EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2017092

52/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Polizia-zerbitzuen lankidetza areagotzeko, Bavariako Estatu Librearen Barne Gaietako, Eraikuntzako eta Garraioko Ministerioarekin sinatutako Adierazpen Bateratua argitaratzea.

Xedapenaren zenbakia: 201700052
Xedapenaren data: 2017-05-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201702429
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Adierazpen Bateratua sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Polizia-zerbitzuen lankidetza areagotzeko, Bavariako Estatu Librearen Barne Gaietako, Eraikuntzako eta Garraioko Ministerioarekin sinatutako Adierazpen Bateratuaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 2a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 2KO 52/2017 EBAZPENARENA
ADIERAZPEN BATERATUA, ZEINAREN BIDEZ AREAGOTZEN BAITA EUSKADIKO SEGURTASUN SAILEKO POLIZIA-ZERBITZUEN ETA BAVARIAKO ESTATU LIBREAREN BARNE GAIETAKO, ERAIKUNTZAKO ETA GARRAIOKO MINISTERIOAREN ARTEKO LANKIDETZA
Adierazpena izenpetzen dute: alde batetik, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán De Heredia Arroniz andreak, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa.
Bestetik, Bavariako Estatu Librearen Barne Gaietako, Eraikuntzako eta Garraioko Ministerioaren ordezkari Joachim Herrmannek, Bavariako Estatu Librearen Barne Gaietako, Eraikuntzako eta Garraioko ministro gisa.
Horretarako, honako arau hauek hartuko dituzte kontuan:
● Eusko Jaurlaritzak 2014ko uztailaren 2an Bavariako Estatu Librearekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memoranduma, zeinean berariaz aipatzen diren barne-segurtasuna eta polizialankidetza.
● Kontseiluaren 2008ko ekainaren 23ko 2008/615/JAI eta 2008/616/JAI Erabakiak, zeinen helburua baita mugez gaindiko lankidetzan sakontzea, zehazki mugez gaindiko terrorismoaren eta delinkuentziaren arloan.
● Prümeko Tratatua, 2005eko maiatzaren 27koa, zeinaren helburua baita mugez gaindiko lankidetzan sakontzea, zehazki terrorismoaren, nazioez gaindiko delinkuentziaren eta legez kanpoko immigrazioaren arloan; eta 2006ko abenduaren 5eko exekuzio-akordioa.
Hemendik aurrera «izenpetzaileak» deituko zaien bi alderdiek adierazten dute prest daudela elkarren arteko polizia-lankidetza garatzeko eta areagotzeko, interes komun hauek oinarri hartuta:
● Europa progresiboki bateratzeko prozesuaren aldeko espiritua.
● Europar Batasunean askatasuna, segurtasuna eta justizia kontsolidatzea.
● Aurreko lankidetza-erak kontuan hartu eta baloratzea.
Eta hori guztia kontuan hartuta:
1.– Izenpetzaileek lankidetzarako asmoa adierazten dute, bat etorriz adierazpen honekin.
2.– Bi alderdien arteko lankidetza izenpetzaile bakoitzari aplikagarri zaion zuzenbide nazionalaren arabera burutuko da.
3.– Izenpetzaile biek honako arlo hauetan jardungo dute, bereziki, lankidetzan:
a) Esperientziak trukatuko dituzte delinkuentziaren aurkako borrokaren eta prebentzioaren arloan.
b) Esperientziak trukatuko dituzte segurtasunari eta ordena publikoari loturiko polizia-lanei dagokienez, batez ere honako arlo hauetan:
● Nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan.
● Krimen antolatuaren aurkako borrokan.
● Esperientzia trukatuz lapurturiko ibilgailuen trafikoaren zein dokumentuak faltsutzeari loturiko delinkuentziaren arloan.
● Esperientzia trukatuz estupefazienteei loturiko delinkuentziaren arloan.
c) Lankidetza horren barruan, honako esparru hauek ere sartzen dira:
● Esperientziak trukatzea prestakuntzaren eta trebakuntzaren arloan, bereziki prestakuntza- eta trebakuntza-programen antolaketari eta edukiei dagokienez.
● Esperientziak trukatzea antolaketa-unitate polizialen egituraren, antolaketaren eta aukera operatiboen arloan.
● Informazioa trukatzea teknologia berriei, zuzendaritza-tresnei eta baliabide bereziei buruz.
4.– Alderdi bakoitzak erabilgarri duen aurrekontuaren arabera:
Arduratuko da beste aldeari mantenua eta ostatua emateaz bisitatzen dituzten polizia-instalazioetan, baita alde horren tokiko joan-etorriez ere.
Era berean, alderdi bakoitza arduratuko da kostu gehigarriez (adibidez, bisitatzen duten lurraldera iristeko joan-etorriek eragindakoez). Beste gastu-mota batzuetarako, berriz, aurretiko akordio bat beharko da.
5.– Adierazpen Bateratuaren bi ale izenpetzen dituzte alemanez, gaztelaniaz eta euskaraz, termino beretan, Munichen, 2017ko apirilaren 19an.
Bavariako Estatu Librearen Barne Gaietako, Eraikuntzako eta Garraioko ministroa,
JOACHIM HERRMANN.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANIA BELTRAN DE HEREDIA ARRÓNIZ.