EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017103

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak batera emana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta horren erakunde autonomoetan gutxienez hiru urtez jarraian bete ez direlako hutsik eta okupatzailerik gabe egon diren lanpostuak antolaketa-arrazoiengatik xedaezinak direla adierazten duena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-05-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201702694
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1997/10/31n argitaratutako 1997/10/14ko 199700226 DEKRETUA

Apirilaren 11ko 2/2017 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) hauxe xedatzen du 13.3 artikuluan: «Orokorrean, aurrekontu-plantillak langile-zuzkidura berriak sortuz aldatzen badira, behar beste zuzkidura amortizatu egin beharko dira horren ondorioz, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin».
Halaber, apirilaren 11ko 2/2017 Legearen 13.4 artikuluaren arabera, aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren proposamenez, langile-zuzkidura berriak sortzeko baimena eman ahal izango du, lanpostuen zerrendak honako arrazoi hauengatik aldatzen badira: eskumenen transferentziak benetan gauzatzen direlako, organo eta zerbitzu berriak sortzen direlako, kanporatutako eta azpikontrataturiko zerbitzuen kudeaketa zuzena egiten delako, lege-mailako arauak aldarrikatzen direlako, edo Gobernuak koiunturakoak ez diren planak, programak eta jarduera garrantzizkoak onartzen dituelako. Horretarako, finantzaketa egokia eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen organoaren aurretiazko aldeko txostena behar dira beti. Txostenean adierazi behar da ezinezkoa dela premia berriei aurre egitea lanpostuak berratxikita, langileak berrizendatuta edo giza baliabideak arrazionalizatzeko eta antolatzeko bestelako baliabideak erabilita.
Hala, giza baliabideak kudeatzeko arrazionalizazio-irizpideak aplikatuz gero, plantillak egokitzeko eta gastua murrizteko ahalegina egin beharko litzateke, baina horiei erreparatzeak ez lioke zerbitzu publikoen prestazioari eragin txarrik ekarri behar, eta eskubide indibidualak ere ez lituzke kaltetu behar.
Azkeneko hiru urteetan aldi baterako ere bete ez diren lanpostuak egoteak, hau da, zerbitzu-eginkizunen bidez edo bitarteko langileak edo aldi baterako lan-kontratudunak izendatuta ere bete ez diren lanpostuak egoteak, adierazten du lanpostu horiei egotzita zeuden funtzioak dagoeneko ez direla beharrezkoak dena delako sailaren edo atxikitako erakunde autonomoaren barruan, seguruenik Administrazioaren beraren izaeragatik, etengabe garatzen eta eboluzionatzen ari baita.
Horregatik, bidezkotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta horren erakunde autonomoetan 2014ko urtarrilaren 1etik etengabe hutsik eta okupatzailerik gabe dauden lanpostuak antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezinak direla adieraztea.
Halaber, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, edozein lanpostu, hiru urte jarraian titular edo okupatzailerik gabe irauten badu, antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezin bihurtuko da.
Hori horrela, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari zein Ogasun eta Ekonomia Sailari lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) ematen dizkien eskumenak baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUGU:
Lehenengoa.– Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta horren erakunde autonomoetan 2014ko urtarrilaren 1etik etengabe hutsik eta okupatzailerik gabe dauden lanpostuak antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezinak direla adieraztea.
Eranskinean dago lanpostu huts horien zerrenda. Halaber, Lanpostuen Zerrendan lanpostu horiek identifikatuta laga behar dira, «antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezin» direla adierazita. Lanpostu horiek berratxiki edo amortizatu ahal izango dira zuzkidura berriak sortzeko.
Bigarrena.– Ukitutako lanpostuak bete ezina.
Antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezintzat jotzen diren lanpostu hutsak ezingo dira aldi baterako bete zerbitzu-eginkizunen bidez edo bitarteko funtzionarioa izendatuta, non eta ez den osasunak eragindako hornidura.
Hirugarrena.– Lanpostuak amortizatzea, berratxikitzea eta sortzea.
Antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezinak diren lanpostuak amortizatu edo berratxiki nahi izatera, horretarako ezarritako prozedura arrunta erabili beharko da, baina, orokorrean, sortzen diren lanpostu berriek ezingo dute urteko kostu gordin handiagoa eragin, amortizatzen diren lanpostuek baino.
Laugarrena.– Lanpostu gehiago xedaezin bihurtzea.
Agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, edozein lanpostu, hiru urte jarraian titularrik edo okupatzailerik gabe irauten badu, antolaketa-arrazoiak direla-eta xedaezin bihurtuko da.
Bosgarrena.– Abian jartzea eta garatzea.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak behar diren neurriak hartuko dituzte agindu honetan jasotakoak abian jartzeko eta garatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jar daiteke, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Eraginkortasuna.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 25a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.