EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017108

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 24koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2017ko ekitaldirako lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak arautzen eta iragartzen dituena.

Xedapenaren data: 2017-05-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201702843
Maila: Agindua
XI. legealdiaren gobernu-programan jaso da Eusko Jaurlaritzak kalitateko turismo jasangarri bat sustatzeko duen konpromisoa, esperientzia-turismoaren alde eginez, Euskadi helmugan bidaiariak izan ditzakeen bizipenak bereizi eta horien balioa aitortzeko helburuarekin, beste administrazioekin eta sektoreko eragileekin lankidetzan eta elkarlanean kudeatuz.
Esparru horretan, Agindu honek kontuan hartzen du Europako Batzordeak beharrezkotzat jotzen duela zenbait erronkari erantzutea, honako hauei besteak beste: gaur egungo ekonomia- eta finantza-krisiari; demografia-aldaketei, alegia, 65 urtetik gorako herritarren hazkuntzari; mugikortasun murriztua duten turisten hazkundeari; kanpo-lehiari, non garatzeko bidean dauden herrialdeek gero eta turista-kopuru handiagoa erakartzen duten; jasangarritasun-beharrari, kontuan hartuta, batetik, helmugen kalitatea ingurune naturalaren, kulturalaren eta tokiko integrazioaren araberakoa dela, eta, bestetik, horrek lehiakortasunak epe luzera irautea bermatzen duela; turismoaren modalitate berezien eskariari; IKTen garapenari eta kontsumitzaileek horiez egiten duten erabilerari –gero eta handiagoa dela kontuan hartuta–, industria turistikorako eskari berriak sortuz; eskariaren kontzentrazioari udako hilabeteetan, etab.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2017rako diru-laguntzen plan estrategikoak, «Hazkunde turistiko sendoa, kalitateko enplegu gehiagorekin» ardatz estrategikoan, «jasangarritasuna» helburu estrategikoa jaso du. Bertan txertatzen da turismoko lurralde-proiektuak sustatzeko laguntza-lerroa, helburu hauekin: Euskadi helmuga turistiko bereizi eta jasangarri bezala sustatzea, oinarri bezala inguruaren errespetua eta kalitate-estandar altua hartuz. Horretarako, helburua da euskal berezitasuna bizimolde, bizipen edo esperientzia bezala indartuko duen turismo-eskaintza bat sustatzea eta garatzen laguntzea; produktu anitzeko helmuga turistikoak garatzea; eta udalerriekiko eta tokiko beste erakunde batzuekiko lankidetzan oinarritutako lurraldearen araberako turismo-eredu bat sustatzea.
Bestalde, «Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa 2020k» honela definitzen du Euskadiko Turismoaren ikuspegia 2020ko panoraman:
– «Euskadi helmuga berdingabea da bidaiarientzat. Euskadiren eskaintza inon aurkitu ezin diren bizitzeko modu, estilo, toki eta bizipen errepikaezinez elikatzen da.
– Euskadik bere lurralde eta herrien berezitasuna islatzen du herri bezala duen osotasun berdingabearen osagarri gisa eta, horren ondorioz, helmuga egituratu eta inteligentea osatzen du.
– Industria gisara, eragile publiko zein pribatuen helburua enplegua eta aberastasuna sortzea da, eta Euskadiko beste sektore batzuen jarduera ekonomikoa bultzatzen laguntzea».
Aurreko testuinguruarekin bat etortzeko eta kontuan hartuta indarrean dagoen marketin-plana garatzeko tresna gisa sortu dela, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak garatutako turismo-planak lehenetsita, laguntzen programa honen azken xedea da Euskadin turismoaren fluxua areagotzen laguntzea eta, horretarako, batez besteko egonaldia eta ostatu-gauen kopurua areagotzea, batez besteko gastua handitzea eta sektoreari lotutako enplegua sortzea, batez ere. Horretarako, honako helburu hauek ezartzen dira: Horretarako, honako helburu hauek ezartzen dira:
– Helburu orokorra: Euskadi helmuga bakar gisa finkatzea, nazioan eta nazioartean erreferentziazko helmuga turistiko gisa.
– Berariazko helburuak:
1.– Bizimodu, leku, paisaia eta bizipen bakarretan islatzen den euskal berezitasuna oinarri duen eskaintza turistikoa izatea eta helburu diren pertsonek halakotzat hartzea, kalitate-estandar altuekin.
2.– Produktu anitzeko turismo-helmugak garatzea, modu jasangarrian antolatuta eta honako helmuga turistiko hauen inguruan koordinatuta: Euskal Kostaldea, Euskadiko Barnealdea, Arabako Errioxa, Bilbo, Donostia, Gasteiz.
3.– Euskadi helmuga inteligente, jasangarri eta kalitatezko bezala finkatzea.
Helburu horiek lortzeko, agindu honek nahikoa aurrekontu-kreditu du, 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onesten dituen Legean (apirilaren 11ko 2/2017) ezarritakoaren arabera, eta zenbait eduki garatzen ditu:
Euskal berezitasunean eta helmugaren aniztasunean oinarritzen den produktu anitzeko turismo-eskaintza izateko konpromisoarekin lotuta, Agindu honetan jasotzen da turismo-produktuak sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko proiektuei laguntza ematea, baldin eta produktu horiek, ahal dela, indarrean dagoen Euskadiko Marketin Planean jasotakoekin bat badatoz. Produktu horietan, berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzen joan beharko dira fase guztietan; horrela, gero eta segmentatuago eta espezializatuago dauden merkatu eta profilei erantzun ahalko diete, bai eta gero eta sarriago izaten den «multiturista»ren presentziari, balio bakar eta bereiziko proposamenak izateko beharrari, bezero eta bidaiarien segmentuekiko harremanak sendotzeko eta fidelizatzeko beharrari edo harreman- eta komunikazio-bideak dibertsifikatzeko eta zabaltzeko beharrari ere.
Proiektu horiek Euskadi lurraldean dagoen balio bakarreko helmuga gisa ikusita garatu behar dira, lankidetza publiko eta pribatuaren esparruan antolatuta; bertan, gero eta parte-hartze pribatu handiagoak egon behar du, bai eta eskualdeen arteko lankidetza handiagoa ere, horien muga geografikoak gaindituz; horrela, produktu handinahiagoak eta eskariaren beharretara egokituak sortuko dira eta, aldi berean, Euskadin turismo-hazkuntza jasangarria gertatuko da.
Euskadi helmuga inteligente, jasangarri eta kalitatezko gisa sendotzeko konpromisoarekin lotuta, Agindu honetan turismo-helmugen lehiakortasuna hobetzen duten proiektuetarako laguntza jasotzen da; horretarako, horien balio-katea eratzen duten zerbitzu, baliabide eta enpresetan, kalitateko, berrikuntzako eta jasangarritasuneko jardunbide egokien programak ezarriko dira; titulartasun publikoko turismo-zerbitzu eta -baliabideen turismo-kalitatearen kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa ziurtatzeko sistemak ezarriko dira; eta helmuga eta enpresen jasangarritasuneko erreferentzialak ezarriko dira, helmugak kudeatuta.
Jada egin diren zein egiteko prozesuan dauden planei buruzko dokumentazioari eta informazioari dagokienez, Basquetour, S.A. agentziak (http://www.basquetour.eus/) emango die erakunde interesdunei informazio eta dokumentazio hori. Hala ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren webgunean (www.euskadi.eus/turismo) horri buruzko informazio laburtua dago eskura.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onestea, eranskinetan jasotzen diren baldintzen arabera, 2017 ekitaldirako, turismoko lurralde-proiektuak laguntzeko programaren oinarri arautzaileak eta deialdia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
2.– Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, diru-laguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta, prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
I. ERANSKINA
TURISMOKO LURRALDE PROIEKTUEI LAGUNTZEKO PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
Arau honen xedea da Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten proiektu turistikoak garatzen laguntzea, turismo-fluxu berriak sortuz eta dinamizatuz; eta horretarako diru-laguntzen deialdia egitea.
