EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017104

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 22koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena. Honen bidez onartu egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako karrerako funtzionarioentzat erreserbatzen diren III-B, III-C, IV-A, IV-B eta IV-C berariazko osagarridun lanpostuak hornitzeko lehiaketa orokorraren deialdia eta oinarriak.

Xedapenaren data: 2017-05-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201702723
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2004/10/27an argitaratutako 2004/10/13ko 200400190 DEKRETUA

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, lanpostu-zerrendetan jarrita legokeena kontutan izanik, lehiaketez eta izendapen jarez baliatuz beteko dira. 47. artikuluak eta hurrengoek lehiaketa bidez hutsik dauden lanpostuak betetzeko deialdia arautzen dute.
Halaber, Euskal Herri Administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko den urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak (II. kapitulua) garatzen ditu legeak ezartzen dituen lehiaketa bidez lanpostuak betetzeko prozedurari buruzko aurreikuspenak.
Deialdi honek III-B, III-C, IV-A, IV-B eta IV-C berariazko osagarria duten lanpostu hutsak betetzea du xedea. Lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako karrerako funtzionarioentzat dira eta aurrekontuetan diruz hornituta daude eta lehiaketa bidez bete behar dira.
Organo eskudunek aginduzko txostenak egin ostean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 6.1.j) artikuluarekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– II. eranskinean azaltzen diren lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorra deitzea.
Bigarrena.– Lehiaketa horretarako oinarriak onartzea (I. eranskinean daude).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 22a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
I. ERANSKINA
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako karrerako funtzionarioentzat erreserbatzen diren III-B, III-C, IV-A, IV-B eta IV-C berariazko osagarridun lanpostuak hornitzeko lehiaketa orokorraren oinarriak.
1.– Helburua.
Lehiaketa orokorraren helburua izango da karrerako funtzionarioentzat erreserbatzen diren lanpostuak hornitzea (II. eranskinean daude).
2.– Parte hartzeko baldintzak.
2.1.– Lehiaketa honetan parte hartu dezakete administrazio orokorreko karrerako funtzionarioek; unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita badaude; eta Osakidetzako estatutupeko langile finkoek edo karrerako funtzionarioek, baldin eta oinarri hauetan jasota datozen baldintzak betetzen badituzte, zeinetan zehazturik egongo baitira deitutako lanpostuetarako eskakizunak.
Beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute, baina langile hauek betetzeko moduko lanpostuak direnean.
2.2.– Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
2.3.– Karrerako funtzionarioek eta estatutupeko langileek soilik parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, lehiaketa bidez hartu duten lanpostuaren jabetzatik bi urte igaro badira. Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 52.2 artikuluarekin bat etorriz, lan-eskaintza publiko baten bidez hartutako lanpostuak horren hornidurak ezarrita zuen sistema bidez hartutakoak izango dira. Aurreko denbora-muga ez da ezarritako langileak lehiaketa bidez lortutako lanpostuaren atxikipena galdu duenean.
2.4.– Lehiaketan parte hartu ezin dutenak:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek, ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.
2.5.– Diziplinazko espediente baten ondorioz lekuz aldatu diren langileek ezin dute eskatu herri berean lanpostua oraindik zehapena betetzen ari badira.
2.6.– Lehiaketan parte hartu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostu bat behin-behinean esleitu zaion karrerako funtzionarioak. Halaber, erakunde publikoetara lekualdatu ostean behin-behineko lanpostu bati atxikita dauden langileak nahitaez parte hartu behar dute lehiaketa honetan.
2.7.– Behin-behineko lanpostua duen karrerako funtzionarioak lehiaketan parte hartzen ez badu edo lanposturik lortzen ez badu eta ondorioz lekuz aldatu behar bada, behin-behinean atxikiko zaio beste lanpostu bati. Lehenbizi atxikiko dira lehiaketan parte hartu arren lanposturik lortu ez duten funtzionarioak, eta gero lehiaketan parte hartu ez dutenak.
3.– Baloratuko diren merezimenduak.
Lehiaketa ondorengo merezimenduen balorazioa da:
– Lan-esperientzia,
– Tituluak,
– Egin diren hobekuntza-ikastaroak,
– Irakaslana eta ikerketa-lana,
– Euskararen ezagutza maila (lanpostuak hornitzeko betekizun moduan ezarri ez denean),
– Gradu pertsonal finkatua,
– Antzinatasuna.
– Ingelesaren, frantsesaren eta/edo alemanaren ezagutza maila (lanpostuak hornitzeko betekizun moduan ezarri ez denean).
4.– Behar den gutxieneko puntuazioa eta gehienez lor daitekeen puntuazioa.
Lehenengo fasean gehienez 214 puntu lor daitezke. Lanpostuaren esleipena lortzeko 22 puntu lortu behar dira.
5.– Merezimenduak baloratzeko irizpide orokorrak
Merezimenduak baloratzeko bi irizpide hartuko dira kontuan: lanpostuarekin lotuta dauden eta merezimenduak duen balio formala.
