EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017107

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak 2017ko ekitaldian finantzatzeko laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez onartua.

Xedapenaren data: 2017-05-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201702817
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko maiatzaren 24ko bileran hartutako erabakiaren bitartez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak 2017ko ekitaldian finantzatzeko laguntzen deialdia. Deialdi hori Lanbide erakunde autonomoaren Administrazio Kontseiluak 2017ko maiatzaren 24ko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa dator.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 25a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LAGUNTZA-DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGU ZENTRO BEREZIETAKO LANBIDE JARDUERARI LAGUNTZEKO UNITATEAK 2017KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO DENA
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta euren gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen; bada, lege horren testu bateginaren 43. artikuluak zehazten duenez, enplegu-zentro berezien xede nagusia da ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktibo bat egitea, merkatuko operazioetan aldizka parte hartuz, desgaitasuna duten pertsonei ordaindutako lanpostu bat ziurtatzeko; era berean, pertsona horien ahalik eta kopuru handiena ohiko enplegu-erregimenean sartzeko bide bat osatzen dute zentro horiek. Artikulu horrek eransten duenez, enplegu-zentro bereziek eskaini beharko dituzte, laguntza-unitateen bidez, desgaitasuna duten pertsona langileek behar dituzten egokitze pertsonal eta sozialeko esparruen zerbitzuak, haien egoeraren araberakoak eta arauz zehazten denarekin bat datozenak.
Enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko esparruen zerbitzuak esatean, zera ulertzen da, aipatu xedapen arauemailean xedatzen denaren arabera: lanpostu batera heltzeko, han irauteko edo aurrera egiteko, desgaitasuna duten enplegu-zentro berezietako pertsona langileek dituzten oztopoak, trabak edo zailtasunak gainditzen laguntzen duten zerbitzuak. Halaber, gizarte-, kultura- eta kirol-inklusiora bideratutakoak ere barne hartzen dira.
Apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuak Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak arautzen ditu enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan.
Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak lanbide anitzeko taldeak dira, eta horiek, hainbat eginkizunen bitartez, desgaitasuna duten langileek enplegu-zentro berezietan izan ohi dituzten oztopoak edo trabak gainditzen laguntzen dute, lanpostuan txertatzeko prozesuan, eta baita lanpostuan iraun dezaten ere, bereziki, laneratzeko oso zailtasun handiak dituzten pertsonei dagokienez, hala nola % 65eko edo goragoko desgaitasun-maila aitortua izanik garun-paralisia dutenei, gaixotasun mentalen bat edota desgaitasun intelektualen bat dutenei eta desgaitasun fisiko edo zentzumen-desgaitasunen bat dutenei dagokienez.
Nabarmendu beharrekoa da desgaitasun intelektualen bat eta buru-nahasmenduren bat duten langileek EAEn lortu duten enplegu-bolumen handia (Euskadiko enplegu-zentro berezi guztietako langileen % 50 dira ia). Hori dela-eta, lanpostuetara egokitzeko eta enplegu egonkor eta kalitatekoan gora egiteko beharrezkoak diren lanbide-gaitasunak eskuratzeko ibilbide indibidualizatuetan laguntza bermatuko duten langile espezializatuez hornitu behar dira zentro horiek.
Horrela, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan txertaturiko langileek hainbat eginkizun dituzte, honako hauek, besteak beste: pertsona eta horren lanpostua aztertuz, desgaitasuna duen langileak bere jarduera gauzatzeko dituen laguntza-premiak atzematea; enpleguan txertatzeko eta enpleguari eusteko pizgarri gisa balio izateko familia- eta gizarte-ingurunearekin izan beharreko harremanak ezartzea; langile desgaituaren autonomia eta independentzia faboratzea; desgaitua lanpostura egoki dadin lortzeko behar diren prestakuntza-programa guztiak garatzea, eta langileari lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzea.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak 2017ko maiatzaren 24an egindako bileran, Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko laguntzen deialdia onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, honako baldintza hauek kontuan hartuta:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko diru-laguntzak 2017an emateko baldintzak ezartzea, Enplegu Zentro Berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan; diru-laguntzok apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuaren bidez arautu ziren.
