EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017097

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 7koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, energia elektrikoa garraiatzeko «Elgea-Itxaso» linea mantentzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuko txostena formulatzeko eta ingurumen-inpaktuko azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzeko dena. Proiektua Red Eléctrica de España SAUk sustatzen du, Araba eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako udalerri hauetan: Asparrena, Barrundia, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerain.

Xedapenaren data: 2017-04-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201702557
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko abenduaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak energia elektrikoa garraiatzeko «Elgea-Itxaso» linearen mantentze-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera bete zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera. Proiektua Red Eléctrica de España SAUk sustatzen du, Araba eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako udalerri hauetan: Asparrena, Barrundia, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerain.
Eskaerarekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan aipatutako ingurumen-agiria bidali zen, 2016ko azaroko datarekin.
2017ko urtarrilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, eta haien eskura jarri zuen proiektuaren ingurumen-agiria, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Zehazki, erakunde eta interesdun hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia (Eusko Jaurlaritzako erakundeak guztiak); Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia (Gipuzkoako Foru Aldundikoak); Nekazaritza Zuzendaritza, Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza, eta Euskara, Kultura eta eta Kirol Zuzendaritza (Arabako Foru Aldundikoak); Ebroko Ur Konfederazioa eta Kantauriko Ur Konfederazioa; Asparrena, Barrundia, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo Udalak; eta Arabako eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen erantzunak jaso dira: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetza (Eusko Jaurlaritzakoak); Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza (Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Zerbitzua eta Museo eta Arkeologia Zerbitzua); Uraren Euskal Agentzia; eta Donemiliagako Udala (espedientean jaso da horien emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, I. eranskineko edo II. eranskineko proiektu baten ezaugarrien edozer aldaketa –hain zuzen, 7.1.c) artikuluan deskribatzen ez direnak, jada baimendutakoak, egikarituak edota exekuzio-prozesuan daudenak–, ingurumenean kalte esanguratsuak eragin baditzake. Aldaketa horrek ingurumenean ondorio adierazgarriak ekar ditzakeela ulertuko da, besteak beste, Natura 2000 Sareko eremu babestuetan afekzioa eragin badezake. Kasu honetan, energia elektrikoa garraiatzeko linea bat aldatuko da, aurrez ere bazegoena eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioko prozeduraren aplikazio-eremuan kokatuta dagoena. Aldaketak Natura 2000 Sarearen barne hartutako Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremuari (ES2120002) eragiten dionez, bidezkoa da proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren pean jartzea.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak jasotako aurreikuspenak betez, ingurumen-organoak beharrezko xedapen guztiak egin ditu, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin dakion energia elektrikoa garraiatzeko «Elgea-Itxaso» linea elektrikoa mantentzeko proiektuari; horretarako, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin die. Proiektua Red Eléctrica de España SAUk sustatzen du, Araba eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Asparrena, Barrundia, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo udalerrietan.
Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzirik, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan harturik, ingurumen-organoak osorik baloratu du proiektua, ingurumenaren gain ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-organoak kontuan hartuko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da beharrezkoa izango kontsulta berriak egitea ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko agiria egiteko.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoa eta txostenak aztertutakoan, proiektuaren ingurumen-txostena zuzena izanik eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokituta egonik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du, erakunde eskuduna baita Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aipatutako proiektuak ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.
Aplikatu beharreko lege eta arauak ikusita (3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Red Eléctrica de España SAUk, Asparrena, Barrundia, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo udalerrietan, energia elektrikoaren garraiorako «Elgea–Itxaso» linearen mantentze-lanak egiteko sustatutako proiektuari dagokionez. Orobat, proiektuari ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola erabakitzea, jarraian adierazi diren zergati hauengatik:
A) Proiektuaren ezaugarriak.
Energia elektrikoaren garraiorako 220 kV-ko Elgea-Itxaso linea, lehendik ere bazegoena, 28,202 km luze da guztira; Elgeako azpiestazioan (Barrundia, Araba) du hasiera, eta Itxasoko azpiestazioan (Gipuzkoa), aldiz, amaiera.
Proiektuak barne hartzen du linea berritzea, 61 euskarri, 252 isolamendu eta linea elektrikoaren eroaleen 22,838 km ordezkatuz, 24,330 km-ko luzeran. Egitea aurreikusi diren lanetan zenbait jarduketa sartu dira; adibidez, sarbideak egokitzea edo lanerako zelaiak prestatzea eta euskarrien zimenduak berritzea. Proiektuaren xede den tarteak luzera nabarmena duenez, natura-baliabideen kontsumo nabarmena ekar dezake halaber. Hala, adibidez, natura-baliabideen kontsumoaren guztizko azalera 2,44 hektareara zabaldu liteke, lanerako zelaiak prestatzeko lanak soilik harturik kontuan: zelaien gehieneko azalera 400 m
B) Proiektuaren kokapena.
Elgea-Itxaso linea elektrikoak Barrundia, Asparrena, Agurain, Zalduondo eta Donemiliagako udalerriak zeharkatzen ditu Araban, eta Partzuergo Orokorra, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Mutiloa, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zerain Gipuzkoan.
Proiektuaren eremuaren ingurumen-ezaugarriei dagokienez, honako hau nabarmendu daiteke:
1.– Naturgune babestuak: Linea elektrikoak bi eremu babestu zeharkatzen ditu bere ibilbidean: Aizkorri-Aratz Parke Natural eta KBEa (ES2120002) eta Oria Garaia KBEa (ES2120005); azken hori bitan zeharkatu ere, ibaia bisoi europarrarentzat interes bereziko eremu den tarte batean, hain justu (2004ko maiatzaren 12ko Foru Agindua, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Mustela Bisoi Europarraren Kudeaketa Plana onartzen duena). Gainera, Anarri ibaiburutik oso gertu doa, eta ibilgu hori interes bereziko eremua da desman iberiarrarentzat (2004ko maiatzaren 12ko Foru Agindua, Galemys pyrenaicus Pirinioetako Desmanaren Kudeaketa Plana onartzen duena).
