EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017103

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 24koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, turismo-enpresen modernizazioari eta lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko 2017ko ekitaldirako laguntzak arautu eta horien deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-05-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201702701
Maila: Agindua
Euskal turismoaren lehiakortasuna eta Euskadin ekonomia eta enplegua dinamizatzeko egiten duen ekarpena gauzatzeko ezinbestekoa da enpresa-sarea indartzea; eta horretarako enpresa-estrategia berri bat inplementatu nahi da, turismo-enpresa agente aktibo eta arduratsu gisa azpimarratzen duena, zeinaren emaitzak hainbat gaitan (bezeroarekiko orientazioa, kalitatea eta prestakuntza, balio-kateko posizioa edo bere produktuen, zerbitzuen edo negozio-ereduen berrikuntza) erabilitako estrategien emaitza izango diren; baina era berean administrazioaren estrategia berrien emaitza, enpresei laguntzeko hainbat esparrutan, besteak beste, kalitatea, errentagarritasuna, bezeroarekiko orientazioa, teknologia berrien ezarpena, irisgarritasuna edo ingurumen-kudeaketa, enpresen arteko eta enpresen eta turismo-sistemako gainerako agenteen arteko lankidetza bultzatzea, asmo handiagoko helburu estrategikoei aurre egin ahal izateko sinergiak aprobetxatuz eta eskura dauden baliabideak optimizatuz.
Era berean, eta aurreko guztiarekin bat etorriz, Euskal Turismoaren 2020rako Plan Estrategikoak, zeinak datozen urteetan Euskadin aplikatuko ditugun turismo-politikak adierazten eta xehatzen dituen esparrua biltzen baitu, «Berrikuntza» estrategian (E.1) –Plan osoarekiko zeharkakoa da– eta «Enpresa-garapena» estrategian (E.4) bildutako hainbat jardun-ildo ezartzen ditu. Jardun-ildo horiek lehiakortasunaren ikuspegi osoa, bidaiariekiko orientazioa, lankidetza, berrikuntza eta inbertsio sistematikoa gauzatzera bideratuta egongo dira.
Aurrekoa kontuan hartuz, agindu honen helburuak honako hauek dira:
Helburu nagusia: egungo turismo-industriako enpresen lehiakortasuna hobetzea.
Helburu espezifikoak:
1.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.
2.– Merkatuan negozio berritzaileen kopurua handitzea, baita beste hauena ere: goraka ari diren edo estrategikoak diren merkatuetan esperientzia jasangarriak eta/edo zerbitzu berriak eta produktu ezberdinak ezartzen eta garatzen dituztenak.
3.– Turismo-eskaintza lehiakorrago batean modernizatze- eta hobetze-inbertsioak egiten dituzten enpresen kopurua handitzea.
4.– Irisgarritasun-maila hobetzen duten establezimenduen kopurua handitzea.
5.– Kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistemak ezarrita dituzten enpresen kopurua handitzea.
Testuinguru honetan, erabilgarri dagoen aurrekontua txikiagoa denez gero, baliabide publikoak bideratzeko orduan, gero eta garrantzitsuagoa da kontuan hartzea zer proiektuk duten hobeto bermatuta helburuak lortuko dituztela. Horregatik, programa berri honek lehiaketa-prozedura ezartzen du laguntzak nola emango diren ezartzeko. Horretarako, irizpide orokor batzuk eta jardun-tipologia bakoitzarentzako irizpide espezifiko batzuk ezartzen dira proiektuak egokiak izateko eta eskatzaileen ahaleginak bideratzeko.
Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Euskal ETEei laguntza publikoa emateko programen xede izan diren enpresa onuradunekin egindako kudeaketaren esperientzia kontuan izanik, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez dakar inolako diskriminazio edo kalterik.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Diru-laguntzen 2017rako Plan Estrategikoan jasotzen da laguntza-programa hau.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onestea, eranskinetan jasotzen diren zehaztapenen arabera, 2017ko ekitaldiari dagokionez, turismo-enpresen modernizaziorako eta lehiakortasunaren hobekuntzarako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
2.– Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak zenbatzen.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea turismo-enpresen hobekuntza bultzatzea da, honako hau lortzeko: bezeroei eta merkatura bideratutako kalitatezko turismo-eskaintza lehiakorrago baten garapena erraztea; Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) harrera eta ezarpena bultzatzea, enpresen eta bezeroen arteko interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko; turismoaren arloko negozio, zerbitzu eta produktu berrien sorkuntza eta ezarpena bultzatzea, merkatuan berritzaileak izanik, hori guztia gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunaren irizpideak kontuan izanik.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresei honako jardun hauek egin ditzaten lagunduko zaie:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.
b) Turismo-eskaintzaren modernizazioa, lehiakorragoa izan dadin.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta turismo-sektorean lan egiten duten enpresetan eta establezimenduetan kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideak 700.000 eurokoak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
Diruz lagunduko diren jardueretako bakoitzarentzat erabiliko diren zenbatekoak honako hauek dira:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean: 242.000 euro.
b) Turismo-eskaintza modernizatzea eta hobetzea, lehiakorragoa izan dadin: 400.000 euro.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea: 30.000 euro.
d) Turismo-sektorean jardun eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik dauden enpresa eta establezimenduetan, ingurumen-kudeaketa eta kalitate-kudeaketa ziurtatu dezaketen sistemak ezartzea. 28.000 euro.
3. artikulua.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:
1.– Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak. Lokalean bertan kontsumitzeko janariak eta edariak ohiko izaeraz eta profesionalki eskaintzen dituzten establezimendu finkoak.
2.– Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Biltzarrak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak eta profesionalki biltzar bat egitea eskatzen duen beste edozein jarduerari buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-bitartekaritzako enpresak.
3.– Enpresa. Bere forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen, hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituen edo zerbitzuak eskaintzen dituen edozein erakunde.
Halaber, enpresa txiki eta ertain kontsideratzen dira, 250 langiletik behera izanik, 50 milioi euroko edo hortik beherako urteko negozio-bolumena dutenak edo 43 milioi euroko edo hortik beherako urteko balantze orokorra dutenak; horrez gain, ETE gisa sailkatzeko ezarriak diren baldintzak bete behar dituzte, betiere 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz. Gorago ezarritakoaz beste interpretaziorik egiteko, kontuan hartuko da 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarrita dagoena (EEAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa), edota hori ordezten edo aldatzen duten xedapenetan ezarritakoa.
4.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.
5.– Basquetour; Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, S.A. (aurrerantzean, Basquetour). Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako sozietate anonimo publikoa izanik, bere xede soziala da, besteak beste, euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea, abian jartzea eta betearaztea. Ekintza horiek turismoaren arloko sailburuordetza eskudunak diseinatu eta planifikatzen ditu. 2013. urteaz geroztik, era berean, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren ordezkaritza gisa dihardu Euskadin.
6.– Sektore Turistikoko ekimen berritzaileen katalogoa Basquetourrek egindako gida, Euskadiko turismo-sektorean berritzeko garaian lagungarriak izan daitezkeen hainbat proposamen eskaintzen dituena.
7.– Turismo Kalitateko Aholkularien Katalogoa. Basquetourrek landutako katalogoa, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q marka ezartzeko prozesuetan enpresei aholkuak emateko eta laguntzeko esperientzia eta prestakuntza nahikoa dutela egiaztatzen duten pertsona-zerrenda bat biltzen duena (http:www.basquetour.eus).
8.– Bidaia konbinatua. Hurrengo paragrafoan adierazitako elementuetatik gutxienez bi elementu konbinatuz aurretik lotzea da, prezio globala ezarrita salduz edo eskainiz, baldin eta eskainitako prestazio horrek 24 ordutik gorako iraupena badu edo gutxienez gau bateko egonaldia hartzen badu.
