EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017103

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, 2017-2018 ikasturtean doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak erregulatzen dira, eta laguntza horien deialdia egiten da.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-05-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201702700
Maila: Agindua
Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Kalifikazioa gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan daraman zientzia-politikako beste urrats bat da ikerketa-jarduerak sustatzea, prestakuntza-aldiko hasierako etapetan ikertzaileak kontratatuz. Doktoregoa, berriz, ikerkuntza-karreran sartzeko atea da, eta zientziako edozein arlotan ikerketa erabat garatzera bideratu behar du.
Doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2015-2018koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Ekintza hori garrantzi handikoa da; izan ere, Euskadik ahalegin handiak egin behar ditu ikerketarako giza baliabideak ugal daitezen, Europako beste herrialde batzuetan ugaldu diren adina. Halaber, errelebo-belaunaldi baten prestakuntza sustatu behar du zientzia- eta teknologia-gaietan. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren arabera.
Ikertzaileen lan-izaerako lan-kontratu motak eta aplika daitekeen araubide juridikoa definitzen dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 20. artikuluan; 21. artikuluan, berriz, doktoratu aurreko kontratuaren modalitatean egindako kontratuen egoera juridikoa, kontratuen betekizunak, ordainketa, dedikazioa eta aipatutako kontratuaren iraupena eta abar taxutzen dira.
Eskaera egiteko, Saileko egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitekeen inskripzio-orria bete beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuko 28.1 artikulua aplikatuz; izan ere, Dekretu horrek ezartzen duenez, derrigorrez modu elektronikoen bitartez komunikatu beharko da interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean, eta pertsona horien gaitasun ekonomikoa edo teknikoa, lanbide-jarduera edo egiaztatutako bestelako arrazoiak direla-eta, pertsona horiek bermatuta badaukate sarbidea eta beharrezko bitarteko teknologikoak dituztela.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak –EAEko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen), eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horrenbestez, eta 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea onetsi denez, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. ATALA
XEDEA, ZENTROAK ETA FINANTZAKETA
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da Doktoratu Aurreko Programako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta 2017-2018 ikasturterako laguntzen deialdia egitea (doktorego-tesia egitera bideratutako ikerketa finantzatzeko direnak). Deialdiaren bidez, laguntza berriak emango dira, eta 2016-2017 ikasturterako emandakoak berrituko.
2.– Programaren helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktorego-programa baten bidez, doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerketari lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.
3.– Doktore titulua lortzeak esan nahi du laguntzaren xedea amaitu dela; beraz, horren gaineko eskubideak ere amaitu egingo dira. Kasu horretan, laguntza amaitzeak ondorio administratibo eta ekonomikoak izango ditu, doktorego-tesia defendatu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera.
2. artikulua.– Ezarpen-zentroak.
1.– Ezarpen-zentroak izango dira irabazi-asmorik gabeko unibertsitate edo ikerketa-erakunde publiko edo pribatuak; I+Gko ahalmen eta jarduera izango dute, eta egoitza soziala izango dute deitutako modalitate bakoitzean zehaztutakoarekin bat datorren lurralderen batean.
2.– Laguntzaren onuradun direnek eta ezarpen-zentroa atzerrian dutenek doktoratu aurreko kontratua sinatu beharko dute Zientziaren Euskal Fundazioarekin (aurrerantzean, Ikerbasque). Fundazio horrek zentro kontratatzaile gisa jardungo du kasu hauetan.
3. artikulua.– Jarduteko ildoak, modalitateak eta ezagutzaren arloak.
1.– Programan honako jarduteko ildo hauek biltzen dira:
a) Laguntza berrien lerroa; laguntza horien bitartez finantzatuko dira prestatzen ari diren ikertzaileen kontratuak.
b) Laguntza-berritzeen lerroa, 2016-2017ko deialdian emandako laguntzak berritzekoa.
2.– a) eta b) letretan deskribatutako lerroak honako modalitate hauek biltzen dituzte:
3.– Agindu honetako I. eranskinean daude zerrendatuta laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutzaren arloak.
Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea.
Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunari hala jakinarazi ondoren, aukeratutako arloa aldatu ahal izango du, betiere, hala komeni bada eskabidearen ezaugarriak direla-eta, edo kasuan kasuko berariazko aholku-batzordeak horrelakorik gomendatzen badu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programaren zenbateko osoa, deialdi honetan, 8.765.580 eurokoa da, aurrekontu-ekitalditan eta jarduera-lerrotan banatuta taula honen arabera:
2.– Laguntza berrien lerroari esleitutako zenbatekoa handitzeko aukera egongo da, betiere laguntzak berritzeko lerroa gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera; horretarako, eskaera egin beharko du hautapen-batzordeak.
2. ATALA
ONURADUNAK, EZAUGARRIAK, ZUZENDARITZA ETA TESI-PROIEKTUA
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntza eskatu duten eta tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak onuradunak izango dira.
2.– Ezingo dute agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen ez dituztenek.
6. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– Kontratua:
a) Laguntzek doktoretu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte bekaldi osoan. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Doktoratu aurreko kontratu hori duten ikertzaileen kotizazioan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearen hamazortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, % 30eko murrizketa izango da gertakizun arruntetarako Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotan.
A eta B modalitateetan, kontratua idazki bidez egingo da ezarpen-zentroaren (enplegu-emaile gisa) eta prestatzen den ari den ikertzailearen artean (langile gisa).
