EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017109

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena; horren bidez 2017ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak deitzen eta arautzen dira oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu Industria programa.

Xedapenaren data: 2017-05-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201702873
Maila: Agindua
Azken bi hamarkadetan, EAEko ekonomia errotik eraldatu eta modernizatu da. Gure ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak Europar Batasuneko batez besteko tasak baino handiagoak izan dira, eta, egoera horri esker, administrazio publikoek fase berriak urratu ahal izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna garatzeko bidean. Gaur, beste fase bati ekiteko moduan daude, batez ere berrikuntzan oinarrituta.
Industrializazio plan berria oraindik prestatzen ari da, baina bertan, aurreko planetako estrategiei eutsi beharra jasoko da berriz. 2017-2020 aldian estrategia horiek finkatu eta indartu beharra ezarriko du.
Ekonomia globalizatu baten testuinguruan, berrikuntza fenomeno estrategiko bat da ekonomien lehiakortasunerako, eta sano eragiten du gizartean. Horregatik, egungo abagunean, berritu egin behar da ekonomia haztea eta enplegua sortu eta mantentzea lortu nahi badugu.
Prozesu edo emaitza tekniko bat baino gehiago da berrikuntza. Gizarte-fenomenoa da, pertsonen eta gizarte osoaren sormena adierazten duena. Gizarte baten ahalmen berritzailea, enpresa batena bezalaxe, urratsez urrats eratzen da. Ahalmen berritzaile hori ez da inprobisatzen, eta, horrenbestez, nekez imitatu edo erreproduzitu daiteke.
Ekitea, arriskatzea eta aurrera egitea, berrikuntzaren osagai diren heinean, gizarte honen berezko berezitasunen ondorio dira, eta, beraz, hasierako abantaila dakarte. Horrela, paradoxa bitxia gertatzen da globaltasunaren eta tokikotasunaren artean, baita epe luzearen eta epe laburraren artean ere. Berritzeko, ezinbestekoa da epe luzera lan egitea, baina epe laburrean erreakzionatzen jakin behar da unean uneko aukerak aprobetxatzeko. Beraz, oso lotuta dago aurrea hartzearekin.
Produktibitatea indize bat ere bada, herrialde bateko egitura sektorialarekin lotuta dagoena. Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egin behar du bere egitura apurka-apurka dibertsifikatzeko; horretarako, jakintza-oinarri erreala duten eta etorkizunean eskaria izango duten sektoreen alde egin behar du.
Enpresen jasangarritasuna eta hazkundea bermatzeko planteatzen diren estrategiek, bestalde, bide eman behar dute finantzazioa sortzeko, enpresa-taldeak sortzeko, globalizaziora egokitzeko lanak errazteko eta beste enpresa eta erakunde batzuekin lankidetza-akordioak eta aliantzak lortzeko.
Bide horretatik, ahaleginak egiten dira inbertsioak teknologian eta berrikuntzan oinarritu daitezen batez ere. Hori guztia egiten da uste delako sektore tradizionalek gai izan behar dutela balio erantsi handiagoa duten zerbitzu eta produktuetara egokitzeko eta enpresa berritzaileak garatzeko, enpresak jasangarriak izan daitezen eta hazi daitezen. Horrela, parametro horiek indartu nahi dira, eta, gainera, oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten proiektuetara bideratu nahi da ahalegina, kontuan izanik badirela laguntza-programa batzuk ere, bestelako eduki eta/edo filosofia bat duten proiektuetara bideratzen direnak.
EAEko ekonomiak hazi egin behar du enplegua sortzeko; kontu publikoak orekatu behar ditu, eta modu iraunkor batean garatu behar du ongizate-estatua. Gure enpresa-sareari lagundu behar diogu egoera ekonomikoak eragindako oztopoak gainditzen, enpleguaren suntsipena geldiarazten eta enpresa bideragarriak sendotzen.
Jaurlaritzak enpresei lagundu nahi die beren izaera eta enpresa-zikloetara egokitutako finantzazio- eta berregituratze-soluzioak lor ditzaten; izan ere, ez du nahi enpresa bideragarririk desagertzea edo enpresen lehiakortasuna murriztea halako mekanismoen faltagatik. Egungo atzeraldiaren testuinguruan, finantziazioa lehiakortasun-faktore erabakigarria da, aurreko urteetan ez bezala; izan ere, enpresen osasun ekonomikoa gorabehera, gure inguruko enpresek –batez ere enpresa txiki eta ertainek– arazo larriak dituzte beren jarduna finantzatzeko eta hazkunde- eta inbertsio-planak egiteko. Helburua da enpresa bideragarriek finantzazioa lortzea, bizirik irauteko eta sendotzeko.
