EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017096

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU sozietateak sustatutako Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 (Gipuzkoa) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena prestatzen duena.

Xedapenaren data: 2017-04-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201702528
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2016ko abenduaren 16an jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztutako eskaera, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 (Gipuzkoa) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio erraztuaren prozedura abian jartzeari buruzkoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak dioenari jarraituz, 2017ko urtarrilaren 13an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.
Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta: Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia (Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendaritza nagusiak biak ala biak); Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, eta URA-Uraren Euskal Agentzia (Eusko Jaurlaritzaren erakundeak horiek guztiak); Hernaniko, Astigarragako, Oiartzungo, Errenteriako eta Donostiako Udalak, eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkartea.
Kontsulten izapidea amaitu ondoren, honako hauen erantzunak jaso dira: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia (URA), eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzaren erakundeak horiek guztiak); Kultura Zuzendaritza (Gipuzkoako Foru Aldundia); eta Astigarragako, Donostiako eta Errenteriako Udalak (espedientean dago horren emaitza). Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, I. eranskineko edo II. eranskineko proiektu baten ezaugarrien edozer aldaketa –hain zuzen, 7.1.c) artikuluan deskribatuak ez direnak, jada baimendutakoak, egikarituak edota exekuzio-prozesuan daudenak–, ingurumenean kalte esanguratsuak eragin baditzake.
Ildo horretan, azpimarratu behar da Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 (Gipuzkoa) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuak nabarmenki handituko duela natura-baliabideen erabilera, legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende dagoen proiektu jada baimendu baten barruan, eta horrek ondorio kaltegarri nabarmenak ekar ditzakeela.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoa eta txostenak aztertutakoan, proiektuaren ingurumen-txostena zuzena izanik eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokituta egonik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du, erakunde eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aipatutako proiektuak ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.
Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta eta aplikatu beharreko legeak eta arauak ikusita (3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa eta horien funtzioak eta jarduketa-arloak zehaztekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Distribución Eléctrica, SAUk sustatutako Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 (Gipuzkoa) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena prestatzea, ondoren jasotako baldintzen arabera:
A) Proiektuaren xedea: guztira 33,618 km luze den Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 132 kV-ko (DC) linea elektrikoko zortasun-eremua aldatzea, bi lege-testuk ezarritako segurtasun-distantzietara egokitzeko; hain zuzen ere, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuak (tentsio handiko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua onartzen duena) eta 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenak (Energia eta Meategien zuzendariarena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena).
Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoa Hernani, Astigarraga, Donostia, Errenteria eta Oiartzungo udalerrien artean dago kokatua. Udalerri horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan daude guztiak, eta proiektuaren azterketa-eremua 1:25.000 eskala duen mapa topografiko batean zehaztu da, Ingurumen Agiriaren 4-2 irudian (2016ko uztailekoa).
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Proiektuaren xedea da zortasun-eremua zabaltzea linea elektrikoaren trazadura osoan eta lehenago aipatu sektoreko araubidera egokitzea zortasun hori.
Honek dakar zuhaitzak ebakitzeko eremua birdefinitzea eta zabaltzea linea elektrikoaren trazadura osoan.
Gainera, zuhaitzak inausteko eta mozteko ekintzez gain, proiektuaren barruan sarbideak ireki eta/edo hobetuko dira, kalteak leheneratuko dira, eta, ondorengo funtzionamendu-fasean, segurtasun-kalea mantentzeko lanak egingo dira, linea elektrikoaren bizitza baliagarri osoan zehar.
Guztira 33,618 km luze den Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 132 kV-ko (DC) linea elektrikoan egingo dira lanak (Hernani TA–29. euskarria tartea (1. zirkuitua): 7,391 km; Hernani TA–29. euskarria tartea (2. zirkuitua): 7,026 km; 29. euskarria–Oiartzun TA tartea (tarte komuna): 2,795 km; Martutene TAra deribazioa (DC): 4,676 km; Arkale TAra deribazioa (DC): 3,598 km).
Linea elektrikoak ez du aldaketarik izango azkeneko trazatuan, ezta gurutzamenduen ezaugarrietan ere.
Zuhaitzak inausteko/mozteko lanak egitean, gidarien eta zuhaitz-masen arteko segurtasun-distantziak gordetzeko beharrezkoa denean soilik botako dira zuhaitzak.
Hala, proiektuaren kalkuluen arabera, eraginpeko azalerari orotara 83.793,2 m
Proiektuaren eraginpeko guztizko azaleraren % 54 hostozabal baso-masa autoktonoei dagokie: batik bat, haritzak (1,8 ha) eta haltzadiak (1,6 ha) dira; ondoren, baso- (3,4 ha) eta fruitu-sailak (0,32 ha) daude nagusiki.
Urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak (Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora espezie jakin batzuk babestu beharra ezarri zuena) babestutako espezieei dagokienez, betiere inausiko da moztu ordez, salbuespenetan izan ezik.
Bestalde, ahal den heinean, lehendik ere badauden bide eta pista ugarien sarea erabiliko da linea elektrikoaren segurtasun-kalera iristeko, tarte bakoitzean egoki diren lanak egin ahal izateko. Beharrezkoa izanez gero, lehendik ere badauden bideak egokitzea proposatzen da, edo errei bitartez iristea. Sarbide berriak eraikitzea azken aukera izango da, eta betiere saihestuko da sarbide horiek eraikitzeko lur-mugimenduak egitea. Horiek horrela, hauek aurreikusten dira:
• Sarbideak lehendik dauden bideetatik:
– Sarbidea bide irekietatik: 41.078 m.
– Sarbidea bide itxietatik: 645 m.
• Sarbideak lehendik ez dauden bideetatik:
– Sarbidea errodaduraren bidez: 6.026 m.
– Sarbide berriak: 222 m (lur-mugimendurik gabe, soilik eremuko sastrakak kenduta segurtasun-kalera iristeko eta gero handik mugitzeko).
Kalkulatutakoaren arabera, 445,3 m
Horiez gain, 9.042,23 m
Zortasun-eremuaren egokitzapena 6 hilabete ingururen bueltan gauzatuko dela zenbatesten da.
2.– Proiektuaren kokapena:
AT Hernani-AT Oiartzun 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoak Hernani, Astigarraga, Donostia, Errenteria eta Oiartzungo udal-mugarteak zeharkatzen ditu, eta barne hartzen ditu Martuteneko deribazioa (Astigarraga eta Donostian) eta Arkalekoa (Oiartzun).
Eremu horretan, harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa dira landaredi potentzial nagusia, haltzadi kantauriarrarekin (ibilguen ertzetan) eta ameztiren batekin batera; hala ere, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren bost tarteek larre eta laborantzak zeharkatuko dituzte nagusiki; hain zuzen, azaleraren bikoitza baino gehiago hartuko dute halakoek, aipatutako hariztiekin alderatuz gero. Nabarmentzekoa da, halaber, baso-sailak –besteak beste, Pinus radiata eta eukaliptoa–, baratzeak eta fruitu-sailak ere badaudela.
Linea elektrikoak eta horren deribazioek, azpiegitura linealak zeharkatzeaz gain (linea elektrikoak, gasbideak, telefono-lineak, autobideak, autobiak, sarbideak, errepideak, asfaltozko bideak/bidegorriak, bideak, espaloiak/bidegorriak, FFCC–metroa eta Renferen aldiriko trenbideak), Oiartzun ibaia (6.-7. euskarriak Hernani TA tartean –C1– eta 6. eta 7. euskarrien artean Arkale TArako deribazioan) eta hainbat errekasto ere igarotzen dituzte.
Gainera, Batasunaren lehentasunezko intereseko 91E0 habitata ere zeharkatzen dute –Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsioreko baso alubialak–, trazaduraren hainbat gunetan: Hernani TA-29. euskarria tartean, 29. Euskarria-Oiartzun TAtartean (tarte komuna) eta Arkale TArako deribazioan.
Azterketaren eremuan, orobat, arkeologiako eta arkitekturako hainbat ondare-elementu daude. Horien artean, nabarmentzekoak dira, eraginpean geratzeko probabilitatea dute eta, Txoritokietako Estazio Megalitikoaren Oinarrizko Babes Eremua (12. euskarritik 14. euskarrira bitarteko tartea, 2. zirkuitua), eta Done Jakue bidea –San Adriango tunelaren bidea– (1. euskarria Martuteneko deribazioan, 16. euskarritik 17. euskarrira bitarteko tartea 1. zirkuituan, eta 8. euskarritik 9. euskarrira bitarteko tartea Arkaleko deribazioan).
«Urumea Ibaia/Río Urumea» izeneko KBEak (ES2120015) azterketaren eremua igarotzen badu ere, eta lotura-interes berezia badu ere, ez da aurreikusi jarduketarik haren inguruetan, ez eta arrain hiruarantzarako (Gasterosteus aculeatus) eta igaraba arrunterako (Lutra lutra) interes berezikoak diren eremuen inguruetan ere.
Azkenik, aipatu behar da Martuteneko deribazioaren trazadurak bat egiten duela Lau Haizetako Plan Bereziarekin.