2.– Proiektuaren eremuan, nabarmentzekoa da Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan (habitat naturala eta basa fauna eta flora babesteari buruzkoa) sartutako interes bereziko zenbait habitat daudela bertan, kasu batzuetan EAEko Natura 2000 Sareak barne hartutako eremuetan eta, bereziki Aizkorri-Aratz KBEan (ES2120002). Proiektuan proposatutako jarduketek kaltetu litzaketen interes handieneko landare-formazioak, batik bat, honako hauek dira: txilardi oromediterranearrak (4090 kodeko habitata), txilardi lehorrak (4030 kodeko habitata) eta belardi alpetarrak (6170 kodeko habitata). Eremu horrek barne hartzen dituen Batasunaren intereseko habitaten kontsumoa 6.120 m
3.– Flora eta fauna: Proiektuaren eremuan, mehatxupeko hainbat flora-espezie hauteman dira: besteak beste, Narcissus minor subsp. minor (N. asturiensis) eta Armeria pubinervis. Horrez gain, proiektuaren eremuak balio handia du hegazti-faunaren ikuspegitik; ildo horretan, nabarmentzekoa da nekrofago harkaiztiarren komunitatea, babestutako espezieak hartzen baititu barne, esaterako, sai zuria (Neophorn percnocterus) edo sai arrea (Gyps fulvus). Aipatzekoa da, halaber, noizean behin ugatzak (Gypaetus barbatus) ere agertzen direla, are gehiago azken urteotan. Orobat, aipatzekoa da Aizkorri-Aratz Parke Natural eta KBEan bizi den kiroptero komunitatea, Batasunerako nahiz eskualderako intereseko espezie ugari hartzen dituelarik. Hain zuzen, eremuaren kudeaketarako funtsezko elementutzat jotzen dira Aizkorri-Aratz KBEko hegazti harkaiztiarrak eta kiropteroen komunitatea, gune hori Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuen Dekretuaren arabera (83/2016 Dekretua, maiatzaren 31koa, Aizkorri-Aratz ES2120002 Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena).
4.– Kultura-ondarea. Proiektuaren afekzio-eremuan, zenbait kultura-ondare sailkatu daude; horien artean, nabarmentzekoa da Donejakue Bidearen tarte bat (San Adriango Tunelaren Bidea), zeina monumentu-multzo izendatu baitzen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Kultur Ondasun Sailkatu izendatzekoa). Ordezkatuko diren euskarrietako batzuk aipatu den bidetik gertu daude oso, eta bidea ezingo da obretarako sarbide gisa erabili, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak berariaz debekatzen baitu ibilgailuek erabiltzea. Horrenbestez, ordezko sarbidea bilatu beharko dira ezinbestean.
Atal honekin loturan azaldutakoak, bada, zera ondorioztatzera ematen du: jarduketaren xede den tartearen zati nabarmen batek zeharkatzen ditu ingurumen-hauskortasun handiko lursailak, mendi eta baso eremuak barne, eta azpimarratzekoa da, bereziki, lineak Aizkorri-Aratz Parke Natural eta KBEan (Natura 2000 Sarea) zehar egiten duen ibilbidea. Trazadurak 2.900 m metroko ibilbidea egiten du eremu horretan zehar, eta ordezkatzekoak diren euskarrietatik 16 bertan daude kokatuak.
Azpimarragarria da, gainera, zer-nolako garrantzi historiko, kultural eta arkeologikoa duen linea elektrikoak zeharkatutako zenbait paisaiak, batez ere, San Adriango haitzuloaren inguruneak eta Donejakue Bidearen galtzada-tarteak, Aizkorri-Aratz Parke Naturala igarotzen duenean; izan ere, mugarri kultural nabarmenak dira Euskal Herri mailan. Linearen trazadura aipatu diren guneetatik oso gertu igarotzen da, eta ordezkatzekoak diren euskarrietako batzuk horietatik metro eskas batzuetara daude kokatuta; horiek horrela, kultura-ondarearen gaineko afekzioa eragin daiteke.
C) Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.
Kontuan hartuta proiektuaren izaera eta ezaugarriak, honako hauen ondorioz eragingo dira inpaktu nabarmenenak: sarbideak irekitzea eta egokitzea, makineriaren joan-etorriak, instalazio lagungarrien kokalekua, lanerako zelaiak prestatzea, eta materialak metatzea. Linea elektrikoaren funtzionamendu-fasean, nabarmengarriak izango dira paisaiaren gaineko inpaktuak ere, euskarri berriek altuera garaiagoa izan baitute lehen zeudenen aldean: ingurumen-agiriaren arabera, 4 metro inguruko aldea egongo da. Hori bereziki garrantzitsua izango da paisaiaren aldetik urrakortasun handia duten eremuetan, aurreko puntuan aipatutakoak bezala.
Sastraken garbiketak eta lur-mugimenduek eragina izan dezakete interes naturalistiko handiko hainbat landaredi-azaleraren gainean, Batasunaren intereseko zenbait habitat barne, eta horrek arriskupean jar ditzake EAEko Natura 2000 Sarean sartutako eremuen kontserbazio-helburuak, Aizkorri-Aratz KBEari (ES2120002) dagokionez. Jarduketa horiek kaltetu litzaketen interes handieneko landare-formazioak, batik bat, honako hauek dira: txilardi oromediterranearrak (4090 habitata), txilardi lehorrak (4030 habitata) eta belardi alpetarrak (6170 kodeko habitata). Mehatxupeko florari ere afekzioak eragin dakizkioke, proiektuaren eraginpeko eremuan babestutako zenbait espezie daudenez. Gainera, eremu horren kudeaketarako funtsezko elementuen parte dira espezie horiek.
Nabarmendu behar dira, horrez gain, EAEko hegazti nekrofagoen Baterako Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuan sartzen diren harrapari harkaiztiarren gain eragin daitezkeen afekzioak ere. Kudeaketa Plan horren xede diren espezieetako batzuk (adibidez, sai zuria) bereziki sentiberak dira obrek eta gizakien nahiz makinen joan-etorriak eragindako eragozpenekiko, eta alderdi horrek baldintzapean jar dezake lanen egikaritza, obrak gauzatzeko muga jakin batzuk ezarrita.
Afekzio horiekin loturan, espedientean jaso da Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren txostena, non ondorioztatzen baita, Aizkorri-Aratz KBEaren kontserbazio-helburu jakin batzuen gaineko afekzioa gorabehera, ezin direla alde batera utzi eremu horren gaineko afekzio hautemangarriak, ez badira kasuan-kasuan aztertzen euskarriak muntatu eta altxatzeko lanetarako aldi baterako zelaia mugatzeko.
