EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017095

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko otsailaren 27ko bilkuran hartua Mungiako Udalari buruzko fiskalizazio txostena 2015ekoa behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-02-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201702502
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko otsailaren 27an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Mungiako Udalari buruzko fiskalizazio txostena, 2015ekoa behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 27a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
MUNGIAKO UDALARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA 2015
Laburdurak.
AO: Administrazio Orokorra.
AS: Arau Subsidiarioak.
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
DBLO: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzkoa.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EA: Erakunde Autonomoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
ED: Errege Dekretua.
EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HEL: Hirigintzako Erakunde Laguntzailea.
HHS: Hiriko hondakin solidoak.
HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
HLPP: Hasierako Lanbide-prestakuntzako Programak.
JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
JU: Jardun Unitatea.
LOMCE: Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa, hezkuntza kalitatea hobetzeko.
LPP: Lurralde Plan Partziala.
LPS: Lurralde Plan Sektoriala.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga
OLH: Oinarrizko Lanbide Heziketa.
PGN: Publizitaterik gabeko negoziatua.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
TMIZ: Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga.
VISESA: Euskadiko Etxebizitza eta Lurzorua, SA.
XG: Xedapen Gehigarria.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraiki, Mungiako Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak Udalaren, Astiunerako Udal Erakundea eta Uriguen Haurtzaindegia erakunde autonomoen eta Mungia Beharrean, SA eta Mungialdeko Behargintza, SL. udal sozietateen egoeraren balantzeak, galera-irabazien kontuak eta oroitidazkiak besarkatzen ditu. Udalari eta bere erakunde autonomoei dagokienez, gainera, aurrekontuen likidazioak eta kontsolidatutako balantzea eta galera-irabazien kontua ere jasotzen ditu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Mungiako udalerriak 17.131 biztanle ditu 2015eko urtarrilaren 1eko erroldan Estatistika Institutu Nazionalaren arabera eta bere egituran, udalaz gain, honako hauek besarkatzen ditu:
– Astiunerako Udal Erakundea (kultura eta kirol mailako jarduera, zerbitzu eta instalazioen udal eskumenen kudeaketa) eta Uriguen Udal Haurtzaindegia fundazioa (haurtzaroko ongizatea) erakunde autonomoak.
– Mungialdeko Behargintza, SL (zonaldeko enplegagarritasuna hobetzea eta sustapen ekonomikoa bideratuko duten dinamikak sustatzea) eta Mungia Beharrean, SA (hirigintzaren eta egoitzen kudeaketa, batik bat) % 100 partaidetuak.
Gainera, ondoko udalaz gaindiko entitate hauen atal da:
– Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoa.
– Gizarte Zerbitzuetarako Mungialde Partzuergoa.
– Durangoko Eskualdeko Hiltegiaren Mankomunitatea.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Lurraldebus, SLk argindarraren hornidura kontratatu du kontratu txikiaren prozedura bitartez, publikotasunari eta esleipen prozedurari buruzko betekizunak saihestuz. 2015eko ekitaldian egikaritutako gastu-bolumena aintzat hartuta, 430.523 eurorena, bidezkoa zatekeen prozedura irekia izapidetzea.
2.– Astiunerako Udal Erakundea erakunde autonomoak 211.964 euroren bi hornidura kontratatu ditu kontratu txikiaren prozedura bitartez, publikotasunari eta esleipen prozedurari buruzko betekizunak saihestuz.
Epaitegi honen ustetan, Mungiako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1. eta 2. paragrafoetan jasotako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doiketek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2015eko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean:
2.– Egoeraren balantzeak ez du Lurzoruaren Udal Ondareari dagokion idazpuruan Udalak erositako lursailen balioa jasotzen zehaztu gabeko zenbatekoan, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 18. artikuluaren 1. atalaren b) hizkiak aipagai duen nahitaezko lagapen-betebeharraren indarrez, Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
3.– Udalak ez du oroitidazkian bere Kontuetan eragina izan zezakeen gorabehera baten berri ematen, Monte Berriaga Hirigintzako Erakunde Laguntzaileak eta Monte Berriaga eraikin multzoaren jabe-erkidegoak aurkeztutako ondarezko erantzukizunaren erreklamazio batetik eratorritakoa; erreklamatzen den zenbatekoa 8,8 milioi eurorena da. Honi dagokionez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 2016ko urriaren 19ko irizpenean ondorioztatu du Udalak ondarezko erantzukizuna duela eta ordaindu beharreko kalte-ordaina 65.258 euroan finkatu du.
