EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2017098

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena; honen bidez, 2017-2018 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen duten hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan izena emateko eskaerak aurkezteko epea, onartzeko epeak eta matrikularenak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen da, eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onesten dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-05-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201702580
Maila: Agindua
Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak ikasleen onarpena arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi- eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Dekretu horren 9. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura komuna izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietarako, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.
Agindu horietan ezarriko dira eskaerak aurkezteko eta horiek ebazteko epeak. Halaber, agindu horietan zehaztuko da interesdun bakoitzak, dagokion kasuan, aurkeztu beharreko dokumentazioa, hala badagokio, eskaerarekin batera, onarpen prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.
Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 28. artikuluan jasotzen denez –otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan emandako idazkeran–, hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren titularrak egin behar du ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketa egin ahal izateko urteko onarpen-egutegia, aplika daitekeen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Gainera, ezartzen du hark ezarri behar dituela, beste elementu batzuen artean, onarpen-datak, ikastetxe batean eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago dagoenerako irizpideak eta sarbide desberdinetarako gorde behar diren plazen ehunekoa, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolakuntza orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 47. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorrita.
Hala ere, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan egindako aldaketak arestian aipatutako uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuari eragin dio, hain zuzen ere, lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasketetara sartzeko bideei dagokienez. Izan ere, egun, ez dago bide horiek arautzen dituen araudirik, aipatutako dekretua oinarrizkoa baita eta ez baita legegintzara egokitu. Dena den, bertan ageri diren manuak agindu honetan azaldutako prozesurako aplikatu behar dira.
Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritako onarpen-arauak aplikatzen ditu agindu honek, eta, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako ikasketen Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifiko batzuk arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuan, hamalau oinarrizko lanbide titulu onartzen dira, horien oinarrizko curriculumak finkatzen dira, eta hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta profesionalak emateari eta ezartzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatzen da.
Bestalde, ikasketa ofizialen izaera dela-eta, itunduak ez diren zentro pribatuetan informazioa emateko obligazio jakin batzuk ezarri dira xedapen gehigarri bakarrean.
Horiek horrela, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aplikazio eremua, zikloak eta ikastetxeetan dauden plazak.
1.– Agindu hau 2017-2018 ikasturterako ikasleak onartzeko prozeduran eta matrikulan aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, hurrengo atalean adierazitako hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ziklo eta modalitateetan ikasteko.
Hezkuntza itunaren bitartez finantzatzen ez diren ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen kasuan, xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa aplikatuko da.
2.– Hauek dira agindu honetan eskaintza osoko modalitate presentzialean (ikasturte osoa) aipatzen diren irakaskuntzak:
a) Oinarrizko lanbide-heziketako zikloak.
b) Erdi-mailako zikloak.
c) Goi-mailako zikloak.
d) Lanbide-heziketako bigarren titulu bat lortzeko arauz ezarritako ikasturte osagarriak, hirugarren ikasturtean. Zehazki, 2017-2018 ikasturterako, honako hauek:
– Eraikuntza Proiektuetako Goi Mailako Teknikaria (244/2011 Dekretua, azaroaren 29koa, martxoaren 15eko 46/2016 Dekretuak emandako idazkeran).
– Obra Zibileko Proiektuetarako Goi Mailako Teknikaria (29/2012 Dekretua, otsailaren 28koa, martxoaren 15eko 46/2016 Dekretuak emandako idazkeran).
3.– Hauek dira agindu honetan Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren (UHEI) eskaintza partzialeko (matrikula moduluka) urrutiko telematikako modalitatean aipatzen diren irakaskuntzak (erdi-presentziala):
a) Erdi-mailako zikloak.
b) Goi-mailako zikloak.
4.– Ez zaie agindu hau aplikatuko eskaintza partzialeko irakaskuntza presentzialei.
2. artikulua.– Egutegia.
1.– Irakaskuntza presentzialean, 3.1 artikuluak eskaera egiteko obligaziotik eta onarpen-prozeduran parte hartzetik salbuesten dituen ikasleek ekainaren 12tik uztailaren 3ra bitartean eman beharko dute izena, biak barne, ikastetxeko idazkaritzaren ordutegian.
