EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017082

AGINDUA, 2017ko martxoaren 8koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2017-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201702180
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.
EGITATEZKO AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean (gaur egun Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialaren estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Enplegu eta Gizarte Politikak Sailaren, Euskadiko Graduatu Sozialen Kontseiluaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, 2016ko azaroaren 22ko idazki baten bidez, Herri Administrazio eta Justizia Sailak (gaur egun Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) Elkargoari estatutuen aldaketa agindu bidez onartzeko ikusi ziren akatsak konpontzeko eskatu zion. 2017ko urtarrilaren 17an Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Elkargoak igorritako agiriak sartu ziren.
Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten:
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 Artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, Konstituzioaren 36. eta 139. Artikuluetan xedatutakoari kalterik eragin gabe.
Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen Lehendakariaren apirilaren 9ko 188/2014 Dekretuaren 10. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian eta lehenengo xedapen iragankorrean xedatuarekin lotuta.
Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. Artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38.eta 39. Artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.
Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 8a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ARABAKO LAN HARREMANETAKO GRADUATUEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
LEHENENGO TITULUA
ELKARGOA
1. artikulua.– Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, lanbide-izaera, berezko nortasun juridikoa eta bere xedeak bete ahal izateko erabateko gaitasuna dituena.
Arabako lan-harremanetako gradudunen elkargo ofizialean –lehengo izena, hitzez hitz, Arabako graduatu sozialen elkargo ofiziala– nahitaez elkartu behar dute Arabako mugapenean jarduten duten lan-harremanetako gradudun guztiek. Lege-maila baino apalagokoa den arau batean jasota dago betebehar hori, beraz, iragankorra izango da, lege-maila duen estatu-arau batean jaso arte.
Elkargoaren helburua lan-harremanetako graduatuen lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak esklusiboki ordezkatzea eta defendatzea da, gizartean dauden interes eta behar orokorrekin bat etorriz.
2. artikulua.– 1.– Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialaren eraginpeko lurralde-eremua Arabako lurralde historikoak duena da.
2.– Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoak Gasteizen du egoitza, Vicente Goikoetxea kaleko 17. zenbakiko beheko solairuan (Landazuriko ertza 1. zk.). Gobernu Batzordeak proposatuta Batzar Nagusiak erabaki ahal izango du egoitza aldatzea, baina horrek ez du alde batera utziko Batzar Nagusiaren erabakiz beste udal batzuetan ordezkaritzak irekitzeko aukera.
3. artikulua.– Elkargoa estatutu honek arautzen du, eta era osagarrian arautuko dute 2013ko irailaren 16ko Aginduak onartzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluen estatutuek eta abenduaren 1eko 1415/2006 Errege Dekretuak onartzen dituen Espainiako Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilu Nagusiaren estatutuek, bai eta aplikagarriak diren gainerako lege-xedapenek ere.
Estatutu hauek onartzeko edo aldatzeko beharrezkoa izango da bereziki horretarako deitutako Aparteko Batzar Nagusiak hartutako erabakia, eta bertan egon beharko dute, edo bestela behar bezala ordezkatuak, gutxienez elkargokideen % 10ak. Estatutuak edo estatutuen aldaketak onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako elkargo ofizialen arloan eskumena duen sailera bidaliko dira, aktaren ziurtagiriarekin batera, erregistratzeko eta argitaratzeko.
1.– Aktaren ziurtagiria, halaber, Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusira bidaliko da.
2.– Gobernu Batzordeak elkargokide guztiei eta Kontseilu Nagusiari bidaliko die estatutuen proiektua, hilabeteko epean egoki irizten dituzten zuzenketak aurkeztu ahal ditzaten.
Jendeari jakinarazteko aldia ere irekiko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia ipinita, eta baita elkargoaren lurralde-eremuan gehien saltzen diren bi egunkarietan argitaratzea ere.
3.– Zuzenketa guztiak jaso ondoren, elkargoak zuzenketa horiek elkargokide guztiei bidaliko dizkie, jakinaren gainean egon daitezen.
4.– Aparteko Batzar Nagusia Gobernu Batzordeak zehaztu beharreko egunean egingo da, zuzenketak aurkezteko epea amaitu eta ondorengo 15 eta 20 egun bitartean, hala egokituz gero, estatutuak onartzeko edo aldatzeko.
5.– Aurretik esandakoa alde batera utzi gabe, Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegia arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuko 38. artikuluan zehaztutako prozedura jarraituko da, halaber, estatutuak lantzeko eta aldatzeko.
4. artikulua.– Estatutu hauen bitartez elkargokide guztiek parte hartze askea eta berdina dutenez, elkargoko barne egituraren eta jarduera-erregimenaren izaera demokratikoa bermatzen da.
5. artikulua.– 1.– Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoari dagokio, bere lurralde-eremuaren barruan, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. artikuluak esleitzen dizkion eragitekoak.
2.– Eskumen orokorra alde batera utzi gabe, oinarrizko egiteko hauek ditu atxikita:
a) Elkargokideen lanbide-jarduera antolatzea bere eskumenaren eremuan, kalitatearen maila egokia zainduz, eta elkargokideen etengabeko prestakuntzaren eta hobekuntzaren bitartez.
b) Elkargokideen jarduera lanbideko eta zerbitzatzen duten gizarteak eskatzen dituen arau deontologikoetara egokitzen dela ziurtatzea, nolanahi ere, herritarren eskubideak errespetatuz eta ziurtatuz.
c) Lan-harremanetako graduatuen lanbidea gauzatzearekin lotuta dauden interes orokorrak egoki bete daitezela ahalegintzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioekin lankidetzan aritzea, bere eskumenak gauzatzerakoan, lanbide-elkargoei buruz autonomiako eta estatuko Legean aurreikusita dagoen bezala.
e) Elkargokideen gain diziplina-ahalmenak gauzatzea, Konstituzioaren printzipioak eta arloan legezkoak direnak zorrotz beteaz.
f) Lanbidearen ordezkotza eta defentsa egitea administrazioaren, erakundeen, epaitegien, entitateen eta norbanakoen aurrean, lanbidearen interesak ukitzen dituzten auzietan parte hartzeko eta, legearekin bat, eskabide-eskubidea gauzatzeko.
g) Lege orokor eta bereziak, lanbide-estatutuak edo elkargoko organoek euren eskumeneko arloetan hartutako arau eta erabakiak betetzea eta kidetuei betearaztea, horretarako araubide juridikoak uzten dituen bitarteko koertzitibo guztiak eta estatutu hauetan beren beregi ezartzen direnak erabilita.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek landutako arauzko proiektuen berri ematea, gobernuko organoen egitekoei, eremuei, ordainsariei eta bateraezintasunei buruzkoak, prestakuntzako edo espezializazioko ikastaroei buruzkoak eta lanbideari dagozkion diplomei buruzkoak.
i) Estatutuak modu autonomoan onartzea, araubide juridikoak ezarritako beste mugarik gabe.
j) Aurrekontu arruntak eta apartekoak onartzea.
k) Kideek ordaindu beharrekoa arautzea eta eskatzea, bai elkargoko bidetik eta bai jurisdikzioaren bidetik ere.
l) Elkargokideen lan profesionalak eskumen-eremuan ikus-onestea honako kasu hauetan: a) bezeroek –administrazio publikoak ere barne hartuta (bezero jarduten dutenean)– berariaz eskatzen dutenean; b) Gobernuak errege-dekretu bidez eskatzen duenean, eragindako elkargokideei aurrez kontsulta eginda, eta betiere beharrezkoa baldin bada lan profesionalaren eta pertsonen osotasun fisikoaren eta segurtasunaren artean zuzeneko kausalitate-harremana dagoelako. Edonola ere, oniritzia kontrol-baliabiderik egokiena dela ziurtatu behar da. Elkargoek ezin dute inola ere ez berez, ezta estatutupeko xedapenen bidez ere– ezarri lan profesionalak ikus-onesteko betebeharra.
m) Elkargoan kidetutakoen intereseko diren lanbideko, prestakuntzako, kulturako, laguntzako eta aurreikusteko jarduerak eta zerbitzu erkideak antolatzea. Beharrezkoak diren bitartekoekin sostengu ekonomikoa ematea eta, hala egokituz gero, graduatu ondoko elkargokideen lanbide-heziketarako eta gainerakoentzako lanerako prestakuntzarako ikastaroak antolatzea.
n) Lanbide-ordainsariak kobratzeaz arduratzea, elkargoak zerbitzu hori sortua duenean; betiere elkargokideak bere kabuz eta modu adieraziz eskatzen duenean, estatutu hauetan ezarritako baldintzekin eta kasuekin bat.
ñ) Bitartekaritza edo arbitraje bidean parte hartzea, elkargokideen artean lanbidearekin lotutako arrazoiengatik sor daitezkeen arazo eta desadostasunak laudoz edo alderdiek eskatuta ebatziz, hala nola, elkargokideek egindako lanetatik eratortzen diren betebeharrak.
o) Bidegabeko lehia eta intrusismoa ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioekin lankidetza bultzatuz.
p) Herri administrazioek eskuordetzan emandako eskumenak edo herri administrazioekin lankidetza-hitzarmenen xede izan direnak egikaritzea.
q) Lanbideko gai espezifikoei buruzkoak jakitea eskatzen den epaimahaietarako ordezkariak izendatzea, hala eskatzen bazaie.
r) Lanbideko ordainsariak eztabaidatzen direnean, prozedura judizialetan edo administrazio-prozeduretan txostenak igortzea.
s) Jarduneko lan-harremanetako graduatuen ordezkotza arautzea, lan-arloko epaitegi eta auzitegiek eskatzen dutenean, hori arautzen duen Legearen arabera.
t) Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan jardutea, indarrean dagoen legerian aurreikusitako moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako gainerako unibertsitateekin lankidetzan jardutea, halaber, eta bai beste hezkuntza-erakunde batzuekin ere, unibertsitateko eta ikastetxeetako erakundeetan hitzartzen den baldintzetan parte hartuz.
u) Lanbidea egoki garatzen laguntzen duen beste edozein.
6. artikulua.– Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilu Nagusiak izaera orokorrarekin ezartzen dutena izango dute jaieguna Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoan sartuta dauden lan-harremanetako graduatuek.
7. artikulua.– Gobernu Batzordeak erabateko ahalmena du elkargokideek bereganatzen dituzten merezimenduak saritzeko. Elkargokideak ez diren pertsona fisikoek edo juridikoek, eta entitate pribatu nahiz publikoek emandako zerbitzuen ondorioz eskuratutako sari eta eskupekoak Aparteko Batzar Nagusiaren eskumenekoak dira; aurretik Gobernu Batzordeak proposatu behar ditu.
BIGARREN TITULUA
ELKARGOKIDEAK
LEHENENGO KAPITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA
8. artikulua.– 1.– Elkargoan sartu ahal izateko beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:
A) Lan-harremanetako graduatu titulua, edo gaur egun dagoen edo etorkizunean lan-harremanetako graduatuaren egitekoak bete ahal izateko gaitzeko sortzen den beste edozein titulazio edukitzea.
B) Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa izatea, nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoa edo legezko jaregitea izan ezik. Adinez nagusia izatea eta ezintasun-arrazoirik ez edukitzea.
C) Lanbidea bete ahal izateko desgaikuntzarik jaso ez izana, edo bestela, zigorra jaso izanez gero, birgaituta egotea.
D) Oraingo Kontseilu Nagusiko gordailuen kontuan edo Autonomia Erkidegoen Lanbide Elkargoen Legearekin bat sor daitekeenean araubidez ezartzen den fidantza gordailatua izatea.
E) Eskatu den kidegotza-mota kontuan hartuta, Gobernu Batzordeak eskatutako agiriak aurkeztea. Lanbidea nork bere kasa gauzatzeko mota baldin bada, nahitaezkoa izango da erantzukizun zibileko arriskuengatiko aseguru-kontratua sinatua izatea.