2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:
1.– Turismo-produktua: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi eta/edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berauetan.
2.– Eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako erakundeak): beren konstituzioan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak barne hartzen dituzten erakundeak dira, eta elementu giltzarria dira helmugako garapen turistikorako.
Eragile hauen helburua da modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka beren gain hartzea, horretarako mahai instituzionalak, turismoko mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak erabiliz.
3.– Hiriburuetan turismoa sustatzeko erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten erakunde publikoak.
4.– TOP baliabideak: izen hori ematen zaie 2014-2017rako Euskadiko Marketin Turistikoaren Planean identifikatutako Euskadiko proiekzio handieneko 10 baliabideei, parametro hauek kontuan hartuz: baliabidearen posizionamendua, kalitatea eta erabilgarritasuna; inpaktua eta nabarmentasuna; garrantzia, profila, bakartasuna eta inbertsioa. Baliabideak honako hauek dira:
– Bilbao.
– Donostia / San Sebastián.
– Vitoria-Gasteiz.
– Gernikako Arbola eta Batzar Etxea.
– Bizkaiko Zubia.
– Gaztelugatxeko Doniene.
– Urdaibaiko Biosferaren Erreserba.
– Balenciaga Museoa.
– Loiolako Santutegia.
– Guardia.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.291.429 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Onuradun izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatu hauek, baldin eta beren eskumen edo xedeen artean jarduera turistikoa sustatzea badago eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeraren batean ez badaude:
Tokiko alorrean jarduten duten erakunde publikoak (udaletxeak, tokiko erakunde autonomoak, tokiko enpresa-erakunde publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak).
a) hiriburuetakoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako tokietakoak.
Eskualde-mailan nahiz eskualdez gaindikoan jarduten duten erakundeak: koadrila eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapenerako elkarteak, turismoko partzuergoak, fundazioak eta beste erakunde eta elkarteak, hurrengo artikuluan bildutakoak izan ezik.
2.– Era berean, onuradun izaera lortzeko pertsona edo erakundeek bete egin beharko dituzte diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako baldintzak:
– Gizarte Segurantzako betebeharren ordainketa egunean edukitzea. Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.
– Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).
– Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.
3.– Onuradun izaera lortzeko debekurik ez daukatela justifikatu behar dute pertsona edo erakundeek, diru-laguntzaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan daude adierazita debeku horiek.
4.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena eman bada.
5. artikulua.– Baztertutako erakundeak.
Ezin daitezke laguntza-programa honetako onuradun izan enpresak, enpresa-elkarteak, erakunde sektorialak, kirol-erakundeak, irabazi-asmoa dutenak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren edo foru-aldundien mendeko edo horiekin lotutako sozietate publikoak, nortasun juridikoa dutenak.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagun daitezke proiektu-tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:
a) Helmugen erakarmena hobetuko duten lurralde-proiektu turistikoak. Programa horien ezaugarriak II. eranskinean zehaztu dira.
Diruz lagun daitezkeen jarduketen tipologiak:
• Turismo-eskaintzaren balioa nabarmentzeko jarduketak, II. eranskinaren 5.1, 5.2 eta 5.3 ataletan identifikatutakoak.
• Turismo-produktuak merkaturatzeko jarduketak, II. eranskinaren 5.4 atalean identifikatutakoak.
b) Berrikuntzaren bitartez helmugen kalitatea eta lehiakortasuna hobetuko eta turismo jasangarri eta arduratsua garatuko duten proiektuak. III. eranskinean jaso dira proiektu horien ezaugarriak:
• Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako helmugen lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.
• Turismoko establezimendu eta baliabideen kalitatearen kudeaketa, ingurumen-kudeaketa eta kudeaketa turistiko jasangarriaren erreferentziak ezartzeko proiektuak.
• Helmugako jasangarritasun-erreferentziak ezartzeko proiektuak.
2.– Jarduketak deialdiaren ekitaldian zehar egin behar dira, kalitatearen kudeaketa, ingurumen-kudeaketa eta jasangarritasunaren erreferentziak ezarri direla egiaztatzeko ziurtagiriak/egiaztagiriak lortzeko proiektuen kasuan izan ezin. Azken horien epea 2018ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
3.– Diru-laguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzetan.
7. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Emandako laguntzak diru-laguntza ez-itzulgarriak izango dira.
2.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute agindu honetan hautatuak izateko eskatzen dena betetzen duten eskabideek, proiektuak bat baldin badatoz aurreko artikuluan jasotzen diren diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen tipologiarekin.
3.– Diru-laguntzak emateko ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak ezarriko zaizkie diruz lagun daitezkeen proiektuei. II eta III. eranskinetan eta 8. artikuluan daude jasota horiek.
4.– Baldin eta programa honi esleitu zaion zuzkidura ekonomikoa txikiegia balitz eskabide guztiei aurreko puntuan aipatutako gehieneko zenbatekoak emateko, eskabide bakoitza baloratuko da, 9. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Irizpideen balioespenean eskuratutako puntuazioak batuta lortuko da eskaera bakoitzeko puntuazio osoa. Eskabideak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera, eta puntuazio altuena erdietsi duenak izango du lehentasuna.
5.– Laguntzak puntuazio horren arabera banatuko dira, aurreikusitako kreditua agortu arte. Baldin eta zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez balitz puntuazio berbera lortu duten eskabideei diru-laguntza emateko, horiek handienetik txikienera ordenatuko dira onartutako gastuaren arabera, eta gastu handienekoek izango dute lehentasuna. Baldin eta prozesuan puntuazio eta gastu onartu berbera duten eskabideak badaude, sarrera-dataren arabera ordenatuko dira, eta eskabidea lehenago egin zuenak izango du lehentasuna.
6.– Baldin eta zuzkidura ekonomikoa ez balitz nahikoa puntuazio gutxiena jaso duen eskabideari agindu honetan ezarritako gehieneko ehuneko eta zenbatekoen araberako diru-laguntza emateko, Batzordeak diru-laguntzaren ehuneko eta zenbateko txikiagoa proposatu ahal izango du, eskuragarri dagoen kredituaren arabera.
8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Diruz lagundutako jarduketa-tipologia bakoitzarentzako laguntzen zenbatekoak II. eta III. eranskinetan daude jasota.
2.– Erakunde batek langileak kontratatzeko jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza 35.000,00 eurokoa izango da, eta diru-laguntzak, guztira, ezin izango du inongo kasutan ere 66.500,00 eurotik gorakoa izan.
3.– Diruz lagun daitekeen gastu bezala hartuko da fakturatutako zenbateko guztia, zeharkako zergak barne, horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukerarik ez badago. Aukera hori egonez gero, ez dira diruz lagun daitezkeen gastu bezala onartuko.
4.– Diru-laguntza onartu ondoren erakundeari ematen zaizkion funtsen % 70i dagozkion benetako finantza-etekinak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko zaizkio. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako diru-laguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Atal hau ez da aplikatuko onuraduna administrazio publiko bat denean.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Eskabide guztientzako irizpide komunak:
1. irizpidea. Eskualdez gaindiko lankidetza. Lehentasuna emango zaio onuradunen arteko lankidetzari, deialdi honetan aurkeztutako proiektuak garatzeko, proiektu horiek onuradunen jarduera-esparruak gainditzen dituztenean. Gehieneko puntuazioa 10 puntu izango dira, honela banatuta:
– Erakunde eskatzaileak beste erakunde batzuekin batera modu koordinatuan gauzatzen dituen proiektuak, bere jarduera-esparrua gaindituz: 10 puntu.
