EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017081

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 27koa; horren bidez, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako diru-laguntzen deialdia argitaratzen da, 2017. urterako, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Xedapenaren data: 2017-04-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201702165
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/06/07an argitaratutako 2016/05/31ko 201600082 DEKRETUA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko apirilaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako diru-laguntzen deialdia argitaratzea erabaki du, 2017. urterako, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera –maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua–, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio berau argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako diru-laguntzen deialdia argitaratzea, 2017. urterako, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2017ko apirilaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, eta Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak ondoreak izango dituela Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jar dakiokeela organo horri berari hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LEHENTASUNEZ LANGABEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN 2017KO DEIALDIA, EUSKADIKO ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN
Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat da, enpresen artean eta langileen artean, langabeak (lehentasunez) nahiz lanean ari direnak izan, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken hori honako hauen arduraduna da: lanbide heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzearena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horrek dauzkan ardurei dagokienez.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barnean, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza dago.
Enplegurako lanbide-heziketa enplegu-zerbitzu publikoek langileei eskaintzen dieten tresnetako bat da, horiei lan merkatuan sartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko ekarpen erabakigarria egiten diena. Prestakuntza-ekintza horiei esker, hala badagokie, ikasleek bere gaitasun profesional eta pertsonalak eskuratu, hobetu edo eguneratzen dituzte, eta lanpostu bateko esperientzia lortzen dute lanekoa ez den praktika bat eginez. Horrek idatziz jasota uzten ditu enpresentzat pertsonak prestakuntza jaso duen profil profesionaletan lan egiteko aukerak.
Testuinguru horretan, Erabaki honek ezartzen duen finantzaketak barne hartzen dituen prestakuntza-ekintzen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei prestakuntzaren arloko eskaintza zabal bat eskaintzen zaie lehentasunez, haien enplegagarritasuna modu eraginkor batean sustatzeko.
Era berean, eskaintza honek beste helburu bat da langabeek jasotako prestakuntza hori egiaztagarria izatea. Horrela, jasotako gaitasunak Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroan jasoko dira, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak zehaztutako helburuak betetze aldera; erregistro hori abenduaren 17ko 463/2013 Dekretuak arautzen du. Lege horren xedea da bizialdi osoko ikaskuntzarako sistema antolatzea eta arautzea, jendeak etengabeko prestakuntzan eta kualifikazioan dituen beharrei erantzun eraginkorra emateko. Zortzigarren artikuluan esaten denez, Ikaskuntzako ibilbideak eta ikaskuntzako ekintzak garatu ahal izatea eta prestakuntzatik lan mundura jauzi egitea errazteko, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren programek modulu bidezko egitura izatea sustatuko du Eusko Jaurlaritzak, bai eta prestakuntza egiaztagarria izatea ere. Horrekin batera, hezkuntza-sistemaren ikasketen nahiz lan-munduaren arteko loturak bultzatuko ditu.
Ekitaldi honetan, II. eranskinean bildutako prestakuntza-espezialitate programagarriak «Euskal autonomia erkidegoko enplegurako prestakuntza-beharren diagnostikoa lanbide heziketaren esparruan: espezialitate programagarriak» dokumentuan identifikatutakoekin bat datoz. Dokumentu hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin du, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratu da. Espezialitate horiek Euskadiko lan-merkatuaren adierazgarrienak dira, eta produkzio-eredu berria garatzeko bideratutako espezialitateak biltzen dituzte. Eredu hori garapen ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa ekonomia produktibo eta lehiakorrarekin bateratzeko ekonomia iraunkorraren eremuan garatu nahi da, kalitatezko enplegua, aukera-berdintasuna eta kohesio soziala bultzatzeko. Hautatutako prestakuntza-ekintzak, prestakuntzakoen kasuan, euskal lan-merkatuan ahalmen handiena dutenak dira, baita honako hauek ere: profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzetara sartu ahal izateko beharrezko funtsezko gaitasunen espezialitateak, espezialitate transbertsal nagusiak eta enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzako gizarteratze-laneratze gaitasunen espezialitateak.
Hori guztia dela-eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, erakunde horretako zuzendari nagusiak hala proposatuta, 2017ko apirilaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako diru-laguntzen deialdia onartu du, 2017. urterako, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, baldintza hauetan:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen helburua da 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoan langabeei lehentasunez zuzendutako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzak arautzea, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 33.100.000 euro dira, eta horietatik 16.550.000 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 16.550.000 euro 2018ko konpromiso-kredituari.
Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira; eta hala bada, zirkunstantzia hori argitara eman beharko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.
3.– Deialdi honen xede diren laguntzak Europako Gizarte Funtsean sartuta egon daitezke osorik edo partzialki, honako programa hauen esparruan:
a) Euskadiko EGIFen 2014-2020 aldirako programa eragilea, 3.2.b) artikuluak aipatzen dituen kualifikazioko prestakuntza-ekintzak, II. eranskineko A.1.b.2.2 atalean lotuta daudenak.
b) Gazteen enplegurako 2014-2020 aldirako programa eragilea; oro har, programa honen babespean edo indibidualki hautagarriak diren gazteentzat berariaz diseinatutako prestakuntza-ekintzak, laneratzearen ibilbidea osatzen duten prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten gazte hautagarriak.