2.– Enpresa bakar baten zerbitzurako (lan-harremanarekin nahiz irakasle eginkizunekin) jardunean elkargoko kide egiteko estatutu hauetako A), B), C), D) eta E) baldintzak bete beharko dira.
9. artikulua.– 1.– Lanbidea elkargoko lurralde-eremuan gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da bertan edo dagokion elkargoan sartua egotea; langile-helbide bakarra edo nagusia izango da, estatutu honetako 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.
10. artikulua.– 1.– Elkargoko lehendakariari egingo zaio elkargoko kide egiteko eskabidea, dagozkion agiriak erantsiko zaizkiolarik.
Elkargoko idazkariak eskabidea aztertuko du, eta bai horrekin batera doazen agiriak ere, gero txostena egingo du eta Gobernu Batzordearen esku utziko du, sartu ahal izateko eskabidea onartzeko, ukatzeko edo eteteko erabakia hartzea, hiru hilabeteko epean.
Interesdunari ebazpen horren berri idatziz emango zaio, elkargoko lehendakariaren oniritziarekin.
2.– Onartuak izan ez diren eskabide-egileek ukoa emateko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote, hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari, estatutuek hori aurreikusten badute. Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluen estatutuek aurreikusten ez badute, errekurtsoa Kontseilu Nagusiari aurkeztuko zaio, gobernu batzordearen bitartez. Gobernu Batzordeak errekurtsoari buruzko txostena emango du eta kontseiluari aurkeztuko dio. Kontseiluak ezarritako legezko epean ebatziko du.
3.– Onartu gabeko eskabide-egileek aurkeztutako agiriak berreskuratu ahal izango dituzte, eskabidea bera izan ezik, eskabidea elkargoko idazkaritzan artxibatuta geldituko baita, ukoaren ebazpenaren kopia batekin batera.
11. artikulua.– Onartutako izangaiak Kontseilu Nagusiak edo Autonomikoak, edo Gobernu Batzordeak ezarritako kuotak ordainduko dituzte eta elkargokide-txartela jasoko dute.
12. artikulua.– Bazkide berriak Elkargoko Erregistro Orokorrean inskribatuko dira, eskabideak onartzen diren hurrenkeraren arabera.
Aipatutako Erregistro Orokorraz gain, elkargoko idazkaritzak jardunean dauden bazkideen erregistro berezi bat edukiko du eta erregistro horretan adieraziko da lanbidea nork bere kasa gauzatzen den, edo enpresa edo korporazio baten zerbitzura, lan-harremanen baten bitartez, eta bai Gizarte Segurantzako habilitatu jarduerak egiten dituzten ere.
13. artikulua.– 1. Arabako lan-harremanetako gradudunen elkargo ofizialaren lurralde-eremuan jardun ahal izango dute beste lan-harremanetako gradudunen elkargoko lan-harremanetako gradudunek. Halaber, Espainiako estatuko lurraldean egoitza ezarri duten Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako profesionalek eta Espainiako estatuko lurraldean aldi baterako zerbitzuak egiten dituztenek.
14. artikulua.– Arabako graduatuen elkargo ofizialean hiru kide mota izango dira:
1.– «Lanbidean nork bere kasa jardutea, kontzeptu honetan partaide izanik sozietateetan jarduten dutenak sartzen direlarik».
2.– Lanbidean enpresa bakar baten zerbitzura jardunda, lan-harremanen baten bitartez betiere lan-harremanetako graduatu gisa kontratatua baldin bada. Estatuaren menpeko erakunde publikoetan funtzionario gisa zerbitzuak ematen dituzten lan-harremanetako graduatuak, enpresan jarduten dutenak izango dira, eta baita beste edozein erakundetan ari direnak ere, lan-harremanetako titulua dela eta sartu badira eta kargua eskuratzeko titulu hori eskatu baldin badiote; betiere egin beharreko zeregina lan-harremanetako graduatuari dagokiona baldin bada.
3.– Jardunekoak ez direnak; hiru ataletan banatzen dira.
a) Jardunekoak ez direnak.
b) Supernumerarioak; hor sartzen dira erretiratuak edo ezinduak, dagokion ezintasunagatik lanbidean jarduteko gaitasunik gabe utzita baldin badaude.
c) Ohorezko elkargokideak; hor sartzen dira lan-harremanetako graduatu izaera ez izan arren, elkargoaren interesen defentsan bereziki nabarmendu diren pertsonak. Aurretik lehendakaritzari aholkularitza emateko batzordeak proposamena egin behar du eta Gobernu Batzordeak eta Batzar Nagusiak onespena eman behar dute.
Supernumerarioak eta ohorezko elkargokideak ez daude, jakina, lanbidean jarduteko gaituta eta ohorezko izaera duten eskubideak baino ez dituzte. Gobernu Batzordeari elkargoarentzat eta lanbidearentzat lagungarri izan daitezkeen iradokizun guztiak egin diezazkiokete.
Halaber, indarrean dagoen legeriaren edo etorkizunean zehazten denaren bidez sortzen den beste edozein elkargokide mota sartzen da.
BIGARREN KAPITULUA
LANBIDEAREN JARDUNA
LEHENENGO ATALA
ELKARGOKIDEEN BETEBEHARRAK ETA ESKUBIDEAK
15. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak:
A) Lanbidea beti beharrezkoa den zintzotasun, begirune eta duintasunarekin egitea.
B) Estatutu hauek eta aplikaziokoak diren gainerako arauak zorrotz betetzea.
C) Lanbidean beti bere izenarekin bakarrik soilik jardutea; sozietate zibil edo merkataritza-sozietate baten barruan jardunez gero, sozietatearen izenarekin batera beraren izen-abizenak, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota adieraziko beharko ditu beti.
D) Elkargoko idazkaritzari helbide aldaketen, elkargokide-mota aldaketen eta bajen berri ematea, 30 eguneko epean.
E) Elkargokideek nahitaez ordaindu beharreko kuotak epe barruan ordaintzea, eta bai derramak eta gainerako sozietate-kargak ere, eta % 12ko errekargua urteko, edo hilabeteari dagokion zatia, hiruhilero ordaindu beharreko kuotetan atzeratuz gero, Gobernu Batzordeak justifikatutako arrazoiak iritzita ez ordaintzeko baimena ematen duenean izan ezik.
F) Elkargoan egiten diren batzar nagusietara joatea, ezinezkoa suertatzen denean izan ezik, eta erregelamenduz egin behar diren hauteskundeetan parte hartzea.
G) Gobernu Batzordean agertzea, hala eskatzen diotenean.
H) Gaixotasunagatik, kanpora joateagatik edo diziplina zehapenagatik lanbide-egitekoak alde batera uzten badira, elkargoari jakinaraztea.
I) Gobernu Batzordeko kideak, elkargoko lehendakaria eta elkargoko batzordeak aintzat hartzea eta errespetatzea, eta horiek hartzen dituzten erabakiak betetzea.
J) Gobernu Batzordearekin eta gainerako batzordeekin lankidetzan jardutea, lanbidearen eta elkargoaren onurarako izan daitezkeen iradokizunak eginez.
K) Karguak betetzeko hautatzen dituztenean kargu horiek arretaz eta eraginkortasunez betetzea, eta Gobernu Batzordeak eskatuz gero, batzordeetan parte hartzea.
L) Lanbide-sekretua gordetzea; horrek esan nahi du lanbidearen jardunarengatik ezagutzen dituzten gertakarien berri ez emateko eskubidea eta betebeharra dutela. Lan-harremanetako graduatu baten laneko bulegoan erregistroa egiteko eskumena duen agintari judizialak, edo hala egokituz gero gobernatzaileak, elkargoko lehendakariari edo estatutuen arabera lehendakaria ordezten duenari ohartarazpena egiten badio, lehendakariak edo ordezkariak bulegoan agertu beharko du eta bertan egiten diren eginbideak ikusi, lanbide-sekretua gorde dadin zainduz.
M) Apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, zin edo hitzematea egitea, Gobernu Batzordeak deitzen dienean; betiere nork bere kasa jarduteko mota edo enpresan jardutekoa baldin bada.
N) Ofiziozko txandan izendapena onartzea, aurretik bertan borondatez izena emanda eta erregelamenduz zehazten diren baldintzak beteaz, gure eskumenen eremuan legez ezartzen denean, ezintasun nabaria dagoenean izan ezik. Gobernu Batzordearen aurrean egiaztatu beharko dira ezintasuna eragiten duten arrazoiak.
O) Janzki profesionala eta/edo toga janztea lan-arloko epaitegietan eta auzitegietan jardutean.
16. artikulua.– Elkargokideek honako eskubideak izango dituzte:
A) Elkargoan egotekoa, estatutu hauetan ezarritako elkargokide izaera galtzea dakarren arrazoiren bat denean izan ezik.
B) Elkargoak agintarien, entitateen eta partikularren aurrean ordeztea eta laguntzea, lanbide-jardunaren ondorioz edo eraginez bidezko erreklamazioak egiten dituztenean eta ezberdintasunak direla eta sor daitezkeen negoziazioetan.
C) Elkargoko gobernuko eta Kontseilu Nagusiko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluko organoak hautatzerakoan botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea.
D) Gobernuko organoen jarduerak sustatzea, estatutuetan ezarritako moduan proposatutako ekimenen bitartez.
E) Gobernu organoetako titularrak kentzea, zentsurako botoen bitartez, estatutu hauetan araututako baldintzetan.
F) Elkargoak ezartzen dituen zerbitzu guztiak erabiltzea; horien artean daude liburutegia, gizarte-aurreikuspeneko eta ongintzako erakundeak, argitalpenak eta sor daitekeen beste edozein, beren beregi jarduneko elkargokideei dagozkienak izan ezik.
G) Elkargoaren nondik norakoak jakitea eta ezagutzea.
H) Elkargoak antolatzen dituen ekitaldi korporatibo guztietara joatea.
I) Janzki profesionala eta/edo toga erabiltzea lanbidearen jardunean eta ekitaldi ospetsuetan, eta bai elkargokide-txartela eta, egonez gero, intsignia profesionala edukitzea ere.
J) Lan Aholkulari izena erabiltzea, lanbidearen eduki nagusiaren adierazpide espezifiko gisa. Hala ere, Lan Aholkulari eta beste edozein izenen aurretik Lan-harremanetako graduatu titulazioa ipini beharko da beti.
K) Elkargoak egiten duen kulturako eta prestakuntzako lanean parte hartzea, eta bai estatutu hauetan eta lanbidearen jardunari buruzko gainerako lege-arauetan aitortzen zaizkion ahalmenez eta prerrogatibez gozatzea.
BIGARREN ATALA
LAN-HARREMANETAKO GRADUATUEN LANBIDEA
17. artikulua.– (edukirik gabe).
18. artikulua.– Lan-harremanetako graduatuak dagozkion egitekoak eta berezkoak dituenak gauzatu ahal izango ditu, lanbide askearen, enpresa, entitate eta organismo bakar baten zerbitzurako lan-harremanaren edo administrazio-harremanaren araubidean.
19. artikulua.– Lan-harremanetako graduatu gisa norbere kasa jarduten duela joko da, honako gorabehera hauetakoren bat gertatzen denean:
A) Lanbidea jendeari arreta emateko onartzea, sinatzea eta gauzatzea.
B) Lanbide-zerbitzuak iragartzea edo jendeari eskaintzea, hala nola, txostenak, azterketak, aholkularitza, ordezkaritza eta lan-harremanetako graduatuaren jardunaren beraren izapideak.
C) Aurreko paragrafoan aipatutako lanengatik ordainsariak jasotzea.
D) Lan-harremanetako graduatuaren lanbidearen jardunarekin lotzen den beste edozein adierazpide edo gertakari.
