EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016087

EDIKTUA, adostasunik gabeko banaketaren gaineko epaia argitzeko jarraitu den 1954/2015 prozeduraren ziozkoa.

Xedapenaren data: 2016-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201702322
Maila: Ediktua
Bilboko Lehen Auzialdiko 14 zenbakiko Epaitegia (Familia).
Adostasunik gabe banaketaren judizioa. 1954/2015.
Alderdi demandatzailea: Victoria Mbasogo Esono.
Alderdi demandatua: Agustin Eyaga Mbang.
Gaia: adostasunik gabeko banaketa.
Aipatutako judizioan, ebazpena eman da. Hona hemen testua, hitzez hitz:
AUTOA
Ezarri duen magistratua: Tania Chico Fernandez.
Lekua: Bilbao (Bizkaia).
Eguna: bi mila eta hamaseiko irailaren hogeita bata.
XEDAPENAK
1.– Prozedura honetan 2016ko irailaren 14an emandako epaia argitzea erabaki da; honela:
2.– Aipatutako ebazpena aurrekarietan adierazitako moduan idatzita geratuko da, behin betiko, honela:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
«Bigarrena.– Lotura hausteak pertsonen eta ondarearen gainean eragin dituen ondorioei erreparatuz gero, judizioaren egintzan garatu den froga-jarduera kontuan hartuta, eta, zehazki, demandatzailearen aitorpena ikusita, argi dago demandatua ez dela bere familiaren egoeraz kezkatu. Izan ere, duela hiru urte inguru utzi zuen familiaren bizilekua, eta harrezkero ez du inolako harremanik edo komunikaziorik izan bere seme-alabekin; telefonoz hitz egiten ere ez da saiatu. Ondorioz, guraso-ahala oso-osorik amari esleitu behar zaiola uste da. Izan ere, instituzio horretan adingabeen interesa da gailendu behar dena, eta, amak aitarekin harremana izateko aukerarik ere ez duenez, bere eguneroko bizitzan zailtasun handiak izango lituzke, berak hartzen dituen erabakien gaineko baimena lortzeko orduan. Halaber, gogoan izan behar da berez berak bakarrik baliatzen dituela guraso-ahalaren ondoriozko atribuzioak duela hiru urtetik, aitaren isilbidezko baimenarekin. Horren harira, Auzitegi Gorenak besteak beste 1996ko abenduaren 31ko epaian adierazi duena hartu behar da gogoan. Horren arabera, "nahiz eta guraso-ahala zuzenbide natural eta positiboari jarraikiz gurasoei dagokien, funtzio horretan eskubideez gain betebeharrak jasotzen direnez (batez ere betebeharrak dira), kasu batzuetan guraso-ahala legearen aginduz mugatu, eten edo indargabetu daiteke, baldin eta ahalaren titularrek, arrazoi batzuen edo besteen ondorioz, ez badituzte hari dagozkion funtzioak betetzen edo ondorengoarentzako kalteak sortzen dituen edo desegokia den modu batean baliatzen badituzte; instituzio juridiko hori osatzen duten betebeharrak urratzen baldin badira, muturreko irtenbide bat hartuko da, Kode Zibilaren 170. artikuluan zehaztutakoaren arabera, eta doktrina eta jurisprudentzia interpretatuta, araua hautsi duen gurasoarentzako zigor bat baino gehiago adingabea babesteko neurri bat izango da, eta, ondorioz, bere onerako hartu behar da, adingabearen lehentasunezko interesak larriki kaltetzen dituen jarrera hori ez bada haurraren etorkizuneko prestakuntza eta heziketarako egokiena".
Bestalde, amari egotziko zaio seme-alaba komunak zaintzeko ardura, berarekin bizi baitira, bai eta familiaren etxebizitzaren erabilera esklusiboa ere, bertan egon izan baita familia-unitatea aitarekin bizitzeari utzi zionetik, eta horixe delako babes gehien behar duen familia-interesa.
Halaber, ez da aitaren aldeko bisita-araubiderik ezarriko, gaur egun leku ezezagunen batean baitago, eta luzaroan egon baita adingabeekin inolako komunikaziorik eduki gabe.
Azkenik, zaintza ez duen gurasoak bete behar duen mantenu-betebeharra dela-eta, bere hileko diru-sarrera garbien % 20 eman beharko du xede horretarako, eta hileko gutxieneko zenbatekoa 100 eurokoa izango da seme-alabetako bakoitzeko, irauteko gutxienekoa hori dela uste baita, kontuan hartuta, gainera, haurrak itunpeko ikastetxe batera doazela, eta, beraz, amak hilero 100 euro inguru ordaintzen dituela. Halaber, aitak aparteko gastuen erdia ordaindu beharko du.»
Era berean, epaiaren xedapenak aldatzea erabaki da, lotura hausteak pertsonen eta ondarearen gainean eragin dituen neurriak kontuan hartuta:
«XEDAPENAK: (...)
Bien arteko harreman pertsonalak eta ondare-harremanak arautzeko neurri hauek ezartzea erabaki da:
1.– Amari egotzi zaio guraso-ahala oso-osorik, bai eta seme-alaba komunen zaintza eta familia-bizilekuaren erabilera ere.
2.– Aitaren eta seme-alaba komunen arteko bisitak eten dira.
3.– Aitak seme-alaba komunen mantenurako ordaindu beharko duen zenbatekoa bere diru-sarrera garbien % 20 izango da, eta horietako bakoitzeko gutxienez 100 euro ordaindu beharko ditu, hilabete bakoitzeko lehenengo bost egunen barruan, amak esleitzen duen kontu-zenbakian. Zenbateko hori urtero eguneratu ahalko da, KPIaren erreferentziaren edo eguneraketa-unearen aurreko urteari dagokion kontzeptu baliokidearen arabera. Lehenengo eguneraketa 2018ko urtarrilaren 1ean egingo da.
4.– Aitak elkarren adostasunez edo baimen judizialarekin egindako aparteko gastuen erdia ordaindu beharko du».
Sar bedi ebazpen hau epaien liburuan eta bidal bedi testigantza auto nagusietara.
Aurkaratzeko modua: auto honen aurka ez dago errekurtsorik aurkezterik. Jatorrizko ebazpenaren aurka, ostera, ebazpena jakinaraztean zehaztutako errekurtsoak jar daitezke (PZL, 214.4 artikulua).
Aurreko paragrafoan aipatzen diren errekurtsoak aurkezteko epeak, hala badagokio, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira (BJLO, 267.9 artikulua).
Alderdi demandatuaren gaur egungo bizilekua edo egoitza ezezaguna denez, ediktu hau EHAAn argitaratzea erabaki du epaileak, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, 2016-09-21eko epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.
Bilbao (Bizkaia), 2016ko irailaren 27a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.