EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2017094

53/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza sortzeko, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700053
Xedapenaren data: 2017-05-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201702475
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza sortzeko, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 2a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 2KO 53/2017 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN, BILBOKO UDALAREN ETA BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, BIZKAIKO MUGIKORTASUN AGINTARITZA SORTZEKO
Bilbon, 2016ko otsailaren 27an.
BILDU DIRA:
Vicente Reyes Martín jauna, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko foru diputatua.
M.ª Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua.
Juan Maria Aburto Rike jauna, Bilboko Udaleko alkatea.
Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Garraio Partzuergoko lehendakaria.
ESKU HARTU DUTE:
Vicente Reyes Martín jaunak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa. Beraren ordezkaritza Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 2016ko urriaren 31ean hartutako erabakiaren ondorio da.
M.ª Aranzazu Tapia Otaegui andreak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa.
Juan Maria Aburto Rike jaunak, Bilboko Udalaren ordezkari gisa. Beraren ordezkaritza Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 21. artikuluaren ondorio da, Udalaren legezko ordezkaritza esleitzen diona.
Unai Rementeria Maiz jaunak, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren ordezkari gisa. Beraren ordezkaritza Bizkaiko Garraio Partzuergoaren estatutuak onesten dituen ekainaren 18ko 1769/1976 Errege Dekretuaren 23.1 artikuluaren ondorio da, artikulu horrek Partzuergoaren legezko ordezkaritza esleitzen baitio.
Alderdi guztiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko behar adinako gaitasuna eta eskumena aitortu diote elkarri, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZI DUTE:
I.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.32 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa dagokio honako arlo honetan, besteak beste: «Trenbideak, lehor, itsaso ibai eta kablezko garraioak, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologi Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluaren erabakiari kalterik egin gabe. Kontratatzeko zentroak eta garraio arazoei dagokienez kargarako bukalekuak ere bai.»
Era berean, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, autonomia erkidegoko erakunde erkideen eta bertako lurralde historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak (LHL), 10. artikuluan ezartzen duenez, «errepideko garraio mekanikoen arloko legegintza, arauen bidezko garapena, goi-ikuskaritza, plangintza eta koordinazioa autonomia erkidegoko erakunde erkideei dagozkie. Lurralde historikoek, beren mugartean, eta indarrean dauden Estatuarekiko itunen arabera, Arabak orain dituen ahalmenak eurak eta nolako berdinez erabiliko dituzte».
II.– Lurralde Historikoei buruzko Legearen 10. artikulu horretan xedatutakoarekin bat, eta Errepideko eta kable bidezko garraioen arloan Estatuak dituen ahalmenak autonomia erkidegoen esku uzteari buruzko uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan ezarrita dagoenez, eta, halaber, Garraioen arloan Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen zerbitzuak Bizkaiko Lurralde Historikoari intsuldatzeko martxoaren 5eko 56/1985 Dekretuaren indarrez, Bizkaiko Foru Aldundiak baditu errepideko garraio mekanikoen arloko eskumenak bere lurraldearen barruan.
III.– Horretaz gainera, Bilboko Udalak, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legerian ezarritako moduan, baditu eskumenak trafikoaren, ibilgailuak aparkatzearen eta mugikortasunaren arloetan, bai eta hiri garraio kolektiboaren arloan ere, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g artikuluak ezartzen duenaren arabera. Bestalde, 26.1.d artikuluak bidaiarien hiri garraio kolektiboa ezartzen du gutxieneko eta nahitaezko zerbitzu gisa, 50.000 biztanletik gorako udalerrietarako. Azkenik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen arabera, udalerrien eskumen propioak dira, besteak beste, bidaiarien hiri barruko garraio publikoa –garraiobidea edozein dela– antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik (17.1.18 artikulua). Aipatutako legean eta aplikatu beharreko legerian xedatutakoari lotuta erabili behar dira eskumen horiek.