20. artikulua.– 1. Lan-harremanetako gradudun batek lehenik beste kide bati eskatua zioten lan profesional bat bere gain hartzen baldin badu, aurreko kide horri jakinarazi beharko dio, begirunea erakusteko arau gisa.
21. artikulua.– 1.– Jardunean dauden lan-harremanetako graduatuek lanbidearen berezko egitekoak gauzatu behar dituzte beren izenean eta dedikazio eta erantzukizun zuzenarekin.
2.– Lan-harremanetako graduatuek ezingo diote beren titulua beste bati utzi edo beren buruak lan-harremanetako graduatu gisa kontratatu beren eskumenekoak diren zerbitzu propioetan azaltzeko, beste batzuei zerbitzuak emateko bulegoetan eta enpresetan, lanbide-elkarte bat dagoenean izan ezik, horrelakoetan bakoitzak bere titulu eta izenari eutsiko diolarik.
3.– Lanbidean aske jarduten duten lan-harremanetako graduatuek laguntzaileak kontratatu ahal izango dituzte. Laguntzaile horiek indarrean dagoen lege-araudiko eskubideak eta betebeharrak aintzat hartu beharko dituzte.
4.– Lan-harremanetako graduatuek indarrean dagoen araudiak baimentzen duen edozein elkarte-motatan sartuta dauden hirugarrenen aurrean jardun ahal izango dute. Egiten duten jarduera bakoitzean izena, abizenak, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota adierazi beharko dituzte.
22. artikulua.– (edukirik gabe).
23. artikulua.– (edukirik gabe).
HIRUGARREN ATALA
BATERAEZINTASUNAK
24. artikulua.– (edukirik gabe)
LAUGARREN ATALA
BULEGO KOLEKTIBOAK
25. artikulua.– 1.– Lan-harremanetako graduatuak bere lanbidea bete ahal izango du lan-harremanetako beste graduatu batzuekin edo lanbide-jarduera ezberdineko beste pertsona batzuekin batera, bulego kolektibo modura edo lanbide-sozietate gisa, legeak baimentzen duenaren arabera.
2.– Elkartutakoek beren kabuz hartutako itunek araupetuko dute taldea; betiere legeekin, lanbide-duintasunarekin eta lanbidea erregulatzen duten arauekin edo etorkizunean arautu dezaketenekin kontraesanean ez badaude.
3.– Bulego kolektiboek indarrean dagoen antolamendu juridikoak aitortutako edo etorkizunean aitor daitekeen elkartzeko edozein modu har dezakete; betiere lan-harremanetako graduatuaren lanbidearen duintasunaren eta izen onaren aurka ez baldin badoaz.
26. artikulua.– 1. Lan-harremanetako gradudunen bulego kolektiboak Elkargoko Elkarteetako Erregistroan inskribatuko dira, eta bertan jasoko dira bulego kolektiboa osatzen duten lan-harremanetako gradudunen izenak eta xehetasunak, bai eta elkarteko itunak ere. Era berean, elkartea eratu dela ziurtatzeko agiriaren edo eskritura publikoaren kopia baimendua aurkeztu beharko da.
2.– Lan-harremanetako graduatuak bere erakundeko itun arautzaileetan sortzen diren aldaketak jakinaraziko ditu, erregistroan inskribatzeko, eta erakundea osatzen duten lan-harremanetako graduatuen izenak eta gorabeherak.
3.– Bulego kolektibo batean sartuta dauden lan-harremanetako graduatu guztiak elkargoko kide izan beharko dute, beren kabuz jarduten duten elkargokide gisa.
27. artikulua.– 1.– Bulego kolektibo bat osatzen duten lan-harremanetako graduatuak bulegoak edo bulego kideek lan-harremanetako graduatuei dagozkien jardueretan egindako jardueren eta erreklamazioen erantzule solidarioak izango dira elkargoaren aurrean. Horrek ez du alde batera uzten, hala ere, bertako kideetako norbaitek edo talde osoak izan dezakeen bestelako beste edozein erantzukizun.
2.– Lanbide-jarduera lan-harremanetako graduatuen eskumeneko gaietan elkartea osatzen duten elkargokideetako edozeinen izenean egin beharko da.
28. artikulua.– 1.– Ez da bulego kolektibotzat joko lokal bakar batean biltzen diren lan-harremanetako graduatuen multzoak, lanbidean bakoitzak bere kabuz jarduten badute.
2.– Bulego kolektibotzat joko da, 27. artikuluan aurreikusten den solidaritatearen eraginetarako, kanpoko zeinuetatik edo bestelako elementu objektiboetatik hala ondorioztatzen denean.
HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZAERA GALTZEA
29. artikulua.– Elkargokide izateari utziko zaio honelakoetan:
A) Heriotzagatik.
B) Legez ezgaituta egoteagatik.
C) Norberak hala eskatuta, elkargoko lehendakariari egindako idatzi bidez. Beren kabuz jarduten duten elkargokideek jarduera ekonomikoen zergan baja eman dutela egiaztatu behar dute. Zerbitzua enpresa edo korporazio bati eskaintzen diotenek lan-harremanetako graduatu gisa egitekoak utzi direla jasotzen duen ziurtagiri bat.
D) Elkargoko kuotak, derramak eta gainerako kargak ordaintzerakoan sei hilabete segidan edo segidan ez bada urtebeteko epean atzeratzeagatik.
E) Erretiro edo baliaezintasun egoerara pasatzeagatik, supernumerario izaerara pasa nahi duela eskatzen duenean izan ezik.
30. artikulua.– 1.– Elkargoan baja ematen duen lan-harremanetako graduatuak elkargokide-txartela itzuli egin beharko du nahitaez, eta eskatu ondoren itzultzen ez badu, besterik gabe baliogabetu egingo zaio, dagozkion iragarkien bidez. Horrezaz gain, agiria behar ez bezala erabiltzeagatik erantzukizunak eska dakizkioke.
2.– Edozein arrazoi dela eta baja ematen duten elkargokideek hamabi hilabete igaro ondoren berriro alta eskatzen badute, alta-eskaera berriaren egunean indarrean dagoen kuotaren % 50a ordaindu beharko dute. Hala ere, eskatzaileak nahi izanez gero, Gobernu Batzordeak betebehar horretatik salbuetsi edo ordaindu beharreko zenbatekoa murriztu ahal izango du, hori justifikatzen duten parteko gorabeherak badirela irizten badu.
3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, supernumerario izaerara pasatzen diren elkargokideak elkargokide-txartela gorde ahal izango dute, estatutu hauetako 35. artikuluan ezartzen den moduan.
31. artikulua.– Baja ematen duen elkargokideak izaera horri dagozkion eskubide guztiak galduko ditu. Baja emateko arrazoia kuoten ordainketetan atzeratu izana baldin bada, eta berriro elkargoan sartzea eskatzen badu, kuota horien zenbatekoa eta 15. artikuluko berandutze-gainordaina ordaindu beharko ditu, berriro sartu ahal izateko betebehar gisa.
32. artikulua.– Lan-harremanetako graduatu bat ekonomi izaerako erantzunbeharrean jarriz gero, dituen zorrak ordaintzeko eskatuko dio Gobernu Batzordeak. Eskaera hori 10 eguneko epean betetzen ez badu, Kontseilu Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari edo dagokion erakunde publiko edo pribatuari horren berri emango zaio, dagokion txosten arrazoituarekin batera, dagokion fidantzaren zati bat edo osorik egin dadin; hori guztia egokitzen zaizkion lanbide-erantzukizunak edo bestelakoak alde batera utzi gabe.
33. artikulua.– Nahitaezkoa izango da elkargokidea lanbide-egitekoetatik etetea, aurreko artikuluan adierazten den proposamena Kontseilu Nagusiari edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari aurkezten zaionean.
Elkargoak proposatu ahal izango du etendura bertan behera uztea, fidantza 30 eguneko epean ipiniz gero, dagokion diziplina-espedientearen indarrez jar daitezkeen zehapenak alde batera utzi gabe.
34. artikulua.– Dagokiona hiltzen bada edo lanbide-jarduna uzten badu, Kontseilu Nagusiak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak fidantza ezeztatuko du; aurretik Estatuko Aldizkari Ofizialari eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari eman behar zaie horren berri, hiru hilabeteko epean, eta berri emateak sortzen dituen gastuak elkargokidearen konturakoak izango dira.
35. artikulua.– 1.– Elkargokide diren lan-harremanetako graduatuek erretiroagatik edo behin betiko baliaezintasunagatik baja ematen badute, supernumerario egoerara pasatzeko eskatu ahal izango dute. Eskabide hori Gobernu Batzordeari zuzendutako idatzi bidez egingo da, eta Gobernu Batzordeak hartuko du erabakia, batez ere eskabide-egileak lanbidean jardun duen urteetan elkargoari eta gainerako elkargokideei dagokienez izan duen jokabidea kontuan hartuta.
2.– Supernumerario izaerak elkargoak antolatzen dituen izaera korporatiboko ekitaldietan parte hartzeko eskubidea ematen du, eta bai elkargoak elkargokideei ematen dizkien zerbitzuez gozatzekoa ere.
3.– Supernumerarioak ez du botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea galduko arlo korporatiboan, baina ez du elkargokide-kuotak eta erabaki daitezkeen gainerako ekonomi kargak ordaindu beharrik izango.
HIRUGARREN TITULUA
ELKARGOKO ORGANOAK
LEHENENGO KAPITULUA
GOBERNU ORGANOAK
36. artikulua.– Organo hauei dagokie elkargoko gobernua:
A) Elkargokideen Batzar Nagusia.
B) Gobernu Batzordea.
C) Lehendakaria.
LEHENENGO ATALA
BATZAR NAGUSIA
37. artikulua.– Elkargokideen Batzar Nagusia da elkargoan erabakiak hartzeko organo gorena; bakoitzak ahotsa eta botoa izango du, betiere erabateko eskubideak baldin badituzte.
38. artikulua.– Elkargokideen batzarra ohikoa edo apartekoa izan daiteke, idatziz deituko da beti eta Gobernu Batzordeak osatuko du bertako mahaia. Deialdia batzarra egin baino gutxienez zortzi egun lehenago egin beharko da. Gobernu Batzordearen ustez presa egonez gero, epe hori 5 egunetara murriztu ahal izango da.
39. artikulua.– Ohiko Batzar Nagusia, urtero uztaila amaitu baino lehen bilduko da; honako gai hauek landuko ditu, besteak beste:
A) Aurreko batzarreko akta irakurtzea eta onartzea, hala egokituz gero.
B) Lehendakariak azaldu behar du elkargoak aurreko urtean izan duen jarduna eta moldaera, eta bai elkargokideen interesen defentsan egindako izapideak zein egoeratan dauden ere.
C) Urteko memoria eztabaidatzea eta onartzea, hala egokituz gero.
D) Urteko kontuen balantzea eztabaidatzea, eta hala egokituz gero, onartzea, eta dagokion urterako diru-sarreren eta gastuen aurrekontua onartzea.
E) Gobernu Batzordearen proposamenak.
F) Elkargokideen proposamenak, galderak eta eskaerak.
G) Hutsik dauden karguak hautatzea, hala egokituz gero.
H) Gobernu Batzordeari ekonomi sailak eskualdatzeko baimena ematea, elkargoaren premien arabera.
F hizkian adierazten diren proposamenak Gobernu Batzordeari eman beharko zaizkio, Batzar Nagusia egin baino 15 egun baliodun lehenago, Gobernu Batzordeak azter ditzan eta horiei buruzko iritzia osa dezan: proposamen horiek gutxienez hamar elkargokideren sinadura eman behar dute, eta horietatik gutxienez zazpi beren kabuz jarduten dutenak izango dira.