Finantzazioa ez da faktore bakarra, baina baldintzatzen ditu enpresek, eta batez ere enpresa txiki eta ertainek, hazteko dituzten aukerak, baita lehiakortasuna hobetzeko jarduerak abian jartzeko dituzten aukerak ere.
Horri lotuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ez ditu itzuli beharrik ez duten ohiko diru-laguntzak emango; haien ordez, laguntza itzulgarriak lortzeko finantza-tresnak garatu eta aplikatuko ditu.
2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua argitaratu da –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–; erregelamendu horren bidez Ituneko (AO, L 187; 2014-06-26koa) 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira laguntza-kategoria batzuk. Hori dela eta, 2017ko ekitaldian, Gauzatu Industria Programako nondik norakoak garatu behar dira arauak lortu nahi dituen helburuak betetzen dituzten enpresek errazago lor ditzaten inbertsioak modu dinamikoan egiteko laguntzak, eta, laguntza horiek amaitu eta gero, onuradun horiek gutxieneko denboraldi batean mantendu ditzaten laguntzak emateko kontuan hartu zitzaizkien baldintza guztiak.
Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arau-emaileei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, apirilaren 11ko 2/2017 Legeko (Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituena) aurrekontu-kredituen pentzura finantzatuko da deialdi hau.
Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri izanaren ondorioz, aldaketak egin behar dira araudian eta izapidetze telematikoa/elektronikoa jaso.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2017ko ekitaldirako Gauzatu Industria programako laguntza itzulgarrien deialdiko artikuluak onartzea, eranskinean jasotzen diren baldintzetan. Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko egiten da deialdia. Gauzatu Industria programa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez arautzen diren laguntza itzulgarrien ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorra aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatu (AO, L 187; 2014-02-26koa), eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Era berean, erregelamendu horretara joko da interpretazio-auziak ebazteko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 31.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
Gauzatu-Industria programaren xedea da laguntza itzulgarri batzuk arautzea eta horietarako deialdia egitea. Laguntza horiek, zehazki, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko dira.
2. artikulua.– Indarraldia.
Deialdi honen babesean ematen diren laguntzei aplikatuko zaizkie agindu honetan jasotzen diren xedapenak, harik eta erabat likidatu arte.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1. artikuluan azaldutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoak (28.000.000,00 euro) sustapen-neurriei ekonomikoki eustera bideratutako kredituetatik hartuko dira, neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean (apirilaren 11ko 2/2017 Legean) jasota baitaude.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) lortu ahal izango dituzte agindu honetan zehaztutako laguntzak, baldin eta oinarri teknologikotzat eta/edo enpresa berritzailetzat jotzen badira ETE horiek, eta, gainera, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko industri enpresak badira eta zerbitzu teknikoak egiten badituzte (produktu-prozesuari lotuak).
Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresa-taldeetako enpresa nagusiek ere lortu ahal izango dituzte laguntza horiek, eskatzen badituzte, eta aurreko paragrafoko ezaugarri guztiak badituzte; betiere, hurrengo ataleko definizioarekin bat etorriz eta kontuan izanik haien egoera ekonomiko kontsolidatua.
2.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak joko dira enpresa txiki eta ertaintzat (ETE):
– Guztira, 250 langiletik behera izatea.
– Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
3.– Enpresa txikien eta ertainen artean bereizi behar denean, irizpide hauek hartuko dira kontuan enpresa txikitzat jotzeko:
– Guztira, 50 langiletik behera izatea.
– Urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
Arestian adierazitakoa bestela interpretatzeko, kontuan izango da zer ezartzen den Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean.
4.– Dena den, ETE-ek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatu behar dituzte diruz lagundu daitezkeen inbertsioak (hau da, laguntzagaiak) gutxienez hiru urtez.
5.– Arau honen bidez arautzen diren laguntzek Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra bete beharko dute, eta, haren osagarri modura, laguntza horizontalei eta laguntza sektorialei buruzko araudia; baldin eta errespetatzen bada Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 1. artikuluan ezartzen diren laguntza-kategoriak kanpo uztea.
6.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, baita diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.
