EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017112

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 18koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación P. Pedro Arrupe» fundazioaren azkentzea berretsi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201702967
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko urtarrilaren 17an, «Fundación P. Pedro Arrupe» fundazioaren azkentzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Eskariari administrazio-espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legeko 40., 41. eta 51.2 artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan, eta fundazioaren estatutuetan.
Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak IKUSITA, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea «Fundación P. Pedro Arrupe» fundazioarenen Patronatuak 2016ko urriaren 28ko bileran hartutako erabakia, zeinaren bidez azkentzen baita «Fundación P. Pedro Arrupe» fundazioa eta zehazten baita fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoaren destinoa. Erabaki hori 2016ko abenduaren 22an Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez gauzatu zen (protokolo-zenbakia: 2435).
Bigarrena.– Fundazioa azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
Hirugarrena.– Fundazioaren azkentzeak fundazioaren ohiko jarduerak amaitzen ditu, eta hasiera ematen die likidazio-eragiketei, aurretik onartutako programari jarraituz. Fundazioaren Patronatuak garatu beharko ditu likidazio-eragiketa horiek, Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, fundazioaren patronatuak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.
Laugarrena.– Fundazioak, likidazio-aldian dagoen bitartean, nortasun juridikoari eutsiko dio, eta bere izenari «likidazio-aldian» adierazpena erantsi beharko dio.
Bosgarrena.– Likidazio-eragiketak amaitu ondoren, Fundazioaren Patronatuak likidazio-eskritura eman beharko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzara bidali.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 18a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.