5.1.– Lanarekiko lotura: baloratu beharreko merezimenduaren edukiaren eta lortu nahi den lanpostuak dituen zereginen artean erlazioren bat dagoenean baloratuko dira merezimenduak. Erlazioa egongo da, baldin eta egiaztatu den merezimenduaren eta lortu nahi den lanpostuaren jakintza-eremu eta -esparruen artean lotura badago. Ez dira baloratuko lortu nahi den lanpostuarekin loturarik ez duten merezimenduak.
5.2.– Merezimenduaren balio formala.
Balio formala edo garrantzia neurtzeko faktoreak dira:
a) Tituluarena: graduondokoen ordu edo kreditu kopurua;
b) Ikastaroarena: irakaskuntza erakundea, ebaluazioa eta iraupena.
c) Irakaskuntzarena: irakaskuntza erakundea, emandako materiala, geroko edizioak.
d) Bilera profesionaletan egindako komunikazioena: gertaera mota, erakusketa mota, hedapen esparrua eta egiletza.
e) Argitalpen batena: argitalpen-mota, zabalkunde-arloa, edukiaren ezaugarriak, argitaletxearen garrantzia eta egiletza.
f) Ikerketa proiektuarena: egiletza, erakunde finantzazioa, proiektuaren zenbatekoa eta eragina.
5.3.– Bi irizpide horiek –lotura eta balio formala– ezartzen bazaizkie aurreko ataleko merezimenduei, hurrengo koefizientea aplikatuko da merezimendu jakin bat baloratzean. Baremoa hau da: Handia (1), Tartekoa (0,75), Txikia (0,25) edo ezin da baloratu (0). Koefiziente hori 6.2, 6.3 eta 6.4 oinarrien baremoen kategoria bakoitzari esleitutako gehienezko balioaz biderkatuko da.
5.4.– Baloratzeko irizpideak eta merezimendu bakoitzari aplikatutakoa Balorazio Batzordeak argitaratuko ditu, lehiaketa bakoitzaren iragarki-taulan.
5.5.– Soilik baloratuko dira ziurtagirietan egiaztapen-lanak egiteko funtsezkotzat jotzen diren alderdi guztiak (7. oinarria) jasotzen dituzten merezimenduak. Dena den, ez dira baloratuko merezimendu gisa hornikuntzarako baldintzak badira.
6.– Merezimenduen balorazioa.
6.1.– Lan-esperientzia:
Azken 10 urteotako lan-esperientzia baloratuko da, gehienez 60 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:
– Lortu nahi denaren lanpostu berdinean duen lan-esperientzia: 0,6 puntu hilabete bakoitzeko.
– Lortu nahi den lanpostuari dagokion jakintza-arloari atxikitako lanpostuan duen lan-esperientzia: 0,3 puntu hilabete bakoitzeko (jakintza-arlo hori lan-monografian islatzen da).
– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen kidego edo eskalaren bati atxikitako lanpostuan duen lan-esperientzia: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.
– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen taldeari atxikitako lanpostuan duen lan-esperientzia: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.
6.1.1.– Beste zerbitzu batzuekin batera aldi berean egindako zerbitzuak ez dira inola ere kontuan hartuko. Horri dagokionez, ez dira zenbatuko aldi baterako esleitutako eginkizunetan egindako zerbitzuak.
6.1.2.– Zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko edo senideak zaintzeko eszedentzian emandako aldiak, azken 10 urteotan denbora luzeagoz bete duten funtzionario lanpostuaren arabera baloratuko dira. Funtzionario lanposturik izan ez dutenei titular gisa erreserbatuta duten lanpostuaren arabera egingo zaie balorazioa. Lanpostu baten titularrak ez badira, aldiz, bete duten azken lanpostuaren eginkizunen arabera egingo da balorazioa.
6.1.3.– Betetzen duten lanpostuko lan-esperientzia moduan hartuko dira ondokoetan emandako aldiak: prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, euskararen ikaskuntza, norberaren gauzetarako baimenak, aldi baterako ezintasuna edo antzeko egoerak.
6.1.4.– Beste administrazio publiko batzuetan lan egin dutenei zerbitzuen ziurtagiri eta betetako lanpostuaren/lanpostuen monografia baloratuko zaie. Baina horrelakorik ez badute, lan-esperientzia frogatzeko agirian jasotzen diren zereginak gauzatzeko ezagutzak eta trebetasunak baloratuko zaizkie.
6.2.– Tituluak.
Unibertsitateen edo ospe handiko instituzioen titulu akademiko ofizialak edo berezko tituluak baloratuko dira, bete nahi den lanpostuaren zereginekiko lotura kontuan hartuta, eta gehienez 40 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:
a) Gradua, lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza, diplomatura, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa: gehienez 20 puntu titulu bakoitzeko.
b) Graduondokoa: gehienez 20 puntu titulu bakoitzeko.
c) Doktoregoa: gehienez 22 puntu titulu bakoitzeko.
6.2.1.– Titulu-talde desberdinetako kidego edo eskaletako lehiakideek lanpostu bera eskatzen badute, beheko taldeko langileei ez zaizkie merezimendu moduan baloratuko goragoko kidego edo eskalan sartzeko eskatzen diren titulu ofizialak.