4.– 2. atalean baliabide ekonomikoen zenbateko osoa honela dago banatuta diru-laguntzen lerroetan:
a) Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen laguntzak finantzatzeko (deialdiaren 3.3.a) artikulua): 3.100.000 euro bideratuko dira; horietatik 1.550.000 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 1.550.000 euroak 2018ko konpromiso-kredituari.
b) Gainerako prestakuntza-ekintzen diru-laguntzak finantzatzeko (3.3 artikuluaren b) letra): 30.000.000 euro bideratuko dira; horietatik 15.000.000 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 15.000.000 euroak 2018ko konpromiso-kredituari.
Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko aurreko a) letrak aipatzen duen kreditua 2017ko irailaren 14a baino lehen agortuz gero, erantzun gabe dauden eskabideak estaltzera bideratu ahal izango dira b) letran gainerako prestakuntza-ekintzetarako aurreikusitako baliabide ekonomikoak, baldin eta, 7.2.2.9 artikuluan xedatutakoaren arabera, bigarren hautaketa-prozeduran eman beharreko laguntzetara bideratuta badaude, betiere Zuzendari Nagusiaren Ebazpenaren bidez horren berri behar bezala ematen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean, aipatutako epea amaitu baino lehen.
Edozein kasutan, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren eta bi lerroen diru-laguntzak emateko prozedurak ebatzi ondoren, bi lerroetako bati dagokion agortu gabeko kreditua besteari dagozkion laguntzak emateko erabili ahalko da. Aldaketa hori aurreko paragrafoan adierazi den bezala jakinaraziko da.
5.– Bestalde, artikuluaren 4.b) letran aipatzen den aurrekontu-kreditua honela banatuko da: prestakuntza-ekintzak ematen diren Lurralde Historikoaren arabera; diruz lagundu daitekeen ekintza motaren arabera; kualifikazio-ekintzen kasuan, familia profesionalaren arabera; kualifikazio-mailaren arabera eta, dagokionean (profesionaltasun-ziurtagiria lortzera zuzendua badago edo ez badago), I. eranskinean jasotako banaketaren arabera.
Banaketa horrek aldaketak izan ditzake aurrekontu-kreditua agortze aldera.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke honako erakunde hauek:
a) Lan-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak, beren forma juridikoa edozein izanik ere, kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak egiteko. Prestakuntza beren baliabide propioekin egin dezakete. Kasu horretan alta emango zaie Enplegurako Lanbide Heziketako Entitateen Euskal Erregistroan behin-behinean, prestakuntzak iraun bitartean. Bestela, kontratazio bidez eman dezakete prestakuntza, betiere helburua lortzeko egokia bada.
Gainera, enpresaburuen elkarteak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak egiteko onuradunak izan ahalko dira, elkarte horiek hartutako laneratzerako konpromisoa horien kide diren enpresek kontratazioekin gauzatzen badute.
b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Saileen mende ez dauden prestakuntza-erakunde publikoak edo pribatuak. Horretarako, egiaztatuta eta/edo inskribatuta egon beharko dute diru-laguntza eskatzen duten prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko, deialdia argitaratzen den egunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan, edo enplegurako prestakuntza-erakundeen autonomia-mailako beste erregistro batean, edo Estatuaren prestakuntza-erakundeen erregistroan.
Espezialitateen katalogora prestakuntza-espezialitateak gehitzen badira edo Lanbidek deialdi hau argitaratu ondoren prestakuntza-espezialitate berriak onartzen baditu, erregistroko inskripzioa ere ondoren egin ahalko da.
2.– Diru-laguntza eskuratzeko, enpresek eta prestakuntza-erakundeek diru-laguntza eskatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko giza baliabideak eta materialak izan beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute diru-laguntzaren esleipenaren ondoren horiek izango dituztela, prestakuntza-ekintzak hasten direnerako.
Instalazio eta baliabide horien titularrak enpresak eta erakundeak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoak izan ahalko dira. Gainera, horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon beharko dira modalitate presentzialean emandako prestakuntza ekintzetarako eta prestakuntza presentzialeko saioak egiteko eta/edo azken ebaluaziorako probak egiteko, teleprestakuntzaren modalitatean emandako prestakuntza ekintzen kasuan.
Informazio hori egiaztatzeko erakundearen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da eskaerarekin batera. Bertan jasoko da diruz laguntzeko eskatzen den ekintza guztiak emateko plangintza, denborari eta logistikari dagokionez, eta erakundeak dituen edo izango dituen instalazioak eta giza baliabideak zehaztuko dira, prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko erabiliko direnak.