– Beste erakunde batzuekin lankidetzan aritu gabe eskualde batean, eskualde gaindiko eremu batean edo hiru hiriburuetako batean gauzatzen diren proiektuak: 5 puntu.
– Toki-eremura mugatzen diren proiektuak: 3 puntu.
2. irizpidea. Lankidetza publiko/pribatua. Lehentasuna emango zaie beren konstituzioan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak barne hartzen dituzten erakunde onuradunei. Horretarako mahai instituzionalak edo politikoak erabil ditzakete, edo turismoko mahaiak. Proiektuak dagokien turismoko mahaian onartutakoak izango dira, eta onarpen hori dagokion aktan jaso beharko da. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honela banatuta:
– Turismo-lankidetzako erakundeek edo hiriburuetan turismoa sustatzeko erakundeek aurkeztutako proiektuak: 15 puntu.
– Gainerako toki-erakunde publikoek aurkeztutako proiektuak: 10.
– Gainerako erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuak: 5.
3. irizpidea. Ekimen pribatuaren inplikazioa. Ekimen pribatuak helmugan duen inplikazio-maila. Laguntzaren erakunde eskatzailearekin ekimen pribatuan parte hartzea eta lankidetzan jardutea balioetsiko da, helmugaren turismo-garapenean. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, eta honako atal hauen puntuak batuta lortuko da:
– Ekimen pribatuak kuoten bidez erakundearen finantziazioan duen parte-hartzea: 5 puntu.
– Erakundearen programak eta proiektuak kofinantzatuz duen parte-hartzea: 5 puntu.
– Erakunde onuradunak kudeatutako produktuaren klub bat existitzea: 5 puntu.
4. irizpidea. Berdintasuna. Erakundeek emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromisoa balioetsiko da. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango dira, eta erakundeko langileentzat berdintasun-plana daukala egiaztatzen duen erakunde eskatzaileari emango zaizkio, eta/edo Eusko Jaurlaritzaren emakume eta gizonen berdintasunerako erakunde laguntzailearen aitorpena duenari.
2.– Helmugen erakargarritasuna hobetzen duten proiektuen irizpide espezifikoak:
5. irizpidea. Helmugaren baldintzak. Helmugak turismo-fluxuak erakartzeko dituen baldintzak balioetsiko dira. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, eta azpiirizpide hauek batuz lortuko da:
– Turismoko ostatu-plazen eskaintzaren tamaina erakundearen jarduera-esparruan: 5 puntu gehienez ere, honela banatuta:
– 1 eta 1.000 plaza artean: 1 puntu.
– 1.001 eta 2.000 plaza artean: 3 puntu.
– 2.001 plaza baino gehiago: 5 puntu.
– TOP baliabideak izatea edo horiek edukitzea, eta horiek barne hartzen dituzten produktuak diseinatzea: 5 puntu.
– Erakunde eskatzailearen jarduera-esparruan kudeatzen diren Basquetourrek hautatutako esperientzien kopurua (ikus IV. eranskina): 5 puntu gehienez ere:
– Esperientzia bat: 1 puntu.
– Bi esperientzia: 3 puntu.
– Hiru esperientzia edo gehiago: 5 puntu.
6. irizpidea. Berrikuntza-maila. Baloratu egingo da proiektuen promozioa egiteko teknologia berritzaileak erabiltzea, turistekin elkarreragin handiagoa egiteko moduan. Gehieneko puntuazioa 10 puntu izango da, honela banatuta:
Sare sozialen erabilera (eskabidean deskribatu beharko dira identifikazioa eta kudeaketa): 5 puntu gehienez ere; eta 10 puntu gehienez ere horrez gain beste teknologia batzuk ere erabiltzen direnean promozioa egiteko.
7. irizpidea. Eskabidean jasotako proiektuen eta Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez sustatuko gidaplan eta produktu-planen arteko bateratasun-maila (II. eranskineko 3. atalean daude jasota). Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango dira, honela banatuta:
– Bateratasuna produktu-tipologia batekin: 1 puntu.
– Bateratasuna 2-3 produktu-tipologiarekin: 3 puntu.
– Bateratasuna 3tik gora tipologiarekin: 5 puntu.
8. irizpidea. Turismo-produktuen merkaturatze-maila. 5 puntu emango zaizkie erakundeei bidaia-agentzien bidez gutxienez deialdi honetan aurkeztutako produktu bat merkaturatzen ari badira eta/edo Basquetourren gidaritzapeko merkaturatzeko kanal eta ekintzetan presente badaude.
3.– Helmugen lehiakortasuna hobetzeko Basquetourrek sustatu eta kudeatutako proiektuetarako irizpide espezifikoak:
9. irizpidea. Aurreko ekitaldiko programen gauzatze-maila baloratuko da, kontuan izanik jardunbide egokien programetan izena eman zuten enpresetatik zenbatek amaitu zituzten prozesu horiek guztiak. Gehieneko puntuazioa 35 puntu izango dira, honela banatuta:
– % 75etik gorako eta % 100eko edo hortik beherako gauzatze-maila: 35 puntu.
– % 50etik gorako eta % 75eko edo hortik beherako gauzatze-maila: 25 puntu.
– % 25etik gorako eta % 50eko edo hortik beherako gauzatze-maila: 15 puntu.
– % 25eko edo hortik beherako gauzatze-maila: 10 puntu.
Basquetourrek sustatu eta kudeatutako jardunbide egokien programetan izena lehen aldiz eman duten erakundeek gehieneko puntuazioa lortuko dute.
4.– Turismoko establezimendu eta baliabideen kalitatearen kudeaketa, ingurumen-kudeaketa eta kudeaketa turistiko jasangarriaren erreferentziak ezartzeko proiektuentzako irizpide espezifikoak:
10. irizpidea. Aipatutako sistema egiaztagarriak eskuratzeko laguntza eskatzen duten erakundeak lehenetsiko dira. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango da, honela banatuta:
– Ziurtagiria/egiaztagiria lortzea: 5 puntu.
– Ziurtagiria/egiaztagiria berritzea: 3 puntu.
5.– Helmugan jasangarritasun-erreferentziak ezartzeko proiektuentzako irizpide espezifikoak:
11. irizpidea. 5 puntu emango zaizkie aipatutako sistema egiaztagarriak eskuratzeko laguntza eskatzen duten erakundeei.
6.– Irizpide guztiak baloratuko dira kontuan izanik, alde batetik, erakundeek eskabidean horiei buruz aurkezten duten justifikazioaren egokitasuna eta baliagarritasuna eta, bestetik, proiektu bakoitzaren ezaugarriak, erakunde desberdinek aurkezten dituzten antzeko proiektuei antzeko puntuazioa emanez.
Irizpideak ez dira baloratuko, horientzat agindu honen 13.2.b) artikuluan zehaztutako hautazko dokumentazioa aurkezten ez bada.
7.– Baldin eta hainbat erakundek eskabideak aurkeztuko balituzte helmuga edo espazio turistiko berean antzeko proiektu ez-osagarriak gauzatzeko, eta horien garapena alderdi eskatzaileen artean adostu gabe balego, balorazio-irizpideak aplikatuta puntuazio altuena lortzen duten erakundeak aurkeztutako proiektuaren alde egingo da.
10. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, xede berberarekin Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak kudeatutako hitzarmen edo aginduen bidez egiten direnekin izan ezik.