Epaitegi honen iritzira, 1etik 3. paragrafora bitartean adierazitako salbuespenak alde batera, Mungiako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
Auditoriako gure iritzian eraginik izan gabe, ondokoa azpimarratu nahi dugu:
Hirigintzako hitzarmen proposamen bat dago; proposamen hori onartuko balitz, Udalari bi lursail eskualdatzeko obligazioa eragingo lioke Mungia Beharrean, SAri eta bi lursail horiek 2015eko ekitaldi itxieran bere aktiboaren % 90 osatzen zuten. Sozietatearentzat etorkizunerako aurreikusitako jarduera bakarra lursail horien gainean egitea dago aurreikusia.
Ondoko gertakaria.
Udalak 2016ko urriaren 28an egindako Osoko bilkuran Astiunerako Udal Erakundea eta Uriguen Udal Haurtzaindegia Fundazioa udal erakunde autonomoak desegiteko erabakia hartu du.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2015eko Kontu Orokorra Osoko bilkurak 2016ko azaroaren 25ean onartu zuen, atzerapenez uztailaren 31ko legezko epearekiko (3/2004 FAren 63.4 artikulua).
– Udalak bere ondasunen zerrenda bat du, 1997ko ekitaldi itxierara ekarria; bertatik eskuratu ziren ondare kontabilitateko hasierako kontularitzako saldoak, urtero inbertsioen bitartez gaurkotzen direnak Egoera Balantzeko saldoak eskuratzeko. Alabaina, ez da inbentarioaren urteko zuzenketa nahitaezkoa egin (1372/1986 EDren 33tik 35era bitarteko artikulua, Toki erakundeen ondasunen erregelamendua). Gainera, ondasun zerrenda horrek berariazko idazpurua jaso behar luke Lurraren Udal Ondarearentzat (2/2006 Legearen 112. artikulua, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa).
III.2.– Langileria.
– Irailaren 18ko 1174/1987 EDren 18.1 artikuluak, nazio mailan jarduteko gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duenak, agintzen du Idazkaritza bigarren mailan sailkatua duten Tokiko Udalbatzetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egongo dela. 2015eko ekitaldi itxieran indarrean zegoen Mungiako Udalaren Lanpostu Zerrendak ez zuen lanpostu hori jasotzen.
III.3.– Emandako transferentzia eta diru-laguntzak.
2015eko ekitaldian Udalak eta Astiunerako Udal Erakundeak erakunde autonomoak emandako transferentzia eta diru-laguntzen lagin esanguratsua aztertu ondoren, honako ondorio hauek eskuratu ditugu:
– Udalak ez die diru-laguntza izendun eta zuzenen onuradunei zerga edo Gizarte Segurantzarekiko obligazioetan gaurkotuta egoteko betekizuna eskatzen; ezta DLOren 13. artikuluak agintzen dituen gainerako betekizunak bete dituztela egiaztatzeko ere.
– Udalak ez ditu Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu banakako kopurua 3.000 eurotik gorakoa duten diru-laguntzen emakida-ebazpenen laburpena, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 18. artikuluak agintzen duen moduan.
– Udalak emandako bi diru-laguntza zuzenetan eta Astiunerako Udal Erakundea erakunde autonomoak emandako beste batean, 22.465 eta 600 eurorenak hurrenez hurren, ez dago eskatutako baldintzak betetzen zirelako agiri egiaztagarririk, ez eta diru-laguntza emateko ekintzan aurreikusitako helburuak bete zituenik.
III.4.– Kontratazioa.
Kontratugilearen profila.
– GHKren kontratugilearen profila euskarritzen duen sistema informatikoak ez du bertan jasotzen den informazioaren hedapen publikoa zein unetan hasten den modu frogagarrian egiaztatzen utziko duen gailu egokirik.
– 2015eko ekitaldian SPKLTBren 334 artikulua urratu zen, lizitazioen deialdia eta horren emaitzak Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitara ematera behartzen duena, kasu guztietan, dela kontratazio atalek zuzenean, dela administrazio eta erakunde publikoen informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko elkarlotura bidez.