Edonola ere, erakunde eskatzaileak adierazpen horretan jasotako datuak egiaztatzeko dokumentazio prest izan beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat.
3.– Ezin izango da enpresa edo erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan aipatzen diren egoeretako batean dauden enpresak edo erakundeak.
Diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresa eta erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, kudeaketa-organo honek automatikoki egiaztatuko du hori, haien baimenaren beharrik gabe. Egiaztapen hori egingo du azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan jasotakoarekin bat eginez.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
4.– Enpresa edo erakunde batek ezingo du kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetarako diru-laguntza eskuratu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza ekintzetan hartutako kontratazio-konpromisoen % 70 baino gehiago bete ez badu aurreko hiru ekitaldietako deialdiren batean.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak.
1.– Diruz lagundu ahalko dira 4. artikuluan jasotako kolektibo hartzaileari zuzendutako prestakuntza-ekintzak, II. eranskineko A.1.b.2 atalean bildutako espezialitateei buruzkoak. II. eranskinak («Espezialitate programagarriak eta modulu ekonomikoak») Espezialitateen Katalogoan alta emandako espezialitateak biltzen ditu, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren enplegurako garrantzi handikoak diren beste espezialitate batzuk ere. Horiek bat datoz «Euskal autonomia erkidegoko enplegurako prestakuntza-beharren diagnostikoa lanbide heziketaren esparruan: espezialitate programagarriak» dokumentuan identifikatutako espezialitateekin; dokumentua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin du, eta erakunde autonomoaren web-orrian argitaratu da: www.lanbide.euskadi.eus
II. eranskina deialdi hau argitaratu ondoren aldatu ahalko da, Katalogoan ondoren sartu diren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ondoren onartu dituen espezialitateak biltzeko. Hori aipatutako web-orrian argitaratuko da.
Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, II. eranskinean jasotzen ez diren espezialitateak programatu ahalko dira.
2.– Emateko prestakuntza-ekintzak honela daude sailkatuta:
a) Oinarrizko gaitasunak eta gaitasun transbertsalak eskuratzeko ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko eta/edo enplegagarritasuna hobetzeko (II. eranskinaren A.1.b.2.1 atala):
1. Transbertsalak: haien helburua izaera transbertsala duten ezagutzetako gaitasunak eskuratzea izango da, hala nola: hizkuntzak, osasuna eta laneko arriskuak, ingurumena, kalitatea, ekintzailetasuna, bulegotika eta eten digitala txikitzeko balio dezaketen informazio- eta komunikazio-teknologiak, edo enplegu-eskatzaileentzako esanguratsuak diren beste edozein.
2. Ezinbesteko gaitasunak eskuratzeko: ekintza horien helburua profesionaltasun-ziurtagiri bat edo horren modulu batzuk egiteko aukera ematen duten ezagutza instrumentalak eskuratzea izango da, titulazio akademikorik ez duten pertsonentzat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko ikastaroetan sartzeko prestakuntzako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzat. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: 2. mailako prestakuntza egiaztagarrirako sarrerakoak edo 3. mailako prestakuntza egiaztagarrirako sarrerakoak.
3. Gizarteratzeko eta laneratzeko gaitasunak eskuratzeko, gizartetik baztertzeko arrisku handia duten kolektiboei zuzenduta daudenak. Ekintza horien helburua gaitasun transbertsal eta ezinbesteko gaitasun batzuk eskuratzea izango da, lan-izaerako proiektu integralak garatzean oinarritutako metodologia aktibo baten bidez. Ekintza horiek lanetik eta gizartetik baztertzeko arrisku handia duten kolektiboei zuzenduta egongo dira, eta kolektibo horiei zenbait jarrera, gaitasun eta oinarrizko ezagutza barneratzeko aukera emango diete, gero beste prestakuntza-prozesu batzuk arrakastaz hasteko aukera izan dezaten edo lan-munduan lehen aldiz sar daitezen.
3. atalak aipatzen dituen ekintzak irabazi-asmorik gabeko prestakuntza-erakundeek emango dituzte. Erakunde horien xedeen edo helburu sozialaren edo sortze-helburuaren artean gizartetik baztertzeko arriskua duten pertsonen laneratzea egon behar da. Ondore horietarako, ulertuko da erakundeek irabazirik ez dutela eratze-eskrituran edo estatutuetan honako hau aurreikusten badute: ekitaldi bakoitzean sor daitezkeen irabaziak edo soberakinak erakundearen xede den helburu sozial baterako erabiliko direla, baita egitura produktiboak edo gizartetik baztertzeko arriskua duten pertsonen gizarteratze eta laneratzerako egiturak hobetzeko edo handitzeko ere.
b) Kualifikazioa eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, langileen gaitasunak enpresetako lanpostuen eskakizunei egokitzeko balio dutenak, horrela enplegagarritasuna hobetzeko (II. eranskinaren A.1.b.2.2 atala).