Aurreko paragrafoan adierazten diren elementuak honako hauek dira:
• Garraioa.
• Ostatua.
• Bestelako turismo-zerbitzu batzuk, garraioari edo ostatuari lotu gabe doazenak, baina bidaia konbinatu horretan funtsezkoak direnak.
9.– Bitartekaritzako turismo-enpresak: turismo-arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, betiere erregelamenduz ezarritako betekizunak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta operadore turistikoak.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan bildutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisikoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek eta enpresek (mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek), betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte; jarduerek honako tipologia hauetako batean kokatuta egon beharko dute:
a) Turismo-ostatuko establezimenduak.
b) Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak.
c) Bitartekaritzako turismo-enpresak.
d) Turismo-garraioko enpresak.
e) Turismo aktiboko enpresak.
f) Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak.
g) Turismo-gidaliburuak.
2.– Era berean, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q marka lortzeko eta/edo berritzeko 6.d) artikuluan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, aurreko tipologiez gain, upategiek, sagardotegiek eta txakolin-upategiek, baldin eta aurreko atalean bildutako betekizunak betetzen badituzte eta bisitagarriak baldin badira.
3.– Aurreko bi paragrafoetan aipatutako erakundeek jarduera egikaritzen egon beharko dute eskaria egiten duten unean, Euskal Autonomia Erkidegoan.
4.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun izatetik kanporatuta geratzen dira aurreko paragrafoetan adierazi diren ETEaren eta jardueraren definizioekin bat ez datozenak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako erakundeak ere.
5. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.
1.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aipatzen diren egoeretakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak. Egoera horien artean, hauek daude:
– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta egotea, edota hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
– Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak bete gabe izatea.
2.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek edo beste edozein administrazio publikok emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.
6. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, agindu honen 8.1. artikuluan ezarritako epeetan egikaritu eta ordaindutako inbertsioak finantzatzera bideratuko dira; hain zuzen ere, honelako inbertsioak:
a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.
Honako ekimen hauei emango zaie laguntza:
a.1.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) oinarritutako soluzioak ezartzea, negozioaren efizientzia eta kudeaketa hobetzeko, baita turismo-produktu edo -zerbitzuen sustapen, komunikazio eta merkaturatzerako ere, horretarako web 2.0 teknologia erabiliz.
Azpiatal honetan, negozioa IKTen aplikazio-esparru hauetan hobetzeko soluzioak ezartzea lagunduko da diruz:
● Negozioaren efizientzia eta kudeaketa hobetzea (adibidez, hodeian biltegiratzea, kobrantza eta ordainketa segurua, negozioaren kudeaketa integrala, bezeroarentzako zerbitzuak kudeatzea, erreserben kudeaketa, eskaera digitalak eta abar).
● Negozioa interneten posizionatzea (adibidez, webguneak eta atari interaktiboa, bezeroarekin batera jarduteko, horretarako sarean dauden komunikazio-kanalak erabiliz).
● 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea (hala nola negozioa dinamizatzea sare sozialetan; sareko publizitatea eta marketina, bereziki merkatu-segmentu espezifiko edo espezializatuetara bideratuta, hartarako kanal eta atari egokiak erabiliz).
● Produktuak eta/edo zerbitzuak zuzenean merkaturatzea eta saltzea erraztea (sareko merkaturatzea webetik bertatik; denda birtuala, nire online denda.).
Azpiatal honetarako gutxieneko inbertsioa 3.000 eurokoa da.
a.2.– Hari gabeko konektibitatea hobetzea turismo-ostatuetan.
a.2.1.– Azpiatal honetan, xede hau duten inbertsioak lagunduko dira diruz: turismo-ostatuetan hari gabeko sareak hedatu edo hobetzea. Sare horiek turismo-ostatuaren instalazioetarako egokiak izango dira, eta kalitateko doako zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko dute establezimenduaren edozein lekutatik; horrez gain, pertsona bakoitzeko erabilgarri egongo diren gailu mugikorren kopurua handitzeko aukera emango dute. Zehazki:
a) Establezimenduko hari gabeko konektibitatea hedatu edo hobetzearekin lotutako inbertsioak, hauek barnean direla:
● Hari gabeko sarea hedatzeko eta kudeatzeko beharrezkoa den sareko hardware- eta software-azpiegitura (sarbide-puntuak, switchak, komunikazio-armairuak, sare-puntuak, kableak, kanalizazioak eta abar kontuan hartuta).
● Hari gabeko sarea hedatzeko beharrezkoa den sare elektrikoaren azpiegitura (sare elektrikoaren puntuak, kableak, kanalizazioa, kaxa elektrikoak, diferentzialak, magnetotermikoak eta abar kontuan hartuta). Hari gabeko sarea hedatzeko behar-beharrezkoa den eta horrekin lotura zuzena duen sare elektrikoaren azpiegiturak bakarrik jaso ahal izango du laguntza hau. Ahal den guztietan, sarbide-puntuen Power over Ethernet («PoE») ezaugarria erabiliko da, sare elektrikoaren azpiegitura minimizatuz. Ez dira diruz lagunduko hari gabeko sarea edo Internetera sartzeko linea hedatzearen ondorioz establezimenduan egiten diren egokitzapen ez-teknikoak eta obren gastuak.
● Establezimenduan hari gabeko konektibitatea hedatzeko edo hobetzeko diren zerbitzu profesionalak azpikontratatzea. Zerbitzu horien barnean sartzen dira: sarearen estaldura eta neurria aztertzeko lanak, sarea hedatzeko establezimenduan egiten diren egokitzapen teknikoak, parametrizazioa, konfigurazioa eta sarearen eta emandako zerbitzuen egiaztapena, sarearen administratzaileak gaitzeko zerbitzuak eta hirugarrenei azpikontratatu beharreko edozein jarduera, baldin eta hari gabeko sarea hedatzeko edo hobetzeko ezinbestekoa bada eta horrekin lotuta badago.
b) Interneteko sarbide-linea berria kontratatzea edo oraingo sarbidearen ahalmena hobetzea, hedatutako hari gabeko sareari euskarria emateko; gehienez ere hiru hilabeteko zerbitzua, agindu honetan diru-laguntzak jasotzeko ezarritako aldiaren barruan. Sarbide-linea finkoa edo mugikorra izan ahalko da.
Establezimendu guztiek, eskaera egiten dutenean, Internetera sartzeko linea bat izan behar dute, diru-laguntzaren xede den hari gabeko sareari euskarria emateko, alde batera utzita gastu hori laguntzaren parte den edo ez.
a.2.2.– Proiektuen betekizun teknikoak:
Diruz lagun daitezkeen proiektuek betekizun tekniko hauek bete beharko dituzte:
a) Estaldura: hedatutako hari gabeko sareak establezimenduko azaleraren % 90 inguru hartu behar du barruan, gelak eta eremu komunak (itxiak eta irekiak) barnean direla. Hari gabeko sarearen instalazioaren hornitzaileak sinatutako txosten batek baieztatu beharko du establezimenduaren gutxi gorabeherako estaldura-ehunekoa lanak egin ostean.
b) Teknologia:
● Wifi teknologian oinarrituta egongo da hari gabeko sarea; 802.11g edo maila handiagoko estandarra beteko du, eta 2,4 GHz-ko bandan jardungo du gutxienez. Gutxienez -75 dBm-ko seinale/zarata erlazioa (SNR) eskatuko da.
