EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017118

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Elkarrekin Ibiliz Fundazioa» eratu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-05-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201703135
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Elkarrekin Ibiliz Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko otsailaren 24an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskari bat sartu zen, Elkarrekin Ibiliz Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Iñigo Díaz de Cerio Conejero jaunak sortu zuen fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– 2017ko martxoaren 8ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak eskatu zion fundazioari zuzen zitzala bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak, eta 2017ko maiatzaren 22an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazioa.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2017ko maiatzaren 22an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz, eta babeslaritza horrek hori bera berretsi du.
Laugarrena.– Fundazioaren helburua da, estatutuen 3. artikuluan ezartzen denez, laguntza eta orientazioa eskaintzea goi mailako eta goi errendimenduko kirolariei, etorkizun oparoko kirolariei edo goi mailara edo goi errendimendura heltzeko itxaropenak dituzten kirolariei, bizitzaren arlo guztietan, bai kirol arloan, bai lan arloan, edo bai arlo ekonomiko edo pertsonalean.
Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezartzen denez, fundazioaren egoitza Donostian (Gipuzkoa) dago (Zuatzu Enpresa Parkea, Urgull eraikina, 1. solairua, 3. lokala), eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.
Seigarrena.– Hasierako dotazioa 50.000 eurokoa da, eta eratzaileak egin du ekarpena.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
– Lehendakaria: Iñigo Díaz de Cerio Conejero jauna.
– Lehendakariordea: José Tomás Guerrero Iglesias jauna.
– Idazkaria: Edurne Fernández Iriarte andrea.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezartzen duen moduetakoren batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 9.,artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –F-418 erregistro-zenbakiarekin–: Donostiako (Gipuzkoa) Elkarrekin Ibiliz Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Osaera horretako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2016ko abenduaren 30ean Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 1946). Eskritura publiko hori zuzendu egin zen, notario beraren aurrean, 2017ko maiatzaren 12an egindako eskritura publikoaz (Protokolo zenbakia: 837).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 25a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.