Aipagarriak dira kultura-ondarearen gaineko inpaktuak ere. Proiektuaren afekzio-eremuan, kultura-ondare sailkatuak daude; horien artean, nabarmentzekoa da Donejakue Bidearen tarte jakin bat, eta ezingo da erabili obretarako sarbide gisa; izan ere, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Kultur Ondasun Sailkatu izendatzekoa) berariaz debekatzen du ibilgailu motordunek bide-tarte hori erabiltzea. Proiektuak, erabilera-muga hori konpontzeko, materialak garraiatzeko helikoptero bat erabiltzeko hautua egiten du, Donejakue Bidetik gertu dauden euskarrietara sartzeko ordezko bide gisa; hala eta guztiz ere, espedientean jasota dago Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena, non adierazten baita, urtarrilaren 10eko aipatu 2/2012 Dekretuak ezarritako mugak ikusita (besteak beste, bidearen galtzada-tartetik 30 metro baino gutxiagoko distantzian lur-mugimenduak dakartzaten jarduketak egiteko eta azpiegiturak eraiki nahiz gauzatzeko debekua), beharrezkoa dela kontuz aztertzea zer ordezko hautabide egon litezkeen monumentu-multzo adierazpena adierazi baino lehendik ere bazeuden eta ordezkatu egin behar diren euskarri horietarako, halako moldez non etorkizunerako behin betiko konponduko baitira, bidearen eragin-eremutik urrunago dauden kokalekuak bilatuz haietarako.
Azkenik, nabarmentzekoa da paisaiaren gaineko inpaktua, batik bat, San Adriango haitzuloaren ingurunean eta Donejakue Bidearen galtzada-tartean, Aizkorri-Aratz Parke Naturala igarotzen duenean. Euskarri berrien altuera handiagoak, paisaiaren kalitate eta hauskortasun handiko eremu batean, ikusizko inpaktu gehigarri bati eman diezaioke bide. Ildo horretan, txosten honen xede den proiektuak aukera ematen du linea elektrikoak bere garaian eragin zituen paisaia-inpaktuak konpondu edo minimizatzeko, ordezko hautabideak aztertuz, aipatu diren eremuetatik gertuen dauden euskarri berrietarako gutxienez, bat etorriz, horren haritik, aurreko paragrafoan aipatutako Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean adierazitakoarekin.
Bigarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko agiria prestatzea, ebazpen honen I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, proiektuaren sustatzaile den Red Eléctrica de España SAUri, eta Asparrena, Barrundia, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo Udalei.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
I. eranskina
Irismenari buruzko agiria. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, eta xehetasun eta zehaztasun-maila
Ingurumen-ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean, VI. eranskinean xeheki jasota, xedatutakoak, baita atal hauetan xedatutakoak ere.
A) Ingurumen-inpaktuaren azterketak metodologia-eskema honi jarraitu beharko dio:
a) Proiektuaren deskribapen orokorra eta denboran zehar aurreikus daitezkeen eskakizunak, lurzoruaren erabilerari eta bestelako natura-baliabideei dagokienez. Isuritako hondakin-motak eta kopuruak eta ondoriozko materia- edo energia-emisioak balioestea.
b) Aztertutako aukera nagusien azalpena, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia) eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.
c) Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskripzioa.
d) Ingurumen-inpaktuen identifikazioa eta balioespena: Proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanleriaren, giza osasunaren, floraren, faunaren, biodibertsitatearen, geodibertsitatearen, lurzoruaren, zorupearen, airearen, uraren, faktore klimatikoen, klima-aldaketaren, paisaiaren eta ondasun materialen gain, ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne, izan ditzakeen eraginen ebaluazioa. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.
Proiektuak Natura 2000 Sareko eremuetan ondorioak eragingo dituenez, berariazko paragrafo bat jasoko du gune horietan izango dituen eraginak ebaluatzeko, eremu horiek kontserbatzeari lotutako helburuak kontuan hartuta.
e) Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarrien prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.
f) Ingurumena zaintzeko programa.
g) Azterlanaren laburpena eta ondoriok, erraz ulertzeko moduan. Hori egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena (zailtasunik izan bada).
Ondorengo ataletan xehetasun gehiagorekin garatu da ingurumen-eraginaren azterketak izan behar duen irismena, proposatutako jarduerak eta horien eragina jasango duten ingurumenaren alderdiak kontuan hartuta, burututako kontsulten emaitzak ikusita.
A.1.– Proiektuaren eta proiektuko egintzen deskripzioa.
Ingurumen-eraginaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapen bat izan behar du barne, bai eta denborarekin aurreikusi daitezkeen beharren azalpen bat, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, kalkulatu behar du jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, jario eta emisioen mota eta kopurua eta, zehazki, ingurumen-baldintzengan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, bai gauzatze-fasea eta baita funtzionamendu-fasea ere aintzat hartuz.
Ingurumen-eraginen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzeko helburuz.
Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak, bai proiektuak proposatutako jardueratik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, bereziki, honako hauetatik: pistak zabaldu edo lehendik ere dauden sarbideak egokitzetik, lanerako zelaiak kokatu, gaitu eta euskarrien materiala metatzetik, obrarako instalazio lagungarriak ezartzetik, euskarrien zimenduak berritu eta saneatzetik, lurrak eta obra zibileko materialak kendu eta metatzetik, eta hondakinak kudeatzetik. Jarduera guzti hauek proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litezkeen efektuak kalkulatzeko xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuz.
Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek xehetasunez azaldu beharko dira:
• Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugaketa.
• Jarduketa-eremuaren eta zortasun-zerrendaren zehaztapena; argi eta garbi zehaztu behar da planteatutako jarduketak linearen zortasunaren aldaketa dakarren.
• Biztanleguneetara eta etxebizitza isolatuetara dauden distantziak.
• Jarduketaren zehaztapena. Proiektuaren ezaugarriak. Guztizko azalera-beharrak:
– Linearen trazadura eta guztizko luzera.
– Euskarrien kopurua eta kokaleku zehatza. Haien ezaugarriak. Dimentsioak.
– Ibilguekiko bidegurutze eta paralelismoen deskribapen xehea (kokalekua, euskarrien eta ibilguaren arteko distantzia, kableen altuera, ur-bazterreko landaredia inausteko edo kentzeko premiak, etab.).