Kontratazio espedienteak.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 12 kontratuak aztertzerakoan, horietako 8 Udalak berak esleitutakoak, bi Aisiunerako Udal Erakundeak, bat Uriguen Haurtzaindegia erakunde autonomoak eta beste bat Mungiako Behargintza, SA udal sozietateak, ondotik adierazitako hutsak azaleratu dira:
– 751.410 euroan esleitutako kontratu batean (9. espedientea) kontratuaren xedeari zuzenean lotu gabeko eskaintzen balorazio irizpideak baliatu ziren (SPKLTBren 150.1 artikulua). Beste obra kontratu bateko pleguak (1 zk. espedientea), 268.000 euroren zenbatekoan esleitutakoak, esleipen irizpide modura hobekuntza teknikoak jasotzea barne hartzen du, zein elementuren gainean eta zein baldintzatan baimentzen den horiek aurkeztea zehaztu gabe (SPKLTBren 147.2 artikulua).
– Guztira 1,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 4 kontraturen pleguetan barne hartutako formula aplikatzean, prezio batek lizitazio tipoa berdinduz gero, puntuazio positiboa eskuratuko zukeen eskaintza ekonomikoa irizpidearen balorazioan. Horrek esan nahi du automatikoki neurgarriak diren irizpideei irizpide subjektiboei baino haztapen handiagoa ematen bazitzaien ere, egiazko haztapena txikiagoa zela. Guztira 1,6 milioi euroan esleitutako beste bi kontraturen pleguek (9 eta 12 zk. espedienteak) aipatutako irizpidea balioztatzeko bereizten zituzten formula aritmetikoek, objektiboak eta publikoak izan arren, eskaintza ekonomikoenak zigortzen zituzten, izan ere puntuazio bera ematen die lizitazio aurrekontuaren gainean beheranzko ehuneko jakin bat gainditzen duten eskaintza haiei.
– Guztira 1,7 milioi euroan esleitutako hiru kontraturen pleguek (5, 10 eta 11 zk. espedienteak) kontratua betetzeko baldintza berezi modura, oinarrizko kontratu-obligazio izaerarekin, lan arloko legediari dagozkion ezaugarriak ezartzen zituzten.
– 1,3 milioi euroan esleitutako 5 kontraturen pleguek (1, 5, 6, 7 eta 11 espedienteak) kontratua aldatzeko aukera aurreikusten zuen, hori zein baldintzatan egin zitekeen argi, zehatz eta zalantzarik gabe zehaztu gabe; ez eta, adostu zitezkeen aldaketen zabala eta mugak, ezta horretarako baliatu beharko zen prozedura ere (SPKLTBren 106. artikulua).
– Udal tanatorioa kudeatzeko esleitutako kontratu batean (8. espedientea), Kontratazio mahaiaren osaera ez zitzaion pleguetan eta SPKLTBren 2.10 xedapen gehigarrian jasotakoari egokitzen, udal artekaria ez baitzen bertaratu.
– Izaera pertsonaleko datuen tratamendua berekin ondorioz zekarten bi kontraturen kasuan (6 eta 8 espedienteak), SPKLTBren hogeita seigarren XGan erabakitakoa hartu behar zatekeen aintzat, DBLOren 12.2 artikuluaren aurreikuspenei buruzkoa.
– Guztira 1,6 milioi euroan esleitutako hiru kontratutan (6, 9 eta 10 espedienteak), behin betiko bermea urteko baten gainean kalkulatu zen eta ez esleipen prezio osoaren gainean, kontratuaren iraupen aldi osoa aintzat hartuta.
– 179.000 euroan esleitutako kontratu batean (2 zk. espedientea) ez zen espedientean behar bezala justifikatu proiektuaren elaborazioa eta obren egikaritza batera kontratatu izana, SPKLTBren 124.1 artikuluak agintzen duen moduan. Berebat, ez dago erasota artikulu bereko 3. atalean jasotako eskakizuna bete denik, kontratistak kontratazio atalari proiektua aurkezteari dagokionez, gainbegiratze, onespen eta zuinketarako.
– 2008 eta 2009ko ekitaldietan 15,7 milioi euroan esleitutako 2 zerbitzu-kontratutan (3 eta 4 espedienteak), egikaritza epeak gainditu egiten zuen kontratu mota honetarako finkatutako iraupen gehiengoa, izan ere administrazioko kontratu berezi eta zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu modura sailkatu ziren, hurrenez hurren. Egiazko izaerari jarraikiz, bi zerbitzu-kontratu lirateke, gehienera 6 urteko indarraldikoak.
Administrazio kontrataziorik gabeko gastua.
