EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017121

AGINDUA, 2017ko ekainaren 6koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Mundubira 500: Elkano Fundazioa» eratu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-06-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201703246
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu egin da «Mundubira 500: Elkano Fundazioa» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko apirilaren 18an, «Mundubira 500: Elkano Fundazioa» fundazioaren sorrera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen, elektronikoki izapidetuta; fundazio horren sorreran, parte hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Getariako Udalak eta Kosta Urola Kostako Udal Elkarteak. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2017ko maiatzaren 22an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera: besteak beste, Gipuzkoako Getariako herriko marinel Juan Sebastian Elkanok munduari eginiko lehen biraren V. urteurrena sustatzea, eta nabarmentzea zeinen garrantzitsua den itsasoa gure gizartearen eta ekonomiaren garapenean.
Laugarrena.– Estatutuetako 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza hemen egongo da: Turismo Bulegoa, Aldamar Parkea 2, Getaria, Gipuzkoa; eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak.
Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 100.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluan. Horretaz gain, eskritura publikoari karta fundazionalaren izaera ematen zaio 5 urterako.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatu, administratu eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren karguak, hala baitago xedatuta fundazioaren estatutuetan.
Zazpigarrena.– Hasierako patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira lau urtez:
– Lehendakaria: Nikanor Lertxundi Ibarguren.
– Lehendakariordea: Markel Olano Arrese.
– Diruzaina: Igor Iturain Ibarguren.
– Idazkaria: Denis Itxaso González.
– Patronatukidea: Javier Zarraonandia Zuloaga.
– Patronatukidea: María-Aránzazu Tapia Otaegui.
– Patronatukidea: Aitor Urresti Martínez.
– Patronatukidea: Florencio Iribar Azpeitia.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 9. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –3. sekzioan, F-419 erregistro-zenbakiarekin eta data honekin–: «Mundubira 500: Elkano Fundazioa» fundazioaren sorrera, Getaria (Gipuzkoa), baita patronatuaren hasierako osaera ere, kideok zazpigarren aurrekarian daude, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2017ko apirilaren 12an Félix-María González de Echavarri Ara notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat (protokolo-zenbakia: 441).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 6a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.