EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017102

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 22koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, batera argitaratzen dira 2017ko lehiaketa arrunterako deialdiak, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Xedapenaren data: 2017-05-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201702659
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL) bigarren xedapen gehigarriak, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran, ezartzen du erakunde eskudunek izango dituztela TAOLaren 92 bis artikuluak eta horrekin bat egiten dutenek gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen arloan aurreikusten dituzten eskumen guztiak, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera, lurraldean hutsik dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak egiteko eskumena barruan hartuta, bai eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko eskumena ere.
Hori dela eta, bigarren xedapen gehigarri hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko orduan, neurri handi batean, Euskal Erakundeek unean-unean ezartzen dutenaren arabera moldatuko da.
Edonola ere, TAAILaren zazpigarren xedapen iragankorrak ezartzen duenari jarraikiz, lege hori indarrean jarri aurreko araudia aplikatu behar zaio gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak betetzeko 2017ko lehiaketa arruntari.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusita dago errege-dekretu horren aplikazioa gauzatuko dela Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera. Xedapen horren zazpigarren paragrafoan ezarrita dago lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokiela gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketen deialdia egiteko ahalmena, beren lurraldeetarako baino ez direnean. Deialdi horiek, zein bere lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratzeaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira.
Hori guztiori kontuan hartuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek egin eta argitaratu dute 2017. urteko lehiaketa arrunterako deialdia, lurralde historiko bakoitzean gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat toki-erakundeetan gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Arabako Foru Aldundiak, 2017ko maiatzaren 16an bidalitako idazki baten bitartez, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari jakinarazi dio ez duela 2017. urterako deialdia egingo, toki-korporazioetako alkate-presidenteek adierazi baitute ez daukatela asmorik gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostu hutsak hornitzeko aurtengo lehiaketa arrunterako deialdia egiteko.
Gauzak horrela, koordinatze aldera, batera argitaratu behar dira lurralde historikoek egindako 2017. urteko lehiaketa arruntari buruzko deialdiak; hori dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako organo eskudunek 2017. urteko lehiaketa arrunterako egindako deialdiak, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako bakoitzeko toki-erakundeetan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Deialdi horietan daude lehiaketak eraenduko dituzten oinarri komunak eta toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak:
a) Bizkaiko Lurralde Historikoa: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuaren maiatzaren 8ko 4195/2017 Foru Agindua, Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeetan nazio mailako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko 2017 urteko lehiaketa arrunterako deialdia egiteari buruzkoa (2017ko maiatzaren 11ko BAO, 89. zk.).
b) Gipuzkoako Lurralde Historikoa: Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru-diputatuaren 2017ko apirilaren 20ko 462/2017 Foru Agindua, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak betetzeko 2017ko lehiaketa arrunterako deialdia egiten duena (2017ko apirilaren 28ko GAO, 81. zk.).
Bigarrena.– Lehiaketetan parte hartzeko eskaera-orriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Eskatzen diren betekizunak eta merezimenduak ebazpen honen egunean bete beharko dira.
Laugarrena.– Deialdi hauetan baloratu beharreko merezimendu orokorrak izango dira ebazpen honen egunean egiaztatuta eta inskribatuta daudenak Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen erregistroan, banakako zerrendaren arabera. Zerrenda hori interesdunen eskura dago Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Lehiakideek ezin izango dute beste egiaztagiri gehigarririk aurkeztu, ezta epaimahaiak bestelako balioespenik egin ere.
Merezimendu orokor horiek Interneteko helbide honetan ere kontsultatu ahal izango dira: www.euskadi.eus/toki-araubidea/
Bosgarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude jasota gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak, lehiaketa arrunterako deialdi bidez betetzekoak. Lanpostu horiek dira eranskinean agertzen direnak.
Seigarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak. Oinarri horietan daude adierazita lanpostuen ezaugarriak eta merezimendu bereziak.
Zazpigarrena.– Lehiaketan parte hartzeko eskaera-orria eta destinoak esleitzeko lehentasun-hurrenkeraren eredua argitaratuta daude foru-aldundiek egindako deialdien eranskinetan.
Zortzigarrena.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitea eskatzen duten lehiatzaileek, eskaerak aurkezteko epean, adierazi beharko diote Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari zer hizkuntza-eskakizun egiaztatu nahi duten.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honetan eta foru-aldundien deialdietan aurreikusi ez diren gaietan, oinarritzat hartuko dira gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako lege- edo arau-xedapenak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 22a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.