EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2017090

AGINDUA, 2017ko apirilaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nazioarteko lizitazioetan parte-hartzen laguntzeko Interlehian programa arautzen eta horretarako deitzen duena 2017. urterako.

Xedapenaren data: 2017-04-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201702389
Maila: Agindua
Enpresak nazioartekotzeko 2013-2016 plan estrategikoak, finantzaketa eta nazioarteko lankidetza multilaterala izeneko seigarren ardatz estrategikoan, honako helburu hau aurreikusten du: «Euskal enpresei merkatu multilateralean sartzeko, garapen-banku multilateralen eta nazioarteko finantza-erakundeen babes eta finantzaketarekin egikaritutako proiektu eta kontratuetan sartzeko eta ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko...erraztasunak ematea».
Aipatu helburu estrategikoarekin bat eginda, Nazioartekotze Zuzendaritzak 2015ean eta 2016an Interlehian laguntza-programa abiarazi zuen.
Era berean, SPRIren Nazioarteko Zuzendaritzak proiektu handizale bat jarri zuen martxan, Hego Amerika, Mexiko, Kolonbia eta Argentinako hiru herrialdetan ezarriko diren eta Munduko Bankuak (MB) edo Garapenerako Banku Interamerikarrak (GBI) finantzatuko dituen proiektuetan lizitatzeko interesa duten enpresei laguntze aldera. Gainera, SPRIk lankidetza-hitzarmena dauka Financiera de Desarrollo Territorial-Findeter erakundearekin. Azken horixe da, hain zuzen ere, proiektuetako asko Kolonbian sustatzen dituen erakundea.
Hori dela eta, hirugarren urtez jarraian, Sail honek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaren partaidetza sustatu nahi du lizitazio publikoen merkatuan –oro har–, eta finantziazio-erakunde multilateralek kudeatu eta finantzatutako lizitazioetan –zehazki–.
EAEko enpresa gehienak tamaina txikikoak direnez, programak enpresen arteko lankidetza sustatzen du, eta, horretarako, haztapen positiboagoa ematen die enpresek berariaz sortutako partzuergoen eta itunen bidez garatzen dituzten ekimenei. Enpresen arteko lankidetza horrek, gainera, konplexutasuna ematen dio proiektuari, are gehiago partaideen artean jatorri geografiko ezberdinetako erakundeak daudenean. Egoitza EAEn duten enpresen artean ahaleginak batzea desiragarria da, baina, interesgarria da, era berean, euskal enpresa bat gai izan dadila nazioarteko partzuergo bateko lider izan eta egun batean jarduera-eremu jakin bateko mundu-mailako erreferente bihurtzeko.
Epeei dagokienez, deialdia aurrekontua agortu arte egongo da zabalik; horixe izango da prozedurarik egokiena. SPRIk behatoki bat ezarri du, merkatu desberdinetan lizitatuko diren proiektuak aurrerapen nahikoarekin ezagutu ahal izateko. Hala ere, deialdiaren behin betiko data (interes-adierazpenetarako nahiz lizitaziorako) beti da ezezaguna, eta ia ezinezkoa da planifikatzea.
2015ean eta 2016an gertatzen zen bezala, aginduak berariaz ezartzen du laguntza emango dela, baldin eta aurkeztutako proiektua azkenean ez bada esleipendun suertatzen. Izan ere, lortu nahi den helburua gutxitan saritzen den ahalegin bat konpentsatzea da, eta, saria lortzen bada, hau da, esleipendun izaten bada, konpentsazio honek zentzua galtzen du. Edonola ere, muga hori ez da aplikatzen interes-adierazpenerako aurkezten diren laguntza-eskarietan. Kasu horietan, dagokion lizitaziora gonbidatuak izango direnen zerrenda laburrean sartzea da arrakasta-adierazlea, eta ez da inolako onura ekonomikorik jasotzen.
Bestalde, eta kontuan hartuta lizitazio-deialdia (edo interes-adierazpenen deialdia) argitaratzen denetik proposamenak entregatu arte epe nahiko laburrak egoten direla, zentzuzkoagoa dirudi gastuen ordainagiriak aurkeztu direnean likidatzea laguntza, aurrerapenik ordaindu gabe.