6.2.2.– Unibertsitateko irakaskuntza berdinetako ziklo desberdinak gainditu dituztela frogatzen duten langileei soilik baloratuko zaie frogatutako zikloetatik gorengoan sartzen den titulua.
6.2.3.– Ez da merezimendu moduan baloratuko lanpostuan eskatzen den goi mailako titulua lortzeko behar den titulua.
6.2.4.– Graduondoko titulu moduan baloratuko dira hurrengo baldintzetako bat betetzen dutenak:
a) Master ofizialaren maila izatea, eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan jasota egotea.
b) Unibertsitateko graduondoko berezko titulua izatea, 450 ordukoa edo denbora luzeagokoa, edo gutxieneko iraupena bermatzen duen kreditu kopurua izatea.
c) Goi mailako irakaskuntza programa baten agiria edo diploma edukitzea, graduondoko unibertsitate irakaskuntzaren parekoa eta ospe handiko erakunde akademiko edo profesional batek (atzerrikoa ere izan daiteke) emandakoa. Graduondoko irakaskuntza mota hau 450 ordukoa edo gehiagokoa izan behar da gutxienez.
6.2.5.– Mediku espezialistaren, farmazialari espezialistaren edo biologo espezialistaren eta psikologo espezialistaren tituluak ere baloratu ahal izango dira, eta graduondoko irakaskuntzat jo, gehienez 20 punturekin titulu bakoitzeko.
6.3.– Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroen balorazioa.
6.3.1.– Deitutako lanpostuari lotutako gaien inguruko hobekuntza ikastaroak gaindituta dituztenei ikastaro horiek gehienez 40 punturekin baloratuko zaizkie. Hauxe da erabiliko den baremoa:
a) 10 eta 19 ordu arteko ikastaroak: gehienez puntu 1 ikastaro bakoitzeko.
b) 20 eta 39 ordu arteko ikastaroak: gehienez puntu 2 ikastaro bakoitzeko.
c) 40 eta 79 ordu arteko ikastaroak: gehienez 5 puntu ikastaro bakoitzeko.
d) 80 eta 149 ordu arteko ikastaroak: gehienez 8 puntu ikastaro bakoitzeko.
e) 150 eta 299 ordu arteko ikastaroak: gehienez 10 puntu ikastaro bakoitzeko.
f) 300 orduko edo gehiagoko ikastaroak: gehienez 12 puntu ikastaro bakoitzeko.
6.3.2.– Hobetzeko ikastaroak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, unibertsitateek edo administrazio publikoek antolatutakoak eta homologatutakoak izan behar dira; bestela, prestakuntza, giza baliabideen garapena, lan-gaikuntza edo ikerketa esparruetan ospe handiko erakundeek eman behar izan dituzte.
6.3.3.– Azken 10 urteotan egindako ikastaroak bakarrik baloratuko dira; baina salbuespen moduan 150 ordu edo ordutik gorakoak ere onartuko dira, noiz egin diren kontuan hartu gabe baloratuko baitira.
6.3.4.– Iraupena kreditutan ematen bada, kreditu bakoitzak 10 orduko baliokidetza izango du, beste zehaztasunik ematen ez bada behintzat. ECT kreditu bakoitzak, ordea, 25 orduko baliokidetza izango du.
6.3.5.– Ez dira baloratuko Ofimatikako programen gaineko ikastaroak; hala ere, Excel, Access eta PowerPoint-i buruzko maila ertaineko edo aurreratuko ikastaroak baloratu ahal izango dira.
6.3.6.– Softwarearen Europako Institutuak Informazioaren Teknologiei lotuta ematen dituen erabiltzaileen ziurtagiriak (IT Txartela) prestakuntza ikastaro moduan hartuko dira lehiaketa honetan. IT Txartel hauek IVAPek ezarritako orduen arabera baloratuko dira, hau da, ziurtagiri horiek ebaluatzeko tresnak diren eta ikastaroen aprobetxamendua ziurtatzeko betekizunetako bat diren ikastaroetan ezarri dituen orduen arabera. Dagoeneko baloratuta dauden ikastaroetako IT Txartelak ez dira baloratuko.
6.3.7.– Gai berari buruzko ikastaroak edo ikastaro baten edizioak behin bakarrik baloratuko dira; denen artean ordu kopuru handiena duena aukeratuko da horretarako.
6.3.8.– Doktoregoko ikastaroak eta unibertsitateko titulua eskuratzeko aukera ematen dutenak hobetzeko ikastaro moduan balora daitezke, aurreko atalen baten baloratu ez badira, 5. oinarrian islatutako irizpide orokorren arabera.
6.3.9.– Hizkuntzen ikastaroak ez dira baloratuko.
6.4.– Irakaskuntza eta ikerketa.
Irakaskuntzari eta ikerketari gehienez 20 puntu emango zaizkie. Hauxe da erabiliko den baremoa:
– Ikastaroak emateko ordu bakoitzeko 0,20 puntu, eta gehienez 10 puntu lortu ahal izango dira.
– Bilera profesionaletan egindako komunikazio bakoitzeko gehienez 2 puntu, eta gehienez 10 puntu lortu ahal izango dira.
