EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017099

157/2017 DEKRETUA, maiatzaren 23koa, «Bilbotik Perura» garapenerako lankidetzarako elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700157
Xedapenaren data: 2017-05-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201702600
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, «Bilbotik Perura» garapenerako lankidetzarako elkarteak deklarazio hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakundea onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, garapenerako lankidetzan eta sentsibilizazioan egiten dituen jarduerengatik.
«Bilbotik Perura» garapenerako lankidetzarako elkartea 2010eko apirilaren 10ean sortu zen, eta Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzaren 2010eko abenduaren 22ko Ebazpenaz inskribatu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen, AS/B/15669/2010 erregistro-zenbakiarekin.
Batez ere Bizkaiko lurralde historikoan jarduten du; baina, garapenerako nazioarteko lankidetza ere bada elkartearen funtsezko helburuetako bat, eta helburu horretako proiektuak egiteko, lankidetzaren helburu diren herrialdeetan ere jarduten du.
Eratu zenetik, «Bilbotik Perura» garapenerako lankidetzarako elkarteak bere helburu nagusiak lortzeko behar diren jarduera guztiak egin ditu; hauexek dira helburu nagusi horiek: garapenerako lankidetza eta garapen-bidean dauden herrialdeetako egoerari buruzko sentsibilizazioa.
Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.
Ondorioz, Lehendakariaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, erakunde interesdunek emandako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 23ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Bilbotik Perura» garapenerako lankidetzarako elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/15669/2010 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 23an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.