EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017103

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 18koa; Arartekoarena. Horren bidez, gardentasun politika eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko prozedura ezartzen dira.

Organo emailea: ARARTEKOA
Xedapenaren data: 2017-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201702685
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/10/29an argitaratutako 2013/10/10reko EBAZPENA [201304650]

ZIOEN AZALPENA
Arartekoak uste du gardentasuna eta herritarren parte-hartzea kalitatezko gobernantzaren funtsezko parte bat direla, demokrazia aurreratuko, gobernu irekiko eta espazio publikoaren eraikuntzara bideratutako printzipioetan oinarritutakoa.
Espainiako Konstituzioaren testuan informazioa eskuratzeko eta parte-hartze sozialerako eskubideak jasotzen dira, estatu moderno baten funtsezko printzipioak direnak.
19/2013 Legeak (aurrerantzean Gardentasunari buruzko Legea) hauxe ezartzen du bederatzigarren azken xedapenean: «autonomia erkidegoetako eta tokiko erakundeetako organoek 2 urteko epea izango dute, gehienez ere, lege honetan jasotako betebeharretara egokitzeko». Horrenbestez, Gardentasunari buruzko Lege horren indarraldia 2015eko abenduaren 9an garatu zen osorik autonomia erkidegoaren eremuan, hain zuzen ere, bere alderdi bikoitzean: publizitate aktiboa eta publizitate pasiboa, herri-administrazioen esku dagoen informazioa eskuratuz.
Egiazta daiteke herritarrek gero eta gehiago gauzatzen dutela herri-administrazioek duten informazioa eskuratzeko eskubidea; horretarako, administrazioek Gardentasunari buruzko Legearen printzipioak betetzea errazten duten jarrerak izan behar dituzte. Horrez gain, jarrera bermatzaileak izan behar dituzte alde guztien eskubideekin. Izan ere, lehian dauden eskubide desberdinak haztatu behar dira eta herri-administrazioen esku dagoen informazio edo dokumentazio hori eskuratzea ukatzen den kasuak arrazoitu.
Arartekoa Eusko Legebiltzarraren otsailaren 27ko 3/1985 Legeak sortu eta arautu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomi Estatutuaren 15. artikuluan xedatutakoari jarraiki. Arartekoa Eusko Legebiltzarraren goi ordezkaria da, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen jardueretan eta politika publikoetan gizabanakoen eskubideak bermatzeaz arduratzen dena (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak edo administrazio horien menpeko organismo publikoak).
Hortaz, Arartekoa pertsonen eskubideak bermatzen eta defendatzen dituen erakunde bat da. Hori dela-eta, erakunde honek, bere ohiko eginkizunen artean, bere gain hartzen du euskal herri-administrazioek lege hau aplikatzen dutela zaindu eta kontrolatzeko eginkizuna, oro har, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak -Arartekoa sortu eta arautzekoak- esleitzen dizkion eginkizunen esparruan.
Adostasun orokorra dago pertsonen eskubideak defendatzen dituzten erakundeek, besteak beste, Arartekoak administrazio ona eta herritarren eskubideen defentsa kontrolatzeko eginkizunak ere burutu behar dituztela, herri-administrazioen jardun oro interes publikoa lortzera bideratuta egotea bermatuz, interes orokorraren berme gisa.
Ebazpen hau onartu denean, autonomia erkidegoko gardentasunari eta gobernu onari buruzko araudia izapidetzeke eta onartzeke dago oraindik; hala, horren azkenengo aurrekaria da Euskal Sektore Publikoko Gardentasunari, herritarren parte-hartzeari eta gobernu onari buruzko Lege-proiektua, autonomia erkidegoko X legegintzaldia amaitzeagatik indargabetu zena.
