EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017122

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 12koa Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko presazko deialdia irekitzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-06-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201703278
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kulturaeskaintza sustatuz eta hedatuz».
Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.
Deialdi honek presako eta aparteko izaera izango du, unibertsitateen administrazio egutegiak hala behartuta eta datorren ikasturtean Berlin Freie Unibertsitateko irakurletza abian izan dadin. Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuari egoki iruditu zaio Berlingo Freie Universität Unibertsitatean (Alemania) Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren presazko deialdia egitea.
Hori dela eta,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzea da, Berlingo Freie unibertsitatean 2017-2018 ikasturtean aritzeko, luzatzeko aukerarekin.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan ikasturte bakoitzera bideratutako guztizkoa hogeita sei mila eta ehun (26.100) eurokoa izango da.
Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletza mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.
3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere. Gainera, Ingeleseko B2 maila eta Alemaneko B1 maila egiaztatua izatea eskatuko da.
4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak tokian tokiko unibertsitatearen eta aurreikusitako zenbatekoaren arabera.
Baldintzak:
Klase orduak: jarduna astero 19,25 ordukoa izango da, eta kontratuaren iraupena 24 hilabetekoa, gehienez ere.
Euskara eta euskal kulturako 4 irakasgai emango dira seihileko, astean 2 orduz bakoitza.
Zenbatekoa: bideratutako zenbatekoa 26.100 euro ikasturteko irakurletzarako.
Gehienez ere bi urterako kontratua egingo zaio, bertako legeak dioenari jarraikiz. Lanaldia partziala izango da.
5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak tokian tokiko unibertsitatean.
Hautatuak deialdi honen helburu den tokian tokiko unibertsitateari atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.
Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.
Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.
6. artikulua.– Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du:
– Onartze-agiria sinatzea.
– Emandako ordutegia betetzea.
– Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.
– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.
– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.
– 2017ko urriaren 1a baino lehenago Unibertsitatera bertaratzea, eta bertan zerbitzua ematea ikasturtearen amaierara arte, hala dagokionean luzatzeko aukerarekin.
– Ikasturte bakoitza amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamentuaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena behar bezala doan ebaluatzeko.
– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.
– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.
– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.
7. artikulua.– Irakurletzari dagozkion zenbatekoak ordaintzea.
Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio Berlingo Freie Universität Unibertsitateari irakurletza mantentzetik eratorritako gastuen finantziaziorako zenbatekoen ordainketak.
Berlingo Freie Unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
2.– Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZrena).
– II. eranskina, behar bezala beteta.
– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere hiru orrialdekoa izango da (Arial 12 hizkia, lerro artean tarte bikoitza utziz).
Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa, lan eskarmentua...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.
Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.
3.– Organo eskudunak, administrazio-prozedura honen alderdi gisa eskatzaileari dagokion datu edo agiria (NAN) bere kabuz eskuratuko du. Eskatzaileak honen aurka dagoela adierazi nahi badu, berariaz adierazi beharko du. Kontrakotasuna adieraziz, gero, prozeduran eskatutako agiria ekarri behar du. Atzerritarrek ere dagokien agiria aurkeztu beharko dute.
4.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
6.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurletzetako presazko beharrei erantzuteko sortuko diren lan-poltsak kudeatzera mugatuko da, baldin eta hautagaiak lekuan lekuko unibertsitateko irakurletzarako baldintzak betetzen baditu. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenekin bat etorriko da.
9. artikulua.– Hautapen-batzordea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, kide anitzeko organo bat eratuko da: hautapen-batzordea. Batzorde horren osaeran, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Sektore publikoaren araubide juridikoaren 40/2015 urriaren 1eko Legeak kide anitzeko organoei buruz esandakoa kontuan hartuko da.
Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.
10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.
Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:
1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:
Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.
Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.
Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.
Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.
2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.
Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.
Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: 2 puntu ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: puntu 1 ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.
3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera:
A2 = 0.25 puntu
B1 = 0.50 puntu
B2 = 0.75 puntu
C1 = puntu 1
C2 = 1.5 puntu
4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 2,5 puntu.
Bestelako doktoregoa: puntu 1.
Euskararen arloko masterra: 2 puntu.
Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.
Bestelako masterra: 0.5 puntu.
Atzerriko Unibertsitateetan Euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.
IGI-CAP: 0.5 puntu.
Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.
Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0.25 puntu.
5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.
Proiektu pedagogikoa egokia izan beharko da, tokian tokiko unibertsitatea eta hartzaileak kontuan izan beharko ditu. Proiektu pedagogikoaren zehaztasuna eta Bibliografiaren kalitatea ere kontuan hartuko dira.
6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua.
11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun naturaleko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko dizkio unibertsitateari. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio, Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.
Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitateetako ordezkariek eskubidea izango dute aukeratuak elkarrizketa batera deitzeko.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:
Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.
Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.
Deialdi hau argitaratu ondoren, Berlingo Freie unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dela delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.
12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Berlingo Unibertsitateari proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitatea izango da azken erabakia hartzen duena.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.
13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.
Hautatuak medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzakeela egiaztatzen duena. Gainera, Berlin Freie unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko du, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.
14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.
Hautatuak ikasturtea amaitu baino lehenago bere lanpostuari uko egiten badio, ezingo du berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan bere ukoa oinarritu ezean.
Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren. Etxepare Euskal Institutuak lan-poltsara joko du irakurlearen ukoak sortutako irakaskuntza beharrei erantzuteko. Lan-poltsa hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatutako zerrenda izango da eta Hautapen Batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituz.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2017ko ekainaren 12a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.