I modalitatean, kontratua idazki bidez egingo da Ikerbasqueren (enplegu-emaile gisa) eta prestakuntza-aldian den ikertzailearen artean (langile gisa).
Kontratu horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearen 21. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo dira.
Enplegu-emailearen eta prestatzen ari den ikertzailearen arteko harremana Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.
2.– Iraupena. Kontratuak urtebete iraungo du, laguntza hasten denetik hasita, agindu honen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz; hala ere, laguntza berrituz gero, urtebeteko beste hiru luzapen izan ahal izango du, agindu honen IV. kapituluan xedatutakoaren arabera.
Laguntza baliatzeko 48 hilabete horiek elkarren segidakoak izango dira.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, laguntza 48 hilabetean emango ahal izango da gehienez. Komenigarria da gogoratzea, ordea, doktoregoko irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. puntuan ezartzen dela doktorego-ikasketen iraupena hiru urtekoa izango dela gehienez ere, lanaldi osoko dedikazioan, doktoregaia programan onartzen denetik zenbatzen hasita doktorego-tesia aurkezten den arte. Programaren ardura duen batzordeak baimena eman ahal izango du beste urtebetez luzatzeko, baldin eta hiru urteko epea igaro ondoren ez bada aurkezten tesia aurkezteko eskabidea.
Hortaz, laguntzen hirugarren berritzea honako alderdi hauek baldintzatuko dute: alde batetik, agindu honetako IV. kapituluan ezarritakoa betetzeak, eta, bestetik, laguntzaren onuradunak tesia inskribatuta daukan doktorego-programaren ardura duen Batzorde Akademikoak ikasketak urtebetez luzatzeko baimena emateak.
Ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da, egoera hauetakoren bat jazoz gero: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua edota aitatasuna gertatzean. Kasu horretan, etendako denbora berreskuratu ahal izango da interesdunak eskatzen badu, laguntza amaitzen denean, betiere laguntzari uko egin ez badio eta errebokatu ez bada. Eskaera hori Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko du, baldin eta 60 eguneko alditan berreskuratzen bada eta aurrekontu-baliabide nahikoak badaude.
3.– Hornidura.
Laguntza hori erabiliko da zentro enplegu-emaileak ordainsari gordina eta enpresa-kuota ikertzaileen Gizarte Segurantzari ordaintzeko.
Enplegu-emaileek eta enplegatuek honako zuzkidura hauek jasoko dituzte 2017-2018 ikasturtean:
(*) nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu baino lehen
Enplegatuak jasotzen dituen zenbatekoak hamabi edo hamalau hilekotan banatuko dira, zentro enplegu-emailearen araudiak ezartzen duenaren arabera.
Ezarpen-zentroarekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, erakunde kontratatzailearen kontura osatu daitezkeela baztertu gabe; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.
4.– Asegurua: Onuradunei dagokien Gizarte Segurantzaren estaldura bazter utzi gabe, laguntzek erantzukizun zibileko eta istripuen aseguru bat jasoko dute, eta EAEko Administrazio orokorrak kudeatuko du. Horrez gain, I modalitateko ikertzaileak bidaiako asistentzia-aseguruaren onuradun izango dira. Aseguru horren estaldurak aldatu ezinekoak dira.
5.– Bidaia-gastuak.– I modalitatearen onuradunak diren ikertzaileentzat osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuko da ezarriko da:
Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.
6.– Ordaintzeko modua. Laguntzaren ordainketa zatikatua izango da, eta ezarpen-zentroei eta zentro kontratugileei ordainduko zaie: laguntza emateko ebazpena eman ondoren % 10 ordainduko da, behin beka onartu ondoren. Eta gainerakoa % 30eko hiru ordainketatan ordainduko da; ordainketa bakoitza 2018ko otsailean, maiatzean eta irailean egingo da.
Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia aurkeztu beharko dituzte onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, aplikazio informatikoaren bidez.
Prestakuntza-aldian diren ikertzaileei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek eta Ikerbasquek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.
7. artikulua.– Doktorego-tesien zuzendarien eskakizunak.
1.– Doktorego-tesiaren proiektua zuzendu ahal izango du laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin lotura iraunkorra izan eta zerbitzu aktiboan dagoen doktore batek.
Ondorio horietarako, ulertuko da iraunkorra dela Ikerbasque-k «Research Professor» kategorian kontratatutako ikertzaileen eta haiek atxikita dauden erakundeen arteko lotura.
2.– Tesia zuzentzen duen pertsonak kontratu-lotura ez-iraunkorra baldin badauka ezarpen-zentroarekin, eskatutako proiektuak beste edo gehiago iraun beharko du kontratu horrek. Proiektua zuzentzen duen pertsonak ez badu baldintza hori betetzen, laguntzaren iraupen osoa betetzen duen zuzendarikide batek lagundu beharko dio nahitaez.
3.– Eskabide bakoitzean tesi-proiektua zuzenduko duten bi pertsona agertuko dira, gehienez ere, zuzendari eta zuzendarikide modura; eskubide eta betebehar berak izango dituzte bi pertsona horiek.
Zuzendarikide bat baldin badago, hark ere sinatu beharko ditu dokumentu guztiak, alegia, deialdi honen arabera proiektuaren zuzendariak sinatu behar dituen agiri guztiak.
4.– Doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak edo zuzendarikideak ezingo du eskabide batean baino gehiagotan azaldu deialdi honetako modalitateetan.
