EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017117

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 325/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2017-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201703118
Maila: Ediktua
Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: 325/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Alderdi demandatzailea: Gleny Maria Merejo Villafaña.
Alderdi demandatua: Iker Arbide Garcia.
Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriei buruzkoa.
Judizio horretan, epaia eman da 2017-03-21ean, eta honako hau da haren xedapen-zatia:
XEDAPENAK
Odriozola prokuradore jaunak Gleny María Merejo Villafaña andrearen izenean eta hura ordezkatuz Iker Arbide García jaunaren aurka jarri duen demanda baiesten dut, eta, hortaz, harremana haustearen ondoriozko neurri hauek hartzea erabaki dut, XXXXX seme adingabekoari dagokionez:
1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
– Adingabearen egoitza, hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
– Ikastetxea aukeratzea edo ikastetxez aldatzea.
– Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
– Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
– Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Guraso biei aitortzen zaie adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte guraso biek.
Alabarekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. XXXXX seme adingabearen zaintza eta jagoletza amari esleitzea.
3.– Bisita, egonaldi eta komunikazioen erregimena. Aita txandakako astearteetan egon ahalko da XXXXX semearekin, bi orduz. Donostiako Familiak Elkartzeko Gunean egingo dira bisitak, zentro horretako profesionalen gainbegirapean, 17:00etatik 19:00etara, edo, bestela, horiek zehazten duten ordutegian, ahalaren arabera. Gabonetako, Aste Santuko eta udako oporraldietan, eten egingo da tutoretzapeko bisita-erregimena, adin txikikoa aitaren aldeko amonarekin egon ahal izan dadin. Eskola hastearekin batera hasiko da berriro, ezarritako moduan.
4.– Mantenu-pentsioa. Arbide jaunak guraso ez-jagolea izanik abonatu behar duen pentsioa 150 eurokoa izango da hilean, eta seme adingabearen mantenua asetzeko laguntza izango da. Urteko hamabi hilabeteetarik bakoitzeko lehen bost egunen barruan ordainduko zaio kopuru hori guraso jagoleari, azken horrek hautatutako kontuan. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako aldaketen arabera; 2017. urtean eta urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak eguneraketak.
XXXXX adin nagusikoa izan eta independentzia ekonomikoa lortu arte edo hori lortzeko egoeran egon arte abonatuko da mantenu-pentsioa, fede onaren eskakizunekin bat eginez.
Zaintza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
5.– Aparteko gastuak. Ekonomikoki burujabeak ez diren seme-alabek euren bizimoduan izaten dituzten ezohiko gastuak erdibana ordaindu beharko dituzte gurasoek. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (urtero errepikatzen badira); baina beste batzuk berriz sartuko dira, eta katalogo posiblea osorik adierazteko asmorik gabe, honako hauek dira horietakoak: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundetan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta –prestakuntza-arloan– eskolan atzeratuta egonez gero derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.
Goragoko lerroaldean zehaztutako aparteko gastuak egiteko, guraso bien adostasunezko erabakia beharko da, betiere hura egin aurretik; eta adostasunik ez bada, arazoa epailearen esku utzi beharko da, zeinak erabakiko baitu gastua bi gurasoek egin beharko duten ala ez ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Ebazpena aldekoa izango da, baldin eta seme-alabentzako beharrezkoa eta egokia bada gastua eta familiaren zirkunstantziekin bat badator. Premiazko diren presako gastuei dagokienez, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Presakoa ez den ezohiko gastu bat egin aurretik gai horri buruz bi gurasoek elkarrekin hartu beharreko erabakia edota premiazko gastu bat egin ondoren elkarri eman beharreko informazioa emateko, gurasoen arteko komunikazio-bide bat ezarriko da, frogagarria dena. Izan daiteke, esaterako, faxa, burofaxa edo posta elektronikoa. Alabari dagokionez, ezohiko gasturen bat egiteko premiaz edo egokitasunaz gurasoetako batek besteari informazioa bidali izana egiaztatzen badu, bide frogagarri bat erabiliz, beste gurasoa gastu hori egitearekin ados dagoela ulertuko da, baldin eta ez badu erantzuten edota kontrako iritzia agertu izana egiaztatzen ez badu jakinarazpena jaso eta, gehienez ere, zazpi eguneko epean.