IV.– Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoa nortasun juridiko propioa duen toki entitatea da, eta zenbait eskumen propio esleituta dauzka garraioaren arloan, partzuergo horren beraren sorrerari buruzko abenduaren 30eko 44/1975 Legearen 1.2 artikuluan eta horrekin lotutakoetan azaltzen denez.
V.– Euskadiko Garraio Agintaritzari buruzko abenduaren 15eko 5/2003 Legeak zioen azalpenean adierazten duen moduan, hainbat dira garraioen arloan eskumena duten administrazioak, eta guztiek batera elkarlanean jardun behar dute; beraz, garraio sistema bateratua antolatu ahal izateko tresnak eta mekanismoak sortu beharra dago. Horrenbestez, garraioaren erakunde-antolaketa egokitu eta orekatu nahian, Euskadiko Garraio Agintaritza sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko goi mailako aholku eta koordinazio organo gisa, garraioaren eta horren azpiegituren antolamenduaren inguruko gaietarako.
VI.– Bestalde, arestian aipatutako abenduaren 15eko 5/2003 Legeak 14. artikuluan («Garraioaren lurralde-agintaritzak sortzea») dioenez, Euskadiko Garraio Agintaritzak, bere ekimenez edo interesa duten foru- eta toki-erakundeek eskatuta, garraioaren lurralde-agintaritzak sortzea sustatuko du, eskumena duten erakunde eta entitateen artean lankidetza-hitzarmenak eginez; garraioaren lurralde-agintaritza horiek kasuan kasuko erabide juridikoa izango dute. Garraioaren lurralde-agintaritzen izaera, helburuak, eginkizunak, egitura, antolaketa eta finantzaketa haien sorrera-agirian egongo dira ezarrita (15. artikulua), eta organo horiek Euskadiko Garraio Agintaritzak emandako oinarrizko irizpideen arabera beteko dituzte euren eginkizunak (16. artikulua). Laburbilduz, Legeak ez ditu zehazten garraioaren lurralde-agintaritzen izaera juridikoa eta eratze bideak; kontu horiek, 14. artikuluan adierazten denez, sorrerako lankidetza-hitzarmenean ezarritakoari lotu beharko zaizkio.
VII.– Orain arte ez da Bizkaiko Lurraldeko Garraio Agintaritzarik eratu. Hala ere, Bizkaiak badauka erakunde berezi bat, autonomia erkidegoan dagoen bakarra: Bizkaiko Garraio Partzuergoa. Partzuergoak hainbat ekimen garatu ditu administrazioek hartutako erabakiei jarraituz. Ekimen horiek Bizkaiko garraio sistemaren integrazioa hobetzen lagundu dute.
Halaber, Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraio Batzordeak, 2014ko ekainaren 26ko bilkuran, beren-beregi eratutako lantalde baten txostena onetsi zuen; bertan ondorio gisa adierazi zen Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Garraio Agintaritzaren sorrera sustatu nahi zutela, lankidetzarako eta elkarlanerako organo gisa, eta, horrela, garraio publikoaren antolamenduari, planifikazioari eta burutzapenari buruzko erabakiak organo horretan eztabaidatuko zirela, eta, garraioaren arloko eskumenen banaketaren arabera, erakunde arduradun bakoitzak hartu beharreko erabakiak beteko zituela.
VIII.– Hona agertu direnek adierazi dute lurraldeko garraio erakunde juridiko baten etorkizuneko eraketa sustatu nahi dutela, eta erakunde horrek hartu beharreko era juridikoa, hasiera batean, partzuergo era izango dela, hau da, zuzenbide publikoko administrazio erakundea, lurralde historikoan mugikortasuna planifikatzeko eta kudeatzeko eginkizunak bere gain hartuko dituena; erakunde horri antolaketarako, koordinaziorako eta lankidetzarako administrazio ahalmenak emango zaizkio, eta, aplikatu beharreko hitzarmenaren eta tresna juridikoaren arabera, Bizkaiko Lurralde Historikoko garraio zerbitzuen esparruan, bera osatuko duten erakundeen eskumeneko jarduerak kudeatu ahal izango ditu, hala behar denean.
