EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017120

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, eraikinen hobekuntza energetikoa eta babes akustikoa errazteko.

Xedapenaren data: 2017-06-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201703210
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko otsailaren 17an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabidea bete zuen, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abiarazteko, eraikinen hobekuntza energetikoa eta babes akustikoa errazteko helburuarekin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko martxoaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: orduko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza –gaur egun Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza–, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, horiek guztiak Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak; Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa, Uraren Euskal Agentzia eta Ekologistak Martxan elkartea. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egingo zaie 6.2 artikuluan ezarritako kasuetan jasota dauden plan eta programei. Prozedura hori lege horren 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, eta, legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, hauek zehaztu beharko dira: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programaren gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.
Ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko epea amaitu ondoren eta espedienteko dokumentazioa aztertu ostean, egiaztatu da ingurumen-erakundeak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
Aztertu dira Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean jasota dauden agiri teknikoak eta txostenak, eraikinen hobekuntza energetikoa eta babes akustikoa errazteko helburuarekin. Horrenbestez, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen inpaktu adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Eraikinen hobekuntza energetikoa eta babes akustikoa errazteko helburuarekin, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako hauen arabera:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan honen helburua araudia egokitzea da, eraikinen kontsumo energetikoa eta berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko ekintzak bete ahal izateko. Klima Aldaketaren Aurkako Vitoria-Gasteizko 2010-2020 Planean ezarri dira ekintza horiek.
Aldaketaren helburua da HAPOaren hirigintza-araudian zenbait arauketa sartzea, honako hauek errazteko baldintzak sortzeko:
1) Birgaitze-obretan soluzio pasiboak hartzea, dauden eraikinen energia-eskaria murrizteko eta babes akustikoa handitzeko, eta, ondorioz, eraikinen bizigarritasun-, kalitate- eta jasangarritasun-baldintzak hobetzeko. Helburu hori lortzeko, hau proposatzen da: inguratzailea kanpotik isolatu ahal izatea eta hegalak eta irtenguneak ixtea. Horretarako, eraikigarritasun- eta okupazio-baldintzak eta horien zenbaketa aldatu behar dira.
2) «Auzo-berokuntzen» azpiegiturak ezarri ahal izatea. Izan ere, eraikineko ohiko banakako sistemen edo sistema zentralizatuen aurrean, efizienteagoak dira uraren aprobetxamenduan, eraikinen energia-kontsumoa murrizten dute, eta inpaktu atmosferiko txikiagoa daukate; horrela, berotegi-efektuko gas-isuri gutxiago sortzen dute. Helburu hori lortzeko, aldatu egin beharko da azpiegitura-erabileraren eta beste erabilera batzuen arteko bateragarritasuna.
Bi helburu horiek lortzeko, proposatutako aldaketak nabarmentzen du lau gai arautu behar direla:
a) Isolamendu termikoa instalatzea eraikinen kanpoaldetik.
b) Fatxadak aldatzea, hegalkinen portaera hobetzeko helburuarekin.
c) Eraikuntza lagungarrien bidez partzelak okupatzea, klimatizazio-sistema efizienteagoak instalatzeko.
d) Klimatizazio-sistemak banatzeko sareekin espazio publikoak zeharkatu ahal izatea.
B.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak.
Planaren ezaugarriak aztertu eta gero, ez da aurreikusten plan hori ezartzearen ondorioz ingurumenaren gaineko efektu kaltegarririk sortuko denik. Planteatutako proposamenen azken helburua da dauden eraikinen ingurumen- eta energia-portaera hobetzea, eta, horri esker, murriztu egingo da eraikin horien ingurumen-inpaktua. Aldaketari esker, araudiak erraztu egingo du eraikinak birgaitzeko eta zerbitzu-azpiegitura komunak ezartzeko proiektuak garatu ahal izatea. Proiektu horien xedea da ingurumen-kontsiderazioak integratzea, zehazki, garapen jasangarria sustatzeko.
Horrela, aldaketak planteatzen dituen proposamenak ezarriz, beste arau eta plan estrategiko batzuetan jasota dauden helburuak lor daitezke, eta ingurumenaren arloan Europako erkidegoko edo estatuko legedia ezartzeko egokitzat jotzen da.
2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Araudia maila generikoan egokitzea proposatzen du aldaketak, berariazko lurralde-bereizketarik egin gabe. Parametro teknikoei eragiten die, eta, horregatik, batez ere kontzeptuzko aldaketa da, eta ez horrenbeste lurraldekoa. Udal-mugarte osoko bizitegi-lurzoruan ezarritako zehaztapenen egokitzapena da, eta, horrenbestez, horren jardun-eremua ez da azalera zehatz bat.
Planteatutako aldaketaren eskala aintzat hartuta, ez da aurreikusten ingurumen-efektu kaltegarri nabarmenik. Aurreikusten denez, airearen kalitatea hobetu egingo da (zaila da kuantifikatzea zenbat hobetuko den; erabilitako erregai-motaren eta kutsatzaileak banatu eta hedatzeko modelo ezberdinen arabera), eta eraikinen barruko zarata murriztu egingo da.
Aldaketa garatzean aztertu beharko dira jarduketak ezartzearen ondorioz sor daitezkeen berariazko inpaktuak. Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren iritziz, une horretan hartu beharko dira kontuan kultura-ondarea babesteko irizpideak eta lege-preskripzioak, eta, aldaketak ahalbidetzen dituen jarduketekin gatazkaren bat egonez gero, berariazko soluzioak bilatu beharko dira kultura-ondarea babesten dela bermatzeko.
Aldaketa garatzean, kontuan hartu beharko dira proposatutako jarduketak burutzean sor daitezkeen paisaia-inpaktua eta inpaktu akustikoa. Alde batetik, baloratu egin beharko da proiektuetan paisaia-integrazioko azterlana jasotzeko aukera, zeina deskribatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan. Eta, beste alde batetik, ziurtatu beharko da betetzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzekin bat etorriz, ez dela aurreikusten ingurumenaren gaineko efektu nabarmenik aldaketa honi dagokionez: Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, eraikinen hobekuntza energetikoa eta babes akustikoa errazteko helburuarekin.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.