● Sarbide-guneak: sarrera anitzeko antenak izan behar dituzte, gutxienez 2x2-ko irteera anitzekoak, eta komeni da 3x3-koak edukitzea erabiltzaile-dentsitate handiko eremuetan. Power over Ethernet («POE») duen ataka bat izan behar dute, eta banda-zabalera kudeatzeko kontrolatzaile adimenduna integratu behar dute. Gehienez 50 m
● Sareko elektronika-elementuak: Switchek POE ataka bat eduki behar dute, baita zuntz-atakak konektatzeko aukera ere. Switchetatik sarbide-puntuetara gehienez ere 90 metro egotea gomendatzen da, gutxieneko kalitateko zerbitzua eskaintzen duen hari gabeko sarea hedatu ahal izateko.
● Kableatu egituratua: datu-sareko kableak, panelen arteko lotura malguak eta sareko ekipoen lotura malguak Unshielded Twisted Pair (UTP) kobrezkoak izango dira, estandar aurreratuenak jasan behar dituzte (CAT 6 edo hortik gorakoak), eta amaieran RJ45 konexiodun entxufe emeak eduki behar dituzte. Hedatutako sareak behar bezalako ziurtagiria edukitzea eskatuko da.
c) Sarearen kudeaketa: hedatutako soluzioan jaso behar da erabiltzaile bakoitzeko barneko banda-zabaleraren kudeaketa adimenduna, zerbitzuaren gutxieneko kalitatea bermatzeko; erabiltzaile bakoitzeko gaitasuna mugatzeko aukera eman behar du, baita horren trafikoa murriztekoa ere. Izan ere, horri esker, erabiltzaile bakoitzeko gutxieneko batzuk bermatuko dira, banda-zabalera erabilgarriari dagokionez.
d) Segurtasuna: datuen konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzen dituzten segurtasun-protokoloekin (WEP, WPA edo WPA2) konfiguratuta egon behar da hari gabeko sarea. Hari gabeko sarearen euskarrirako sare-ekipoetan segurtasun-mekanismo egokiak ere jarri behar dituzte, eta horra sartzeko autentifikazioa bermatu behar dute.
e) Internetera sarbidea izateko linea: Establezimenduak Interneterako sarbide-linea bat eduki behar du, laguntzaren xede den hari gabeko sareari euskarria emateko. Horrela, sarearen erabiltzaile bakoitzeko, kalitateko zerbitzua bermatuko da, eta hauek egiteko aukera egongo da: etenik gabe nabigatzea, posta elektronikoa begiratzea eta sare sozialetatik argazkiak zein bideoak deskargatu eta bidaltzea. Hori guztia bermatu beharko da egoera hau kontuan izanda: establezimenduko bezeroen % 50 inguru aldi berean sartzea, establezimenduaren gehieneko edukierari dagokionez.
Azpiatal honetarako gutxieneko inbertsioa 3.000 eurokoa da.
a.3.– Turismo-negozioen eredu berriak sortzea, bai eta lehendik direnak espezializatzea ere; horiei esker, turismoaren arloko produktu eta zerbitzu berriak eta/edo esperientzia jasangarriak sortuko dira Euskadin ahalmen handia duten turismo-sektoreetan edo goraka ari diren merkatu-nitxoetan, betiere natura- eta kultura-ondarea errespetatuko duen erabilera sustatuz.
Jasangarritasunaren hiru dimentsioak baloratzeko aintzat hartu behar diren zenbait alderdi:
● Ingurumenarena: ingurumena errespetatzen du; energia berriztagarriak erabiltzen ditu; energiaren eta ur-kontsumoaren kudeaketa efizientea egiten du; teknologia eta prozesu eko-efizienteak erabiltzen ditu; karbono-aztarna murrizteko neurriak hartzen ditu, edo inpaktu txikia du; ingurumen-kudeaketaren eta jasangarritasunaren ziurtagiriak ditu; ingurumen-praktika onak ezartzen ditu; bere produktu eta zerbitzuen kontsumo arduratsuari buruzko informazioa ematen die erabiltzaileei, eta abar.
● Ekonomiarena: zerbitzu eta produktu lokalak erabiltzen ditu, komunitatearentzako enplegua eta onurak sortzen dituztenak / kalitateko enplegua sortzen du (soldata duinak, egonkorrak, genero-diskriminaziorik gabekoa) / beste enpresa edo zerbitzu batzuk sortzen laguntzen du / jarduera turistikoa ez du urtaro jakin batera mugatzen / destinoaren marka indartzen du.
● Soziala: ondare naturala eta kulturala sustatu eta iraunarazten ditu / turismo irisgarria sustatzen du / destinoaren kudeaketa turistikoan parte hartzen du / erantzukizun sozialeko ekintzak garatzen ditu komunitatean.
Negozio-eredu berriak agindu honen 4.1 artikuluan jasotako enpresen tipologian sartu beharko dira.
Azpiatal honetan, hauek lagunduko dira: instalazioak egokitzeko lanak, altzariak eta ekipamendua eskuratzea, irtenbide teknologikoak ezartzea, bai eta produktu, zerbitzu eta/edo negozio berriak garatzeko behar diren inbertsioak eta gastuak ere, agindu honen 8. artikuluan zehaztutakoak izan ezik. Kanpo gelditzen dira sortutako turismoko enpresen, produktuen eta/edo zerbitzuen sustapen eta merkaturatzeari lotutako gastuak, betiere web 2.0 teknologiaren bitartez egiten ez badira.
Gogorarazi behar dugu «bidaia konbinatu» bat –agindu honen 3. artikuluan zehaztua– osatzen duten turismoko zerbitzuak eta/edo produktuak bidaia-agentzia baten bitartez merkaturatu behar direla eta turismo-produktu horren publizitatean merkaturatzen duen bidaia-agentziaren ENK jakinarazi behar dela, horrelaxe araututa baitago bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 1.2. eta 10. artikuluetan.
Azpiatal honetarako gutxieneko inbertsioa 4.000 eurokoa da.
Interesa duten enpresek «Turismo Sektoreko Ekimen Berritzaileen Katalogo» bat dute eskuragarri web-orri honetan: www.euskadi.eus/turismo
b) Turismo-eskaintza modernizatzea eta hobetzea, lehiakorragoa izan dadin.
Atal honetan, inbertsio hauei emango zaizkie diru-laguntzak:
b.1.– Turismo-ostatuetarako inbertsioak, horien kategoria gehitzeko direnak, eta, orobat, uraren eta baliabide energetikoen kudeaketa efizientea hobetzeko, baldin eta onarturik badute gutxienez 30.000 euroko inbertsioa.
b.2.– Taberna, jatetxe, kafetegi eta tankera horretako establezimenduetan, jantokiko zerbitzuak barne, bertan ostatu hartzen ez duten pertsonei irekitako turismo ostatuetan, ekintza hauek gauzatzeko eginiko inbertsioak:
b.2.1.– Hauek egiteko inbertsioak, zeinen onartutako gutxieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa baita:
• Makineria: elikagaiak biltegiratu, manipulatu eta prestatzea.
• Argiztapena.
• Aire-girotzea (aireztapena, hozte-sistema, berokuntza).
• Terrazak egokitu eta modernizatzea, urte osoan turismorako erabiltzeko.
• Establezimendua garbitzea: ekipamendua eskuratzea.
• Ekipamenduak erregulatu eta kontrolatzeko sistemak, establezimenduaren efizientzia energetikoa hobetzeko direnak.
b.2.2..– Lokalak berritu edo handiagotzea, zeinen onartutako gutxieneko inbertsioa 75.000 eurokoa baita.
b.1, b.2.1 eta b.2.2 azpiatalak elkarrekiko baztertzaileak dira.