– Ikerketa proiektutako partaidetza: proiektu bakoitzeko 2,5 puntu, eta gehienez 5 puntu lortu ahal izango dira.
– Argitalpenak: gehienez 20 puntu.
a) Ospe handiko aldizkari profesionaletan: gehienez 5 puntu argitalpen bakoitzeko.
b) Beste argitalpen batzuetan: gehienez 2 puntu argitalpen bakoitzeko.
6.4.1.– Irakaskuntza-jarduera noizbehinkakoa denean baino ez da baloratuko, eta betiere ez bada zerbitzuak emateko enplegu-harreman edo kontratu baten ondoriozkoa izan.
6.4.2.– Ikastaro bera behin baino gehiagotan eman bada soilik baloratuko dira ordu kopuru handiena izan duten bi ikastaroak.
6.4.3.– Ez da baloratuko biltzarretan edo jardunaldietan egon izana, ezta mahai-inguruetan parte hartu izana ere, salbuespen batekin: mahaietan komunikazioaren bat aurkeztu bada. Hori gertatzen denean, 5.2 eta 6.4 oinarrietan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.
6.5.– Euskara.
Euskara baloratu ahal izateko, eskaturiko lanpostuak ezin du eduki derrigortasun-data igarota lanpostu-zerrendan.
Euskara merezimendutzat joko da; gehienez ere 24 punturekin. Puntuazio honen arabera:
4. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:
– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 10 puntu.
– 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 15 puntu.
– 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 22 puntu.
– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 24 puntu.
3. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:
– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 10 puntu.
– 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 15 puntu.
– 3 edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 22 puntu.
2. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:
– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 10 puntu.
– 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 15 puntu.
6.6.– Gradu pertsonal finkatua.
Parte hartzen den kidegoan edo eskalan gradu pertsonal finkatua duenari gehienez 10 puntu emango zaizkio, hurrengo banaketaren arabera:
a) Eskatutako lanpostuaren osagarri maila bereko edo handiagoko gradu pertsonala duenari: 10 puntu.
b) Eskatutako lanpostuaren osagarri maila baino gradu pertsonal txikiagoa duenari: 5 puntu.
6.7.– Antzinatasuna.
Administrazio publikoetan lan egindako hilabete bakoitzeko 0,084 puntu zenbatuko dira, eta gehienez 10 puntu lortu ahal izango dira.
Ondorio horietarako, karrerako funtzionario izan baino lehen eman diren eta aitortuta dauden zerbitzuak ere baloratuko dira. Alegatutako beste zerbitzuekin batera eman diren zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.
6.8.– Hizkuntzen ezagutza.
Frantsesaren, ingelesaren eta alemanaren ezagutzak baloratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautaketa eta hornidura prozesuetan hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetzak ezartzen dituen ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hizkuntza horien ezagutzagatik gehienez 10 puntu emango dira. Hauxe da erabiliko den baremoa:
a) B2 mailaren baliokideak diren tituluak eta ziurtagiriak: 5 puntu.
b) C1 mailaren baliokideak diren tituluak eta ziurtagiriak: 10 puntu.
7.– Merezimenduak eta betekizunak alegatzea eta egiaztatzea.
7.1.– Irizpide orokorrak.
7.1.1.– Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu behar dira baloratu nahi diren betekizun eta merezimendu guztiak. Erregistro pertsonalean jasota dauden merezimendu guztiak alegatutzat joko dira, eta, horrenbestez, ofizioz baloratuko dira, prozedura honen ondorioetarako soilik.
7.1.2.– Parte hartzen duten langileek, eskabideak aurkezteko epearen barruan, soilik egiaztatu behar dituzte Langileen Erregistroan jasotzen ez diren betekizunak eta merezimenduak. Erregistroan dauden betekizunak eta merezimenduak Intranetean kontsulta daitezke.
7.1.3.– Lanpostuen zerrendan berariazko betekizunak ezartzen badira lanpostu jakin baterako, eta horietan xedatzen bada probaren bidez egiazta daitezkeela, Balorazio Batzordeak diseinatu eta baloratuko du proba hori eta gai edo ez gai den adieraziko du.
7.2.– Lan-esperientzia.
7.2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako lan-esperientzia ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.
7.2.2.– Beste administrazio publiko batzuetako lan-esperientzia alegatu egin behar da, eta administrazio horietako langileen arloko organo eskudunek egiaztatu beharko dute. Aurreko egiaztapena egiteko III. eranskineko eredua bete behar da; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.
7.3.– Tituluak.
7.3.1.– Langileen Erregistroan jasotzen ez diren tituluak horien kopia konpultsatua aurkeztuz egiaztatu behar dira; baina titulua eskura ez dagoenean, tituluaren ordezko ziurtagiriaren edo titulua jaulkitzeko tasak ordaindu izanaren frogagiriaren kopia konpultsatua aurkeztuko dira.
7.3.2.– Titulu akademiko ofizialak eta atzerriko tituluak homologatzeko ziurtagiriak Hezkuntza Ministerioak edo unibertsitateetako errektoreak jaulki behar ditu.
7.3.3.– Unibertsitateetako graduondoko berezko tituluak egiaztatzeko, unibertsitateko errektoreak jaulkitako diplomak aurkeztu beharko dira. Horietan, gainera, berariaz jaso behar da zenbat ordu edo kreditu egin diren.
