EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017095

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 4koa, Lan eta Justizia Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Esergui, SA enpresaren hitzarmen kolektiboa, Zierbenako lantokian eta Donostiako lantokian aplikatzekoa, erregistratzea, argitaratzea eta gordailutzea xedatzen duena.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-04-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201702510
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Negoziazio-batzordeko ordezkariak aipatu hitzarmenari dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen, 2017ko otsailaren 21ean, Regcon erregistroan.
Bigarrena.– 2017ko martxoaren 16an, Negoziazio-batzordeari eskatu zioten zuzenketak egiteko, eta 2017ko martxoaren 23an agindua bete zuten, Regcon erregistroan.
Hirugarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailua, erregistroa eta argitalpena egiteko eskabidea izapidetzeko arduradun.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOEn argitaratua). Horretan, aplikagarriak dira honako dekretu hauek ere bai: 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena. Izan ere, dekretu horretako 16. artikuluan Lan eta Justizia Saila eratzen da, eta lehenengo xedapen iragankorrean ezartzen du arau organikoen indarraldia. Halaber, honako dekretu hauek ere aplika daitezke: apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.i artikulua; urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (aurrekoarekin lotuta); eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa.
Bigarrena.– Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu sinatutako hitzarmenak.
Hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 4a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARIA ELENA PÉREZ BARREDO.
ESERGUI, SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
ZIERBENAKO LANTOKIA ETA DONOSTIAKO LANTOKIA
1. KAPITULUA
APLIKAZIO-EREMUA
1. artikulua.– Alderdiak zehaztea.
Hitzarmen kolektibo hau Esergui, SA enpresako Zierbenako lantokiko eta Donostiako lantokiko langileen lege-ordezkaritzaren eta enpresaren lege-ordezkaritzaren artean hitzartu da. Zierbenako lantokiaren helbidea Ceballos lurmuturreko zabalgunea z/g eta Lucero lurmuturra z/g da; eta Donostiakoa Zuatzuko industrialdeko Ulia eraikineko 1. solairuko 14. zenbakian dago.
2. artikulua.– Funtzio-, lurralde- eta langile- eremuak.
Hitzarmen kolektibo hau Esergui, SA enpresaren Bilboko lantokiko eta Donostiako lantokiko langile guztiei eta enpresaren lege-ordezkaritzari aplikatuko zaie (Zierbenako lantokiaren helbidea: Ceballos lurmuturreko zabalgunea z/g eta Lucero lurmuturra z/g; eta Donostiakoa: Zuatzuko industrialdeko Ulia eraikineko 1. solairuko 14. zenbakia).
3. artikulua.– Denbora-eremua.
Hitzarmen kolektibo honen indarraldia bi urtekoa da: 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra.
4. artikulua.– Indarraldia, salaketa eta luzapena.
Berariaz adostu da, hitzarmen kolektibo honetarako itundu den iraupena amaituta eta behin hitzarmena salatuta, hitzarmenaren indarraldia 24 hilabete luzatuko dela, indarraldiaren amaieratik aurrera zenbatuta. Hori guztia bat dator Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoarekin.
Hitzarmenaren iraupena amaitu eta hitzarmena salatu eta gero hasiko den 24 hilabeteko luzapenean indarrean jarraituko dute klausula arauemaile guztiek eta haietako bakoitzak.
Alderdi biek konpromisoa hartu dute aurreko hitzarmenaren indarraldia (edo atal egokiena) amaitu aurretik negoziatzen hasteko hitzarmen kolektibo berria (edo atal egokiak).
Alderdiek, batera edo banaka, hitzarmen kolektiboa berrikusteko salaketa egiten ez badute, hitzarmenaren indarraldia urtebeteko ondoz ondoko aldietan luzatuko da. Edonola ere, behin salatuta eta 24 hilabeteko aurreraeragina (arestian aipatuta) amaituta, hitzarmenaren indarraldia amaituko da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. artikulua.– Osotasunari lotzea eta ordezko zuzenbidea.
Zierbenako lantokia
Itundutako baldintzek osotasun organiko eta zatiezina eratzen dute, eta aplikazio praktikoari dagokionez, orokorrean hartu behar dira.
Hitzarmen kolektibo honetan ezartzen ez denari dagokionez, produktu kimikoen eta industrialen handizkarien eta inportatzaileen hitzarmenaren arau orokorrei jarraituko zaie. Egun arte aplikatu diren baldintza onuragarrienek aplikagarriak izaten jarraituko dute.
Donostiako lantokia
Itundutako baldintzek osotasun organiko eta zatiezina eratzen dute, eta aplikazio praktikoari dagokionez, orokorrean hartu behar dira.
Hitzarmen kolektibo honetan ezartzen ez denari dagokionez, Gipuzkoako Bulegoetarako eta Langeletarako hitzarmenaren arau orokorrei jarraituko zaie. Egun arte aplikatu diren baldintza onuragarrienek aplikagarriak izaten jarraituko dute.
Enpresak bi lantoki ditu, eta jarduerak argi bereizita daude. Zierbenako lantokiko lan-harremanak Produktu kimikoen eta industrialen handizkarien eta inportatzaileen hitzarmenaren arabera arautzen dira; bertan daude enpresaren azpiegitura operatiboak. Lantoki horretako lanak zamalanei lotuta daude, eta ez daukate zer ikusirik Donostiako bulego nagusietan egiten diren lanekin. Donostiako lantokia Gipuzkoako Bulegoetarako eta Langeletarako hitzarmenaren arabera arautzen da, eta lanak administratiboak dira, soilik.
Hori dela-eta, alderdi sozialak eta enpresa-alderdiak hitzarmen bakarra sinatzea erabaki zuten. Horrela, lan-harremanak hitzarmen bakarrean araututa daude, baina eguneroko lanen ezaugarriak eta ezberdintasunak kontuan hartu dira. Horregatik, hitzarmen kolektiboan ezarrita ez dagoena arautzeko, enpresaren hitzarmen kolektiboa sinatu arte, lantoki bietako lan-harremanak arautzen zituen hitzarmen kolektiboari jarraituko zaio.
6. artikulua.– Berme pertsonala.
Hitzarmen kolektibo honetan jaso diren baldintza ekonomiko guztiak eta beste baldintza mota batzuk gutxienezko baldintzak dira. Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak baino hobeak diren baldintza pertsonalak errespetatuko dira, eta ad personam gisa gordeko dira soilik.
7. artikulua.– Hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea eta desadostasunak ebaztea.
Enpresak ezingo dio inoiz hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari heldu, Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotzen duen prozeduraren bidez; epea amaitu baino lehen hura birnegoziatzen ahalegindu beharko du, beste hitzarmen bat lotzeko edo dagoena berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Bi alderdiek beren-beregi adostu dute, desadostasunik baldin badago, Preco lanbide arteko akordioaren adiskidetzea eta bitartekaritza aplikatzea, desadostasunok konpontzeko. Arbitraje-prozedura ez da erabiliko, bi alderdiek horren mende jartzea hitzartu ezean.
Enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batean ez aplikatzeko asmoa baldin badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta), langileen ordezkariekin horretarako akordiorik lortzen ez badu, eta gatazkak konpontzeko lanbide arteko akordio aplikagarrien prozeduretara jota ere desadostasun hori konpontzen ez bada, bi aldeen arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritzaren eta langileen ordezkaritzaren gehiengoaren arteko akordioa, alegia), hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasuna Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren esku jartzeko (hots, ORPRICCEren esku).
2. KAPITULUA
BATZORDE PARITARIOA
8. artikulua.– Osaera.
Hitzarmen hau interpretatzeko eta zaintzeko batzorde paritarioa eratu da. Langileen bi ordezkarik eta enpresaburuen bi ordezkarik osatzen dute, eta hitzarmen hau sinatu dute.
Hitzarmen hau betetzera behartuta dauden alderdiek klausulei buruz izan dezaketen zalantza edo desadostasun oro aipatutako batzordearen derrigorrezko irizpenaren mende jarriko da.
9. artikulua.– Eginkizunak.
Batzorde paritario mistoaren eginkizun espezifikoak dira honako hauek:
1.– Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.
2.– Alderdiek hala eskatuta, hitzarmen kolektibo honen aplikazio-eremuan sor daitezkeen zalantza eta gatazka kolektibo guztietan bitartekari gisa aritzea, adiskidetzen ahalegintzea eta arbitraje-lanak egitea.