Betebehar horietatik kanpo gelditzen dira Batzarrean zehar bertaratutako batek edo gehiagok aurkeztutako proposamen intzidentalak.
40. artikulua.– Aparteko Batzar Nagusiak deituko dira:
Gobernu Batzordearen ekimenez edo elkargokideen herenak eskatuta, Gobernu Batzordeari egindako idatzi bidez. Idatzi horretan eskaeraren arrazoiak eta aztertu beharreko gai zehatzak adierazi behar dira. Kasu horretan eskaeraren lehenengo sinatzaileak hasiko ditu eztabaidak.
41. artikulua.– Adierazitako egun eta orduan egingo dira beti Batzar Nagusiak eta Apartekoak, lehenengo deialdian, elkargokideen erdiak eta bat gehiago bertaratuta baldin badaude, edo bigarrenean, hamabost minutu geroago, bertaratutakoen zenbatekoa edozein dela ere.
42. artikulua.– Eztabaidarako xede diren gaietan oro har aldeko bi txanda eta aurkako beste bi txanda onartuko dira, lehendakariaren iritziz aparteko interesa duten gaietan izan ezik.
43. artikulua.– Bozketak hiru motatakoak izango dira: arrunta, izenduna eta paper bidezkoa. Bozketa batean ahobatezkotasuna dagoela joko da, lehendakariak eztabaidagaia onartzen den galdetzen duenean, elkargokideetako inork ez badu aurkakoa adierazten. Nolanahi ere, lehendakariak proposatu ahal izango du bozketa egitea.
Bozketa arrunta egiaztatzeko, lehenengo eztabaidagaia onartzen dutenak altxatuko dira, gero onartzen ez dutenak eta azkenik abstenitzen direnak. Horrela egingo da elkargokideren batek eskatzen duen aldioro. Bozketa arrunt gisa joko da, baita ere, besoa jasota egiten dena.
Bozketa izenduna egiteko bertaratutako elkargokide bakoitzak izen-abizenak esango ditu eta segidan «Bai», «Ez» edo «Abstentzioa» hitza, eta gutxienez hogei elkargokidek eskatzen dutenean egingo da.
Paper bidezko bozketa batzartutakoen herenak eskatzen duenean edo lehendakariak proposatzen duenean egingo da.
Gobernu Batzordean hutsik dauden karguetarako izendapenak egiteko bozketak paper bidez egingo dira beti; paperetan hautagai guztiak azalduko dira, abizenaren hurrenkera alfabetikoan, eta horrezaz gain hautagai edo kide bakoitzeko ordezko bat. Paperaren ezkerreko ertzen gurutze bidez adierazi beharko dira aukeratzen diren hautagaiak. Ez dute balioko aldarriz egiten diren izendapenak.
Bozketa guztietan jardunean dagoen elkargokide bakoitzaren botoak biren balioa izango du eta jardunean ez daudenen botoak, ostera, boto bakarrarena.
44. artikulua.– Elkargoko idazkaria izango da emandako botoak zenbatzeko arduraduna, eta bertaratutakoen artetik bi laguntzaile izango ditu, Batzar Nagusiak aukeratutakoak, botoen zenbaketan parte hartzeko.
45. artikulua.– Lehendakariak zuzenduko ditu eztabaidak, hitza eman edo kendu ahal izango du eta elkargokideei ohartarazi azalpenetan denbora gehiegi pasatzen badute eztabaidagaiari buruzko azalpenak ez badira edo aginteari, kideren bati, Gobernu Batzordeari edo Batzar Nagusiari errespeturik erakusten ez badie; bi bider ohartarazi ondoren kasurik egiten ez duena lokaletik bidali ahal izango du.
Batzarrak dirauen bitartean ezin izango dira erabili irudiak eta hitzak erreproduzitzen dituzten ikus-entzunezko bitartekoak, idazkariak izan ezik, akta egiteko lagungarri izan dakion.
46. artikulua.– Gobernu Batzordeko eta Ohiko nahiz Aparteko Batzar Nagusien bilkuren aktak, onartu ondoren, agiri fidagarri eta fede-emaile izaera izango dute, eztabaidei eta hartutako erabakiei dagokienez eta bertan kontsignatutako egitateengan ez da inolako zuzenketarik ez aurka egiterik onartuko.
BIGARREN ATALA
GOBERNU BATZORDEA
47. artikulua.– Batzar Nagusiaren erabakiak betearazteko eta kudeatzeko organoa eta elkargoaren administrazioaren etengabeko arduraduna izango da Gobernu Batzordea. Elkargoaren ordezkotza izango du beti eta honela osatuko da:
A) Lehendakaria; kargu hau jardunean dagoen elkargokideren batek hartu behar du nahitaez.
B) Hogei elkargokideko edo zati bakoitzeko bokal bat; bokalak ez dira inoiz izango bost baino gutxiago, ez hamabost baino gehiago ere. Horien artetik bokal batek enpresan jarduten duena izan beharko du, beste batek lan-harremanetako graduatuaren gizarte-xedea edo antzeko jarduera duen enpresa bakar baten zerbitzuan jarduten duena; bi jarduten ez dutenak eta lau beren kasa jarduten dutenak izango dira.
48. artikulua.– Elkargokideen paper bidez beren beregi egindako bozketa bidez hautatuko dute lehendakaria.
Lehenengo eta bigarren lehendakariordea, idazkaria, idazkariordea, diruzaina eta kontadorea Gobernu Batzordeak izendatuko ditu egiten den lehenengo bileran aukeratzen diren kideen artean.
Lehendakariaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen agintaldiak lau urtetarako izango dira. Berriz ere hautatu ahal izango dira.
49. artikulua.– Gobernu Batzordeko kide eta lehendakari izateak ohorezko izaera izango du. Kargu horietarako hautagaia izateko beharrezkoa izango da zehapen judizialik edo diziplinazkorik jaso ez izana, birgaitua izan denean eta eskubide zibil eta korporatiboak dituenean izan ezik.
Eskaera horiek betetzeaz gain, hautagai guztiek hautesle izan behar dute.
Beharrezkoa izango da hautesleak erroldan inskribatuta egotea, beren eskubideak osorik edukitzea eta elkargoko betebeharrak egunean izatea.
50. artikulua.– Hauteskunde erregimena.
1.– Deialdia.
1.1.– Deialdirako erabakia.
1.1.1.– Gobernu Batzordeak hartuko du hauteskundeetarako deialdia egiteko erabakia edo, hala egokituz gero, behin-behineko batzordeak, gutxienez 30 egun natural lehenago, estatutu hauetako 48. artikuluko azken paragrafoan xedatutakoa alde batera utzita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak edo, hori izan ezean, Espainiako Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilu Nagusiak behin-behineko batzordea ezarriko du, Gobernu Batzordeko kargu batzuk hutsik gelditzen baldin badira eta elkargoan egindako azken hauteskundean boto-kopuruan hurrengoak direnak erabilita hutsuneen erdiak baino gehiago bete ezin direnean. Behin-behineko batzordea elkargokide zaharrenen lehenengo herenaren artean izendatuko da eta hauteskundeak deitu beharko ditu hogeita hamar eguneko epean.
1.1.2.– Gutun edo posta elektroniko bidez emango zaie deialdiari buruzko erabakiaren berri elkargokide hautesleei, bete beharreko karguak eta hauteskundeen eguna adieraziz. Hauteskundeak urteroko Ohiko Batzar Nagusian egingo dira, edo apartekoan, lehendakariaren kargua edo bokal gehienena hutsik baldin badaude.
1.2.– Bete beharreko karguak.
Gobernu Batzordeko karguek lau urteko iraupena izango dute. Hautagaiak behin eta berriro hautatu ahal izango dira, mugarik gabe.
Honako hauek dira bete beharreko Gobernu Batzordeko karguak:
A) Lehendakari bat.
B) Gainerako kideak:
– Hogei elkargokideko bokal bat; inola ere ezingo dira izan bost baino gutxiago, ez hamabost baino gehiago ere. Bokal horietako bat enpresan jarduten duena, bi jarduten ez dutenak eta lau beren kasa jarduten dutenak izan beharko dute.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak edo Elkargoen Kontseilu Nagusiak baimena eman ahal izango diote elkargoari, Gobernu Batzordeko kideak eta karguak gehitzeko edo murrizteko, behar bezala justifikatutako kasu berezietan, eta elkargoak eskatzen duenean.
– Gobernu Batzordeak izendatuko ditu bokalek bete beharreko karguak, Gobernu Batzordearen lehenengo bileran, kide hautesle guztien arteko bozketa bidez eta lehendakariaren proposamenez.
2.– Sufragio aktiborako eskubidea (hautesleak).
Elkargokide guztiek izango dute hautesle izateko eskubidea, erroldan inskribatuta baldin badaude, beren eskubideak osorik baldin badauzkate eta elkargoko betebeharrak egunean baldin badituzte.
3.– Sufragio pasiborako eskubidea (hautagaiak).
3.1.– Elkargokide guztiek izango dute hautagai gisa onartuak izateko eskubidea, legeen nahiz estatutuen araberako debekurik edo ezgaitasunik ez badaukate, hautesle izaera baldin badute, eskubide zibil eta korporatibo guztiak baldin badituzte, kargu zehatzetarako arau hauetan adierazten diren baldintzak betetzen badituzte eta beren beregi eskatzen baldin badute.
3.2.– Kargu hautatu bakoitzaren aginteak irauten duen denbora guztian eutsi beharko zaie hautagai izateko ezarritako betebeharrei, garatzen duen jarduera kontuan hartuta egokitzen zaion taldeari dagokionean izan ezik.
4.– Hauteskunde-mahaia.
4.1.– Bozketa egiten den ohiko edo aparteko gobernu batzordeko mahaiak (Gobernu Batzordeak eratutakoa) egingo ditu hauteskunde-mahaiaren zereginak. Ezin izango dute mahaiko kide izan dagozkion hauteskundeetan aurkezten diren hautagaiak.
4.2.– Gobernu Batzordeak, halaber, erabaki ahal izango du notario aurrean egindako zozketa bidez aukeratu diren hiru elkargokidek osatzea hauteskunde mahaia. Elkargokide horiek hauteskundeen deialdia egin baino hilabete lehenagotik egon beharko dute elkargoan izena emanda, elkargoarekin dituzten ekonomi betebeharrak egunean izan beharko dituzte eta ez dira izango hautagai izateko aurkeztu direnak.
Zozketa hori hauteskundeetarako deialdia egin eta hurrengo egunean egingo da, bederatzi pertsona aukeratuko dira, kargu bakoitzerako bana, eta dagozkien ordezkoak, kargu bakoitzerako bi.
Insakulatutako lehenengo hiru pertsonen artean izendatuko dira dagozkion karguak, elkargokide gisa duten antzinatasunaren arabera. Gainerako seien artean mahaiko kide bakoitzarentzako bi ordezko izendatuko dira, antzinatasunaren arabera hauek ere.
Hauteskunde-mahaiko lehendakari, idazkari eta bokal aukeratu dituztela jakinarazi beharko zaie interesdunei, hurrengo egunean, eta izendatutakoek bi eguneko epea izango dute kargua onartzea eragozten dien agiri bidez justifikatutako arrazoia alegatu ahal izateko. Deialdia egin eta ondorengo bosgarren egunean eratuko da hauteskunde mahaia.
Justifikatutako ukoa eginez gero, berritutako Gobernu Batzordeko kidea izanez gero edo hautagaia izanez gero, edo elkargoko eskubideak eten egin badizkiote, eta notarioak horretarako insakulatutako ordezkoak agortu badira, izendatzeko aurreikusita dagoen prozedura berberarekin ordeztuko dira.
5.– Hautesle-errolda.
5.1.– Hauteskunde-mahaiak osatuko du hautesle-errolda.