Jaurlaritzari buruzko Legeak (ekainaren 30eko 7/1981 Legeak) 26.4 artikuluan arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenak galarazi gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea.
Eta horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea Interlehian programaren 2017. urterako deialdiaren arau-oinarriak (eranskinekoak), Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioartekotzen laguntzeko diru-laguntzetarako programa izanik, nazioarteko lizitazioetan parte har dezaten.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 12a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
ARAU-OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta denbora-eremua.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei laguntzea 2017. urtean egiten diren nazioarteko lizitazioetan eta horien aurretiko interes-adierazpeneko deialdietan parte hartzen, haien nazioartekotzea bultzatzeko. Hala ere, Espainiako Estatutik kanpoko erakunde publikoen deialdietako lizitazioak izan behar dute, eta enpresak banaka edo lankidetzan aurkez daitezke horietara. Interlehian laguntza-programa hau 2017. urtean izango da indarrean, harik eta haren funtsak agortzen diren arte.
2.– Agindu honetan, lizitazioak izango dira kontratistak hautatu eta esleipenak egiteko lehia-prozesu formal eta publikoak, ondasunak, obrak eta zerbitzuak eskuratzeko eskaintzak eskatu, hartu eta ebaluatzen dituztenak. Eta interes-adierazpenak izango dira ondasunak, obrak eta zerbitzuak eskuratzeko lizitazio publikoetara gonbidatuak izan daitezkeen enpresen aurrehautaketen prozesu formalak.
3.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango ditu Interlehian programak, eta haien helburua izango da laguntzea diru-laguntza horien onuradunek obra-kontratuak, herri-lanen kontzesioak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko lizitazioetan parte har dezaten.
4.– Agindu honen ondorioetarako, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 6. eta 7. artikuluetan araututakoak izango dira obra-kontratuak eta herri-lanen kontzesioak:
– Obra-kontratuak: obraren bat egitea, adierazitako lege horren I. eranskinean zerrendaturiko lanetako bat egitea edo sektore publikoko erakunde kontratatzaileak zehaztutako beharrizanak betetzeko edozein bitarteko erabiliz obra bat gauzatzea helburutzat duten kontratuak. Prestazio horietaz gain, kontratuak, hala egokituz gero, dagokion proiektua idaztea ere jaso ahal izango du.
Obratzat joko da ondasun higiezin bat xede duten eta eginkizun ekonomiko edo tekniko bat betetzeko egiten diren eraikuntzako edo ingeniaritza zibileko lan batzuen emaitza.
– Obra publikoen emakida-kontratuaren bidez, emakidadunak arau horren 6. artikuluan aipatzen diren prestazioetako batzuk egingo ditu, lehendik ziren eraikuntzak berriztatzea eta konpontzea barne, bai eta eraikitako elementuak artatzea eta mantentzea ere. Emakidadunaren aldeko kontraprestazioa izaten da obra ustiatzeko eskubidea ez besterik, edo eskubide hori eta prezioa jasotzekoa.
Nolanahi ere, kontratua gauzatzeak dakartzan arriskuak kontratistaren kontura izango dira. Kontratuak honako eduki hau izan dezake:
a) Obra egokitzeko, eraberritzeko eta modernizatzeko lanak, zerbitzuak behar bezala emateko, edo bera euskarri duten jarduera ekonomikoak gauzatzeko behar diren ezaugarri tekniko eta funtzionalei egokitzeko.
b) Obretako bakoitzak eduki behar dituen elementuek eskatzen dituzten lehengoratze- eta konponketa-lanak, hain zuzen ere, obra horien bitartez eman behar diren zerbitzuak eta gauzatu behar diren jarduerak betekizun ekonomikoen eta sozialen arabera eman eta gauzatu ahal izateko.