2.– Gainerako kasuetan, onarpen prozeduraren datak eta epeak eta izena ematekoak taula honetan modalitate bakoitzerako (presentziala eta erdi-presentziala) eta aldi bakoitzerako ezarritakoak dira:
3.– Urrutiko irakaskuntzaren kasuan, ohiko aldia amaitzen denean itxarote-zerrenda desagertu bada eta oraindik libre dauden plazak badaude, ezohiko aldia irekiko da.
Era berean, urrutiko irakaskuntzan onartutako ikasleek matrikula formalizatu beharko dute aurreko taulan adierazitako datetan. Prezio publikoa ordaindu beharko dute, I. eranskineko hamalaugarren jarraibidean ezarritakoari jarraituz.
4.– Aurreko taulan ageri diren onarpen-epeak bukatutakoan plaza libreak geratzen badira, ikastetxeek matrikulatu nahi diren eta irakaskuntzara sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonak matrikulatu ahalko dituzte, 2017ko urriaren 13ko 24:00ak arte. Data horretatik aurrera, ikastetxeek ezingo dute inor matrikulatu.
5.– Onarpen epeetatik kanpo eta 4. atalean adierazitako dataren aurretik matrikulazioak egiten badituzte, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrespena dagokion berariazko informatika-aplikazioan.
3. artikulua.– Eskabidea aurkeztetik eta onarpen-prozeduran parte hartzetik salbuetsitako ikasleak.
1.– Irakaskuntza presentzialean, pertsona hauek ez dute eskabiderik aurkeztu behar, ez onarpen-prozeduran parte hartu behar, gehieneko deialdi-kopurua agortu ez badute eta gehieneko egonaldia gainditu ez badute, betiere:
a) Ikastetxe, ziklo, kurtso eta hizkuntza-eredu berean matrikulatzen direnak, aurreko ikasturtean ikasi zuten kurtso berean (errepikatzaileak).
b) 1. kurtsotik 2. kurtsora igarotzen direnak.
Kasu hauetan, 2.1 artikuluan zehazten den epean formalizatu beharko du matrikula ikasleak, eta, hala egin ezean, plaza erreserbatzeko eskubidea galduko du.
Horretarako, atal honetan aipatzen den ikasleen matrikulazioa bermatzeko beharrezkotzat jotzen duten plaza kopurua erreserbatu beharko dute ikastetxeek maila, hizkuntza-eredu eta heziketa-ziklo bakoitzean.
2.– Ziklo bateko 1. kurtsoa ikastetxe batean gainditu baina ziklo bereko 2. kurtsoa egiteko beste ikastetxe batean matrikulatu nahi dutenek ez dute parte hartuko agindu honen I. eranskineko seigarren eta zazpigarren oinarrietan aurreikusitako plazen esleipen-prozeduran. Espediente akademikoa ikasketak jarraitu nahi dituen ikastetxera lekualdatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute. Agindu honen 2.2 artikuluan aurreikusitako matrikulatze-prozedura eta -epea amaituta, plaza libreak gelditzen badira soilik egin ahal izango da lekualdatze- eta matrikula-onarpena.
Prozedura bera jarraituko dute ziklo batean lehenengo kurtsoa gainditu eta aurretik gainditutako lehenengo kurtso hori komunean duen beste titulazio bateko bigarren kurtsoan matrikulatu nahi dutenek.
3.– 2. atal honetan aurreikusitako kasuetan, aurreko kurtsoko espediente akademikoko batez besteko nota onenarekin egingo da onarpena.
4. artikulua.– Hezkuntza-eskaintza.
1.– Hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren menpe dauden ikastetxe publikoetan eskaintzen diren heziketa-zikloak sail horrek agindu honetan adierazitako ikasturterako planifikatutakoak izango dira.
2.– Zentro pribatu itunduetan eta hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoetan eskaintzen diren heziketa-zikloak ikastetxeek beraiek zehaztutakoak izango dira, hezkuntzaren arloan eskuduna den sailak baimenduta badaude, betiere. Ikastetxe pribatu eta itundu batean zikloak eskaintzeak eta horietan ikasleak matrikulatzeak ez du esan nahi berez ziklo horiek hezkuntza-itunaren bitartez finantzatuko direnik.