7.– Enpresa eskatzaileek, diru-laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Erakunde baztertuak.
1.– Ezin izango dira izan agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 13.2 artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.
2.– Ezin izango dira onuradun izan honako hauek: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoko administrazioa osatzen duten erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak. Aipatu dekretu horren bitartez, onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
3.– Ezin izango dira onuradun izan, halaber, Europar Batasunean laguntzak berreskuratzeko aginduren baten mendeko zorrak dituzten enpresak, Europako Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, ezta krisialdian dauden enpresak ere, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetako definizioaren arabera (2014-07-31ko AO, C 249).
6. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresak.
1.– Enpresak teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko, honako irizpide bat edo batzuk bete behar dira:
– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea; energia, fabrikazio aurreratua eta biozientziak-osasuna esparruek lehentasuna izango dute, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planean (RIS3 – Espezializazio Adimentsua) xedatutakoa betez.
– I+G+b-n inbertsio ugari egina izatea.
– I+G+b-ko proiektuak ustiatzea.
– Teknologia babestuaren eitekoa izatea proiektu horien jabetza industriala.
– Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua.
– Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza teknologikorako sarbidea izatea.
– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.
– Honako enpresa eta berrikuntza zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta eta/edo tutelatuta direnak lanean:
• Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).
• Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba).
• Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea).
• Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).
– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.
– Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.
– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta enfasi berezia egitea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzen enpresaren jardueran eta negozio-ereduan.
– Berdintasun-plana izatea, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako lankidetzan ari den erakunde baten ziurtagiriak izatea, jazarpen sexistaren kontrako protokoloak, lana eta familia uztartzeko neurriak eta abar izatea.
Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko programen babesean egindako ikerketa eta/edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria badute.
2.– Balorazio Batzorde bat eratu da, eta hark erabakiko du enpresa batek oinarri teknologikoa duen eta/edo berritzailea den. Honako hau da batzordearen osaera: Industria Garatzeko zuzendaria, Alejandro López Cárcamo, batzordeburua izango da, eta batzordekideak: Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, Josu Madariaga Garamendi; Industria Garatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Agustín Garcia Pérez; Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa lehiakorrerako Sozietatea, SAko teknologia-arduraduna, Alberto Fernández Gonzalez; Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko Enpresa Garapenerako zuzendaria, José Ignacio Tellechea Fernández, eta Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa lehiakorrerako Sozietatea, SAko Ekintzailetzako eta Ekonomiaren Garapenerako arduraduna, Imanol Cuétara Camiruaga, idazkaria izango dena. Batzordeak bilkurak egiteko nahikoa izango da bertan batzordeburua, idazkaria eta gutxienez gainontzeko batzordekideetako bat egotea. Balorazio Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko da.
3.– Dena den, enpresa bat teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat hartzeko, ezinbestekoa izango da Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko Enpresa Garapenerako Atalak egindako txostena; sozietate horretako Estrategia, Teknologia eta Berrikuntza Unitateak egindako txostena erantsi ahal izango zaio, gainera.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:
a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) ondoko epigrafeetako definizioaren arabera:
203. Jabetza industriala eta patenteak.
206. Aplikazio informatikoak.
210. Lurrak eta ondasun naturalak.
211. Eraikuntzak.
212. Instalazio teknikoak.
213. Makinak.
214. Tresneria.
215. Bestelako instalazioak.
217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboetako inbertsioaren bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.
Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Aktiboak lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin. Baina laguntza jasotzeko beste aukera bat ere badago: konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.
d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarren pertsonei lagata, ez kontraprestazioaz, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa)
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak lagundu ahal izango dira, baldin eta kontratuan berariaz sartzen bada laguntzaren onuradunak aktiboa eskuratu behar duela errentamendu-kontratua amaitzean, edo, orobat, alderdiek agiri bat sinatzen badute non adierazten baita onuradunak erosteko aukera gauzatuko duela.
h) Ordezkapen-inbertsioei ez zaie inongo laguntzarik emango.
i) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira laguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.
2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.
3.– Enpresa-taldeei dagokienez, honako inbertsio hauei bakarrik lagunduko zaie: enpresa-taldean egindakoei, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta haien prozesuak erauzketetakoak, eraldaketarakoak edo produkziokoak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak).
4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren Erregelamenduko 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi duena) xedatutakoaren mende egongo dira diruz lagun daitezkeen inbertsioetako gastuak. Haiek azpikontratatzen badira, lege horretako 29. artikuluarekin bat etorriz eraenduko dira.