5.– Eskatzaileak aukeratu duen doktorego-programan parte hartu beharko du doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak edo zuzendarikideak.
6.– Zuzendariek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, eta laguntza amaitu arte eutsi beharko diote horri.
8. artikulua.– Proiektua.
Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, bai eta kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.
3. ATALA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.
1.– Ikerketa-proiektua gauzatzeko behar duten laguntza jasotzea ezarpen-zentrotik, zentro horrek ahal duen neurrian.
2.– Sailetan eta institutuetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak adierazten duen moduan.
3.– Ezarpen-zentroko estatutuak ezartzen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak hartzea.
4.– Beste ezarpen-zentro batzuetan hiru hileko egonaldi bat egiteko laguntzaren lau urteetan zehar, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren urteroko agindua; izan ere, Hezkuntza Sailak finantzatutako ikertzaileen prestakuntzarako programako beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko laguntzen deialdia egiten da agindu horren bidez. Beste administrazio edota ezarpen-zentro batzuek ematen dituzten antzeko aginduak ere hartuko dira kontuan.
5.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak– ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.
6.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokienez, deialdi bakoitzak xedatutakoa hartuko da kontuan, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.
7.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak 14. artikuluan ikertzaileentzat onartutako guztiak.
8.– Ezarpen-zentroak aitortu, eta deialdi honetan ezarritakoarekin bat datozen eskubide guztiak.
10. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.
1.– Jarraian adierazten diren egunetan sartzea ezarpen-zentroan:
a) Laguntza berri baten onuraduna 2018ko urtarrilean hasiko da lanean. 2018ko otsailaren 1a baino lehen hasi beharko du aldiak, bai ondorio ekonomikoetarako, bai denbora zenbatzeko, baita Gizarte Segurantzan alta emateko ere.
Ikertzaile onuraduna 2018ko otsailaren 1a baino geroago hasten bada lanean, emandako laguntza baliogabetu egingo da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.
b) Laguntza berritzea lortzen duten ikertzaileek prestakuntza-jarduerarekin jarraitu beharko dute, etenaldirik egin gabe, eta dagokien ezarpen-zentroaren lan-egutegia bete beharko dute.
c) Onuradun berriak eta berrituak ezarpen-zentroan sartu direla egiaztatu beharko da, zentroko atxikipen-departamentuaren zuzendariak eta ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako agiri bidez. Dokumentuak atxikipenerako aurreikusitako data berbera izan beharko du. Aplikazio informatikoaren bidez bidaliko du laguntzaren eskabidea egin duen onuradunak Ikerketa Zuzendaritzara idazki hori, 2018ko otsailaren 15a baino lehen.
2.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko da, agindu honetako 14. artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe.
3.– Laguntza baliatzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, gehienez ere 10 orrialdeko txostena aurkeztea, aplikazio informatikoaren bidez, egindako ikerketa-jarduera guztiei eta haien emaitzei buruz. Txostenak zuzendariaren bermea izan beharko du.
4.– Onuradunekin sinatutako kontratuen kopia igortzea Ikerketa Zuzendaritzara sinatzen den egunetik hasita egutegiko 21 eguneko gehieneko epean.
5.– Laguntzari uko eginez gero, Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinaraztea, 13. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
6.– Doktore-titulua lortuz gero, Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinaraztea, gehienez ere egutegiko 10 eguneko epean, titulua lortzen den egunetik aurrera.
7.– Doktorego-araudietan aurreikusitako epeetan lortzea doktoregoa. Lortu ezean, itzultzeko prozedura hasiko da.
8.– Laguntza baliatu bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta doktorego-tesian azaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko duen doktoratu aurreko programaren onuradun dela.
9.– Aprobetxamenduz gauzatzea ikerketa-proiektuko lan-planean eta doktorego-programan aurreikusitako jarduerak.
10.– Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio ikerketa-premiek eragindako irteerak, astebete baino denbora gutxiagorako direnean eta Espainiara egiten direnean. Ikerketa-arrazoien ondorioz, ezarpen-zentrotik aldi baterako atera behar izanez gero, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio.
Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko du, aplikazio informatikoaren bidez, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta departamentuko zuzendariak, proiektuko zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak sinatu beharko dute.
11.– Ezarpen-zentroaren funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea.
12.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.
13.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.
14.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, ezarpen-zentroa, etab.) jakinaraztea Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari, aplikazio informatikoaren bidez.
Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa egiteko eskaera idazki arrazoitu bidez egingo da, eskatzaileak sinatu beharko du eta aldaketa horretan zerikusia duten guztien oniritzia beharko da.
Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute kalitatea izango dela laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa.
15.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.
16.– Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
17.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
18.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, prestatzen ari den ikertzaileak bere betebeharrak bete beharko ditu. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, baita, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.
19.– Era berean, agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ezta emandakoa ordainduko ere, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.
20.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
11. artikulua.– Ezarpen-zentroaren eta erakunde kontratatzaileen betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Laguntzaren onuradun den ikertzaileari lan-kontratua egitea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean helburu horretarako ezarritakoaren arabera, betiere indarrean dagoen lan-arloko legeriari jarraikiz, eta Agindu honetan adierazten diren iraupen, ordainsari eta gainerako eskakizunak kontuan hartuta.
b) Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Gehienez ere, egutegiko 21 eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
e) Prestakuntza-aldian den ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.
f) Laguntza-programa honen barruan ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programaren bitartez.
g Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
h) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
2.– I modalitateko onuradunen ezarpen-zentroek 1.d, 1.e eta 1.f zenbakietan adierazitakoa soilik hartuko dute kontuan.