Atal honetan aurreikusitako laguntzak lortu nahi dituzten enpresek egiaztatu beharko dute establezimenduek laguntza-eskaeraren xede den jardueran gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna dutela laguntza-eskaera egin den egunean. Aldi horretan familia-oinordetzagatik egindako titulartasun-aldaketak onartuko dira (odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko 4. mailara arte). Enpresa-eskualdaketarako «Berriz Enpresa» programari heldutako eskualdaketak ere onartuko dira (www.berrizenpresa.com); aipatutako programa Eusko Jaurlaritzako Turismoaren arloko sail eskudunak garatu du Euskadiko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberekin lankidetzan. Erakunde publikoek zein pribatuek enpresak eskualdatzeko garatutako beste programa batean jasotakoak ere onartuko dira, halaber.
c) Turismo-establezimenduak indarreko irisgarritasun-araudira egokitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko 2000ko abenduaren 12a baino lehenago irekitako turismo-establezimenduek behar dituzten egokitze-lanak zein ekipamenduak eskuratzeko eta ezartzeko lanak lagunduko dira (Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea; Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, eta otsailaren 19ko 173/2010 Dekretua (BOE, 2010-03-11) (DB-SUA9)).
Ikus Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzaren «EAEn irisgarritasunaren alorrean indarrean dagoen araudi teknikoa aplikatzeko gida (2012ko uztaila)».
Obra behar duten inbertsioei dagokienez, turismo-jarduera egiteko eraikin oso bat hartzen duten establezimenduei laguntza emango zaie Eraikinen Azterketa Teknikoaren (EAT) txostenean irisgarritasunaren alorrean adierazitako arrazoizko doikuntzetan. Txosten hori honen bidez arautzen da: 241/2012 Dekretua, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duena, maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretuak aldatua (101 zenbakiko EHAA, 2014ko maiatzaren 30ekoa). Inbertsioak egin ostean gauzatu bada EATa, inbertsio horiek onar daitezen, bat etorri behar dute aipatutako txostenean identifikatutakoekin.
d) Turismo-sektorean jardun eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik dauden enpresa eta establezimenduetan, ingurumen-kudeaketa eta kalitate-kudeaketa ziurtatu dezaketen sistemak ezartzea.
Atal honetan biltzen dira turismoko establezimendu eta zerbitzuetan kalitatearen kudeaketarako (ICTE Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren Turismo-kalitateko «Q» Marka, ISO 9001) eta ingurumen-kudeaketarako (ISO 14001, EMAS, karbono-aztarna eta energia-auditoretza integrala) erreferentziazko ereduak txertatuta dituztela frogatzen duten ziurtagiriak lortzeko eta berritzeko laguntzak.
Energia-efizientziaren energia-auditoretza integralei dagokienez, berriz, energia primarioko 100 ptb/ urteko baino gutxiagoko kontsumo energetikoa duten turismo-establezimenduetan egindakoek bakarrik izango dute diru-laguntza. Auditoretza garatzeko jarraitu beharreko metodologia UNE-EN 216501 araura zein haren ondorengo aldaketa edo hobekuntzetara doituko da.
ISO ziurtagiriak ENACek ofizialki egiaztatutako enpresa batek edo ENACekin elkarrekiko onespen-akordioa duen enpresa batek eman beharko ditu.
Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
• Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko soil-soilik.
• Ziurtagiria/egiaztagiria lortzeko eta berritzeko kanpo-auditorien gastuak.
• Marka erabiltzeko eskubideen gastuak.
Ez dira barnean sartuko gastu hauek: erakundeko langileek eragindakoak; ziurtapenaren/egiaztapenaren mantentze- edo jarraipen-fasearen gastuak, ez eta arriskuen eta kontrol kritikoko puntuen azterketarako sistemaren (AKKPA/HACCP) definizioarekin eta ezarpenarekin lotutakoak ere.
Eskabidean erantsitako agiriekin batera, agindu honen 8.1. artikuluan ezarritako denbora-tartean betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiri/egiaztagiri egokiak ere aurkeztu beharko dira laguntza jasotzeko.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:
a) Agindu honen 6.a. artikuluan, turismoaren sektorean ekimen berritzaileentzako bilduta dauden inbertsioak honako ehuneko eta gehieneko zenbateko hauen arabera lagunduko dira diruz:
a.1.– Onartutako inbertsio garbiaren % 25 diruz lagunduko da 9.000 euroko mugarekin, a.1) zenbakian adierazitako inbertsioetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritzen diren tresnak eta soluzioak garatu eta/edo ezartzeko.
a.2.– Onartutako inbertsio garbiaren % 25 (15.000 euroko gehieneko kopurura arte), a.2) zenbakian aipatutako turismo-ostatuetan hari gabeko konexioa hobetzeko inbertsioak.
a.3.– Onartutako inbertsio garbiaren % 20 diruz lagunduko da, proiektuko 18.000 euroko mugarekin, a.3) zenbakian adierazitako inbertsioetan, turismo-negozio eredu berriak sortzeko eta lehendik direnak espezializatzeko, betiere zerbitzu-eskaintza berriak, turismo-produktuak edo/eta esperientziak sortzearren.
b) Agindu honen 6.b. artikuluan lehiakortasuna hobetzeko xedez turismo-eskaintza modernizatzeko eta hobetzeko jasota dauden inbertsioak ehuneko eta gehieneko zenbateko hauen arabera lagunduko dira diruz:
b.1.– Onartutako inbertsio garbiaren % 30, 15.000 euroko mugarekin, b.1) zenbakian adierazitako inbertsioetan.
b.2.– Onartutako inbertsio garbiaren % 20, 12.000 euroko mugarekin, b.2) zenbakian adierazitako inbertsioetan, kasu hauetan izan ezik: 75.000 euroko onartutako inbertsioa duten berritzeak eta/edo handitzeak; izan ere, kasu horretan, gehieneko diru-laguntza 18.000 eurokoa izango da.
c) Onartutako inbertsio garbiaren % 30, 15.000 euroko mugarekin, agindu honetako 6.c) artikuluan adierazitako inbertsioetan, establezimenduak irisgarritasunaren arloan indarrean den araudira egokitzeko.
d) Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzea eta berritzea –agindu honen 6.d artikuluan adierazitakoak– era honetan lagunduko da diruz:
d.1.– Onartutako gastuaren % 70, 6.600 euroko mugarekin, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q markaren ziurtagiria lortzeko. Aholkularien laguntza teknikorako laguntza eskatzen badute, eta aholkulari horiek Basquetourrek egindako Turismo Kalitate Aholkularien Katalogoan erregistratuta ez badaude, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, eta muga, berriz, 5.500 euro.
d.2.– Onartutako gastu garbiaren % 70, 6.600 euroko mugarekin, ISO 9001 ziurtagiria lortzeko, laguntza eskatzen den enpresa-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiririk ez badago. Ziurtagiri hori egonez gero, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, 5.500 euroko mugarekin.
d.3.– Onartutako gastu garbiaren % 45, 5.500 euroko mugarekin, ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko.
d.4.– Onartutako gastu garbiaren % 45, 2.000 euroko mugarekin, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria eta ISO 9001 ziurtagiria berritzeko; bigarren kasu horretan, laguntza eskatzen den enpresa-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiririk ez badago.
d.5.– Onartutako gastu garbiaren % 35, 1.400 euroko mugarekin, ISO 9001 ziurtagiria berritzeko, laguntza eskatzen den enpresa- edo establezimendu-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria badago.
d.6.– Onartutako gastu garbiaren % 35, 1.400 euroko mugarekin, ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria berritzeko.