3.– Itundua kolektiboan betetzen den ziurtatzea.
4.– Hitzarmen kolektiboaren aplikazio edo interpretaziotik eratorrita, lantokian sor daitezkeen gatazka kolektiboak derrigorrean ulertu eta idatziz jakinaraztea, beste bide batera jo aurretik.
10. artikulua.– Desadostasunak ebaztea.
Zehaztutako epean Batzorde Paritarioak ulertu behar zuen gaiaren inguruko adostasunik lortu ezean, gaia Precoren erabakiaren mende –Euskal Autonomia Erkidegoko Gatazka Kolektiboak konpontzeko Lanbide arteko Akordioa– jarriko da, eta bertan aurreikusitako adiskidetze- edo bitartekotza-prozeduren mende geratuko dira bi alderdiak.
Era berean, alderdi biek konfederazio arteko akordioa (Preco II) betetzeko konpromisoa hartu dute. Akordioa 1990-07-03ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 131. zenbakikoan, argitaratuta dago.
Akordio hori hitzarmen honen eremuan ere aplikagarria izango da, klausulen aplikaziotik eratorritako gatazka kolektiboak ebazteko.
3. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA
11. artikulua.– Lanbide-sailkapena.
Lanbide-sailkapena I. eranskineko zerrendan zehaztuta dago, eta Zierbenako eta Donostiako lantokiak bereizita daude.
Barne-sustapena:
Enpresak konpromisoa hartu du langileen premiak behar bezalako aurrerapenaz argitaratzeko. Iragarki-taulan argitaratuko ditu, lanpostua betetzeko behar den profilaren berri emanda. Enpresako langileek aukera berdinak izango dituzte behi-behinean sortzen den lanpostua betetzeko.
Administrari laguntzaileen eta hirugarren mailako operadore ofizialen kategorian hiru urtean jarduten duten kategoria horietako langileak automatikoki igoko dira maila handiagoko kategoria batera; zehazki, administrarien kategoriara eta lehen mailako operadore ofizialen kategoriara, hurrenez hurren.
12. artikulua.– Probaldia.
Kontratazio berrietan aplikatu behar den probaldia ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izatea, hitzarmen kolektibo honen indarraldian.
13. artikulua.– Mugigarritasun geografikoa.
Enpresak langile bat edo langileen talde bat beste leku batera lekualdatzea sustatzen badu, Langileen Estatutuaren 40. artikuluarekin bat etorrita, erabakiaren berri lekualdaketa egin baino gutxienez sei hilabete lehenago eman beharko die eragindako langileei eta langileen lege-ordezkariei.
Mugigarritasun geografikoa sustatzen den bakoitzean, langileek borondatez betetzeko aukera izango dute; bestela, enpresaren neurria ezin izango da gauzatu.
Lekualdatuz gero, langileei emateko gutxienezko kopuru konpentsatzaileak ezarri dira, hurrenkera honetan:
– Lekualdaketa hiru hilabetetik beherakoa baldin bada, enpresak kudeatuko ditu eragindako langilearen edo langileen mantenua eta ostatu-gauak, eta bere gain hartuko du gastuen guztizkoa.
– Lekualdaketa horren ondorioz, langileak bere jatorrizko lekuan asteko egun bat ere eman ezin baldin badu, egun hori disfrutatu gabe eman duen hogeita hamar eguneko aldi bakoitzeko, bi jaiegun hartzeko eskubidea izango du.
– Lekualdaketa hiru hilabetetik gorakoa baldin bada, enpresak soldata finkoko hileko kuota konpentsatzaile bat emango dio, ordainketa bakarrean.
– Lekualdaketa hasiera batean hiru hilabetekoa izan arren, luzatu egin behar baldin bada, gehienez ere sei hilabetekoa izan arte, langileak lekualdatuta benetan eman duen denboraren proportzioan zenbatetsiko da aurreko paragrafoan ezarritako kopurua (hiru eta sei hilabete artean).
Behin betiko lekualdaketa baldin bada, soldata finkoko hileko kuota konpentsatzaile bi emango dizkio langileari.
14. artikulua.– Lan baldintzen funtsezko aldaketak.
a) Lan-baldintzetan funtsezko aldaketak, banakakoak zein kolektiboak izan, egiten baldin badira, eragindako langileei eta langileen lege-ordezkariei hogeita hamar eguneko aurrerapenaz jakinarazi beharko zaizkie.
b) Langileen lanaldian edo soldataren zenbatekoan ezin da inola ere egin funtsezko aldaketarik.
c) Pertsona legitimatuak eta kontsulta-aldiak.
1.– Funtsezko aldaketa kolektiboak negoziatzeko legitimaturik dauden pertsonak dira honako hauek: batetik, enpresak aske izendatu dituen ordezkariak; eta, bestetik, enpresako langileen lege-ordezkariak.
2.– Prozesu horietako kontsulta-aldiak gutxienez egutegiko hogeita hamar egunekoak izango dira.
d) Adostasunik eza, kontsulta-aldia amaituta.
Kontsulta-aldia amaitzen baldin bada, eta alderdiak ados jarri ez baldin badira, alderdiok nahitaez jarri beharko dute Preco (Euskal Autonomia Erkidegoko Gatazka Kolektiboak Konpontzeko Lanbide arteko Akordioa) akordioan ezarritako adiskidetze- edo bitartekotza-prozeduren mende, enpresaren alderdiak neurria hartu baino lehen.
15. artikulua.– Kaleratze kolektiboa.
Ekonomiari, teknikari, antolaketari edo ekoizpenari lotutako zioengatik, lan-kontratuak Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako baldintzetan suntsiarazten baldin badira, kaleratze kolektibotzat hartuko da.
Kontsulta- eta negoziazio-aldia gutxienez ere hogeita hamar egunekoa izango da.
16. artikulua.– Ekonomiari, teknikari, antolaketari edo ekoizpenari lotutako zioengatik, kontratua etetea edo lanaldia murriztea.
Enpresaburuak lan-kontratua eten ahal du, ekonomiari, teknikari, antolaketari edo ekoizpenari lotutako zioengatik. Horretan bete behar da Langileen Estatutuaren 47. artikuluan ezarritako prozedura. Horrez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dira:
– Kontsulta- eta negoziazio-aldia gutxienez ere hamabost egunekoa izatea.
4. KAPITULUA
LANALDIA
17. artikulua.– Urteko lanaldia.
Zierbenako lantokia
a) Eragiketak egiten dituzten langileen urteko lanaldia 1.715 lanordu efektibokoa izango da.
a) Administrazioko langileen urteko lanaldia 1.700 lanordu efektibokoa izango da.
c) Arduradunaren eta ingeniariaren urteko lanaldia 1.747 lanordu efektibokoa izango da.
Donostiako lantokia
Urteko lanaldia 1.747 lanordu efektibokoa izango da. Asteko lanaldia gehienez ere arratsaldeko bostetan amaituko da, ostiralean.
Bereganatutako eskubideak direla-eta, lanaldi laburragoa egitea onartuta duten langileek gaur egun duten lanaldiari eutsiko diote, astean edo urtean zenbatuta, eta hitzarmenean ezarritako ordainsariak jasoko dituzte.
18. artikulua.– Ordutegiak.
Zierbenako lantokia
a) Txandaka lan egiten duten langileek honako ordutegi hau izango dute:
A ordutegia: 05:00etatik 12:00etara Astelehenetik ostiralera
B ordutegia: 06:40tik 14:00etara Astelehenetik ostiralera
C ordutegia: 13:40tik 21:00etara Astelehenetik ostiralera
D ordutegia: 06:30etik 14:20ra Astelehenetik ostiralera
E ordutegia: 06:00etatik 14:00etara Larunbatetan
b) Txandakako lanaldia egiten duten administrariek honako ordutegi hauek bete beharko dituzte:
A ordutegia: 05:00etatik 12:00etara Astelehenetik ostiralera
B ordutegia: 07:00etatik 14:00etara Astelehenetik ostiralera
C Ordutegia: 14:00etatik 21:00etara Astelehenetik ostiralera
D ordutegia: 06:00etatik 14:00etara Larunbatetan
E ordutegia: 09:00etatik 14:00etara Astelehenetik ostiralera
15:00etatik 18:00etara
c) Txandakako lanaldia egiten ez duten langileek honako ordutegi hau bete beharko dute:
A ordutegia: 08:00etatik 16:00etara Astelehenetik ostegunera
B ordutegia: 08:00etatik 15:00etara Ostiraletan
C Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara Astelehenetik ostegunera
D Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara Ostiraletan
Lanaldi jarraituetan, 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da (ogitartekoa jateko), lanaldi gisa zenbatuta.