1. Profesionaltasun-ziurtagiria: Prestakuntza hori ibilbideen arabera antola daiteke, espezialitatearen guztizko ordu kopurua ematen denean. Bestela, prestakuntza-moduluen arabera ere egin daiteke. 1., 2. edo 3. prestakuntza-mailakoak izan daitezke.
2. Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ez dauden espezialitateen prestakuntza-ekintzak. Ekoizpen-sistemaren kualifikazio-beharrei erantzutea eta/edo aurrea hartzea dute helburu ekintza horiek, batik bat sektore berritzaileenak eta/edo enplegu aldetik aukera hobeak dituzten sektoreak garatzera zuzendutakoak edo erregulazio espezifikoak dituzten ekoizpen-sektoreei zuzendutakoak (lanbide-txartelak).
Prestakuntza-ekintza horiek beren prestakuntza-espezialitatean zehazten den prestakuntza-ibilbidearekin programatu beharko dira.
3.– Egin beharreko prestakuntza-ekintza guztiak, bestalde, honela sailkatzen dira:
a) Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak; horiek parte hartzen duten pertsona guztiak edo batzuk kontratatzeko konpromisoa hartzen denean egiten diren prestakuntza-ekintzak dira. Honako hauek egin ditzakete: enpresa batek; enpresa-talde batek, kontratazioak egingo dituzten taldeko kide diren enpresekin duten akordioa aurkeztuz; edo egiaztatuta eta/edo dagokion prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatuta dauden prestakuntza-erakundeek, kontratazioak egingo dituzten enpresarekin edo enpresekin sinatutako hitzarmena aurkeztuz.
Diru-laguntza lortu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:
1. Erakunde edo enpresa eskatzaileek, diru-laguntza eskatu aurretik, honako hau egiaztatu behar dute: kontratazio-konpromisoa duen ekintzan eman nahi den prestakuntza duten langabeen urritasuna. Horretarako, informazio hori dagokien Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren tokiko bulegoan eskatu behar dute. Urritasun hori egiaztatutzat joko da kasu honetan: libre dauden langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak eskatutako pertsonak bider lau egitearen emaitza baino.
2. Enpresa edo erakundeek gutxienez egin beharreko prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen % 50 kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute, eta kontratazio horiek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
– Lanaldia: osoa edo partziala, betiere gutxienez % 50ekoa bada.
– Gutxieneko iraunaldia: 6 hilabete jarraian, lanaldi osoko kontratuen kasuan; 1 urtekoa lanaldia % 50ekoa bada eta dagokion proportzioa lanaldi partziala % 50etik gorakoa bada.
Diru-laguntza eskatzerakoan behar bezala justifikatutako kasuetan (kontratazioa modu ez jarraituan edo sasoika egiteko beharra dagoenean), onartu ahal izango da kontratazioa egiteko konpromisoa lan-kontratu batean baino gehiagotan egitea. Horrelakoetan, lanaldi osoko kontratuen gutxieneko 6 hilabeteak gehienez ere 8 hilabeteko epean osatu beharko dira kontratuaren hasieratik zenbatzen hasita, eta lanaldi partzialeko kontratuak 15 hilabeteko epean osatu beharko dira gehienez ere.
3. Kontratazio-konpromisoa betetzeko, kontrataziotzat joko da ikasleak kooperatiba-sozietate batean bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartzea edo lan-sozietate batean bazkide langile gisa sartzea. Horretarako, hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
4. Laneratzea prestakuntza-ekintzaren eskaera aurkeztutako enpresetan egin beharko da. Laneratzea beste enpresa batzuetan egitea onartuko da, eskatutako enpresetan laneratzea egitea eragozten duten kausak badaude eta horiek agirien bidez justifikatuta badaude.
5. Kontratazio-konpromisoaren eraginez formalizatzen diren lan-kontratuak lan-araudiarekin bat etorriz egin beharko dira. Ez dira kontratazio-konpromisoa justifikatzeko baliozkotzat joko prestakuntza- eta ikastun-kontratuak, ezta merkataritzako kontratuak ere.
6. Kontratazioa emandako prestakuntza-espezialitatearekin lotutako lanpostu batean egin beharko da. Horren harira, enplegu egokitzat joko dira honako hauek: aldez aurreko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko eta praktikoei lotutako lanak egitea helburu duten enpleguak.
7. Lan-kontratua prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan hasi beharko da. Lan-kontratua ezingo da inola ere prestakuntzaren bitartean edo praktikaldian hasi.
Ondore hauetarako, prestakuntza-ekintza honako hauetan joko da amaitutzat:
– Profesionaltasun-ziurtagiria duten ekintzetan, ekintzan parte hartzen duten ikasleek prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ondoren.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza amaitu ondoren.
b) Bestelako prestakuntza-ekintzak, langabeen enplegagarritasuna handitzera edo laneratzea sustatzera zuzendutakoak.
4.– Prestakuntza emateko modalitateak.