5.– Laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, ETE-ek bakarrik baliatu ditzakete, baldin eta laguntza-eskaera aurkezten den egunaz geroztiko baten hasten badute inbertsioa.
8. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.
1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea balio garbietan neurtuko dira, enpresaren TC1 eta TC2 agiriak aintzat hartuta. Horretarako, egun dauden enpresen kasuan, deialdia argitaratu aurreko hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa hartuko da enpleguaren erreferentziatzat hasierako plantilla mantentzeari eta enplegua sortzeari buruzko jarraipena egiteko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoari kalterik eragin gabe, kontuan izango da zer bilakaera izan duen batez besteko plantillak, deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteetan. Hori dela eta, enpresa eskatzaileak behar bezala justifikatu beharko ditu alderdi horiek, eta, aurkeztutako agiriak aztertuta, enplegu-galera adierazgarriak izan direla egiaztatzen bada, ez da abiapuntutzat hartuko deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, eta bai, ordea, eskabidea aurkeztu aurreko 36 hilabete horietatik ondorioztatzen den batez bestekoa. Emakida-ebazpenean ezarritako denbora-horizontea amaitzean eta/edo inbertsioei buruzko deklarazioa aurkeztean, justifikatu egin beharko da hasierako plantillari eutsi izana eta/edo sortu den enplegua.
2.– Talde industrialetako enpresen kasuan, enpleguaren gaineko justifikazioak eta jarraipenak taldeko enpresei bakarrik eragingo die, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta, gainera, enpresa-taldean industriako, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko enpresak badira edo zerbitzu teknikoetako prozesuak egiten badituzte era horretako enpresentzat (denak ere produktu-prozesuari lotuak).
3.– Emakida-ebazpenean ezarritako denbora-horizontea amaitzen denean justifikatu beharko dira enpleguaren sorrera eta, hala badagokio, hasierako plantillaren mantentzea. Luzapenik ematen bada, itzulketen 2. urteko abenduaren 31ra arte iraun dezakete gehienez ere, ezarritako denbora-horizontean amaitu aurretik onuradunak hala eskatuta, edo Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk proposaturik.
4.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo emakida-ebazpenean ezarritako denbora-horizontea (luzapenak barne) amaitzen denetik zenbatzen hasita.
9. artikulua.– Laguntzen modalitatea.
Egin beharreko inbertsioekiko proportzionalak diren laguntza itzulgarrien forma hartuko dute laguntzek; itzulgarriak izango dira (18. artikuluan ezarritakoaren arabera), eta oinarri teknologikoko enpresei eta/edo enpresa berritzaileei emango zaizkie, baldin eta 4. eta 6. artikuluetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte, gutxienez 120.000 euroko inbertsioa onarturik badute eta, era berean, enplegua mantentzen eta/edo sortzen bada, 24 hilabeteko epe maximoan.
10. artikulua.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.
Lagun daitekeen inbertsioaren % 35erainokoak izan daitezke emango diren laguntza itzulgarriak, 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gehienez ere 150.000,00 euroko laguntza emango da sortutako enplegu bakoitzeko, baina ez da inoiz izango 1.500.000,00 eurotik gorakoa. Inbertsioaren xedeetako bat, besteak beste, enplegua mantentzea bada, emango den aurrerakin itzulgarria 100.000,00 eurokoa izango da gehienez ere.
11. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan inbertsioak egiten dituzten ETE-ek honako laguntza hauek jaso ditzakete:
a) Oinarri teknologikokotzat jotzen diren enpresa txikientzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko laguntza itzulgarriak.
b) Oinarri teknologikokotzat jotzen diren enpresa ertainentzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko laguntza itzulgarriak.
c) Enpresa berritzaile txikientzat (berritzaileak baino ez): laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko laguntza itzulgarriak.
d) Enpresa ertain berritzaileentzat (berritzaileak baino ez): laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko laguntza itzulgarriak.
12. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.
Deialdi honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiek batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. artikuluak ezarritako muga (EBAOren 187. zk., 2014ko ekainaren 26koa). Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.
