EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017123

AGINDUA, 2017ko ekainaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, arlo sanitarioko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko 2017ko deialdia egiteko dena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201703298
Maila: Agindua
Osasun Sailaren helburuetariko bat talde sanitarioaren prestakuntza handiagoaren bidez zerbitzu sanitarioen kalitatearen hobekuntza sustatzea da. Horregatik, Osasun Sailak epe ertain eta luzerako estrategia bat planteatu du Euskal Sistema Sanitarioko langileek duten gaitasuna areagotu dezaten praktika profesionalean.
Horrela, prestakuntza da kualifikazio optimoa bermatzeko eta langileen garapen profesionala garatzeko lanabesa. Berariaz sustatu nahi dira atzerriko prestakuntza-egonaldiak eta estatuko unibertsitate-zentroetan gaitasun aurreratuak eskuratzea kudeaketa sanitario, osasun publiko eta zainketa aringarrien alorrean.
Deialdi hau Osasun Sailaren 2017ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina Osasuneko sailburuaren 2017ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Agindu horren arabera, arlo sanitarioko profesionalen prestakuntza diru-laguntzen jarduera-eremu handienekotzat hartzen da.
Kontuak izanik: aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da osasunaren arloan prestakuntza-planak gauzatzeko bekak eta laguntzak emateko araubidea arautu eta laguntza horietarako deialdia egitea, 2017. urtean hasiko diren prestakuntza-planetarako.
Honako beka eta laguntza hauek emango dira:
● Atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egiteko bekak eta laguntzak. Deialdi honen ondorioetarako prestakuntza-egonalditzat joko da zentro sanitario / ikerketa-zentro batera joatea epe mugatu batez eta osasun-zientziekin zerikusia duen prestakuntza-programa indibidualizatu batekin, arlo zehatz bateko ezagutza eta abilezia areagotzeko helburuarekin.
● Bekak eta laguntzak, estatuko unibertsitate-zentroetan, gaitasun aurreratuak eskuratzera bideratutako prestakuntza-jarduerak egiteko hiru arlo espezifikotan: kudeaketa sanitarioa, osasun publikoa eta zainketa aringarriak. Prestakuntza-jarduerek Graduondo kategoria (titulu ofizialak edo propioak) izan behar dute. Graduondo horiek gutxienez 60 ECTS kredituko karga akademikoa izango dute.
2.– Deialdi honetan hiru arlo espezifiko horietako bakoitza nola ulertzen den hobeto ulertzeko, jarraian diruz lagun daitezkeen jardueren zerrenda bat dago.
2.1.– Kudeaketa sanitarioaren modalitate honetan, honako prestakuntza-jarduera hauek lagunduko dira diruz: kostu sanitarioak nahiz ospitaletakoak kontrolatzea eta kudeatzea; marketina; giza baliabideak; zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta planifikazioa; kalitatearen kontrola; arreta sozio-sanitarioa; arlo sanitarioko langileen arriskuak; erakunde sanitario motak; kudeaketa sanitarioaren gaineko politika; plangintza estrategikoa eta kudeaketa horren tratamendu informatikoa.
2.2.– Osasun publikoarekin lotura duten prestakuntza-jarduerei dagokienez, ikerketa-metodologiako eta Osasun Publikoko hainbat arlotako prestakuntza lagunduko da diruz: osasun publikoko tresna metodologikoak –estatistika eta epidemiologia–; plangintza eta ebaluazioa: beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia, ekitatea; adierazle sanitarioak eta gaixotasunak prebenitzeko hainbat estrategia baloratzea, osasuna sustatzea eta gaixotasunetik babestea.
2.3.– Azkenik, zainketa aringarrien alorrari dagokionez, hauek lagunduko dira diruz: zainketa aringarrien alderdi kultural, sanitario eta psikolosozialari buruzko prestakuntza; zerbitzuen kudeaketa zainketa aringarrietan; alderdi legal eta etikoak; zainketa aringarrien ikerketa; sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, agindu honetan jasotzen diren beka eta laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate tituluaren jabe izanik, gutxienez, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dauden pertsonek, betiere aurreko artikuluan zehazten diren prestakuntza-jardueraren bat burutzen badute, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.