Hautesle-erroldak elkargokide guztien izenak izango ditu, alfabetoaren hurrenkeran, hauteskundeetarako deialdia egin den eguna baino hilabete lehenagotik elkargokide baldin badira, hautesle izateko baldintzak betetze badituzte eta sufragioko eskubideaz gabeturik ez baldin badaude.
5.2.– Hautesle-erroldan hautatzea ahalbidetzen duten datu guztiak sartuko dira: izena, bi abizenak, Nortasun Agiri Nazionala, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota.
5.3.– Hauteskunde-mahaiak bozketa hasten den unera arteraino ebatziko ditu hauteskundeak baino berrogeita zortzi ordu lehenago arteraino egin daitezkeen erreklamazioak.
5.4.– Gainerako baldintzak bete baina kuoten ordainketak egunean ez dituzten elkargokideei, botoa ematea baimenduko zaie, ordainketa bozketa baino gutxienez hamar egun lehenago egiten badute.
6.– Hautagaitzak aurkeztea.
6.1.– Hautagaitza aurkeztu nahi duten elkargokideek hauteskundeak egin baino gutxienez hamabost egun lehenago egin beharko dute.
Jakinarazpen hori banaka nahiz taldeka egin daiteke; bertan agertzen diren hautagaiek sinatu egin beharko dute eta dagokion elkargo-ziurtagirien bidez C) eta D) puntuetan azaltzen direnak egiaztatu beharko dituzte.
A) Izen-abizenak, elkargokide-zenbakia eta elkargokide-mota, hautagaiarena eta ordezkoarena, hutsunerik izanez gero, lehendakari izateko hautagaien kasuan izan ezik.
B) Hautagaitza zein kargutarako aurkezten den.
C) Hautagaitza aurkezten den unean elkargoko kuotak eta derramak ordainduta izatea.
D) Elkargoko eskubide guztiak erabiltzeko moduan izatea.
E) Indarrean dagoen legeriaren arabera (apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretua) zin egiteko edo hitza emateko konpromisoa, eta bai estatutuetan jasotzen den lanbideko ordenamendu juridikoari men egitekoa ere.
6.2.– Hautagaiak ezin dira kargu bat baino gehiagora aurkeztu, eta ezin dute hautagaitza bat baino gehiagotan parte hartu.
7.– Hautagaiak aldarrikatzea.
7.1.– Hauteskunde-mahaiak aldarrikatuko ditu hautagaiak elkargoko iragarki-oholean, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta ondorengo bi egun baliodunetan.
7.2.– Hauteskunde-mahaiak ebatziko ditu sor daitezkeen inpugnazioak, bozketak egin baino lehen.
7.3.– Aldarrikatutako hautagaien kopuruak ez badu gainditzen kargu bakoitzerako batzordeko bokalen kopurua, aldarrikapenak hautaketa ekarriko du berarekin, eta horrenbestez, hautaketa egin beharrik ez da izango. Gauza bera gertatuko da lehendakaria besterik aukeratu behar ez denean, hautagai bakarra aldarrikatzen bada.
8.– Hauteskunde-kanpaina.
8.1.– Hauteskunde-kanpainako ekimenak ordenamendu juridikora egokitu beharko dira eta aldarrikatutako hautagaiek ordainduko dituzte. Hautagaiek hautesle-erroldaren kopia bana jasoko dute, elkargokide guztien helbideak jasotzen dituen etiketa-joko bat, eta bai hauteskunde-txartel eta kartazalak ere.
8.2.– Hautagaiek ezingo dituzte erabili hauteskunde-kanpainarako elkargoarenak diren lokalak, ez bestelako baliabide materialak ere.
8.3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, botoa emateko txartelak eta gutunazalak elkargoan egongo dira, hautesleek bozketaren egunean erabili ahal ditzaten.
8.4.– Botoa emateko bi txartel eta kartazal mota izango dira, bata lehendakaria hautatzeko, eta bestea, beste kolore batekoa, Gobernu Batzordeko gainerako kideak hautatzeko.
9.– Posta bidezko botoa.
9.1.– Botoa posta ziurtatu bidez eman ahal izango da, benetakoa eta sekretua dela bermatuz gero.
9.2.– Bozketaren egunean elkargoaren egoitza kokatuta dagoen herrian edo bozketa egin behar den lokalean ez direla egongo, edo ezin dutela bertaratu aurreikusten duten hautesleek botoa posta bidez eman dezakete. Horretarako, hautesleek eskabidea egin behar diote hauteskunde-mahaiari, baldintza hauekin bat:
a) Hautesleak hauteskunde mahaiari eskatuko dio, deialdia egiten den egunetik hasi eta bozketaren aurreko hamargarren egunera arte, erroldan izena emanda dagoela dioen ziurtagiria.
b) Eskabidea norbera bertaratuta egingo da eta Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko da.
c) Eskabidea norberak egitea eragozten duen gaixotasuna edo ezintasuna izanez gero, beste pertsona batek egin ahal izango du eskabidea hauteslearen izenean. Ordezkapena egiteko pertsonari notarioak eman behar dio baimena, hautesle bakoitzari egingo zaion banakako agiri bidez. Agiri berean ezin dira hautesle bat baino gehiago sartu eta pertsona berberak ezin du hautesle bat baino gehiago ordeztu. Hauteskunde-mahaiak kasu bakoitzean egiaztatuko du paragrafo honetan aipatzen direnak betetzen direla.
9.3.– Eskabide hori jaso ondoren hauteskunde mahaiak inskripzioa egiaztatuko du, erroldan dagokion ohartarazpena egingo du, hauteskundeetan hauteslea bertaratu eta botoa ematea gertatu ez dadin, eta eskatutako ziurtagiria egingo du.
9.4.– Hauteskunde-mahaiak posta ziurtatu bidez bidaliko dizkio hautesleari, berak adierazi duen helbidera, edo helbiderik adierazi ez badu, erroldan azaltzen denera, hauteskunde-txartelak eta kartazalak, aurreko paragrafoan aipatutako ziurtagiriarekin batera, eta beste kartazal bat elkargoaren helbidearekin, «posta bidezko botoa» dioela.
9.5.– Hautesleak boto-txartela bete ondoren, botoa emateko kartazalean sartuko du eta itxi egingo du. Botoa emateko kartazala, ziurtagiria eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia hauteskunde mahairi zuzendutako kartazalean sartuko ditu eta posta ziurtatuz bidaliko ditu. Baliozkoak izango dira aipatutako baldintzak betetzeaz gain, hautestontziak itxi baino lehen hauteskunde-mahaira iristen diren kartazal guztiak.
10.– Artekariak.
Hautagaitza bateratu edo banakako hautagai bakoitzak artekari bat izendatu ahal izango du, erroldan hautesle gisa izena emanda daudenen artean, hauteskunde mahaiaren aurrean.
Artekariak hauteskunde mahaira joan eta eztabaidetan parte hartu ahal izango du, bozketarako adierazitako egunean, ahotsarekin baina botorik gabe.
11.– Bozketa.
11.1.– Gobernu Batzordean hutsik dauden karguak hautatzeko bozketak txartel bidez egingo dira beti; aldarri bidez egindako izendapenak ez dira baliozkoak izango.
11.3.– Bozketaren hasieraren akta egin eta hauteskunde-mahaia bertan dauden kideek eta artekariek sinatuta eratu ondoren, bozketa hasiko da eta ezarritako ordura arte jarraituko du, etenik gabe.
11.4.– Bere kabuz jarduten duenaren eta enpresan jarduten duenaren botoak balio bikoitza izango du eta jarduten ez duenaren eta supernumerarioarenak balio sinplea; hori egin ahal izateko bi hautestontzi egongo dira xede bererako.
11.5.– Hautesle bakoitzak x batekin adieraziko ditu txartelaren ezkerreko ertzean lehendakari eta bokal izateko hautagaiak.
11.6.– Hautesleek mahaiko lehendakariari emango dizkiote bozketako txartelak, gutunazal ofizialean sartuta, eta mahaiko lehendakariak dagokion hautestontzian sartuko ditu.
11.7.– Hauteskunde-mahaiko bokalak zenbakidun zerrenda batean idatziko ditu boto emaileen izen-abizenak, botoa emateko hurrenkeraren arabera, hautesleen erroldaren zerrendan duten zenbakia adierazita.
11.8.– Bozketa amaitu ondoren. Lehendakariak hautestontzian sartuko ditu posta bidez bidalitako boto-txartelak dauzkaten gutunazalak; aurretik adierazitako gorabeherak eta hauteslea erroldako zerrendan izena emanda dagoela egiaztatu beharko dira.
11.9.– Segidan hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek emango dute botoa.
11.10.– Azkenik hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek izenpetuko dute boto emaileen zenbakidun zerrendara, orri guztien ertzean eta idatzitako azken izenaren azpian.
12.– Zenbaketa.
12.1.– Bozketa amaitu ondoren hasiko da zenbaketa; hauteskunde-mahaiak egingo du zenbaketa eta jendaurrekoa izango da.
Boto-txartelak zenbatzeko hurrenkera hau da: lehenengo jardunekoak ez direnak; bigarren supernumerarioak; hirugarren enpresan jarduten duten elkargokideak; eta azkenik beren kasa jarduten dutenak.
12.2.– Baliogabeko botoa izango da eredu ofizialeko gutunazal edo paperean ematen ez den botoa edo eredu ofizialean emana izan arren nolabaiteko aldaketa jasan duena (azaltzen diren hautagaien izenak aldatu, erantsi, nabarmendu edo ezabatzea, edo izenen hurrenkera aldatzea). Baliogabea izango da, baita ere, gutunazalik gabeko txartel bidez emandako botoa edo hautagaitza bat baino gehiago dauzkan gutunazal bidez emandakoa. Gutunazalak hautagaitza bereko txartel bat baino gehiago badauzka, baliozko boto bakartzat joko da. Boto baliogabetzat jo dira, halaber, bete beharreko kargu baino izen gehiago dauzkaten txarteletan emandako botoak.
12.3.– Boto zuritzat joko da txartelik ez duen gutunazala.
12.4.– Zenbaketa amaitutakoan, gutunazalen kopurua eta goian aipatutako zerrendan idatzitako boto emaileena erkatuko dira.
12.5.– Ondoren, lehendakariak zenbaketaren aurka protestarik dagoen galdetuko du eta, ez baldin badago edo egonez gero mahaiak gehiengoz ebatzi ondoren, ozenki iragarriko du hauteskundeen emaitza. Emaitza ematen denean, lehendakariak honako xehetasun hauek emango ditu: erroldatutako hautesleen kopurua, aurkeztutako errolda-ziurtagirien kopurua, boto emaileen kopurua, baliogabeko txartel-kopurua, boto zurien kopurua eta hautagaitza bakoitzak lortutako botoen kopurua.
12.6.– Hautestontzietatik ateratako txartelak bertaratutako guztien aurrean suntsituko dira, boto baliogabeak edo erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik; horiek aktari erantsiko zaizkio eta aktarekin batera jasoko dira, mahaiko kideek errubrikatu ondoren.
12.7.– Mahaiak berehala jakinaraziko ditu emaitzak aktaren bidez. Paragrafo honetako 5. puntuan adierazitako datuak jasoko ditu aktak, gerta daitezkeen erreklamazioak barne. Egindako zenbaketaren eta hautagaien aldarriaren aurka gerora egon daitezkeen errekurtsoak ebazteko ezinbestekoa izango da erreklamazioa unean bertan egin izana eta aktan jaso izana. Akta hauteskunde-mahaiko idazkariak baimenduko du eta artekariek eta mahaiko gainerako kideek izenpetuko dute, eta berehala ipiniko da elkargoaren egoitzako sarreran edo iragarki-oholean. Hautagaitza bakoitzaren ordezkariari aktaren kopia bana emango zaio, bertan egon eta eskatzen badute, edo hala egokituz gero, artekariei, ahalordedunei edo hautagaiei. Hautagaitza bakoitzeko ez da kopia bat baino gehiago emango.