IX.– Ildo horretan, hona agertu direnek beharrezkotzat jotzen dute lankidetzarako harreman-foro bat eratzea, Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza (BMA) izenekoa, administrazio eskudun guztien arteko lankidetzarako eta parte hartzeko mekanismoak antola ditzan. Foro horrek etorkizunean partzuergoa sortzeko beharrezkoak diren ekimenak erabakiko ditu eta proposamen zein neurri egokiak erabaki daitezen sustatuko du; era berean, partzuergoa eratu arte, administrazio guztien eskumenak koordinatzen lagundu ahal izango du, haien eskumen-tituluei eta garraio sistemaren planifikazio orokor, bateratu eta eraginkorrari dagokienez. Betiere mugikortasun jasangarriaren aldeko politikaren oinarrizko printzipioei jarraituko die.
Horrenbestez, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren itzalpean, eta, zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.–53., 143., 144. eta 145. artikuluekin bat etorriz, hona agertu diren administrazioek lankidetzarako administrazioarteko hitzarmen hau egitea erabaki dute, bai eta sinatu ere, honako klausula hauek jasota:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da alderdi esku-hartzaileen arteko lankidetzarako organo bat sortzea. Lankidetza-organo horrek Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza izango du izena, eta alderdi guztiek osatutako egitura bat edukitzeko asmoz eratuko da, izan ere egitura horrek administrazioen arteko lankidetzaren ardura hartu behar baitu bere gain, Bizkaiko Lurralde Historikoan garraioaren arloko politika publikoak bateratze aldera. Hala, bada, garraioaren arloan eskumenak dituzten erakunde eta entitate guztien ahalmen publikoen egikaritza koordinatua sustatu eta erraztuko du.
Lankidetzarako organo horrek ez du nortasun juridikorik izango, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren barruan garraioen eta mugikortasunaren gaineko eskumena duen sailari atxikita egongo da.
Bigarrena.– Eginkizunak.
Euskadiko Garraio Agintaritzak eman dituen oinarrizko irizpideei lotuta, lankidetzarako organoak bere xedea eta bere helburuak betetzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren eginkizun guztietan jardun ahal izango du, betiere aipatutako administrazio horietako bakoitzak garraioaren arloan bere titulartasunekoak dituen eskumenak errespetatuz. Eta, besteak beste, honako eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:
1.– Bizkaiko Lurralde Historikoan garraioaren arloko politikak bateratzea eta mugikortasun jasangarriaren aldeko politika garatzea, xedetzat izango duena garraio sistema bateratua edukitzea, kalitatezkoa, segurua, jasangarria eta irisgarria.
2.– Proposamenak hausnartu, eztabaidatu eta onartzea, honako gai hauen inguruan, besteak beste:
a) Garraio publikoko zerbitzuen eta azpiegituren planifikazioa eta koordinazioa.
b) Garraio kolektiboko operadoreekiko harremanak.
c) Administrazioek sistema finantzatzea.
d) Tarifen antolamendua. Tarifak bateratzeko sistemaren eta txartel bakarraren ezarpena.
e) Komunikazioa.
f) Mugikortasun Jasangarriaren Lurralde Plana.
g) Aholkularitza eta txostenak.
3.– Aldian-aldian ebaluatzea garraioaren arloko politika publikoa, beraren eragina eta beraren tresnak eta programak.
4.– Garraioaren arloko lurralde erakunde juridikoa eratzeko bidean hartu behar diren neurriak eztabaidatzea eta neurri horiek har daitezen sustatzea.
Hirugarrena.– Antolaketa eta funtzionamendua.
Lankidetza-organoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoetan xedatutakoaren bidez arautuko da.
Organo horren funtzionamenduari buruzko arauak ezarri edo osatu ahal izango dira.
1.– Organoko kideak.
Lankidetza-organoak honako kide hauek izango ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren hiru ordezkari, Bizkaiko Foru Aldundiaren hiru ordezkari, Bilboko Udalaren bi ordezkari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren ordezkari bat. Alderdietako bakoitzak ordezkari horiek izendatuko ditu, bai eta berorien ordezkoak ere, eta ordezkariak izendatzeko erabaki hori lehendakariari bidaliko diote, hilabeteko epean, hitzarmen hau sinatzen denetik hasita.
