EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017109

23/2017 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Pasaiako Portu Agintzaritzaren Administrazio Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariek kargua uzteko eta beste batzuk izendatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700023
Xedapenaren data: 2017-05-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201702872
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/02/18an argitaratutako 2013/02/12ko 201300157 DEKRETUA

Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak interes orokorrekotzat jotako portuak arautzen ditu atariko tituluaren II. kapituluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, Bilbokoa eta Pasaiakoa sartzen ditu portu horien artean.
Estatuaren lurralde-antolaketa ikusita, eta interes orokorreko portuek bakoitzak bere autonomia-erkidegoan duten eragin ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, aipatutako legegintzako errege-dekretuak zenbait neurri ezarri ditu erkidegoek portu-agintaritzen antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten, agintaritza horiek baitira portuak zuzentzen dituzten organo publikoak.
Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 30.1 eta 30.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera:
«1.– Administrazio Kontseilua hurrengo kideek osatzen dute:
(...)
b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.
c) Gutxienez 10 eta gehienez 13 kide. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16rainokoa izango da kopuru hori. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopurua ezartzea, baita kideak izendatzea ere.
2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek aurreko paragrafoko c) letran aipatu diren kideak izendatuko dituzte hurrengo irizpideak errespetatuta:
a) Estatuko Administrazio Orokorra itsas kapitainak ez ezik, kide horietariko hiruk ere ordezkatuko dute, euretariko bat estatuko abokatua izango da, eta, beste bat, Estatuko Portuak erakunde publikokoa.
b) Kide horietako lauk eta presidenteak ordezkatuko dute autonomia-erkidegoa.
c) Kanariar uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.
d) Portuko zerbitzugunea hartzen duten udalerriek kontseiluaren gainerako kideen % 33ko ordezkaritza izango dute. Zerbitzugunea udalerri batean baino gehiagotan kokatuta egonez gero, ordezkaritza, lehenik, portu-agintaritzak administratutako portuari edo portuei izena emandako udalerriari edo udalerriei egokituko zaie; ondoren, gainerako udalerriei, zerbitzugunearen eraginpean duten azalerarekiko proportzioan.
e) Kontseiluko gainerako kideen gainerako % 66a honako hauen ordezkaritzari egokituta izendatuko dira: Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberei, enpresa- eta sindikatu-erakundeei, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoei.
Administrazio-kontseiluan ordezkatuta dauden administrazio publikoen eta erakunde nahiz antolakundeen proposamena kontuan hartuta egin beharko da, nahitaez, kideen izendapena. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, proposamen hori Estatuko Portuak erakunde publikoaren lehendakariak egingo du.
Administrazio-kontseiluko kideen izendapenek, 1. paragrafoko c) letran aipatutakoek, lau urteko iraupena izango dute, eta berriztatzeko aukera izango da, hurrengo paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Kontseiluko kideak kargutik kentzea autonomia-erkidegoko organo eskudunak erabakiko du, kide horiek ordezkatzen dituzten organizazio, antolakunde eta erakundeek hala proposatuta».
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Pasaiako Portu Agintzaritzaren Administrazio Kontseiluko kide honen izendapena berritzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garepen eta Azpiegitura Sailaren ordezkaria izan dadin:
– Antonio Aiz Salazar jauna.
2. artikulua.– Pasaiako Portu Agintzaritzaren Administrazio Kontseiluko kide honek kargua uztea, Euskal Autonomia Erkidegoko órgano eskudunak proposatuta:
– Nahikari Otermin Soroa andrea.
3. artikulua.– Pasaiako Portu Agintzaritzaren Administrazio Kontseiluko kide hau izendatzea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garepen eta Azpiegitura Sailaren ordezkaria izan dadin:
– Ignacio María Arriola López jauna.
AZKEN XEDAPENA
Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko presidenteari kideok berritu direla jakinarazten zaionetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.