3.– Ezarpen-zentroak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoa–, erakunde kolaboratzaile den aldetik, bai eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoa ere.
4. ATALA
LAGUNTZA ONARTZEA, HARI UKO EGITEA ETA BATERAEZINTASUNAK
12. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Agindu honetan araututako doktoratu aurreko laguntzaren onuradunak egutegiko 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiteko, Ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
2.– Prestakuntza-aldian diren ikertzaileek laguntza onartzen badute, ulertuko da 9. eta 10. artikuluetan jasotako eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak beteko dituztela.
13. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteen berri eman beharko zaio Ikerketako zuzendariari, aplikazio informatikoaren bidez, prestatzen ari den ikertzaileak, ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko egitearen ondorioak hasteko eguna baino egutegiko 10 egun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenik ere.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko dira.
3.– Ikertzaileek uko eginez gero, zentro enplegu-emaileak itzuli egin beharko du kontratua finantzatzeko erabili ez duen dirua; hori gorabehera, ordainketa desegokirik egin bada, hori ere itzuli beharko da. Onuradunak uko egin arte jasotako diru guztia itzuli egin beharko da, baldin eta laguntza baliatzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.
14. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso, artikulu honetako 3. zenbakian eta 6.3 artikuluan aurreikusitakoa bazter utzi gabe.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; urtean 60 orduz, gehienez ere, eta laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe.
Lankidetza hori graduko irakaskuntzan egingo da. Inolaz ere ez du ordezkapenik egingo irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntzan eta irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo, talde txikitan (mintegietan, laborategi edo ordenagailuko praktiketan edo antzekoetan). Prestakuntzako ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren erantzulea edo koordinatzailea izan.
Unibertsitate ez diren zentroetara atxikitako laguntzen onuradunek doktorego-programan matrikulatuta dauden unibertsitatean gauzatu ahal izango dituzte lan horiek.
3.– Salbuespen gisa, Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango die laguntzaren azken urtean daudenei laguntza bateragarri egiteko lanaldi partzialeko kontratu batekin (gehienez ere, urtean 60 ordukoa), baldin eta beren ikerketa-jarduerarekin lotutako irakaskuntzako zereginak gauzatzeko bada.
4.– Aurreko 2. eta 3. zenbakietan deskribatutako baimenaren eskabidea aplikazio informatikoaren bidez egingo du, kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordeak, atxikipen-departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta onuradunak sinatu beharko dute baimen hori.
5.– Programa honetako laguntza baliatzea bateragarria da prestatzen ari diren ikertzaileen ezarpen-zentroak ez diren zentroetan egonaldi laburrak egiteko laguntzekin, 9.4 artikuluan jasota ageri den bezala.
6.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du onuradunak ordainsariak har ditzan, onuradunak berak gauzatzen duen ikerketarekin zuzenean lotutako irakaskuntza-zereginen ondorioz (ikastaroak, hitzaldiak edo txostenak) edo ikerketa-lanen ondorioz (liburuak, artikuluak edo erakusketak) jasotzen baditu, baldin eta horiek guztiak aldizkakoak eta ezohikoak badira. Ordainsari horiek ezin izango dute laguntzaren urteko zenbateko gordin osoaren % 30gainditu.
Baimentzeko eskaera aplikazio informatikoaren bidez egingo da, eta lana hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Atxikipen-departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta onuradunak sinatu beharko dute baimen hori.
Halaber, laguntza horiek ikertzaileak jardunean hasteko eta prestatzeko direnez, ezingo da ikertzaileak prestatzeko laguntza berririk jaso, baldin eta diruz lagundutako programa amaitzen bada –balizko berritzeak barne hartuta– edo uko egiten bazaio.
15. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 19. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.
16. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du prestakuntza-aldian diren ikertzaileek egin duten lanaren jarraipen zientifiko eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, Agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.
17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, hartara eragotzi gabe Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak dituen eginkizunak.
18. artikulua.– Ez-betetzea.
Jasotako zenbatekoak eta horiei dagozkien berandutza-interesak itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratugileak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.
19. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
1.– Agindu honetan aurreikusitakoak betetzen ez direnean, prozedura hau beteko da:
a) Prozedurari Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango dio hasiera, eta Ikerketako zuzendariak jakinaraziko du. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere, itzultze-prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
20. artikulua.– Datu pertsonalak.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa– eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean –Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoa– ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Kulturako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduan jasotzen den «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira (Ikerketa Zuzendaritzako 3. fitxategia da); agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.
Ikerketa Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, idazki bat bidali beharko da agindu honetako 22.3 artikuluan adierazitako egoitzetarik edozeinetara.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA
21. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikerketa Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
22. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/predoc/y22-izapide/eu/) modu telematikoan eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin. Helbide horretatik, izangaia Ikerketako aplikazio informatikoan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da; laguntza berrietarako, agindu honen 27. artikuluan azaltzen den dokumentazioa izango da, eta laguntza-berritzeetarako 35. artikuluan azaltzen dena. Dokumentazio hori elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko da.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz identifika badaiteke eskatzailea, eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du eskatzaileak.
3.– Eskatzailea ezin bada sinadura elektroniko bidez identifikatu, eskabide telematikoa bete eta amaitu ostean eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren, eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian dokumentu hori soilik aurkezteko. Dokumentu hori honako bulego hauetako edozeinetan sinatuko da:
a) «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
– Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao).
– Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia).
– Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
b) Euskal Herriko Unibertsitatearen Erregistro Bulegoetan, baldin eta Unibertsitate hori ezarpen-zentroa bada:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 04 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
c) Posta-zerbitzua. Kasu horietan, gutun-azal irekian aurkeztuko da, igorri nahi den dokumentuaren lehen orriaren goiburuan argi eta garbi azaltzeko igorpen-data. Helbide honetara igorriko da:
Eusko Jaurlaritza-Gobierno Vasco.
Hezkuntza Saila (Ikerketa Zuzendaritza).
Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako lekuetarik edozeinetan.
e) Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetarik edozeinetan.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea baztertuko da automatikoki.
4.– Honako hauek dira dokumentazioa aurkezteko epeak:
– Laguntza berriak: hilabete agindu hau EHAAn argitaratzen denetik.
– Laguntza-berritzeak: 2017ko uztailaren 13tik 28ra, biak barne.
5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.
6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.
7.– Agindu honetako II. eta III. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.
23. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak modu telematikoan aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako prozeduraren arabera. Hala egiten ez bada, eskatzaileak eskaera egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko edo atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.
32. artikuluaren laugarren zenbakian ezarritako prozedura erabiliko da zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko.
24. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza berriak lehiaketa bidez emango dira, publizitateari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera.
Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen arteko hurrenkera bat ezartzeko hautespen-irizpideen arabera. 65 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan, 4.1 artikuluan ezarritako zenbatekoa agortu arte, 4.2 eta 31.3 artikuluetan adierazitakoa eragotzi gabe betiere.
2.– Laguntzak aurrekontu-aukerak kontuan izanik berrituko dira, eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten denean, eta 33. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla dokumentu bidez egiaztatzen bada. 4.1 artikuluan aurreikusitako zenbatekoa kalkulatzeko, programa honetan legez gaitutako onuradun guztiek berritzea eskatuko dutela jo da.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK
1. ATALA
ESKAKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
25. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean; 2017ko urtarrilaren 1etik hasita (A modalitatean) edo 2015eko urtarrilaren 1etik hasita (B edo I modalitateetan).
Hala eta guztiz ere, onartu egingo dira EAEn erroldatuta egon ohi diren pertsonen eskabideak, baldin eta eskakizun hori betetzen ez badute deialdi honen xedearekin lotutako graduko edo graduondoko unibertsitate-ikasketak EAEtik kanpo egin dituztelako.
2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, egoitza-baimena eduki behar dute.
3.– Doktorego ofizialeko programa batean matrikulatuta edo onartuta dagoela egiaztatu beharko da.
Hala eta guztiz ere, deialdian parte hartzeko eskabidea onartuko zaie 2017ko azaroaren 15erako doktorego-programan onartuak izatea espero duten pertsona guztiei. Eskabide hori behin-behinean ebaluatuko da, eta, behin betiko onartzeko, eskatzaileak Ikerketa Zuzendaritzara programan onartu dutela egiaztatzen duen dokumentazioa igorri beharko du.
4.– Honako titulazio hauetakoren bat duela egiaztatu beharko du:
a) Unibertsitate-graduko eta -masterreko espainiar titulu ofiziala. Ikasketa horien guztien iraupena 300 ECTS kreditukoa izango da gutxienez.
b) Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala (Lizentziatura, Arkitektura, Ingeniaritza, Arkitektura teknikoa, Ingeniaritza teknikoa, Diplomatura), edo Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Esparrua osatzen duen beste herrialde batekoa, Masterrerako sarbidea lortzeko gaitzen duena, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan gutxienez 300 ECTS kreditu gainditu izana, eta horietatik, gutxienez 60 Master-mailakoak izango dira.
Nolanahi ere, eskabidea egiten denean master amaierako lanaren kalifikazioaren zain daudelako masterreko ikasketak bukatu ez dituzten eta doktorego-programan sartzeko master-titulua 2017ko urrirako lortzea espero duten pertsonen eskabideak kautelaz onartuko dira. Behin betiko onartuko da, eskatzaileak 2017ko urriaren 31 baino lehen Ikerketa Zuzendaritzara masterra amaitu duela egiaztatzen duen dokumentazio ofiziala igortzen duenean.
c) Doktorego-ikasketetan sartzeko titulua ematen duen herrialdean ahalmena ematen duten atzerriko hezkuntza-sistemen arabera lortutako titulua.
5.– Lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza, arkitektura tekniko, ingeniaritza tekniko edo diplomatura ikasketen amaiera-data 2013ko ekaina izango da, edo geroagoko data honako salbuespen hauekin:
a) Amaiera-data 2011ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke kasu honetan: 2011ko ekainetik 2013ko ekainera bitarte, gutxienez 3 hilabetez, 3 urtetik beherako seme-alabak artatzen eta zaintzen aritu diren eskatzaileen kasuan.
b) Ikasketak amaitzeko data 2009ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke Medikuntza, Farmazia, Biologia, Kimika edo Psikologia lizentziadunentzat, baldin eta laguntza eskatzen dutenean Medikuntzako Espezialitateko titulu ofiziala (BABE) edo Farmaziako Espezialitatekoa (BAFE) badute, edo Biologia, Kimika edo Psikologiako espezialitateetako ziurtagiri ofiziala (BABE, BAKE edo BAPE, hurrenez hurren).