7.3.4.– Goi mailako gainerako irakaskuntza programak egiaztatzeko, dagokion erakundeak jaulkitako diplomak aurkeztu beharko dira; eta denetan jaso behar da ikasketa-planak zenbat ordu edo kreditu izan dituen.
7.3.5.– Araututako lanbide baten gaikuntza profesionala aitortzen duen egiaztagutuna aurkeztu ahal izango da (Europar Batasunaren xedapenen babesean) dagokion titulu akademikoaren egiaztagiriaren ordez.
7.4.– Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak.
7.4.1.– Langileen Erregistroan jasotzen ez diren ikastaroak egiaztatzeko kopia konpultsatua aurkeztu behar da, edo ikastaro horiek antolatu edo deitu dituen organoaren nahiz erakundearen ziurtagiria. Baina ondokoak jaso behar dira bertan:
a) Titulua.
b) Hasiera eta amaiera datak, eta iraupena (orduak).
c) Ziurtagiria egin duen erakundea.
7.4.2.– Doktorego ikastaroek ez dute ikasketa aurreratuen graduondoko titulurik; beraz, ikasketen ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira.
7.5.– Irakaskuntza eta ikerketa.
7.5.1.– Langileen Erregistroan jasotzen ez diren irakaskuntzak eta ikerketak ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar dira, eta bertan merezimendu bakoitzerako funtsezkotzat jotzen diren edukiak jasoko dira.
7.5.2.– Emandako ikastaroak egiaztatzeko, ikastaro horiek antolatu edo deitu dituzten organoen edo erakundeen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Eta ondokoak jaso behar dituzte:
a) Titulua.
b) Hasiera eta amaiera datak, eta iraupena (orduak).
c) Ziurtagiria egin duen erakundea.
Era berean, irakaskuntza-jarduerari balorazio handiagoa ematea nahi bada, erabili den material didaktikoaren kopia eranstea gomendatzen da.
7.5.3.– Komunikazioak eta txostenak egiaztatzeko, horien kopiak aurkeztu behar dira, baita horiek antolatu edo deitu dituen organoaren edo erakundearen ziurtagiria ere. Ondokoak jaso behar dira:
a) Egilea.
b) Data.
c) Titulua.
d) Biltzarraren edo topaketaren izena.
e) Erakunde antolatzailea.
7.5.4.– Ikerketa proiektuetako parte-hartzea egiaztatzeko, ikerketa proiektuaren organoaren edo erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Eta ondokoak jaso behar ditu:
a) Zuzendaria/laguntzailea.
b) Taldeko kide kopurua.
c) Aurrekontua.
d) Hasiera eta amaiera datak.
e) Erakunde finantzatzailea.
Era berean, proiektuaren ondoriozko ekarpenek eta argitalpenek azken balorazioa hobetu ahal izango dute.
7.5.5.– Argitalpenak egiaztatzeko jatorrizko argitalpenak edo horien kopia konpultsatua aurkeztu beharko da. Testua Interneten argitaratu baldin bada, paperezko kopiaz gain, URLa ere adierazi beharko da.
7.6.– Euskara.
Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak edo ziurtagiriak bakarrik egiazta daitezke. Euskara-tituluen eta ziurtagirien baliokidetzak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan araututakoak dira. Dekretu hori euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko baita.
Euskara betekizun nahiz merezimendu moduan egiazta daiteke, eta horretarako erakunde ofizial batek jaulkitako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
7.7.– Hizkuntzak.
Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak edo ziurtagiriak bakarrik egiaztatu beharko dira.
7.8.– Gradu pertsonala.
7.8.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako gradu pertsonala ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.
7.8.2.– Baina administrazio honek aitortu ez duena eta, beraz, Langileen Erregistroan jasotzen ez dena egiaztatu egin behar da. Horretarako, jatorriko administrazioan langileen arloan eskumena duten organoen ziurtagiria aurkeztu behar da. Aurreko egiaztapena egiteko III. eranskineko eredua bete behar da; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.
7.9.– Antzinatasuna.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako antzinatasuna ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.
Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuen antzinatasuna, Langileen Erregistroan jasota ez badago, jatorriko administrazioan langileen arloan eskumena duten organoen ziurtagiri bidez egiaztatuko da. Aurreko egiaztapena egiteko III. eranskineko eredua bete behar da; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.
7.10.– Merezimenduen eta betekizunen zuzenketa.
Interesdunei edo hauek lan egin duten administrazioei eska diezaieke zerbait argitzeko edo dokumentazio osagarria aurkezteko, baldin eta betekizun bat behar bezala egiaztatzeko edo alegatu diren merezimenduak baloratzeko beharrezkotzat jotzen badu. Horrelakoetan, hautagaiari eskatuko zaio hamar egun baliodunetan aurkezteko eskatu zaion informazioa.
7.11.– Erreferentzia data.
Merezimenduak baloratzeko erreferentzia gisa hartuko da oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren eguna.
8.– Balorazio Batzordeak.
8.1.– Osaera.