Hala eta guztiz ere, udalen eremuan araudi espezifikoa egon badago (Euskadiko Tokiko Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea; horren eduki batzuk gai horren ingurukoak dira), baita foruen eremuan ere. Hiru lurralde historikoetako Foru Arauak honako hauek dira: 4/2014 Foru Araua, otsailaren 6koa, gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzkoa, eta 1/2017 Foru Araua, otsailaren 8koa, Arabako Lurralde Historikoko sektore publikoaren gardentasunarena, herritarren parte-hartzearena eta gobernu onarena.
Bestalde, Arartekoak legearen manuak ere bete behar ditu, horren aplikazio-eremu subjektiboarekin zuzenean lotutako erakundea den aldetik [Gardentasunari buruzko Legearen 1.f) artikuluak aurreikusten duen bezala]. Aldi berean, kontroleko eginkizuna burutu beharko du euskal administrazioen jarduketa eta politika publikoen gainean.
Erakunde honek, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea onetsi aurretik, beharrezko neurriak hartu zituen herritarrek erakundearen inguruko informaziorik garrantzitsuena eskuratzea bermatzeko, baita Arartekoaren esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko ere. Prozedura hori Zerbitzuen Gutunaren parte gisa integratu zen, erakunde honen 2013ko urriaren 10eko ebazpenaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko urriaren 29ko Aldizkari ofiziala); horren bidez, Arartekoaren 2011ko abenduaren 20eko Zerbitzuen Gutuna aldatu zen.
Izatez, giza-eskubideen sistema, gure demokraziarako eta bizikidetzarako oinarrizkoa dena, zertxobait dinamikoa eta ebolutiboa da eta, beraz, etengabe hobetu ahal eta behar da. Horretarako, botere publikoak indar guztiz saiatu behar dira. Hori dela-eta, Arartekoak, aurretik Gardentasunari buruzko Legea betetzeko burututako jarduketak gorabehera, konpromiso horretan aurrera egitea erabaki du, honako bi ekimen hauen bidez:
– Gardentasun-ataria abian jartzea Arartekoaren webgunearen egoitza elektronikoan.
– Ebazpen hau argitaratzea, zeinaren bidez Arartekoak eremu honetan bere gain hartzen dituen konpromisoak ezartzen diren, baita publizitate pasiboa gauzatzeko kasuetan aplikatu beharreko prozedura-arau batzuk ere.
Horregatik guztiagatik, Ararteko erakundea sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legeak eman dizkidan betekizunak betez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– Arartekoaren 2017ko maiatzaren 18ko ebazpena onartzea. Horren bidez, gardentasun politika eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko prozedura ezartzen dira.
2.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzea, jendeak oro har horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 18a.
Arartekoa,
MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.
ERANSKINA, ARARTEKOAREN MAIATZAREN 18KO EBAZPENARENA, ZEINAREN BIDEZ GARDENTASUN POLITIKA ETA INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEKO ESKUBIDEA GAUZATZEKO PROZEDURA EZARTZEN BAITIRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedapen orokorrak.
Erakunde publiko guztiak izan behar dira gardenak eta egiten dutenaren berri eman behar dute modu proaktiboan, jardueraren berri, aurrekontuen berri, etab. Are gehiago, bideak eta baliabideak gaitu behar dira herritarrek informazioa eskuratzeko eskubidea gauza dezaten.
Printzipio horiek onartuz, Arartekoaren ebazpen honen helburua da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea aplikatzea eta garatzea, hain zuzen ere, Arartekoaren jardueraren gardentasun aktiboa arautzen duten arau batzuen bidez, baita informazioa eskuratzeko eta informazio hori berrerabiltzeko eskubidea gauzatuz ere.
Horretarako, Arartekoak dagozkion bitartekoak ezarriko ditu, ahal izanez gero, elektronikoak.
Arartekoa erakundea osatzen duten pertsona guztiek burutu beharko dute euren ohiko jardueran beharrezkoa den jarduna gai horren izaera eta lege-aurreikuspenak arduraz bete daitezen.