Obra publikoen emakida-kontratuan aurreikus daiteke emakidadunak obrak proiektatu, gauzatu, artatu, lehengoratu eta konpondu behar dituela, baldin eta obra nagusiaren osagarri badira edo hari lotuta badaude eta beharrezkoak badira eraikinak bete beharreko helburua betetzeko eta funtzionamendua eta ustiaketa hobeak izateko. Horrez gain, obrekin zerikusia duten ingurumen-jardunak eta kontratuan aurreikusitakoak ere gauzatu behar ditu emakidadunak. Obra nagusiaren osagarri diren obrak edo hari lotutakoak ekonomikoki ustiatu edo aprobetxatzeko modukoak badira, emakidadunari dagokio ustiamendu edo aprobetxamendu hori, obra nagusiaren ustiapenarekin batera; betiere, dagozkien baldintza-orrietan ezarritakoaren arabera.
5.– Agindu honetan, hornidura-kontratuak izango dira Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 9. artikulukoak, hau da, objektutzat dutenak produktu edo ondasun higigarriak finantza-errentamenduan hartzea, errentan hartzea –erosteko aukera izan zein ez– edo eskuratzea.
Jabetza gozpuzgabeei eta balio negoziagarriei buruzko kontratuak ez dira hartuko hornidura-kontratutzat.
Nolanahi ere, hornidura-kontratutzat joko dira kontratu hauek:
a) Enpresa hainbat ondasun hurrenez hurren eta unitateko prezioka entregatzera behartzen duten kontratuak, ondasun-kopuru osoa kontratua egiteko unean zehaztasunez mugatu gabe, ondasunak eskuratu behar dituenaren premien arabera egiteagatik entregak.
b) Xedetzat telekomunikazio-ekipamenduak edo -sistemak edo informazioa tratatzeko ekipamendu eta sistemak eta horien dispositibo eta programak eskuratu eta errentan hartzeko kontratuak dituztenak, baita programak erabiltzeko eskubidea lagatzekoak ere, neurrira garatutako ordenagailu-programak eskuratzeko kontratuak izan ezik, horiek zerbitzu-kontratutzat joko dira eta.
c) Fabrikazio-kontratuak, enpresak horien bidez entregatu behar dituen gauzak (edo gauza) erakunde kontratatzaileak aldez aurretik ezarritako ezaugarrien arabera egin behar direnean, nahiz eta erakunde kontratatzaileak bere gain hartu horretarako behar diren materialak osorik edo hein batean entregatzeko betebeharra.
6.– Agindu honetan, zerbitzu-kontratuak izango dira, kontratatzaile baten beharrizanak asetzeko xedea duten jardueren multzo bat (prestakuntza, hezkuntza, ingurumena, espazio-plangintza, lurralde-garapena, kalitatea, ingeniaritza, informatika, laguntza teknikoa, etab.) kontratatzen dutenez gain, Sektore Publikoko Kontratuaren Legearen 10. artikuluan definitutako kontratuak, objektutzat prestazioren bat dutenak, jardueraren bat gauzatuz gauzatzen direnak, edo obraz edo horniduraz besteko emaitza lortzera bideratutako egiteko prestazio bat dutenak. Lege horren II. eranskinean zerrendatzen diren kategorietan banatzen dira zerbitzu-kontratuak.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Egoitza edo ekoizpen-instalazio bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETEek) jaso ditzakete agindu honetan arautzen diren laguntzak. Banaka edo batera aurkez daitezke, aldi baterako enpresa-elkarketetan, eta plangintza estrategiko bat izan behar dute beti. Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak arautzen duenari erreparatuta zehaztuko da ETE kontzeptuaren definizioa.
2.– Halaber, laguntza hauek eskatu ahalko dituzte ETE izan ez arren behin-behinean horretarako sortutako enpresa-elkarte bateko lider diren enpresek, eta, halakoetan, beti bete beharko da Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 11.3 artikuluan aurreikusitakoa.
3.– Aipatu enpresa-elkarte edo -taldeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Elkartearen kideen erdiek baino gehiagok bete behar dituzte artikulu honen 1. puntuan arautzen diren eskakizunak.
b) Berariaz eratutako enpresa-elkarteren bat baldin bada lizitatzailea, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen enpresak aurkeztu behar du diru-laguntzaren eskaera. Elkartek o liderra izan behar du enpresa horrek, eta hura izango da Administrazioarekiko solaskidea eta harremanetarako kontaktua, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko.
c) Modalitate horretan aurkezten diren proiektuek egoera hori adierazi behar dute enpresa liderrak aurkeztuko duen eskaeran; gainera, elkartean parte hartzen duen erakunde bakoitzari dagozkion jarduerak eta aurrekontuak adierazi behar dira aipatu memorian, 8.f) artikuluan.