Bilkura bakoitzeko aztergaien zerrendan eztabaidatu beharreko gaien arabera alderdiek izendatzen dituzten beste pertsona batzuek ere organoaren bileretan parte hartu ahal izango dute, hizpidearekin baina botorik gabe.
2.– Lehendakaritza.
Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko Lurraldeko foru diputatua arituko da organoaren lehendakaritzan.
3.– Idazkaritza.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak izendatutako kidea arituko da organoaren idazkaritzan.
4.– Bilerak.
Lehendakariak egingo ditu organoaren bileretarako deialdiak, ofizio bidez. Deialdia eta, horri erantsita, bilerako aztergaien zerrenda bidaliko zaizkie alderdien ordezkariei, bilkura egiteko ezarritako eguna baino bost egun baliodun lehenago, gutxienez. Bilkura arruntak bi hilean behin egingo dira. Hori gorabehera, bilkura berezietarako deialdiak egin ahal izango dira, alderdiek hala eskatzen badute edo lehendakariak hala erabakitzen badu.
5.– Lekua.
Bizkaiko Garraio Partzuergoaren egoitza sozialean egingo dira bilkurak, lehendakariak deialdian beste lekuren bat ezarri ezean.
6.– Erabakiak hartzea.
Erabakiak aho batez hartu beharko dira, alegia, organoan ordezkatuta dauden eta hartu beharreko erabakien eraginpeko gaietan eskumena duten alderdi guztiek aho batez onartu beharko dituzte.
7.– Akta.
Idazkariak bilkuretako aktak egingo ditu, eta, behin organoak onetsi eta gero, idazkariak berak eta lehendakariak sinatuko dituzte.
Laugarrena.– Lantalde eta batzorde teknikoak.
Lantalde edo batzorde teknikoak eratzea erabaki ahal izango du organoak, kasuan kasuko helburuak eta xedeak betetzeko. Lantalde edo batzorde tekniko horiek honako hauek osatuko dituzte: alderdi bakoitzaren ordezkari batek, eta, halaber, lankidetza-organoak beren-beregi izendatzen dituen pertsonek. Organoak erabakiko du, halaber, lantalde edo batzorde tekniko horietako bakoitzaren lehendakaria eta idazkaria izendatzea, eta indarraldia ezarriko dio lantalde edo batzorde tekniko bakoitzari, egin beharreko proposamenak eta lanak amaitu arteko epea, hain zuzen.
Bosgarrena.– Udal erakundeak atxikitzea.
Bidaiarien hiri garraio kolektiboko zerbitzua ematen duten Bizkaiko udalerriak lankidetza-organoan sartu ahal izango dira. Udalerri horiek lankidetza-organoan sartzeko eskatu beharko dute, hitzarmen honetan ezarritako baldintzekin ados daudela adierazita, eta ondoren lankidetza-organoak onartu beharko du haien sarrera.
Halaber, helburu horrekin, ordezkari bat izendatuko du, organo horretan sartuko dena, kide gisa.
Seigarrena.– Estatuko Administrazioak parte hartzea.
Garraioen arloan Estatuak dituen eskumen-tituluak direla eta (Espainiako Konstituzioaren 149.1.20 eta 21. artikuluak), Estatuko Administrazioak, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariaren bitartez, lankidetza-organoan parte hartzeko eskatu ahal izango du. Horretarako, eskabidea igorri beharko du, hitzarmen honetan ezarritako baldintzekin ados dagoela agertzeko adierazpenarekin batera. Halaber, helburu horrekin, ordezkari bat izendatuko du, organo horretan sartuko dena, kide gisa.
Zazpigarrena.– Operadoreek parte hartzea
Lehendakariak, aldez aurretik organoak hala erabakita, bilkuretan parte hartzeko eskatu ahal izango die garraioaren arloko enpresa-erakunde publikoei (ADIF, ETS) eta operadoreei. Horiek guztiek bilkuretan hizpidea izango dute, baina botorik ez.