Donostiako lantokia
Astelehenetik osteguna arteko lan-ordutegia 08:30etik 17:00etara izango da. Ordutegi horretan 30 minutuko atsedenaldi jarraitua ezarrita dago.
Ostiraleko ordutegia 08:00etatik 15:00etara da.
Ekainaren 15etik irailaren 15a arte, lan-ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da, Aste Nagusian izan ezik. Aste Nagusian 08:00etatik 14:00etara izango da.
Laneguna baldin bada, Errege Magoen jaiegunaren aurreko egunean (urtarrilaren 5ean) 08:00etatik 15:00etara lan egingo da.
Luzapen-txanda.
Astelehenetik ostegunera lanaldia luzatzeko txandak ezarriko dira, 19:00ak arte; eta ostiraletan, 17:00ak arte.Gabonetan ez da txanda-luzapen hori egingo.
Ekainaren 15etik irailaren 15a arte, 17:00ak arteko luzapen-txandak egingo dira, Aste Nagusian izan ezik.
Lanaldia luzatzeko ordutegi horiek txandaka egingo dituzte administrazioko langile guztiek.
19. artikulua.– Txanda-aldaketak.
Langileek egun bateko edo bietako txanda aldatu ahal izango dute haien artean, baina edonola ere atsedenaldiak eta araudi orokorra bete beharko dituzte. Horrez gain, enpresari aldez aurretik jakinarazi beharko diote, eta enpresak oniritzia eman beharko die.
20. artikulua.– Jaiegunetan lan egitea.
Zierbenako lantokia
a) Abenduaren 24a eta 31 jaieguntzat hartuko dira.
b) Tokiko jaieguna Zierbena herriari era ofizialean esleitutakoa izango da, eta egun hori oporraldiari gehitzea aukeratu ahal izango dute langileek.
Donostiako lantokia
a) Abenduaren 24a ala 31 jaieguntzat hartuko da (bat bakarrik). Eta, edonola ere, egun horietako lanaldia 08:00etatik 15:00etara izango da.
b) Herriko jaieguna Donostiari era ofizialean esleitutakoa izango da, eta egun hori oporraldiari gehitzea aukeratu ahal izango dute langileek.
21. artikulua.– Egutegia, koadrantea eta oporrak.
Zierbenako lantokia
a) Urteko jaiegunak –estatuko, autonomia-erkidegoko eta herriko jaiegunak– argitaratu eta hilabetea igaro ondoren, enpresak hurrengo urteko lan-ordutegia aurkeztuko du.
c) Urteko oporraldia 23 lanegunekoa da, eragiketen arloan; eta 25 lanegunekoa, administrazio-arloan.
d) Terminaleko lan-antolaketa osoan aplikatuko den lan-koadrantea urtero argitaratuko da, terminalaren funtzionamendua edozein izanda ere; eta alderdi guztiek onartu beharko dute. Enpresak konpromisoa hartu du langileen urteko oporraldiak martxoaren 1a baino lehen antolatuta edukitzeko, baldin eta antolaketa-egutegian kontuan hartu ez badira.
e) Kolektiboaren antolaketak berak aurrez zehaztutako lan-egutegia ez duten langileek ekainean, uztailean, abuztuan edo irailean hartu beharko dituzte udako oporrak.
f) Enpresako opor-egutegian ezarritako oporraldia eta haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak eragindako aldi baterako ezintasuna edota langileen estatutuko 48.4 eta 48 bis artikuluetan aurreikusten den kontratu-etetea aldi berean gertatzen badira, aldi baterako ezintasunaren edo aipatutako araua aplikatzean dagokion baimena baliatuko den denboralditik kanpo baliatu ahal izango dira oporrak, etete horren iraupena bukatu ondoren, dagokien urte naturala amaitu bada ere.
Baldin eta aldi berean gertatzen badira oporraldia eta aurreko lerrokadan aipatutako gertakizunak ez diren beste gertakizun batengatiko aldi baterako ezintasuna, eta, hori dela eta, langileak ezin badu oporraldi osoa edo horren zati bat dagokion urte naturalean baliatu, ezintasun-aldia amaitu ondoren baliatu ahalko ditu oporrak, betiere ez badira hemezortzi hilabete baino gehiago igaro, oporrak hartzeko eskubidea sortu den urtearen amaieratik aurrera.
Donostiako lantokia
Hitzarmen honen mende dauden langile guztiek opor ordainduak hartzeko eskubidea izango dute, urte bakoitzean. Oporraldia 30 egutegi-egunekoa izango da, eta egun horietako 26 lanegunak izango dira. Oporraldian egiazko soldataren ordainketa jasoko dute langileek. Larunbatak lanegun gisa zenbatuko dira.
Oporraldiko egunak hautatzean desadostasunak sortzen baldin badira, langileek oporraldiko egunen erdiak nahierara aukeratu ahal izango dituzte, baldin eta aldiak etengabeak badira, eta enpresak jarduera eteten ez badu, langile guztiek oporraldia har dezaten.
Edonola ere, bai enpresari, bai langileei, oporraldiaren hasieraren berri eman behar zaie, bi hilabeteko aurrerapenaz, gutxienez.
a) Urteko jaiegunak –estatuko, autonomia-erkidegoko eta herriko jaiegunak– argitaratu eta hilabetea igaro ondoren, enpresak hurrengo urteko lan-ordutegia aurkeztuko du.
b) Terminaleko lan-antolaketa osoan aplikatuko den lan-koadrantea urtero argitaratuko da, terminalaren funtzionamendua edozein izanda ere; eta alderdi guztiek onartu beharko dute. Enpresak konpromisoa hartu du langileen urteko oporraldiak martxoaren 1a baino lehen antolatuta edukitzeko, baldin eta antolaketa-egutegian kontuan hartu ez badira.
c) Kolektiboaren antolaketak berak aurrez zehaztutako lan-egutegia ez duten langileek ekainean, uztailean, abuztuan edo irailean hartu beharko dituzte udako oporrak.
d) Enpresako opor-egutegian ezarritako oporraldia eta haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak eragindako aldi baterako ezintasuna edota langileen estatutuko 48.4 eta 48 bis artikuluetan aurreikusten den kontratu-etetea aldi berean gertatzen badira, aldi baterako ezintasunaren edo aipatutako araua aplikatzean dagokion baimena baliatuko den denboralditik kanpo baliatu ahal izango dira oporrak, etete horren iraupena bukatu ondoren, dagokien urte naturala amaitu bada ere.
Baldin eta aldi berean gertatzen badira oporraldia eta aurreko lerrokadan aipatutako gertakizunak ez diren beste gertakizun batengatiko aldi baterako ezintasuna, eta, hori dela eta, langileak ezin badu oporraldi osoa edo horren zati bat dagokion urte naturalean baliatu, ezintasun-aldia amaitu ondoren baliatu ahalko ditu oporrak, betiere ez badira hemezortzi hilabete baino gehiago igaro, oporrak hartzeko eskubidea sortu den urtearen amaieratik aurrera.
22. artikulua.– Absentismoa.
Alderdiek erabaki dute Langileen Estatuko 52.d artikuluan ezarritakoaren aplikazioa enpresako absentismo-indize globalari lotuko zaiola. Xedapen hori aplikatu ahal izateko, indize globala gutxienez ere % 5 izango da. Ondorio horietarako, langilea aldizka lanera ez bertaratzeko ehunekoa gutxienez ere % 30ekoa izango da, ondoz ondoko bi hilabeteetan; eta ondoz ondoko lau hilabeteetan, % 40koa.
5. KAPITULUA
LANALDI MALGUA
23. artikulua.– Lanaldi malgua
Langileen Estatutuko 34.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, langileen lege-ordezkariei aurrez jakinarazita, lanaldiaren % 5 modu irregularrean banatu ahalko da; eta ezin izango da egin lanaldiaren bestelako banaketa irregularrik, artikulu honetan berariaz ezarritakoa izan ezik.
24. artikulua.– Ezohiko jarduera.