4.– Hala ere, aurkeztu diren lizitazioan esleipendun gertatzen ez baldin badira soilik jasoko dute laguntza haren onuradun diren erakundeek. Murriztapen hori ez da ezarriko interes-adierazpenen aurkezpenetan.
5.– Erakunde onuradun izan ahalko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 13. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten erakundeak.
6.– Baztertu egingo dira Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden erakundeak.
7.– Ezin dira onuradun izan, era berean, administrazio publikoekiko lotura edo mendetasuna duten erakundeak eta administrazio instituzionaleko erakundeak.
8.– Ez dira diruz lagunduko zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean dauden erakundeak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legearen) azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta deialdi honetan zehaztutako epean egiten badira. Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko-balioa baino altuagoa izango, eta, edonola ere, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen) 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko da.
2.– Interes-adierazpenak aurkezteko laguntzetan sar daitezkeen gastuak hauek dira:
a) Baldintza-agirien lorpena, edo inskripzioa.
b) Interes-adierazpenen analisia eta prestakuntza.
– Barne-gastuak, hau da, erakunde eskatzaileko langileek emandako denboraren soldata-kostuak.
– Kanpo-aholkularitzaren gastuak, kasuko proiektuaren identifikazioari eta interes-adierazpenaren edo proposamenaren prestakuntzari lotutakoak.
– Itzulpenak, euskaratik / gaztelaniatik dokumentazioa aurkezteko hizkuntzara egindakoak.
– Eskaintza-lekurako bidaiak.
– Eskaintza-lekuan egindako egonaldiak.
– Behin-behineko bulegoa alokatzea eskaintza-lekuan (ez dira sartuko funtzionamendu-gastuak, hala nola telefonoa, ura, argindarra eta antzekoak).
c) Produktua xedeko merkatuan erregistratzea.
– Jabetza industriala.
– Homologazioak.
– Ziurtagiriak.
3.– Lizitazio publikoetarako proposamenak aurkezteko laguntzetan sar daitezkeen gastuak hauek dira:
a) Baldintza-agiriak eskuratzea, haiek eskuratzeko bidaia barnean izanik.
b) Eskaintza aztertu eta prestatzea.
– Barne-gastuak, hau da, erakunde eskatzaileko langileek emandako denboraren soldata-kostuak.
– Kanpo-aholkularitzaren gastuak, proposamenaren prestakuntzari lotutakoak.
– Itzulpenak, euskaratik / gaztelaniatik dokumentazioa aurkezteko hizkuntzara egindakoak.
– Eskaintza-lekurako bidaiak.
– Eskaintza-lekuan egindako egonaldiak.
– Behin-behineko bulegoa alokatzea eskaintza-lekuan (ez dira sartuko funtzionamendu-gastuak, hala nola telefonoa, ura, argindarra eta antzekoak).
c) Produktua xedeko merkatuan erregistratzea.
– Jabetza industriala.
– Homologazioak.
– Ziurtagiriak.
4.– Berariaz utziko dira laguntzatik kanpo prezio publikoen bidez ordaindutako zerbitzuei edo jarduerei dagozkien gastuak.
5.– Onartu egingo dira interes-adierazpenen deialdiaren emaitza argitaratu aurretik egindako gastuak (lista laburraren argitalpena), edo, kasuan kasu, lizitazioko eskaintza ekonomikoa ireki aurretikoak, baina beti 2017ko gastuak izanik.
4. artikulua.– Diru-laguntzen mugak.
1.– Erakunde eskatzaile bakoitzak bi proiektutarako eta bi interes-adierazpenetarako laguntza jaso dezake gehienez deialdi honetan, bai banaka, bai beste enpresa batzuekin elkartea osatuz; hala ere, nahi adina eskaera egin daitezke.
Ondorio horietarako, enpresen aldi baterako elkarteen osaerak kideen % 40 aldatu behar du gutxienez, uler ez dadin erakunde eskatzaile berak egin duela eskaera.
