EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017082

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 380/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2017-03-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201702192
Maila: Ediktua
Irungo Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesala.
Judizioa: 380/2015 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Demandatzailea: Magdalene Osarewa.
Abokatua: Agustin Yerobi Lopez.
Prokuradorea: Guadalupe Amunarriz Agueda.
Demandatua: Jimoh M Asague Ojo.
Gaia.
Judizio horretan, epaia eman da 2017-01-30ean. Hona hemen epaitza:
«Partzialki baietsi da María Guadalupe Amunárriz Águeda prokuradoreak Magdalene Osarewa andrearen izen eta ordezkaritzan jarritako demanda, Jimoh M Asague Ojo jaunaren aurka, eta, ondorioz, honako neurri hauek erabaki dira seme adingabekoaren harira:
– Amak, hau da, Magdalene Osarewa andreak izango du adingabekoaren zaintza eta jagoletza; guraso-ahala, berriz, bi gurasoena izango da.
– Aitari, hau da, Jimoh M Asague Ojo jaunari, bere seme adingabekoa bisitatu eta harekin egoteko honako araubidea ezarriko zaio, baina, edonola ere, araubideak ordezko izaera izango du, gurasoek orokorrean edo kasu zehatz batzuetan lor ditzaketen adostasunen aldean:
a) Ohiko araubidea baino lehen egokitzapen-aldi bat egongo da. Egokitzapen-aldia aitak bere semea ikusteko interesa duela adierazten duen unean hasiko da, eta 4 hilabeteko iraupena izango du. Aldi horretan, txandakako asteburuetan ikusi ahalko du semea, gaua berarekin igaro gabe, larunbat goizeko 10:00etatik egun horretako 19:00etara, eta igande goizeko 10:00etatik egun horretako 19:00etara.
Aldi iragankor horretan, adingabekoaren eskola-oporretan (Aste Santuan, Gabonetan eta udan) bere amarekin egongo da.
Aldi iragankor hori igaro denean, oporrak erdibana igaroko dira gurasoen artean, honela:
A) Gabonak: urte bakoitietan, ama egongo da bere semearekin, azken eskola-egunean ikastetxetik irteten denetik abenduaren 31ko 12:00ak arte; eta aitaren txanda abenduaren 31ko 12:00etatik eskolak hasi bezperako 20:00ak arte izango da. Urte bikoitietan, ama bere semearekin egongo da bigarren aldian eta aita, berriz, lehenengoan.
B) Aste Santua: urte bakoitietan, ama adingabekoarekin egongo da Aste Santuan, Aste Santuko asteleheneko 10:00etatik Pazko-asteko asteleheneko 10:00etara, eta aita, ordea, Pazko-astean, Pazko-asteko asteleheneko 10:00etatik Pazko-asteko igandeko 20:00etara. Urte bikoitietan, ama bigarren aldian egongo da bere semearekin, eta aita lehenengoan.
C) Uda: bi alditan bananduko da, eta, hala, ama egongo da semearekin lehenengo aldian urte bakoitietan, eta bigarrenean, aldiz, urte bikoitietan:
• Lehenengo aldia izango da: uztailaren 1eko 10:00etatik uztailaren 16ko 10:00ak arte; abuztuaren 1eko 10:00etatik abuztuaren 16ko 10:00ak arte, eta irailaren 1eko 10:00etatik ikasturte berria hasi bezperako 20:00ak arte, irailean.
• Bigarren aldia izango da: ekaineko azken eskola-egunean ikastetxetik irteten denetik uztailaren 1eko 10:00ak arte; uztailaren 16ko 10:00etatik abuztuaren 1eko 10:00ak arte; eta abuztuaren 16ko 10:00etatik irailaren 1eko 10:00ak arte.
Adingabekoa eskolan jaso eta utziko da, eskola-eguna bada, eta, hala ez bada, amaren etxean.
Oporretan ohiko bisita-araubidea etengo da.
Edonola ere, eta amak adierazitakoa kontuan hartuta, adingabekoak ezingo du atzerrira bidaiatu, amak berariaz eta idatziz baimena eman ezean.
Adingabekoa leku ezagun batetik leku ezezagun batera lekualdatzen duen gurasoak beste gurasoari jakinarazi beharko dio. Halaber, telefono-zenbaki berria ere jakinarazi beharko dio, halakorik badago.
Semearekin dagoen gurasoak beste gurasoarekiko komunikazioa ahalbidetu eta erraztuko du, ohiko orduz kanpo, justifikaziorik gabe edota modu guratsuan ez bada gauzatzen behintzat.
• Aitak hilero 100 euro ordainduko ditu bere semearen mantenu-pentsio gisa, eta ordainketa hilaren lehen bost egunetan gauzatu beharko du, amak zehazten duen kontu-korrontean edo aurrezki-kontuan.
Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Estatistikako Institutu Nazionalak edo etorkizunean hura ordezten duen erakundeak estatu osorako prestatutako kontsumoko prezioen indizearen gehikuntzaren indizea aplikatuz.
• Semearen aparteko gastuak amak ordainduko ditu % 70ean eta aitak % 30ean. Aparteko gastuak izango dira beharrezkoak diren horiek, baina aldian-aldian egiten ez direnak eta aurreikusi ezin direnak (esate baterako, mediku-gastuak edo osasun-gastuak, Gizarte Segurantzan edo aseguru pribatuan sartzen ez direnak). Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko edo udalekuetan parte hartzeko, bi gurasoak ados jarri beharko dira, horietako edozeinetan matrikulatu edo hasi baino lehen. Adostasun batera iritsi direnean, lehen aipatutako proportzioan ordainduko da dagokion zenbatekoa, ordainagiria aurkeztu eta ordainketa egin ondoren.
Berariaz aurreikusi gabeko beste gasturik badago, gurasoek gastu hori egokia ote den adostuko dute, eta, ados baldin badaude, % 70 - % 30 proportzioan ordainduko dute, dagokion ordainketaren ordainagiria aurkeztu ondoren. Horretarako, zenbatekoak zehaztu eta objektibatze aldera, beharrezkoa izango da gastua beharrezkoa dela adierazi duen gurasoak aldez aurretik eta modu sinesgarrian jakinaraztea beste gurasoari, azken horrek baimena eman edo ukatu dezan, berariaz, modu sinesgarrian, edo beharrizan hori isilbidean baiets dezan, gastua beharrezkoa dela dioen proposamena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean isilik egonda.
Ez da alderdientzako kosturik ezartzen.»
Jimoh M Asague Ojo demandatuaren egungo helbidea ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibileko Legearen (1/2000 Legearen) 497.2 artikuluaren arabera (PZLb).
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatu auzi-iheslariak.
Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.
Irun, 2017ko martxoaren 21a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.