EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017103

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 2.2.6 artikuluaren aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

Xedapenaren data: 2017-05-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201702697
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko irailaren 23an, Santurtziko Udalak eskabidea egin zuen Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean HAPO) 2.2.6 artikuluaren aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-txosten estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Espedientean jasota dagoen dokumentazioa aztertu ondoren, ikusi zen bat datorrela aipatu arauarekin eta, beraz, HAPO aldatzearen ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasi zen.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko otsailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari –biak Eusko Jaurlaritzarenak–, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Santurtziko Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza). Hartarako, eta araudian jasotzen denez, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluak jasotzen du, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien plan eta programen aldaketa txikiei ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaiela –horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua– betiere aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Orain arte esandakoaren arabera, dokumentazio teknikoa eta Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 2.2.6 artikuluaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 2.2.6 artikuluaren aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-txosten estrategikoa (aurrerantzean HAPO) egitea, ondoren zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
HAPOren aldaketaren helburua da haren arautegiaren 2.2.6 artikulua aldatzea, batik bat bizitegi modura erabiltzekoak diren eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko behar diren obrak egiteko edo instalazioak ezartzeko desjabetze urbanistikora jotzeko aukera sartuz testu horretan, esaterako: igogailuak, plataformak, eskailera-igogailu edo arrapalak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 177.j artikuluan ezarritako moduan.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, HAPOren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. HAPOren aldaketa ez da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuen esparrua. Izan ere, bizitegi modura erabiltzekoak diren eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko behar diren obrak egiteko edo instalazioak ezartzeko –esaterako igogailuak, plataformak, eskalera-igogailu edo arrapalak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 177.j artikuluan ezarritakoari jarraituz– araudiaren testuan desjabetze urbanistikora jotzeko aukera sartzeko ez dago proiektu bat garatu beharrik.
b) Beste plan edo programa batzuekin duen zerikusia: HAPO aldatzeak arautegi urbanistikoaren testua bakarrik aldatzen du, sektoreko lege aplikagarriek ezarritakoa jaso dezan. Ez da antzeman bateraezintasunik hierarkikoki goragoko planeamenduarekin.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. HAPO aldatzea ez da egokia ingurumen-alderdiak kontuan hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko.
d) Ingurumen-arazoak: azterketaren eremua hiri-inguruan dago eta ez dauka natura-balio nabarmenik. Ez dago ingurumenerako arriskurik (Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremu akustikoak, higa daitezkeen edo higatzeko arriskua duten eremuak, kutsatuta egon daitezkeen lurrak, interes hidrogeologikoko guneak, etab.) HAPO aldatzeak handituko duenik.
e) HAPO aldatzeak ez dauka zerikusirik ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzearekin.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, planaren eremuan ez dago ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik. Badaude kultura-ondareko elementuak, baina HAPO aldatzearen izaera generikoa izanik, ez da posible proposatutako aldaketak agian eragingo lieketen elementuak identifikatzea. Bestalde, gogoratu behar da irisgarritasunari dagokionez hirigintza-legeriatik datozen indarreko xedapenak sartu besterik ez duela egiten planak.
Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraituz, xedatzea ez dela aurreikusten ingurumen-efektu adierazgarririk Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 2.2.6 puntua aldatzearen ondorioz. Hori dela eta, aldaketari ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Santurtziko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.