2.– Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako zenbatekoak, bere horretan edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako beste diru-laguntza batzuekin batera, eta jarduketa eta/edo inbertsio berberetarako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera, ez du gaindituko laguntza emateko arrazoia den jarduketaren kostua. Horrelako kasuetan, mugaren gainetik geratzen den zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.
11. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
Agindu honetan jasotako arauketarekin bat ematen diren laguntzetarako, Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo SA honako zereginak bere gain hartuko dituen erakunde laguntzaile izendatzen da:
1.– Eskabideak aurkezteko fasean, informazioa ematea beren jarduera-esparruetan SICTED, IKT eta Europako Ekoetiketa programak ezarriko dituzten erakundeei buruz, eta jakinaraztea horietan izena eman duten enpresen kopurua.
2.– Laguntza justifikatzeko fasean, aipatutako programa horien gauzatzeari buruzko informazioa ematea, bai eta ICTE Espainiako Turismo Kalitatearen Erakundearen Turismo Kalitatearen Q markaren ziurtagiria eskuratu edo berritu duten erakundeen ingurukoa ere.
12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Erakundeek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide hauen bitartez:
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/es/ (gaztelaniaz)
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/eu/ (euskaraz)
3.– Izapideak egiteko zehaztasunak eta eskabideak, erantzukizun-aitorpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri; hala ere, horien edukia V. eranskinean dago.
4.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
6.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira 6. artikuluan zerrendatutako diruz lagun daitezkeen jarduketa guztiak. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balitu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio eta, egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, gainerako guztiak artxibatuz.
7.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura ezagunaz gain, datorren artikuluak aipatzen duen dokumentazioa gaineratuko du, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren aurkezpena aurkezteko epetzat hartuko da.
8.– Ordezkaritza eman ahal izango zaio bete pertsona bati bide elektronikoen bidez jardun dezan agindu honekin lotutako prozedura guztietan. Horretarako, laguntza-eskabidea formalizatu aurretik, dokumentu honi atxikitzen zaion formularioa (VI. eranskina: «tramitazio telematikorako egiaztapena») bete eta aurkeztu beharko da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-bulegoetan, egoitza elektronikoan adierazitako moduan:
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/es/ (gaztelaniaz)
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/eu/ (euskaraz)
9.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
13. artikulua.– Eskabideen eta aurkeztu beharreko gainerako agirien edukia.
1.– Honako hau izango du eskaerak:
– Erakundearen datu orokorrak.
– Proiektuak aztertzeko eta diru-laguntzak kalkulatzeko beharrezko informazioa.
– Balorazio-irizpideak haztatzeko beharrezko informazioa.
2.– Laguntza-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizun-adierazpena, erakundearen legezko ordezkariak sinatuta. Aipatutako informazioa honako hau da:
– Erakundearen zuzendaritza- edo ordezkaritza-organoa osatzen duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera banatuta.
– Erakundearen organo eskudunak erabaki duela jarduketak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren bezala onestea eta finantzazio-konpromisoa onartzea diruz lagundu ezin daitekeen zatiarentzat.
– Proiektu berbererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuengandik jaso dituen laguntzak.
– Ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Erakundearen kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen, edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntza batzuen esparruan.
– Hala badagokio, erakundeak ordainduta dituela diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.
– Erakundeak ez duela armarik ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren Legean (abenduaren 28ko 14/2007) zehaztutakoa betez.
– Agindu honen bidez emandako zenbatekoak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako beste diru-laguntza batzuekin batera, diru-laguntza emateko xede den jarduketaren kostua baino altuagoa bada, eskatzaileak konpromisoa adierazten duela egoera horren berri emateko.
– Erakundeak, diru-laguntza jasotzen badu, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legeak administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzeko konpromisoa hartzen duela.
– Erakundea ez dagoela laguntza-programa honen onuradun izateko diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietako egoeretan.
Pertsona eskatzaileak lehen adierazitako erantzukizunpeko aitorpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraiki.
b) Eskabideekin batera, gainera, proiektuaren tipologiaren arabera, fitxategi elektronikoak aurkeztu beharko dira. Horietan, jarraian zehazten diren agiriak edo horien kopia digitalizatuak egongo dira:
Nahitaezkoak:
Diru-laguntzaren xede den proiektuaren tipologia ez badator bat turismoaren arloko sailburuordetza eskudunak Basquetourren bidez garatzen dituenekin, erakunde eskatzaileak horretarako egindako produktuaren plana aurkeztu beharko da, eta horrek agindu honen II. eranskinaren 4. atalean jasotako gutxieneko edukiak izan beharko ditu.
Hautazkoak:
– Hala badagokio, memoria gehigarria edo/eta eskabidean jasotakoaren osagarria den informazioa eta dokumentazioa (ez ordezkatzailea), proiektuaren ulermena hobetzen duena. Azalpenezko memoria zehatza, hau da, diru-laguntzen xede diren proiektuei buruzko informazioa nahitaez laburbildu beharko da eskabidean horretarako aurreikusi diren ataletan.
– Beren jarduera-esparruak gainditzen dituen proiektu bateratu baterako laguntza eskatzen duten erakundeek behar bezala formalizatutako dokumentu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adieraziko da parte-hartzaile horiek aurkeztu den proiektua gauzatzeko egin duten lankidetza-akordioa, baita aipatutako proiektuaren aurrekontu xehatua eta alderdi bakoitzak aurrekontuari dagokionez duen parte-hartzea ere. Hori eskabidean betetako informaziora egokitu beharko da (1. balorazio-irizpidea).
– Diru-laguntzaren eskabidean aurkezten diren proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituzten turismoko mahaietako akten kopiak (2. balorazio-irizpidea).
– Ekimen pribatuaren inplikazioa egiaztatzen duten agiriak (3. balorazio-irizpidea).
– Erakundeak indarrean duen emakumeen eta gizonen berdintasunerako planaren kopia (4. balorazio-irizpidea).
– Produktuak merkaturatzeko bidaia-agentziekin sinatutako akordioak egiaztatzeko agiriak (8. balorazio-irizpidea).
3.– Ez da nahitaezkoa izango edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, betiere erakunde interesdunak eskabidean horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu. Era berean, ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik edozein administrazioren aurrean aurkeztu dituzten dokumentuak aurkeztea, betiere adierazten badute noiz eta zer administraziotan aurkeztu zituzten. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez duen bitartean. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiaztatzeko.
4.– Eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ziurtagiri telematikoak zuzenean eskatuta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakekikoak bete egiten direla egiaztatzeko. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak uko egin diezaioke baimen hori emateari, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Edonola ere, betebehar horiek bete diren egiaztatu egingo da, diru-laguntza eman aurretik, eta, ordainketak diru-laguntza eman osteko ekitaldietan egin behar badira, diru-laguntza eman denetik hiru hilabete baino gehiago igaro direnean, hurrengo ekitaldietan egingo diren lehenengo ordainketa-proposamenen aurretik egiaztatuko da betebehar horiek bete direla.
5.– Era berean ez da beharrezkoa izango aurkeztea Basquetourrek eman dezakeen dokumentazioa, hots, Espainiako Turismoko Kalitateko «Q» marka lortu edo berritu dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baita erakunde horrek garatutako jardunbide egokien programaren bat gainditu duten erakundeen zerrendak ere.
6.– Edonola ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta/edo informazio guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Bestalde, arau honetan espresuki xedatu ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) ezarritakoa aplikatuko da. Onuradun izaera lortzeko debekurik ez daukala diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.7 artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuko du erakundeak.
14. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.
1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismoaren arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo beharreko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
15. artikulua.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa.
