EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017123

AGINDUA, 2017ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201703295
Maila: Agindua
Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkartegintza sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeetan egin ahal izateko bideratzen direnak.
Laguntza-programa Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta ekintza-lerroen ondorio da; Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko agenteen arteko harreman eraginkorrerako funtsezko direla erakutsi baitute. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa kontuan izaten badugu; gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki larregi dagoela.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkartegintza bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautu beharra dago.
Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan errepideko garraioaren arloan elkarte profesional eta enpresarialentzat laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea da, elkarte horiek, garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzaketela uste baita.
Aurrekontu kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluari jarraituz. Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta onuradunak.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei, horien federazio eta konfederazioei, eta kooperatiben federazio eta konfederazioei 2017an laguntzak emateko deialdia egitea.
2.– Agindu honetan jasotako ondorioetarako, garraioko enpresa edo-eta profesionalek osatzen dituzten eta helburu gisa garraio arloaren interesak ordezkatu eta defendatzea duten elkarteak hartuko dira errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialentzat.
3.– Agindu honetan ezarritako laguntzak emateko, hirurogei mila (60.000,00) euroko diru-zenbatekoa baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.
Adierazitako zenbateko globala gehitu ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi baino lehen, aurrekontua loturaren arabera kontuan izanik eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa; eta horretarako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko beste programa batzuk exekutatzetik ondorioztatzen aurrekontu-baliabideak edo aurrekontu aldaketak onartzearen ondoriozko baliabideak erabili ahal izango dira. Zirkunstantzia hori jazoz gero, Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpen bidez hura publiko egingo da.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko, aurreko artikuluan adierazitako elkarteek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.
b) Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Errepideko garraioaren arloko interes sozio-ekonomikoen defentsa eta ordezkaritzarekin lotuta egotea elkartearen helburua.
d) Irabazteko xederik ez izatea.
e) Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 eta 14. artikuluetan xedaturikoa betetzea.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako erakundeetan sarturik dauden elkarteek ere eska ditzakete laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.
3. artikulua.– Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.
1.– 2017. urtean, eta gehienez ere % 50eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira:
a) Garraio-lanean jarduteko baldintzak, eta garraio arloko baldintza sozio-ekonomikoak sustatu eta hobetzeko diren azterlan edo prestakuntza-jarduerak egiteko direnak.
b) Bazkideak nazioartera ateratzea bultzatzeko direnak eta garraioei buruzko azoka eta erakustaldietan, erkidego, estatu nahiz atzerrikoetan parte hartzeko eta antolatzeko direnak.
c) Elkartearen jarduerak eta garraioarekin zerikusia duten albisteak sustatu eta hedatzeko elementuetarako direnak.
d) Honako gastu orokor hauek:
– Langile-gastuak, kaleratze eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik.
– Garraio publikoan egindako bidaia-gastuak.
– Errentamenduak eta kanonak.
– Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.
– Aseguruak.
– Komunikazioak.
– Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.
– Hornidurak.
– Beste entitate batzuetako kide izateagatiko kuotak.
2.– Pertsona bakar batek ezin izango du sekula 30.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.
3.– Edonola ere, eta laguntza kalkulatzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko ez diren gastuak.
4.– Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunek diru-laguntzen ekintza guztiak egitea azpikontratatu ahal izango dute, aipaturiko 38/2003 Legeko 29. artikuluan seinalatutako mugekin.
4. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa.
Agindu honetan araututako laguntzak banaketa proportzionalaren sistemari jarraituz banatuko dira; hau da, 6. artikuluan adierazten diren irizpideen arabera egindako balorazioaren proportzioan banatuko da dirua, betiere gehienez ere zenbat eman daitekeen edo, eskatutakoa gutxiago bada, zenbat eskatu den kontuan hartuta.
5. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Eskabideak aztertzeko balorazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Marisa Madinabeitia Rivares, David Alonso Alonso eta Rafael Fernández Pérez osatuko dute. Batzordearen lana izango da, batetik, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta Garraio Plangintzaren zuzendariari aurkezteko ebazpen-proposamena prestatzea. Proposamen horretan, laguntzarik eman behar bada, onuradun bakoitzari zenbat dagokion adierazi beharko da, eta emandako diru-laguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere jaso ahal izango da. Balorazio-batzordea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera osatuko da.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak.