2.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu prestakuntza-aldian dauden langile egoiliarrek.
3.– Beka eta laguntzak emateak eta hartzeak ez du kontratu edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.
4.– Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eta bekarik eman Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte eta oraindik tramitatzen ari bada.
3. artikulua.– Onuradun izateko bete behar diren baldintzak.
1.– Onuradun izan daitezke diru-laguntza ematea oinarritzen duen egoeran edo deialdi honetan ezarritako egoeran dauden pertsona fisikoak.
2.– Ezingo dira izan lege horretan araututako diru-laguntzen onuradun honako egoeraren batean dauden pertsonak:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren baten kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu, epailearen esku hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Lehiaketaren Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, dela Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direla, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.
f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.
g) Ordaindu gabe izatea diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana ebazpen irmo baten bidez.
3.– Goragoko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, eta, oro har, deialdi honetan onuradunen betekizunei buruz ezartzen ez denari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13. artikulua aplikatuko da; izan ere, lege hori oinarrizkoa da.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Bekak eta laguntzak 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako konkurtso-prozeduraren bidez emango dira. Dekretu hori azaroaren 11koa da eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du. Hortaz, laguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, eta hurrenkera bat finkatuko da, 13. artikuluan aukeratzeko eta baloratzeko ezarritako irizpideen arabera.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta, guztira, ehun eta zortzi mila eta hamar euro (108.010,00) dira. Kantitate horretatik laurogeita bat mila eta zortzi euro (81.008 euro) 2017 aurrekontu-ekitaldikoak dira eta hogeita zazpi mila eta bi (27.002 euro) 2018koak.
2.– Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Osasun Sailaren beste programa batzuk gauzatu ostean agortu gabe geratu diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legediak kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraiki, eta laguntzak emateko hasiko den prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.
6. artikulua.– Jarduera eta gastu finantzagarriak.
Emandako diru-laguntza beka edo laguntza izan daiteke.
1.– Bekaren helburua onuradunaren mantenu-gastuak finantzatzea da, prestakuntza-jarduerak irauten duen bitartean.
2.– Laguntza, berriz, onuradunak prestakuntza-planaren garapenean sortutako gastuetarako emango da, esate baterako: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua, irakaskuntzako materiala erostea, etab.
3.– Onuradunak prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten badu, gastu hauetarako laguntza ekonomikoa baino ezingo du eskuratu: bidaia, matrikula, ostatua eta irakaskuntzako materiala.
4.– Onuradunak ordaindutako jarduerarik egiten ez duenean, mantenu-gastuetarako beka bat eta bidaia, matrikula, ostatua eta irakaskuntzako materiala erosteko laguntza ekonomikoa jaso ditzake.
5.– Emango den beka edo laguntza, gehienez, urtebetekoa izango da. Eta prestakuntza-planak iraupen luzeagoa izango balu, onuradunak, diru-laguntzaren epe hori amaitu ondoren, beste beka bat eskatu ahal izango du, hurrengo aurrekontu-ekitaldirako aurreikusitakoaren arabera.
7. artikulua.– Beken eta laguntzen diru-hornidura.
1.– Beken eta laguntzen zenbatekoa ezingo da izan, hilean, mila eta bostehun (1.500) eurokoa baino handiagoa.
Atzerriko egonaldian jarraian hiru hilabetetik gora ematen direnean, familiarekin batera egiten bada, hilero hirurehun (300) euro arteko laguntza gehigarria jaso ahal izango da diru-sarrera propiorik ez duen seme-alaba bakoitzeko. Kasu horretan, eskabide-egileari bakarrik ordainduko zaizkio bidaia-gastuak, eta ez harekin joango diren familia-kideei.
2.– Laguntzako diru-hornidurari dagokionez, matrikularako emandako laguntza ez da 8.000 eurotik gorakoa izango, ostaturako emandakoa hilean 1.000 euro edo hortik beherakoa izango da, eta bidaietarako eta materialerako ez da izango 2.000 eurotik gorakoa.
8. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasun araubidea.
1.– Agindu honen babesean ematen den bekaren bat izanez gero, ez da bateragarria izango ordaindutako lanarekin, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera bererako erakunde publiko nahiz pribatu batek emandako beste beka edo laguntzaren batekin, edo beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunen batekin.
2.– Bestalde, laguntza hau helburu bererako beste edozein diru-laguntzarekin bateragarria izango da, betiere, finantzatutako jardueratik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Halakorik gertatuz gero, emandako laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko.
9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
Urriaren 1eko 39/2015 Legea (administrazio publikoen prozedura administratibo erkidearena) indarrean jarri zenetik, paperik gabeko Administrazioaren alde egin da efikazia eta Administrazioa soilik funtzionamendu elektronikoan oinarritzen da; hala, efizientziaren printzipioei hobeto erantzuten die, herritarrei eta enpresei kostuak aurrezten baitizkie, interesdunen bermeak indartuz. Fitxategi elektroniko batean dokumentuak eta jarduketak jasotzeak gardentasun-betebeharrak betetzea errazten du, zeren informazio puntual, arin eta eguneratua eman daiteke interesdunei.
Prozedura administratiboaren lege berriarekin prozedurak gehiago arindu nahi dira erabat elektronikoki funtzionatuta. Horren helburua da efikazia eta segurtasun juridikoaren konstituzio-printzipioak hobeto betetzea, horiek baitira administrazio publikoaren jarduketa arautu behar duten printzipioak.
Erkidegoan otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Elektronikoaren oinarriak ezartzen ditu eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko ebazpenak E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen du.
Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoa garatu da, hau da, herritarrentzako informaziora eta izapideetara iristeko gune seguru bat, informazioa eta gunearen bidez balia daitezkeen zerbitzuak osoak eta egiazkoak direla eta eguneratuta daudela bermatzen duena.
Justizia eta Administrazio Publikoaren sailburuak 2012ko ekainaren 27an eman zuen Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren sinadura elektronikoaren eta egiaztatzeen gaineko politika onartu zen. Administrazio honek, identifikazioari eta sinadura elektronikoari dagokionez, bere gain hartutako irizpide komunak ezartzen ditu politika horrek. Onartutako identifikazio-bitarteko elektronikoak esteka honetan daude.
Aipatutako egoitza elektronikoan interesdunek eskaera-eredu normalizatuak izango dituzte, deialdian eskatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak barne, administrazioarekin komunikatzeko kanala hautatzeko aukera dute, baita horretarako erabili nahi duten hizkuntza ere. Bestalde, «Nire kudeaketak» ataletik bidali ahal izango dituzte dokumentu ez normalizatuak, eta, hala badagokio, eskabidea egin eta gero aurkeztu beharreko dokumentuak, eta, orobat, jakinarazpenak jaso eta eskabideari buruzko izapideak egin. Era berean, administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen Legearen 41.1 artikuluarekin bat, interesdunek edozein unetan jakinarazi ahal izango diote laguntza tramitatzen duen organo arduradunari hurrengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egin ala ez, baina jakinarazpen hori nola gauzatzen den alde batera utzita, abisu bat bidaliko da interesdunak jakinarazi duen gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora. Horren bidez, adieraziko zaio jakinarazpen bat duela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, bere borondatez jakinarazpenaren edukira sar dadin.
10. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
1.– Eskaerak ahal dela bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/), urriaren 1eko 39/2015 Legearen (administrazio publikoen prozedura administratibo erkidearena) 14. artikuluaren arabera eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren (administrazio elektronikoari buruzkoa) 28. artikuluko lehenengo paragrafoaren arabera.