1.– Saileko Turismoaren arloko teknikariek epe barruan aurkeztutako eskabideen analisia egingo dute, eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Eskabide guztiak behar bezala ulertu eta ebaluatzeko, behar adina agiri eta/edo informazio eskatu ahal izango diote erakunde eskatzaileari zein Basquetourri.
2.– Jarraian, aurreko atalean aipatutako teknikariek eskabide bakoitzari buruzko txosten tekniko bat bidaliko dio horretarako sortzen den batzordeari. Bertan, agindu honetan zehaztutako baldintzak betetzen direla aztertzeaz gain, 9. artikuluko balorazio-irizpideak aplikatu aurreko diru-laguntza teorikoaren zenbatekoa kalkulatuko da. Kalkulatutako diru-laguntza dezimalik gabe emango da, zenbatekoa hurrengo zenbaki osora borobilduz.
Era berean, eta batzordearen lana erraztearren, irizpide objektiboen hasierako haztapen bat txertatuko zaio txosten horri, beharrezkoa denean.
3.– Aurkeztutako eskabideak alderatzeko Ebaluazio Batzorde bat sortuko da, aipatutako artikuluan aurrez ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuz lehentasun-hurrenkera bat eratzeko, zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez denean. Batzorde horrek Turismoaren arloko eskumena duen zuzendariari diru-laguntzak emateko dagokion proposamena helaraziko dio, honako hauek aipatuz: erakunde onuradunen identifikazioa, finantzatutako proiektuak, eman beharreko zenbatekoak edo, hala badagokio, diru-laguntzarik ez emateko arrazoiak.
Batzordeko kide izango dira Basquetourreko lehiakortasunaren, produktuen eta marketinaren arduradunak eta Sailaren Turismoaren arloko beste bost lagun; horietako bat batzordeburua izango da, eta beste batek idazkari jardungo du eta ez du bozkatzeko eskubiderik izango. Titularrak kanpoan badira, ordezkoak izendatu ahalko dira. Aipatutako batzordea honela egongo da osatuta:
Batzordeburua: Carlos Izaguirre San Emeterio; ordezkoa: M.ª Teresa Lezana Pérez.
Batzordekidea/idazkaria: Cristina Madinabeitia Olariaga; ordezkoa: Ana Sarriegi Fortun.
Batzordekideak: Gema Etxenike Jaureguibeitia, ordezko batzordekidea: Inés Pérez Citores; Miren Josune Etxebeste Hernandorena, ordezko batzordekidea: Amaia Agirre Gogorza; Ana Isabel Lekue Gallano, ordezko batzordekidea: Ana Abel Aguilera Iturbe-Ormaetxe; Eider Albizu Zenikazelaia, ordezko batzordekidea: Idurre Ostoloza Gárate; Maixabel Azpillaga Aranbarri, ordezko batzordekidea: Marta Inza Álvarez; Lander Imaz Goiri, ordezko batzordekidea: Iker Urcelay Cristóbal.
4.– Erabakiak hartzeko batzordeak oinarri arautzaile hauetan xedatutakoa errespetatuko du, bai eta ordenamendu juridikoan oro har xedatutakoa ere; erabakiak bozketa bidez hartuko dira. Batzordearen funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusten ez den guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren (urriaren 1eko 40/2015) Legearen atariko tituluaren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoa aplikatuko da.
16. artikulua.– Laguntzak ematea.
1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak du eskumena erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ebazpen horretan jasoko dira: erakunde onuradunen identifikazioa, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Turismo eta Merkataritza Sailburuodetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/
Epe hori igarotzen bada ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, erakunde interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, organo eskudunak ebazpena espresuki emateko duen betebeharraren kalterik gabe.
2.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio banan-banan bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3.– Arau honen bidez araututako diru-laguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, dagokionean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
1.– Diru-laguntzaren ordainketa Turismoaren arloan eskumena duen zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da, honela: diru-laguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren edo, dagokionean, agindu honen 20.1 artikuluan zehaztutako epea diru-laguntzari espresuki uko egin gabe igarotzen denean; eta gainerako % 30 egindako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.
Laguntza onartzeak ez du esan nahi erakunde onuraduna diru-laguntzak emateko ebazpenaren edukiarekin ados dagoenik, ez eta ebazpen horren kontrako errekurtsorik aurkeztu ezin dezakeenik ere.
2.– Bankuko datuak edo pertsona edo erakunde onuradunaren izen soziala aurretik eman ez denean edo aldatu nahi denean bakarrik izango da nahitaezkoa informazio hori ematea «hirugarrenen erregistro telematikoa» izeneko kanal telematikoaren bidez, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako eredu eta prozeduraren bidez (http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/).
3.– Egindako gastutzat joko dira 18. artikuluan xedatutako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu diren guztiak.
18. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Erakunde onuradunak frogatu beharko du, baliabide telematikoen bidez, bete egin duela diru-laguntzaren xede zen helburua. Justifikazio hori egiteko epea 2018ko urtarrilaren 31n amaituko da, kalitatearen kudeaketa, ingurumen-kudeaketa eta kudeaketa jasangarriaren erreferentziak ezarri direla egiaztatzeko ziurtagiriak/egiaztagiriak lortzeko proiektuen kasuan izan ezik. Azken horien epea 2019ko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Aurreko hori gorabehera, diru-laguntza emateko ebazpena eta horren jakinarazpena 2017ko abenduaren 31 baino beranduago egiten badu Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak, ebazpen horretan bertan zehaztuko da justifikazioa egiteko epe bat, mugaegun atzeratuarekin. Horrek, gutxienez, hilabetekoa izan beharko du, jakinarazpena jasotzen denetik.
2.– Ondoren adierazten den egoitza elektronikoaren bidez baino ezingo dira justifikazioaren datuak lortu eta bete: http: /www.euskadi.eus/nirekudeaketak/, eta, behintzat, honako agiri hauek jasoko dira bertan:
– Egindako jardueren memoria edo txostena, proiektuaren betetze-maila adieraziz.
– Diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
– Fakturen koadroa; bertan, zenbakituta eta diruz lagundutako zein jarduketari dagozkion adierazita agertuko dira fakturak, eta informazio hau emango da haietako bakoitzari buruz: Erakundearen edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala, faktura emateko data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagun badaiteke) eta ordainketa-eguna. Behar bezala konformatutako fakturak baino ez dira onartuko, eta betiere horien gastu-kontzeptuek, laguntzaren xedearekin berariaz lotuta egonik, diruz lagun daitezkeen kontzeptuak argi eta garbi azaltzen badituzte, agindu honetan jasotzen denaren arabera. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatu eta emandako ereduaren arabera beteko da:
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/es/ (gaztelaniaz).
Http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/eu/ (euskaraz)
– Behin betiko fakturak; horiek lehen aipatutako fakturen koadroarekin bat egin beharko dute. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), ordainagirien ordez, posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, etab), betiere zenbateko hori emandako diru-laguntzaren % 10 baino txikiagoa bada. Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
– Fakturak ordaindu izanaren egiaztagiriak.
– Lan-kontratua eta nominak, diru-laguntza kualifikatutako langileak zuzenean kontratatzeko eman bada.
– ISO araudiaren araberako, EFQM, EMAS, edo Karbono-aztarna eta Energia Ikuskaritza Integralaren eta/edo turismo-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria/egiaztapena lortu edo berritzeko diru-laguntza eskatu dutenek bete izana egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
– Promoziorako materiala egiteko diru-laguntza eskatu dutenek aurkeztu beharko dute sortutako material bakoitzaren ale bat edo interneteko sarbidea, materiala interneten argitaratu bada.