Balorazio Batzordeen zereginak izango dira betekizunak egiaztatzea, merezimenduak baloratzea, puntuazio onenak lortu dituzten hautagaiei esleipena egiteko proposamena luzatzea lehiaketa deitu duen organoari (egoki bada), eta oro har, oinarri hauek betetzen direla bermatzea. Batzordeek kide-kopuru bakoitia izango dute, gutxienez bost.
Balorazio Batzordeetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da, salbu eta hori egokia ez dela behar bezala justifikatzen bada. Ordezkaritza orekatua egongo da lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak, gutxienez, % 40ko ordezkaritza duenean.
Balorazio Batzordeak lehiaketa deitu duen agintariari eska diezaioke aholkulari-lanetarako adituak izendatzeko. Aholkulari horiek, hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ezingo dute botorik eman.
8.2.– Prestakuntza.
Balorazio Batzordeetako kideak karrerako funtzionarioak izango dira, eta deitutako lanpostuen titulu-taldeen kidegoetan edo eskaletan sartuko dira.
8.3.– Jarduera.
Balorazio Batzordeek askatasun osoz, diskrezionaltasun teknikoz eta objektibotasunez jardungo dute, eta haien proposamenek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua lotetsiko dute.
Jarduteko duten diskrezionaltasun teknikoa gorabehera, ebazpenak arrazoitu egin beharko dituzte, arauak eta oinarriak bete beharrez.
Batzordeen jarduna arautuko dute oinarri hauetan ezarritakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko erregelamenduak (urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren bidez onetsi dena), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak.
Hautaketa-prozesu orotan bete behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak eraginkorragoak izan daitezen (Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 25. artikuluaren arabera), epaimahaien eztabaidak isilpean gordeko dira. Era berean, hartzen diren erabakiak ere isilpean gorde beharko dira harik eta prozedura egokiaren bidez argitara eman arte. Batzordeak aurkezten diren pertsonen anonimotasuna bermatu behar du probak egitean eta zuzentzean.
Balorazio Batzordeek aurkezten den edozein zalantza ebatzi ahal izango dute eta, oinarri hauetan ezartzen ez den guztian, lehiaketa behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituzte.
Balorazio Batzordeetako kideei eta horien aholkulariei ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoek (halakorik ordaindu behar denean) Zerbitzuaren ziozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua bete beharko dute (zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzko dekretua bigarrenez aldatu duen abenduaren 19ko 267/2000 Dekretuaren arabera).
8.4.– Izendapena.
Hauek izango dira batzordekideak:
Batzordeburua:
Titularra: Cecilia Anitua Trevijano.
Ordezkoa: Mikel Gorriti Bontigi.
Kideak:
Titularra: Jon Agirre Huerga.
Ordezkoa: Fulgencio Aledo Amorós.
Kideak:
Titularra: Lide Murua Markaida.
Ordezkoa: Jose Luis Arruti del Rey.
Kideak:
Titularra: Gerardo Luzuriaga Sanchez.
Ordezkoa: Jon Iñaki Usategi Diaz de Otalora.
Idazkaria:
Titularra: M.ª Isabel Monléon Fernández.
Ordezkoa: Itziar Liceaga Romero.
9.– Lehiaketa nola egingo den.
9.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.
9.1.1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskariak 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
9.1.2.– Parte hartu nahi dutenek eskabidea Intranet bidez egin beharko dute, lehiaketen atalean dagoen eredua betez. Eskabideak era horretan aurkezten dituztenei jaso izanaren agiri bat emango zaie. Horrela egiten dutenek, betiere, hartu izanaren agiria jasoko dute.
9.1.3.– Salbuespenez, lanpostuan aldi baterako ez dauden langileek eta egoera aktiboan ez daudenek, eta halaber, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Osakidetzako estatutupeko langile finkoek edo karrerako funtzionarioek eta beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek deialdi honetako IV. eranskin modura datorren eredua aurkezteko aukera izango dute. Halakoetan, Funtzio Publikoko zuzendariari egin beharko zaio eskabidea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluak ezartzen dituen edozein erregistrotan aurkeztu ahal izango dute.
9.1.4.– Eskabide baldintzadunak. Baliteke, familiako elkarbizitza-arrazoiak direla eta, lehiaketa honetan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten bi pertsonek lanpostua herri berean edo hurbileko herrietan lortu nahi izatea; halakoetan, eskabideetan, baldintza modura lanpostua biek hala biek lortu beharra adierazi dezakete, eta, hala ez bada, dena delako herriko lanpostuetarako eskabide biak indarrik gabe geratuko dira.
9.1.5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, ez dugu eskabideak ezertan aldatzerik onartuko. Baina, esleipenen behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak egiteko epe barruan, lehiatzaileek, hala nahi badute, lehiaketan atzera egiteko eta ez parte hartzeko aukera ere izango dute.
9.1.6.– Lanerako baldintzak betez gero, eta, lehentasuna zehaztuz gero, deialdiko lanpostu hutsetatik nahi diren guztiak eska daitezke.