2.– Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, interesdunek eskaerak urriaren 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan horretarako ezarritako bulego eta erregistroetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte, eta hona bidaliko dira: Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioaren Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
3.– Eskatzaileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera eskatzen den dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Eskaera bat aurkeztuko da egin nahi den prestakuntza-jarduera bakoitzeko. Eskaera eredu normalizatuaren bidez egingo da. Eredu hori Osasun Sailaren webgunean eskura dezakete interesdunek, eta puntu hauen erantzukizunpeko adierazpena ere jasotzen du:
● Eskabideko xede bera duen beste ezein laguntzarik ez duela jasotzen, edo, kasua bada, erakunde baten laguntza jasotzen duela (zenbatekoa zehaztuaz), edo, ebazteke dagoen laguntza bat eskatu duela.
● Eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.
● Eskabidean eta harekin batera doazen agirietan jarritako datuek benetakoak direla eta laguntzen onuradun izateko baldintzak, indarrean diren arauek ezartzen dituzten horiek, betetzen dituela.
● Eskatzaileak ez duela ikusten ezintasunik diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei dedikazio egokia eskaintzeko ordaindutako lana edo beste edozein egiteko duelako.
5.– Eskabidearekin batera, honako agiriak ere aurkeztu beharko dira:
a) Prestakuntza-planaren datuen inprimakia, prestakuntza hori gauzatzeak sortuko dituen gastuen zenbatespena jasoko duena (I. eranskina). Eranskin horri prestakuntza-plana erantsiko zaio, non jasoko baitira egitasmoa, edukia eta egingo diren jarduerak.
b) Curriculum Vitae laburtua (II. eranskina).
c) Eskatzaileek eskaera aurkezten duten unean arlo sanitarioan lanean jarduten badute, euren lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko dute, prestakuntza-plana egiteko. Baimen horretan, egin nahi diren ikasketak eskatzailearen jarduerara zenbateraino egokitzen diren adierazi beharko da, kalifikazio hauek emanda: egokitzapen handia, ertaina eta txikia.
d) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du errolda-ziurtagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Elektronikoaren bigarren xedapenean ezarritakoaren arabera; agindu honen 2. artikuluan eskatzen da baldintza hori.
e) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria edo eskaera-formularioan administrazioa baimenduko du ofizioz berrikusteko.
6.– Eskabideak egiteko agiri normalizatuak eskura daude web-orrian. Aginduan eskatutako beste edozein agiri, edo eskatzaileak aurkeztu nahi dituenak, euskarri informatikoan bidali ahal izango dira, hain zuzen ere «Nire kudeaketak» atalaren bitartez.
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
8.– Deialdiko oinarriren bat ez betetzeak, edo datuak gorde, aldatu edo eskatutako argibideak manipulatzeak, eskaria ezestea ekarriko du. Horrek ez du esan nahi erantzukizun administratiboa, zibila edo penala eskatzeko aukera baztertuko denik.
11. artikulua.– Eskabidea zuzendu eta hobetzea.
1.– Eskaerak ez baditu agindu honetako baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean duen akatsa zuzendu dezala, eta adieraziko zaio hori egiten ez badu eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2005 Legearen 68. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.
12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinaren hasierako osaera agindu honetan emango baita aditzera; aldaketak Osasun Sailaren egoitza elektronikoan jarriko dira, interesdunek abstentzio- eta errekusazio-eskubideez baliatzeko efikazia bermatzeko urriaren 1eko 40/2015 Legearen (sektore publikoaren araubide juridikoari buruzkoa) 23 eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
2.– Balorazio Batzordearen osaera:
a) Presidentetza: Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria. Miren Nekane Murga Eizagaechevarria andrea.
b) Kideak:
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Laguntza Sanitarioko zuzendaria. Andoni Arcelay Salazar jauna.
Osasun Saileko Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburua. Sebastian Martin Moreno jauna.
c) Idazkaria: Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko laguntzen teknikari arduraduna. Rafael Andrés Barruso jauna.
Batzordeak, eskabideak behar bezala ebaluatzeko, egoki deritzon orori laguntza eskatu ahal izango dio.
3.– Batzordeak eskabideak ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari.
4.– Azkenik, Batzordeak, aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, aurkeztutako eskabideak baloratuko ditu eta Osasuneko sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio.
