EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017123

AGINDUA, 2017ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez laguntza-programa bat ezartzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak bultzatzeko.

Xedapenaren data: 2017-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201703293
Maila: Agindua
Honako hauen bidez, zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa eman nahi da: Euskal Autonomia Erkidegoan salgaien eta bidaiarien garraio publikorako diren ibilgailuetan teknologia berriak ezartzea, ibilgailu-floten lokalizazio eta kudeaketako sistemak, kudeaketa- eta kontrol-zentro batekin lotuta, eta segurtasun-elementuak, eta eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak jartzeko sistemak; hori, alde batetik, positiboa da garraiolariarentzat, puntako teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako; eta bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa jasoko duelako.
Teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, posible da kalitate eta segurtasun maila handitzea, merkatuan kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologia eskuratu baitaiteke, ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasuna eraginkorragoa egiteko aukera ematen dutenak.
Laguntza-programa Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta ekintza-lerroen ondorio da, garraioaren modernizazioa bultzatzen baitu; eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoan autobusetan egiten den bidaiarien garraio publikoa eta salgaien garraio publikoa, erabiltzaileei eskaintzen zaien kalitatea areagotuz, modernizatzeko helburuaren barruan sartzen da. Era berean, sektoreko kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, zerbitzua ematerakoan gardenagoa izateko.
Horiek horrela, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari iruditzen zaio laguntza-programa bat ezarri behar dela, teknologia berri horiek ezartzea garraiolarientzat hain garesti gerta ez dadin.
Aurrekontu kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz. Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (EEAO L 352/1 2013-12-24) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2017an zehar eta, edozein kasutan, 2017ko azaroaren 30a baino lehen egin beharreko ekintza hauetarako laguntzak nola eman arautzea:
a) Ibilgailu-floten lokalizaziorako eta kudeaketarako (GPS edo antzekoak) sistemak jartzeko, kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuta, dela ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraio publikorako, dela gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraiorako. Ez da emango diru-laguntzarik ibilgailu-floten kudeaketa- eta kontrol-zentro batean sartuta ez daudenen lokalizaziorako elementu bakarrak erosteko.
b) Salgaien garraio publikoko ibilgailu astunetan eta, gidaria barne dela, bidaiarientzat bederatzi jarleku baino gehiago dituztenetan, gidatze efiziente eta seguruari laguntzen dioten sistemak jartzeko, hala nola, artaziarena ez egiteko sistemak, istripuak erregistratzekoak edo antzeko sistemak.
c) Eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko linea erregular erabilpen berezikoetan aritzen diren ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak erosi eta jartzeko.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko berrogeita hamar mila (50.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
Adierazitako zenbateko globala gehitu ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi baino lehen, aurrekontua loturaren arabera kontuan izanik eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa; eta horretarako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko beste programa batzuk exekutatzetik ondorioztatzen aurrekontu-baliabideak edo aurrekontu aldaketak onartzearen ondoriozko baliabideak erabili ahal izango dira. Zirkunstantzia hori jazoz gero, Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpen bidez hura publiko egingo da.
3.– Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunek diru-laguntzen ekintza guztiak egitea azpikontratatu ahal izango dute, aipaturiko 38/2003 Legeko 29. artikuluan seinalatutako mugekin.
2. artikulua.– Onuradunak.
Diru-laguntza jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Salgaien eta bidaiarien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.
c) Aginduaren 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasurako, pertsona fisikoek, sozietateek eta elkarlaneko kooperatibek bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko edo gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko. Merkaturatze-sozietateek edo garraiolari-kooperatibek, beren bazkideek edo kooperatibistek aipatutakoaren moduko hiru baimen gutxienez izan beharko dituzte.
d) Aginduaren 1.1.b) artikuluan aurreikusitako kasurako, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo bidaiarienean, gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuekin, jarduteko gutxienez baimen bat izan beharko dute.
e) Aginduaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasurako, eskola-umeen edo adin txikikoen erabilpen bereziko garraio publiko erregularrean jarduteko gutxienez baimen bat izatea, eskola-umeen eta adin txikikoen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako eran.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.
g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 eta 14. Artikuluetan xedaturikoa bete.
3. artikulua.– Laguntzen izapidetzea.
1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan arautzen da.
2.– Pertsona fisikoek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak. Pertsona juridikoek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus
Pertsona fisikoentzat, eskabidea egiteko eta agiriak aurkezteko bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi, prozeduraren hurrengo izapideetan horiek erabili behar direnik; aitzitik, edozein momentutan aldatu ahal izango da horien erabilera.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendaritzari zuzendu ahal izango zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); eta bertatik bertara, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuetan aurkeztu ahal izango dira; edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu ahal izango dira; betiere, normalizatutako arauzko orrian eta behar bezala beteta. Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.
Pertsona juridikoen kasuan, deialdi honetako eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bakarrik egin behar izango dira baliabide elektronikoen bidez.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
3.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, agindu honen eranskinean ageri den inprimakia ez ezik, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
a) Eskatzailearen nortasun-agiri nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.
b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
c) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.
d) Proiektuaren azalpen-memoria.
e) Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.
f) Aukerakoa, eta diru-laguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoaz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez, baina beti laguntzak ordaindu baino lehen.
g) Behar izanez gero, ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
6.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, diru-laguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:
a) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, diru-laguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatua geratuko da.
c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
5. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
6. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.
7. artikulua.– Zenbatekoa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira:
a) Agindu honen 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, kostu orokorraren % 25, eta kopuru hori % 30era iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu. Nolanahi ere, diru-laguntza gehienez ere 5.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko.
b) Agindu honen 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, kostu orokorraren % 25, eta kopuru hori % 30era iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu. Nolanahi ere, diru-laguntza gehienez ere 5.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko.
c) Agindu honen 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, hamabost (15,00) euro, ekipaturiko jarleku bakoitzeko, eta kopuru hori hogei (20,00) eurora iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu.
2.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.
8. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso minimis laguntzetan.
Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.
9. artikulua.– Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.– Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legeko 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.
3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da diru-laguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta diru-laguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hau garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
10. artikulua.– Ordainketa.
Diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gasturen bat faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da dirua, dena batera. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2017ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.
11. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.– Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
f) Diru-laguntzen publizitatearen inguruan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoa betetzea.
2.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
12. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
13. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondoreetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
Halaber, itzultze-arrazoien inguruan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikagarria izango da; kasu honetan jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 28a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.