– Dagokionean, bankuko dokumentu bat, diru-laguntzaren % 70eko aurrerakinak ordaindu zenetik diru-laguntzaren justifikazio aurkezteko egunera arte sortu dituen benetako finantza-etekinak adieraziz.
3.– Fakturen koadroetan, eskabidea aurkezten deneko ekitaldiari dagozkionak onartuko dira, bai eta 6. artikuluan horretarako xedatutako epeetan egindako jarduketei dagozkienak ere. Fakturak justifikazio-epea amaitu baino lehen ordaindu beharko dira.
4.– Diru-laguntzak ordaindu aurreko likidazio-fasean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismoaren arloko teknikariek aukera izango dute erantzunkizunpeko adierazpenean eta fakturen koadroetan jasotako datuak egiaztatzeko, bai eta diruz lagundutako proiektua benetan arau honetan xedatutakoaren arabera gauzatu dela egiaztatzeko ere, aurkeztutako agiriak aztertuta eta/edo ikuskaritza-bisita eginda. Era berean, justifikazioa behar bezala aztertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.
5.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, aurreko lerrokadan aipatutako teknikariek txosten bat emango dute eta turismoaren arloan eskumena duen zuzendariari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko da.
Zentzu horretan, diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzazio-ehuneko aplikatuko zaio erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen II. eta III. eranskinetan eta 8. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak. Inongo kasutan ezin izango da diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa gainditu.
6.– Alabaina, aurreko 4. atalean aipatutako teknikariek ez balituzte diru-laguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartuko eta horrek emandako diru-laguntza gutxitzea eragingo balu, turismoaren arloan eskumena duen zuzendariari diru-laguntzaren likidazioa proposatu aurretik, entzunaldia emango zaio erakunde interesdunari, hamabost egunekoa, aurkeztutako agirietako akatsak konpon ditzan, hala badagokio.
19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du turismoaren arloko eskumena duen zuzendariak, eta bertan emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.
20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Emandako diru-laguntza horren xede den helbururako erabiltzea, aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatzekoa denean izan ezik. Horretaz gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jardunak bete dituela justifikatu beharko dute, Agindu honetan eta laguntzaren emakida-ebazpenean xedatutakoari jarraiki.
3.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, diru-laguntza justifikatzeko agiriekin batera.
4.– Diru-laguntza emateko edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.
5.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez eskatzen dion informazio oro ematea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
6.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten agiriak eta fakturak, agiri elektronikoan barne, gutxienez bost urtez gordetzea, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak horiek egiaztatu edo kontrolatzeko beharra izan dezake.
7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
– Hezkuntza, promozio eta marketinerako euskarriek, beren formatua eta hedatzeko modua edozein delarik ere, marka turistikoa erakutsi beharko dute, horri buruzko eskuliburuan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako promozio-ekintzetan erakunde onuradunaren, helmugaren edo produktuaren klubaren logotipoa erabiltzen ez bada.
– Gainera, dagokionean, webgunean Euskadiko turismoaren webgune ofizialaren (www.euskaditurismo.eus) banner bat jarri beharko da.
8.– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako jarduketa argitaratzeko, iragartzeko eta publizitatea egiteko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, horien hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak badira, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista eginez. Aldi berean, pertsona fisiko eta juridikoak diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.
9.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako legeak (otsailaren 18ko 4/2005) 2.3 artikuluan administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Honako printzipio hauek araututa jarduteko beharra: tratu-berdintasuna, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetua; estatistika eta azterketen egokitzapena; hizkuntzaren erabilera ez-sexista edozein euskarritan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua.
10.– Baldin eta erakunde onuradunek egiten dituzten kontratuen diruz lagun daitekeen gastua 50.000 eurotik gorakoa bada, obra egiteko kostuen kasuan, edo 18.000 eurotiko gorakoa bada, ekipamenduen horniduraren edo kontsultoria edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, erakunde onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziak direla eta merkatuan horiek eskaintzen dituzten nahikoa erakunde ez badago, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egin bada.
11.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egokitzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egiteko prestutasuna adieraztea; horiek diruz lagundutako jardueren garapen eta gauzatzeari buruzkoak izan daitezke, eta erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eska dakizkiekeen justifikatzeko agiri guztiekin batera.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoaz gain, arau honetan eta aplikatzeko gainerako arauetan jasotako baldintzak, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea eman eta gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du bai eta, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzak eta berandutza-interesak itzultzeko betebeharra ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko dekretuan (abenduaren 17ko 698/1991) eta lehen aipaturiko Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoaren arabera eta egoki izan litezkeen gainerako ekintzen kalterik gabe. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
2.– Ez-betetzea eragingo duen arrazoi bat da emandako diru-laguntzaren gauzatze-maila % 25ekoa edo hortik beherakoa izatea.
3.– Turismoaren arloan eskumena duen zuzendariari dagokio ez-betetze espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetze espediente hori egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/
4.– Prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
22. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren (abenduaren 13ko 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko), deialdiak bideratzerakoan jasotako datu pertsonalak (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta) fitxategi batzuetan sartuko dira, horien helburua izanik diru-laguntzen deialdiak kudeatzea, bai eta horietan parte hartzen duten pertsonei horren garapenaren berri ematea ere. Fitxategi horien arduraduna turismoaren arloko eskumena duen zuzendaria da. Datuak ikusi, zuzendu, indargabetu eta horiei aurka egiteko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean gauzatu daitezke, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
II. ERANSKINA
TURISMOKO LURRALDE-PROIEKTUAK, HELMUGEN ERAKARGARRITASUNA HOBETZEN DUTENAK
1.– Eranskin honetan zehaztutako laguntzen onuradun izan ahalko dira agindu honen 4.1.a) eta 4.2 artikuluetan zerrendatutako erakundeak, bai eta eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeetako kide ez diren 4.1.b) artikuluan aipatutako toki-erakundeak, baldin eta horiek ez badira existitzen edo ez badira eratu beren esparru geografikoan, betiere toki-erakunde horiek turismo-bulegoen edo informazio-puntu turistikoen titularrak badira, horiek Itourbask Euskadiko Turismo Bulegoen sarekoak badira eta urte guztian irekita badaude.
2.– Atal honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: produktu anitzeko helmugak sortzea; turismo-eskaintza sendotzea eta bereiztea, balio erantsi handiagoa emanez; eta turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea, horrela turismo-kontsumoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen badute eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen badute. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, ea berariaz merkaturatzean; eta konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko elkarreragina ahalbidetzeko.
3.– Lehentasuna izango dute diru-laguntza jasotzerakoan Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez sustatutako gidaplanen eta turismo-produktuen arabera egiten diren jarduketak dituzten proiektuek; zehazkiago, honako hauek:
3.1.– Turismo gastronomikoa: Turismo enogastronomikoa sustatzeko planaren araberako proiektuak baino ez dira kontuan hartuko, «Euskadi Gastronomika» produktuaren klubaren testuinguruan garatutakoak.
3.2.– Naturarekin lotutako turismoa: honako kategoria hauetan bildutako turismo-produktuei dagozkien proiektuak baino ez dira kontuan hartuko:
3.2.1.– Turismo aktiboa naturan.
– Euskadiko BTT zentroak: Urdaibai, Debabarrena, Izki, Arabako ibarrak, Tolosaldea, Arabako lautada eta Durangaldea.
– Euskadiko bide berdeak: Burdin mendiak, Vasco Navarro trenbidea, Bidasoa, Plazaola-Leitzaran, Urola, Arrazola, Mutiloa-Ormaiztegi, Arditurri eta Atxuri.