2.– Onartutako gastuen % 50erainoko laguntzak eman daitezke eta, gehien jota, proiektu bakoitzak 20.000,00 euro jaso dezake interes-adierazpenetarako, eta 50.000,00 euro, lizitaziora aurkeztutako proposamenetarako, banakako modalitatean. Enpresen aldi baterako elkarteen kasuan, egoitza autonomia-erkidego honetan duten enpresek proiektuan duten partaidetzaren zenbatekoarekin lotuko dira muga horiek.
3.– Interes-adierazpenak aurkezteko barne-gastuetarako laguntzak ezin izango dira onartutako gastu osoaren % 50 baino gehiagokoak izan. Hala ere, eskabide horretan, ez bada ageri barnekoa ez den gastu-zenbatekorik, proiektuaren arduradunaren dedikazioari 20 ordu aitortuko zaizkio.
4.– Barne-gastuetarako laguntzek muga hauek izango dituzte lizitaziora aurkeztutako proposamenetarako:
– Obrak: Proiekturik idatzi behar ez bada, % 50; % 80, proiektua idatziz gero.
– Hornidurak: Onartutako gastu osoaren % 50.
– Zerbitzuak: Onartutako gastu osoaren % 80.
Aurrekoa gorabehera, lizitazio publikoetara aurkeztutako proposamenetarako laguntza-eskabidean, ez bada ageri barnekoa ez den gastu-zenbatekorik, proiektuaren arduradunaren dedikazioari 80 ordu aitortuko zaizkio.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Interlehian 2017 programak 200.000,00 euroko baliabide ekonomikoak ditu esleituta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorretan daude izendatuta. Deialdi honen kargura aurrekontu-ekitaldi honetan emango diren laguntzak ez dira izango artikulu honetan finkatutako zenbatekoak baino handiagoak, edo hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoak baino handiagoak; baldin eta indarreko legeriaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, eta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak beste laguntza-programa batzuk burututakoan aurrekontuko ahitu gabeko diru-kopururik geratzen bada, eta horiek ebatzi baino lehen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da informazio hori, Industriako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.
Zenbateko hori agortzen baldin bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, xedapen honek ez du ondoriorik izango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da informazio hori, Industriako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.
6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Laguntza hauek ez dira bateragarriak beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek, agindu honetan jasotako helburu berberarekin, emandako laguntzekin, baldin eta laguntza batean eta bestean diruz lagundutako gastu-kontzeptua berbera bada.
2.– Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako laguntzek 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EB) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte; izan ere, laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori.
7. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.
1.– Publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen baitan eta prozedura ireki baten esparruan emango dira Agindu honek nazioarteko lizitazioetan parte hartzeko arautzen eta deitzen dituen laguntzak, harik eta ezarritako aurrekontua agortzen den arte. Ordenari jarraituz egingo da hori, espedienteak osatzen diren uneari erreparatuta.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; 2017ko urriaren 31n amaituko da, 12:00etan edo, 5. artikuluan arautzen den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 14.2 artikuluaren arabera.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko agiriak bide elektronikotik zelan izapidetu ebazpen honen eranskinean zehazten da; eta haiek bideratuko dira Internet-eko www.euskadi.eus helbide elektronikotik.
3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta agindu honen 8. artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu. Xedapen honekin ematen den eskaera-eredua erabili behar da, eta haren hurrengo artikuluan zerrendatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.
4.– Eskatzaileek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean) xedatutakoa betez.
5.– Diru-laguntzarako eskaerarik aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak eta, hala badagokio, enpresa-elkarteetako partaide diren enpresek baimena emango diote organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Erakunde eskatzaileek eskabide normalizatua bete beharko dute formatu elektronikoan, erantsitako ereduaren arabera, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Erakundea eratzeko eskrituraren kopia.
b) Eskatzaileari dagokion ordezkaritza-ahalordearen kopia. Aldi baterako elkartea eratuta lehiatzen diren enpresaburuek betebehar solidarioa izango dute, eta enpresaburuen elkartearen izenean ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatuko dute, kontratutik sortutako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko ahalorde askirekin, harik eta kontratua amaitu arte.
c) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.
d) Enpresa edo erakunde eskatzailearen plangintza estrategikoa.
e) Lizitazioaren edo interes-adierazpenaren deialdiaren iragarkiaren kopia, kasuan kasukoa. Ebatzita badago, ebazpen-jakinarazpenaren kopia.
f) Aurkeztu nahi duten obra-, hornikuntza- edo zerbitzu-proiektuaren memoria zehatza.
g) Aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza.
h) Erakunde eskatzailea aldi baterako elkarte bateko lider gisa aurkezten bada, adierazi beharko dira elkarte hori osatzen dutenen izenak eta bakoitzaren egoera eta partaidetza, bai jarduerei bai aurrekontuei begira, eta, kasu horietan, barnean sartu beharko da lankidetza-akordioaren kopia, bertan adierazita parte-hartzaileetariko zein den ETE eta zein ez. Erakunde eskatzaile liderra izango da proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren arduraduna, eta haren eginkizuna izango da Administrazioarekin hitz egitea eta harremanak izatea.
i) Erakunde eskatzailea ETE ez bada, 2.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zerrenda batean eman beharko du zer ETEk aterako duten onura proiektutik, eragin ekonomikoaren balioespenarekin batera.
j) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).
k) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:
– Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat baldin bada, ETEk bete beharreko baldintzak betetzen dituela adierazi behar du, Batzordeak mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz 2003ko maiatzaren 6an emandako gomendioak arautzen duenari erreparatuta 2003/361/EE (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, L-124 seriea, 2003-05-20koa, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapena).
– Administrazio publikoekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla Administrazio Instituzionaleko kide.
– Beste instituzio publiko edo pribatuei proiektu bererako eskatutako edo haietatik jasotako laguntzen zerrenda.
– Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako minimis laguntzak, minimis laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.
– Erakunde eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legearen) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
– Enpresa handia izatekotan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoaren (martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren) 45.2 artikuluan ezarritakoa betetzen duela.
l) Eskabidea aurkeztean erakunde eskatzaileak lizitazioaren emaitza ezagutzen badu, 12. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du, laguntzak justifikatu eta ordaintzeari dagokienez.
3.– Enpresa eskatzaileak gezurrezko daturen bat jartzen baldin badu erantzukizunpeko adierazpenean eta/edo ez baldin baditu jakinarazten bere proiektuan gertatzen diren aldaketa funtsezkoak, administrazio- eta zigor-arloetan indarrean dauden zehapen-araubideak ezarriko zaizkio.
4.– Eskabidea ez bada osorik betetzen, edo harekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta horren araberako ebazpena ezarriko dela.
5.– Nolanahi ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.
6.– 2015 edo/eta 2016ko ekitaldiko Interlehian programaren deialdiaren babespean eskabideak aurkeztu zituzten erakundeek, aldaketarik izan ezean, ez dute aurkeztu behar artikulu honetako 1. zenbakiaren a), b), c) eta d) letretan adierazitako dokumentazioa.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeei emango zaizkie diru-laguntzak, eta balorazio-irizpide hauen arabera finkatuko da haien zenbatekoa:
● 1. irizpidea: Plan estrategikoa. Enpresen nazioartekotze-estrategia lizitazioetan parte hartzea bada, 30 puntu. Enpresaren estrategia beste bat bada, 20 puntu.
● 2. irizpidea: Aurkezturiko proiektuaren konplexutasuna. Aintzat hartuko da zenbat enpresak parte hartzen duten, zer jatorri geografiko duten, proiektuak zer trakzio-gaitasun duen euskal enpresetan, euskal ETEek zer protagonismo duten eta aurkeztu behar den eskaintzaren zailtasun objektiboa. 25 punturaino.
● 3. irizpidea: Finantzazio aldeaniztuneko erakundeen finantzazioa egotea: 25 puntu.
● 4. irizpidea: Erakunde publiko mexikar, argentinar edo kolonbiar batek egindako deialdiko lizitazioa edo interes-adierazpena izatea: 10 puntu.