3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.
Kontuan hartuta proiektuaren nolakotasuna eta ezaugarriak, inpaktu garrantzitsuenak, batez ere, gauzatze-fasearen ondoriozkoak izango dira, zuhaitzak moztu eta inausteagatik, sarbideak ireki eta hobetzeagatik, makineriaren joan-etorriengatik eta instalazio osagarriengatik.
Nabarmentzekoak dira hauen gaineko ondorio kaltegarriak:
– Landaredia: 8,4 ha-ko eraginpeko azalera batekin –4 ha mozketagatik eta 4,4 ha inausketagatik–, hostozabal autoktonoen baso-masen artean haritzak (1,8 ha) eta haltzadiak (1,6 ha) dira nagusi. Zehazki, zenbait landare-formazio aipatu daitezke, balio natural berezia eta gaur egungo kontserbazio-egoera dela eta:
– Harizti-baso misto atlantikoa, Larraburutik gertu, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren Martutene TArako deribazioaren 5 eta 6 euskarrien artean.
– Harizti-baso misto atlantikoa, Usategietan, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren Martutene TArako deribazioaren 8. eta 9. euskarrien artean.
– Harizti-baso misto atlantikoa, Larragainen, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren Martutene TArako deribazioaren 9. eta 11. euskarrien artean.
– Haltzadi-sahastia, Antoña errekaren eta Irasmoene errekaren artean, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren Martutene TArako deribazioaren 11. eta 12. euskarrien artean.
– Platzentzi errekaren baso alubiala, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren Martutene TArako deribazioaren 14. euskarriaren alboan.
– Haltzadia Pikokaraten, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren 23. eta 24. euskarrien artean.
– Baso misto atlantikoa Bordondon, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren 27. euskarriaren inguruan.
– Baso misto atlantikoa Errekatxo errekaren ondoan, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren 1. eta 2. euskarrien artean.
– Baso misto atlantikoa Errekatxo errekaren ondoan, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren 1. zirkuituko 19. eta 20. euskarrien artean.
– Txatola errekari lotutako haltzadi kantauriarra, Hernani TA-Oiartzun TA1 eta 2 linea elektrikoaren 2. eta 3. euskarrien artean.
– Haltz- eta lizar-baso alubiala Ursoroeta errekaren ibarrean, Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 linea elektrikoaren Arkale TArako deribazioaren 9. eta 10. euskarrien artean.
Alnus glutinosako eta Fraxinus excelsioreko (91E0* kodea) baso alubialetan, mozteko/inausteko jarduketek mota horretako azalera txikietan izango dute eragina: 1.475 m
Nolanahi ere, ez da espero landarediaren gain eragin nabarmena izatea errodadura bidezko sarbideen eta pista berrien sorreraren ondorioz (sarbide berrien 222 m); horiek, gehienbat, belardi eta laborantza atlantikoetan eta txilardi-otadi-iraleku atlantikoetan izango dute eragina, baita, hein txikiagoan, harizti azidofiloetan eta harizti-baso misto atlantikoetan ere, eta, funtsean, garbitzeko eta sastrakak kentzeko lanak egingo dira, lur-mugimendurik gabe eta erliebea oso gutxi aldatuta.
Ez da aurreikusi sarbide berririk irekiko denik Batasunaren intereseko habitatetan; hala ere, zenbaitetan, errodadura bidez sartuko da jarduketa-guneetara, 4030, 6510 eta 91E0* habitatak dituzten lurzatien bitartez: 4030 habitaterako 450 m2-ko eragin-azalera zenbatetsi da, eta 6510 habitaterako, aldiz, 3.651 m2-koa. Sarbide horiek 28 m2an soilik izango du eragina sarbide horietan.
– Kultur ondarea: aurreikusitakoaren arabera, Txoritokietako Estazio Megalitikoko oinarrizko babes-eremuaren azalera handiari eragingo zaio, Astigarraga eta Errenteriaren artean, Hernani TA–Oiartzun TA linea elektrikoaren 1. zirkuituko 12. eta 14. euskarrien artean, baina megalito-monumentu zehatz bati ere eragin gabe. Halaber, 12. euskarrira sartzeko bideak ere eragina izango du.
Orobat, kontuan izan behar da Done Jakue bideari eta haren inguruko babes-eremuari egingo zaion aldaketa, San Adriango tunelaren bideko hainbat gunetan, Astigarraga, Errenteria eta Oiartzun udalerriak zeharkatzen dituen bide-tartean, zortasun-eremua egokitzeagatik eta errodadura bidezko sarbideengatik.