13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Beka eta/edo laguntzen eskaerak bi fasetan baloratuko dira. Lehenik, hurrengo puntuan ezarritako irizpideen arabera, azken hiru deialdietan diru-laguntzarik jaso ez duten pertsonei dagozkien eskaerak, salbu eskatzen duena 2016ko deialdian diruz lagundutako prestakuntza-jarraipena bada. Ondoren, behar beste aurrekontu-kreditu egongo balitz, aurreko puntura egokitzen ez diren pertsonen eskaerak baloratuko dira. Bi kasuetako edozeinetan beharrezkoa izango da gutxienez 60 puntu lortzea diru-laguntza jaso ahal izateko.
2.– Balorazio-irizpideak:
a) Eskatzailearen curriculum vitaea: 15 puntu gehienez.
b) Eskatzen den egonaldiaren edo prestakuntza-jardueraren kalitatea: 20 puntu.
c) Egingo den prestakuntzak duen egokitasuna honako zerrenda hauetan jasotzen diren lehentasunezko arloekin: 30 puntu gehienez, (balorazioak 30, 10 edo 5 puntukoak izango dira, egokitzapena handia, ertaina edo txikia bada).
Zerbitzu sanitarioen antolamendua eta kudeaketa. Osasun Publikoa, osasunaren sustapena eta prebentzioa. Zainketa aringarriak. Kalitatea eta asistentzia-segurtasuna. Kronikotasunaren, zahartzaroaren eta menpekotasunaren estrategia.
d) Egingo den prestakuntza-planak duen egokitasuna eskatzailearen lan-jarduerarekiko (edo egin dituen ikasketekiko, eskatzailea langabezian badago eta atzerriko egonaldi bat eskatzen badu), 25 puntu gehienez eta 25, 10 eta 5 punturekin baloratuko da egokitasuna handia, ertaina edo baxua bada.
e) Euskadiko sistema sanitarioarekin lan-harreman etengabea izatea eskabidea aurkezten denetik deialdia ebazten den arte:
● Eskatzailea plantillako langile finkoa izatea, edo arlo sanitarioko profesionala izanik, bere espezialitatea –egoiliar gisa– amaitua izatea, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan: 10 puntu
● Bitarteko langilea izatea: 5 puntu.
● Behin-behineko edo ordezko langilea izatea: 2 puntu.
● Sistematik kanpoko langilea izatea: 0 puntu.
4.– 7. artikuluan ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta aurkeztutako aurrekontua –gehienez finantza daitekeena– errespetatuz, bekaren zenbatekoa zehaztuko da prestakuntza-planaren iraupenaren eta plana burutuko den tokietan dagoen bizimoduaren kostuaren eta prestakuntza-plana egiteko egin behar diren gastuen arabera.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lehiaketa-prozedura Osasuneko sailburuordeak ebatziko du, Balorazio Batzordearen proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpenak honako hauek adieraziko ditu: onuradunen zerrenda, izen-abizenak eta NANa (Nortasun Agiri Nazionala) adieraziz; emandako diru-laguntza mota (beka eta/edo laguntza ekonomikoa) eta horren zenbatekoa, bai eta baztertu diren eskabideen zerrenda eta baztertzeko arrazoia ere.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, halaxe ezarrita baitago Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari berariaz ebatzi behar duela ere agintzen diola. Era berean, EHAAn argitaratuko da administrazio publikoen prozedura administratibo erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren ondorioetarako; horren arabera, argitalpenak jakinarazpena ordeztuko du eta ondorio berdinak izango ditu.
4.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin diren argitalpenei buruzko abisuak bidali ahal izango dizkie pertsona interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
5.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere administrazio publikoen prozedura administratibo erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Onuradunek 10 egun balioduneko epea izango dute, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Bestela, onartu duela ulertuko da. Uko egiteko dokumentua, ahal bada, aplikazio telematikoaren bidez helarazi beharko da.