Zierbenako lantokia
a) Enpresaren jardueraren ezaugarriak direla-eta, ezarritako orduetatik kanpo egin behar dira jarduera batzuk, nahitaez. Hori dela eta, txandaka lan egiten duten langileen urteko lanaldiaren zati bat ohiko ordutegitik kanpo bete beharko da.
b) Aparteko ordutzat hartuko dira hitzarmen honen eta urteko koadrantearen arabera ezarritako ohiko lan-ordutegitik kanpo egiten diren lanordu guztiak. Aparteko orduengatik berariazko diru-konpentsazioa emango da, eta soldata-taulan Aparteko Orduei esleitutakoa izango da. Ordu horiei dagokien atsedenaldia ere arautuko da, enpresaren eta langileen artean ezarritako epeetan. Hiru ordu mota daude: eguneko ordua, jai- edo gau-ordua eta jai- eta gau-ordua.
c) Ordu motak:
1.– Eguneko orduak: astelehenetik ostiralera betetzen diren orduak, 7:00etatik 21:00etara.
2.– Gau-orduak: astelehenetik ostegunera betetzen diren orduak, 21:00etatik 7:00etara.
3.– Eguneko jai-orduak: jaiegunetan betetzen diren orduak, 07:00etatik 21:00etara.
4.– Gaueko jai-orduak:
a) Ostiraletan, 21:00etatik 24:00etara.
b) Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 21:00etatik 07:00etara.
c) Astelehenetan, 00:00etatik 07:00etara.
d) Aparteko orduak egiten direnean, arauzko atsedenaldiak bete behar dira.
e) Eragiketak egiten dituzten langileek plus bat izango dute, eskuragarri egoteagatik. Plusa soldata-taulan ezarriko da.
f) Lanak edo eragiketak asteburuetan edo jaiegunetan egiten baldin badira, ordubete gehiagoko hobaria emango zaie langileei. Aste Santuan eta Gabonetan egiten baldin badira, bi orduko hobaria emango zaie.
g) Puntu honetan adierazi diren ezohiko jarduerak egiten baldin badituzte, eragiketetako langileek plus osagarri bat izango dute. Plus horren ezarpena, baldintzak eta zenbatekoa batzorde paritarioan erabakiko dira, 2013. eta 2014. urteetarako hartu zen akordioari jarraituta.
h) Ez da eragiketarik egingo honako denbora-tarte hauetan: abenduaren 24ko 18:00etatik abenduaren 25eko 20:00etara; ezta abenduaren 31ko 18:00etatik urtarrilaren 1eko 20:00etara ere.
i) Operadoreek bi egun libre izango dituzte, urtean hartzeko.
j) Intzidente operatiboa gertatuz gero, etxebizitzatik lantokira lekualdatzeko denbora lan-denbora efektibotzat joko da.
Donostiako lantokia
Urtearen amaieran sortutako aparteko orduak ohiko orduen prezioan ordainduko dira.
6. KAPITULUA
SOLDATA-ORDAINSARIAK
25. artikulua.– Ordainsarien sistema.
Zierbenako lantokia
Hitzarmen honi atxikitako langileei eman behar zaien soldata-ordainsaria osatuko dute oinarrizko soldatak eta dagozkion osagarriek, kapitulu honetan eta erantsitako soldata-taulan ezarritakoari jarraituta.
Donostiako lantokia
Hitzarmen honi atxikitako langileei eman behar zaien soldata-ordainsaria osatuko dute oinarrizko soldatak eta dagozkion osagarriek, kapitulu honetan eta erantsitako soldata-taulan ezarritakoari jarraituta.
26. artikulua.– Soldaten ordainketa.
Urteko soldata finkoa hamalau hileko kuotetan ordainduko da.
Aurrerakinak
Enpresan 10 urtetik gora eman duten langile guztiek eskubidea dute enpresari eskatzeko hiru hilabete arteko soldata-kuoten aurrerakina, interesik gabe, premia behar bezala justifikatuta. Aurrerakinen amortizazioa ez da izango soldataren % 10 baino handiagoa.
27. artikulua.– Aparteko haborokinak.
Zierbenako eta Donostiako lantokia.
Honako aparteko haborokin hauek ezarrita daude: bata, ekainean; eta bestea, abenduan. Biak zenbateko berekoak izango dira; egiazko soldataren hilabeteko kuota bat, gehi antzinatasuna, zehatz-mehatz.
Enpresan 25 urte egin dituzten langileek hirugarren haborokina jasoko dute. Egiazko soldataren % 5 igoko da, iraunkortasun-haborokin gisa. Hirugarren haborokina administrazioko eta eragiketetako langileei besterik ez zaie ordainduko.
28. artikulua.– Soldatak berrikustea.
Soldatak Estatuko KPIren arabera berrikustea ezarrita dago, 2015eko ekitaldirako. Berrikuspenak atzeraeraginezko efektua izango du, 2015eko urtarrilaren 1a arte.
2016ko ekitaldirako ere ezarrita dago soldatak Estatuko 2015eko KPIren arabera berrikustea.
Estatuko KPI 0 edo txikiagoa baldin bada, soldata-kontzeptuak gutxienez % 0,5 igotzea ezarri da, 29. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aurrekoa gorabehera, plusetan (Esergui, txanda, eskuragarritasuna eta jarduera) jada erakusten da itundutako igoera; hortaz, ez dira berriro igo behar.
29. artikulua.– Soldata-kontzeptuak.
Hitzarmen honetan, soldata-kontzeptu batzuk langile guztientzat ezarrita daude; eta beste kontzeptu batzuk, ordea, espezifikoak dira, lantokia zein den (Zierbenakoa edo Donostiakoa). Hori dela eta, kontzeptuak jaso ditugu, eta langile guztientzat ala lantokiko kontzeptu espezifikoak diren zehaztuta dago.
Oinarrizko soldata lantoki bietan:
Langile guztiei aplikatuko zaie. Balioa erantsitako taulan ezarrita dago.
Zierbenako plus espezifikoak.
Plusak: plus honen ordainketa hainbanatuko da langileek jasotzen dituzten hileko kuotetan.
Plusak honela bereizten dira: jarduera-alorretan egiten den lanaren arabera (batik bat, ponpaketa eta administrazioa bereizi dira); eta txandakako lanaldiak puntuan adierazitako plusetan izaten duen eraginaren arabera (eta zio hori bakarra eta esklusiboa da, ordainsariaren zenbatekoa bereizteko).
Esergui plusa:
a) Esergui A plusa: administrazio-arloan ez dauden langile guztiei aplikatzen zaie; ponpaketa-lanak egiten dituztenei, batik bat. Balioa urtean 829,99 euro gordinekoa izango da.
b) Esergui B plusa: administrazio-arloan dauden langile guztiei aplikatzen zaie, batik bat; langile horiek ez dute ponpaketa-lanik egiten. Balioa urtean 677,33 euro gordinekoa izango da.
c) A txandaren plusa.– 05:00etatik 12:00etarako txanda: txandakako sistemako langile bakoitzari aplikatzekoa. Balioa urtean 2074,76 euro gordinekoa izango da, eta administrazio-arloan ez dauden langile guztiei ordainduko zaie; ponpaketa-lanak egiten dituztenei, batik bat.
d) B txandaren plusa.– 05:00etatik 12:00etarako txanda: txandakako sistemako langile bakoitzari aplikatzekoa. Balioa urtean 2.709,6 euro gordinekoa izango da.
e) Eskuragarritasunari eta jarduerari lotutako plusa: operadore bakoitzari aplikatuko zaio. Administrazio-arloko langileek, ordea, ez dute jasoko. Balioa urtean 900,76 euro gordinekoa izango da.
Hitzarmenaren indarraldiko gainerako urteetan, soldata-taulen igoera zehazteko ehuneko bera aplikatuko zaie plus horiei ere bai.
Dietak eta kilometroak, lantoki bietan:
Zerbitzuaren premiak direla-eta, langile batek destinoa izan ohi duen herritik lekualdatu behar baldin badu, enpresak gastuak ordainduko dizkio, gastuak ziurtatu eta zentzudunak izan direla azaldu ondoren.
Hitzarmen honen sinaduratik aurrera, 2015ean nor bere autoz lekualdatzen denean, 0,33 euro ordainduko zaio kilometro bakoitzeko. Kopuru hori 2016an handituko da, Estatuko 2015eko KPIren arabera.
Antzinatasuna, lantoki bietan:
Langile guztiek, kategoria-salbuespenik gabe, soldataz gain, antzinatasun-ordainsaria jasoko dute, eta honela ordainduko zaie:
1.– Antzinatasun-taulan ezarritako zenbatekoa ordainduko zaie 1981eko abenduaren 31 arte egin diren biurtekoengatik eta 1982ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko azken biurtekoa egin zenetik 1996ko abenduaren 31 arte egin diren hirurtekoengatik.