6.– Batez besteko nota honako hau edo hortik gorakoa izatea:
a) 6 puntu 10., 11. eta 12. arloak egiteko.
b) 6,5 puntu 1., 2., 3., 8., 9., 13., 15. eta 16. arloak egiteko.
c) 7 puntu 4., 5., 6., 7., 14., 17., eta 18. arloak egiteko.
Ikasketen espedienteak ez badu jasotzen batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan, honela kalkulatuko da: asignatura bakoitzean lortutako kalifikazio numerikoa bider asignatura horretako kreditu-kopurua zati kalifikazioarekin guztira lortutako kreditu guztien batura. Berritzen ez diren planen kasuan, batez besteko nota izango da berdin lortutako kalifikazioen batuketa zati gainditutako ikasgai guztien kopurua.
Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotu edo egokitu dituen unibertsitateak kalifikatu ez dituen baliozkotutako edo egokitutako ikasgaien edo kredituen kasuan, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioak zenbatuko dira, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude. Dokumentu bidez egiaztatu ezean, gainditutzat joko dira.
Era berean, espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko beste espezialitate batzuetako ikasgaietan lortutako notarik, ezta master-ikasketen notarik ere.
Ikasketak atzerrian egin dituzten erabiltzaileek eskatzaileen kasuan, kontuan hartuko da ANECA/Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziaren ziurtagiri ofizialean azaltzen den espediente akademikoaren batez besteko nota.
7.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne hartuta, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.
8.– Agindu hau argitaratu baino lehenago ez izatea doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko eta doktore-tesia egiteko programen laguntzarik, edo halako laguntzarik jaso ez izana.
26. artikulua.– Eskakizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela –berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik–, eta ezarpen-zentrora sartu edo kontratua sinatu arte bete beharko dituzte.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Horrek ekarriko du prozesuan parte-hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea.
27. artikulua.– Laguntza berrietarako nahitaezko dokumentazioa.
Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio informatiko bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 22. artikuluaren 1., 2., eta 3. zenbakietan adierazitakoaren arabera.
1.– Eskatzailea EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Erroldatuta egon behar du 2017ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, A modalitatean aurkeztuz gero; 2015etik, B edo I modalitatean aurkezten bada.
Deialdi honen xedearekin lotutako unibertsitate-ikasketak direla-eta, erroldari buruzko eskakizun hori betetzen ez duenak ikasketa horien matrikula edo beste edozein egiaztagiri ofizial aurkeztu beharko du; halaber, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko aurrez EAEn erroldatuta egon dela, eta, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean edo atzerrian erroldatuta egon dela (atzerrian egon bada, enbaxadako erregistroa aurkeztu beharko du).
2.– Egoitza-baimena, hala badagokio.
3.– 25.4 artikuluan eskatzen den titulua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen dokumentua.
4.– 25.4 artikuluan aipatutako titulazioa lortzeko ikasketen jatorrizko ziurtagiri akademikoa, unitatearen arduradunak emana. Ikasketen ziurtagirian honako datu hauek jasoko dira: ikasketen izena, titulazioaren programako ikasgai guztiak, gainditutako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak eta kalifikazio horiei dagozkien datak. Espedienteak 1etik 10era bitarteko batez besteko nota adierazi behar du.
Ikasketak atzerrian egin badira, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztuko da, baita ziurtagiri horren zinpeko itzulpena ere, baldin eta ziurtagiria EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den ikasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, ANECA/Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, eta adierazi zein den espediente akademikoaren batez besteko kalifikazioa Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan.
Unibertsitateko goi-mailako titulu bat baino gehiago izanez gero, espediente akademikoa eta titulazioa eskuratzeko data kalkulatzeko, aukeratutako doktorego-programarekin zerikusirik handiena duena soilik hartuko da kontuan. Gainerako titulazioak ere kontuan hartu ahal izango dira curriculum vitaea balioesteko.
Lehen zikloko espediente bat eta bigarren zikloko beste bat izanez gero, bietan oinarrituta kalkulatuko da batez besteko nota, bietan lortutako kalifikazioak kontuan hartuta.
5.– Unibertsitateen kasuan, eskatzailea ezarpen-zentroari atxikitako departamentuan onartu dutela adierazten duen idazkia, departamentuko zuzendariak sinatuta. Departamentu hori bat etorriko da proiektuko zuzendariaren edo zuzendarikidearen departamentuarekin.
6.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa -bertako legezko ordezkariak izenpetutakoa (Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan)-, beka lortzen duen ikertzailearen doktoretu aurreko kontratua formalizatzeko.
Idazki horretan esanbidez adieraziko da Agindu honetako 11. artikuluan ezartzen diren betebeharrak beteko direla.
Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.
7.– Doktorego-programa ofizial baterako matrikula edo onarpena, 25.3 artikuluan ezarritako eran, programa horren arduradunak sinatua.
Onarpena 2017ko azarorako lortzea espero denean, eskatzaileak behin betiko onarpenaren ziurtagiria bidali beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari 2017ko azaroaren 15a baino lehenago, egun hori barne dela.
8.– Eskatzailea onartu duten edo eskatzaileak onartua izatea espero duen doktorego-programaren ezaugarri adierazgarrienak bilduko dituen memoria formatu normalizatua. Ezaugarri horien artean honako hauek nabarmenduko dira esanbidez: eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako hautatutako doktorego-programaren oinarri direnak. (3 orrialde gehienez)
9.– Eskatzailea sartuko den ikerketa-taldeari buruzko memoria formatu normalizatuan, eskatzailearen zientzia-kalitatea, prestakuntza-ahalmena eta finantzazio konpetitiboa eskuratzeko gaitasuna adierazita (gehienez ere, 3 orrialde).