Laguntzaren zenbatekoa zehazteko -betiere hirugarren artikuluan ezarritako mugaren barruan- irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Elkarte eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).
b) Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoan eta arlo jakin horretan zenbateraino errotu den; horretarako kontuan hartuko dira, besteak beste, zenbat bazkide daukaten -batez ere emakumeak zenbat diren- eta guztien artean zenbat ibilgailu duten, elkartutako enpresak zenbat diren, zenbat lokal duten, edo lanean zenbat jende duten, etab. (puntuazio osoaren % 25, gehienez).
c) Elkarteak sustatu edota garatzen dituen jardueren garrantzia; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, zenbat ikastaro, azterlan eta jardunaldi sustatu edo garatu duen, zenbat azoka eta lehiaketetan parte hartu duen, zenbat argitalpen eta ekintza sustatu duen, Elkartekideei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, eta abar. Kontuan izango dira, era berean, garraio-sektorerako berdintasun-plan edo -programak, emakume eta gizonen arteko berdintasunerako erakunde laguntzaile gisa aitortuta egotea eta emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna sustatu eta bermatzeko neurriak, eta, ibilgailuei dagokienez, ekonomikoki eta ingurumen aldetik kudeaketa jasangarria lortze aldera, jasangarritasun-auditoriak ezartzeko egindako zerbitzu-eskaintza (gehienez ere, puntuazio osoaren % 25).
d) Emakumeen ehuneko zuzendaritza-organoetan (puntuazio osoaren % 15, gehienez).
e) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Euskadin garraio arloa modernizatu eta hobetzeko bultzatu dituen jarduera eta ekimenetan elkarte eskatzaileak zenbateraino jardun duen sailarekin elkarlanean; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, bileretara, jardunaldietara, foroetara joan izana eta parte hartu izana, azterlanak, etab. (puntuazio osoaren % 10, gehienez).
7. artikulua.– Laguntzen izapidetzea.
1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan arautzen da.
2.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.
Baliabide elektronikoak ere erabili behar izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 7. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskabidea erakundearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta honako agiri hauek batera aurkeztu beharko da:
a) Erakundeak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, hirugarren puntuan aurreikusitakoari jarraituz lagundu daitezkeen gastuak azalduko dituena. Memoria horretan, ondoko zertzelada hauek guztiak jasoko dira: jarduerak burutzeko datak, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), elkartekideen edo bazkideen kopuru eta zerrenda, ekitaldirako sarrera eta gastuen aurrekontua, helburu bererako lortutako diru-laguntzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren jarduerekin izandako lankidetza, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen gainerako kontu guztiak, II. eta III. eranskinetan datozen ereduen arabera.
b) Eraketa-aktaren kopia eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuen kopia.
c) Erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunderen batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badago.
d) Zerga-identifikazioko txartelaren fotokopia.
e) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko erakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
f) Aukerakoa, eta diru-laguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoaz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez, baina beti laguntzak ordaindu baino lehen.
4.– Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.
5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
7.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, diru-laguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
8.– Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:
a) Helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela eta, jaso bada, administrazio edo ente publikoek nahiz pribatuek eman, horren berri ematea.
b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, diru-laguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatua geratuko da.
c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
10. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.
1.– Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legeko 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.
3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da diru-laguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta diru-laguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hau garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
11. artikulua.– Ordainketa.
Dirua dena batera ordainduko da, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastuak egin eta agiri bidez justifikatutakoan, fakturak nahiz diruz laguntzekoak diren gastuen egiaztagiriak aurkeztuz, eta edonola ere, 2017ko azaroaren 30 baino lehen.
12. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk ematen duen beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, agindu honen bidez lagun daitezkeen gastuak estaltzeko bada.
2.– Hala ere, laguntza horiek jasotzen badira, Sailak diru-laguntzarako kontuan hartutako gastuen eta beste erakunde batzuek emandako laguntzen arteko aldeari aplikatuko zaio agindu honen 3. artikuluan adierazitako gehieneko ehunekoa.
13. artikulua.– Jarduerak burutzea.
Laguntza-programan aurreikusitako jarduerak 2017ko azaroaren 30a baino lehen gauzatu beharko dira.
14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.– Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:
a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
f) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematekoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.
g) Diru-laguntzen publizitatearen inguruan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. Artikuluan ezarritakoa bete.
2.– 2018ko martxoaren 31 baino lehen egindako lanak eta aurrekontutik zenbat gastatu den azaltzen duen txostena, xehetasun guztiekin, bidali beharko dute Garraio Plangintzaren Zuzendaritzara erakunde onuradunek.
3.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
15. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
16. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
Halaber, itzultze-arrazoien inguruan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikagarria izango da; kasu honetan jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 28a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
ESKABIDE EREDUA ELKARTEGINTZA BULTZATZEKO LAGUNTZAK
II. ERANSKINA
GASTU MOTAK
III. ERANSKINA
AZALPEN MEMORIA