Ebazpen honetan aurreikusitako mekanismo eta sistema desberdinen bidez informazioa eskuragarri jartzean, datu pertsonalen babesetik eratorritako eskubideak errespetatuko dira, gai horren inguruko araudi espezifikoan eta Gardentasunari buruzko Legean aurreikusitako terminoetan.
II. KAPITULUA
INFORMAZIO PUBLIKOA
Arartekoak, bere webguneko gardentasun-atariaren bidez edo egoitza elektronikoaren bidez, modu irekian emango du informazio hau:
2. artikulua.– Erakunde- eta antolakuntza-informazioa.
Informazio horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herriaren defentsa-bulegoaren informazio orokor guztia jakinaraztea sustatuko da: eginkizunak; Arartekoa arautzen duen araudia; erakundearen langileria osatzen duten pertsonak; barneko antolakuntza; organigrama eta eskaintzen duen zerbitzuen gutuna.
3. artikulua.– Jarduerari, plangintzari eta ebaluazioari buruzko informazioa.
Arartekoak bere jardueraren inguruko informazio xehea emango du; halaber, horren barruan, batez ere, Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako urteko txostenean jasotako estatistika sartuko da.
Halaber, Arartekoaren ekintza-planak eta plangintza estrategikoa barne hartzen dituzten dokumentuak jasoko ditu; horrez gain, hala badagokio, bere jardueraren eragina ebaluatzeko txostenak jasoko ditu.
4. artikulua.– Garrantzi juridikoko informazioa.
Arartekoak daukan arautzeko gaitasunean oinarrituta ematen dituen ebazpenen berri emango du, Gardentasunari buruzko Legearen 7. artikulua aplikatuz.
5. artikulua.– Eragin ekonomikoa duen administrazio-jarduerari buruzko informazioa: kontratazioa.
Gardentasunari buruzko Legearen 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Arartekoak adjudikatutako mota guztietako kontratuen eta horien harpidetza-modalitateen gaineko informazioa emango du, baita sinatutako hitzarmenen gainekoa ere.
6. artikulua.– Ekonomiari, aurrekontuari eta ondareari buruzko informazioa.
Ekonomian edo aurrekontuan eragina duten Arartekoaren kudeaketa administratiboko egintza guztien inguruko informazioa jasoko da, Gardentasunari buruzko Legearen 8. artikuluak ezartzen duen bezala. Horrez gain, urteko aurrekontuak jakinaraziko dira, aurrekontu-egikaritzapeneko hileko txostenak, Arartekoak zerbitzuak ematen dituen langile ororen ordainsariak, ondare-ondasunak, etab.
7. artikulua.– Jarduera publikoari eta interes orokorreko jarduerari buruzko informazioa.
Arartekoak bere agendako eta bere ondokoaren agendako ekitaldi publikoen inguruko informazioa emango du, baita, hala badagokio, Arartekoa erakundeko beste pertsona batzuen agendako ekitaldien ingurukoa ere. Informazio hori webgunearen orri nagusian sartuko da normalean eta Arartekoak Twitter, Facebook eta YouTube sare sozialetan dituen profiletan ere bai.
Interes orokorreko informazio gisa, Arartekoak emandako zerbitzuen inguruko informazioa emango da, harremanetarako moduaren eta datuen, harremanetarako bideen, ordutegien ingurukoa, etab; horrez gain, erakunde honetan lan egiten duten pertsona guztiek bere gain hartu behar dituzten konpromiso eta betebeharren berri emango da, baita Arartekoak kudeatutako datu pertsonalak babesteko eskubideak gauzatzeko moduaren berri ere.
Halaber, Arartekoak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitate-sistemari buruzko informazioa jasoko da; hala, horren barne sartzen da Arartekoaren Zerbitzuen Gutunaren testua eta herritarrek eta beste erakunde batzuek erakundeak emandako zerbitzuen inguruan egindako iritzi-inkestak.
III. KAPITULUA
INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEKO ESKUBIDEA
8. artikulua.– Araubide juridikoa.