– Hala badagokio, elektrokuzio- eta talka-arrisku handiena (hegazti-fauna eta kiropteroetarako) dakarten lineako elementuak identifikatzea, eta haien ezaugarriak deskribatzea: eroaleak, lurreko kableak, isolagailuak, zubiak, etab. Eroaleen arteko segurtasun-distantzia, baita haien eta tentsioko beste elementu batzuen artekoa ere.
– Euskarriak muntatu eta desmuntatzeko eta dorreak euskarrietako bakoitzean altxatzeko sistema, eta euskarri bakoitzaren arteko eroaleak kendu eta ezartzeko sistema, kasuan-kasuan aurreikus daitezkeen ingurumen-inpaktuak oinarri harturik justifikatuta.
• Obra zibila egiteko beharra:
– Zimenduak, lanerako eta materialak pilatzeko plataformen mugaketa zehatza eta egin beharreko egokitze-lanen deskribapena. Aizkorri-Aratz KBEan sartutako euskarrien lan-zelaiei dagokienez, lan-zelaien mugaketa eta kartografia kasuan-kasuan xehatu beharko da, halako moduz, non zehatz-mehatz zenbatetsi ahal izango baita Batasunaren intereseko zer motako habitat-azalerak diren, eta zer kontsumo ekarriko duten jarduketek.
– Zangak eta kanalizazioak: jarduketak aurreikusiz gero, dimentsioen, zimenduen, okupatutako azaleraren eta indusketa-soberakinen moduko alderdiak xehatuko dira.
– Obrarako pista eta sarbide gehigarriak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak. Haien trazaduraren justifikazioa. Ezaugarriak eta dimentsioak. Lehendik ere badauden bideak aldatzen badira, aldaketen deskribapena. Bideen eraikuntza-xehetasunak emango dira maldaren aldeko gune kritikoetan, ur-ibilguekiko bidegurutzeetan, isurketetan, etab. Obra-sarbideak aukeratzen eta horien trazaketa diseinatzean, irizpide hauei jarraituko zaie:
• Ahal bezain beste baliatuko da lehendik ere bazegoen bide-sarea.
• Dagoen landarediaren gaineko afekzioa minimizatuko da: arreta berezia jarri beharko zaie Batasunaren intereseko habitatetan eragin daitezkeen kalteei.
• Ur-ibilguen gaineko eraginak saihestuko dira.
• Lur-mugimenduak murriztuko dira.
• Higadura-arriskuak handitzea minimizatuko da.
• Lurraren okupazioa minimizatuko da eta inguruko biztanleei eragoztea saihestuko da.
• Kultura-ondarearen gaineko afekzioak saihestuko dira.
– Obrako instalazio lagungarrien kokalekua eta ezaugarriak: makineria-parkeak, lehengaiak eta indusketa-materialak metatzeko guneak, etab. Proiektuaren afekzio-eremuan eta haren inguruan dauden leku hauskorrenak ez dira instalazio horiek kokatzeko egokitzat hartuko.
– Segurtasun-kalerako aurreikusitako zabalera, proiektuak dagoen kalean aldaketak egitea badakar.
– Lurren mugimenduaren balantzea.
– Proiektuaren fase guztietan sortutako hondakinak eta haien amaierako helburua, lur-mugimenduaren ondoriozko soberakinak barne. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira, eta Dekretu horren 4. artikuluan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) aipatutako Hondakin Kudeaketako Plana idatzi beharko da.
– Emisioen (hautsa, zarata, bibrazioak) eta isurketen ekoizpena, horien izaera, tratamenduak.
– Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren jarduketak egoteko aukera zehaztea.
– Kaltetuak gerta litezkeen zerbitzuak (elektrizitatea, ur-hornidurarako eta -saneamendurako sistemak, bideak) etetea eta berriz jartzea.
– Obra-plana. Obra gauzatzeko epea. Jarduketarako zenbatesten den iraupena.
Atal horretako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezko diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, proiektatutako jarduketen oinplanoko planoak, luzetarakoak eta zeharkakoak barne.
Besteak beste:
• Linea elektrikoaren trazadura eta luzetarako profila, bertan adierazita euskarrien kokalekuak, aurreikusi diren sarbideak eta instalazioari erantsitako beste azpiegiturak: bide-sarea, muntaketa-plataformak, materialak biltzeko eremuak, etab. Aizkorri-Aratz KBEan kokatutako euskarrien lan-zelaietarako, lanerako proposatutako zelai bakoitzaren kartografia xehea erantsiko da.
• Trazadura edo segurtasun-kalea aldatzen bada, segurtasun-kaleko azalera mugatzen den oinplanoko planta erantsi beharko da.
• Euskarri-ereduen xehetasuna.
• Hala badagokio, eragindako zerbitzuak eta berrezarpenak.
• Proiektatutako instalaziotik gertuen dauden etxebizitzak kokatu beharko dira oinplanoko planoan.
A.2.– Hautabideen azterketa eta erabakitako konponbidearen justifikazioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die horietako bakoitzerako dauden soluzio tekniko guztiei ere. Aukera onena hautatzean irizpide anitzeko azterketa global bat euskarri gisa izan beharko dugu; bertan aintzat hartu beharko dira alderdi ekonomikoak ez ezik, baita gizarteari eta ingurumenari dagozkion alderdiak ere.
Hautabideen balorazio-prozesu honetan, aintzat hartuko dira hainbat alderdi, esaterako, baldintza geomorfologikoak, Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak dauden ala ez, arriskuan dagoen flora- eta fauna-guneak, ur-puntuak eta ondare arkeologikoaren elementuak, bai eta paisaian izango duten eragina.
Azterlanak hainbat soluzio proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko afekzioa minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren, mehatxupeko fauna eta floraren eta kultura ondarearen gainekoa.
Esku artean dugun kasuan, garrantzitsua da ordezko aukerak proposatzea, gutxienez, Aizkorri-Aratz KBEan kokatutako euskarrietarako; zehazki, San Adriango tunel eta baselizatik eta Donejakue Bidearen galtzada-tartetik (San Adriango Tunelaren Bidea) gertuen daudenetarako. Izan ere, monumentu-multzo izendatu zen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa). Eremu horren ingurumen- eta kultur-hauskortasun berezia ikusita, hautabideen azterketak kontuan hartuko du eskura dagoen teknika onenera jotzeko aukera. Halakotzat hartuko da guneko kontserbazio-helburu diren elementuen gaineko inpaktua minimizatzeko eraginkorrena eta aurreratuena dena, baldintza teknikoki bideragarrietan, aipatutako bide-tartean linea elektrikoa lurpean ezartzeko aukera barne.