Horretarako, I+G proiektu batean edo ikerketa-lerro jakin batean, egindako edo egiten ari diren kolaborazioen bidez egiaztatuta, ikertzaile gisa lankidetzan diharduten eta hautagaiaren prestakuntza-programaren garapenean parte hartzeko engaiatuak diren pertsona edo pertsonak joko dira ikertzaile-taldetzat –formalki edo informalki eratutako taldea–.
10.– Doktore-tesiaren proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa formatu normalizatuan, proiektuaren zuzendariak, eta zuzendarikideak (balego), sinatua. Memoria horren edukia honako hau izango da: proiektuaren izenburua, laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lanerako plana interes zientifikoa eta/edo soziala eta bibliografia nabarmenena (gehienez ere, 3 orrialdekoa). Memoria horretan honako hau bilduko da esanbidez:
a) Espero ote den eskatzaileak doktore-tesiaren proiektuaren eta haren defentsaren helburuak lortuko dituela laguntza jasoko duen 3 urteetan lanaldi osoko dedikazioarekin.
b) Agindu honetako 8. artikuluaren arabera aplikatzekoak diren printzipio etikoak hartuko ditu kontuan proiektuak.
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua; horrekin batera, curriculum vitaean alegatzen diren merezimendu akademikoak eta zientifikoak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia aurkeztuko da; argitalpenak egin baditu, lehenengo orrialdearen fotokopia, eta laguntzak lortu baditu, laguntzak emateko Ebazpenaren fotokopia.
12.– Sinatutako tesi-proiektuaren zuzendariaren (eta, hala badagokio, zuzendarikidearen) curriculum vitae normalizatua eta laburtua (azken 6 urteak). Bertan, soilik azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bilduko dira. Hori Ingelesez aurkeztu ahal izango da, edo EAEko hizkuntza ofizialetako batean.
13.– Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.
14.– Masterraren espediente akademikoa, eskabidea aurkeztu arte lortutako kalifikazioekin. Espediente horretan kalifikazio horiek lortu zireneko datak azalduko dira.
15.– 25.5 artikuluan bildutako salbuespenak egiaztatzen dituen dokumentazio ofiziala, halakorik behar izanez gero.
2. ATALA
HAUTAPEN- ETA ESLEIPEN-PROZESUA
28. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.
1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.
Ebazpena jakinarazteko, 32. artikuluaren laugarren paragrafoan ezarritako prozedura jarraituko da.
2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko berariazko aholku-batzordeek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri nahi dutela baztertzearen kontra. Errekurtso hori ezesten bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta berariazko aholku-batzordeak ematen duen balorazioak ere ez.
29. artikulua.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.
1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu.
2.– Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak; kideok, berriz, entzute handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan.
3.– Aholku Batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:
– Espediente akademikoa: puntuazioa kalkulatzeko, espedientearen batez bestekoa hartuko da oinarritzat, 25.6 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, eta zenbaki hori bider 3 kalkulatuko da. 30 puntu, gehienez ere.
– Eskatzailearen curriculum vitaea. 5 puntu, gehienez ere. Atal honetan, puntu 1 eskuratu ahal izango da Ikasiker programaren lankidetza-beka baten onuradun izateagatik.
– Doktorego-programa: eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako kalitatea eta egokitasuna (3 puntu, gehienez ere) eta EAEko I+G+Bko estrategiarekin zenbateraino datorren bat (7 puntu, gehienez ere).
Euskal unibertsitate-sistemako doktorego-programak ez ezik, sistema horretakoak ez diren, baina tesia kotutoretza-erregimenean garatzeko euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateekin ezarritako hitzarmenetan jasota dauden programak ere EAEko I+Gko estrategiarekin % 100 bat datozela ulertuko da.
Ulertuko da euskal unibertsitate-sistematik kanpoko gainerako doktorego-programen bat-etortze maila gutxienekoa dela, salbu eta egiaztatzen bada Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistema osatzen duten ikertzaileak inplikatuta daudela proposatutako tesi-proiektuaren zuzendaritzan (2 puntu), edo zuzendarikide horiek zuzenean parte hartzen dutela doktorego-programa horietan. (4 puntu).
– Doktorego-tesiaren proiektua: kalitate zientifiko-teknikoa, aurkeztutako proiektuaren eta ikerketa-planaren interesa eta bideragarritasuna. 10 puntu, gehienez ere.
– Zientzia Zuzendaritza: ikerketa-proiektuaren zuzendariaren historial zientifikoa, eta eskatzailea sartuko den ikerketa-taldearen prestakuntza-ahalmena eta kalitate zientifikoa. 20 puntu, gehienez ere.
– Elkarrizketa pertsonala: aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da. 25 puntu, gehienez ere.
4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzailea elkarrizketara ez agertzea edo 65 puntu baino gutxiago eskuratzea.
30. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.
1.– Berariazko aholku-batzordeetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialean–, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko dokumentazioa itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, elkarrizketa pertsonalerako.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautaketa-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean, epaimahaiak askatasunez balioetsiak). Epaimahaiari egoera horren berri eman ahal izango zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.
31.– artikulua.– Laguntza berriak esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntza berriak emateko prozedura lehiaketarena egingo da.
