza ematea proposatzen duen, zein diren elkarte onuradunak, finantzatuko den proiektu bakoitzari zenbat diru emango zaion eta, hala badagokio, zein diren diru-laguntza ukatu zaien proiektuak eta zergatik ukatu zaien.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Eskabideen ebazpenean, interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarteak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.
3.– Prozedura ebatzi eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
6.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak elkarte onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundutako proiektua benetan burutu dela justifikatzeko, elkarte onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:
a) Diru-laguntza jaso duen jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren araberakoa (agindu honen III. eranskinean dago, eta 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke). Memoria horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute (eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa). Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
b) Diru-laguntzaren xede den proiektua eta ordainketa benetan gauzatu direla egiaztatzen duten fakturen edo bestelako egiaztagirien kopia arrunta, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko du.
c) Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiriaren kopia, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu-kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura. Elkarteak egindako ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da kontuan hartuko langile boluntarioen balioztatzea, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezarriko da. Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek proiektuaren helburuak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egingo da.
d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.
e) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola prentsa-ebakinak edo proiektuko funtsekin ordainduta egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala; agiri horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.
f) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa, 17.i) eta 17.j) artikuluetan jasotako kasuetan.
g) Proiekturako funtsekin ordaindutako tailer eta ikastarorik antolatu bada, haietan zenbat lagunek parte hartu duten.
2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:
a) Elkarte onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2017an egindakoak izango dira.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).
d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi kontingentzia estali behar ditu nahitaez: istripuak eta erantzukizun zibila. Azken horretan, urtean, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, polizako boluntario guztientzat. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
3.– Diru-laguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2017. urtean sortutakoak badira.
4.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.
5.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2018ko urtarrilaren 31 izango da.
15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan.
Errekerimendu hori ez badu betetzen garaiz eta forman, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.a artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, elkarte onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, bai eta diru-laguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordainduta dituela ere.
17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoak ezertan eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren elkarteek honako betebehar hauek dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartu behar dute. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek berariaz laguntzari uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean, diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia bete beharko dute, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitzan: http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
c) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.
d) Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
e) Helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
f) Diru-laguntza emango duen erakundeari egiaztatu behar diote betetzen dituztela laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betekizun eta baldintzak eta jarduera gauzatu dutela.
g) Osasun Sailari laguntza emango diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta, gainera, honako kontrol-saio hauek onartuko dituzte: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
h) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.
i) Egiten diren dokumentuetan eta iragarkietan, Osasun Sailaren babesa jaso dela aipatzea; aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatzen den eran egingo da, sailak gainbegiratu ondoren: http://www.euskadi.eus/web01-s1ezaleh/es/contenidos/informacion/v2_simbolos/es_simboide/index.shtml
j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluko 4. zenbakian jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horretarako, honako irizpide eta mugak hauek aplikatuko dira:
a) Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero diru-laguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.
b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, diru-laguntzarako eskubidea galduko da.
Bi kasutan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Diru-laguntza jaso duen jardueraren segimendua.
Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten erakundeak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Agindua aldatzen duen Osasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 2ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez, Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Elkarte interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html
3.– Ordezkariak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/certificados_admitidos/es_cert_ele/certificados_electronicos.html
4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/9JoeiN
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Bere betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.
3.– Agindu honen 18. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.
4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduerak bat egiten ez badu deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez bada.
Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Eskabideak balioesteko deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.
6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa aplikatuko zaie.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 13a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
I. ERANSKINA
GAIXOEN KOLEKTIBOEN ETA HAIEN FAMILIEN BIZI-KALITATEA HOBETZEKO JARDUERAK SUSTA DAITEZEN DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO MEMORIA
II. ERANSKINA
ERAKUNDEAREN DATUAK JASOTZEKO INPRIMAKIA
III. ERANSKINA
BIZI-KALITATEA HOBETZEKO PROIEKTUA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA ETA PROIEKTUAREN MEMORIA EKONOMIKOA