Zortzigarrena.– Administrazio publikoen arteko lankidetzaren printzipioa.
Lankidetza-organoan parte hartzen duten administrazio publikoek, euren arteko harremanetan, elkar informatzeko, lankidetzan jarduteko, elkarrekin koordinatzeko eta elkar errespetatzeko betebeharrak beteko dituzte.
Bederatzigarrena.– Finantzaketa. Hitzarmen gehigarriak.
Lankidetza-organoak ez dauka aurrekontu propiorik. Beraz, hitzarmen honek ez die alderdiei ekarriko inolako betebehar ekonomikorik, ez finantza-konpromisorik, ezta inolako gasturik ere.
Lankidetza-organoak, hitzarmen hau betetze aldera, bigarren klausulan bere gain hartutako eginkizunen gaineko proiektuak eta jarduketak presta eta gara daitezen proposatzeko erabakiak hartu ahal izango ditu. Proiektu eta jarduketa horien tamainak eta norainokoak, bai eta haiek gauzatzearren alderdiek euren gain hartu beharko dituzten era guztietako konpromisoek ere, hitzarmen gehigarri bat sinatu beharra ekarriko dute, eta hitzarmen gehigarri horretan ezartzen diren erregimena, arauak eta ondorioak aplikatu beharko dira.
Hitzarmen gehigarri horiek gauzatzeko gastuak hitzarmenean definitu beharko dira, eta, horretarako, alderdi bakoitzari dagozkion ekarpen ekonomikoen banaketa zehaztuko da; ekarpen horiek egingo zaizkio aipatutako proiektu eta jarduketak gauzatu, kudeatu eta garatzeko ardura bere gain hartzen duen entitateari.
Hamargarrena.– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren laguntza funtzionala.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak behar diren baliabideak jarriko ditu bileren deialdiak eta bilerak egiteko eta, halaber, lankidetza-hitzarmen hau gauzatzeko eta beronen jarraipena egiteko.
Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren jarraipena egitea, hura zaintzea eta nola gauzatzen den kontrolatzea.
Hitzarmen honen jarraipena egiteko, hura zaintzeko eta nola gauzatzen den kontrolatzeko, Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzaren barruan urtero txostena egingo da, hitzarmen honen indarrez agindutako eginkizunak zenbateraino gauzatu diren adieraziko duena, eta txosten hori alderdi sinatzaileei bidaliko zaie.
Hamabigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmen honetan aldaketak egin ahal izango dira, alderdi sinatzaile guztiek aho batez horrela erabakiz gero.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta suntsiarazpena.
Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da. Edonola ere, indarraldi hori amaitu aurretik, alderdi sinatzaileek hitzarmena beste lau urterako luzatzea erabaki ahal izango dute, aho batez.
Indarraldia amaitutakoan azkenduko da hitzarmena. Bestalde, hitzarmena suntsiarazi ahal izango da, alderdi sinatzaile guztiek berariaz eta aho batez horrela erabakitzen badute, behin partzuergo-entitatea eratzeko hitzarmena formalizatzen denean, halakorik egiten bada.
Alderdiren batek ez baditu betetzen bere gain hartutako konpromisoak, besteak ahalmena izango du hitzarmenaren suntsiarazpena eskatzeko. Hitzarmena suntsiarazten bada, orduan egiten ari diren jarduerak amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte alderdiek.
Hamalaugarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.
Hitzarmen hau administratiboa da, eta ordenamendu juridiko-administratiboari jarraituz interpretatu eta garatu behar da.
Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenak izango du eskumena hitzarmen honen ondorioz gerta daitezkeen auzi guztiez arduratzeko eta eurak ebazteko.
Eta, ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen honen lau ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
M.ª ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko foru diputatua,
VICENTE REYES MARTIN.
Bilboko Udaleko alkatea,
JUAN MARIA ABURTO RIKE.
Bizkaiko Garraio Patzuergoko lehendakaria,
UNAI REMENTERIA MAIZ.