Muga hori gaindituz gero, agindu honen babesean emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
13. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
1.– Aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta beharrezkoa den dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dituzte, honako epe honen barruan: agindu hau argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik 2017ko uztailaren 14ko 15:00etara arte.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntzen emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta agindu honen eranskineko gainerako ereduak honako helbide honetan eskura daitezke:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (castellano)
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)
http://www.spri.eus/Gauzatu
Eskabidea egin ondoren, espedientea eskuratzeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:
http://www.euskadi.eus/misgestiones/
http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/
4.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu. Xedapen honekin ematen den eskabide-eredua erabili behar da, eta haren hurrengo artikuluan zerrendatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.
5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean) xedatutakoa betez.
6.– Diru-laguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
14. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du eta, horrekin batera, egin diren kopiak dituzten fitxategiak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera. Izan ere, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, plan industriala, ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta hura gauzatzeko epeak jasotzen dituena. Era berean, enpresa oinarri teknologikokoa eta/edo berritzailea dela frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira.
b) Eratze-eskrituraren kopia (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartelarena, eta pertsona eskatzailearen ahalordearena, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada.
c) Urteko kontuen eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo –hala badagokio– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.
d) Enpresako plantillaren eboluzioa jasotzen duen azken hiru ekitaldi ekonomiko naturalei buruzko memoria zehatza, urteka zehaztuta eta sexua, kategoria eta kontratu-mota bereizita, eta deialdi hau argitaratu aurreko 12 hilabeteetako TC1 eta TC2 agiriak.
e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak, hala nola: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak.
f) Honako alderdi hauek egiazkoak direla frogatzen duen erantzukizunpeko adierazpena (ikuskatze-fasean egiaztatu ahal izango dira):
– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.
– Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
– Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien eta/edo haiengandik jaso diren laguntzen zehaztapena.
– Enpresa eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.
– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.
– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
g) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.
2.– Enpresa eskatzaileak egiazkoa ez den daturen bat jartzen badu erantzukizunpeko adierazpenean, indarrean den zehapen-araubidea aplikatuko zaio, administratiboa zein penala.
3.– Nolanahi ere, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk bidezko iritzitako agiriak eta/edo argibideak eskatu ahal izango dizkio enpresa eskatzaileari, aurkeztu diren inbertsioak hobeto ulertzeko eta ebaluatzeko behar baditu.
15. artikulua.– Eskabideak aztertzea.
1.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI) enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Industriako sailburuordeak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa betez.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Lankidetza-erakundeei buruzko 19. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera. Sozietate horretako Enpresa Garapenerako Atalak txosten bat eman beharko du, eta bertan honako hauek aztertu beharko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, oinarri teknologikokoa duen eta/edo berritzailea den. Era berean, Estrategia eta Teknologia Unitate Estrategikoak txosten bat eman ahal izango du, inbertsioak oinarri teknologikokoak eta/edo berritzailekoak diren hobekiago aztertzekotan.
Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI) txosten zehatza igorriko dio Batzordeari, enpresa oinarri teknologikokoa eta/edo berritzailekoa den ala ez erabaki dezan.
Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk laguntzak emateko proposamena idatziko du, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Industriako sailburuordeari zuzenduko dio.
16. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Prozedura bakarraz izapidetuko dira aurkeztutako eskabideak; eta prozedura horretan, Industriako sailburuordeak ebatziko ditu erakunde eskatzaileek azaldutako gai guztiak, Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk proposatuta. Bestalde, ebazpen bakarra emango du, geratu diren ordenaren arabera esleitzeko laguntzak, eta, orobat, oinarri teknologikokotzat eta/edo berritzailekotzat jotzen ez direnei ukatu laguntzak ukatzeko.
2.– Ematen den ebazpenean zehaztuko da eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren, eta eman den kasuetan, ondo zehaztuko dira laguntza jaso duen enpresaren izena, onartutako inbertsio-plana, laguntza jaso dezakeen inbertsioa, sortuko den enplegua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen ebazpenak ez dio amaiera ematen bide administratiboari; gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
4.– Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaio enpresa interesdun bakoitzari, banan-banan; hori gorabehera, urtean behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) testu bategineko 49.2 artikuluak xedatutakoari jarraikiz.
5.– Enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestean egon behar da amaituta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpenik ez bazaie jakinarazi interesdunei, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako ondorioetarako.
17. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.