Bi bokal edo gehiagoren artean boto zenbatekoari dagokionez berdinketarik baldin badago, elkargoan antzinatasun gehien dutenak aldarrikatuko dira hautetsitzat.
12.8.– Aurreko eragiketa guztiak burutu ondoren, mahaiko lehendakariak, bokalek eta artekariek bilkurako aktan izenpetuko dute.
Bilkurako aktak zehatz-mehatz adieraziko ditu honako hauek: hautesleen kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto baliogabeen kopurua, boto zurien kopurua, hautagaitza bakoitzak eskuratu dituen botoak, bozketaz eta zenbaketaz egindako erreklamazioen eta protesten laburpena, hala egokituz gero, eta mahaiak horiei buruz hartutako ebazpenak, boto partikularrak eta guzti, egonez gero. Halaber, bozketan eta zenbaketan egon den edozein gorabehera jasoko da.
13.– Kargua aldarrikatzea.
13.1.– Hauteskunde-mahaiak lehendakari kargua hautatuko du, beren beregiko bozketa izendun bidez; boto gehien jaso dituen hautagaia une horretantxe aldarrikatuko da hautetsitzat.
Boto zenbatekoari dagokionez berdinketarik baldin badago, elkargoan antzinatasun gehien duena aldarrikatuko da hautetsitzat.
13.2.– Lehendakariorde, diruzain eta idazkari karguak Gobernu Batzordeak izendatuko ditu Batzar Nagusiak hautatutako bokalen artean eta lehendakariaren proposamenaren arabera.
14.– Kontseilu Nagusiari jakinaraztea eta jabetza hartzea.
14.1.– Gobernu Batzordea eratzen denetik hasi eta bost eguneko epean jakinaraziko zaio eratu dela, Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiari eta, hala egokituz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluari. Horien bitartez, dagokion ministerioari eta autonomia erkidegoko sailari jakinaraziko zaio, osaeraren berri emanez eta legezko baldintzak betetzen direla jakinaraziz. Berdin egingo da edozein arrazoi dela medio Gobernu Batzordearen kideak aldatzen direnean.
14.2.– Lehendakari eta Gobernu Batzordeko gainerako kide gisa karguak jabetzan hartu aurretik, hautatutakoek apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezartzen den zin egitea edo hitz ematea egin beharko dute.
14.3.– Hautatzen duten unean bertan hartuko du kargua jabetzan lehendakariak, eta gainerako kideek lehenengo Gobernu Batzordean.
15.– Errekurtsoak.
Hauteskunde-batzordeek eta hauteskunde-mahaiek hauteskundeei buruz hartutako erabakien aurka estatutu hauetan oro har ezarritako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira. Errekurtso horiek ez duten erabakien etendurarik ekarriko.
51. artikulua.– Norberak emango du botoa eta sekretua izango da, elkargokideen parte hartze aske eta berdintasunezkoaren printzipioari egokituta, horretarako deitutako hauteskundean egiten direnean, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 lege Organikoaren 72.etik 75.era bitarteko artikuluetan edo Kontseilu Nagusiaren edo Autonomikoaren araubidean ezartzen den bezala, benetakotasuna bermatzeko.
52. artikulua.– Hauteskundearen emaitza inpugnatu ahal izango da, elkargoko egintzen aurkako errekurtsoetarako estatutu hauetan egiten diren aurreikuspenen arabera.
53. artikulua.– Lehendakari eta Gobernu Batzordeko gainerako kide gisa hautatutakoek karguak jabetzan hartu aurretik, estatutu hauetako 50. artikuluan adierazten den zin egitea edo hitz ematea egin beharko dute.
Hautatzen duten unean bertan hartuko du kargua jabetzan lehendakariak, eta gainerako kideek lehenengo Gobernu Batzordean, eskumena duten agintarien aurrean egiten den protokolozko ekitaldia alde batera utzi gabe.
Kontseiluak batzordea osatzen denetik 5 eguneko epea adierazten du.
Gehienez ere hilabeteko epean jakinarazi beharko zaio Gobernu Batzordearen osaera lanbide-elkargoen arloan eskumena duen sailari.
54. artikulua.– Edozein arrazoirengatik Gobernu Batzordeko karguren bat agintearen arauzko indarraldia amaitu baino lehenago hutsik gelditzen bada, txartelean ordezko gisa ageri denak beteko du kargua, hutsunea eragin duen kideari betetzeko falta zaion denborarako.
Salbuespena izango da lehendakaria, horren ordezkoa lehendakariordea da arauz eta, estatutu hauetan ezarri bezala beste lehendakari bat hautatu arte.
55. artikulua.– Gobernu Batzordea gutxienez hilean behin bilduko da; eta lehendakariak deitzen duenean edo kideen ehuneko hogeik eskatzen duenean ere bilduko da.
Gobernu Batzordeko kide guztiek nahitaez joan beharko dute bileretara. Jarraian hiru bileretara edo urtebeteko epean jarraian izan gabe bost bileretara behar bezala justifikatu gabe huts eginez gero, berehala kargutik kentzeko zehapena jaso dezakete. Dena dela, horrek ez du bazter uzten estatutu hauetako 71. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.
56. artikulua.– Elkargokideek lehendakariari, Gobernu Batzordeko kideren bati edo Gobernu Batzorde osoari zentsura-mozioak aurkeztu ahal izango dizkiote. Elkargoko kideen bi herenek sinatu beharko dute zentsura-mozioa. Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialeko Batzar Nagusiak eztabaidatu, eta hala egokituz gero, onartuko du.
HIRUGARREN ATALA
LEHENDAKARIA ETA GOBERNU BATZORDEKO
GAINERAKO KIDEAK
57. artikulua.– Lehendakariak elkargoaren ordezkaritza izango du, dela epaiketan edo epaiketetatik kanpora, elkargoko erabaki guztien betearazlea izango da, Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen eta lan-batzordeen saioak deituko eta gidatuko ditu, elkargoko organoen lana koordinatuko du, guztien buru izango delarik, eta berdinketak ebatziko ditu kalitateko botoarekin, bi bozketa egin ondoren berdinketak jarraitzen badu. Halaber, ordezkotzaz hartuko ditu elkargoaren egiteko guztiak, presako arrazoiak direla eta beraren ustez beharrezkoa denean, eta ebazpenak eta neurri egokiak hartu ahal izango ditu bere erantzukizunpean, Gobernu Batzordearen jakinaraztea eta baliokidetzea ere eska ditzakeelarik. Kobrantzak eta ordainketak aginduko ditu, elkargoko agiriak sinatuz eta idazkariak egindako ziurtagiriak eta Batzar Nagusiko eta Gobernu Batzordeko aktak bere oniritziarekin baimenduz, eta elkargoko administrazio-lanak koordinatu eta gidatuko ditu, idazkariarekin batera.
58. artikulua.– Lehenengo eta bigarren lehendakariordeek ordeztuko dute lehendakaria, lehendakariak bere egitekoak ezin dituenean gauzatu, eta baita lehendakariak agintzen dieten batzorde guztietan ere, etengabe; kasu horretan egitekoak nola garatu dituzten jakinarazi beharko diote lehendakariari.
59. artikulua.– Idazkariari dagokio, fede-emailea denez, aktak eta gutun ofizialak idaztea, lehendakariarekin batera elkargoaren administrazio-lanak zuzentzea, eta bai dokumentazioa artxibatzea eta zaintzea ere. Haren esku egongo da, halaber, lehendakariaren oniritziarekin ziurtagiriak ematea, elkargokideen sinadurak legeztatzea eta elkargoaren urteroko memoria idaztea.
Elkargoko zerbitzu guztien eta langile-zerrendako pertsona guztien kontrol zuzenaz eta berehalakoaz arduratuko da, halaber; langileen burua izango da. Elkargoko informazio-orriko Zuzendaritza egokituko zaio, halaber, elkargokideak informatzeko. Elkargora iristen diren eskaera eta komunikatu guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari ematea ere berari dagokio.
60. artikulua.– Idazkariordeak ordeztuko du idazkaria, ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, idazkariak dituen ahalmen eta betebehar berberekin. Idazkariak behar duen aldioro lankidetza eskainiko dio, halaber.
61. artikulua.– Diruzainak bere ardurapean gordeko ditu gutxienez beharrezkotzat jotzen diren fondoak, finantza-erakunde batean sartuta eduki beharko ditu elkargoaren fondoak, eta Gobernu Batzordeak hartutako erabakiekin bat inbertituko ditu (horrek ez ditu alde batera utziko lehendakariak agindu ditzaken kobrantzak eta ordainketak) eta elkargoaren ondareari dagokiona ere zainduko du.
Egiteko hauek dagozkio, gainera: Gobernu Batzordeari aldian-aldian diru-sarreren eta gastuen berri ematea, eta bai aurrekontuaren zenbatekoarena ere, eta urtero mugaeguneratutako urteko kontuak gauzatzea. Kontabilitatea kontrolatu eta kaxa egiaztatu behar ditu, halaber, elkargoko kapitalaren errentak eta interesak kobratu eta administratu behar dituen elkargo-ondasun guztien inbentario zehatza egin.
62. artikulua.– Kontadoreari dagokio kontabilitateko agiri guztien kontu hartzea, eta bai urteko balantze, kontu eta aurrekontu guztiak Batzar Nagusiak onar ditzan idaztea ere.
Kontadoreak eta diruzainak elkar ordeztuko dute bietakoren bat falta denean, hutsunea edo gaixotasuna izanez gero; bata bestearekin elkarlanean arituko da, halaber, bere egitekoetan.
LAUGARREN ATALA
ELKARGOKO GAINERAKO ORGANOAK
63. artikulua.– Gobernu Batzordeak ondoren aipatzen diren batzordeak sortu ahal izango ditu, behin betiko nahiz aldi baterako izaerarekin; batzorde horietako karguak ohorezko izaera izango dute.
Kultura eta lanbide-prestakuntzako batzordea.
Egiteko hauek izango ditu:
A) Egoki irizten diren ikastaroak, hitzaldiak eta solasaldiak antolatzea, elkargokideak prestatzeko eta elkargokideen prestakuntza hobetzeko.
B) Elkargoko liburutegia antolatzea eta eguneratzea.
C) Elkargokideei informazio zientifikoa eta teknikoa emateko zerbitzua.
D) Gai juridikoetan eta gizarteko eta laneko gaietan sakondu ahal izateko mintegiak eta lan-taldeak etengabe antolatzea eta garatzea.
Lanbide-prestakuntzarako sustapena eta garapena, eta bai profesional guztiek beharrezkoa duten etengabeko hobekuntza eta birziklapena ere.
Intrusismoaren eta bidegabeko lehiaren batzordea.
Batzorde horren xedea pertsona, entitate, enpresa-elkarte eta sindikatuei lan-harremanetako graduatuen eskumenen eremuan sartzea ekiditea izango da, eta bai bidegabeko lehia eragin dezaketen egintzak antzematea ere, urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean azaltzen den bezala. Horretarako, proposamenak egingo dizkiote Gobernu Batzordeari bidezkoak diren administrazio-espediente eta ekintzei buruzkoak, dagokion jurisdikzioaren aurrean, aurretik parte hartzen diren salaketen eta agirien berri emanez.
Batzorde honek harremanak izan beharko ditu, etengabe, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta eragina izan dezaketen lanbide-elkargoekin.
Etikako eta lanbide-sarien batzordea.
Ekargokideek etikari eta deontologia kodeari egokitzen ez zaizkien jarduerak eginez gero, batzorde honek Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio; halaber, lanbide-sari orientagarrien eguneratzearen jatorriaren berri emango dio, eta elkargokideen minuten aurka egin daitezkeen erreklamazioei buruz ere iritzia emango du.