– Euskadiko bidezidorrak: GR-283 Gaztaren Ibilbidea, GR-38 Ardoaren eta Arrainen Ibilbidea.
– Basque trail. Erakunde arteko esperientzia pilotua, motorrik gabe mugitzea dakarten kirolen inguruko kirol-praktikara eta turismo aktibora bideratutako berariazko zerbitzuak sarean egokitu eta elkartzeko, EAEn kokatuta eta kanpoko aldearekin konektatuta. Proiektu pilotua Arabako lautadan eta Arabako Errioxan egiten ari da.
3.2.2.– Ekoturismoa:
Birding Euskadi, txoriak ikusteko 10 eremu.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserba.
Parke naturalak:
Euskal Kostaldeko Geoparkea.
3.3.– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuak baino ez dira jasoko.
3.4.– Kultura-turismoa.
Done Jakue Bidea Euskadin.
Ignaziotar Bidea Euskadin (Ignaziotar Lurraldea produktuaren barruan Gipuzkoan sartutako ekintzak barne).
3.5.– Kostako turismoa: Euskal Kostaldearen Gidaplaneko eragiketa-planari dagozkion eta ezarritako lan-mahai edo -foroetan onartuz joaten diren ekintza guztiak jasoko dira; hala ere, produktu hauei lotutakoek izango dute lehentasuna:
Surfing Euskadi: Surfing Euskadi produktu-klubari atxikitako enpresei dagozkien helmugak badira eta proiektua klubaren ekintza-lerroen parte bada.
Ur Turismoa: urarekin kontaktuan egiten diren jolas-jarduera guztiekin zerikusia duena.
Itsas ondare material eta immaterialari, arrantzari, eta haren industria osagarriei lotutako Itsas Kultura.
3.6.– Familia-turismoa.
3.7.– Esperientzia-programa: IV. eranskinean zerrendatutako esperientzia ofizialei dagozkien ekintza guztiak.
4.– Halaber, aurreko atalean identifikatu ez diren planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu-mota batzuk sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, Produktuaren Planean justifikatuko dira. Planak honako atal hauek jaso beharko ditu, behintzat:
– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren analisia eta AMIA diagnostikoa identifikatzea).
– Planaren helburuen identifikazioa.
– Turismo-produktuaren definizioa eta ezaugarriak.
– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).
– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, etab.).
– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.
5.– Diruz lagundu ahalko dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduerak egiteko behar diren gastuak:
1) Plangintza eta kudeaketa:
– Proiektuak gauzatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko baliabideak. Diruz lagundu ahalko da prestakuntza egokia duten langileak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez–, baldin eta helburua proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea bada. Onartuko dira, halaber, erakundea estatuko eta nazioarteko sareetako kide izateari dagozkion gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak.
2) Produktua sortzea:
– Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, etab.
– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagundu ahalko dira bidaia-gastuak, ostatuari eta garraioari dagozkienak.
– Proiektua abiaraztea. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eskariaren jokamoldearen azterlanei buruzkoak (IBILTUR estatistika-operazioaren planteamendu metodologikoaren arabera), bai horiek eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei eta zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.
– Kanpoko sentsibilizaziorako ekintzak, foroak, jardunaldiak eta aurkezpenak. Diruz lagundu ahal izango dira ekintza horiek abiaraztearen ondoriozko gastuak, euskarrien garapenari, espazioen alokairuari, materialaren garapenari, zabalkundeari, hizlariei eta abarri dagokienez.
– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua, etab.
3) Sustapena:
– Interes handiko ekitaldiak sortzea edo martxan jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere.
– Proiektuarekin zuzenean lotuta dauden web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak, etab.).
– Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.
– Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara –fisikoa edo digitala– egokitzea. Gainera, zehazki, produktu-klubei lotutako helmugetarako (Euskadi Gastronomika eta Surfing Euskadi), produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, Basquetourrek BTT zentroei, bide berdeei (Burdin mendiak, Vasco Navarro, Urola, Arditurri, Bidasoa, Plazaola Leitzaran), ibilbideei (GR-38 eta 283) eta geoparkeei buruz egindako euskarrien inprimatzeen ondoriozko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.
Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: Diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak. Ez dira diruz lagunduko Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.
– Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» delakoak eta kaleko ekintzak.
4) Merkaturatzea:
– Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea: besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak, etab.
– Lineako merkataritza-estrategiak.
6.– Turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da honako eremu hauetan:
– Euskal Autonomia Erkidegoan, mugakide diren probintzietan eta Iparraldean (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea), erakunde onuradunek beren kabuz edo beste batzuekin lankidetzan egiten dituzten jarduketetarako.
– Estatuan eta nazioartean, batez ere Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian, hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoaren erakunde sustatzaileek egiten dituzten jarduketetarako baino ez.
7.– Produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika honako hau izango da:
– Erakunde onuradunen logotipoa duten markak «Euskadi Basque Country» markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.
– «Euskadi Basque Country» logotipoa duen markak erakunde onuradunaren logotipoa duen markaren garrantzi bera edo handiagoa izango du, hierarkian.
– Aurrekoa gorabehera, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.
8.– Gastu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
– Inbertsio-gastuak.
– Informatikako ekipamendua erostea.
– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); Internetera sartzeko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuk. Diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzen duten frogak aurkezten ez badira.
– Erakunde eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak.
– Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik, baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.
– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.
– Webgunearen erregistrorako, mantentzerako eta ostaturako (hosting) gastuak.
9.– Laguntzen zenbatekoa:
Onartutako gastuaren % 50, gehienez erakunde bakoitzeko 66.500 euro arte, hiriburuez besteko toki-erakundeen kasuan izan ezik, kasu horretan 15.000 eurokoa izango baita, kontuan hartuta langileak kontratatzeko erakunde batek gehienez jaso dezakeen zenbatekoa –laguntza teknikoaren edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez– ezingo dela izan 25.000 eurotik gorakoa.
III. ERANSKINA
BERRIKUNTZAREN BIDEZ ETA TURISMO JASANGARRIA ETA ARDURATSUA GARATUZ, HELMUGEN KALITATEA ETA LEHIAKORTASUNA HOBETUKO DUTEN PROIEKTUAK
1.– Agindu honen 4. artikuluan zerrendatutako erakunde onuradunek eskuratu ahal izango dituzte atal honetan aurreikusitako laguntzak.
2.– Helmugen lehiakortasuna hobetzeko Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako proiektuak.
2.1.– Erakunde onuradunei helmugen enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna hobetzeko Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako honako programa hauek antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie:
a) Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien Programa, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integralaren (SICTED) ereduarekin loturikoa. Turismo-helmugen kudeaketa integralaren eredua ezartzeko programa, helmugan erakunde-egitura egonkorra sortuz, jardunbide egokien eskuliburuak ezarriz eta aginte-koadroa kudeatuz. Hauek dira erakundearen helburu nagusiak:
– Turismoaren sektorea profesionalizatzea, negozioaren kudeaketa hobetuz, bai eta ematen den zerbitzua ere (bezeroaren gogobetetasuna).
– Helmugako kontzientzia garatzea eta, horretarako, erakunde-egiturak sortzea bertan.
b) IKTen erabilerarako Jardunbide Egokien Programa. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera hobetzeko programa euskal turismo-sektoreko enpresetan, sentsibilizazioaren eta laguntza integratuaren bidez. Hauek dira erakundearen helburu nagusiak:
– Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, IKTen erabileraren bidez.
– Teknologia sartzeko oztopoak kentzea.
– Sektoreko enpresetan teknologia-jardunbide egokiak sustatzea.
– Enpresei hobekuntza-prozesuetan laguntzea.