1.– Laguntza jaso ahal izateko, enpresak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez azaldu beharko du laguntza ematearekin batera ez duela jaso itzultzeko agindua duen Batzordearen adierazpen negatiborik, eta ez dela itzuli. Horrez gain, ezarritako baldintzak betetzen dituela eta aurreikusitako helburuak lortu dituela frogatu beharko du; horretarako, benetan egin diren inbertsioen adierazpena aurkeztu beharko dio, justifikazio-kontu gisa, Sociedad para la Transformación Competitiva/ Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri (SPRI). Adierazpen horren eredua agindu honetan dago, baita honako helbide hauetan ere: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ o www.spri.eus/gauzatu
Aitortutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte, eta/edo kanpo-auditoretzen bitartez egiaztatuko dira. Enpresa onuradunak ikuskatze-zerbitzuaren eskueran jarriko ditu 14. artikuluko erantzukizunpeko adierazpenean aipatzen den dokumentazio guztia eta behin betiko fakturak. Azken horiek bat etorri beharko dute goian adierazitako faktura-koadroan zehaztutakoekin, eta horien bidez diru-laguntza publikoaren helburua bete dela frogatu behar izango da.
Era berean, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003) 30. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzeko araudietan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahal izango dira.
Alderdi horiek guztiak egiaztatu ondoren, aurrerakin itzulgarria ordaintzeko proposamena igorriko dio Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI) Industria Garatzeko Zuzendaritzari.
2.– Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak laguntza itzulgarriak ordaindu aurretik, organo kudeatzailea den Industria Garatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, guztizkoa edo partziala, zehazteko. Laguntza itzulgarriak ordaindu baino lehen ezinbestean frogatuko da onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez duela itzultzeko ebazpen baten ondoriozko zorrik. Laguntzak urtean bi zatitan ordainduko dira, frogatu denaren hein berean.
3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak hiru hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, inbertsioak ebaluatuko dira; horretarako, oinarritzat hartuko dira egun horretara arte aurkeztutako inbertsio-aitorpenak eta egindako edo egiteko diren ikuskatze-lanak. Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI) aurrerakin itzulgarriei buruzko azken likidazio-txostena emango du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.
4.– Goian aipatu ebazpena, bestalde, enpresa onuradunari eta Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari igorriko zaie; azken horrek, ebazpenean adierazitako zenbatekoa besteko aurrerakin itzulgarria ordain dezan.
5.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak, diru-laguntza eman ostean, kontrako erabakia hartu baitu hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ez du ordainduko programa honen markoan emandako laguntza, eta itzulketari eta ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du.
18. artikulua.– Laguntza itzulgarriak itzultzea.
1.– Laguntza-itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian gauzatuko dira Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatearen kontu batean, bost urtez.
2.– Honela itzuliko da urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa: emate-ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako epea amaitu eta gero, enpresek urtebete osoa izango dute itzulketak egiten hasi aurretik. Hau da, inbertsioak amaitu eta 2. urtean gauzatuko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoak, berriz, elkarren segidan egingo dira, bosgarren urtera arte.
3.– Laguntzak modu finkoan itzuliko dira: urtean bosten bat. Urtean bi itzulketa egingo dira. Otsailean % 50a itzuliko da, eta beste % 50a, berriz, uztailean.
4.– Urteko itzulketak egin ondoren, urteko likidazio-txostena idatziko du Administrazioak, eta, txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu behar bada). Diferentzia horiek hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran. Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, egoki diren interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako autolikidazioa egin zenetik aurrera. Diferentzia horiek azken autolikidazioan aurkitzen badira, enpresa onuradunak autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu beharko du hiru hileko epean, eta egoki den kopurua itzuli beharko du, eta, orobat, onuradunak autolikidazioa oker egin zuenetik harako berandutze-interesak; hori guztia, betiere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretua: Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
19. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honetan jasotako araubideari jarraituz onartzen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI) eta Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea; betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Horrez gain, arau honetan jasotako zehaztasunak beteko dira, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetuz.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI), erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Eskabidea jasotzea eta, hala dagokionean, hutsak zuzentzeko agindua jasotzea.
b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.
c) Inbertsioak eta bideragarritasun-plana aztertu eta ebaluatzea.
d) Inbertsioen eta enpleguaren gaineko txostena idaztea, eta gero ebaluazio-batzordeari igortzea.
e) Laguntzak emateko proposamena egitea.
f) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.
g) Itzulketa-autolikidazioak ebaluatzea.
3.– Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Onuradunei ordaintzeko agindua ematea.
b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.
c) Programako funtsen finantza-kontrola.
d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea egitea.
e) Kontabilitateari eta jazotzen diren intzidentziei buruz aldizkako komunikazioak helaraztea Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri.
