EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017103

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 18koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, tokiko bizikidetzaren arloko Elkarrekin Bonuak Programaren 2017rako deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2017-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201702691
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen da, hots, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia hau da: elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.
Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Horren haritik, 3 laguntza-lerro biltzen dira dekretu horren 5. artikuluan, eta udaletan garatzen diren proiektuak finantzatzeko da horietako bat.
Laguntza-lerro horretarako, dekretu horrek aurreikusten du hiru funts sortzea: bat lurralde historiko bakoitzeko. Lehendakaritzak ekarpenak egingo ditu funts horiek eratzeko, eta, kasua bada, foru-aldundiek ere egingo dituzte, funts horietan parte hartzeko gonbita egin zaienean.
2017ko ekitaldian, funts bakarra sortu da, eta Lehendakaritzak egindako ekarpenek soilik osatzen dute funts hori.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honakook jasoko ditu: deialdiaren xedea, diru-laguntzaren lerro bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea honako hau da: Elkarrekin Bonuen Programaren 2017rako deialdia egitea, tokiko bizikidetzaren esparruan.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Bonuak eskatzeko oinarri diren proiektuak 2017ko ekitaldian zehar garatu beharko dira; edozelan ere, 2017ko abenduaren 31n buruturik egon beharko dute.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Programa honen diru-zuzkidura, 2017rako, 150.000 eurokoa da hiru Lurralde Historikoetarako.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko erakunde izan behar da, eta bake eta bizikidetza gaietan aritu; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jardun, eta, gainera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar dira.
2.– Udalak izango dira tokiko bizikidetzaren esparruko proiektuen erakunde onuradunak.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta zenbatekoen mugak.
1.– Tokiko bizikidetzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan jardundako eta justifikatutako ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari; alegia, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.
3.– Bonuak direla-eta erakunde onuradunek honako zenbateko hauek pilatu ahal izango dituzte, gehienez, udal bakarrean:
– 5.000 euro, 15.000 biztanlera arteko udaletan.
– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.
– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.
4.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO L 352. zk., 2013-12-24koa). Izan ere, laguntza hauek minimis laguntzatzat jotzen dira, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati ezin baitzaio 200.000 euro baino gehiagoko laguntzarik eman, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta abian dena batuta. Izan ere, uste da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari, eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honetako izapideak egiteari dagokionez, bitarteko elektronikoa erabiliz bideratu behar dituzte erakunde interesdunek eskabideak, kontsultak eta gauzapena; betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2017/elkarrekin-bonuak-udal/y22-izapide/eu
3.–Eskaeraren ondorengo izapideak, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak, 2017ko urriaren 16ra arte; funtsak egun hori baino lehenago agortzen ez badira, behintzat. Funtsak agortuz gero, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa bete, eta gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta atzera botako dira ebazteko dauden diru-laguntza guztiak.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Programa honen erakunde onuradunek inprimaki normalizatuak erabili beharko dituzte eskabideak aurkezteko. Inprimaki horiek, berriz, ebazpen honen eranskinean jasotako helbide elektronikoan eskuratu ahal izango dira. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.
9. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Balorazio-batzorde bat eratuko da. Balorazio-batzorde hori honako pertsona hauek osatuko dute:
– Monika Hernando Porres Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Goizargi Cano Ormazabal Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-funtzioak beteko ditu.
– Marian Sanchez Amado Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria; batzordekidea izango da.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Erakunde onuradunei eta erakunde hartzaileei jakinaraziko zaizkie laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak.
11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Diru-laguntzak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan, diru-laguntza zertan erabili duten justifikatzeko:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak), nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.
c) Entitate hartzailearen ziurtagiri bat, proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten jasotzen duena.
3.– Justifikazio-agiriak, bitarteko elektronikoak erabiliz, euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira; zehazki, leku honetan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak. Aurreko zenbakian aipatutako dokumentazioa elektronikoki sinaturik eta eskaneaturik aurkeztu beharko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Honako hauek aplikatu beharko dira prozedura-arloari buruz dekretu honetan berariaz arautu ez den guztirako: ekainaren 17ko 110/2014 Dekretua –Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena–; urriaren 1eko 39/2015 Legea –Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena–; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutakoa–; Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Izan ere, lege horiek aplikatu beharrekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 18a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.