Prestakuntza-ekintzak hiru modalitate hauetakoren batean eman beharko dira: presentzialean, teleprestakuntzakoan edo mistoan, hau da, aurreko biak konbinatuz. Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, modalitate presentzialean bakarrik eman ahalko dira.
Prestakuntza presentzialtzat hartzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezagutza berak aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.
Teleprestakuntzatzat hartzen da informazio- eta komunikazio-teknologia telematikoen bidez egiten dena. Horrela, hainbat lekutan dauden ikasleak, tutoreak eta baliabideak elkarrekin harremanetan egon daitezke.
Prestakuntza mistoa modalitate presentziala eta teleprestakuntzakoa konbinatzen diren prestakuntza da.
4.1.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko asmoa ez duten prestakuntza-ekintzak teleprestakuntza bidez emateko baldintzak:
a) Ekintzarako proposatzen diren teleprestakuntzako ordu-kopurua behar bezala justifikatu beharko da.
b) Teleprestakuntza ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez tutorearen laguntzarekin osatuko da.
c) Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak. Prestakuntza emateko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:
1. Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, bertan ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.
2. Online eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren eta ikaslearen beraren oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa, online prestakuntzaren jarraipena egiteko. Eskuliburua deskargatu eta off-line kontsultatu ahalko da.
3. «Online» ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleentzako prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin; gainera, honako baldintza hauek bete beharko ditu:
– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak biltzea.
– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzeko aukera ematea, eta, halaber, bermatzea plataformaren banda-zabalera berdina izango dela ikastaldiaren etapa guztietan.
4. Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.
5. Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.
6. Edukiak editatzea eta aldatzea.
7. 24 x 7 prestasuna izan behar du.
4.2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko asmoa duten prestakuntza-ekintzak teleprestakuntza bidez emateko baldintzak:
Prestakuntza ematen duen enpresak edo erakundeak modalitate honetarako eskatutako baldintzak bete beharko ditu. Baldintza horiek jasota daude profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12 bis artikuluan eta hori garatzen duen urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan.
5.– Prestakuntza-ekintzak 2017ko ekitaldian hasi beharko dira, diru-laguntzen ebazpenaren jakinarazpenetik aurrera, eta 2018ko uztailaren 31 baino lehen bukatu beharko dira.
6.– Prestakuntza-ekintzak onartzean, prestakuntza presentzial edo mistoko 20 parte-hartzaile lagunduko dira diruz gehienez eta 10 gutxienez, prestakuntza emateko modalitate guztientzako. Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:
a) Diruz lagunduko parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile horiengatik ez da diru-laguntzarik emango.
b) Salbuespen bezala eta Lanbidek aldez aurretik baimena emanda, parte-hartzaile kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan edo kalitatea bermatzeko parte-hartzaile kopuru txikia beharrezkoa dela egiaztatzen den prestakuntza-ekintzetan.
7.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Lan-zentroko prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagiriaren kasuan, edo gainerako espezialitateen enpresetako lanekoak ez diren praktikak ez dira diruz lagunduko.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen babespean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabeek parte hartu ahal izango dute lehentasunez. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.
Okupatutako langileak ezin izango dira prestakuntza-ekintzen % 40 baino gehiago izan.
5. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-ekintzen finantzaketa parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, deialdi honen II. eranskinean aurreikusten diren modulu ekonomikoei jarraikiz.
Modulu ekonomikoak prestakuntza-ekintza emateko modalitatearen arabera antolatu dira (presentziala edo teleprestakuntza). Era berean, modulu ekonomiko bakoitza hiru zatitan banatu da: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkie, langileenak (A) eta funtzionamendukoak (B), eta hirugarrena zeharkako kostuei dagokie (C), zuzeneko kostuei buruzko baturaren % 10 aplikatuz kalkulatuta.
Modalitate presentzialean emandako prestakuntza-ekintzetan, langileentzako zuzeneko kostuei buruzko modulu ekonomikoa beti biderkatuko da 15 parte-hartzaileren kopuruarekin.
Teleprestakuntzaren modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, langileentzako zuzeneko kostuei buruzko modulu ekonomikoa 15 parte-hartzailerekin biderkatutako da 10 eta 20 ikasle arteko ekintzetarako, 25ekin 21 eta 30 parte-hartzaile artekoentzako eta 35ekin 30 parte-hartzaile baino gehiagorentzako ekintza programatuko balitz.
II. eranskinean jasotzen ez diren baina kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzen kasuan, aplikatuko zaie B modulua, II. eranskineko prestakuntza-espezialitateari dagokiona, lanbide-arlo, lanbide-eremu eta kualifikazio-mailaren arabera.
Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dute gainditu, inola ere, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (Horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena). Ondorioz, azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura araudi horietan aurreikusitakoa baino handiagoa balitz, araudian jasotako kopuruak aplikatuko dira.