2. artikulua.– Finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, 4.200.000 euro bideratutako dira.
2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen helburua da Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan kontratu mugagabea duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzako kostuak finantzatzea 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra arte finantzatzea, betiere langile horiek apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako eginkizunak gauzatzen badituzte.
4. artikulua.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izateko aukera izango dute nortasun juridiko propioa duten eta honako eskakizun hauek betetzen dituzten Enplegu Zentro Berezien titular diren erakundeek eta zentroek berek:
a) Enplegu Zentro Bereziak erregistratuta egotea Enplegu Zentro Berezien Erregistroan.
b) Enplegu Zentro Berezietako langileen zerrendan, hurrengo artikuluan jasotako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila duten langileak egotea.
c) Enplegu Zentro Berezien laguntza-unitateek hurrengo paragrafoan aurreikusitako osaera izatea.
2.– Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen osaerak honako modulu hauekin bat etorri behar du:
a) 5. artikuluan deskribaturiko kasuetako batean dauden 15 langile desgaitu gehienez; erdi-mailako edo goi-mailako teknikari bat (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), gutxienez lanaldiaren % 20an, eta produkzioan laguntzeko arduradun bat lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
b) 16-30 langile; erdi-mailako edo goi-mailako teknikari bat (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), gutxienez lanaldiaren % 80an, eta produkzioan laguntzeko bi arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
c) 31-45 langile; erdi-mailako edo goi-mailako bi teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituztenak), horietako bat lanaldi osoan eta besteak gutxienez lanaldiaren % 50ean, eta produkzioan laguntzeko hiru arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
d) 46-60 langile; erdi-mailako edo goi-mailako bi teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituztenak) lanaldi osoan, eta produkzioan laguntzeko lau arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
e) 61-75 langile, erdi-mailako edo goi-mailako 3 teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituztenak), horietako bi lanaldi osoan eta bestea gutxienez lanaldiaren % 50ean, eta produkzioan laguntzeko bost arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
f) 75 langile baino gehiago izanez gero, proportzionalki ezarriko da Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitatearen plantilla, aurretiaz adierazitako irizpideei jarraikiz.
Hurrengo artikuluan ezarritako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila duten langileen kopurua (zerbitzua langile horiei zuzenduta dago) modulu bakoitzari dagokion mugarekin bat ez badator, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateko langileen lanaldiak proportzionala izango da desgaitasuna duten langile horien kopuruarekiko.
Justifikaturiko kausak direla-eta Unitate horiek osatzen dituzten langileen artean lanposturen bat hutsik geratzen bada, arestian ezarritako proportzionaltasunari eusteko bete beharko dira lanpostu huts horiek.
5. artikulua.– Azken hartzaileak.
Programa honen azken jasotzaileak desgaitasuna duten Enplegu Zentro Berezietako langileak izango dira, betiere ondoren deskribaturiko kasuren batean badaude:
a) Garun-paralisia, gaixotasun mentalen bat edo desgaitasun intelektuala duten pertsonak, baldin eta % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua badute.
b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, baldin eta % 65eko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua badute.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa urteko zenbateko finko bat izango da aurreko artikuluan adierazitako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila dituen eta denbora mugagaberako lanaldi osoan edota sei hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako kontratu baten bidez kontrataturiko pertsona bakoitzeko. Kontratu mugagabearen kasuan, diru-laguntza urteko 1.200 eurokoa izango da, eta, aldi baterako kontratuen kasuan, aldiz, 600 eurokoa.
Horretaz gain, diru-laguntza lanaldiaren proportzioari jarraikiz murriztuko da, baldin eta Laguntzeko Unitateko langileen nahiz azken hartzaileen kontratua lanaldi partzialekoa bada.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak inola ere ezin izango ditu gainditu, bakarrik edota beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edota baliabideren batekin batera, Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen soldata-kostuak edo Gizarte Segurantzako kostuak, diruz lagundutako denbora-tarteari dagozkionak.