– Udalak eta Aisiunerako Udal Erakundea erakunde autonomoak ez dituzte 4 zerbitzu eta 2 hornidura kontratutan, hurrenez hurren 113.641 eta 47.163 eurorenak, gastuak exekutatzean prozedura negoziatu bitartez administrazio-kontratazioko derrigorrezko espedienteak izapidetu.
Hornitzaileei ordainketa epeak.
– Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak aurreikusitako ordainketa epeak betetzeari buruzko hiruhileko txostenen arabera, 2015eko ekitaldian Udalak bere obligazioen % 30,6 (2,4 milioi euro) epe horiek gaindituta ordaindu zuen.
III.5.– Gardentasuna.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean erabakitakoari jarraikiz, 2015eko abenduan toki-erakundeen egoitza elektronikoek edo web-orriek informazio jakin bat besarkatu behar zuketen, zeinaren ezagutza garrantzizko jotzen den gardentasuna bermatu eta jarduera publikoaren kontrola bideratzeko. 2015eko ekitaldi itxieran Mungiako Udala gardentasun-atari bat sortzeko prozesuan zegoen baina ez zituen araudiak agintzen dituen eskakizun guztiak betetzen, batik bat ekonomia, aurrekontu eta estatistikako informazio gaietan. Hain zuzen ere, ez zituen argitara ematen:
– Urteko kontuak, aurrekontu xehatua eta egikaritzaren egoera eta aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasun helburuak betetzeari buruzko informazioa.
– Sektore publikoko kontratuen legerian aurreikusitako prozedura bakoitzaren bitartez esleitutako kontratuen ehunekoari buruzko estatistika datuak aurrekontu-bolumenean.
– Tokiko ordezkarien ondasunen eta jardueren urteko aitorpenak.
– Emandako diru-laguntzak eta laguntzak, gauzatutako hitzarmenak eta kudeaketa mandatuak.
– Udalaren jabetzako ondasun higiezinen zerrenda.
IV.– Finantza Analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: % 7 egin dute gora aztertutako aldian. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: Diru-sarrera hauek % 6 egin zuten gora 2014ko ekitaldian aurreko ekitaldiarekiko, baina % 2 murriztu ziren 2015ean; horrek aztertutako aldian % 4ko bariazio garbi positiboa izatea ekarri zuen. EIOZ kontzeptuan aitortutako sarreren fluktuazioaren eragina kentzen badugu, aztertutako aldian igoera % 5ekoa baino handiagoa izan da. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
* Zerga zuzenak: aztertutako aldian aitortutako diru-sarrerek % 5 egin dute gora, nahiz zerga bakoitzean oso bilakaera ezberdina izan duten. Hirilurren Balio Gehikuntzaren Zergak eragindako diru-sarrerek % 50 egin dute behera eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga % 40 igo da; kontrara, OHZ eta TMIZek bariazio txikiagoa izan dute, % 3 ingurukoa kasu bietan. OHZ eta JEZaren kasuan gogoan hartu behar da ekitaldi bakoitzari dagokion likidazioa diru-sarrera modura erregistratzen dela hurrengoan eta likidazio horiek ez zaizkiola beti kontu-sail egokiari egozten.
* Tasak eta bestelako sarrerak diru-sarrerek % 5 egin dute gora aztertutako aldian eta azpimarratzekoa da zaborren etxeko bilketak edo Hiri Hondakin Solidoek eragindako diru-sarreren igoera, % 9koa. Berebat, eragin positiboa izan dute bariazioan 2015eko ekitaldian erregistraturiko banku-abalak egikaritzeagatiko sarrerek eta oro har, negatiboa izan da kapitulu honetan erregistraturiko gainerako tasa eta sarreren bilakaera.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: diru-sarrera hauek % 11 egin dute gora aztertutako aldian, batik bat Udalkutxatik datozen zerga itunduen kontzeptuan aitortutako sarrerek izan duten bilakaeraren ondorioz (% 10eko igoera); baita, BFAtik eta EAEtik jasotako gainerako diru-laguntzek gora egin izanaren ondorioz.