Azkenik, hedadura eta eragin txikiko inpaktua aurreikusten da Oiartzungo San Salbatore Agirre baselizako babes-eremuan (7. euskarria, Oiartzun TA tartea).
– Fauna: azterketaren eremuan interes bereziko bi eremu egon arren –bata arrain hiruarantzarako (Gasterosteus aculeatus) eta bestea igaraba arrunterako (Lutra lutra)–, ez da aurreikusi inausteko/mozteko inolako jarduketarik eta sarbiderik eremu horietan, eta, beraz, ez da aurreikusi horien gaineko ondorio kaltegarririk ere ez.
– Natura 2000 Sareko guneak: «Urumea Ibaia/Río Urumea» (ES2120015) izeneko KBEa azterketaren eremuan dago, baina horrek ez du eragingo aurreikusteko moduko ondorio kaltegarririk haren gain; izan ere, egingo diren jarduketak ez dira haren azaleran gauzatuko, ezta inguruetan ere.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, bai eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ere, baldintza hauek izan behar dira kontuan:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Ezertan galarazi gabe urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa (Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duena) eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundian mendien kudeaketaren arloan eskumenak dituen organoak, natura-interes handiko eremuetan, neurri hauek aplikatuko dira:
– Oro har, garapen-maila handienean linearen segurtasunari eragingo dioten zuhaixkak baino ez dira moztuko. Gainerako zuhaixkak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira.
– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (Batasunaren intereseko habitatak, bertako baso-masak, mehatxupeko fauna eta florarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria den guztietan, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak; bota, linearen segurtasunerako ezinbestekoa denean baino ez dira botako. Neurri hori proiektuak erasan bide duen zuhaizti autoktono osoan aplikatuko da, eta ez urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan aintzat hartutako espezieetan bakarrik, adibidez, Bizkaiko lizarra (Faxinus excelsior) eta beste ezki espezie batzuk (Tilia cordata).
– Kontuan harturik mozketa-eremua murrizteko aukera, 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenaren (Energia eta Meategien zuzendariarena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena) 4. puntuan gaitua, aztertu egingo da Errenteriako udal-mugartean mozketa-eremua murrizteko aukera, babes-eremuetan dauden zuhaiztietarako eta Lau Haizetako Plan Bereziaren barruan ingurumenaren aldetik kalteberak diren guneetarako.
– Zuhaitzak botatzea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina asunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landaredia ez kaltetzeko.
– Moztu beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horiei berezkoak zaizkion zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.
– Era berean, lehengoratu egin beharko dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lur-zoru okupazioak eta abar). Landareztatze-prozesuan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.
– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, betiko bideak erabiliko dira, ingurumen-agirian proposatutakoarekin bat. Sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina murriztuz.
– Eremuak kalteberak izanez gero –hala nola interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak–, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, basoetako floran eta faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.
– Mehatxatutako flora-espezieen populazioen kokapenari eta mugapenari buruz aurkeztutako dokumentazioarekin bat, zehazten da horiek ez dutela kalterik izango; edonola ere, kontu handia izan beharko da: inguru horietan, lanerako eragindako eremuak tokian bertan mugatuta egon beharko du, eta obra-ingurutik hurbil dauden balio naturaleko elementuak behar bezala babestu beharko dira, uste gabeko kalteak saihesteko.
Nahitaez berrikusi beharko dira mehatxupeko flora izan lezaketen eremuak.
– Esku-hartzearen aurretik, baso-hegaztien habiarik edota plataformarik ba ote den ebaluatuko da, eta, hala izanez gero, horren berri eman beharko zaio baso-fauna kudeatzeko eskumena duen foru-organoari.
– Lurzorua okupatzea inplikatzen duten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibili.
– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezingo dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.
Eremu horien xehetasun-kokalekua obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta in situ balizatu beharko da kasu bakoitzean egokitzapen-lanei ekin baino lehen.
– Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
• Uren arloan eskumena duen organoak aplikatu beharreko prozedurekin loturik ezarritako baldintzei kalterik egin gabe, ezingo da inolako isurketarik egin jabari publiko hidraulikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere; halaber, ezingo da utzi lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik. Ildo horretan, kontuan hartu beharko da zer xedatzen duen irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuak (azaleko uren egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak eta ingurumen-kalitatearen gaineko arauak ezartzen dituena).
Eremu horietan nahigabeko alterazioak saihesteko, egoera naturalean dauden jabari publiko hidraulikoko zortasun-lerroak balizatu egingo dira, makinen joan-etorriak saihesteko, materialak edota hondakinak bertan ez pilatzeko eta tankerakoak saihesteko.