2.– Edozein kasutan, erakunde onuradunek ezingo dute prestakuntza-ekintzengatik milioi 1 euro baino gehiago jaso lurralde historiko batean bakarrik jarduten badira eta 2 milioi euro baino gehiago jaso lurralde batean baino gehiagotan jarduten badira. Diru hori 1.4.b) artikuluko azalpenak ezarritako baliabide ekonomikoena da, eta azalpenaren helburua 3.3.b) artikuluan aipatutako prestakuntza-ekintzak egitea da (kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak ez diren beste prestakuntza-ekintza batzuk).
3.– Ekintzak osotasunean edo partzialki finantzatuko dira. Azken kasu horretan, eman beharreko espezialitateko modulu ekonomikoaren gainerakoa osatu arteko zenbatekoa emango da, beste erakunde publiko edo pribatu batek ere finantzaketa ematen duenean, finantzaketa hori nahikoa bermatua dagoenean.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honek aipatzen dituen diru-laguntzen eskaerak modu elektronikoan izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzarako aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikazio honetarako sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahalko dute (www.lanbide.euskadi.eus).
2.– Diru-laguntza eskatzen den prestakuntza-ekintza bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko da, eta horietako bakoitzak administrazio-espediente bat osatuko du.
3.– Diru-laguntzaren eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
3.1.– Oro har:
a) Eskaera egiten duen enpresa edo erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Bertan, diru-laguntza eskatzen duten prestakuntza-plana egiteko giza baliabideak eta materialak dituztela bermatuko dute, edo diru-laguntzaren esleipenaren ondoren horiek izateko konpromisoa hartu beharko dute, prestakuntza-ekintzak hasten direnerako. Gainera, prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko plangintza ere jasoko da, denborari eta logistikari dagokionez, eta erakundeak dituen edo izango dituen instalazioak eta giza baliabideak zehaztuko dira, prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko direnak.
b) Enpresa edo erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Teleprestakuntzaren modalitatean emandako profesionaltasun-ziurtagirietarako prestakuntzaren kasuan, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12 bis artikuluak aipatzen duen hitzarmena.
3.2.– Prestakuntza-ekintzak kontratazio-konpromisoarekin:
a) Parte-hartzaileetako batzuk edo guztiak kontratatzeko konpromisoa hartzen duen enpresaren ziurtagiria, egingo duen kontratazio-maila zehazten duena (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera); edo enpresa-taldearen ziurtagiria, egingo duen kontratazio-maila zehazten duena (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera), taldeko kide den eta kontratazioak egingo dituzten enpresarekin edo enpresekin duen akordioa aurkeztuz; edo egiaztatuta eta/edo dagokion prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatuta dagoen prestakuntza-erakundearen ziurtagiria, egingo duen kontratazio-maila zehazten duena (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera), kontratazioak egingo dituzten enpresarekin edo enpresekin sinatutako hitzarmena edo akordioa aurkeztuz.
b) Prestakuntza-proiektuaren memoria, LAN-F aplikazioan emandako ereduaren araberakoa eta honako hauek bilduko dituena:
– Enpresaren jarduerarekin lotura duen prestakuntza egiteko eta ondoren horren parte-hartzaileak kontratatzeko beharra azaltzen duen txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:
– Ikasleen profila (prestakuntzaren hartzaileen ezaugarriak eta betekizunak).
– Egingo den kontratu mota eta horren iraupena.
– Ikasleak kontratatuko dituzten lotutako lanpostuak eta lanbide-kategoria, baita lan-zentroaren kokapena ere.
– Hala balegokio, lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena.
c) Prestakuntza-ekintza kontratatzen bada, kontratazio-proposamena (hiru eskaintza eskatzea eta azken hautaketa justifikatu behar ditu), baita Lanbideri aurretiaz egindako baimen-eskaera ere, 12. artikuluko 13. atalean jasotako kasuetan.
Dokumentazio hori ondoren ere aurkeztu ahalko da, baina prestakuntza-ekintza hasi baino lehen.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako txostena, 3.3.a).1. artikuluan adierazitako izapidearen emaitzari buruzkoa. Txosten horrek eman nahi den prestakuntza duten eta izena emanda dauden langabeen urritasuna egiaztatu beharko du.
3.3.– Gainerako prestakuntza-ekintzentzat, hala behar denean, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:
a) 8.1 artikuluaren b.2 atalean aurreikusten den balorazio-irizpideak aipatzen dituen sari edo egiaztagiri ofizialen kopia.
Ez da beharrezkoa izango horiek aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako enpresaren edo prestakuntza-erakundearen datuetan dagoeneko jasota badaude. Eskarian adierazi beharko da egoera hori.
b) Enpleguaren eta prestakuntzaren arloetan erakundeak lortu edo sinatu dituen proiektu edo hitzarmenen diru-laguntzak emateko ebazpenen kopiak (horiei egiten die erreferentzia 8.1 artikuluko b.3 atalak).
c) Balorazio-irizpideak aipatzen dituen laguntzen deialdien babespean prestatutako pertsona kopuruaren ziurtagiria, deialdien kudeaketa-administrazioak egindakoa. Balorazio-irizpide hori 8.1 artikuluaren b.5.2 atalean jasota dago.
d) Dagokionean, sozietate-talde bateko kidetza egiaztatzeko dokumentazioa, 8.1.B artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
e) 8.1 artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko enpresa edo erakunde eskatzaileak egokia dela uste duen beste edozein dokumentazio.