5. artikulua.– Eskaintzen den eskola-plaza kopurua zehaztea, ezintasunen bat duten pertsonentzat edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat erreserbatzea eta kupoka banatzea.
1.– Hezkuntza-administrazioaren organo eskudunak maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean matrikulatu daitekeen talde kopuruaren berri emango dio hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren mende dagoen ikastetxe publiko bakoitzari.
Gehieneko muga bat ezartzen da matrikulatzen diren moduluen iraupenaren guztizko baturarako: ikasle berriak 700 ordutarako matrikulatu ahalko dira gehienez, eta berriak ez diren ikasleak 1.000 ordutarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 11ko Aginduaren 3.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz. Agindu horrek urrutiko heziketa telematikoaren modalitatean lanbide-heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua arautzen ditu. Hala ere, ezarritako gehieneko muga horiek % 5ean gainditu ahal izango dituzte dagokion zikloa bukatzeko behar duten ikasleek.
2.– Irakaskuntza presentzialaren kasuan, zentro publikoen zuzendaritzek edo zentro pribatu eta itunduen tituludunak diren pertsona fisiko eta juridikoek zehaztuko dute eskaintzen den plaza kopurua, baimendutako gehienezko plaza kopuruari ikasturtea gainditu ez duten agindu honen 3.1 artikuluan aipatutako ikasleentzat erreserbatutako eskola-plaza kopurua kenduz.
3.– Heziketa-ziklo bakoitzean eskaintzen den guztizko plaza-kopuruaren % 5 erreserbatu beharko da eskaera egiten den datan % 33 edo gehiagoko ezintasuna duten pertsonentzat, eta beste % 5 eskaera egiten den datan goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat, Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan eta 203/2010 Dekretuan adierazitakoari jarraituz.
4.– Gainerako plazen esleipenean, aintzat hartuko dira agindu honen I. eranskinaren zazpigarren jarraibidearen 4. eta 5. zenbakietan sarbide desberdinetarako aurreikusitako kuotak.
5.– Artikulu honetan aipatutako ehunekoak eta kuotak aplikatzean, emaitza dezimala bada, goragoko zenbaki osora borobilduko da hamartarrik handiena duena, eta gainerako ehuneko eta kuoten dezimalak, aldiz, beheragoko zenbaki osora.
6. artikulua.– Onarpen-prozesuari buruzko informazioa.
Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo legezko tutoreei eta ikasleei eurei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:
– Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.
– Eskabideak formalizatzeko epeak.
– Prozesuaren egutegia, eta, horren barnean, besteak beste, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak, erreklamazioak aurkezteko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.
– Eskabideak aurkezteko epean, ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko dituen egutegia eta ordutegia.
7. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da, eta erabiltzen duten hizkuntza berean erantzungo zaie.
2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek euren jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta, oro har, testu idatzietan.
8. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Bat etorriz Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin, ikasleak onartzeko prozedura honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileen erabilera- eta argitaratze-baimena izango dutenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Lanbide-heziketako ikasleen kudeaketa gradu, modalitate eta erregimen desberdinetan» izango da, eta haren helburua prozedura hau kudeatzea izango da, eta baita prozeduraren garapenari buruz informatzea ere.
Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
9. artikulua.– Jarraibideak onestea.
I. eranskinean, ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko bildu diren jarraibideak onesten dira, eta, II. eranskinean, ikastetxeek hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren aplikazio informatikoa erabiltzeko bildutako jarraibideak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Itundu gabeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen obligazioak.
Hezkuntza-itunetik kanpo hezkuntza sistemako lanbide-heziketa eskaintzen duten zentro pribatuen kasuan, II. eranskineko II.2 jarraibidean adierazitakoa betetzeko eta baimendutako irakaskuntzen eskolatzea kontrolatzeko, eskainitako zikloei eta plazei buruzko datuak eta egindako matrikulei buruzkoak agindu honetako II. eranskinean aipatutako aplikazio informatikoan sartu beharko dira, eranskin horretako II.1etik II.6ra bitarteko eta II.20 jarraibideetan adierazitakoari jarraituz, horietan adierazitako epeetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Indarraldia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke, Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 5a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.