2.– 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera, bosturteko antzinatasuna zenbatuko da, eta antzinatasun-taulan ezarritako zenbatekoa ordainduko zaie.
3.– Azken biurtekoaren, hirurtekoaren eta bosturtekoaren ordainketa jaso zen egunetatik aurrera zenbatzen hasiko dira hurrengo biurtekoa, hirurtekoa eta bosturtekoa, hurrenez hurren.
Antzinatasun-plusa aplikatuta ere, langileei ezin izango zaizkie inola ere murriztu hitzarmen hau indarrean jartzean antzinatasunarengatik jasotzen dituzten zenbatekoak.
Hitzarmen honetan antzinatasunarengatik itundu diren ordainketak –soldata-taulan antzinatasunari lotuta daude– lantoki bakoitzean ordainduko dira hitzarmena indarrean sartzen denean, eta langileek dagozkien bosturtekoak betetzen dituztenean.
Donostiako lantokian ordaintzen den plusa, jaiegunetan lan egiteagatik.
Jardueraren premiak direla-eta, berreskuratu ezin den jaiegun batean lan egin behar baldin bada, betiere langileak onartuta, honako konpentsazio hau emango zaie langileei:
a) Langileak ohiko soldata gehi % 150eko igoera jasoko ditu.
b) Laneko ordu horiek, % 150eko igoerarekin batera, aurrerago hartu ahal izango ditu.
Zierbena. Aparteko orduak ordaindu behar direnean, honako eskema hau baliatuko da, ordainsaria zehazteko.
Aparteko ordua, egunean.
Aparteko ordua = ordu bakoitzeko soldata, eta % 75eko errekargua.
Aparteko ordua, gauez edota jaiegunetan
Aparteko ordua = ordu bakoitzeko soldata, eta % 150eko errekargua.
Aparteko ordua, gauez eta jaiegunetan.
Aparteko ordua = ordu bakoitzeko soldata, eta % 200eko errekargua.
Egiazko soldata, lantoki bietan:
1.– Langileek lanaldi arruntean jasotzen dituzten egiazko soldatak igotzeko ehunekoa, antzinatasun-plusak alde batera utzita, hitzarmenaren araberako soldatak igotzeko aplikatzen dena izango da.
7. KAPITULUA
LIZENTZIAK, BAIMENAK ETA LANA, GIZARTE-HARREMANAK ETA FAMILIA-HARREMANAK BATERAGARRI EGITEA
30. artikulua.– Lizentziak.
Ahal bezain laster jakinarazten baldin badute, langileei lanera ez etortzea onartuko zaie, eta kobratzeko eskubidea izango dute, honako arrazoi hauetako batengatik gertatzen denean, honako denbora-tarte hauek ezarrita:
1.– Ezkontzeagatik, 20 egutegi-egun; oporraldiarekin bat egiten badute, oporraldiak ez ditu absorbituko.
2.– Semea jaiotzeagatik, 3 egutegi-egun; egun horietako bi, gutxienez, lanegunak izango dira. Kirurgia-operazioa (zesarea) edo medikuak diagnostikatutako gaixotasuna izanez gero, edo langileak horretarako lekualdatu behar baldin badu, bost egun arte hartu ahal izango ditu. Azken kasu horretan, honako irizpide hau erabiliko da, lizentzia handitzeko: langileak 100 eta 200 kilometro bitarteko lekualdaketa egin behar baldin badu, egun bat gehiago; 200 kilometro direnean, bi egun gehiago. Hori guztia beteko da, kontrako ebazpen judiziala eman ezean, herria eta ospitale-zentroa non dauden zehatz-mehatz argituta eta kontuan hartuta.
3.– Ezkontidea, ama, aita edo seme-alabetako bat hiltzen baldin bada, bost egun hartu ahal izango ditu, eta haietako hiru egun baliodunak izango dira, ondorio ofizialetarako. Neba-arrebetako bat edo aurreko zein ondorengo ahaide bat hiltzen denean, hiru egutegi-egun.
4.– Lau egutegi-egun, langilearen ezkontidea ospitaleratu behar badute, edo ospitaleratu gabeko kirurgia-operazioa egin behar badiote, eta etxean atsedena hartu behar baldin badu, mediku batek diagnostikatutako gaixotasun edo istripu larri batengatik.
5.– Hiru egutegi-egun, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailako ahaide bat ospitaleratu behar badute, edo ospitaleratu gabeko kirurgia-operazioa egin behar badiote, eta etxean atsedena hartu behar baldin badu, mediku batek diagnostikatutako gaixotasun edo istripu larri batengatik. Bestalde, lau egutegi-egun arte hartu ahal izango ditu langileak, horretarako lekualdatu behar baldin badu. Lekualdaketa egin behar duenean, aurreko atalean ezarritako arauei jarraituko zaie, distantzia zehazteko eta lizentzia handitzeko.
6.– Langilearen edo ezkontidearen seme-alaben, anai-arreben, eta gurasoen ezkontzagatik, egutegi-egun bat. Egun hori ezkontza-eguna izango da.
7.– Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik, egun bat.
8.– Langileak behar duen ezinbesteko denbora nahitaezko eginkizun publiko edo pertsonalen bat bete behar baldin badu (hauteskundeetan botoa ematea barne). Legezko edo hitzarmenezko arau batean epealdi jakin bat ezarrita dagoenean, arau horrek dioenari lotu beharko zaio, absentziari eta horren diru-ordainari dagokienez.
9.– Azterketa bat egitera joan behar duenean, ezinbesteko denbora hartu ahal izango du, baldin eta langileak ikasketa erregularrak egiten baditu, ikasketa- edo lanbide-titulu bat lortzeko. Langileak 100 kilometrotik gorako lekualdaketa egin behar baldin badu, egun bateko lizentzia emango zaio, azterketa egiteko.
10.– Behar duen ezinbesteko denbora, haurra jaio aurreko azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak lantzeko, betiere lanaldian egin behar badira.
11.– Behar duen ezinbesteko denbora, langilearen kargura dagoen lehen mailako ahaide bati medikuaren kontsultara laguntzeko, betiere kontsulta-ordutegia eta lanaldia aldi berean badira.
Lizentzia bakoitza hartu ahal izateko, honako irizpide hauek kontuan hartuko dira:
a) Ezkontidearekin batera joatea aplikagarria izango da atal honetan aipatzen diren gainerako betekizunak betetzen direnean.
b) Berari laguntzeko ondorioetarako, ezkontidea edo lehen mailako ahaidea langilearen «kargura» dagoela joko da, baldin eta adina, istripua edo gaixotasuna direla eta, bera bakarrik joan ezin denean, edo medikuaren kontsultara bera bakarrik joateko moduan ez dagoenean.
c) Pazienteak langilearen etxean bizi behar baldin badu, edo mendekotasun handia erakusten duen antzeko egoeran badago, eta, hartara, langilearen ohiko edo eguneroko bizimoduan eragina izaten badu (adibidez, adineko gurasoak langileen etxean edo egoitza geriatrikoetan bizi baldin badira).
d) Ez da hartuko senidea langilearen kargura dagoela, langileak 2. atalean zehaztutako baldintzetan bidaia bat egin behar baldin badu, ezkontideari edo senide bati mediku-kontsulta batera laguntzeko.
e) Laguntza-beharra egiaztatu behar da, laguntza eman aurretik edo ondoren. Ziurtagiriaren bidez ziurtatuko da senidea ezin dela bere kabuz joan mediku-kontsultara, senidearen egoera edo inguruabarrak direla-eta.
f) Senidearen adinak mendekotasuna sortu ahal duela joko da; beraz, legez adinez nagusia izan arte, hots, 18 urtekoa izan arte, laguntza beharra duela joko da.
12.– Seme-alaba goiztiarrak jaiotzen direnean, edo edozein arrazoi dela-eta erditzearen ondoren haurrek ospitalean jarraitu behar badute, amak edo aitak lana ordubetean uzteko eskubidea izango dute, egitate sortzaileak irauten duen bitartean.
Aurreko ataleko 1. puntutik 3. puntura adierazitakoei dagokienez, behar bezala egiaztatutako ezohiko kasuetan, inguruabarren arabera behar den denborarako emango dira lizentziak; era berean, lizentzia aitortzeko baldintzak zehaztuko dira, eta ordainsaririk ez jasotzea adostu ahal izango da.