Lehendakaritzari aholkuak emateko batzordea.
Elkargoko interesak ahalik eta ondoen betetzeko interesgarri jotzen dituen gaiei buruz elkargoko lehendakaria uneoro jakinaren gainean edukitzea izango du egitekoa. Elkargoko lehendakari ohi guztiez osatua egongo da eta Gobernu Batzordeari proposatuko dio merezi duten pertsonei eta erakundeei elkargo-merezimenduaren dominak ematea eta ohorezko elkargokideak egitea.
Harreman publikoetarako eta erakundeetarako batzordea.
Elkargoaren interesetarako eta interes orokorrerako komenigarriak diren gai guztiak proposatzea eta jakinaraztea izango du egitekoa. Egungo eskakizunekin hobeto datorren lanbide-irudia zabalduko du, halaber, gizarteko komunikabideen bitartez.
Xede berarekin, elkargoaren ordezkaritza eskatzen duten ekitaldi guztietan parte hartzea iradokiko dio lehendakaritzari, hala nola, hitzaldietan, kongresuetan eta lanbide-batzarretan. Halaber, Gobernu Batzordeari harremanak zein erakunde publikorekin edo pribaturekin izan proposatuko dio, elkargoak gizartean erakunde mailako proiekzio egokia izan dezan harreman errazak eta etenik gabekoak ezartzearren.
Estatutu hauetan ezartzen diren batzordeez gain, Gobernu Batzordeak egoki iritzi dituen guztiak sortu ahal izango ditu, behin betiko edo aldi baterako izaerarekin, eta batzorde bakoitzaren egitekoak eta jardunbide-araudia zehaztuko ditu.
Elkargoko lehendakaria izango da batzorde eta ponentzia guztien buru, joaten denean, edo bestela, lehendakariak izendatzen duen Gobernu Batzordeko kidea. Lehendakariaren edo bere ordezkariaren erabakiek proposamen izaera izango dute eta Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, onartuak edo ezetsiak izan daitezen, elkargo bakoitzeko estatutuetan aurreikusten diren salbuespenekin.
BIGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ERABAKIAK
LEHENENGO ATALA
BATZAR NAGUSIAREN ETA GOBERNU BATZORDEAREN ERABAKIAK
64. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak bertaratutakoen boten gehiengoarekin hartuko ditu erabakiak, estatutu hauetako 3., 43. eta 44. artikuluetan bozketetarako eta botoa eman ahal izateko ezarritako baldintzetan.
2.– Erabakiek elkargokide guztiak behartzen dituzte, hartzen diren unetik hasita, kapitulu honetako bigarren atalean ezartzen dena alde batera utzi gabe.
65. artikulua.– 1.– Gobernu Batzordeak botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak.
2.– Baliozko erabakiak hartzeko nahikoa izango da bertaratutako kideen gehiengo soila edo erlatiboa izatea, estatutu hauetan ezarritako «quorum» berezia behar denean izan ezik.
3.– Batzar Nagusietan, Gobernu Batzordeetan eta batzordetako bileretan ez dira baliozkoak izango posta bidez eskuordetutako botoak.
66. artikulua.– Nolanahi ere, lehendakariaren botoak ebatziko ditu berdinketak.
67. artikulua.– Ohiko eta Aparteko Batzar Nagusiaren erabakiak berehala betearaztekoak izango dira, Gobernu Batzordeak berak beste zerbait xedatzen duenean izan ezik.
68. artikulua.– Erabakien baliogabetasuna, deusezak edo deuseztagarriak direla zehaztea, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitakoaren arabera egingo da.
BIGARREN ATALA
ERABAKIEN ETA HORIEN INPUGNAZIOAREN ARAUDIA
69. artikulua.– 1.– Beren egitekoak betetzerakoan Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak hartutako akordioak eta lehendakariak eta elkargoko organoek hartutako erabakiak berehala betearaztekoak izango dira, akordioak berak beste zerbait ezartzen duenean edo elkargokideen diziplina-araubideari dagokionean izan ezik.
2.– Lehendakariak edo lehendakaritzan ordeztu duenak eta idazkariak edo idazkari lanak egin dituenak sinatuko ditu aktak.
3.– Gobernu Batzordeak hartutako akordioen aurka gora jotzeko errekurtsoak jar daitezke dagokion Kontseiluan, hilabeteko epean, argitaratzen denetik aurrera edo, hala egokituz gero, interesdunari jakinarazten zaionetik aurrera.
Erabakia eman zuen Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio errekurtsoa eta honek dagokion kontseiluari igorriko dio hamar eguneko epean, horrekin batera, bere txostena eta espedientearen kopia osoa eta ordenatua bidalita.
Errekurtsoa aurkeztean adierazi behar dira:
a) Errekurtso-egilearen izen-abizenak, eta jakinarazpenak jasotzeko bidea eta, hala badagokio, lekua ere.
b) Zein egintzaren aurka egiten den errekurtsoa eta zergatik.
c) Errekurtsoa egiten duen pertsonaren datuak, eta errekurtsoaren lekua eta eguna.
d) Zein organori aurkezten zaion.
e) Xedapen berezietan ezarritako gainerako zehaztasunak.
4.– Errekurtsoa aurkezteak ez du aurka egindako egintza betearaztea eteten, xedapen batek aurkakoa ezartzen duenean izan ezik. Izan ere, kontseiluak erabaki dezake egintzaren betearazpena etetea, bere kabuz edo errekurtso-egileek eskaturik, errekurritutako egintza betearazteak konpon ezinezko edo konpontzeko oso zailak diren kalteak ekar baditzake, baina, horretarako, arrazoiak emanda; neurtu egin behar du, batetik, etendurak zer-nolako kalteak eragin diezazkiokeen elkargoaren interesari edo beste inori, eta bestetik, errekurtsoa izan duen egintzaren berehalako eraginkortasunak zein kalte egiten dion errekurtso-egileari. Erabaki dezake egintzaren betearazpena etetea, halaber, inpugnazioaren oinarrian estatutu hauetako 70.3. artikuluan aurreikusten den zuzenbide osoko deuseztasuneko kausaren bat baldin badago.
Hogeita hamar eguneko epean hartu beharko da eteteko erabakia, eskabidea egiten denetik aurrera, eta epe hori igaro ondoren beren beregiko ebazpenik ematen ez bada emandakotzat jo beharko da.
70. artikulua.– Interes legitimoa duen edozein elkargokidek errekurritu ditzake Gobernu Batzordearen erabakiak, dagokion kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabakia hartzen denetik aurrera.
71. artikulua.– 1.– Erabat deusezak izango dira elkargoko organoen egintzak baldin eta:
a) Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egiten badiete.
b) Gaia edo lurraldea dela eta, argi eta garbi eskumenik ez duten organoek eman badituzte.
c) Ezinezko edukia badute.
d) Zigor-zuzenbideko arau-hauste badira edo hauste horren ondorioz eman badira.
e) Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik eman badira.
f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horiek ahalmen edo eskubideak eskuratzeko bide ematen badiete, horretarako funtsezko betekizunak ez dituztenei.
g) Lege-mailako xedapen batean berariaz ezartzen bada.
2.– Deuseztagarriak dira elkargoko organoen egintzak, ordenamendu juridikoa hausten badute, agintea desbideratzen dutenak barne.
3.– Formazko akatsak bakar-bakarrik ekarriko du deuseztagarritasuna egintzak bere helburua lortzeko formazko ezinbesteko baldintzak betetzen ez dituenean, edo interesdunak babesik gabe uzten dituenean.
4.– Ezarritako epetik kanpo egindako jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna.
LAUGARREN TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
72. artikulua.– 1.– Estatutu honetan eta lanbideari aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitako lanbide-eginbeharrak betetzen ez dituzten lan-harremanetako graduatuek diziplinazko erantzukizuna izango dute, dagozkion bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboa alde batera utzi gabe.
2.– Diziplina-zehapenak horretarako instruitutako espedienteen indarrez ezarriko dira, interesdunari entzunaldia egin ondoren, eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideetan jarduteari buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 19.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz.
DIZIPLINAZKO ERANTZUKIZUNA
HUTSEGITEAK ETA ZEHAPENAK
73. artikulua.– 1.– Lan-harremanetako graduatuek egindako hutsak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
2.– Hutsegite oso larriak dira:
a) Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea; ez da kontuan hartuko, hutsegitea egiten duenak zenbateraino parte hartu duen.
b) Estatutuetan ezartzen den bateraezintasun-erregimena haustea.
c) Ematen diren agirietan kontsignatutako datuak gaiztakeriaz aldatzea, horrek delitua baldin badakar.
d) Lanbide-intrusismoa eta hori estaltzea.
e) Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste larri egitea.
f) Kalifikazio hori izango dute, gainera, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.1. artikuluan jasotzen diren guztiak.
3.– Hutsegite larriak dira:
a) Lanbidearen duintasunaren eta eraentzen duten arau etikoen eta estatutu hauetan jasotako betebeharren aurkako irain larriak edo omisioak egitea.
b) Lanbideko betebeharretan eta korporatiboetan atzerapenak, zabarkeriak eta axolagabekeriak etengabe gertatzea, kaltea edo galera baldin badakarte.
c) Estatutuak edo elkargoko organoek beren eskumenen esparruan hartutako erabakiak ez betetzea.
d) Elkargoko kargei arreta eskaintzeko betebeharra behin eta berriro ez betetzea, larritasun handiagoko hutsa denean izan ezik.
e) Kontseilu Nagusiko, autonomia erkidegoetako kontseiluetako eta Gobernu Batzordeko kideen duintasunaren eta ohorearen aurka erasotzea, beren egitekoak betetzen ari direnean, eta bai lankideen aurka lanbidean ari direnean ere.
f) Errespetua galtzea Kontseilu Nagusiko, Autonomia Erkidegoetako Kontseiluetako eta Gobernu Batzordeko kideei beren jardunean ari direnean, dela egitekoengatik nahiz ez-egitekoengatik.
g) Begirunerik eza larria agintariei, bezeroei edo lankideei, euren lanbide jardunean.
h) Bidegabeko edo legezkoa ez den lehia dakarten egintzak burutzea.
i) Kontseiluko edo dagokion elkargoko lehendakariaren zitazio batera justifikaziorik gabe ez joatea, horrek korporazioari kalte larri dakarkionean.
j) Kalifikazio hori izango dute, gainera, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.2. artikuluan jasotzen diren guztiak.
4.– Hutsegite arinak dira:
a) Lanbideko betebeharretan atzerapenak edo zabarkeriak etengabe gertatzea, kalte edo galera nabarmena ez baldin badakarte.
b) Kontseilu Nagusiko, autonomia erkidegoetako kontseiluko eta Gobernu Batzordeko kideei errespetua galtzea eginbeharrak betetzerakoan, hutsegite larria edo oso larria ez badira.
c) Aurreko artikuluan adierazitako egintzak, baldin eta arau-hauste larritzat jotzeko adinakoak ez badira.
74. artikulua.– Honako zehapen hauek ezar daitezke:
1.– Hutsegite oso larriak dira:
a) Lanerako gaitasun-gabetzea, urtebete eta egun baterako gutxienez eta hogei urterako gehienez, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluak xedatutakoari jarraikiz.
b) 3.005,07 eta 30.050,61 euro arteko isuna.
2.– Hutsegite larriak dira:
a) Lanerako gaitasun-gabetzea, urtebeterako gehienez, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluak xedatutakoari jarraikiz.
b) 300,51 eta 3.005,06 euro arteko isuna.
3.– Hutsegite arinak dira:
a) Ohartarazpena.
b) Isuna: gehienez, 3.005,06 eurokoa.
4.– Arau-hauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren –aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da–, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.
