EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017123

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita paisaiaren zehaztapenen inguruko Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) Lurralde Plan Partzialaren Bigarren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2017-06-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201703296
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko otsailaren 9an, Lurralde Plangintza eta Hirigintzaren Zuzendaritzak osatu egin zuen paisaiaren zehaztapenen inguruko Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) Lurralde Plan Partzialaren Bigarren Aldaketaren (aurrerantzean Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat. Eskaerari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko martxoaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta:
– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.
– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.
– Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza. Eusko Jaurlaritza.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusia.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.
– Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa Ihobe.
– Ura-Uraren Euskal Agentzia.
– Kantauriko Ur-konfederazioa.
– Aranzadi Zientzia Elkartea.
– Gipuzkoako Ekologistak Martxan.
– Zumaiako Udala.
– Zestoako Udala.
– Zarauzko Udala.
– Orioko Udala.
– Getariako Udala.
– Errezilgo Udala.
– Beizamako Udala.
– Azpeitiko Udala.
– Azkoitiko Udala.
– Aizarnazabalgo Udala.
– Aiako Udala.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Ebazpen hau eman den egunera arte erakunde hauetatik jaso dira txostenak: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, Ondare Kulturalaren Zuzendaritza, Ondare Natural eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (guztiak Eusko Jaurlaritzakoak) eta Uraren Euskal Agentzia (guztien emaitza espedientean dago). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Planak ez du ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere. Ondorioz, Plana ez dago Euskadiko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean; izan ere, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Artikulu horretan ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaien kasuak jasotzen dira –horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua– betiere aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) Lurralde Plan Partzialaren Bigarren Aldaketarako, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa, jarraian dauden baldintzen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialean (LPP) sartzea, antolamendu-arau gisa, eremu funtzional honetako paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko zehaztapen egokiak. Gainera, paisaia-katalogoa sartu da; halaber, paisaia-kalitatearen helburuak, paisaia-unitateak eta paisaia-interes bereziko eremuak ere sartu dira, dagokien kartografiarekin.
Horrela, zehaztapen horiek Lurralde Plan Partzialaren azken izenburuan jaso dira «Paisaiaren zehaztapenak» epigrafean gomendiozko xedapen arauemaile gisa. Horiek lurralde- eta hirigintza-plangintzaren tresna egokien bidez aplikatu eta garatuko dira. Zehaztapen hauek ezarri dira eta horietatik ingurumen-ikuspuntutik aipagarrienak diren ekintza hauek etorriko dira:
– Hiri-kokapenekin loturiko zenbait garapeni buruzko zehaztapenak: garapenak paisaiaren aldetik hiri-inguruarekin eta landa-inguruarekin integratzea, mugen arabera egituratuta, benetako beharrizanen arabera mailakatuta, eta inguruko paisaiaren berezitasunen arabera diseinatuta eta eraikita. Paisaia integratzeko azterlanak egitea proposatzen da eremu zehatzen etorkizuneko garapenen plangintzan, eta hiri-inguruneen irudia birkalifikatzea eta hobetzea eremu degradatu zehatz batzuetan.
– Hiriguneetarako sarbideei buruzko zehaztapenak: hiri-inguruko, landa-inguruko eta hiri-inguruko paisaiaren arteko pasabidea ahalbidetzea, balioa duten elementuak integratzeko eta hiriko paisaian elementu interesgarri berriak sartzeko. Proposatzen da hiriguneetarako sarbide batzuen konfigurazioa sustatzea; bide-ardatz identifikatu batzuei lotuta okupazio-irizpideak eta eraikitze-tipologia ezartzen direla sustatzea, baita hiri-ibilbide zehatzen hiri- eta paisaia-integrazioa bultzatzea ere.
– Lineako zenbait azpiegiturei buruzko zehaztapenak (energiakoak, bide-sarekoak eta trenbide-sarekoak): horiek paisaian integratzea, lurraldean jarraitutasun fisikoa, soziala eta ekologikoa ahalbidetzeko eran. Jarduketa zehatzak proposatzen dira komunikazio-ardatz nagusietatik hautematen den paisaia-hobekuntzari heltzeko. Horien artean linea elektrikoen eta eolikoen inpaktua gutxitzeko neurriak proposatzen dira.
– Jarduera ekonomikoei buruzko zehaztapenak: jarduera ekonomikoaren eremuak hiri-paisaian, hiri-ingurunekoan eta landa-eremuan integratzea, lehentasunezkoak ez diren gune bisualetan jarriz eta ingurunearen paisaiaren berezitasuna kontuan hartuta diseinatuz eta eraikiz. Industrialde eta ezarpen industrial finkatuak hobetzeko jarduketak proposatzen dira eta gune industrial eta portu nabarmenenak identifikatzen dira.
