EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017120

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 1koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpegitura Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkariarena, linea elektriko bat onura publikokoa dela deklaratzeko dena eta ingurumen-impaktuaren adierazpen erraztua egiten duena. Helburua da zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzea, honako inguru honetan: Gatika TA-Mungia TA-Euba TA 1 eta 2, 132 kV-ko linea elektrikoa, Gatikako, Mungiako, Meñakako, Fruizko, Arrietako, Errigoitiko, Morgako, Muxikako eta Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean.

Xedapenaren data: 2017-06-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201703207
Maila: Ebazpena
Erreferentzia: L-1739 GHI/TLE.
Espedientea: 48-AT-I-2016-00004.
AURREKARIAK
1.– 2016ko maiatzaren 6ean, Iberdrola Distribución Electrica SAU enpresak eskatu zuen gorago zehaztutako linea onura publikoko deklaratzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena, linea horren zortasuna handitzearen eraginpeko ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko; izan ere, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaldu nahi du. Horretarako, eskariaren batera, batetik, proiektu teknikoa aurkeztu zuen, industriako ingeniari Ivan Martin Cavia jaunak sinatua 2016ko apirilaren 20ko eskumen-adierazpenaren arabera, eta, bestetik, ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa.
2.– Jendaurrean ikusgai jarri dira delako proiektua eta aipatutako eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua (2002ko abenduaren 23ko EHAA), energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua (2013ko abenduaren 27ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE) eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE); Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua (2008ko urtarrilaren 26ko BOE), eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea (1998ko martxoaren 27ko EHAA).
3.– 2016ko uztailaren 6an, ofizioak bidali zitzaizkien Gatika, Mungia, Meñaka, Fruiz, Arrieta, Errigoiti, Morga, Muxika eta Amorebieta-Etxanoko Udalei, aipatutako jarduketaren iragarkia udaletxeko iragarki-oholean jar zezaten; halaber, eskatu zitzaien txostena egiteko, instalazioa onura publikoko deklaratzea egokia zen ala ez azaltzeko.
4.– Jendaurrean jartzeko epean ez da partikularren alegaziorik edo kexarik jaso.
5.– 2017ko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eman zuen, eta, txosten horrek dioenez, proiektuari ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio erraztua egin behar zaio soilik eta organo eskudunak izango du proiektuaren administrazio-baimena emateko ardura.
OINARRI JURIDIKOAK
1.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: 24/2013, azaroaren 26koa, Legea Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzarena, eta bat datorren gainerako legedia.
2.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
3.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006ko abenduaren 26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.
EBAZTEN DU:
Berariaz deklaratzea onura publikokoa dela Gatika TA-Mungia TA-Euba TA 1 eta 2 zirkuituetan, 132 kV-ko linea elektrikoaren inguruko eremua, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko, honako zati honetan:
Gatika TA-Mungia TA-Euba TA 1 eta 2 zirkuituetan, hurrengo tarteetan banatuta:
Gatika TA-Mungia TA tartea: 5 km eta 763 metroko luzera.
Mungia TA-Euba TA zatitan: 22 km eta 506 metroko luzera.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazio honek berekin dakar eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta haien okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Ebazpen hau bi dekretu hauen arabera eman da: 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, eta 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa; eta baldintza orokor hauetan:
Onartutako proiektuaren eta aurkeztutako agirien arabera egin behar dira obrak (dagoeneko aipatu ditugu agiriok), eta ingurumen-zaintzaren programaren emaitzak sustatzailearen espedientean artxibatu behar dira, gutxienez bi urtez, programa abian jartzen den egunetik hasita.
Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hara.
Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio instalazioen titularrak sail honek Bizkaian duen Lurralde Ordezkaritzari, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.
Ebazpen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da, eta jabetza eskubidea salbu utziz.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
Bilbao, 2017ko ekainaren 1a.
Lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.