2.– Aurreko ehunekoak % 5 gehituko dira, agindu honetan laguntza bakoitzarentzat ezarrita dagoen muga inola ere gainditu gabe, laguntza eskatzen duen enpresak, edo hala dagokionean establezimenduak, gutxienez ere honako zirkunstantzia bat betetzen duela egiaztatzen duenean:
a) Establezimendu baten ardura hartzen duen enpresaburuak «Berriz Enpresa» (www.berrizenpresa.com) izeneko enpresa-eskualdatze programarekin bat egin izana, edo instituzio publiko zein pribatuek antolatutako beste enpresa-eskualdatze programaren batekin. Eusko Jaurlaritzako turismo arloko sailak garatu du aipatutako programa Euskadiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberen bitartez.
Enpresa eskualdatzeko beste programaren bat izanez gero, enpresa zein lurralde historikotan dagoen, hango Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak egindako ziurtagiria beharko du. Ziurtagiri horrek jaso behar du negozioaren titulartasun-aldaketa horrek enpresa-eskualdatze bat izateko baldintzak eta helburuak betetzen dituela.
Laguntza horren portzentajea enpresa eskualdatzeko proiekturako eskaera aurkezten den lehenengo aldian baino ezin izango da handitu.
b) Turismo-sektorerako honako kalitate-ziurtagiri hauetakoren baten jabe izatea: ISO 9001; Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuak emandako turismo-kalitateko markak; Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak; edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiri bat (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO 14001), gehikuntza ezartzeko arrazoi den ziurtagiriaren berrikuntza-proiektuak salbu.
c) Basquetour, S.A.k garatutako praktika onen programaren batean parte hartu eta hura gainditu izana, gehienez ere laguntza eskatu zenetik harako urtebeteko epearen barruan.
d) Prestakuntza-plan bat duela, edo plantillaren % 25 atzerriko hizkuntzetako prestakuntza eta/edo lanbide-kualifikazioa hobetzeko beste erakunde batzuek antolatutako ikastaroetara joan dela, edo, bestela, sektoreko elkarteek emandako prestakuntza- eta kudeaketa-ikastaroetara, horiek guztiak laguntzaren eskaera egin eta urtebete igaro ez bada. Ikastaroetara joan izana eta ikastaroen edukiak egiaztatu beharko dira.
e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat ezarrita duela, edota lana eta familiako bizitza bateratzeko plan bat; edo, bestela, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunerako erakunde laguntzailea dela egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea, zeina Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ematen baitu.
f) Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita egotea.
3.– Era berean, erakunde onuradunak Basquetour, S.A.k adierazitako metodologia eta jarraibideak kontuan izanik sortutako «Euskadi Gastronomika» eta/edo «Surfing Euskadi» produktu-klubetako, EAEko turismo-sektoreko enpresa-elkarteren bateko eta/edo beren eragin-eremuan turismo-garapena helburu duten elkarte edo enpresa publiko edo pribaturen bateko kide edo bazkide dela egiaztatzen badu, diru-laguntza beste % 5 handituko da, agindu honetan laguntza bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga inola ere gainditu gabe.
4.– Erakunde onuradun bera establezimendu bat baino gehiagoko titularra izango balitz, aurreko laguntzen zenbatekoak establezimendu bakoitzari aplikatuko zaizkio.
8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
1.– Bukatutako proiektuetarako inbertsioak onartuko dira, baldin eta haien fakturak eta ordainketak 2016ko maiatzaren 13az geroztikoak badira eta eskabideak aurkezteko epea, agindu honetako 13.1 artikuluan ezarritakoa, bukatu baino lehenagokoak.
Proiektu bukatu eta fakturatuei dagokienez, horien ordainketa epeka edo/eta era diferituan egiten bada, epe honetan egindako ordainketak bakarrik zenbatuko dira onartutako inbertsio gisa: agindu honetako 13.1 artikuluan eskabideak aurkezteko ezarritako epea.
2.– Eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da establezimendu eta deialdi bakoitzeko.
Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, euretariko baten atzera egiteko eskatuko zaio, eta hala egiten ez badu, lehenengo erregistratu dena onartuko da, eta gainontzekoei ezezkoa emango zaie.
3.– Agindu honen 6 artikuluko a), b), c) eta d) atalak baztertzaileak dira euren artean, hau da, deialdi berean establezimendu bakoitzak horietako batean aurreikusitako diru-laguntzak baino ezingo ditu eskatu.
4.– Nolanahi ere, inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da, halakotzat hartuz Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.
5.– Diru-laguntzaren eskaeraren xede diren proiektuak benetan egin direla egiaztatzeko, eskaeran fakturen eta ordainketen koadroa beteko da, eta dagozkion fakturak eta ordainketa-agiriak aurkeztu beharko dira.
6.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-efizientziaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.
7.– Diru-laguntzaren xede den ekipamenduak, altzariek eta tresneriak berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez 3 urte, fakturazio dataz geroztik, eman beharko dituzte jardunean.
8.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute gutxienez ere 3 urteko aldian.
9.– Agindu honen babesean, diru-laguntza ematen den hari gabeko konexio zerbitzua doako eran eskaini beharko da 3 urtean, gutxienez, instalazioaren eguna kontatzen hasita.
10.– Informatika-ekipamendua, laguntzaren xede den ekimena garatzeko beharrezkoa denean bakarrik lagunduko da diruz, eta hori justifikatu egin beharko da.
11.– Ez dute laguntzarik jasoko diruz laguntzeko jardunari zuzenean lotuta ez dauden gastu-kontzeptuek, eta inola ere honako kasu hauek:
• Lurrak, eraikinak, lokalak eta garraio-elementuak erostea.
• Enpresaren gastu arruntak, baita sukalde- eta jantoki-gastuak ere (baxera, mahai-tresnak, beirateria eta lanabes txikiak).
• Berrikuste- eta mantentze-gastuak.
• Aseguruak, administrazio-baimenengatiko, lizentziengatiko edo antzekoengatiko tasak, edozein zerga edo tributuren ordainketa.
• Konektibitate-gastuak, 6.a.2.1.b) artikuluan aipatutakoak izan ezik.
• Web-orrien eta sare sozialen erregistro gastuak, mantentzea eta ostatatzea.
• Leasing edo rentingaren bidez eskuratutako aktiboak, ezta enpresa eskatzaileak fabrikatu, egin edo garatu dituenak ere.
12.– Diru-laguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahalko dira, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan jasotako baldintzetan.
9. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babespean lortutako diru-laguntzak administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzarekiko bateragarriak izango dira.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.
3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.
Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.
Muga hori gaindituz gero, Programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopuruaren arabera
II. KAPITULUA
PROZEDURA
10. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
1.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute agindu honetan hautatuak izateko eskatzen dena betetzen duten eskabideek, proiektuak bat baldin badatoz 6. artikuluan jasotzen diren diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen tipologiarekin.
2.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa aski ez bada eskabide guztiei aurre egiteko, euretariko bakoitza baloratuko da hurrengo artikuluan zehaztutako haztapen-faktoreen eta balorazio-irizpideen arabera, eta horiek, ekitatea bermatzearren, era bereizian erabiliko dira diruz lagun daitezkeen a, b, c eta d jarduketei dagokienez, zeinak agindu honetako 6. artikuluan garatzen baitira.
3.– Diruz lagun daitezkeen lau jarduera-talde edo -tipologietako bakoitzean, espedienteak handitik txikira ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera, puntuaziorik handiena duenak lehentasuna izanik. Puntuazioan berdinketa baldin badago, lehentasuna izango du turismo produktuen kluben bateko kidea izatea egiaztatzen duenak; eta hala ere berdinketarik badago, onartutako inbertsiorik handiena duenak, salbu eta honako proiektu hauen kasuan: kalitate- eta ingurumen-kudeaketako sistemak ezartzeko proiektuak, ziurta daitezkeenak, betiere izango baita gastu onartu txikiena duena.
