EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017099

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 7koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako lau irakurle hautatzeko presazko deialdia irekitzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-04-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201702609
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.
Deialdi honek presako eta aparteko izaera izango du, unibertsitateen administrazio egutegiak hala behartuta eta datorren ikasturtean irakurletza hauek abian izan daitezen. Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuari egoki iruditu zaio Moskuko Lomonosov Unibertsitateko (Errusia), Los Angeleseko (AEB) UCLA, Sorbonne Nouvelle Paris III (Frantzia) eta Txileko Unibertsitatea eta Txileko Pontificia Universidad Católica de Chile (biak Txileko Santiagon) Unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren presazko deialdia egitea.
Hori dela eta,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzea, ondoko unibertsitateetan aritzeko:
– Irakurle bat Errusiako Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako.
– Irakurle bat AEBetako Los Angeleseko UCLA Unibertsitaterako.
– Irakurle bat Frantziako Sorbonne Nouvelle Paris III Unibertsitaterako.
– Irakurle bat Txileko Unibertsitaterako eta Txileko Pontificia Universidad Católica de Chile unibertsitateetarako.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan ikasturte bakoitzera bideratutako guztizkoa:
– Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako: hamar mila eta bostehun (10.500) euro.
– Los Angeleseko UCLA Unibertsitaterako: hamasei mila bederatziehun eta hirurogeita hamaika (16.971) euro.
– Sorbonne Nouvelle Paris III Unibertsitaterako: hogeita bost mila (25.000) euro.
– Txileko bi unibertsitateetarako hamabost mila eta laurogeita hamasei (15.096) euro horrela banatuta:
– Txileko Unibertsitatea: lau mila berrehun eta hogeita lau (4.224) euro.
– Txileko Pontificia Universidad Católica unibertsitaterako: hamar mila zortziehun eta hirurogeita hamabi (10.872) euro
Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.
Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da. Euroak beste monetekiko dituen aldaketek ez dute eraginik izango Etxeparek egindako ordainketaren kopuru ekonomikoan.
3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:
Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako: Filologia ikasketaren bat, Itzulpengintza edo Interpretaziozko ikasketaren bat izatea; irakaskuntza eskarmentua izatea eta 3 HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) eta 4 HE dituztenak lehenetsiko dira.
Los Angeleseko UCLA Unibertsitaterako: Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta Ingeleseko C2 maila izatea. Ingeles mailari dagokionez, maila hori frogatzeko titulu ofizialik ez dutenek ere deialdira aurkezteko aukera dute. Hautagai guztiek, ingeles maila frogatzeko tituluak dituztenek barne, kontuan izan beharko dute aurre hautatuen artean egonez gero, UCLA Unibertsitateak euren ingeles maila egiaztatu lezakeela bere baliabideekin. Horrela, unibertsitateari hautagai baten ingeles maila ez dela nahikoa iruditzen bazaio, bazterturik gera daiteke. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere.
Sorbonne Nouvelle Paris III Unibertsitaterako. Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta Frantseseko B2 maila izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere.
Txileko Unibertsitatea eta Txileko Pontificia Universidad Católica unibertsitateetarako: Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere.
4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak tokian tokiko unibertsitatearen eta aurreikusitako zenbatekoaren arabera.
4.1.– Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako:
Baldintzak:
Klase orduak: astean euskal hizkuntza eta kulturako 10 ordu ematea, Unibertsitateko programa jarraituaz.
Zenbatekoa: bideratutako zenbatekoa 10.500 euro ikasturteko irakurletzarako.
4.2.– Los Angeleseko UCLA Unibertsitaterako:
Baldintzak:
Klase-orduak: 3 Euskara ikastaro ematea, Unibertsitateko programa jarraituaz.
Zenbatekoa: bideratutako zenbatekoa 16.971 euro ikasturteko irakurletzarako.
Los Angelesko UCLA unibertsitatean hautatuak bere lanaldia ikasturteko espainiar hizkuntzako 5 ikastaro emanez osatuko du. Espainiar hizkuntzako ikastaroengatiko zenbatekoa UCLA Unibertsitateak ordainduko du.
4.3.– Sorbonne Nouvelle Paris III Unibertsitaterako:
Baldintzak:
Klase orduak: Irakurleak euskara I, euskara II eta euskara III izeneko irakasgaiak emango ditu, baita Kultura I eta Kultura II izenekoak ere. Irakasgai horien zama gehienez 200 ordukoa izango da. Ordu horien barruan, gerta liteke irakurleari euskara irakasteko eskatzea Sorbona IV unibertsitatean (A1 eta A2 mailak).