9.1.7.– Lehiaketa batean baino gehiagotan edo kidego diferenteetan eskainitako lanpostuetan parte hartu nahi duten pertsonek eskabidean dagokion atalean bete beharko dute zein lanpostutan parte hartu nahi duen, lehentasunaren hurrenkeran ordenatuta. Horretarako, berariazko lehiaketa guztien II. faseko behin-betiko emaitzak eta lehiaketa orokorrarenak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko sailburuordearen Ebazpenaren bidez, bost egun baliodunetako epea irekiko da interesdunek lanpostu guztiak erregistra ditzaten, lehentasunaren hurrenkeran ordenatuta, eta lehiaketa bakoitzean egindako lanpostuen ordena ezin izango da aldatu.
9.1.8.– Lanpostua betetzeko baldintzak egiaztatzeko agiriak eta aurkeztu nahi diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak eskabidearekin batera aurkeztu behar dira, 7. oinarrian zehazturik datorren moduan. Eskabide elektronikoa egiten bada, eskabideak aurkezteko epe bera egongo da merezimenduak edo baldintzak egiaztatzeko. Epe barruan aurkezten ez badira, egiaztatu gabetzat joko ditugu.
9.2.– Lanpostu bakoitzerako onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako administrazio zerbitzuek Balorazio Batzordeko buruari bidaliko dizkiote aurkeztutako eskabideak, erantsitako agiriekin batera. Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak Batzordearen zereginak erraztuko ditu; horretarako, baldintzak betetzen direla eta agiri egokiak aurkeztu direla egiaztatuko du aldez aurretik.
Nolanahi ere, Balorazio Batzordeak baldintzak betetzeari buruzko egiaztapena berretsiko du, lanpostu bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda egingo du eta zerrenda hori 10. oinarrian azaltzen diren lekuetan argitaratzea erabakiko du; halaber, 5 egun balioduneko epea emango du interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten. Kautelaz, derrigorrezko 4. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten pertsonak sartuko dira, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren ondorioetarako.
9.3.– Erreklamazioak aztertzea eta onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzea.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Balorazio Batzordeak horiek ebatzi, lanpostu bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu eta horiek 10. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea xedatuko du.
9.4.– Merezimenduen balorazioa eta parte-hartzaileen behin-behineko emaitzak argitaratzea.
Lanpostu bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu eta gero, Balorazio Batzordeak merezimenduen balorazioa egin, gutxieneko puntuazioa lortu dutenen zerrenda taxutu eta zerrenda hori 10. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.
9.5.– Erreklamazioak aztertzea eta behin betiko emaitzak taxutu eta argitaratzea.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Balorazio Batzordeak erreklamazio horiek ebatzi, merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda eta gutxieneko puntuazioa lortu dutenen behin betiko zerrenda taxutu eta horiek 10. oinarrian azaldutako lekuetan argitaratzea xedatuko du.
9.6.– Lanpostuak esleitzea eta esleipenen behin-behineko zerrenda argitaratzea. Atzera egiteko epea.
9.6.1.– Halaber, esleipenen behin-behineko proposamena 10. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea erabakiko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten. Epe horren beraren barruan parte-hartzaileei aukera emango zaie lehiaketa osoan parte hartzeko eskarian atzera egiteko.
9.6.2.– Esleipen-proposamenean honakoak hartuko dira kontuan: lehiaketara atera diren lanpostuak, balorazioaren emaitza eta eskarian aurkeztu den hurrenkera-ordena. Eskabidean ezarritako hurrenkera-ordenaren ondorioa hau da: pertsona bati lanpostu bakar bat esleitu ahal izango zaio, hainbat lehiaketatan edo hainbat kidegotarako parte hartzen badu ere.
Nolanahi ere, lanpostu bati aldi baterako atxikita dauden langileek (aurrez betetzen zuten lanpostua utzi egin behar izan duelako, kendu dutelako lanpostutik mugiarazi dutelako) lehentasuna izango dute lehiaketa honetan lanposturen bat betetzeko, bai eta, behingoagatik bakarrik, udalerri berean sortutako lanpostu hutsak betetzeko ere (kendutako lanpostuaren lanpostu mailako osagarri berdina edo baxuagoa dutelako).
Lehiaketa osoaren puntuazioan berdinketarik egonez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira berdinketa argitzeko:
– Emakumeei emango zaie lehentasuna, dena delako kidego, aukera edo eskala eta kokapen-mailan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da plazarako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu, horregatik sexuagatiko diskriminaziorik ez dagoela; kasurako, laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean.
– Merezimenduetan lortutako puntuazioa deialdiaren oinarrian adierazitako hurrenkeraren arabera.
– Antzinatasuna, lehian dagoen kidegoan edo eskalan karrerako funtzionario gisa lan egindako denbora.
– Antzinatasuna, karrerako funtzionario gisa lan egindako denbora.
– Antzinatasuna, azken behin betiko lanpostuan lan egindako denbora, eta Administrazioan lan egindako denbora.
9.7.– Atzera egiteko eskariak aztertzea. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari helaraziko zaio eskainitako lanpostuen esleipenaren proposamena.
Erreklamazioak eta atzera egiteko eskariak aurkezteko epea amaituta, Balorazio Batzordeak baloratuko ditu, esleipenen behin betiko proposamena egingo du, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari bidaliko dio.