● 5. irizpidea: Emakumearen partaidetza egotea erakunde eskatzaileko eta elkartek o enpresetako zuzendaritza-organoetan. Emakumeek zuzendaritza-organoetan duten portzentajea % 35ekoa edo altuagoa bada: 5 puntu.
● 6. irizpidea: Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Beken programari edo nazioartekotzea sustatzen duten beste agentzia batzuen antzeko programei laguntzea erakunde eskatzaileak eta elkartutako enpresak: 3 puntu.
● 7. irizpidea: Gizarte-erantzukizuna. Erakunde eskatzailearen eta elkartutako enpresen konpromisoa, euskara, ingurumena eta, oro har, gizarte-erantzukizunaren esparruko alderdiak sustatzeko: 2 puntu.
2.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 70eko zenbatekoa esleituko zaie 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei, aipatu artikuluko 2. atalean aurreikusitako mugekin.
3.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 80ko zenbatekoa esleituko zaie 60 eta 69 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei, aipatu artikuluko 2. atalean aurreikusitako mugekin.
4.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 90eko zenbatekoa esleituko zaie 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei, aipatu artikuluko 2. atalean aurreikusitako mugekin.
5.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 100eko zenbatekoa esleituko zaie 79 puntu baino gehiagoko balorazioa jasotzen duten proiektuei, aipatu artikuluko 2. atalean aurreikusitako mugekin.
6.– Baztertu egingo dira 50 puntura iristen ez diren proiektuak.
10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.
1.– Berariaz xede honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.
2.– Nazioartekotze Zuzendaritzan sektore-programez arduratzen den pertsona izango da ebaluazio-organoaren burua: Agustin Arostegi. Iñaki Ezkurra izango da haren ordezkoa. Zuzendaritza bereko teknikariak izango dira hango kideak: Jesús M.ª Cantón (ordezkoa Gonzalo Martinez) eta Mara Estibalez (ordezkoa Isabel Rodríguez), azken honek idazkari-lanetan ere jardungo du. Ebaluazio-organoaren eraketa baliozkoa izango da bilerak egin, gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, gainerako kideetako bat bertaratzen bada. Atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legearen) 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira.
3.– Nazioartekotze Zuzendaritzako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak, eta, lan horiek egin ondoren, txosten teknikoen bidez aurkeztuko zaizkio emaitzak ebaluazio-organoari. Alderdi hauek jasoko dituzte txosten teknikoek: plangintza estrategikoaren baliozkotzearen eta kalifikazioaren xehetasunak, onartzen diren gastu hautagarriak eta eskaerari dagozkion balorazio-irizpideen haztapena.
4.– Administrazioaren zerbitzu teknikoen eta adituen laguntza balia dezake eratzen den organoak, bere eginkizunak betetzeko.
11. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.
1.– Eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, ebaluazio-organoak Nazioartekotze Zuzendaritzara igorriko du diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena, hura baita laguntzak kudeatu behar dituen organoa, eta proposamen horretan adieraziko ditu: lortutako puntuazioa eta diru-laguntzen zenbatekoa, ekintzak egiteko baldintzak eta epeak, eta eskaerei dagozkien proiektuak betetzeko behar diren gainerako baldintzak.
2.– Nazioartekotzeko zuzendariak sei hileko epea izango du, eskaera jaso eta hurrengo egunetik aurrera, prozedura ebazteko administrazio-ebazpena eman eta jakinarazteko. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake interesdunak Industria Sailburuordetzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoarekin bat etorriz.
Epe hori igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, bere uzia onartu egin dela ulertu ahal izango du interesdunak, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, berariazko ebazpena emateko duen obligazioa.
3.– Erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi behar zaio laguntzak emateko ebazpena; dena den, urtero argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.– Laguntza esleitzeko eta, kasuan kasu, ordaintzeko baldintza izango da erakunde onuraduna lizitazioaren esleipenduna ez izatea. Eskakizun hori ez zaie ezarriko interes-adierazpenei.
