EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017117

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez 2017. urteko laguntzetarako deialdia egiten baita terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzat.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2017-05-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201703108
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/02/01ean argitaratutako 2016/01/26ko 201600005 DEKRETUA

Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretuak, 6. artikuluan, hau adierazten du: terrorismoaren biktimen arloko titularraren urteko ebazpenaren bidez, laguntza horien deialdia egingo da. Deialdi honetan zehaztu behar da zer baliabide bideratuko diren urtero laguntza horietara, bai eta nola egongo diren banatuta ere baliabide horiek programa-moten artean eta diru-laguntza jaso dezaketen jardueren artean.
Halaber, apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du), Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia.
Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.
Ondorioz, Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen bidez, terrorismoaren biktimei laguntzeko programak eta jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deialdia egiten da. Programa eta jarduera horiek 2017. urtean gauzatuko dira, eta terrorismoaren biktimen arloan aritzen diren elkarte eta erakundeek sustatuak izan beharko dira, hala baitago ezarrita Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarte eta erakundeentzako laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretuan.
2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2017/terrorismoaren-biktimen-elkarteak/y22-izapide/eu
3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus.nirekudeaketak
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
4. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.
2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako informazio honekin:
a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.
b) Terrorismoaren biktimen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako atentatuen ondorioz terrorismoaren biktima diren elkarteko kideen kopurua egiaztatzea eta/edo biktima horien lehen mailako senitartekoen kopurua.
c) Proiektuaren edo programaren datuak, non hauek zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plana, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko ezarriko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.
d) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.
e) Programa edo proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan.
f) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Horrelakorik ez badago, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako ez dela beste inongo laguntzarik eskatu adierazten duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.
3.– Nolanahi ere, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.
5. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Diru-laguntzen programa honetara berrehun eta hirurogei mila (260.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2017. urterako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Laguntzek honako lege hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:
Batzordeburua:
Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako zerbitzuaren arduraduna.
Batzordekideak:
Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako teknikari bat.
Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikari bat, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.
7. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2018ko martxoaren 31n amaituko da, eta, justifikazio-memoriarekin batera, datu eta agiri hauek jaso beharko ditu:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.
b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.
c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.
d) Sarreren eta gastuen balantzea.
e) Proiektuaren onuradunak zeintzuk izan diren eta proiektua egiten zeintzuek parte hartu duten adierazteko datuak, sexuaren arabera bereizita.
f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak hemen daude eskura: http://www.euskadi.eus.nirekudeaketak
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 25a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.