Funtzionamendu gastuak: aztertutako aldian diru-sarrera arruntek baino gehiago egin dute gora (% 8). Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:
– Langile gastuak: 2014an langileria-gastuek % 2 egin zuten gora aurreko ekitaldiarekiko eta 2015ean berriz egin zuten gora, % 4 baino gehiago; horretan eragin berezia izan zuen 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren zati bat ordaindu izanak. Ordainketa horren eragina kendu ostean, fiskalizazio-gai izan den ekitaldian langile gastuek izan duten igoera % 2,5ekoa zatekeen.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: aurrekontuko kapitulu honetako gastuak % 5 egin du gora aztertutako aldian eta 2014 eta 2015eko ekitaldietan, hurrenez hurren, % 3 eta % 2ko igoerak izan dira.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: 2014an gastuak % 21 egin zuen gora, nagusiki ekitaldi horretan Mungia Beharrean udal sozietateari egindako 465.524 euroren transferentziak kontabilizatu izanaren ondorioz. 2015ean ez zitzaion aipatutako sozietateari transferentziarik egin eta horrek gastua murriztea ekarri zuen, nahiz txikiagoa izan zen (% 6), kapitulu honetan erregistraturiko gainerako transferentzia eta diru-laguntzek izandako igoeraren ondorioz.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: aurrezki gordinak % 7 egin zuen gora 2014ko ekitaldian aurreko ekitaldiarekiko, baina % 2 murriztu zen 2015ean; horrek aztertutako aldian % 5eko bariazio garbi positiboa izatea ekarri zuen. Aurrezki garbia % 70 handiagoa izan zen 2014an, izan ere 2013an finantza pasiboen kapituluan Udalkutxako 2009, 2011 eta 2012ko ekitaldietako likidazio negatiboei zegozkien gastuak kontabilizatu ziren, 912.436 euroren zenbatekoan, eta horiek magnitude honen gainean eragin negatiboa izan zuten. 2015ean magnitude honek aurrezki gordinak izan zuen bilakaera bera izan zuen (% 2ko murrizketa).
Kapital eragiketen emaitza: magnitude honek saldo negatiboa izan du aztertutako aldian eta bereziki altua izan zen 2014an (% 319), egiazko inbertsioek izan zuten igoera handiaren ondorioz eta aipatutako ekitaldian BFAren kapital diru-laguntza bat itzuli izanaren ondorioz, milioi bat eurorena. Aurrezki garbiak, nolanahi ere, kapital eragiketen defizita berdintzen du, aipatutako ekitaldian izan ezik, non bi magnitudeak ia-ia bat datozen.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: positiboa da aztertutako epean, nahiz nabarmen egin duen behera 2014an (% 83), aurreko atalean aipatutako gertakariengatik batik bat.
Diruzaintza geldikina: magnitude hau % 8 hazi da aztertutako aldian. HKEEk proposatu zituen 1,1 milioi euroren doiketak aintzat hartuz gero, magnitude horrek 2015eko abenduaren 31n 11,7 milioi euro egingo lituzke.
Zorpetzea: % 41 murriztu da aztertutako aldian egindako amortizazioen ondorioz.
Ondorioa: Udalak egoera ekonomiko osasuntsua erakusten du eta behar hainbateko baliabideak ditu ohiko jarduerari eusteko eta etorkizuneko inbertsioei zorpetu beharrik izan gabe aurre egiteko.
Aurrekontuaren egonkortasuna: aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legearen garapen-erregelamendua onartzen duen azaroaren 2ko 1463/2007, EDren 16.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, toki-erakundeei dagokienez, Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena jaulki zuen aurrekontuaren egonkortasun, gastuaren arau eta zor publikoaren helburuak bete zirela egiaztatuz. Txosten hori Udalari, bere organismoei eta mendeko erakundeei dagokie eta 2015eko ekitaldiko aurrekontuen likidazioari dagokionez, honako hau egiaztatzen du:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete dela eragiketa ez finantzarioen superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete dela, izan ere, gastu zenbagarriaren bariazioak 2014ko ekitaldiarekiko ez zuen espainiar ekonomiaren batez besteko epeko BPGren hazkuntzaren erreferentziazko tasa gainditu (% 1,3).
– Zor publikoaren helburua bete dela, egiazko indarreko zorraren bolumena 2015eko abenduaren 31n finantzazkoak ez diren sarreren % 60 baino txikiagoa baita.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Erakunde autonomoak.
V.3.– Sozietate publikoak.
MUNGIAKO UDALAREN 2015EKO DIRU-KONTUEN FISKALIZAZIOAREN ONDORIOEI EGINDAKO ALEGAZIOAK.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
«1.– Lurraldebus, SLk argindarraren hornidura kontratatu du kontratu txikiaren prozedura bitartez, publikotasunari eta esleipen prozedurari buruzko betekizunak saihestuz. 2015eko ekitaldian egikaritutako gastu-bolumena aintzat hartuta, 430.523 eurorena, bidezkoa zatekeen prozedura irekia izapidetzea.»
