EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017085

11/2017 DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, lehendakariarena, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariaren egitekoak direla-eta Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren eskumenak eskuordetzeko dena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201700011
Xedapenaren data: 2017-04-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201702253
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2013/05/17an argitaratutako 2013/04/25eko 201300015 DEKRETUA indargabetzen du

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 8. artikuluak ezartzen du agentzia horren lehendakaritza garapenerako lankidetzan eskumena duen sailburuari dagokiola, eta, lehendakariordetza, gaian eskumena duen sailburuordeari.
Garapenerako lankidetzaren alorra Lehendakaritzari esleitu zaio, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera. Dekretu horrek EAEren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen.
Ildo horretan, Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 3. artikuluak Lehendakaritzari atxiki dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa. Atxikitze hori Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez zehaztu da, agentzia hori sortu eta arautzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoaren arabera.
Horretatik guztitik ondorioztatzen da, indarrean dagoen araudiaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari dagokiola aipatutako agentziaren lehendakaritza, gaur egungo Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoan Jaurlaritzaren kide bati atxikitako funtzio multzoa lehendakariak hartu behar baitu bere gain. Ondorioz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari dagokio agentziaren lehendakariordetza.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publikoetako organoek administrazio bereko beste organo batzuen esku utz dezakete esleitutako eskumenak erabiltzea.
Administrazio-jarduera ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Lehendakaritzari atxikitzetik sortutako egoera berezia dela eta, beharrezkoa da agentzia horren lehendakaritzari atxikitako eginkizunak eskuordetzea.
Horrenbestez, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariordea den aldetik, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari eskuordetzea Eusko Jaurlaritzako lehendakariari atxikitako eskumenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakaritzari dagokionez.
2. artikulua.– Dekretu honen bitartez eskuordetutako eskumenak noiznahi beregana ditzake eskuordetzea egin duen organoak.
3. artikulua.– Dekretu honen bitartez eskuordetutako eskumena baliatuta emandako ebazpen guztietan berariaz jaso beharko da zirkunstantzia horren berri, eta dekretu hau onartu zeneko eguna eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenekoa ere zehaztu beharko dira.
4. artikulua.– Indarrik gabe geratzen da lehendakariaren apirilaren 25eko 15/2013 Dekretua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariaren egitekoak direla-eta Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren eskumenak eskuordetzekoa.
5. artikulua.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 25ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.