Zenbatekoa: bideratutako zenbatekoa 25.000 euro ikasturteko irakurletzarako.
4.4.– Txileko Unibertsitatea eta Txileko Pontificia Universidad Católica unibertsitateetarako:
4.4.1.– Txileko Unibertsitatea.
Baldintzak:
Klase-orduak: astean 1,5 ordu eta 12 orduko ikastaroa ikasturteko.
Zenbatekoa: 4.224 euro ikasturteko irakurletzarako.
4.4.2.– Txileko Pontificia Universidad Católica.
Baldintzak:
Klase-orduak: astean 4,5 eskola-ordu.
Zenbatekoa: 10.872 euro ikasturteko irakurletzarako.
5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak tokian tokiko unibertsitatean.
Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.
Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.
Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.
6. artikulua.– Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du.
– Onartze-agiria sinatzea.
– Emandako ordutegia betetzea.
– Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.
– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.
– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.
– Unibertsitateek zehaztutako datarako lanean hastea, eta bertan zerbitzua ematea ikasturtearen amaierara arte, hala dagokionean luzatzeko aukerarekin.
– UCLA Unibertsitateari dagokionez, 2017ko irailaren 25a baino lehenago Unibertsitatera bertaratzea, 2017ko irailaren 28an klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin.
– Txileko Unibertsitateari dagokionez, 2017ko abuztuaren 7a baino lehenago Unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin.
– Ikasturte bakoitza amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamentuaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena behar bezala doan ebaluatzeko.
– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.
– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.
– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.
7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.
Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio Sorbonne Nouvelle Paris III unibertsitateari eta Txileko Pontificia Universidad Católica Unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantziaziorako zenbatekoen ordainketak. Etxepare Euskal Institutuak zuzenean egingo dio ordainketa Los Angeleseko UCLA Unibertsitateko, Moskuko Lomonosov Unibertsitateko eta Txileko Unibertsitateko irakurleari, unibertsitatearen izenean.
Tokian tokiko unibertsitateei dagokie Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.
8.1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen plaza 1-3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
8.2.– Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).
– II. eranskina, behar bezala beteta.
– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere hiru orrialdekoa izango da (letra Arial 12, lerro artean tarte bikoitza utziz).
Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.
Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.
8.3.– Organo instruktoreak, administrazio-prozedura honen alderdi gisa eskatzaileari dagokion datu edo agiria (NAN) bere kabuz eskuratuko du. Eskatzaileak honen aurka dagoela adierazi nahi badu, berariaz adierazi beharko du. Kontrakotasuna adieraziz, gero, prozeduran eskatutako agiria ekarri behar du. Atzerritarrek ere dagokien agiria aurkeztu beharko dute.
8.4.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8.5.– Eskabideak aurkezteko hamar egun naturaleko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
8.6.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurletzetako presazko beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da, baldin eta hautagaiak lekuan lekuko unibertsitateko irakurletzarako baldintzak betetzen baditu. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.
9. artikulua.– Hautapen-batzordea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa eta 40/2015 urriaren 1eko Legeak, Alor Publikoaren Araubide Juridikoak hautapen batzordeei buruz esandakoa kontuan hartuko da.
Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.
10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.
Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:
10.1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:
Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.
Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 4 puntu.
Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.
Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.
10.2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.
Irakaskuntzan eskarmentua:
Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.
Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.
10.3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera:
A2= 0.25 puntu.
B1= 0.50 puntu.
B2= 0.75 puntu.
C1= puntu 1.
C2= 1.5 puntu.
10.4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 2,5 puntu.
Bestelako doktoregoa: 1 puntu.
Euskararen arloko masterra: 2 puntu.
Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: 1 puntu.
Bestelako masterra: 0.5 puntu.
Atzerriko Unibertsitateetan Euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: 1 puntu.
IGI-CAP: 0.5 puntu.
Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.
Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0.25 puntu.
10.5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.
10.6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua.
11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 5 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta, hiru proposatuko ditu unibertsitateko. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio, Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.
Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitateetako ordezkariek eskubidea izango dute aukeratuak elkarrizketa batera deitzeko.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:
Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.
Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.
Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dela delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.
12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere. Hautatu horiekin lan-poltsa osatuko da, unibertsitate horretako irakurletzen beharrei erantzun ahal izateko.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.
13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.
Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beraien esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.
14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.
Hautatuek ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuari uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.
Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2017ko apirilaren 7a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.