7.– Agindu honetan ezarritako epeak, uko egiteko eta gora jotzeko errekurtsoa ezartzekoak, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
a) Helburua betetzea, proiektua burutzea, jarduera gauzatzea edo agindu honetan araututako diru-laguntzak ematea oinarritzen duen jarrera izatea.
b) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren aurrean onuradunak egiaztatu behar du laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin eta bete beharreko helburua bete dituela ere.
c) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, gertatzen denetik hilabeteko gehieneko epean, eskabidean adierazitako datuetan gerta litekeen edozein aldaketa, bereziki sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluan ezarritako bateragarritasun araubideari eragiten diotenak.
c) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, hala badagokio, baita Kontrol Ekonomikoaren Bulegoak edo Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jarduketa guztiak ere, eta jarduketa horien ondorioz eskatzen zaion informazioa ematea.
d) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik jaso badu diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
e) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztea edo eskaera-formularioan administrazio baimenduko du ofizioz berrikusteko.
f) Behar bezala ikuskatuta edukitzea kontabilitate-liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako agiriak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatzekoa den merkataritzako legerian eta legeria sektorialean eskatzen den eran; eta eduki egin behar ditu, halaber, diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan eskatzen diren kontabilitateko egoera-orri eta berariazko erregistro guztiak, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki gauzatzen direla bermatzeko.
g) Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
h) Diruz lagundutako jardueraren izaera publikoa hedatzeko neurriak hartzea, 20. artikuluan ezarrita daudenak.
i) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.
Hiru hilabete baino gehiagoko prestakuntza-jarduerak egiteko diru-laguntza jaso duten onuradunek, gainera, prestakuntza-jarduerak nola garatu diren jasotzen duen hiruhileko txosten bat bidali beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara.
16 artikulua.– Ordainketa.
1.– Ematen diren beka eta laguntzen ordainketa zatika egingo da, honela:
Lehen ordainketa, diru-laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko hirurogeita hamabostekoa (% 75), berehala emango da, behin 14.6 eta 14.7 artikuluetan aipatzen den epea igarota.
Gainerakoa, onuradunak bidali ondoren 18. artikuluan zehazten den dokumentazioa, prestakuntza-plana amaitu eta gehienez ere 15 eguneko epean, betiere, 2019ko urtarrilaren 7a baino lehen.
17. artikulua.– Beka edo laguntzari uko egitea.
1.– Bekaz baliatzeko aldia hasita badago, onuradunak idazki justifikatua igorri beharko dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzari uko egiteko, ukoak ondorioak izaten hasi baino 10 egun lehenago. Uko-egitea Osasuneko sailburuordeak onartu beharko du berariaz eta, hala gertatuz gero, onuradunak egonaldi-gastuetarako eskubideak galduko ditu, uko-egiteak ondorioak izango dituen hiruhilekoaren lehenengo egunetik, eta lehen hiruhilekoan egin badio uko laguntzari, bai eta matrikula- eta bidaia-gastuetarako eskubideak ere.
18.– artikulua.– Beken eta laguntzen justifikazioa.
Beka eta laguntzen onuradunak diru-laguntzari emandako erabilera justifikatzera behartuta daude, eta, horretarako, honako agiri hauek bidali beharko dituzte.
a) Bekak:
● Amaierako memoria, egonaldian edo prestakuntza-jardueran egindako jardueraren deskribapen zehatz batekin.
● Galdetegi bat bete beharko da, prestakuntza-jarduerari eta zentroari buruzko gogobetetze-maila adierazteko; horrez gainera, adierazi beharko da prestakuntza zenbateraino izan den baliagarria gaitasuna eta garapen profesionala hobetzeko. Horretarako, plataforma digitalaren bidez eskuragarri jarritako inprimakia erabili beharko da.
