EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2017090

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 8koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2017-2018 ikasturterako.

Xedapenaren data: 2017-05-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201702387
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2005/12/19an argitaratutako 2005/11/30reko AGINDUA [200506237]

EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileentzako 2017-2018 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunen araberako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 8a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak nortzuk diren.
Deialdi honetan parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileek, baldin eta euren erakundeak IVAPekin lankidetza-hitzarmena sinatua badu, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua eta, bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).
Horrez gain, Uraren Euskal Agentziako eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako langileek ere parte har dezakete ikastaro hauetan.
Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Hirugarrena.– 2017-2018 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2017-2018 ikasturterako, IVAPek bi deialdi argitaratuko ditu.
Honako hau 2017-2018 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
4. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroei dagokienez, deialdi hau da 2017-2018 ikasturterako egingo den deialdi bakarra.
Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da deialdi bakarra.
Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia argitaratuko du IVAPek, eta 2017-2018 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.
Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.
– Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik bi ordukora aldatzea, edo alderantziz.
– Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez, azaroko deialdian ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, bi orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.
Laugarrena.– Lanorduetako eskolen antolaketa.
Deialdi honetan lanorduetan egiteko ikastaroak II. eranskinean adierazitakoak dira.
IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
4.1.– Mailaketa probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du ekaineko azken astean. Horretarako, IVAPek bere erakundearen bitartez jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak.
Ekaineko mailaketa proba egitera deitu arren langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
Aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du IVAPek, baldin eta aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion erakundeko arduradunak, beranduen ere proba egunetik bi egun balioduneko epean.
Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.
4.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileek osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere erakundeak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek.
Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.
Taldeak osatuta eta euskaltegiak izendatuta daudenean, erakunde bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
4.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.
Administrazio talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen erakundera, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikula-orriaren bitartez, langilea homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.
Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.
Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere erakundeak ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula-orria IVAPera.
4.4.– Matrikula-orria ordaintzea.
Langilearen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1) Matrikula-orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2017ko urriaren 20a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
2) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko eta autoikaskuntza ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.
3) Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.
4) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).
Matrikula orriaren baldintzak bete ezean, IVAPek ez du matrikularik ordainduko, eta ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaintzea.
Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.
IVAPek lanorduz kanpoko ikastaroa egin behar duten ikasleentzako matrikula-orri bana bidaliko du erakundeetara, ikasle bakoitzak betiere eskatu eta baimendutako moduluan matrikula egin dezan.
IVAPek matrikula-orri bakarra emango die onarpena duten eskatzaileei.
Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
5.1.– Aurrez aurreko ikastaroak lanorduz kanpo.
Lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek izan beharko dituzte:
a) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.
b) Homologazioa: ikastaroak HABEk homologatua izan behar du, derrigorrez.
5.2.– Autoikaskuntzako ikastaroak.
2017-2018 ikasturtean zehar autoikaskuntzako ikastaroak egin ahal izango dira lanorduz kanpo. Ikastaro horiek urrian hasi behar dira eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira.
Eskaera guztietatik kopuru mugatu bat onartuko du IVAPek; alegia, erakunde bakoitzak egiten dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 15, gehienez ere; kontuan hartuta herri txikietan batzuetan autoikaskuntza dela aukera bakarra, guztira 3 eskaera baino gutxiago egiten dituzten erakundeen eskaera guztiak onartu ahal izango dira. Beraz, autoikaskuntzako eskaera egiteak ez du ziurtatzen automatikoki eskaera onartuko denik.
Autoikaskuntza ikastaroa eskatzeko, aurreko ikasturtean ere autoikaskuntzan jardun zuten ikasleek gutxienez % 80ko asistentzia izan behar dute.
Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute eta ez da eskola-uzterik onartuko.
b) Ikastaroak urrian hasiko dira.
c) Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.
d) Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroak HABEk homologatuak izan behar dira.
e) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.
5.3.– Matrikula egitea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula-orria IVAPera.
Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2017ko urriaren 20a baino beranduago entregatu diren matrikula-orriak.
5.4.– Matrikula-orria ordaintzea eta matrikula-orriaren kostua lanorduz kanpoko ikastaroetan.
4.4 atalean adierazitakoa aplikagarri da hemen ere.
Seigarrena.– Eskabideak noiz eta nola egin.
Deialdi honetan langile bakoitzeko eskabide bakarra bideratuko du IVAPek.
6.1.– Eskabideak egiteko epea.
Eskabideak IVAPera bidaltzeko, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik ekainaren 9ra bitarteko epea dute erakundeek. Horretarako, erakundeak bidaltzen duen komunikazioaren irteera-data hartuko da kontuan.
6.2.– Inprimakia. Eskabideak egiteko, ondorengo helbide elektroniko honetan jaso daiteke inprimakia:
www.ivap.euskadi.eus
(euskara > euskara ikastaroak > 1-2-3-4HE prestatzeko ikastaroak>beste administrazioak> izena emateko inprimakia).
6.3.– Eskabidea nora: eskaerak IVAPeko zuzendariari bidaliko zaizkio, ondorengo helbidera: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskatzaileak erakundeko langile-arduradunaren baimena beharko du eskaera onartua izan ahal izateko. Baimena eskabidean agertuko da, sinaduraz eta zigiluaz egiaztatuta.
Eskatzailearen erakundeari dagokion langile-arduradunaren gain gelditzen da IVAPera bidaltzea erakundeak baimendutako eskabideak, datu guztiak beterik eta behar diren baimenarekin eta sinadurekin; baita, hala behar denean, unibertsitate-diplomatu agiriaren kopia erantsita ere.
IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.
6.4.– Aldi baterako langileen eskabideak.
Aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute gutxienez 2017ko abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela.
Lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea erakundearen ardura izango da; erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.
Zazpigarrena.– Asistentzia.
7.1.– Eskoletara joatea.
Lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako. Beraz, eskolatze eta puntualitate huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde bakoitzaren ardura denez, erakunde bakoitzari dagokio langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea baimendu zaien epealdi osoan zehar.
Era berean, erakunde bakoitzaren ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea beraien oporrak, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.
7.2.– Eskoletan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiengatik, IVAPek ez du onartuko urriaren 20a baino beranduago eskoletan hastea.
Urriaren 20a iragan ondoren, IVAPek baja emango die eskoletan hasi ez diren langileen eskaerei.
7.3.– Eskolan berandu hastea.
IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko goian aipatutako arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaroaren hasieran, herri-erakundeek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere herri-erakundeak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.
c) Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean.
7.4.– Ikastaroen asistentziak.
IVAPek Lankidetza-hitzarmena duten erakundeei hilez hil bidaliko die asistentziaren gaineko informazioa.
Autoikaskuntza ikastaroetan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Zortzigarrena.– Eskoletara joateari uztea.
Autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko. Behin ikastaroa hasita, ikastaroaren ordu kopuru osoa kenduko zaio bere ordu-kredituari.
Bestelako moduluetan eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio ikasleak IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.
Horretarako, «Jakinarazpena: Euskara eskoletara joateari uztea» (III. eranskina) izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.
Eskola-uztearen data, inprimakia erregistratzen den eguna izango da eta egun horretatik aurrera etengo da ordu-kredituaren kontaketa. Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
www.ivap.euskadi.eus
(euskara>euskara ikastaroak>informazio orokorra>zer egin behar dut ikastaroan baja eskatzeko?>eskola uztea jakinarazteko inprimakia).
Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen erakundeari eskola-uztearen berri ematea.
Bederatzigarrena.– Ordu-kreditua.
2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki, deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituen sistema izango dute ezarria.
Agindu horren 6. artikuluaren arabera, euskara ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturtearen hasieran.
Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera-maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.
Ordu-kredituaren kontrolaren ondorioetarako, 2017-2018 ikasturtearen hasiera urria izango da. Eta honako hiru deialdi hauek bilduko dira ikasturtean:
1) Urrian eskolatzeko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).
2) Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).
3) Udako ikastaroen deialdia (maiatzean argitaratzen dena).
Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:
a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
b) Otsailean hasten diren ikasle berriei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
c) Udan hasten diren ikasle berriei eskaera egin orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.
Hamargarrena.– Laugarren hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroen berezitasunak.
10.1.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.
10.2.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.
Eskatzaileak 3.HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.
Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan langileek gutxienez unibertsitate-diplomatuak izan behar dute.
Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4. HEko ikastaroetan.
Ikastaroa egiteko baimena emateak berekin dakar ikastaro teorikorako baimena ez ezik, proiektuaren tutoretzako 15 orduko baimena ere ematea.
Euskarazko hizkuntza prestakuntza lanorduetan jasotzeko baimenak ematerakoan, erakunde bakoitzak bere irizpideak erabiliko ditu.
10.3.– Ikastaroaren ezaugarriak eta modalitateak.
Ikastaro honetan HABEren curriculumeko laugarren maila prestatzeko formakuntza eskainiko da. Ikastaroak bi alderdi izango ditu: batetik ikastaro teorikoa, 170 ordu ingurukoa, eta, bestetik, nork bere proiektua prestatzeko 15 orduko tutoretza-saio pertsonalizatuak.
Ikastaroan parte hartzen duen ikasleak proiektu indibidual bat prestatu beharko du ikasturtean zehar eta horrek, eskola-orduez gain, lan pertsonala egitea ere eskatuko dio ikasleari.
Ikastaro hauetan norbere lanak dauka garrantzi gehien. Beraz, ikastaro hau egin nahi duen langileak jabetu behar du, ikastaroa gainditzeko eta proiektua garatzeko, ezinbestekoa dela aparteko lan pertsonala egiteko prest egotea eta eskola orduez haratago doan dedikazio pertsonal gehigarria eskaintzea.
Proiektu indibiduala garatzeko ikasle bakoitzari dagozkion 15 orduko tutoretza saioak noiz izango diren, irakasle eta ikasleen artean adostuko dute.
10.3.1.– Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko taldeetan.
Administrazioko taldeek aurrez aurreko ikastaroa egingo dute. Eskolak astean hiru egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 08:00etatik 10:00etara.
Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.
Ikastaro hauek 2017ko urriaren 2an hasiko dira, eta 2018ko maiatzaren 30ean amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.
Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko nahiko ikaslerik ez dagoenean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, HABEko laugarren mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.
10.3.2.– Aurrez aurreko ikastaroa edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula orriarekin.
Euskaltegi batzuek autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk homologatutako ikastaroa izan behar duela.
Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere erakundearen bitartez.
Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.
Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.
Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da langileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren langileen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta herri-erakunde bakoitzari bere langileenak jakinaraziko dizkio.
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.
Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute Ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Horrela, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien herri-erakundeei jakinaraztea euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. art.). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari –HABEri– (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).
Langileei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatzeko edota deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK
1.1.– Barnetegiko ikastaroak.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.
1.2.– Bost orduko ikastaroak.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.
Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: urriak 2 – otsailak 9.
Otsailetik aurrera modulu honetan aritu ahal izateko, maiatzeko deialdian izena eman dutenek ere, azaroko deialdian izena eman beharko dute.
Abenduaren 26tik urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.
1.3.– Bi orduko ikastaroak.
IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.
Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.
IVAPeko taldeen egutegia: 2017ko urriaren 2tik – 2018ko maiatzaren 31ra.
Abenduaren 26tik urtarrilaren 7ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Era berean, ez dira eskola egunak izango martxoaren 26tik apirilaren 8ra, biak barne.
Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.
III. ERANSKINA
JAKINARAZPENA EUSKARA ESKOLETARA JOATEARI UZTEA
2017-2018 IKASTURTEA
IKASLEAK BETETZEKO
Ikaslearen izenpea eta data
Eskola uzteak balioa izango du jakinarazpen hau IVAPen jasotzen den egunetik aurrera