Edonork gauza dezake Arartekoak duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoaren arabera.
Arartekoak eskaera hauen kudeaketan aplikatuko dituen interpretazioko printzipio orokorrak hauek dira: interes publikoa; proportzionaltasuna; hirugarrenei kalteak saihestea eta salbuespena informazioaren mugaketan edo ukapenean.
Eskubide honek Arartekoak duen informazioa ezagutzea ahalbidetuko du; hala, horren muga izango da datuak babesteko legeetan xedatutakoa; hirugarrenen eskubideen errespetua eta konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala babestetik eratorritako eskakizunak kexa eta kontsultako espedienteak izapidetzean.
9. artikulua.– Arartekoaren informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko prozedura.
Informazioa eskuratzeko prozedura, Gardentasunari buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoa jarraituz, oso erraza eta arina da.
Zuzenean eska daiteke Arartekoaren herritarrei arreta emateko hiru bulegoetan edo Arartekora jo daiteke postaz edo posta elektronikoz. Horrez gain, Arartekoaren egoitza elektronikoa erabil daiteke edo Arartekoaren webgunean dagoen inprimaki espezifiko bat bete (www.ararteko.eus); hala, eskaera aurkezten duen pertsonaren identifikazio-datuak agerrarazi behar dira, horren helbidea eta harremanetarako telefonoa barne.
Arartekoak informazioa eskuratzeko Eskaeren Erregistro bat sortu du; erregistro horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek horretarako egiten dituzten eskaerak jasotzea. Erregistro hori Idazkaritza Nagusiari atxikiko zaio eta mantentze-lanez arduratuko da.
Beharrezkoa izanez gero, erakundeko langileak beharrezkoa den laguntza emango du eskaera egiteko. Kasu horretan, herritarra, ados dagoela erakusteko, sinatu baino ez du egingo.
Behin informazioa eskuratzeko eskaera erregistratuta, hori jaso dela adieraziko da eta harreman, ikasketa eta modernizazioaren zuzendaritzari helaraziko zaio, eskaerak izapidetzeaz arduratzen baita.
Zuzendaritza horren bitartez, kasuan kasuko jarduerak burutuko dira eta, beharrezkoa izanez gero, behar diren azalpenak eskatuko dira, berehalako erantzuna bermatuko duen izapidetzeko barruko prozedura ez formalista sustatuz; hala badagokio, bidezko neurriak hartuz edo Arartekoari edo organo eskudunari hartzeko proposatuz.
Informazioa eskuratzeko eskaerari erantzuten dion Arartekoaren ebazpena behar bezala arrazoitu beharko da eta 20 laneguneko epean jakinaraziko da, eskaera jasotzen denetik zenbatzen hasita.
Epe hori beste 20 egunez luzatu ahalko da, eskatutako informazioaren bolumena edo konplexutasunagatik hori beharrezkoa bada. Kasu honetan, Arartekoak arrazoitutako ebazpen bat emango du, eskatzaileari jakinaraziko zaiona.
Ez dira onartuko errepikakorrak, zehaztugabeak edo neurriz gainekoak diren eskaerak.
Eskatzen den informazioa eskatzailearekin zer ikusia duenean, ARCO (eskuratzea, zuzentzea, deuseztatzea eta aurkatzea) eskubideak gauzatzera bideratuko da.
Interesdunek bere espedientea eskuratzeko prozedura Herri-administrazioen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakora egokituko da.
IV. KAPITULUA
BERRERABILTZEA
10. artikulua.– Arartekoaren informazioa berrerabiltzea.
Arartekoak formatu elektronikoaren bidez lan egitea erabaki du, bere argitalpen guztiak hedatzeko erreferente gisa. Horretarako, nabigagarritasuna erraztuko du atal guztietan eta, estekak dituzten sarreren bidez, hitz gakoak edo administrazioak eta araudia bezalako erreferentziak sartzea ahalbidetuko du, besteak beste. Horrez gain, eskuratu nahi den informazioa aurkitzea erraztuko du, bilatzaile baten laguntzarekin. Horrek bide emango du webguneko arlo jakin batzuk beste webgune batzuekin, beste erakunde batzuekin eta abarrekin lotzeko.