Lizentziaren egitate sortzailea beste herrialde batean gertatzen baldin bada, lizentzia sei egun artekoa izango da: haietako lau ordainduak izango dira, eta bi ordainsaririk gabekoak. Ordainsaririk gabeko baimen-egunak gehiago izan ahalko dira, enpresa eta langilea ados jartzen baldin badira, dagokion herrialdeak eta komunikabideek hala eskatuz gero.
Artikulu honetan aipatu ditugun ordainsariak honela osatuko dira: ohiko lanaldian eta jarduera arruntak eginez langileek jasotzen dituzten ordainsari-kontzeptu guztiak barne hartuko dira, eta osagarri aldakorrak edo lana benetan egiteagatik ematen direnak kanpo utziko dira.
Odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren maila arteko ahaide bat ospitaleratu behar baldin badute (kasu hori hirugarren atalean jorratu da), honako irizpide hauek kontuan hartuko dira:
a) Ospitaleratzea esango zaio ospitale batean gutxienez 24 ordu emateari, ospitaleratze-partea jasota.
b) Senide bat larrialdietara joaten baldin bada, edo bertan geratu behar bada, ez da hartuko ospitaleratu dutela, 24 ordu bertan eman ez baditu. Izan ere, ospitalean 24 ordu eman ezean, ez da sortzen artikulu honetako 3. zenbakian azaldutako ospitaleratze-baimena.
c) Lizentzia jaso ahal izateko, ezinbesteko eskakizuna da langilearen ahaidearen ospitaleratze-partea entregatzea, han egon dela ziurtatze aldera.
d) Ospitaleratzetzat hartzen da senidearen ospitaleratze-aldi bakoitza, kausa bera edo ezberdina izatea alde batera utzita.
Artikulu honetan kontuan hartu diren kasu guztietan, lizentziaren hasierak eta egitate sortzailearen hasierak bat egin behar dute; ospitaleratze-kasuetan, ordea, lizentzia ondoren hasi ahalko da, betiere egitate sortzaileak jarraitzen baldin badu. Kasu horietan, langileak aukeratuko du lizentzia ondoz ondoko egunetan edo aldizkako egunetan jasotzea, aurre-abisua behar bezalako aurrerapenaz emanda.
Artikulu honetan kontuan hartu diren kasu guztietan, ordaindutako lizentzia jasotzeko eskubidea izango dute, bai senar-emazteek, bai izatezko kideek, bikoteak edozein geografia-eremutan sortu diren edo sor daitezkeen erregistro publikoetan inskribatuta baldin badaude. Erregistro publikorik ez dagoenean, bikoteak notario baten eskritura publikoaren bidez ziurtatu ahalko du, eta enpresari era frogagarrian erakutsi beharko dio lizentzia hartzeko egitateak benetan gertatu direla.
Artikulu honetako 1. atalean azaldu diren lizentzia emateko kasuetan, langileak eskaera idatzia aurkeztu beharko dizkio enpresari, eta idazkiarekin batera, egoera ziurtatzeko agiriak ere aurkeztu beharko ditu. Hori egiteko epea gehienez ere hilabetekoa da, bikote gisa inskribatu eta hurrengo egunetik zenbatuta.
Ordainsaririk gabeko baimenak
Enpresan lan egiten gutxienez ere bost urte eman dituzten langileek, premia behar bezala ziurtatuta, gutxienez ere hilabeteko eta gehienez ere sei hilabeteko baimen ordaindu gabeak hartu ahalko dituzte, baldin eta enpresari kalte handia eragiten ez badiote. Lizentzia mota hori ezin da behin baino gehiago eskatu, hiru urteko epean.
31. artikulua. Lanaldi murrizketa, legezko zaintzarengatik.
Legezko zaintzarengatik lanaldia murrizteko eskubidea duten langileek Langileen Estatutuko 37.5 artikuluan ezarritakoari jarraitu beharko diote, eskubideaz baliatzeko.
Langileak lanaldiaren murrizketa hitzartu ahalko du enpresarekin; lanaldia murrizteko, erreferentziatzat hartuko du eguneko, asteko, hileko edo urteko lanaldia.
Horrez gain, lanaldiaren murrizketa hamabi urte arte luzatu ahalko du, langileak aurrez enpresari eskatzen baldin badio.
32. artikulua.– Eszedentziak. Baldintza orokorrak.
Kontratu finkoa duten langileek eszedentzia eskatu ahalko dute, baina zerbitzu aktiboan berriro sartu arte ez dute izango ordainsaria jasotzeko eskubidea.
Bi eszedentzia mota daude: borondatezkoa eta derrigorrezkoa.
Borondatezko eszedentzia
Langileak enpresan gutxienez ere urtebeteko antzinatasuna metatu baldin badu, borondatezko eszedentzia eskatzeko aukera aitortu beharko diote. Eszedentzia mota hori lau hilabetetik gora eta bost urtetik beherako epean ematen da, baina egoera horrek iraun bitarteko denbora ez da zenbatuko, zerbitzuan emandako urteak zenbatze aldera.
Borondatezko eszedentzia hartzeko eskaera onartu egin behar da, baldin eta langileak ikasketak amaitzeko, ezinbesteko familia-premiei erantzuteko edo antzeko egoerak kudeatzeko eskatzen badu, eta behar bezala egiaztatzen badu.
Langilearen lanbide-kategorian lanpostu hutsik ez dagonean, enpresak langileari jakinaraziko dio.
Langileak ezarritako epean enpresara itzultzeko eskatzen baldin badu, beraren kategorian sortzen den lehenengo lanpostu hutsa betetzeko eskubidea izango du. Hutsik geratzen den lanpostua beraren kategoria baino maila beheragoko kategoria batekoa baldin bada, langileak aukeratu ahalko du lanpostu hori eta hari esleitutako soldata onartzea, ala beraren lan-kategoriako lanpostu hutsa sortu arte itxarotea.
Derrigorrezko eszedentzia
Derrigorrezko eszedentziak lanpostua gordetzeko eta horren indarraldiari dagokion antzinatasuna zenbatzeko eskubidea emango du. Langilea kargu publiko baterako izendatu edo hautatu badute, eta lanean bertaratu ezin baldin bada, eszedentzia mota hori onartuko zaio langileari. Kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetean eskatu beharko du langileak lanera itzultzea.
Orobat, enpresan eszedentzia-egoerara pasatzea eskatu ahal izango dute probintzia edo goragoko eremuko sindikatu-eginkizunetan diharduten langileek. Langileak ordezkaritza-karguan diharduen bitartean iraungo du egoera horrek.
33. artikulua.– Ordutegi malgua.
Langileak eta enpresa ados jarrita, eta enpresaren funtzionamenduak ahalbidetzen baldin badu, langileen sarrera- eta irteera-orduak malguak izango dira, lan-bizitza eta familia-bizitza bateragarriagoak izan daitezen.
8. KAPITULUA
GIZARTE-PRESTAZIOAK
34. artikulua.– Aldi baterako ezintasuna.
Lan-istripu edo lan-gaixotasun batengatik, aldi baterako ezintasun-egoera sortzen denean, enpresak soldataren % 100 arte osatuko du, egoera horren bitartean sortu diren plusak ere barne hartuta.
Kontingentzia arruntak direla-eta, aldi baterako ezintasun-egoera sortzen baldin bada, enpresak egiazko soldataren % 100 arte osatuko du, eta aldi baterako ezintasuna sortu eta gehienez ere 15 hilabeteetara sortu diren plusak ere ordaindu dizkio langileari.
35. artikulua.– Osasun azterketa.
Enpresek, mediku-zerbitzuen edo egoki deritzen zerbitzuen bidez, urtean behin mediku-azterketak egingo dizkiete langile guztiei. Azterketa hori egutegiko urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan egingo da.
36. artikulua.– Azterketa ginekologikoak.
Emakumezko langileei eskainiko zaie azterketa ginekologikoa egiteko aukera, enpresak azterketa hitzartu duen zentroan. Enpresaren azterketa ginekologikoa egin beharrean, Gizarte Segurantzakoa egitea hautatzen duten langileek horretarako behar duten denbora hartu ahal izango dute. Azterketa ginekologiko hori urteko lehenengo hiruhilekoan egingo da.
37. artikulua.– Istripu-asegurua.