Atala bukatzeko hautatutako aukera argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare eta ingurumen osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.
A.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskripzioa.
Atal honetan inguruaren azalpena burutu beharko da, elementu baliotsuenak nabarmenduz eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak ere bai. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.
Ingurumen inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).
Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-eraginaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.
Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.
Aurrekoa gorabehera, proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:
Zonaldean dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.
Atal horretan, eraginpeko komunitateak identifikatu, eta honako hauek adieraziko dira: kontserbazio-maila, egiturazko konplexutasuna, espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, Batasunaren intereseko habitatak eta espezie mehatxatuak dauden, eskualde-mailan, naziokoan, Europakoan nahiz nazioartekoan.
Proiektuaren eremuan, nabarmentzekoa da Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren (habitat naturala eta basa fauna eta flora babesteari buruzkoa) 1. eranskinean sartutako interes bereziko zenbait habitat daudela, kasu batzuetan lehentasunezkoak eta, hain zuzen, habitat horiek kontserbatzeko izendatutako EAEko Natura 2000 Sareak barne hartutako eremuetan sartutakoak. Bestalde, aipatu behar da zenbait baso natural daudela (harizti azidofiloak, baso misto atlantikoa) eta, ez badira ere Batasunaren intereseko habitatak, kontserbazio-helburu izen behar dutela, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak ezarritakoaren arabera (EAEko natura kontserbatzeko legearen testu bategina onartzen duena).
Aurrekoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren azterketak zehatz-mehatz xehatuko du jarduketen eraginpeko landaredi mota bakoitzaren azalera, ezaugarriak, aleen heldutasuna eta balio ekologikoa, azterketa berezia eginez proposatutako aldi baterako lan-zelaietako bakoitzerako eta, hala badagokio, proiektuaren ondoriozko gainerako jarduketetarako.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak aztertu egin beharko du zer afekzio eragin litekeen Narcissus minor subsp. minor (N. asturiensis) eta Armeria pubinervis populazioetan, San Adriango haitzuloaren ingurunean aipatutakoetan, eta neurri egokiak proposatu beharko ditu haiei dagokienez.
Halaber, ingurumen-inpaktuaren azterketak kontuan hartu behar du mehatxatutako espezieentzat interesekoak diren guneak (ugaltze-, babes- eta elikatze-tokiak) egon litezkeela, bereziki hegazti-faunarentzat (komunitate harkaiztiarrak) eta kiropteroentzat, eta Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremuaren (aurrerantzean, KBE) kudeaketarako funtsezko elementu direla. Era berean, barne hartu behar ditu eraginpeko habitatarentzat eta espezieentzat beharrezkoak diren baldintzak mantentzera bideratutako prebentzio-, babes- eta konpentsazio-neurriak.
Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta neurri babesgarri eta zuzentzaile egokiak ezartzeko, kartografia xehean zehaztu beharko dira Batasunaren intereseko eremuen banaketa, bertako baso-komunitateak eta mehatxatutako espezieentzat interes berezikoak diren guneak, proiektuaren afekzio-eremuan, sarbideak barne.
Eraginak pairatuko dituzten landare eta animalia komunitateen analisiak honako alderdiak jorratuko ditu:
• Kontserbazio-maila. Egiturazko konplexutasuna. Landaretza naturala bertako espezieen ikuspuntutik eta baita duen estaldura-mailaren ikuspuntutik deskribatu beharko da.
• Sailkatutako eta babestutako espeziak dauden.
• Beste eremu hauskor batzuk.
Korridore ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.
Horri dagokionez, ingurumen inpaktuaren azterlanak lurraldearen konektibitate ekologikoari dagokionez proiektuaren eragina aztertu beharko du, eta, hala badagokio, beharrezko prebentzio, zuzentze eta konpentsazio neurriak proposatu beharko ditu.
Geologia eta geomorfología.
Proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten gune, eremu eta ibilbideak identifikatzea.
Lurrazaleko eta lurpeko hidrología.
• Akuiferoen urrakortasuna. Urrakortasun handiko zonaldeen, birkarga-zonaldeen, hustutegien eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta zonalde horien eta proiektuaren arteko erlazioa.
• Ur Sarearen ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen, ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioaren elementu guztien artean dauden elkarreraginak adieraziko dira.
• Inbentario bat egingo da, eta bertan jasoko da zer ur-gune eta gertuko biztanleguneak hornitzeko zer sistemak (urak biltzea, biltegiratzea eta banatzeko sareak) gera litezkeen linea elektrikoa eta hari erantsitako egiturak aldatzeko obren eraginpean.
Paisaia.
Proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, bereziki xehea izan behar du linea elektrikoaren ikusizko eraginaren ebaluazioak, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa (proiektua gauzatu ostekoa) konparatu beharko ditu. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
• Jarduketaren ikusgaitasuna ikuspegi-eremuaren hainbat gunetatik, ibilienak eta paisaiaren kalitate handiena dutenak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz. Ildo horretan, kontuan hartuko da, bereziki, linea elektrikoaren aldaketak zer-nolako eragina duen San Adriango haitzuloaren ingurunean eta paisaiaren aldetik balio handia duten beste zenbait gunetan, adibidez, Aizkorri-Aratz KBE eta Parke Naturala zeharkatzen duen tartean.
• Kalitatea.
• Hauskortasuna.
Kutsagarriak izan daitezkeen jardueren eraginpean dauden lurrak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak zehaztu egin beharko du proiektuaren eremuko zer lurzatik jasan dituzten lurzorua kutsa dezaketen jarduerak, eta zehaztu beharko da, halaber, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 23. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako baten bat gertatzen den.