2.– Ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria (batzordeburua), Unibertsitateetako zuzendaria eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.
3.– Hautaketa Batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
4.– Laguntzen esleipena arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da, arlo bakoitzean hauta daitekeen eskabide-kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:
a.– Laguntza berriei bideratutako zenbatekoa. Aginduaren 4.2 artikuluaren arabera, laguntza berriei bideratutako zenbatekoa, hala badagokio 4.1 artikuluan zehaztutako hasierako zenbatekoa eguneratzearen, emaitza izango da laguntzen berritze-lerroa burututakoan aurrekontuko ahitu gabeko diru-kopururik geratzen bada, Hautaketa Batzordeak proposamena egin eta gero.
b.– Emango den laguntza-kopurua. Laguntza berrientzat dagoen zenbatekoa laguntza baten kostuarekin zatitzearen emaitza.
c.– Emango den laguntza berrien portzentajea. Emango den laguntza-kopurua 65 puntu edo gehiago eskuratu duten eskabide-kopuruarekin zatitzearen emaitza.
d.– Arlo bakoitzean 65 puntu edo gehiago eskuratu duten eskabideak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, eta emango diren laguntza berrien portzentajera –aurretik zehaztua– pasa gabe iritsi direnetatik puntuaziorik handiena eskuratu duten eskabideei emango zaie.
e.– Aurreko prozedura arlo guztietan egin eta gero, eman beharreko laguntza guztia eman ez bada, emandako laguntzen azken portzentajea c puntuan zehaztutako portzentajera gehien hurbiltzen den arloetan emango dira laguntzak, emateko laguntzen kopuru osora iritsi arte.
5.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, arlokako puntuazio handienetik txikienera, 65 puntu edo gehiago eta berariazko aholkularitza-batzordearen balioespen positiboa jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela-eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideen artean. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
32. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntza berriak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta zerrenda horretan adieraziko dira 65 puntu edo gehiago jaso duten eskabideak, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena.
5.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. paragrafoan xedatutakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.
7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei honako kasu hauetan: laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten den kasuetan, eta eskatutako dokumentazioa ez aurkeztearren laguntza eman gabe geratzen denean (25.3 eta 25.4 artikuluetan adierazitako kasuetan).
Laguntza horiek hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie. Arlo horretan erreserbarik ez badago beste arlo eta modalitate batzuetako eskatzaileei eman ahal izango zaizkie, lortutako balioespenaren eta EAErentzat duen interes zientifikoaren arabera.
Ondorio horietarako, laguntzak emango dituen organoak laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA.
1. ATALA
ESKAKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
33. artikulua.– Eskakizunak.
1.– 2016-2017 ikasturtean emandako doktoratu aurreko laguntza baliatzen aritzea, Hezkuntza eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera, Agindu honek ondorioak dituen egunean.
2.– Doktorego-programan jarraitzen dela eta ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea modalitatearen arabera dagokion egiaztagiriaren bitartez.
3.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne hartuta, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak– azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.
34. artikulua.– Eskakizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela –berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik–, eta ezarpen-zentrora sartu edo kontratua sinatu arte bete beharko dituzte.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Horrek ekarriko du prozesuan parte-hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea.
35. artikulua.– Laguntzak berritzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ondoren aipatzen den dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez, https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/predoc/y22-izapide/eu/ helbide elektronikoan, eskaera egiteko inprimakiarekin batera, 22. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan esandakoaren arabera.
1.– Laguntzaren azken berritzetik edo laguntza eman zenetik, lehenengo berritzearen kasuan egindako jarduera akademiko eta ikertzaileen orri bateko memoria, tesiaren zuzendariak eta zuzendarikideak, baleude, sinatutako kalifikazio akademikoak sartuta, halakorik balego.
2.– A eta B modalitateetan, lehenengo berritzerako, konpromiso-agiria.
3.– A eta B modalitateetan, bigarren berritzerako, azken ebaluazio positiboaren akta.
4.– A eta B modalitateetan, hirugarren berritzerako, laguntzaren onuradunak tesia inskribatuta daukan doktorego-programaren ardura duen ikasketa-batzordearen baimena, doktorego-ikasketak beste urtebete luzatu ahal izateko.
5.– I modalitatean, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako aldeko txostena, eskatzaileak egindako ikasketa- eta/edo ikerketa-jarduerei buruzkoa eta pertsona horren errendimenduari buruzkoa.
6.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa –bertako legezko ordezkariak sinatutakoa (Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan)–, egungo lan-kontratua hamabi hilabete gehiagoz luzatzeko, hala badagokio. Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.
2. ATALA
EBAZPENA
36. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira berritzeak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena.
5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. paragrafoan xedatutakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, Hezkuntza, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Aplika daitekeen araudia.
Agindu honetan aurreikusi ez denerako, honako hauek hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; eta Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko aginduak (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 23a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK
Oinarrizko Zientziak
1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek hartzen ditu: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.
2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek barne hartzen ditu: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.
3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek barne hartzen ditu: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.
4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Alor hauek barne hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.
Bizitza- eta osasun-zientziak
5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.
6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.
Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.
7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Honako hauek hartzen ditu: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.
Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.
8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.
9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek hartzen ditu: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.
Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.
10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.
Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.
11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.
Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.
12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.
Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak
13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek barne hartzen ditu: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.
14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.
15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.
16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.
17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek barne hartzen ditu: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.
18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.