Enpresak bere gain eta era esklusiboan hartuko du 150.000 euro arteko istripu-aseguru bat. Polizaren kopia bat eta babesaren zehaztasunak eskuratuko dizkie langileei.
38. artikulua.– Erregaia ordaintzeko laguntza.
Erregaia deritzon laguntza hau ezarri da: lantokiko langile guztiek hilean 25 litro gasoliori dagokion zenbateko baliokidea jasoko dute, baldin eta lantokia herrian badute; beste herri batean bizi badira, 50 litro gasolio jasoko dute.
39. artikulua.– Laneko arropa.
Enpresak mendekoei uniformea janzteko eskatzen baldin badie, uniformeak eman beharko dizkie bi urtean behin: neguko uniformea eta udakoa. Hainbat lan egiten dituzten langileek eskubidea izango dute laneko segurtasunari eta higieneari buruzko xedapenetan ezarritako jantziak eskuratzeko.
40. artikulua.– Euskara eta gaztelania.
Iragarki-tauletan jarriko diren ohar guztiak euskaraz eta gaztelaniaz iragartzen saiatuko da, eta derrigorrezkoa izango da langileek gehiengoz hala eskatzen dutenean.
Era berean, enpresetan lehentasuna emango zaie euskara-ikastaroei, etengabeko prestakuntza-ikastaroetan.
41. artikulua.– Iraunkortasun-saria.
Enpresan gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten langileek bertan lan egiteari borondatez uzten baldin badiote, lana uztean eskubidea izango dute enpresak hurrengo paragrafoen arabera ezarritako saria haiei ordaintzeko, enpresarekin izan duten lotura dela-eta:
25 urteko antzinatasuna: egiazko soldataren hileko kuota bi
30 urteko antzinatasuna: egiazko soldataren hiru hileko kuota
35 urteko antzinatasuna: egiazko soldataren lau hileko kuota
42. artikulua.– Xedapen gehigarria. Ekarpenak Geroa BGAEn egitea.
Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek Gizarte Segurantzan borondatezko hobekuntza bat egitea aukeratu dute; horretarako, Geroa BGAEri atxikitzea erabaki dute, eta enpresak eta langileek ekarpenak egingo dituzte erakunde horretan.
Ekarpenek kotizazio-oinarriaren % 0,40koak izaten jarraituko dute; % 0,20, langilearen kargura egongo da, eta, nahi izanez gero, handitu ahal izango du; gainerako % 0,20, enpresak emango du.
Ekarpenak enpresarekin batera egingo dira; hortaz, langilearen kargura dagoen ehunekoa langileari kenduko zaio soldata-nominetatik.
9. KAPITULUA
KONTRATAZIOA
43. artikulua.– Behin-behineko kontratuak.
Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege-dekretuak onartu zuen Langileen Estatuaren testu bategineko 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren babesean, ekoizpen-egoera dela, zereginen pilaketa dela, edo eskabide gehiegi direla-eta, behin-behineko kontratuak egin behar baldin badira, gehienez ere 12 hilabete artekoak izango dira, 18 hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da kontratua erabiltzea eragin duen kausa edo inguruabarra sortu bezain laster.
Artikulu honetan aipatutako behin-behineko kontratuen luzapena ez zaie aplikatuko hitzarmen honek eragindako enpresek eta aldi baterako enpresek hitzartzen dituzten kontratuei, merkatuaren egoera bereziei, lanen pilaketari edo eskabide-kopuru handiegiari erantzuteko egin behar direnean.
44. artikulua.– Prestakuntza-kontratuak.
a) Prestakuntzarako kontratua
Kontratuen iraupena gutxienez ere 6 hilabetekoa eta gehienez ere hiru urtekoa izango da.
Modalitate horretan kontratatu den langilearen soldata honela antolatuko da: lehenengo urtean, administrari laguntzaileen kategoriari dagokion soldataren % 70; bigarren urtean, % 80; eta hirugarrenean, % 90. Horretan kontuan hartuko da lanean benetan emandako denbora.
b) Praktikaldiko kontratua
Modalitate horretan kontratatu den langilearen soldata honela antolatuko da: lehenengo urtean, lan hori edo lan baliokidea egiten duen langile bati hitzarmen honen arabera ezarri zaion soldataren % 70; eta bigarren urtean, % 80.
10. KAPITULUA
SINDIKATU-JARDUERA ETA BERMEAK; ORDEZKARIAK ETA ENPRESAKO BATZORDEAK
45. artikulua.– Berme sindikalak.
Langileak ordezkatzeko organoek eta enpresako sindikatu-atalek eskubidea izango dute sindikatu-jarduerak aske egiteko.
Langileak honako eskubide hauek dituzte:
Zertarako hautatu zituzten, eta horretarako sindikatu-ordezkaritza egitea, enpresaren barnean zein kanpoaldean. Horretan beteko dira 1980ko martxoaren 14ko BOEn argitaratu zen Langileen Estatutuan ezarritako bermeak. Bestalde, jarduera hori egiteko honako ordu-kopuru hauek izango dituzte, hilean:
30 langile arteko enpresetan: 25 ordu hilean.
31-50 langile arteko enpresetan: 30 ordu hilean.
50 langile baino gehiago duten enpresetan: 35 ordu hilean.
Enpresetako langile bati edo batzuei eginiko edozein zehapen, falta astun edo oso astun enpresako batzordeari edo sindikatu-ordezkariei jakinaraztea, 48 orduko aurrerapenaz.
Enpresak biltzarrak antolatzeko baimena ematea, lanorduetan eta lanorduetatik kanpo. Lanorduetatik gehienez ere bost ordu erabiliko dira urtean horretarako; eta lanorduz kanpo behar beste ordu.
Biltzar horiek egiteko deia langileek egingo dute, eta zuzendaritzari gutxienez ere 24 orduko aurrerapenaz jakinaraziko diote. Larrialdietan aurrerapen txikiagoz jakinarazi ahalko dute, behar bezalako justifikazioa emanda.
Ordu horiek, bost orduko muga ezarrita, egiazko soldaten arabera ordainduko dira (aparteko orduak eta primak alde batera utzita).
Enpresa eta lantoki guztietan sindikatu-atalak ezarri ahalko dira. Sindikatu-ataletako ordezkari bat aukeratuko da, eta enpresak onartu beharko du.
Lantokiaren araberako antolaketa:
1.– Lantokiak 50 langile edo gehiago baldin badauka, eta sindikatu-atalean gutxienez langileen % 20 baldin badago, sindikatu-ataleko ordezkariak eskubidea izango du hilean 10 ordu libre hartu eta sindikatu-jarduerak egiteko, bai enpresaren barruan zein kanpoaldean, eta egiazko soldataren arabera ordainduko zaizkio (aparteko orduak eta primak alde batera utzita).
2.– Lantokiak 30 eta 50 langile artean baldin baditu, guztizkoaren % 50 beharko da, hilean 5 ordu hartu ahal izateko.
3.– Lantokiak 10 eta 30 langile artean baldin baditu, guztizkoaren % 50 beharko da, hilean 2 ordu hartu ahal izateko.
4.– Lantokiak 10 langile baino gutxiago baldin baditu, guztizkoaren % 50 beharko da, hilean 2 ordu hartu ahal izateko.
2., 3. eta 4. ataletan aipatu ez diren baldintzak 1. atalekoak dira.
Honako hauek dira sindikatu-atalen eskubideak:
1.– Enpresako tokietan iragarkiak eta abisuak hedatzea.
2.– Enpresaburuak iragarki-taulak ezarri behar ditu enpresan, jakinarazpenak eta iragarkiak jartzeko. Gainera, langile guztientzat ikusgai eta erabilgarri egon behar dute.
3.– Afiliatuen sindikatu-kotizazioak bildu behar dituzte.
4.– Enpresako lokaletan lanorduz kanpo biltzea, enpresako baldintzen arabera egin ahal bada.
5.– Enpresako langileei biltzar-deia egitea, enpresaburuari aurrez jakinarazpena emanda, artikuluaren hasierako 3. zenbakian azaldu bezala.
6.– Hilean, lanaldiko ordu bat hartu ahal izatea, sindikatu-ataletako ordezkariek sindikatuari edo enpresari buruzko gaien berri jasotzeko.
7.– Sindikatu-jarduera behar bezala egiteko lekuak edukitzea, enpresaburuak emanda, betiere ahal baldin bada.
11. KAPITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA
46. artikulua.– Faltak
Enpresetako langileek egin ditzaketen ekintza edo ez-egite zigorgarriak, nolakoak diren eta egoeraren arabera, arintzat, astuntzat edo oso astuntzat hartuko dira.
a) Falta arinak:
1.– Edozein lanetan adi ez egotea edo azalpenik gabeko huts edo atzerapen egitea.
2.– Lanera berandu iristeko hiru falta arte egitea –30 minutu baino gutxiagoko atzerapenarekin– hilabeteko epean. Langilearen eginkizun jakin bat dela-eta, atzerapen horrek ondorio larririk eragiten badu enpresak langile horri emandako lanean, falta hori astuntzat hartuko da.
3.– Lanean ez bertaratzea, dagokion epean baja aurkeztu gabe, aurkeztea ezinezkoa izan dela ziurtatu ezean.
4.– Egiaztatutako arrazoirik gabe lana uztea, denbora laburrerako izan bada ere.
5.– Materiala zaintzean arduragabekeria txikiak egitea.
6.– Jendea behar bezain zuzen eta egoki ez artatzea.
7.– Enpresari bizileku- edo egoitza-aldaketen berri ez ematea.
8.– Enpresako azpiegituretan lankideekin eztabaidan aritzea, betiere jende aurrean egin ez bada.
9.– Egun batean lanera ez etortzea, behar den baimenik edo egiaztatutako arrazoirik gabe.
b) Falta astunak:
1.– Hogeita hamar egunetan, hirutan baino gehiagotan lanera garaiz ez etortzea, justifikatu gabe.
2.– Hilabeteko epean bi egunez lanera ez bertaratzea, justifikatutako arrazoirik gabe. Falta horiengatik jendeari kalte egiten bazaio, oso astuntzat joko dira.
3.– Laneko orduetan, jokoan edo antzekoetan aritzea, horiek edozein izanik ere.
4.– Gaixorik egotearen edo istripua eduki izanaren itxura egitea.
5.– Lanean nagusien esana ez betetzea. Esana ez betetzeak lana nabarmen eragozten badu edo horren ondorioz enpresari ageriko kalteak eragiten bazaizkio, falta oso astuntzat hartuko da.
6.– Beste langile bat dagoenaren itxura egitea, haren ordez fitxatuz.
7.– Establezimenduko genero edo artikuluen kontserbazioan arduragabekeria garrantzitsua izatea.
8.– Jendea batere errespeturik eta begirunerik gabe tratatzea.
9.– Lankideekin eztabaida gogaikarriak edukitzea, jendearen aurrean.
10.– Lanaldian lan pertsonaletan aritzea horretarako behar den baimenik izan gabe, eta enpresaren erremintak edo materialak nork bere gauzetarako erabiltzea.
c) Falta oso astunak:
1.– Sei hilabetean hamar alditan baino gehiagotan garaiz ez iristea, inolako justifikaziorik gabe, edo hogei alditan urtebetean.
2.– Agindutako lanetan iruzur egitea, leialtasun ezaz jokatzea, edo konfiantzaz abusatzea, bai eta beste lankideekiko edota lanean dagoen beste edozein pertsonarekiko tratuan ere. Edo nork bere kontura edo beste pertsona baten kontura merkataritzako edo industriako negoziazioak egitea, enpresaren berariazko baimenik gabe.
3.– Enpresako lehengaiak, lan-tresnak, lanabesak, makinak, aparailuak, instalazioak, eraikinak, tresnak eta agiriak galtzea, erabilezin bihurtzea edo hondatzea.
4.– Lapurreta, ebasketa eta bidegabeko eralgitzea egitea, enpresaren barruan edo kanpoaldean.
5.– Zerbitzua ematen ari den bitartean mozkortuta edo drogatuta egotea.
6.– Enpresak bakarrik ezagutu behar dituen gutunen edo agirien sekretua haustea.
7.– Nahitaez isilpean gorde behar diren datuak enpresatik kanpokoei erakustea.
8.– Nagusiak edo horien senideak, lankideak eta mendekoak hitzez edo egintzez gaizki tratatzea, agintekeriaz jokatzea edo errespeturik edo aintzarik ez agertzea.
9.– Lanaren ohiko errendimendua nahita eta etengabe murriztea.
10.– Lankideekin sarritan liskarretan eta eztabaidetan aritzea.
11.– Falta astunak errepikatzea, falta mota desberdina izan arren.
12.– Langileen duintasunaren eta intimitatearen aurkako egiteak eta langileei zor zaien errespetua ez adieraztea, hitzezko ofentsak edo ofentsa sexualak eginez, hierarkian maila handiago baten agintekeriaz baliatuta.
Zehapenak
Faltak egiten dituztenei ezar dakizkiekeen gehienezko zigorrak hauexek dira:
Falta arinak direnean:
Hitzezko ohartarazpena
Idatzizko ohartarazpena
Enplegua eta soldata etetea, gehienez, bi egunez
Falta astunak direnean:
Hiru eta zazpi egun bitartean enplegua eta soldata etetea
Falta oso astunak direnean:
Zortzi eta hirurogei egun bitartean lana eta soldata etetea
Kaleratzea
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aukeren berdintasuna sustatzea.
Enpresako ordezkariek eta langileen ordezkariek adierazi dute emakumeen eta gizonen lan-aukerak berdinak izatea sustatu beharra dagoela.
Horretarako, batzorde bat eratu behar da berdintasunaren egoera diagnostikatzeko eta enpresaburuari zein langileei horren beharraz ohartarazteko ekintzak antolatzeko. Ildo beretik, pertsona guztien arteko errespetua sustatu behar da, eta industria-eremuan egon nahi duten emakumeei lagundu behar zaie.
URTEKO SOLDATA ETA LANBIDE-SAILKAPENA ZIERBENAKO LANTOKIAN
Eragiketak:
1. lanbide-taldea
– Arduraduna: 16.842,25 euro.
2. lanbide-taldea
– Lehen mailako operadore ofizialak: 16.134,55 euro.
3. lanbide-taldea
– Bigarren mailako operadore ofizialak: 15.709,93 euro.
4. lanbide-taldea
– Hirugarren mailako operadore ofizialak: 15.709,93 euro.
Administrazioa:
1. lanbide-taldea
– Administraria: 16.134,55 euro.
2. lanbide-taldea
Administrari laguntzailea: 15.709,93 euro.
Tituludunak:
1. lanbide-taldea
– Ingeniaria: 20.804,36 euro.
URTEKO SOLDATA ETA LANBIDE-SAILKAPENA DONOSTIAKO LANTOKIAN
Administrazioa:
1. lanbide-taldea
– Administraria: 22.664,26 euro.
2. lanbide-taldea
Administrazio-laguntzailea: 19.338,60 euro.
Tituludunak:
1. lanbide-taldea
– Ingeniari lizentziaduna: 37.347,69 euro (ingeniaria); 36.580,68 (lizentziaduna)
– Diplomaduna: 28.979,85 euro.
2. lanbide-taldea
– Agente komertziala: 19.338,60 euro.
ANTZINATASUN-TAULA ZIERBENAKO LANTOKIAN
LANBIDE SAILKAPENA
Eragiketak:
1. lanbide-taldea
– Arduraduna: 25,63 bosturtekobakoitzeko
2. lanbide-taldea
– Lehen mailako operadore ofizialak: 25,63 euro bosturtekobakoitzeko
3. lanbide-taldea
– Bigarren mailako operadore ofizialak: 25,63 euro bosturtekobakoitzeko
4. lanbide-taldea
– Hirugarren mailako operadore ofizialak: 25,63 euro bosturtekobakoitzeko
Administrazioa:
1. lanbide-taldea
– Administraria: 24,44 bosturtekobakoitzeko
2. lanbide-taldea
– Administrari laguntzailea: 24,44 bosturtekobakoitzeko
Tituludunak:
1. lanbide-taldea
– Ingeniaria: 25,63 bosturtekobakoitzeko
ANTZINATASUN-TAULA DONOSTIAKO LANTOKIAN
LANBIDE SAILKAPENA
Administrazioa:
1. lanbide-taldea
– Administraria: 31,57 bosturtekobakoitzeko
2. lanbide-taldea
Administrazio-laguntzailea: 24,44 euro bosturteko bakoitzeko
Tituludunak:
1. lanbide-taldea
– Ingeniari lizentziaduna: 47,25 euro bosturteko bakoitzeko
– Diplomaduna: 39,46 euro bosturteko bakoitzeko
2. lanbide-taldea
– Agente komertziala: 24,44 euro