– Turismo-helmugaren gaineko kontzientzia sortzea, etengabeko hobekuntzarako.
c) Europako Ekoetiketaren programa. Europako eredua ezartzeko programa (bertan, irizpide ekologikoak ezartzen dira), euskal turismoaren sektoreko enpresetan ingurumena babesten duten produktu edo zerbitzuak sustatzeko. Produktuak edo zerbitzuak bizitza-zikloan ingurumenean duen eraginari buruzko benetako informazioa ematen du, eta, beraz, kontsumitzaileek ingurumenean eragin txikiagoa duten produktuak eta zerbitzuak aukera ditzakete. Helburu nagusiak honako hauek dira. Hauek dira erakundearen helburu nagusiak:
– Ingurunearekin errespetuzkoa den ostatu-hartze osasungarriko eskaintzan laguntzea.
– Ekoeraginkortasuna: Kostuak murriztea.
– Zerbitzuaren kalitatea eta haren ingurumen-kudeaketa egokia nabarmentzea.
– Ostatuaren irudia eta ospe ona hobetzea.
– Ostatuaren gizarte-erantzukizuna hobetzea.
– Merkatua bereiztea.
Aipatutako programek honako prozesu hauek dauzkate: plangintza eta sentsibilizazioa, autodiagnostikoa eta diagnostikoa, prestakuntza, banan-banako asistentzia teknikoa, ebaluazioa eta, azkenik, berme- eta sari-prozesua.
2.2.– Basquetourreko urteko programazioko laguntzaren erakunde eskatzaileak onarpena eman beharko du programa horiek ezartzeko, eskabidea egin aurretik.
2.3.– Goi-mailako prestakuntza duten langileak aldi baterako kontratatzeko gastua diruz lagundu ahalko da –laguntza teknikoaren edo obra edo zerbitzuko kontratuaren edo antzeko bestelako baten bidez–, baldin eta berariazko helburutzat badu aipatutako programen prestakuntza-, ezarpen- eta ebaluazio-prozesuetan enpresa eta erakunde parte-hartzaileei laguntzea.
Ez da onartuko erakunde eskatzailearen langile finkoen edo egonkorren gasturik.
Laguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez, 30.000 eurokoa erakunde bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:
a) Programetan izena eman duen enpresa-kopurua.
b) Enpresa eta programa bakoitzeko diruz lagun daitezkeen orduak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
– Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien Programa, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integralaren (SICTED) ereduarekin loturikoa, honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu, 1etik 4ra bitarteko zikloak egiten dituen enpresa parte-hartzaileko, eta 8 ordu enpresako, 5. ziklotik aurrera.
– IKTen erabilerarako Jardunbide Egokien Programa honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu enpresako, eta horiek 8ra murriztuko dira, 2. mailatik aurrerako berresteen kasuan.
– Europako Ekoetiketen Programa honela lagunduko da diruz: gehienez 20 ordu enpresa parte-hartzaileko.
c) Orduko diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 35 euro da. Horrenbestez, onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (enpresa parte-hartzaileen kop.) x (diruz lagundutako ordu-kop.) x (kostua orduko).
3.– Turismoko establezimendu eta baliabideen kalitatearen kudeaketa, ingurumen-kudeaketa eta kudeaketa turistiko jasangarriaren erreferentziak ezartzeko proiektuak.
3.1.– Atal honetan jasotzen dira hurrengo azpiatalean zerrendatu diren eta jarraian zehaztutako erreferentziazko eredu hauek ezarriko dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak/egiaztagiriak eskuratu edo berritu nahi dituzten turismo-establezimendu eta -baliabideen titular diren erakunde onuradunentzako laguntzak. Hona hemen erreferentziazko ereduak:
Kalitatearen kudeaketa: Espainiako Kalitate Turistikoko Institutuaren Kalitate Turistikoaren «Q» marka -ICTE, ISO 9001 eta EFQM (Europako eredua).
– Ingurumen-kudeaketa: ISO 14001, EMAS, Karbono Aztarna eta Auditoretza Energetiko Integralak.
Energia-eraginkortasuneko Auditoretza Energetiko Integralak direla eta, diruz lagunduko dira titular diren turismo-establezimendu eta -baliabideetan eginikoak bakarrik, baldin eta energiaren kontsumoa lehen mailako energiaren 100 tep/urtetik beherakoa bada. Auditoretza egiteko jarraitu beharreko metodologia UNE-EN 216501 araura egokituko da, bai eta geroko aldaketa edo hobekuntzetara ere.
– Kudeaketa jasangarria: kudeaketa jasangarriko sistemak edo programak, Turismo Jasangarriaren Kontseilu Globalak (GSTC) onartutakoak edo egiaztatutakoak.
3.2.– Atal hau oinarri duten kalitatearen kudeaketako, ingurumen-kudeaketako eta kudeaketa turistikoko ziurtagiriak/egiaztapenak dauzkaten turismo-establezimendu eta -baliabideak honako hauek dira:
– Interpretazio-zentroak.
– Itourbask sareko turismo-bulegoak.
– Bureaux hitzarmenak.
Turismo-lankidetzarako erakundeak, nortasun juridiko propioa duten turismo-kudeaketarako egiturak eta hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeak, kudeaketa turistiko jasangarrirako izan ezik. Azken hori helmugako jasangarritasunaren erreferentziako proiektuei buruzko 4. atalean jasoko da erakunde horientzat.
Museo gisa kalifikatutako baliabideak ezin izango dira diruz lagundu.
3.3.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:
– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko.
– Kanpo-auditoretzako gastuak, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko edo berritzeko.
– Marka erabiltzeko eskubideen gastuak, ziurtagiria/egiaztagiria lortu ondoren marka hori eman eta gero.
3.4.– Ez dira kontuan hartuko ziurtagiriak/egiaztagiriak mantentzeko edo horien jarraipena egiteko faseari atxikitako gastuak.
3.5.– Kontzeptu horrengatiko laguntzaren helburua bete dela ulertuko da, likidazio-fasean, gastuak justifikatzeko fakturekin batera, hura bete dela justifikatzen duen ziurtagiria edota egiaztagiria aurkezten denean.
3.6.– Laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:
– Onartutako gastuaren % 70, gehienez 9.000 euroko diru-laguntzara arte, ziurtagiriak/egiaztagiriak lortzeko.
– Onartutako gastuaren % 50, gehienez 2.000 euroko diru-laguntzara arte, ziurtagiriak/egiaztagiriak berritzeko.
4.– Helmugako jasangarritasun-erreferentziak ezartzeko proiektuak.
4.1.– Atal honetan jasotzen dira jasangarritasunaren erreferentziako programa bat ezarri dutela egiaztatzen duten Turismo Jasangarriaren Kontseilu Globalaren (GSTC) egiaztagiria lortu nahi duten erakunde onuradunei zuzendutako laguntzak, jasangarritasuna lantzeko lekuko biztanleen giza garapenaren multzo bezala eta turismo-jardueren ingurumeneko jasangarritasun, jasangarritasun kultural eta sozioekonomiko bezala.
4.2.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:
– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoak.
– Kanpo-auditoretzako gastuak, ziurtagiria lortzeko.
– Marka erabiltzeko eskubideen gastuak, ziurtagiria lortu ondoren marka hori eman eta gero.
4.3.– Kontzeptu horrengatiko laguntzaren helburua bete dela ulertuko da, likidazio-fasean, gastuak justifikatzeko fakturekin batera, hura bete dela justifikatzen duen ziurtagiria aurkezten denean.
4.4.– Onartutako gastuaren % 50 lagunduko da diruz, gehienez 20.000 euro arte erakunde bakoitzeko, ziurtagiria eskuratzeko.