5.– Era berean, agindu honek arautzen dituen laguntzak esleitu, eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, honako hauek burututa egon behar dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
6.– Laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute agindu honetan arautzen diren baldintzak bete eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera deitutako lizitazioetara edo interes-adierazpenetara aurkeztu diren erakundeek, baita lizitazioa ebatzia baldin badago ere; hala ere, azken egoera hori ematen baldin bada, eskatzaileak eskaeran, 8. artikuluak agintzen duen dokumentazioaz gain, laguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar du, agindu honen 12. artikuluan zehaztuta ageri dena.
12. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Diruz lagundutako gastuak eta lizitazioaren emaitza agirien bidez egiaztatu ondoren egingo da ordainketa, Nazioartekotzeko zuzendariak ordainketari dagokion administrazio-ebazpena eman ondoren. Onuradunak 30 eguneko epea izango du, deialdiaren emaitza jakinarazten den egunetik aurrera, egindako gastuak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko.
2.– Agiri horien artean aurkeztu beharko dira, gutxienez: diru-laguntzarekin finantzatu diren jarduerak burutu direla justifikatzen duen jardueraren memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita; kontratazio-mahaiaren jakinarazpenaren kopia, zerrena laburrari buruz hartutako erabakiak jasotzen dituena, edo, hala badagokio, kontratuaren esleipena adierazten duena; jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, non jasota geratuko baitira hartzekoduna (erakunde edo enpresa hornitzailearen izen soziala eta IFZ), agiria, zenbatekoa (BEZ kanpo), igorpen-data eta ordainketa-data, bai eta horien kopia ere. Ez da 50,00 eurotik beherako fakturarik onartuko.
Nominak eta TC1 eta TC2 agiriak aurkeztuta egiaztatuko dira agindu honetako 3.1.b) artikuluak adierazten dituen barne-gastuak.
3.– Esleitutako diru-laguntza ordaintzeko prozeduran, lizitazioaren emaitzen eta egindako gastuen justifikazioa aztertu eta ebazteko, kontuan hartuko da zer egunetan sartu den dokumentazio hori Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean, eta hurrenkera horretan egin.
4.– Edozein unetan eska dakioke erakunde edo enpresa onuradunari beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarria, berak aurkeztutako dokumentuetako datuak –eta, bereziki, agindu honen 8. artikuluan aipatutako adierazpenean jasotako datuak– egiazkoak direla egiaztatzeko.
13. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoaren) 50.2 artikuluan ezarritako eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan) eta hura garatzeko arauetan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete behar dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek:
1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Onuradunak ez baldin badio berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiola jakinarazi ondorengo hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta betetzen diren diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.
3.– Haren xede zehatza betetzeko erabili behar dute diru-laguntza enpresa onuradunek.
4.– Enpresa onuradunak aurkeztutako fakturen eta ordainketen taulan adierazten diren behin betiko fakturak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura gordeko dira, 5 urtez.
5.– Enpresa onuradunen betebeharra izango da Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren eginkizunen jardunean laguntza horiei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.
6.– Helburu bera badute, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jaso dituzten diru-laguntzen eta laguntzen, diru-sarreren eta baliabideen berri eman behar dute.
7.– Nazioartekotze Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinarazi beharko zaio.
14. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen baldin badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke; betiere, diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko deialdian ezarritako baldintzak bete badira. Esandakoaren ondorioetarako, Nazioartekotzeko zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du, non egokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak ez baldin baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatutakoa, agindu honek eta betetzekoak diren gainerako arauek agintzen dizkioten betebeharrak eta ebazpenak ezar ditzakeen baldintzak, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntza eskuratzeko eskubidea iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, aintzat hartuta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzkoak) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen dutena. Horrez gainera, egoki diren gainerako ekintzak abiaraziko dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikoak izango dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta diru-laguntza ordaindu den unetik hura itzuli behar dela adosten den datara arteko berandutza-interesak eskatuko dira, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 37. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
3.– Ez-betetze osoko egoera izango da onartutako aurrekontua beherantz desbideratzea, baldin eta desbideratze hori % 25etik gorakoa bada. Horren salbuespen bakarra izango da erakundeak behar bezala egiaztatzea, sailaren iritziz, bere konpromisoak betetzeko jardun argi eta garbia izan duela erakunde onuradunak.
4.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea irekitzea eta espediente hori ebaztea.
5.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.