Gainerakoan, alabarentzako bestelako edozein gastu egin ahalko dute gurasoek, hau da, ebazpen honetan ezohiko gastutzat jo diren gastuez gain, baldin eta bien artean adostasuna badago, eta ebazpen honetan ezarritako proportzioan ordaindu ahalko dute, hau da, erdibana, edota beraiek adostu bezala.
Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaitu egingo da seme-alabek –adin nagusikoak edo legez emantzipatuak izanik– ekonomikoki independentea izatea lortzen dutenean, Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetako azkentze-kausak baztertu gabe.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Era berean, behin-behineko neurrien zatian, 2016-09-14ko data duen autoa idatzi zen, eta honako hau da horren xedapen-zatia:
«XEDAPENAK
Zati batean baiesten dut Odriozola prokuradore jaunak, Gleny María Merejo Villafaña andrearen izenean eta hura ordezkatuz, Iker Arbide García jaunaren aurrean aurkeztu duen demanda. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanei buruzko demanda izapidetu bitartean hartu behar diren behin-behineko neurriei buruzkoa da hori. Bada, neurri hauek hartuko dira, behin-behinean:
1.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. Amak, Gleny María Merejo Villafaña andreak, edukiko ditu XXXXX seme adingabearen gaineko zaintza eta jagoletza.
2.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza, hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
b) Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Guraso biei aitortzen zaie XXXXXren eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte guraso biek.
XXXXX semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Aita txandakako larunbatetan egon ahalko da XXXXX semearekin, bi orduz. Donostiako Familiak Elkartzeko Gunean egingo dira bisitak, zentro horretako profesionalen gainbegirapean, zentroak erabakitzen duen ordutegian. Gabonetako, Aste Santuko eta udako oporraldietan, eten egingo da tutoretzapeko bisita-erregimena. Eskola hastearekin batera hasiko da berriro, ezarritako moduan.
4.– Mantenu-pentsioa. Arbide jaunak guraso ez-jagolea izanik abonatu behar duen pentsioa 150 eurokoa izango da hilean, eta seme adingabearen mantenua asetzeko laguntza izango da. Urteko hamabi hilabeteetarik bakoitzeko lehen bost egunen barruan ordainduko zaio kopuru hori guraso jagoleari, azken horrek hautatutako kontuan. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako aldaketen arabera; 2017. urtean eta urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak eguneraketak.
XXXXX adin nagusikoa izan eta independentzia ekonomikoa lortu arte edo hori lortzeko egoeran egon arte abonatuko da mantenu-pentsioa, fede onaren eskakizunekin bat eginez.
Zaintza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
5.– Aparteko gastuak. Bi aldeek berdin abonatuko dituzte ezohiko gastuak, erdibana; beti ere, ados baldin badaude eta modu frogagarrian egiaztatzen badute, dokumentu bidez. Bi gurasoek hartu behar dute erabakia, eta, ados egon ezean, baimen judiziala egon beharko da, aurretiaz.
Gainerakoan, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazi asmorik gabe, honako hauek izan daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, edozein gaixotasun fisiko edo mentalari lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Goragoko lerroaldean zehaztutako aparteko gastuak egiteko, guraso bien adostasunezko erabakia beharko da, betiere hura egin aurretik; eta adostasunik ez bada, arazoa epailearen esku utzi beharko da, zeinak erabakiko baitu gastua bi gurasoek egin beharko duten ala ez ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Ebazpena aldekoa izango da, baldin eta seme-alabentzako beharrezkoa eta egokia bada gastua eta familiaren zirkunstantziekin bat badator. Premiazko diren presako gastuei dagokienez, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea».
Baiespen-epaiak ordezkatzen baldin baditu edo prozedura nagusia beste modu batez amaiarazten bada amaituko dira neurri horiek.
Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.
Donostia, 2017ko maiatzaren 18a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.