EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017112

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 30ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-05-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201702968
Maila: Ebazpena
Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak haren xedeen artean, honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat, haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».
2012. urteaz gero Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetan partida batzuk daude Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Partida horiek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan islatzen dira.
Euskal Automomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2/2017 Legeak, apirilaren 11koak, hainbat partida aurreikusi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko. Partida horiek, hain zuzen ere, isla izan dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aurrekontuan ere.
Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den diru-laguntza lerro bat da; laguntzen programa honen helburua da ahal den erakunde publiko guztietan prestakuntza-plan edo -programen ezarpena sustatzea eta finkatzea. Bestalde, aurkeztutako prestakuntza-plan edo -programek analisi edo diagnostiko batean oinarritu beharko dira.
2017ko ekitaldian, erakunde onuradun bakoitzean prestakuntza jasoko duen pertsona kopurua hartuko da kontuan zenbatekoak banatzeko.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ahaleginduko da baliabideak errazten interesa duten erakunde publiko guztiek prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko enplegatuen prestakuntza finantzatzeko laguntzen deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 30a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da laguntzak ematea deialdi honetako hirugarren oinarrian zerrendatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako erakundeek bertako enplegatuentzat 2017ko ekitaldian egingo duten enplegurako prestakuntza finantzatzeko.
Diruz lagundu ahal izango dira hirugarren oinarrian aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko erakundeen prestakuntza-plan edo -programak.
Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:
– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.
– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.
– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.
– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.
Ez dira inola ere diruz laguntzeko modukoak izango plan edo programetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu-, egonaldi- eta ordezkapen-gastuak.
Bigarrena.– Definizioak.
Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:
a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua behar bezala betetzeko jakin beharko lukeenaren eta dakienaren arteko aldearen analisia.
b) Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo antolatu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzkoa. 30/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2008ko otsailaren 27ko EHAA).
c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-arlo jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa. Prestakuntza-ekintzak ikaskuntzakoak edo informazioak izan ahal izango dira, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen denaren arabera.
d) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.
Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren erakundeak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahal izango dira beren langileentzat prestakuntza-plan edo -programak sustatzen dituztenak. Prestakuntza-plan edo -programak sustatu ahal izango dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoek, beren langileei dagokienez.
b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoak.
c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, langile batzuei buruz, haien prestakuntza antolatzea berari badagokio.
d) Hezkuntza Sailak, irakasleen prestakuntzari buruz.
2.– Erakunde horiek beren prestakuntza-plan edo -programa aurkeztuz parte hartu ahal izango dute deialdi honetan. Plana edo programa bakarra izango da erakunde bakoitzeko.
3.– Ezingo dira izan ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun diru-laguntza bat itzultzeko edo hargatik zehapena ezartzeko prozedura batean sartuta daudenak, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean sartuta daudenak.
Laugarrena.– Laguntzen zuzkidura.
Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango dituzte, erakunde motaka banatuta:
Bosgarrena.– Prozeduraren hasiera.
Deialdi honetako lehenengo oinarrian zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, erakunde interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, han zehaztutako eran.
Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea 2017ko uztailaren 14an amaituko da, 24:00etan.
Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz: IVAPen webgunea, http://www.ivap.euskadi.eus, Sariak eta Laguntzak atalean.
Erakunde interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, link honetan kontsulta egin ahal izango da:
https://www.euskadi.eus/y22-zer/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html
Eskabidearen ondorengo izapideak, «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.
a) Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek, gutxienez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritako edukia (2008ko otsailaren 27ko EHAA). Erakundeek Prestakuntza Premien Diagnostikoa aurkeztu behar dute, IVAPek zehaztutako metodologia edo erakundeak berak aukeratutakoa, eta bertan diagnostikotik ateratako prestakuntza lehentasun nabarmenenak jasoko dituzte.
b) Eskaintza aurreikusitako ekintzaren bati edo batzuei badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, lehenengo oinarrian hau erantsi behar da gutxienez:
– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.
– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.
– Ekintzaren edo ekintzen kostua.
c) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, honako hauei buruzkoak: itzulketa-prozedura edo zehapen-prozedura batean sartuta ez egotea, aurkeztutako datuen ziurtasuna, eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzea.
d) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen aurrekontu-plantillako langile-kopuruari buruzko ziurtagiria.
Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.
Zortzigarrena.– Laguntzen esleipena.
Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena, betiere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, bai eta erakunde horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere, eta dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori honako helbide elektroniko honetan argitaratuko da: http://www.ivap.euskadi.eus. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
Aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ez du gainditu ahal izango laguntza horiek erakunde horrentzat duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.
Eusko Jaurlaritzako Sailen eta Erakunde Autonomoen kasuan, guztira eskaturiko diru-kopuruak gainditzen badu laugarren oinarrian aurreikusitako diru-zuzkidura, honako proportzio honen arabera burutuko da: entitate bakoitzak duen langile-kopurua, mota bereko entitate eskatzaile guztietako langile-kopuruaren aldean. Ondorioz, agerian utzi nahi da posible dela entitate eskatzaileek aurkeztutako hasierako aurrekontua behin betiko zuzkidurarekin bat ez etortzea.
Entitate mota bati esleitutako diru-kopuruak mota horietako entitateentzat aurreikusitako zenbatekoa agortzen ez badu, soberan dagoen kopurua beste entitate moten artean birbanatuko da, haien langile kopuruaren arabera.
Bederatzigarrena.– Erakunde esleipendunen betebeharrak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezartzen duenaren arabera, honako hauek izango dira laguntza horien onuradun diren erakundeen betebeharrak:
a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.
b) Laguntza eman duen erakundeari behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.
d) Diru-laguntza ematen duen erakundeari aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake diru-laguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen diru-laguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.
Hamargarrena.– Laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2017ko urriaren 31n amaituko da.
Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ehuneko laurogeiren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori planaren edo programaren kontura emandako entregatzat hartuko da.
Planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren erakundeek hau aurkeztu beharko dute:
– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.
– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren betearazpenari buruzko ziurtapena. Ziurtapen hori erakundeko barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetuta egon behar da.
– Erantzukizunpeko adierazpena, planak edo programak inongo erakunde edo pertsonatik laguntzarik, deialdi honetan esleitutako laguntzak barne direla, jasotzen ez duelakoa, haien finantzaketa gehiegizkoa badakarte, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zati baten kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.
Laguntzaren justifikazioa «Nire kudeaketak» egoitza elektronikoan egin beharko da, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
Planaren edo programaren betearazpena justifikatu ondoren, laguntzaren gainerako ehuneko hogeiaren ordainketa izapidetuko da.
Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.
Hamaikagarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako diru-laguntzari uko egitea.
Erakunde esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zati bati dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.
Hamabigarrena.– Laguntza itzultzea.
Ez da galdagarria izango laguntza ordaintzea, eta itzuli egin beharko dira, osorik edo partez, jaso diren diru-kopuruak, aplikaziokoak diren lege-interesekin, honako kasu hauetan:
a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.
b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaiterako erabiltzea.
d) Laguntzaren edo diru-laguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.
e) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.
f) Laguntza edo diru-laguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.
Emandako diru-laguntzaren berrikuspena, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.
Hamahirugarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen direlarik, eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez delarik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Prozesu honetan jasotzen diren datu pertsonal guztiak «Prestakuntza ikastaroak» izeneko fitxategi automatizatu batean biltegiratuko dira, eta haien erabilera prozesu horren kudeaketara mugatuko da. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datu pertsonalak babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuetara iristeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.