Era berean, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera lurzoru kutsatuen arloan aplikatzekoak diren betekizunak betetzeko beharra gorabehera, kokaleku horien gainean afekziorik eragiten bada, induskatuko diren materialen karakterizazioa egin beharko da, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak kontuan hartu behar du proiektuaren afekzio-eremuan dauden kultura-ondareen gain eragin daitekeen kaltea. Ondare horiek identifikatzeko, kontuan hartuko dira inbentario hauek: Euskal Kultura Ondarearen Inbentario nagusia eta Arkeologia Ondarearen Inbentarioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarenak biak ala biak, eta beste erakunde batzuetan dauden inbentarioak (foru-aldundiak, udalak edo beste batzuk).
Proiektuaren eremuan dauden kultura-ondareko elementuei dagokienez, nabarmentzekoa da Donejakue Bidearen Monumentu Multzoa (San Adriango Tunelaren Bidea), urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa) jasotako babes-preskripzioen mende baitago. Ildo horretan, ingurumen-inpaktuaren azterketak zehatz-mehatz ezarri beharko du proiektuaren xede diren jarduketak bateragarriak al diren aipatutako urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan adierazitako babes-araubidearekin eta, hala bada, dagozkion prebentzio- eta babes-neurriak ezarri beharko ditu. Bereziki, eta bidearen galtzada-tarteari dagokionez, zehaztu beharko du zer distantziara egingo diren lurra mugitzea edo euskarri berriak instalatzea dakartzaten jarduketak, eta jarduketa horiek aipatutako Dekretuan adierazten den afekzio-eremua errespetatzen al duten.
Irismen-dokumentu honen 2.2 puntuan aipatzen diren hautabideen azterketak kontuan hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera egindako kontsultari erantzuteko adierazitakoa (espedientean jaso da), eta xeheki aztertu beharko ditu txosten horretan aipatzen diren kultura-ondarearen babes-eremuetatik gertu dauden euskarrietarako eman daitezkeen soluzioak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-eraginaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.
Dokumentazio grafikoa.
Atal honetan jarduteko eremuko ingurumen inbentarioko alderdi garrantzitsuenei buruzko irudi kartografikoak jaso behar dira, eskala handian zein xehetasunez, eta kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazi beharko da. Besteak beste, plano hauek hartuko dira barne: Batasunerako interesekoak diren habitaten mugaketa kartografikoaren planoak, intereseko flora eta faunarako garrantzitsuak diren eremuenak, eta proiektuaren afekzio-eremuan dauden kultura-ondareko elementuenak.
Halaber, sintesi kartografia bat prestatuko da ingurumen inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.
A.4.– Jarduketak ingurune hartzailean izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta ezaugarritzea.
Eraginen identifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta eraginak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Afekzioaren munta zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragindako baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuen artean desberdinduko da.
Eraginen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, horretarako abenduaren 9ko ingurumen-ebaluazioaren inguruko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliz. Kasu honetan, funtsean honako hauek konparatuko dira: egungo egoera eta etorkizunean izan daitekeena, neurri zuzentzaileak hartuta.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, baloratzeko erabilitako metodologiak eta balioeste-metodoak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, eragin mota bakoitzaren arabera mugako balioak edo gida-balioak ezartzeko.
Bereziki, eta besteak alde batera utzi gabe, kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta eragindako ingurunearenak, ingurumen-inpaktuaren azterketak gutxienez ingurumen-inpaktu hauek baloratu beharko ditu: Batasunaren intereseko habitaten, bertako landaredi naturalaren eta intereseko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioagatik lurzoruaren eta natura-baliabideen galerarekin lotutakoak; espezie horietako populazio edo aleei, horien umatze-tokiei edo egontokiei sortutako eragozpenekin lotutakoak; eta linea elektrikoaren elektrokuzio edo talka-arriskuarekin lotutakoak. Garrantzitsutzat jotzen dira, halaber, kultura-ondarearen gaineko inpaktuak, kultura-balio handia duten elementuen gainean eragin litekeen afekzioaren ondorioz, Donejakue Bidearen Monumentu Multzo gisa izendatutako ondasunen gainekoak barne (San Adriango Tunelaren Bidea), eta paisaiaren gaineko inpaktuak, naturaltasun eta paisaiaren kalitate handiko eremuetan eragindako afekzioaren ondorioz. Kontuan hartuko da, orobat, zer eragin izango duen proiektuak giza osasunaren eta lasaitasun publikoko baldintzen gain, bereziki, lanak gauzatu bitartean.
A.5.– Natura 2000 Sareko espazioen gaineko afekzioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 35. artikuluak adierazten duen bezala, berariazko atal bat sartuko da proiektuak bere afekzio-eremuan dauden Natura 2000 Sareko guneetan izango dituen eraginei buruz, kontuan hartuta eremu horien kontserbazio-helburuak. Ebaluazioa bereziki xehea izango da Aizkorri-Aratz KBEan (ES2120002) eragingo diren afekzioei dagokienez. Batasunaren intereseko habitatetan zuzenean nahiz zeharka eragindako afekzioak zehaztuko eta ebaluatuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie lehentasunezko habitatei eta eremu horren kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei, honako hauen inguruko azterketa xehatua eginez: aurreikusitakoaren arabera lan-zelaietako, instalazio lagungarrietako eta euskarriak muntatu eta desmuntatzeko lanetako bakoitzaren eraginpean gera daitekeen azalera; mehatxupeko flora eta fauna espezieak, zehaztuz, hala behar bada, proiektuaren afekzio-eremuan duten kokalekua eta distantzia ere; eta Natura 2000 sarearen koherentzia gordetzen laguntzen duten ingurunearen beste baliabide batzuk.
A.6.– Neurri babesgarri, prebentziozko eta konpentsatzaileak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurumen-eragin kaltegarri nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu inguruneko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.
Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarri bihurtzen duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira neurri babesgarri eta konpentsatzaileei aurre egiteko behar diren partida guztiak.
Zehazki, informazio hau emango da, alde batera utzi gabe ebazpen honen aurreko ataletan galdatutako analisien arabera proiektuan sartu behar diren neurri zuzentzaileen aplikazioa:
Obra-fasean dagoen sistema hidrologiko eta hidrogeologikoaren babeserako neurriak.
Xede hauetara bideratutako neurriak hartuko dira kontuan:
• Lurrazaleko ur-ibilguen eta hari lotutako landarediaren gaineko zuzeneko afekzioa saihestera.
• Metatze guneen eta eremu osagarrien kokaleku egokia, zuzeneko nahiz jario bidezko afekzioa saihesteko ibai- eta akuifero-sisteman.
