EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017108

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren data: 2017-03-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201702845
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kulturaeskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) atalean aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora atereaz. Bestalde, artikulu horren f) zatian Institutuaren funtzioen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kulturaeragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da ondorengo itzulpen-jarduerak diruz laguntzeko prozedura finkatzea:
– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
2016ko urriak 24ko ebazpena eman zenetik 2018ko abenduaren 30a bitartean argitaratu diren edo argitaratuko diren itzulpenak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbatekoa hogeita hemeretzi mila (39.000) eurokoa izango da.
2.– Itzulpen lanak bakarrik ordainduko dira, ondoren zehaztutakoaren arabera:
a) Itzulgaiaren zailtasun maila oinarrizkoa denean, 0,011 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
b) Itzulgaiaren zailtasun maila apartekoa denean, 0,020 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
Balorazio-batzordeak erabakiko du zein testu den hizkuntzaren aldetik aparteko zailtasunekoa.
3. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.
1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 12. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortuta.
2.– Obra berak ez ditu jasoko hiru hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko laguntzarik urte bereko deialdian. Hiru eskaera baino gehiago izanez gero, puntuazio handiena duten hiru eskaerek jasoko dute diru-laguntza.
3.– Proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua honela egingo da: deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori) balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.
4.– Eskaera bakoitzak lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa zortzi mila (8.000) eurokoa izango da. Eskatzaile bakoitzak deialdi honetan lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa, aldiz, hamabi mila eta bostehun (12.500) eurokoa.
5.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, bere lanbide edo xedeen artean argitalpen- eta itzulpen-lanak dituena.
b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean, dagokion herrialdean beharrezkoa balitz.
Salbuespen gisa, baldintza hori ez dute bete beharko itzultzaileek, beraiek idatzitako lanaren itzulpena egingo badute.
2.– Laguntzaren eskaera egin duena itzultzailea edo editorea den kasuan, derrigorrezkoa izango da liburua argitara emango duen argitaletxearekin bi aldeek izenpetutako kontratua aurkeztea. Eskatzailea argitaletxea den kasuan, itzultzaileak eta argitaletxeak izenpetutako kontratua aurkeztu beharko da.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
– Erakunde mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak, fundazioak edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.
– Diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
– Buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11 eta 13.2 artikuluetan eta haren garapen araudiak oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
6. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
Pertsona edo erakunde interesdunak Nafarroakoak direnean zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtarigia aurkeztu beharko dute eta atzerrikoak direnean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten egiaztagiriak.
2.– Eskabidean jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe (Atzerriko eskatzaileen kasuan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko dira).
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Pertsona eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 24. artikuluetan eta haren garapen araudian, oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
EEIko teknikariei dagokie deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazioeskaerari erantzutera.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etatik 14:00 etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 8.4 atalean adierazitako helbidean.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 8.4 atalean adierazitako helbidean.
3.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dute.
4.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan daude eskuragai:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/literatura_itzulpenak/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke:
https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
8.– Jarduera bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
9.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
10.– Diruz lagundutako itzulpenak argitaratzeko gehieneko epea 2018ko abenduaren 30a izango da.
11.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Itzuli nahi den liburu edo testua Word formatuko euskarri informatikoan.
b) Itzulitako lagina: 15.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.
c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.
d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.
e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta. Kontratuak ordainduko den zenbatekoa adierazi beharko du..
f) Jatorrizko lana gaztelaniazkoa bada, egilearen errolda-agiria.
9. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileak 10 egun balioduneko izango du akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egitea galduko du. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
10. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:
a) Lehendakaria: EEIko Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.
b) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, aditu diren gizon-emakume eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio Batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.
11. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio Batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:
a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa: puntuazioaren % 30 arte.
b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.
c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15 arte.
d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua % 15 arte. Bereziki hartuko dira kontuan aurreko deialdietan diruz lagundutako lanak zabaltzeko egindako ekintzak.
e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den ale-kopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.
f) Lana jatorriz euskaraz idatzitakoa bada, itzulpena zuzenean jatorrizkotik abiatuta egindakoa izatea: % 10.
3.– Diru-laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da % 50eko puntuazioa lortzea. Alabaina, ataletakoren batean puntuazioa zero bada, ezingo da diru-laguntzarik lortu, nahiz eta % 50 horretara iritsi.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– EEIko zuzendariari dagokio Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpenproposamena aztertu eta ebazpena ematea.
2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat.
3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean argitaratuko da ebazpena. Epe hori argitaratu gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren ebazpena argitaratu eta ondorengo hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2018ko abenduaren 30a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.
3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egiterakoan EEIren logoa jartzea (EEIren webgunean egongo dena eskuragai) eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako diru-laguntza jaso duela, honako esaldiaren bidez: liburu honen itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza izan du. La traducción de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare, edo dagokion hizkuntzako itzulpena.
5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinaraziko dio EEIri edo «Nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da prozedura honi jarraituz:
% 75 onartutzat ematen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20012), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dute.
5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 8.4 artikuluan adierazitako helbidean.
6.– Bi hilabeteko epea izango da justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. 2018ko abenduan kaleratutakoen kasuan, hilabetekoa izango da epe hori.
7.– Justifikazioa egiteko honakoak aurkeztu beharko dira:
a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.
b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen bankuko ordainagiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.
c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du onuradunak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30 eta 31 artikuluetan eta haren garapen araudiak oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
15.– Likidazio-ebazpena.
Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako dirukopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da –. Diru-laguntza hauek «minimis» izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru-laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru-laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako «minimis» izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bidez, beti ere jasotako diru-laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honen harira jakinarazitako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira eta deialdian parte hartzeak esan nahi du eskatzailea horren jakitun dela, Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen ondorioetarako. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako, eta EIEk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako Lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusi, zuzendu edo ezabatzeko edo ez direla jarri nahi adierazteko, honako helbide honetara jo beharko da: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20.012 Donostia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2017ko martxoaren 27a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.