4.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat emateko diru-laguntzaren eskaeran, erakundeak baimena eman ahalko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horrela, diruz laguntzen badute, erakunde autonomoak ziurtagiri hori banandu ahalko du ziurtagiriak dituen modulu beste lotutako prestakuntza-ekintzatan, etengabeko prestakuntza sustatzeko. Hori 12.2 artikuluan jasotako baldintzei jarraituz egingo da.
5.– Eskaerak ez baditu baldintza guztiak betetzen, enpresa edo erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 laneguneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
6.– Diru-laguntzarako eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta honako hauetan amaituko da:
a) Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzen eskabideen kasuan (3.3.a artikulua), 2017ko urriaren 31n.
b) Gainerako prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzen eskabideen kasuan (3.3.b artikulua), 2017ko irailaren 14an. Hala ere, epe horren barruan, 7.2.2.1 artikuluan, bi ondoz ondoko hautaketa-prozedura aurreikusten dira.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Honako hau izango da diru-laguntzak esleitzeko prozedura, prestakuntza-ekintzen tipologiaren arabera:
2.1.– Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan (3.3.a artikkulua):
2.1.1.– Esleipen-prozedura segidako konkurrentzia izango da.
Eskatzaileek deialdi honetan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen denean, ordenan emango dira diru-laguntzak, espedientea amaitua dagoen momentuaren arabera, jarduera horietarako deialdi honen 1.4 artikuluaren a) letran definituta dagoen diru-zuzkidura agortu arte.
Hasierako aurrekontua eta horren zabalpen posiblea agortzen direnean, geratzen diren eskaerei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
2.1.2.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, eskaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera zenbatuta. Epe hori igarota, enpresa edo erakunde interesdunari jakinarazpenik egin ez bazaio, diru-laguntza onartutzat joko da.
2.2.– Gainerako prestakuntza-ekintzen kasuan (3.3.b artikulua):
2.2.1.– Diru-laguntzak prozedura irekiaren bitartez esleituko dira. Horretarako, elkarren segidako bi hautaketa-prozedura aurreikusten dira, eta horietako bakoitzean lehia-prozeduraren bidez ebatziko dira eskaerak, denbora-tarte jakin batean aurkeztu diren eskaeren artean, kronograma honi jarraikiz:
– Lehen prozedura: deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2017ko maiatzaren 12ra arte aurkeztutako eskaerak.
– Bigarren prozedura: 2017ko maiatzaren 13tik 2017ko irailaren 14ra arte aurkeztutako eskaerak.
2.2.2.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko izaera teknikoko ebaluazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde horren kide izango dira Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzaren mendeko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zerbitzuko arduraduna eta erakunde autonomo horren lurralde-bulegoetako arduradunak, edo horiek izendatzen dituzten ordezkariak.
2.2.3.– Bi prozeduretan, eskabideek deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak balioetsiko ditu hurrengo artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, eta behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du. Hori Lanbideren web-orrian (www.euskadi.lanbide.eus) argitaratuko da, eta 5 egun balioduneko epea emango da erakunde interesdunek, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez, alegazioak egiteko edo eskabideari uko egiteko.
Behin-behineko ebazpenaren proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.
2.2.4.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpenaren proposamena egingo du. Hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren (ebazpenerako erakunde eskuduna) zuzendari nagusiari jakinaraziko dio, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariaren bidez.
2.2.5.– Behin betiko ebazpenetan eman nahi diren diru-laguntzak jasoko dira, baloraziotik ondorioztatzen den lehentasun-hurrenkeran, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziz. Era berean, ukatutako diru-laguntzak ere jasoko dira, uko egiteko arrazoiak adieraziz. Ebazpenak prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie Lanbideren web-orrian argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus.
2.2.6.– Behin betiko ebazpenetan aurrekontu-kreditua falta delako ukatu diren eskaerak balorazio-irizpideak aplikatzetik sortzen den lehentasun-hurrenkeran zerrendatuko dira; horrela, erakunde onuradunetako batek diru-laguntzari uko egingo balio ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik 10 egun balioduneko epean, lehentasun-hurrenkera horren araberako hurrengoari emango zaio diru-laguntza, betiere ukatutako diru-laguntza finantzatzeko nahikoa kreditu berreskuratzen bada.
Prozedura hori errepikatuko da kreditua agortu arte, eta ezingo zaio, inola ere, diru-laguntza eman lehentasun-hurrenkeran diruz lagundu ezin den (kreditua nahikoa ez delako) eskabide baten atzean dagoen bati. Amaierako soberazko baliabide ekonomikoak hurrengo prozeduran erabiliko dira.