9.8.– Lehiaketaren behin betiko ebazpena argitaratzea.
Behin betiko esleipen-proposamena jasotzen duenean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak onetsi egingo du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindu. Agindu horren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, agindua argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean; edo administrazioaren aurkako auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
10.– Argitaratzeko lekua.
10.1.– Lehiaketan parte hartzen dutenentzako informazio garrantzitsu guztia eta, zehazki, onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko eta behin betiko zerrendak, merezimenduen balorazioen behin-behineko eta behin betiko zerrendak, merezimenduen zuzenketa, erreklamazioak eta esleipenen behin-behineko eta behin betiko zerrendak honako helbide hauetan dauden iragarki-oholetan argitaratuko dira:
Intranet: «Jakina»
Internet: www.euskadi.eus/lehiaketa
Oinarri hauetan ezarritako epeak zenbatzeko argitalpen horrek bakarrik balio izango du. Horrenbestez, ez da beharrezkoa izango bestelako iragarki-ohol edo hedabidetan argitaratzea.
10.2.– Deialdia, halaber, harpidetza pertsonalizatuaren bidez zabalduko da; hala, lehiaketaren fase bakoitzari buruzko informazio zehatza posta elektronikoz jaso ahal izango da. Zerbitzu hau baliatzeko, helbide elektronikoa eduki behar da, besterik ez, eta Langilearen atarian edo Jakinan eskatu ahal da, edo bestela posta elektronikoko mezu bat bidaliz
11.– Lanpostuak esleitzea. Kargua uztea eta karguaz jabetzea.
11.1.– Esleipendunek lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko dute, eta horrenbestez, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko dute, horrelakorik izanez gero, ez badute beste lanposturik lortu lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen deialdi publikoaren bidez, gerora agertutako ezintasunagatik, zerbitzu aktiboaz bestelako egoera batera igarotzeagatik edo, deialdia egin duen organoak bidezkotzat jotzen dituen aparteko arrazoiengatik.
11.2.– Antolaketa errazteko, esleipen-ebazpenean argi adieraziko da esleipena lortu duten langileek zein egun jakinetan utzi beharko duten lehengo kargua eta berria hartu.
11.3.– Lehiaketa honetan lanpostu-erreserba dakarten egoeraren batean daudela parte hartu duten langileek aurrerantzean ere administrazio egoera berean jarraituko dute, lanpostua lortzen badute, kasu batean salbu: bueltatzea berariaz eskatzen badute, aurreko atalean azaldutako bost egun balioduneko epean.
11.4.– Esleitutako lanpostua borondatezkoa dela ulertuko da, hortaz ez du eskubiderik emango inolako arrazoirengatik kalte-ordainak jasotzeko.
12.– Lehiaketaren kudeaketan datu pertsonalak babestea.
Lehiaketa kudeatzerakoan, datu pertsonalak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren fitxategian tratatuko dira; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila bera da fitxategiaren ardura duen administrazio-organoa, eta aukera ematen du datuok atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edo horien aurka egiteko, haren Funtzio Publikoaren Zuzendaritzara jota.
Parte hartzeko eskabide-orriek horren berri emateko informazio-klausula bat ekarriko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko administrazio-langileek, Balorazio Batzordeko kideek eta, baldin balego, batzordeari laguntzeko langile espezializatuek sekretuan gorde beharko dituzte lehiaketa kudeatzerakoan jakiten dituzten datu pertsonal guztiak.
Balorazio Batzordeak aginduta, 10. oinarrian aipatutako lekuetan argitaratuko diren onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrendan, gutxieneko puntuazioa lortu duten behin-behineko eta behin betiko hautagaien zerrendan, probaren behin-behineko eta behin betiko emaitzen zerrendan eta esleipenen behin-behineko zerrendan, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira: publizitate-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez. Datuok bere horretan utzi beharko dira harik eta esleipen-prozesua amaitzen den arte eta erreklamazio edo errekurtsoak gauzatzeko beharrezko aparteko denbora guztian.
Zerrenda horiek klausula bat edukiko dute ohartarazteko zerrendotan datu pertsonalak ageri direla, datuak babesteko gaur egungo legedia betetzen dutela eta datuon helburu bakarra dela lehiaketaren fase zehatz horri publizitatea egitea eta, hala egokitzen denean, parte-hartzaileei jakinaraztea. Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute adierazteko datuok ez direla edonork hartu edo erabiltzeko, eta ezin izango direla erreproduzitu –ez osorik ez zatika–, transmititu, edo edonolako errekuperazio-sistema erabilita erregistratu, tarteko hautagaiek berek horretarako baimenik eman gabe.
Lehiaketan jarritako lanpostuen behin betiko esleipenen zerrenda onartzeko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira, publizitate-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez.
II. ERANSKINA
ESKEINITAKO LANPOSTU ZERRENDA
III. ERANSKINA
BESTE ADMINISTRAZIO PUBLIKO BATZUETAN LORTUTAKO MEREZIMENDUEN ZIURTAGIRIA
IV. ERANSKINA
ESKABIDE ORRIA