– Parke eta gune publikoen sareari buruzko zehaztapenak: horiek behar bezala urbanizatzea eta mantentzea kalitatezko paisaiak antolatu eta sortzea ahalbidetu dezaten, inguruko paisaiekin hiri-kokapenak eta landa-kokapenak egituratuz eta paisaiaren balio ekologikoan, estetikoan, historikoan edo sinbolikoan dauden elementuak sartuz. Paisaian finkatutako gune libreak berreskuratzea eta horiei balioa ematea proposatzen da eta, bereziki, eremuaren barnean gune publiko aipagarriak identifikatzen dira.
– Ibai-paisaiei buruzko zehaztapenak: horiek kontserbatzea, edo, halakorik ez badago, berreskuratzea eta balioa ematea. Horrela, balio ekologikoak eta estetikoak bateragarriak izango dira eguneroko erabilerarekin, baita turismoarekin eta aisialdiarekin loturiko jarduerekin ere. Ibai-ibilguen, urtegi eta urmaelen kontserbazioa sustatzea eta ibai-ibilgu estaliak berreskuratzeko eta horiek ingurunean integratzeko bideragarritasuna baloratzea proposatzen da.
– Paisaia naturalei buruzko zehaztapenak: horiek babestea eta kontserbatzea, edo, halakorik ez badago, berreskuratzea eta balioa ematea, baliabide naturalen erabilera, ustiaketa nahiz horien sarbidea, pertzepzioa eta gozamena paisaiako balioen kontserbazioarekin bateragarri egiteko. Berez lurraldekoak diren sistema naturalak mantentzea eta berreskuratzea proposatzen da, baita horien paisaia-kalitate egokia lortzea ahalbidetzen duen kudeaketa eraginkorra egitea ere eta, zehazki, proposatzen da Pagoeta Parke Naturalaren inguruan egiten diren jarduerak deuseztatu eta prebenitzeko neurriak ezartzea.
– Itsasertzeko paisaiari buruzko zehaztapenak: horiek babestea eta kontserbatzea, paisaiaren balioak, balio ekologikoak, estetikoak nahiz historikoak kontserbatu ahal izateko, baita horiek erabiltzeko eta gozatzeko sarbidea izateko ere. Landaredia leheneratuta edo erabilerak eta jarduerak antolatuta, itsasertzeko paisaia babesteko jarduketak proposatzen dira eta zaindu eta babestu beharreko gune zehatzak identifikatzen dira.
– Landa-kokapenei buruzko zehaztapenak: garatzeko beharrizanen arabera paisaian integratuta dauden kontserbazioa eta hazkundea balio estetikoekin, historikoekin eta identitarioekin bateragarri egitea. Landaguneak identifikatzen dira paisaiarekiko duten egokitzapena bat etor dadin.
– Nekazaritza-paisaiari buruzko zehaztapenak: baliabideen ustiaketa nekazaritza eta abeltzaintzaren jarduerarekin loturiko paisaiaren kontserbazioarekin bateragarri egitea.
– Balio historiko, sinbolikoak eta identitatekoak dituzten elementuei buruzko zehaztapenak: horiek ondo kontserbatzea eta kudeatzea, edo, halakorik ezean, berreskuratzea eta balioa ematea, balio historikoak, estetikoak eta identitarioak mantentzen dituztenak, eta erabilera berriei nahiz turismoarekin loturikoak jarduerei bide emateko.
– Erauzketa-jarduerak eta hondakin-jarduerak kudeatzeko azpiegiturei buruzko zehaztapenak: horien bizitza erabilgarrian paisaian duen eragina pixkanaka-pixkanaka murriztea, paisaian integra daitezen. Hala, jatorrizko paisaia berreskuratu eta balioa emango zaio, edo, halakorik ezean, paisaia berria sortzeko bizitza erabilgarria amaitu ostean. Azpiegiturak eta harrobiak identifikatzen dira, horietan paisaia-inpaktua murrizteko jarduketak egiteko.
– Paisaia-behatoki eta ibilbideen sareari buruzko zehaztapenak: identifikatuz eta ezagutuz, paisaia berezien pertzepzioa berreskuratu eta balioa ematea. Hala, Urola Kostako paisaien ñabardura eta dibertsitateari balioa emango zaie eta gozatu ahal izango dira. Ibilgailuarekin edo oinez iristeko moduko ibilbideen sarea sustatzen duten jarduketak proposatzen dira eta nabarmenenak identifikatzen dira.
– Funts eszenikoei buruzko zehaztapenak: horiek berreskuratzea eta balioa ematea, Urola Kostako pertzepzio- eta identitate-erreferente gisa zaindu daitezen.