4.– Laguntzak puntuazio horren arabera emanez joango dira, agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren lau esparruetako bakoitzerako aurreikusitako kreditua agortu arte. Baliabide ekonomikoak banatu ondoren atalen batean edo batzuetan agortu gabeko diru-erabilgarritasuna baldin badago, soberakinak banatu egingo dira hala behar duten atalen artean, hurrenkera honen arabera:
● Turismo-establezimenduak indarrean den irisgarritasun-araudira egokitzea.
● Turismo-eskaintza modernizatzea eta hobetzea, lehiakorragoa izan dadin.
● Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.
● Ingurumen- eta kalitate-kudeaketa ziurtatu dezaketen sistemak ezartzea turismo-sektorean diharduten eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresa eta establezimenduetan.
5.– Diruz lagun daitezkeen jarduketa-tipologia bakoitzeko puntuazio txikieneko espedienteei dagokienez, baldin eta agindu honetan ezarri diren zenbateko eta portzentaje maximoetan diruz laguntzeko zuzkidura ekonomiko nahikorik ez badago, Batzordeak diru-laguntzen zenbateko eta portzentaje txikiagoak proposatu ahal izango ditu, betiere erabilgarri dagoen kredituaren arabera.
11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Jarduera guztietarako irizpide orokorrak:
1. irizpidea: Nolako inpaktua izango duen EAEko enpleguan. Enpresa eskatzaileak EAEn enpleguari eustea edo enplegua sortzea bultzatuko da. Gehieneko puntuazioa 15 puntukoa izango da, honela banatuta:
● Enplegua gutxitzea: 0.
● Enplegua finkatzea: 10.
● Plantillaren % 5etik gorako enplegu-sorkuntza: 15.
Balorazioa era honetan egingo da:
12 hilabeteko edo hortik beherako antzinatasuna duten enpresak: eskabidearen aurreko hilabeteko TC2n jasotako enpleguari buruzko datua baloratuko da.
12 hilabete eta egun batetik 24 hilabetera bitarteko antzinatasuna duten enpresak: eskabidearen aurreko hilabeteko TC2n jasotako enpleguari buruzko datua eta aurreko urteko hilabete horretako TC2n jasotako datua baloratuko dira.
24 hilabetetik gorako enpresak: deialdiaren aurretik itxitako azken bi ekitaldietan alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilletako enplegu-datuak baloratuko dira.
2. irizpidea: Erakundearen edo enpresaren tamaina. Tamaina txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuen alde egingo da: Gehieneko puntuazioa 15 puntukoa izango da, honela banatuta:
● 50 langile baino gehiagoko plantilla: 0.
● 11 eta 49 langile bitarteko plantilla: 5.
● 6 eta 10 langile bitarteko plantilla: 10.
● 1 eta 5 langile bitarteko plantilla: 15.
3. irizpidea: Gizarte-erantzukizuna. Erakundeak edo enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenarekin, euskararekin, ingurumenarekin eta irisgarritasun unibertsalarekin hartutako konpromisoa. Gehieneko puntuazioa 3 puntukoa izango da, honela banatuta:
● Inolako planik edo ziurtagiririk ez izatea: 0.
● Plan bat edo ziurtagiri bat izatea: 1.
● 2 plan edo ziurtagiri izatea: 2.
● 3 plan edo ziurtagiri edo gehiago izatea: 3.
2.– Merkatuan berritzaileak diren ekimenetarako irizpide espezifikoak:
4. irizpidea: Eskakizun teknologikoa. Agindu honen 6.a.1) artikuluan zehaztutako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan oinarritutako soluzioak ezartzeko proiektuetan egin den ahalegin teknologikoaren izaera baloratuko da. Gehieneko puntuazioa 12 puntukoa izango da, honela banatuta:
● IKTen aplikazio-eremu batean ezartzea (adibidez: negozioaren efizientzia eta kudeaketa hobetzea): 3.
● IKTen 2 aplikazio-eremutan ezartzea (adibidez: aurrekoa + Negozioak Interneten duen agerpena handitzea): 6.
● IKTen 3 aplikazio-eremutan ezartzea (adibidez: aurreko biak + 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea): 9.
● IKTen 4 aplikazio-eremuetan ezartzea: 12.
5. irizpidea: Proiektuaren eraginaren neurria. Turismo-ostatuetan hari gabeko konexioa hobetzeko proiektuetan (agindu honetako 6.a.2) artikuluan zehazten dira), lehentasuna emango zaie leku-kopuru handiena duten establezimenduei, kasu horietan konexioa hedatzearen eraginaren onuradunak gehiago izango direla aurreikusten baita. Gehienez 12 puntu emango dira, eta leku-kopuru handiena duen establezimenduari emango zaizkio; gainerako puntuazioak proportzionalki emango dira. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, onartutako inbertsio handiena duena lehenetsiko da.
6. irizpidea: Ekimenak ezartzearen berritasuna eta onurak. Turismo-negozio eredu berriak edo turismoko zerbitzu edo produktu berriak edo/eta esperientzia jasangarriak sortzeko proiektuetan –agindu honen 6.1.a.3) artikuluan zehaztuetan– honako hauen alde egingo da: berritzaileenak eta jasangarrienak izanik, enpresaren lehiakortasunean eta xedean eragin handiena dutenak, betiere merkatuan enpresaren posizionamendua hobetzea badakarte. Gehieneko puntuazioa 12 puntukoa izango da, honela banatuta:
● Proiektuaren ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasuna: gehienez 3.
● Lehiarako edo bereizteko abantaila, antzeko beste negozio-eredu, zerbitzu eta/edo produktu batzuen aldean: gehienez 3.
● Kostuak murriztea eta/edo sarrerak handitzea ahalbidetzen du: gehienez 3.
● Aukera estrategikoa dakar garatzen den testuinguruan (tokikoa, eskualdekoa, EAEkoa): gehienez 3.
Azpi-irizpideetako bakoitzeko puntuak emateko, kontuan izango da azpi-irizpide horiek bete direla bermatzen duten eta egokiak diren datuak (aintzat hartuko da zenbat datu aurkeztu diren), eta bereziki baloratuko dira aldez aurreko azterlanetan oinarrituta dauden datuak.
Baztertu egingo dira gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten turismoko negozio-eredu berriak edo turismoko zerbitzu eta/edo produktu berriak sortzeko proiektuak.
Agindu honen 6.a) artikuluan diruz lagundutako azpi-atalei dagokienez, baterako baino gehiagorako laguntza-eskabidea aurkezten duten espedienteetan, «merkatuko ekimen berritzaileetarako» irizpide espezifikoen azken puntuazioa hauxe izango da: laguntza-eskaeraren xede diren azpi-atalen balorazioan lortutako puntuazioen batura.
3.– Turismo-eskaintza modernizatzeko irizpide espezifikoak:
7. irizpidea: Lokalen antzinatasuna. Enpresa eskatzaileak jardueraren egikaritzan antzinatasun handiagoa egiaztatzen duen establezimenduen modernizazioa bultzatuko da. Familia-oinordetzaren edo enpresa-transmisiorako programen kasuetan, aktibitatean izandako antzinatasunak jaso egin beharko du negozioaren transmisioa egiten duen pertsona fisikoarena edo juridikoarena. Gehieneko puntuazioa 15 puntukoa izango da, honela banatuta:
● 3 eta 5 urte bitarteko antzinatasuna: 3.