Gainera, argitalpen guztiak (eta etorkizun hurbilean webguneko testu guztiak) eskuragarri egongo dira formatu irekietan: xml eta rtf, herritarrek askatasunez berrerabiltzea errazten dutenak.
Hain zuzen ere, berriro erabiltzeko aukera horri buruzko informazioa emateko, Creative Commons lizentzia erantsi da Arartekoaren ondorengo edizio eta argitalpenetan. Hala, horrek txosten horiek berriro erabiltzeko aukera aitortzen du.
Erabaki horiek informazioa berriz erabiltzea erraztea eta sustatzea nahi dute, banakako onurarako zein beste erakundeen onurarako, baita baliabideak herritarrekin partekatzea ere.
V. KAPITULUA
BARNE KUDEAKETA, HOBEKUNTZAK ETA IRADOKIZUNAK
11. artikulua.– Unitate arduraduna.
Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko Zuzendaritzari dagokio, Arartekoak gainbegiratuta, ebazpen honetan jasotako konpromisoak betetzen direla zaintzea, ondorio hauetarako:
a) Barne komunikazioko plana sustatzea, erakundearen zerbitzura dauden langile guztiek ebazpen honetan jasotako konpromisoak ezagutu eta kontuan hartzen dituztela bermatzeko.
b) Horren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak eta neurriak garatzea, dokumentu honetan jasotako konpromisoak betetzen direla zainduz.
c) Hobekuntzak sustatzea erakundearen barne kudeaketan, bereziki sistema informatikoen, datu-baseen eta informazioaren berrikuspena, baita ebazpen honetan jasotakoa betetzea errazten duten operazioko eta antolakuntzako errekerimenduen berrikuspena ere.
d) Bidezkoa bada, horren berrikuspena sustatzea.
e) Arartekoak eskuordetuta, ebazpen honi dagokionez egiten diren erreklamazioei, iradokizunei eta ekimenei erantzuna ematea.
12. artikulua.– Erreklamazioak edo iradokizunak.
Publizitate aktiboarekin lotutako erreklamazioak, iradokizunak edo ekimenak egitea errazteko, baita informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko ere, inprimaki edota posta elektroniko bat gaituko da, erraz identifikatu daitekeena, Arartekoaren egoitza elektronikoan.
VI. KAPITULUA
SEGIMENDUA ETA INDARREAN SARTZEA
13. artikulua.– Eguneratzea, ebaluazioa eta segimendua.
Webguneko edukien eguneratzea eduki zehatzek behar duten maiztasunarekin egingo da; hala, gutxienez, urtean behin eguneratuko dira.
Arartekoak ebazpen honetako edukiak betetzen direnaren segimendua egingo du urtero. Gainera, Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako urteko txostenean atal espezifiko bat egongo da, non ebazpen honen edukien aplikazioaren berri emango den, baita urte horretan aurkeztutako informazioa eskuratzeko eskaeren berri ere. Horrez gain, aurkezten diren iradokizunak edo erreklamazioak jakinaraziko dira.
14. artikulua.– Aldaketa eta indarrean sartzea.
Orain ematen den ebazpena bat etorri behar da gardentasunari buruzko autonomia erkidegoko araudiarekin. Hortaz, aldatu ahalko da horren terminoak behar beste egokitzen ez badira Eusko Legebiltzarrak gai horren inguruan onartzen duen etorkizuneko araura.
Ebazpen honetan jasotako betebeharrak ezartzen dira geroago har daitezkeen eta publizitate aktiboari dagokionez araubide zabalagoa aurreikusten duten beste xedapen espezifiko batzuk aplikatu arren.
Ebazpen hau Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.