• Drainatze-sarera hondakin finen isuriak minimizatzea, hondakin finak atxikitzeko gailuen, eta obrako-urak, jariatze-urak eta bestelako hondakinak bideratzeko eta dekantatzeko gailuen bitartez. Makineria-parkeak eta obraren eremu osagarriak iragazgaiztea.
Batasunerako intereseko habitatak, bertako landaredia eta mehatxupeko flora eta fauna babesteko neurriak.
• Bereziki, Batasunerako eta eskualderako interesekoak diren habitaten eta intereseko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioa minimizatzeko neurriak proposatuko dira. Helburu horretara bideratutako prebentziozko neurrien artean sartuko da, proiektuak proposatu bezala, helikopteroa erabiltzea Aizkorri-Aratz KBEan dauden eta sarbiderik ez duten euskarrietara (baita 427R euskarrira ere) materiala garraiatzeko, sarbideak egokitu edo sarbide berriak ireki gabe. Teknika horixe erabiliko da, halaber, aipatutako kasu horietan euskarriak desmuntatu eta altxatzeko, eta horren ondorioz sortzen diren materialak kentzeko.
• Eremuan bizi diren edo ibiltzen diren hegazti-fauna eta kiropteroek linearekin elektrokutatzearen edo talka egitearen ondoriozko gertakariak saihesteko neurriak zehaztean, kontuan hartu behar da zer ezartzen duen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak; horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen. Zehatz-mehatz azalduko dira proposatutako prebentzio- eta babes-neurriak, eta hegazti motaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako aire-korridoreen arabera deskribatuko dira. Hegaztiak salbatzeko proposatzen diren gailuen eraginkortasunaren azterketa sartuko da.
Landarediaren gaineko afekzioa murrizteko prebentzio-neurriak zehaztuko dira; adibidez:
– Helikopteroa erabiltzea makineria eta materialak garraiatzeko lanetarako, Aizkorri Aratz KBEan kokatutako euskarri berriak (eta 427R euskarria) desmuntatu eta altxatzeko lanetarako, eta instalatzeko materialak kentzeko lanetarako.
– Oro har, eta beharrezkoa bada, gune hauskorrenetan eta natura-balio handiena dutenetan behinik behin, bideragarria den guztietan inausketa egingo da, eta behar-beharrezkoa denean soilik joko da mozketara, eta betiere, baldin eta zuhaitz espezie horiek, hazkunde begetatibo osoan, linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez duen distantzia batera geratu badaitezke. Zuhaixka-geruza, aldiz, osorik kontserbatu behar da.
– Zuinketa aurreikuspen doia egitea eta obren eraginpeko eremua balizatzea, sarbide osagarriak, metatzeak, etab. barne, obrak balizatutako eremua ez gainditzeko moduan. Obra amaieran balizajea kenduko da.
– Kontserbatu beharreko zuhaitz aleak babestea.
– Sarbideak halako moldez trazatzea, non gutxienera murriztuko baitira intereseko landare-formazioen azaleraren gaineko eraginak.
– Debekatzea, edo ahal bezainbeste minimizatzea, landaredi naturala duten eremuak materialak pilatzeko, euskarriak muntatzeko, makineria aparkatzeko, eta abarretarako gune gisa erabiltzea.
– Ipurditik mozteko, motozerra erabiltzea eta ez makineria astuna.
– Intereseko landarediaren gaineko afekzioak saihestea eroaleak erretiratu eta ezartzean, euskarriak lurrera bota eta kentzean, idulkiak haustean eta hondakinak kentzean.
– Batasunerako interesekoak diren habitaten gaineko afekzioak minimizatzen dituzten teknikak erabiltzea eroaleak ezartzeko. Kableak jartzean, kalterik ez eragitea ur-bazterreko landarediari eta ur-ibilguei.
– Neurriak aurreikusi behar dira jarduketaren eremuan dagoen flora aloktonoaren prozesu inbaditzaileak galarazteko (Fallopia japonica eta Robinia pseudoacacia espezieak, adibidez), kontuan hartuta lur-mugimenduek halako landareen hedapenari bide eman diezaioketela. Ildo horretan, eta ahal den heinean, neurriak garatuko dira espezie inbaditzaileak desagerrarazteko (obrako makineriak garbi egon beharko du, espezie inbaditzaileen propagulu eta haziak eraman ditzaketen lokatz- edo lur-hondarrik gabe).
Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak. Jarduketa hauek hartuko ditu barne:
• Eraginpeko lur-eremuaren lehengoratze edafiko eta geomorfologikoa.
• Paisaia-integrazioa.
• Beharrezkotzat jotzen bada, ez delako aurreikusten landare-populazioak berez lehengoratuko direnik arrazoizko denbora-epe batean, berriz landaretuko dira landare-estalkiari eutsi diezaioketen obraren eraginpeko eremu guztiak, inguruko landarediari berezkoak zaizkion espezie autoktonoekin, habitat naturalizatuen sorrerari mesede eginez, eta bereziki saihestuz prozesu inbaditzaileak sortzeko gai diren espezieen erabilera.
Biztanleriari eragindako afekzioak eta eragozpenak murrizteko neurriak.
• Kontuan hartuko dira, bereziki, eremu elektromagnetikoen esposiziotik babestearekin eta zarata-maila minimizatzearekin zerikusia duten neurriak.
• Atmosferaren kalitatea babestearekin lotutako neurriak –hautsen, zaraten, usainen ekoizpena barne–, eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako beste eragozpen batzuetatik babestearekin lotutakoak.
• Obrako lanen ordutegia, makineriaren zirkulazio-abiadura, etab. mugatzea.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Obra fasean zehar hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondoriozko hondakinak kudeatzeko plana, bat etorriz eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko Errege Dekretuaren (otsailaren 1eko 10512008) 4. artikuluaren 1.a) epigrafearekin, eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko duen Dekretuarekin (ekainaren 26ko 112/2012).
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak proiektuaren afekzio-eremuan kokatutako kultura-ondarea babesteko behar diren neurriak jasoko ditu, eta arreta berezia jarriko die Kultura Ondare gisa sailkatutako Donejakue Bidearen Monumentu Multzoari, eta arlo horretan eskumena duen organoak ildo horretan adierazitakoei.