● 6 eta 10 urte bitarteko antzinatasuna: 7.
● 11 urtetik gorako antzinatasuna: 15.
4.– Eskaintza indarreko irisgarritasun-araudira egokitzeko irizpide espezifikoak.
8. irizpidea: Inbertsio-maila. Kontzeptu horregatik egindako inbertsioa baloratuko da, establezimenduaren azalera erabilgarriaren arabera. Puntuazioa 12 puntukoa izango da gehienez, eta establezimenduaren azalera erabilgarriaren arabera inbertsio handiena egiten duenari emango zaio; gainerako puntuak modu proportzionalean esleituko dira.
5.– Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa ziurta dezaketen sistemak ezartzeko irizpide espezifikoak:
9. irizpidea: Ziurta daitezkeen sistema horiek ezartzeko Eusko Jaurlaritzak garatu dituen diru-laguntza programen barruan aldez aurretik laguntzarik eskatu ez duten edo onuradun izan ez diren enpresei emango zaie lehentasuna. Gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izango da, honela banatuta:
● Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza programen laguntzarik jaso ez izana era horretako ekimenentzat: 5.
● Ziurtagiria berritzea: 3.
6.– Irizpideak ez dira ebaluatuko ez badira egiaztatzen, dokumentu bidez, beharrezko diren eta 13. artikuluan dokumentazio osagarritzat zehaztu diren kasuetan edo, gainerako kasuetan, eskabidean horrela eskatzen bada, informazio nahikoa eta arrazoizkoa ematen duen azalpen-memoria batean.
Ebaluazio Batzordeak aurreko paragrafoan zehaztutako irizpide bakoitza baloratuko du; horretarako, batetik, erakundeek eskabidean egiten edo aurkezten duten justifikazioaren egokitasuna eta baliozkotasuna hartuko ditu kontuan, eta bestetik, proiektu bakoitzaren ezaugarriak. Hala, antzeko puntuazioa izango dute erakunde ezberdinek aurkeztutako antzeko proiektuek.
12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), eta, batez ere, zuzenketei buruz aipatutako dekretuaren 28.3 artikuluarekin; baita E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz ere.
2.– Eskabidea lortzeko eta hori betetzeko, ondoren adierazten den egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da:
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/es/ (gaztelania).
Http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/eu/ (euskara).
Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Era berean, eredu horien edukiak deialdiekin batera argitaratuko dira.
Espedientea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasota dauden eskabidearen ondorengo gainerako izapide guztiak honako helbide honen bitartez egiten dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak/
3.– Eskabidea behar bezala beteta aurkeztu behar da, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta hurrengo artikuluan aipatzen diren agiriak izan behar ditu, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Sinadura elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.
4.– Agindu honi lotuta dauden prozedura guztietan bitarteko elektronikoen bidez jarduteko ordezkaritza eman ahal izango zaio beste pertsona edo erakunde bati, eta, horretarako, laguntza-eskabidea formalizatu baino lehen, «Izapidetze Telematikorako Akreditazioa» inprimakia (ikus 3. eranskina) bete beharko da, eta turismoko eta merkataritzako lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko da, egoitza elektroniko honetan adierazten den moduan:
http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/es/ (gaztelania).
Http://www.euskadi.eus/web01-a2turism/eu/ (euskara).
5.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
13. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak hauek jasoko ditu:
• Enpresaren datu orokorrak, bere neurriari buruzkoak barnean direla (sexuaren arabera banandutako enplegu-datuak, negozio-bolumena eta urteko balantze orokorra eskaeraren ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n).
• Proiektua aztertzeko beharrezkoa den informazioa (egindako inbertsioaren memoria eta deskribapena).
• Ebaluazio-irizpideak haztatzeko beharrezkoa den informazioa.
• Fakturen eta ordainketen koadroa. Koadro horretan, ordenatuta, hauek jasoko dira: erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala, fakturaren jaulkipen-data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa kanpo), eta ordainketa-data.
• Eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Aipatutako informazioa honako hau da:
a) Erakunde edo pertsona eskatzaileak agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.
b) Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuen aldetik jasotako laguntzak.
c) Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako laguntzak (minimis izaerakoak), laguntza eskatu den urtea azken urtearen erreferentziatzat hartuta.
d) Enpresa eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela adierazten duena.
e) Dirua itzultzeko edo zehapena ezartzeko prozeduretan sartuta dagoela edo ez dagoela edo amaitu dituela dioen adierazpena.
f) Erakunde eskatzailea armak egin, merkaturatu eta finantzatzera dedikatzen ez dela dioen adierazpena, betiere Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoa betez.
3.– Eskabideekin batera, dokumentazio honen kopia digitalizatua daramaten fitxategiak aurkeztu beharko dira, justifikazio-kontu gisa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.3. artikuluarekin lotuta:
a) Oinarrizko dokumentazioa:
• Enpresa eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren Txartela eta eraketa-eskriturak, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.
• Egoki denean, pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada.
• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria, salbu eta enpresa salbuetsita badago eta hala egiaztatzen badu.
• Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak. Fakturetan nahasteko aukerarik gabe zehaztuko dira laguntza-eskaeraren helburu diren elementuak eta lanak. Hala ez bada, ez dira kontuan hartuko.
• Turismo-ostatuko establezimenduetan hari gabeko konektibitatea hobetzeko laguntzen eskaera 6.a.2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egin duten enpresek hauek aurkeztu beharko dituzte:
○ Enpresa hornitzailearen txostena, lana egin ostean establezimenduko hari gabeko sareak gutxi gorabehera guztira zenbateko estaldura-ehunekoa izango duen zehaztuta. Aipatutako txostenean, enpresa, sinatzailearen izen-abizenak eta horren kargua ere zehaztuko dira.
○ Sarearen ziurtatzea egiaztatzen duten agiriak (6.a.2.2.b. artikuluan ezarritako baldintza teknologiko guztiak betetzen dituela ziurtatzeko txostenak).
○ Interneten sartzeko linearen operadorearen faktura, eskaera aurkeztu aurreko azken fakturazio-aldiari dagokiona; kontratatutako banda-zabalera eta teknologia zehaztuko ditu horrek, 6.a.2.2.e) artikuluan ezarritako «Interneteko sarbide-linea»ren baldintza betetzen duela egiaztatu ahal izateko. Interneteko sarbide-linea diruz lagun daitekeen aurrekontuan ez badago soilik aurkeztu beharko dituzte agiri horiek.
Baldin eta Interneteko sarbide-linea berria edo oraingo sarbidearen ahalmena hobetzea kontratatzea jasota badago diruz lagun daitekeen aurrekontuan, hornitzaileak emandako faktura aurkeztu beharko da, diruz lagun daitezkeen gainerako gastuentzat bezala.
• Hala badagokio, negozioaren familia-oinordetza egiaztatzen duen dokumentazioa, edo turismo-establezimendua kokaturik dagoen Lurralde Historikoko Merkataritza Ganberaren ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatu beharko baita enpresa eskualdatzeko programaren baten barruan titulartasuna aldatu duela (6.b artikulua).
• Jendeari irekitako beren titulartasuneko establezimenduak indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko laguntza eskatzen duten enpresek establezimendu horietan turismo-jarduera 2000ko abenduaren 11 baino lehenagotik garatzen dela egiaztatu beharko dute, baita Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean den irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzen duen agiria aurkeztu ere, langile tekniko eskudunek sinatua. Agiri hori ez da beharrezkoa izango obrarik ez dakarren ekipamendua eskuratzeko eta/edo ezartzeko kasuetan.
• Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren (EIT) txostena, baldin eta laguntza-eskaera eraikin osoa turismo-jarduerarako hartzen duten establezimenduetan instalazioak, irisgarritasuna eta/edo efizientzia energetikoa modernizatzeko eta hobetzeko lanak egiteko bada. Txosten hori ez da beharrezkoa izango diru-laguntza altzariak eskuratzeko edo obrarik behar ez duten laguntza teknikoak lortzeko eskatzen bada.
• ISO araudiaren araberako, EMAS edo Karbono Aztarna eta Energia Auditoretza Integralaren ziurtagiria/egiaztapena lortu edo berritu nahi dutenek, hori bete izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
• Diru-laguntza kobratzeko, eta pertsona edo erakunde onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, informazio hori jakinarazi beharko da, «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» izeneko kanal telematikoaren bitartez aurkeztuz, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/)
b) Dokumentazio osagarria:
• Hala badagokio, memoria gehigarria edo/eta eskabidean jasotakoaren osagarria den informazioa eta dokumentazioa, ez ordezkatzailea, proiektua hobeto ulertzen laguntzen duena. Azalpen-memoria xehatua, hau da, gauzatzeko laguntza eskatzen den proiektuei buruzko informazio garrantzitsua, ezinbestean laburbildu beharko da horretarako eskabide-orrietan aurreikusitako ataletan.
• Hala badagokio, itxitako azken bi ekitaldiei dagokienez, alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostenak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginak, bai eta TC2 agiria ere, eskabide telematikoa egiten den unean eguneratua.
• Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen elkarte edo erakunde publiko-pribatu bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua.
• Hala badagokio, turismo-sektorerako kalitatearen kudeaketaren ziurtagiriak (ISO 9001, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM aintzatespenak); edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO 14001).
• Hala badagokio, enpresaren prestakuntza-plana, edo langileek prestakuntza-ikastaroak egin dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa.
• Hala badagokio, irisgarritasun unibertsala egiaztatzen duen ziurtagiria (UNE 170001-1 araua).
• Hala badagokio, turismo-establezimendua kokaturik dagoen lurralde historikoko Merkataritza Ganberaren ziurtagiria, 7.2.a) artikuluan enpresa-eskualdaketarako aipatutako programetakoren bati atxikita egonez gero.
Eskabidean jasotako datuak egiaztatzeko, edozein momentutan eska litezke.
Enpresa eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.
4.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko du zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zuen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. zenbakian ezarritako betekizunekin eta zehaztapenekin bat etorriz.
5.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik; azken kasu horretan, laguntza eman zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro direnean, eta ordainketa osteko ekitaldi batean egiten bada.
Diru-laguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio diru-laguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Diru-laguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) aurreikusita dauden egoerak, ziurtagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Era berean, ez da beharrezkoa izango Basquetourrek ematen duen dokumentazioa aurkeztea: Espainiako Turismoko Kalitateko «Q» marka lortu edo berritu dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baita erakunde horrek garatutako jardunbide egokien programaren bat gainditu dela egiaztatzen dutenak ere.
14. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea guztiz beterik ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera ez badago, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismo-arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
15. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismo-arloko teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazio indibiduala egingo dute, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.
2.– Ondoren, aurreko atalean aipatutako teknikariek horretarako sortzen den batzordeari eskabide bakoitzari buruzko txosten tekniko bat bidaliko diote, eta, bertan, aginduan bildutako betekizunak betetzen direla aztertzeaz gain, eskabide bakoitzari eman beharreko diru-laguntza teorikoaren zenbatekoa zehaztuko da, eta, beharrezkoa bada, txosten hari gehituko zaio 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen hasierako haztapena.
3.– Batzorde bat eratuko da, helburu honekin: 11. artikuluan aipatutako lehentasun-irizpideen arabera eskabideen balorazio bateratua egiteko; betiere, zuzkidura ekonomikoa aski ez dela-eta, aipatutako balorazioa egitea beharrezkoa bada. Batzorde horrek organo eskudunari emango dio dagokion ebazpen-proposamena, eta ebazpen horretan adieraziko du zer proiektu finantzatu diren, zer enpresa diren onuradun, eta zer diru-kopuru emango diren, edo, bestela, zergatik ukatu diren.
Batzordeak honako kide hauek izango ditu: Basquetourreko ordezkari bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismo-arloko beste bost, zeinetarik batek lehendakaritza beteko duen, eta beste batek idazkari gisa jardungo baitu, botoa emateko eskubiderik gabe. Titularrak ez badaude, ordezkoak izendatu ahalko dira. Hauek izango dira:
● Lehendakaria: Carlos Izaguirre San Emeterio; ordezkoa: M.ª Teresa Lezana Pérez.
● Bokala-idazkaria: Cristina Madinabeitia Olariaga; ordezkoa: Ana Sarriegui Fortun.
● Bokalak: Gema Etxenike Jauregibeitia; ordezko bokala: Inés Pérez Citores; Miren Josune Etxebeste Hernandorena; ordezko bokala: Amaia Agirre Gogorza; Ana Isabel Lekue Gallano; ordezko bokala: Ana Abel Aguilera Iturbe-Ormaetxe; Eider Albizu Zenikazelaia; ordezko bokala: Idurre Ostoloza Gárate.
Erabakiak hartzerakoan, agindu honetan ezarritako oinarri arautzaileetan eta oro har ordenamendu juridikoan ezarritakoa errespetatuko beharko du batzordeak, betiere bozketa-prozeduraren bidez. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioa.
Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, Administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du diru-laguntza jaso duten arlo guztietan.
16. artikulua.– Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.
1.– Turismo arloko Zuzendaritzak du eskumena erakundeek eskatu dituzten laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake interesdunak turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektroniko honen bitartez bakarrik izapidetuko da: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/
2.– Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ezetsi egin dela uler dezake erakunde interesdunak; halere, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, organo eskudunak berariazko ebazpena eman beharko du.
3.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio banan-banan. Horretaz gain, erakunde esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen zerrenda urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.– Betiere, onartutako diru-laguntza zehaztuko du ematen den ebazpenak, eta, agindu honetako 17. artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.
17. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza ematearen ebazpena jasotako egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.
b) Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.
c) Helburu berberarekin edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea diru-laguntza eman duen organoari.
d) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.
f) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
g) Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen II. tituluko VII. kapituluan jasotako hizkuntza-eskubideak errespetatzea.
h) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, hitzartzen eta jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta nolanahi ere, horrekin batera beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketak ez-betetze kasuak estaltzen ez baditu, diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira, eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie. Horretarako, turismo-arloan eskuduna den zuzendariak aldaketa egiteko dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.
19. artikulua.– Ikuskapena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola alde batera utzi gabe, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak betetzen ez badu diru-laguntza emateko ebazpenean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa, aurkeztutako datuak faltsuak badira, edo dirua diru-laguntza ematea eragin zuen helbururako erabili beharrean beste baterako erabili badu, orduan, turismo-arloan eskumena duen organo eskudunak emandako ebazpenaren bidez, aldez aurretik ez-betetzearen espedientea ireki ostean, diru-laguntza galduko du, eta jasotako dirua gehi dagozkion berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezkoak diren gainerako egintzak eragotzi gabe. Hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera; gerta liteke, baita ere, diru-laguntzaren zati bat itzuli behar izatea, 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Ez-betetzearen espediente hori egoitza elektroniko honen bidez bakarrik izapidetu ahal izango da: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/
21. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi hauetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdien izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, eta, hain zuzen, hauxe izango da fitxategi horien xedea: diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Turismo-arloan eskumena duen Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (01010, Vitoria-Gasteiz) jo beharko da.