7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honen eranskinean ageri den eredu ofizialean aurkeztu beharko dira deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbideren bulegoetan.
Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabide-orriarekin eta horren A, B, C eta D eranskinekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) LJLUren memoria deskribatzailea, gutxienez ere honako hauek zehaztuz:
● Kokapen fisikoaren xehetasunak.
● Jardun-esparrua.
● Unitatearen osaera, teknikariak eta arduradunak bereizita.
● Organigrama funtzionala.
b) Urteko kudeaketa-plana, gutxienez honako hauek zehaztuta:
● Lortu beharreko helburuak.
● Jardueren tenporalizazioa.
● LJLU osatzen duten langileen eginkizunen deskribapena.
● Eskura dauden azpiegitura, baliabideak eta bitarteko instrumentalak.
● Zerbitzua emateko baldintzak.
c) NANaren fotokopia –salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari baimendu bazaio nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa egitea– eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.
d) Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan diru-laguntza hauen bidez kontratatu diren langileen urteko ordainsari gordina egiaztatzen duen ziurtagiria.
3.– Eskabideak deialdi honetan eskaturiko baldintzak betetzen ez baditu, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari falta edo akatsa konpontzeko. Interesdunak zuzentzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 73. artikuluan xedatutako ondorioak izango ditu horrek.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak onartuko dira. Programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira eskatutako laguntza guztiak ordaintzeko, onartutako eskabideen artean banatuko dira funtsak, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe bakoitzari legokiokeen laguntzaren proportzioan.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.
4.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta esleipen-ebazpenak espresuki eta banaka jakinaraztea eragotzi gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, xedapen honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Diru-laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira esleitzen direnean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimena aplikatu beharko da; dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, erakundeek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu. 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.
10. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
Diru-laguntzaren onuradun izateko, erakundeek honako hauek aurkeztu beharko dituzte 2018ko martxoaren 31 baino lehen:
● Laguntzeko Unitateen jarduerari buruzko memoria, diruz lagundutako aldiari dagokiona.
● Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen nominen –diruz lagundutako denboraldikoen– kopia, eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen –kotizazioak likidatzeko ordainagarien eta TC2 agirien– kopia. Halaber, kotizazio-datuei buruzko txostena (IDC dokumentua) aurkeztu beharko da kontrataturiko pertsona bakoitzeko.
● Kontrataturiko langile bakoitzari buruzko justifikazioa, desgaitasun-mota eta -maila zehaztuta, bai denbora mugagaberako eta lanaldi osoz kontrataturikoen kasuan, bai sei hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako kontrataturikoen kasuan (espresuki zehaztuko da zer langileri egin zaien aldi baterako kontratua).
Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoak Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzako kostua gainditzen dituela, itzultze-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan xedatutako prozedurarekin bat etorriz.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintza orokorrak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaintzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Enpresa eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela egiaztatzea.
Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du, diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea.
c) Erakunde onuradunak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen duen legezko debeku baten pean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertaturikoak barne.
d) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
b) Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.
c) Honako erakunde hauek egin beharreko egiaztatze-jardunak onartzea: Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko esku-hartze organoak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Europako funtsen gaineko kontrol-organoak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar du enpresa onuradunak, aparteko kontularitza identifikatuz edo kontularitza-kode egoki batez.
d) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako diru-laguntza edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea.
e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada gerora, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar du onuradunak.
f) Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduerak komunikatzeko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.
Erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
g) Gutxienez, 2023ra gordetzea eta zaintzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, badaezpada inoiz egiaztatzen bada deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.
13. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako diru-laguntza aldatzea, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.
Orokorrean, deialdi honetan deskribatutako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango ditu gainditu, diruz lagundutako aldian, Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko pertsonen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
15. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.
1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetarikoren batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta haren berri emango zaio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak zehaztuta. Halaber, hamabost eguneko epea emango zaio, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkez ditzan.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta diru-laguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
5.– Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa. Agindu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dira.
Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran. Horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
17. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.