4.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzen laguntzeko erakundeek ezinbestean bete behar dituzte Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 15. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintza eta beharkizunak, organo eskudunak ebazpen administratibo bidez adieraziko du hark galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta –hala badagokio– jasotako laguntzen printzipala itzuli behar diola Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari, eta haren berandutza-interesak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretarako, ebazpen hori eman aurretik, organo eskudunak ez-betetzeari buruzko espedientea egin beharko du, eta interesdunari entzunaldia eman. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, lege-ondorio guztietarako.
2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Ez gauzatzea agindu honetako 7., 8. eta 9. artikuluetan enpleguari eta inbertsioei buruz ezarritako minimoak.
b) Ekitaldi bakoitzean sortutako itzulketak ez gauzatzea.
c) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.
3.– Jasotako zenbatekoak eta egoki diren berandutza-interesak itzuli behar izango dira, halaber, honako hauetan ezartzen diren kasuetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 53. artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikulua.
4.– Industriako sailburuordeari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea. Inbertsioak amaitu baino lehenagoko gorabeherak direla-eta, Transformación Competitiva / SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin dezake hori, edo, itzulketei buruzko gorabeheren kasuan, Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak proposatuta.
5.– Proiektua egiten ari den bitartean enpresak ETE izateari uzten badio, ez da ez-betetzeari buruzko espedientea hasiko; kasu horretan likidazio bat egingo da, ETE izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez dituena kontuan hartuko. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, 18. artikuluan adierazitako eran.
6.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen bereganatutako betebeharra, hau da, hiru urtez ez badio eusten hasierako plantillari eta aldi horretan ez badu enplegua sortzen, ez da sortuko ez-betetzeari buruzko espedientea hasiko; likidazio bat egingo da, eta bertan, diru-laguntza garbia galtzea jasoko da, zehazki, laguntzak emateko deialdikoaren baliokidea betiere ordaindutako parteari dagokionez. Kalkulu horretatik ateratzen den zenbatekoa itzuli egin beharko da, hain justu ere 18. artikuluan ezarritako itzulketa-epea amaitu eta hurrengo urtearen barruan. Hau da, seigarren urtearen barruan eta otsaileko azken eguna baino lehen.
Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko jarraipena eta, egoki bada, hasierako plantillari eusteko jarraipena batez besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahal izango dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik; baina kalkulu horretarako zenbatzen diren hilabete guztiak ezin dira egon hasierako plantillatik behera.
Sortutako lanpostuei eusteko betebeharra bere gain hartu behar badu enpresa onuradunak, eta hori lortzen ez bada, baina hasierako plantillari eustea lortzen badu, aplikatu beharreko likidazioa hau izango da: diru-laguntza garbia galtzea, zehazki, laguntzak emateko deialdikoaren baliokidea, betiere, ordainduko parteari dagokionez, eta hasierako plantillari eustea lortzearren dagozkion zenbatekoak kenduko dira.
7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna izango du –kasuan kasu aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– eman dituen aurrerakin itzulgarriak berreskuratzeko.
21. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, diru-laguntzaren arauak onuradun izateko arauetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Halakoetan, Industriako sailburuordeak ebazpen bat emango du, onartutako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak berregokitzeko.
2.– Orobat, eta enpresak aurretik eskatu eta justifikatuz gero, laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzatu egin ahal izango du egin beharreko jarduerak burutzeko epea, baldin eta enpresak alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa. Itzulketak hasi aurretik gabealdiko urtearen abenduko 31ra arte iraun dezake aipatu luzapenak, ez luzaroago. Epe-luzatze horrek ez du ekarriko, baina, emandako aurrerakin itzulgarriaren zenbatekoa aldatzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.
22. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
2.– Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.
3.– Hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorkuntza bete eta justifikatzea.
4.– Inbertsioa gauzatzeko eta sortutako enpleguei eusteko epearen barruan igortzea organo kudeatzaileari eskatutako informazio osagarri oro, inbertsioak garatzeari eta gauzatzeari lotuta Administrazioak egoki irizten dien egiaztapenak egin ditzan.
5.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako diru-laguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
7.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.
8.– Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak diru-laguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.
9.– Bere egin beharko dituzte Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.
10.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea.
11.– Eman den diru-laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.
12.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein betebehar.