5.– Zehapenak kasuan kasuko gorabeheren arabera zehaztuko dira.
6.– Zehapen horiez gainera, beste edozein erantzukizun badago, zehatuek erantzun egin beharko dute.
7.– Elkargoek diziplina-ahalmena erabiliz jasotzen dituzten isun-ordainketa guztiak etengabeko lan prestakuntzako jarduerak ordaintzeko erabiliko dira. Helburu horrekin, eta dagokion prozedura erabiliz, beharrezko neurriak hartuko dira kasu bakoitzerako ezarrita dagoen arautegiaren arabera.
Autonomia erkidegoak bere diziplina-ahalmena gauzatzerakoan hautematen dituen isunen emaitza Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuko da.
PROZEDURA
75. artikulua.– 1.– Diziplinazko hutsegiteengatik zehapenak ezartzeko prozedura azaroaren 21eko 18/1997 Legeak –tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa– xedatutakoari egokituko zaio.
2.– Gobernu Batzordeari dagokio diziplina-espedientea hastea. Diziplina espedientea irekitzeko erabakian bertan aukeratuko dira espedienteko instrukzio-egilea eta idazkaria, bai izaera orokorrez izendatuta badaude, bai bereziki kasu horretarako izendatu badira.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetako abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak izango zaizkie aplikagarri instrukzio-egileari eta idazkariari.
3.– Gobernu Batzordeak du isunak ezartzeko erabateko eskumena. Horretarako deitutako bilkurara bertaratutako kideek isilpean emandako botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak Gobernu Batzordeak, espedientearen instrukzio-egile lanak egin dituen kidea kanpo utzita.
76. artikulua.– Gobernu Batzordeak erabakiko du hutsegite oso larriagatik ezarri beharreko isuna, isilpeko bozketaren bidez eta bertako kideen bi herenen adostasunarekin. Justifikaziorik gabe bertaratzen ez den batzordeko kideak elkargoko artezkaritza-organoko kide izateari utziko dio.
77. artikulua.– Estatutu hauetako hirugarren tituluko bigarren kapituluan xedatutakoaren arabera gidatuko dira Gobernu Batzordeak zehatutako erabakien aurkako errekurtsoak.
78. artikulua.– 1.– Dagokion autonomia erkidegoko elkargoen kontseiluari dagozkio elkargoetako gobernu batzordeetako eta autonomia erkidegoetako elkargoen kontseiluetako kideei dagozkien diziplina-ahalmenak.
2.– Kontseilu Nagusiak izango du bertako kideen diziplina-ahalmenari dagokion ahalmena.
3.– Autonomia erkidegoetako edo Kontseilu Nagusiko elkargoen kontseiluko erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio kontseiluari berari, aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu baino lehenago.
79. artikulua.– Gobernu Batzordeak titulu honetako aginduak garatu ahal izateko egoki iritzi dituen arauak eman ahal izango ditu. Nolanahi ere, zehatzeko zuzenbidean bermerako ezarritako gutxieneko arauak errespetatu beharko dira, eta bai arloko konstituzio-printzipioak ere.
80. artikulua.– Zehapenak jartzerakoan, egindako arau-haustearen larritasunaren neurrikoa izan behar du zehapenak. Zein zehapen jarri erabakitzeko irizpide gisa kontuan hartuko dira ekintza behin eta berriz nahita egin izana eta eragindako kalteak zer-nolakoak diren.
81. artikulua.– 1.– Diziplinazko hutsegiteak administrazio-bidean irmoak direnean betearaziko dira.
2.– Lanbidea gauzatzeko etendura dakarten zehapenek eraginak izango dituzte lan-harremanetako Espainiako elkargo guztietan eta Kontseilu Nagusiari jakinarazi beharko zaizkio, Kontseilu Nagusiak gainerako elkargoetara igor ditzan. Elkargoek zehatutako pertsona ez dute bertan sartuko edo gaituko zehapena indarrean dagoen bitartean.
82. artikulua.– 1.– Elkargokideen diziplina erantzukizuna iraungitzeko erak: zehapena betez, elkargokidearen heriotza, eta hutsegitea edo zehapena indargabetzea.
2.– Elkargoan baja hartzeak ez dakar berarekin alta-aldian sortutako diziplina erantzukizuna iraungitzea. Aitzitik burutu egingo da diziplina prozedura eta eten zehapena, harik eta elkargokideak –berriro ere elkargoan alta hartzen badu– zehapena bete arte.
PRESKRIPZIOA
83. artikulua.– 1.– Hutsegite oso larriak hiru urtera preskribatuko dira, larriak urte bira eta arinak urtebetera.
2.– Arau-haustea egin zen egunetik hasita zenbatuko da arau-haustearen preskripzio-epea.
3.– Zehapen-prozedura bat hasiz gero, eta elkargokidea horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea bi hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada zehatutako elkargokidearena, preskripzio epea berriz hasiko da.
4.– Falta oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak hiru urteko epean preskribatuko dira, eta falta arinak egiteagatik ezarritako zehapenak urtebeteko epean preskribatuko dira.
5.– Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
6.– Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, betearazteko prozedura hasten bada, elkargokidea jakitun dela. Zehatutako elkargokideari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela eta, prozedura hori sei hilabetetik gora geldirik bada, berriro jarraituko da epea zenbatzen.
7.– Zehatutako elkargokideak zehapena betetzea urratzen badu, zehapena preskribatzeko epea urratzea gertatu den egunetik hasiko da kontatzen.
ZUZENKETAK ETA DIZIPLINA-ZEHAPENAK IDAZTEA
84. artikulua.– 1.–Lan-harremanetako epaitegiek edo auzitegiek ezartzen dituzten diziplinako zuzenketak zehatutakoaren espedientean jasoaraziko dira, Gobernu Batzordeak justifikatutako arrazoiren batengatik bidezkoa ez dela jotzen duenean izan ezik.
2.– Diziplina-zehapen korporatiboak norberaren espedientean jaso beharko dira, nolanahi ere.
DIZIPLINA-ZEHAPENAK EZEZTATZEA
85. artikulua.– 1.– Agiraka pribatuko zehapenen eta ohartarazpenen idatzoharrak etenik gabe geldituko dira, irmo bihurtu eta sei hilabeteko epea pasatzeagatik, epe horretan zehatutakoak ez badu zehapenaren ezarpena amaitzen duen beste diziplina-prozedurarik eragin.
2.– Etendura-zehapenaren idazpena ezeztatu ahal izango da, interesdunak hala eskatuta, zehapen irmoa ezarri eta gutxienez bi edo lau urte igarotzen direnean, hutsegite larria edo oso larria izan, eta tarte horretan zehatutakoak ez badu eragin zehapenaren ezarpena amaitzen duen diziplina-prozedurarik.
3.– Elkargotik bidaltzeko zehapenarekin zehatutako elkargokideak birgaitzea eskatu ahal izango dio Gobernu Batzordeari, zehapenaren ezarpen irmoa egin eta gutxienez sei urte igaro direnean. Horretarako, dagokion espedientea izapidetuko da, interesdunari entzunaldia egingo zaio, Gobernu Batzordeak arrazoizko ebazpena emango du, isilpeko bozketan, eta beharrezkoa izango da kideen bi herenak aldeko botoa ematea.
BOSGARREN TITULUA
EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA
LEHENENGO KAPITULUA
BALIABIDE-MOTAK
86. artikulua.– Hauek dira elkargoaren baliabide arruntak:
A) Sartzeagatik edo gaitzegatik kobratzen direnak, ohiko eta aparteko kuotak, derramak ere barne.
B) Elkargoko ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideen etekinak.
C) Elkargokideen sinadura aitortzeari edo legeztatzeari lotutako eskubideak.
D) Ziurtagiri fede-emaileak ematetik eta agiriak konpultsatzetik edo ematetik lortutako diru-baliabideak.
E) Elkargoko inprimakien eta argitalpenen salmentatik, eta ikastaroen, mintegien eta hitzaldien antolaketatik eratortzen direnak.
F) Gobernu Batzordeak ezarritako beste kontzeptu batzuengatik eratortzen direnak, legezkoak baldin badira.
87. artikulua.– Hauek dira elkargoaren aparteko baliabideak:
A) Jatorri publiko edo pribatuko dotazioak edo diru-laguntzak.
B) Herentziaz eta doako edo kostu bidezko tituluekin eskuratutako beste edozein ondasun.
C) Legez eratortzen den eta baliabide arrunt ez den beste edozein.
88. artikulua.– Elkargoa zaintzeko beharrezkoak diren gastuak, arruntak nahiz apartekoak, elkargo-mota anitzen artean banatuko dira, proportzioaren, elkargokide-kopuruaren eta beste gorabehera batzuei buruzko irizpideak kontuan hartuta, Gobernu Batzordearen iritziz zuzenena den banaketa lortu ahal izateko.
1.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kontu-ikuskapeneko txostena egingo da urtero, Batzar Nagusiak izendatutako bi elkargokideren edo Gobernu Batzordeak izendatutako kanpoko kontu-ikuskaritza baten bitartez.
BIGARREN KAPITULUA
INBERTSIOAK, ZAINTZA ETA ADMINISTRAZIOA
89. artikulua.– 1.– Elkargoko Gobernu Batzordeak inbertitu, administratu eta zainduko du elkargoko ondarea.
2.– Elkargoko ondarea bere izaera korporatiboari arreta emateko inbertituko da eta Gobernu Batzorde osoa izango da inbertsioen erantzulea, eta bai Batzar Nagusiaren edo Estatutuko edo autonomia erkidegoko elkargoen kontseiluko erabakietan estatutu hauetan xedatutako ez betetzeagatik sor daitezkeen kalteen erantzulea ere.
90. artikulua.– Elkargoa desegiten bada, egiteke dauden betebehar guztiak burutu ondoren gelditzen den ondarerik izanez gero, Estatuko Kontseilu Nagusiaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluaren esku geldituko da.
SEIGARREN TITULUA
ELKARGOKO LANGILEAK
91. artikulua.– Egiteko korporatiboak gauzatu ahal izateko, Gobernu Batzordeak kudeatzaile bat kontratatu ahal izango du. Kudeatzailea izango da lehendakariak edo idazkariak agintzen dizkion egitekoen erantzulea Gobernu Batzordearen aurrean.
ZAZPIGARREN TITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
92. artikulua.– 1.– Arabako Lan Harremanetako Graduatuen Elkargoa desegiteko beharrezkoa izango da Eusko Legebiltzarraren legea, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31.3. artikuluan aurreikusten den ustezkoa izan ezik.
Elkargoa desegiteko eta likidatzeko arrazoiak ondorengoak izango dira:
a) Elkargoak dituen helburuak –estatutuen 5. artikuluan adierazitakoak– lortzea ezinezkoa dela argi eta garbi ikustea.
b) Elkargoaren gobernu organoak behin betiko ezerezean gelditu, eta horien funtzionamendua eta berriro martxan jartzea ezinezkoa denean.
c) Lanbide bereko beste elkargoren batekin edo batzuekin bat-egitea, elkargokideen hiru laurdenek horretarako deitutako Aparteko Batzar Nagusian hala erabakitzen badute. Erabakia Eusko Jaurlaritzara igorriko da, zuzenbidearekin bat izapideak egin ditzan.
2.– Elkargoa desegiteko prozedurak arbitratuko du likidazio-epea. Elkargoa desegitea baimentzen duen legeak bere ondarearen likidazioa ezarriko du eta soberakinik egonez gero horrekin zer egin behar den ezarriko du Batzar Nagusiak erabakitzen duenaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Urriaren 26ko 1429/1990 Errege Dekretuko xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, errege dekretu horretan lan-harremanetako diplomatu tituluaren beraren eragina lan-harremanetako graduatu unibertsitate-tituluarentzat ere baliagarria izango da.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.