EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017086

AGINDUA, 2017ko apirilaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez izendatzen baitira Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko kontratazio-mahaiko kideak.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-04-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201702290
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2010/06/18an argitaratutako 2010/05/19ko AGINDUA partzialki indargabetzen du [201003051]
  • 2014/05/19an argitaratutako 2014/04/29ko AGINDUA partzialki indargabetzen du [201402164]
  • Ikus 2016/09/01ean argitaratutako 2016/07/27ko 201600116 DEKRETUA

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren kontratazio-mahaiak eratu ziren. Ondoren, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2014ko apirilaren 29ko Aginduaren bidez, agindu hori aldatu egin zen.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua indarrean jartzeak aldaketak eragin ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren egituraren konfigurazioan.
Egitura horren barnean dago Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, izen bera duen iraungitako sailaren ordez. Dena den, bi sailak alderatuta, zenbait ezberdintasun daude esleitutako egiteko eta arloetan. Orain, gazteria barne hartzen da sailaren eskumenen arloan, eta, aldiz, kanpo geratzen dira arlo hauek: etxebizitza, lurzorua eta hirigintza, etxebizitzari atxikiak; arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna eta kalitatea eraikuntzan, irisgarritasunaren sustapena; lan-harremanen esparruko lan-araudia betetzea; ekonomia soziala; kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa; enpresen erantzukizun soziala; eta, azkenik, Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako baldintzetan.
Bestalde, apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren bidez onartu zen Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzional berria.
Aurretik azaldutakoaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako sailen berregituratzeak –aipatu azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuari jarraikiz gauzatua– eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala arautzen duen dekretu berriaren onarpenak beharrezko egiten dute Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren kontratazio-organoari laguntzen dion kontratazio-mahaia edo kontratazio-mahaiak berriz konfiguratzea, Sailak egun dituen eskumenen esparruari egokitzeko.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera –2016ko urriaren 1etik indarrean–, Administrazio Publiko gisa aintzat hartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek sei hileko epea dute, berau indarrean sartzen denetik, kontratazio-mahaien egitura aipatutako dekretuaren 8. artikulura egokitzeko.
Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, hau
XEDATZEN DUGU:
1. artikulua.– Kontratazio-mahai batek emango die laguntza Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren kontratazio-organoei esleipen-prozedura irekietan, mugatuetan eta negoziatu publizitatedunetan; kontratazio-mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako egitekoak izango ditu. Haren partaideak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkaria izan ezik, kontratazio-organoak izendatuko ditu, eta kide hauek osatuko dute:
a) Batzordeburua: Saileko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketaren Arloko arduraduna. Postua hutsik dagoenean, arduraduna azaltzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Saileko Aholkularitza Juridikoaren arduradunak ordezkatuko du.
b) Kideak:
– Sailean kontratazioa sustatzen duen zuzendaritzaren ordezkari bat, zeinak kontratazio-organoari aholkularitza teknikoa emateko egitekoa izango baitu.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bertako titularrak izendatua, zeinak kontratazio-organoaren kontrol ekonomikoa eta aurrekontu kontrola egingo baitu.
– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, bertako titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua, Informazio-sistemen eta telekomunikazioen arloko planifikazioa, antolamendua, eginkizunen banaketa eta gestio-modalitatea arautzeko otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan aurreikusitako kasuetan.
– Aukeran, eta kontratazio-organoaren eskariz, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, bertako titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.
c) Idazkaria-kidea-aholkulari juridikoa: Zuzenbidean lizentziatua den eta Zerbitzu Zuzendaritzaren Kontratazio-organoari atxikita dagoen pertsona bat, zeinak aholkulari juridikoko egitekoak izango baititu, eta baita kontratazio-mahaiaren idazkaritzaren egitekoak ere; hitza eta botoa izango ditu.
2. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, esleipen-prozeduretan esku hartzeko, baldin eta, kide anitzeko organo horien esku-hartzea derrigorrezkoa ez izanik ere, horrela erabakiko balu dagokion kontratazio-organoak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen dira Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko maiatzaren 19ko Aginduaren 1. eta 3. artikuluak, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko apirilaren 29ko Aginduan emandako idazkeran; artikuluok Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren kontratazio-mahaia eratzeari buruzkoak dira.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 24a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.