Jabari publiko hidraulikoan eta zortasungune eta poliziaguneetan jarduketarik, ur-bilketarik edo ur zikinen isurketarik egingo bada, aldez aurretik eskatu beharko da baimena/emakida.
– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.
– Urak har ditzakeen eremuak okupatzeko mugapenak errespetatutako dira, Kantauri Ekialdeko Mugapeko Plan Hidrologikoan zehaztuta bezala, eta inguru horietan ez da lursailaren egungo arrasa aldatuko duten betelanik egingo eta ez dira materialak edota hondakinak pilatuko.
– Obraren garaian bide osagarriak behar izanez gero, haren trazatutik kanpo geratuko dira edozer mailatako ibilguen zuzenketak eta kanalizatzeak. Edonola ere, bide horiek ezabatu eta eragindako gainazalak leheneratu egin beharko dira obrak amaitu ostean.
– Makinak uraren ibilbideetatik pasatuko dira, hala behar denean, fabrika-obretako bide eta sarbideetatik igaroz, edo bestela, lehendik dauden sarbideetatik. Obrako makinak ezin izango dira inoiz aipatutako gurutzatzeko lekuetatik kanpoko ibilguetatik ibili.
– Ezinbestekoa bada ibaialdeko landarediari berezkoak zaizkion espeziak moztea, hazkunde begetatibo handienean lineen segurtasunari eragin diezaioketen zuhaitz-espezietara mugatuko da mozketa, eta eraginpeko ibilguen ibai-ertzean dagoen zuhaixka-geruza kontserbatuko da, inguruko ibai-ertzetako landarediaren berezko zuhaixka-espezieak landatuz.
– Sarbide berriak ireki edo horrelako ekintzak egin behar badira, eta horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lursailei eragin badiezaioke, gune horietan edozein jardun gauzatzeko, otsailaren 4ko 4/2015 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko da aurretiaz, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko.
Hauts-isuriak gutxitzeko neurriak.
– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.
– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Lanek irauten duten bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta, behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.
– Hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoekin bat, lehentasuna izango da hondakin orok behar bezala baimendutako balioztatze-prozesu bati jarraitzea. Lehentasunak honako hauek izango dira, hurrenkera honetan: hondakinak berrerabiltzeko prestatzea; birziklatzea; balioztatzeko beste moduren bat, balioztatze energetikoa barne.
– Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balioztatzea ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.
– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
– Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta haiek berak arduratuko dira beharginek behar bezala betearazteaz.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Txoritokietako Estazio Megalitikoaren inguruan aurreikusitako jarduketak ekainaren 24ko 137/2003 Dekretuan (Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden eta I. eranskinean zerrendatu diren Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzen dituena) ezarritako babes-araudiari jarraikiz gauzatuko dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren baimenaren mende egongo dira, Done Jakue bidearen babes-eremuan, San Adriango tunelaren ibilbideko hainba gunetan, egindako jarduketak ere egongo diren moduan.
Azken horretan, bideak jarraitutasuna izango duela eta ingurunearen gaineko eragina albait arinena izango dela bermatu beharko da, eta, trazadura elektrikoaren zenbait guneetara sartzeko –8. euskarritik 9. euskarrira bitarteko tartea Arkaleko deribazioan; 16. euskarritik 17. euskarrira bitarteko tartea (1. zirkuitua) eta 1. euskarria Martuteneko deribazioan– kontuan hartu beharko dira ordezko bideak, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko uztailaren 29ko Ebazpenean (2010eko irailaren 6ko EHAA, 171. zk.) babes-araubideari buruzko 13. artikuluaren 1. zenbakian jasotako edukia betetze aldera.
Horrez gain, gune horietan gauzatuko den proiektuko ekintzen jarraipena eta kontrol arkeologikoa egitea proposatzen da, bai eta, hala badagokio, Oiartzungo San Salbatore Agirre baselizaren eremu arkeologikotik gertu lurra mugitzeko egingo diren jarduketena ere.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari; gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.
– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuan ageri diren prebentzio-neurriak gauzatuko dira, eta, hala dagokionean, eskudun organoak ezarritakoak ere bai.
Paisaia babesteko eta inplikatutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lur-sailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.
– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.
– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.
– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.
– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.
– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak erasandako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzerik. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Hernani TA-Oiartzun TA 1 eta 2 (Gipuzkoa) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari buruzko ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, proiektuaren sustatzaileari eta Hernani, Astigarraga, Oiartzun, Errenteria eta Donostiako Udalei.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 25a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.