A.7.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia, ingurumen-eraginaren azterketan finkatutako kalitate helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.
Programaren helburuak zehaztuko dira eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko da.
Kalitate-baloreak legediak zehazten dituen muga-balioen edo balio-giden araberakoak izango dira, edota oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren xehetasun eta ezaugarriek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoa irizten den parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.
Proiektuari buruz eta proiektuak inguruan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programa honek jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:
Linearen eta erantsitako instalazioen obrak egiteko fasean, kontuan hartu behar dira:
• Lanen okupazio-mugak kontrola.
• Intereseko landarediaren gaineko afekzioen kontrola.
• Mehatxupeko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioen kontrola.
• Ur-ibilguen eta ur-bazterreko landarediaren gaineko afekzioen kontrola.
• Obrako jardunbide egokien kontrola, honako hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen, zementu-esneen eta lur-mugimenduen ondorioz, eta proiektuaren afekzio-eremuko biztanleguneetako biztanleei eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
• Indusketaren kontrola, kutsatuak egon daitezkeen lurzoruen gaineko afekziorik badago.
• Arrisku geoteknikoen kontrola euskarrietara sartzeko bideetan.
• Lur-mugimenduen kontrol arkeologikoa.
• Lehengoratzearen kontrola, lehengoratzen diren eremuetan.
• Aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Funtzionamendu-fasean, honelako alderdiak kontrolatu beharko dira: eremu elektromagnetikoen esposizioaren kontrola, zarata-mailen kontrola, lehengoratzearen arrakastaren kontrola, hegazti-faunaren gaineko eraginen jarraipena.
A.8.– Laburpen ez teknikoa.
Laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.2 artikuluan ezarritako ezaugarriak izan beharko ditu. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan jaso beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko eta/edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Era berean, agirian dokumentazio grafikoa sartzea gomendatzen dugu, jendeak informazio zehatzagoa jaso dezan.
B) Dokumentazio teknikoa aurkezteko era.
Atal honetan ezarritakoa betetzeko, dokumentazioa aurkezteko gidaliburuaren arabera prestatuko da dokumentazioa. Gidaliburua ingurumen-organoaren web-orrian eskuratu daiteke, eta haren edukiak jarraian jaso dira:
1.– Aurkeztutako dokumentuek, koherentzia egokia errespetatu beharko dute, bai haien artean eta baita aurretik aurkeztutakoenekin, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz eta ez eragotziz. Gainera, entregatutako dokumentuek ebazpen honetan ezarritako egiturari eta ordenari jarraitzea gomendatzen da.
2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira). Ekipamendu eta instalazio osagarriak beti modu berean izendatuko dira, bakoitzari kode bat esleituz, beharrezkoa balitz.
3.– Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi behar da.
4.– Proiektuaren dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da behar duten ataletan, behar bezala geo-erreferentziatua. Plano guztiak zenbakiarekin eta izenburuarekin identifikatu beharko dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den.
5.– Jatorrizko eskalan oinarritutako formatu murriztuko planoak aurkeztuz gero, planoan jatorrian adierazitako eskala zuzendu egin beharko da, horretan oinarrituz egindako neurketek zalantzarik sor ez dezaten.
6.– Testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak ingurumen-eraginaren azterketarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek dagokion elementua erraz aurkitzeko moduan egingo dira, argi eta garbi.
7.– Informazio jakin bat separata moduan aurkeztekotan, izenburua eta erreferentzia eman beharko zaizkio, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.1 artikuluan adierazitako atalen batekin erlazionatu ahal izateko moduan.
8.– Informazio jakin bat dokumentuko atalen baten ongitze edo zuzentze gisa aurkeztekotan, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den atala mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko ditu ongitzearen edo zuzentzearen ondorioz jatorrizko dokumentuan ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, atalak, paragrafoak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak izaera hori adierazi beharko du hasieran.
9.– Dokumentazioa formatu digitalean aurkeztuko da soilik.
10.– Disko bakoitzean agiri guztien aurkibide osoa sartuko da, karpeta eta azpikarpetetan banatua, disko horretan sartuko diren fitxategien mailara heldu arte. Ahal dela, aurkibide hori.html edo.doc. formatuan egingo da eta fitxategietarako hiperestekak izango ditu, diskoaren edukitik nabigatzea errazteko. Aurkibidea aurkeztean.pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan, unean-uneko orrialdera joateko, erabiltzen denarekin.
11.– Diskoaren egituran jasotako karpeta eta fitxategien izenak esanguratsuak izango dira (adibidez, ingurumen eraginaren azterlanaren dokumentua Ingurumen inpaktuko azterlana izen bereko karpeta batean jaso beharko da). Horrela ez bada, aurretik aipatu den aurkibidean fitxategi bakoitzaren izenaren ondoren, haren edukia zehazten duen deskribapen laburra egingo da (gehienez, lerro 1).
Karpeta horren barruan azpikarpetak eta/edo agiriak sartu daitezke, eta ebazpen honen atalen izen berbera izango dute.
Beharrezkoa balitz «konfidentziala» izenburua daraman karpeta bat gehitu ahalko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 15. artikuluan aipaturiko konfidentzialtasuna behar duen informazioa gordetzeko.
Gainera, bestelako karpeta gehigarriak aurkeztu ahalko dira, planoekin edo, duen izaera orokorra dela eta, proiektu teknikoko eta ingurumen-eraginaren azterketako hainbat atalekin lotutako informazioarekin. Ingurumen-organoaren zerbitzu teknikoak kontuan har ditzaten karpeta gehigarrietan bildutako elementuetako edozein, elementu horrek behar bezala erreferentziatuta egon beharko du aurkezten diren dokumentu guztietan.
12.– Fitxategiak formatu erabilienetan entregatuko dira; hau da,.pdf,.doc, etab. Fitxategi konprimituetan, halakorik balego,.zip formatua erabiliko da..pdf dokumentuek gehienez ere 10 MB pisatuko dute, eta bilaketak egitea ahalbidetu beharko dute.
13.– Dokumentu kartografikoak.pdf formatuan eta.shp formatuan entregatu beharko dira.
14.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan egilea edo egileak identifikatu behar dira, haien izena eta abizenak, NANa, titulazioa, eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Horrez gainera, amaiera-data eta egilearen sinadura ere jaso behar dira.
15.– Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.