Energia elektrikoaren hornidurarako kontratazinoa dala-eta aitatzen dan ez-betete horren zergaiti nagusia baliabide pertsonal eta tekniko falta izan zan. Halanda bere, Udalbatzak 2016ko abenduaren 15ean egindako Osoko Bilkuran erabagi eban Bizkaiko Kontratazino Zentral Foralagaz bat egitea, kontratazinoaren lan-administratiboa ahal danik eta gehien sinplifikatzeko eta espezializazino handiagoa lortzeko.
Horretaz ganera, kontuan hartu behar da Bizkaiko Kontratazino Zentral Foralaren sorrera eta osaketa arautzen dituan 125/2016 Foru Dekretuaren II. Eranskinean erosketa-zentralizatu bidez kontratatu beharreko ondasun, obra eta zerbitzuen zerrenda agertzen dala, eta aipamen berezia egiten jakela energia elektriko, gas, telefono eta antzeko hornidurei. 2017rako aurreikusita dago energia elektrikoko zerbitzua lizitatzea.
«2.– Astiunerako Udal Erakundea erakunde autonomoak 211.964 euroren bi hornidura kontratatu ditu kontratu txikiaren prozedura bitartez, publikotasunari eta esleipen prozedurari buruzko betekizunak saihestuz.»
Aurreko epigrafean azaldutako arrazoi berberak aitatu behar dira puntu honetan bere, beraz, eta errepikapenak saihestearren, ez doguz barriro idatziko.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
«1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doiketek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2015eko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean.»
Diruzaintzako Gerakinaren inguruan proposatutako doikuntzak dirala-eta:
– Udalkutxak 2015eko ekitaldirako egindako likidazino negatiboa (991) 2016ko ekitaldiari inputatu jakon, eta horrenbestez, ekitaldi horretako diru-sarrerak murriztu egin ziran. 2016an heldu zan (sarrera erregistroko data: 2016ko martiaren 3a) aitatutako likidazino horren emaitza zehatzaren komunikazino ofiziala, BFAk idatziz bialdutakoa. Eta Udalkutxaren likidazino negatiboak inputatzeko erabili zan irizpidea aurrekoetan erabilitako berbera izan zan, hau da, kopurua zehaztu eta komunikatutakoan erabagi zan ekitaldi batetik bestera pasatzea; gauza bera egin zan 2014ko likidazino negatiboagaz, 2015eko ekitaldiari inputatu jakon eta.
– Urteko kontuak zarratzean kontabilizatu barik gelditu ziran gastuek (169) handiatu egin eben 2015eko Gerakina. Gerakin handiago horri esker finantziatu zan faktura horreek hurrengo ekitaldian ordaintzeko kredituari egindako gehikuntza.
«2.– Egoeraren balantzeak ez du Lurzoruaren Udal Ondareari dagokion idazpuruan Udalak erositako lursailen balioa jasotzen zehaztu gabeko zenbatekoan, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 18. artikuluaren 1. atalaren b) hizkiak aipagai duen nahitaezko lagapen-betebeharraren indarrez, Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.»
Udalak aurreikusita dauka udal inbentarioa gaurkotzeko zerbitzua kontratatzea. Inbentario hori egin eta ondorengo mantentze-lanak (tresna informatiko bidez egingo diranak) parametrizatu ostean, balantzeko «IV. Lurzoru-ondare publikoa» izeneko epigrafea edukiz beteko da.
«3.– Udalak ez du oroitidazkian bere Kontuetan eragina izan zezakeen gorabehera baten berri ematen, Monte Berriaga Hirigintzako Erakunde Laguntzaileak eta Monte Berriaga eraikin multzoaren jabe-erkidegoak aurkeztutako ondarezko erantzukizunaren erreklamazio batetik eratorritakoa; erreklamatzen den zenbatekoa 8,8 milioi eurorena da. Honi dagokionez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 2016ko urriaren 19ko irizpenean ondorioztatu du Udalak ondarezko erantzukizuna duela eta ordaindu beharreko kalte-ordaina 65.258 euroan finkatu du.»
Auzi hau epaitegietan konponduta ikusteko eguna, akordioren bat tarteko ez bada, urrun dago oraindik, seguruenik urteak beharko dira. Horregaitik ez da horren barririk emoten Memorian. Halanda bere, Udalbatzari aldian-aldian emoten jako zabalik dagozan auzien egoeraren ganeko informazinoa.