– Paisaia hobetzeko kudeaketa proaktiboari buruzko zehaztapenak: administrazioen arteko lankidetza bultzatuko da, baita gizarte zibilaren hedapena, prestakuntza, sentsibilizazioa eta erantzunkidetasuna ere zaintzari eta hobekuntzari dagokionez.
B) Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planaren aldaketak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak:
a) Paisaiaren zehaztapenak eremu funtzionalaren LPPn gomendio izaera duten antolamendu-arau gisa sartu dira, Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) eremu funtzionalaren paisaia-kalitatearen helburuak garatzeko helburuarekin. Ez daukate baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) LPPren aldaketak lurralde- eta sektore-planetan izan ditzakeen intzidentziak aztertu ondoren, hierarkizatuta daudenak barne, horiekin bateragarria dela zehaztu da.
c) LPPren aldaketan planteatutako zehaztapenek eremu funtzionaleko paisaia naturalak kontserbatzea eta hobetzea proposatzen dute, baita irizpideak ezartzea ere dauden edo proposatu diren garapen, jarduera eta azpiegiturak pasaian era egokian integra daitezen; beraz, neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile egokiekin, ingurumen-kontsiderazioak integratzen dira paisaia integra dadin. Lurralde- eta hirigintza-planeamenduan paisaiaren aldagaia sartuta ingurumenaren kalitatea hobetuko da eta garapen jasangarria sustatuko da.
d) Ez da aurkitu planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsurik.
e) LPPren aldaketak paisaia integratzeko tresna bat diren paisaia-zehaztapenak garatzen ditu; horrela, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuan xedatutakoa. Europako Kontseiluak 2000ko urrian onartu zuen Paisaiaren Europako Hitzarmenarekin Eusko Jaurlaritzak bat egin zuelako onartu zen Dekretu hori; beraz, Plana bidezkotzat jotzen da ingurumenaren alorrean Erkidegoko legedia edo legedi nazionala ezartzeko.
2) Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak:
Planteatutako zehaztapenek irizpideak ezartzen dituzte eremu funtzionalean dauden edo proposatu diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak era egokian integratzeko paisaian eta eremu funtzionaleko paisaia naturalak kontserbatu eta hobetzeko.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten proposatutako aldaketak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak garapen-dokumentuetan txertatzeko neurriak proposatzen ditu. Hala, horiek saihestu egiten dute proposatutako jarduketak gauzatzean ingurumen-balioei edozein afekzio sortu ahal izatea. Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:
– Dibertsitate biologikoaren areagotzea edo, edozein kasutan, kontserbazioa sustatzen dela lehenetsiko da, habitaten eta espezieen funtzionamendua babestuta eta leheneratuta. Ezarri behar den edozein neurrik (besteak beste, antenak trinkotzeko proposamena, ibilbideen edo behatokien sustapena), gutxienez, ingurumen-egoera mantentzen dela bermatu beharko du.
– Landaredia kontserbatzen dela zaindu beharko da, bereziki bertako basoak, heskaiak eta ibaiertzetako landaredia. Hala behar izanez gero, mantendu eta kontserbatzeko interesgarria den landaredia duten eremuak mugatu eta balizatu beharko dira, gune ahulak markatu beharko dira, kontserbatu beharreko zuhaitzak babestu, etab. jarduketen ezarpena dela eta horiei ez eragiteko eran.
– Lur azpiko nahiz azaleko ur kontinentaletan, ur azpietan, ibilguetan, ur-bazter edo -ertzetan, tarteko uretan eta itsasertzeko uretan eragina duten edo izan dezaketen jarduketetan, lehentasuna eman behar zaio ura eta haren ingurunea babestu, begiratu eta leheneratzeari. Zehazki, Errota (Altuna baserria) birgaitzeko proposamenerako 2015eko azaroaren 16an Uraren Euskal Agentziako zuzendariak emandako ebazpenean ezartzen ziren emari ekologikoak mantendu beharko dira eta oztopoa iragazkortu beharko da arrain-eskailera bat eraikita.
– Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea.
– Proposamenen garapenak behar diren neurriak ezarriko ditu lurraldeko konektibitate ekologikoa mantentzen dela ziurtatzeko. Lurraldearen iragazkortasuna sustatzen duten neurriak aztertu beharko dira: zeharkako eta luzetarako drainatze-obrak egokitzea (bideen beheko pasabidea esaterako faunarentzako pasabideak, arrapalak, erlaitzak edo plataforma paraleloak...); era berean, ahal dela, bertako zuhaitz eta zuhaixkak era linealean taldekatuta ezarriko dira inguruan dagoen landaredi naturalarekin konektatzen saiatuz.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten ondorio nabarmenik izango denik, paisaiaren zehaztapenei dagokienez, Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren Bigarren aldaketaren ingurumenean.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.