● Zentroak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria edo titulua.
b) Laguntzak:
Beketarako aipatu diren agiriez gain, hauek guztiak bidali beharko dira:
● prestakuntza-planak sortutako gastuen zerrenda eta justifikatu beharreko gastuen faktura originalak (bidaiak, matrikulak, ostatuak eta diruz lagundutako irakaskuntza-materiala) aurkeztu beharko dira. Agiri originalak postaz bidaliko dira; gainerakoak, berriz, bide telematikoak erabiliz.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Beka edo laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok –betiere deialdiaren Aginduan ezarritako baldintzak mantentzen jarraitzen badute eta horien xedea betetzat jotzen denean– eta, aldi berean beste laguntza batzuk lortzeak, diru-laguntzaren aldaketa ekar dezake. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du aldatze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak hura ebaztekoa.
20. artikulua.– Diruz lagundutako prestakuntzaren ondorioen hedapena.
1.– Onuradunek berariaz adieraziko dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jasotako laguntza, diruz lagundutako ikasketak sorburu dituen edozein argitalpen eta hitzezko zein idatzizko jakinarazpenetan.
2.– Prestakuntza-ikasketak gauzatzeko aldia amaitzean, langile onuradunari eskatu ahal izango zaio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak antolatutako jardunaldietan, foroetan edo emaitzak jakinarazteko ekintzetan parte hartzeko, deialdi honetako gainerako langile onuradunekin batera. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, bestalde, hautatutako prestakuntza-proiektuaren informazioa eta ondorioak erabili ahal izango ditu bere hedapen eta komunikazio korporatiboko planetan.
21.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzea eragingo duten kausak izango dira ondokoak, zeintzuk ekarriko duten jasotako diru-laguntzak itzuli beharra:
a) Emakida-ebazpenaren baliorik eza, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Laguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen araubidea arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ezarritako baldintzak eta epeak betetzen ez baditu, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 eta 53.2 artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu (lege horren testu bategina Osasun sailburuordearen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), laguntza eskuratzeko eskubidea galdu egingo du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezkoak diren prozedura-izapideak egin ondoren. Nolanahi ere, horrek ez du eragotziko bidezko diren beste egintza batzuk gauzatzea. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.
Osasuneko sailburuordeak izango du eskumena ez-betetze espedientea hasi eta ebazteko, eta honako prozedura honen arabera egingo da:
a) Organo eskudunak itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jaso edo horiek egiteko epea igaro eta aurkeztu ez badira, bidezkoak izan daitezkeen zenbatekoak Euskal Autonomi Elkarteko Diruzaintza Nagusira itzuli daitezela deklaratuko duen Erabakia emango du agintedun organoak. Erabaki honen berri eman dadin egunetik hasi eta bi hilabeteko gehienezko epearen barruan egin beharko da hori. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
c) Borondatezko epearen barruan ez bada egiten itzulketa, Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio zirkunstantzia hori, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
3.– Aurreko puntuetan aurreikusita ez dagoen guztian azaroaren 17ko diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, oinarrizkoa baita. Kasu hauetan jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat itzuli beharko da gehi dagozkien atzerapen-interesak, diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikuluarekin bat, itzulketa partziala aitortzen baitu, graduazio-irizpideak txertatuz.
22. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
1.– Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Osasun Saileko Plangintza, Ebaluazio Sanitarioa eta Garapen Profesionaleko fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko, eta prozesua kudeatzeko baino ez da erabiliko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua datu pertsonalak babesteari buruzko eta jabetza publikoko datu pertsonalen fitxategiei buruzko legedian ezarritakoaren araberakoa izango da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa). Fitxategi hori indarrean dago, baita sortu zuen Agindua eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoan duen inskripzioa ere. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu edo aurkatzeko eskubideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasun sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, aplikagarria izango da oinarrizko xedapen hauetan ezarritakoa: azaroaren 17ko 38/2003 Legea; 38/2003 Legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta administrazio publikoen prozedura administratibo erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 6a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
I. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA PLANAREN DATUETARAKO INPRIMAKIA
II. ERANSKINA
EUROPAR CURRICULUM MODELOA
III. ERANSKINA
ASEBETETZE-MAILAREN GAINEKO GALDEKETA
OSASUN-ARLOKO PROFESIONALAK PRESTATZEKO BEKAK ETA LAGUNTZAREN ESKAERA