Lehen prozeduran, ebazpena jakinarazten denetik 10 egun baino gehiago igarota diru-laguntzari berariaz uko egiten bazaio, ez da aurreko paragrafoan azaldutako prozedura egingo, eta askatutako kreditua bigarren prozeduran erabiliko da. Bigarren prozeduran, 10 egunak igaro osteko uko egiteek kreditua agortu arteko diru-laguntzak ematea eragin dezakete. Hori aurreko paragrafoan azaldutako prozedurari jarraituz egingo litzateke, mementoa kontuan hartuta hori egitea posible bada, deialdiaren baldintzekin eta aurrekontuan betearazteko baldintzekin bat etorriz.
2.2.7.– Gutxieneko balorazioa gainditzen duten eta lehen prozedurari dagozkion baliabide ekonomikoekin diruz lagundu ezin izan diren prestakuntza-ekintzek bigarren hautaketa-prozeduran parte hartuko dute aurkeztutako eskabide berriekin batera. Horretarako, ez da beste eskabide bat aurkeztu beharko, hori baloratzeko baldintzak mantentzen badira. Baldintza horiek LAN-F aplikazioaren bidez berretsi beharko dituzte artikulu honen 2.2.1 atalean ezarritako eskabideak aurkezteko epean.
2.2.8.– Behin betiko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, prozedura bakoitzean eskaerak aurkezteko lehen egunetik zenbatuta. Ebazpen bat espresuki jakinarazi gabe epe hori igarotzen bada, eskaera ukatu dela ulertuko da.
2.2.9.– Lehen prozedurako eskaerak finantzatzeko kredituaren zenbatekoa 27.000.000 eurokoa da. 1.4.b) artikuluan ezarritako gainerako aurrekontua bigarren prozeduran emateko laguntzetarako erabiliko da. Aurrekontu hori edo, hala badagokio, kontratazio-konpromisoa duen prestakuntzarako eskabideetarako erabilitako murriztapenetik ateratakoa izango da, 1.4 artikuluan aurreikusitako kasuan.
Lehen prozedura ebatzi ondoren, horretara bideratutako kreditua ez bada agortu, aplikatu ez diren baliabide ekonomikoak bigarren prozeduran diru-laguntzak emateko bideratutako kredituan sartu ahalko dira.
Kredituaren aldaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, berehala eta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaitu egiten dute administrazio-bidea eta horien aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
4.– Diru-laguntzak emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenean, espresuki aipatuko da, dagokionean, EGIFen finantzaketa, 2014-2020 aldirako programa eragilearen esparruan edo gazteen enplegurako 2014-2020 aldirako programa eragilearen esparruan.
5.– Publizitate printzipioa betetzearren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jasotako zenbatekoak eta EGIFen 2014-2020 aldirako programa eragilearen esparruan edo gazteen enplegurako 2014-2017 aldirako programa eragilearen esparruan jasotako finantzaketa espresuki adierazita.
8. artikulua.– Eskaerak baloratzeko irizpideak.
1.– 3.3.b) artikuluan aipatzen diren prestakuntza-ekintzak baloratzeko, irizpide hauek erabiliko dira (III. eranskinean gehiago zehazten dira):
A.– Prestakuntza-ekintza prestakuntza-beharrentzako egokia izatea.
Gehienez ere 30 puntu lor daitezke.
Horren helburua prestakuntza-ekintzak puntuazioaren bidez sailkatzea da, irizpide hauen arabera: prestakuntza-espezialitatea, familia profesionala, prestakuntza-maila, programaren tipologia eta prestakuntzaren zehaztasunak, egiaztagarria izan edo ez izan, emateko hizkuntza eta emateko modalitatearen lehentasunaren inguruko irizpideen arabera.
Irizpide horiek lotuta daude Lanbidek egindako prestakuntza-beharren diagnostikoan antzemandako planifikazio-beharrekin. Diagnostiko hori Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2017 Dekretuaren babespean egin da, eta erakunde autonomo horren web-orrian argitaratu da.
Oinarrizko gaitasunak eta gaitasun transbertsalak eskuratzeko ekintzen kasuan, 7 puntu emango zaizkio a.1 irizpideari.
B.– Eskatzailearekin lotutako jardueraren adierazleak. Gehienez ere 60 puntu lor daitezke.
Horren helburua prestakuntza-ekintzak diru-laguntzaren eskatzailearen ibilbidearen arabera sailkatzea da. Eskatzailea sozietate-talde batekoa bada, taldeko erakundeen jarduera hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena, edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate taldearen definizioarekin bat datorrena.
Erakunde beraren ekintza guztiek B atalean zehaztutako irizpideen arabera lortutako puntuazioa izango dute. Ibilbidea jarraian ezarritako irizpideen arabera kalkulatuko da.
Zenbait kasutan, baloratu beharreko datuak prestakuntza-erakundeari dagozkio, hura titularra den prestakuntza-zentro guztiei dagozkionak barne. Kasu horretan, (IFK) adieraziko da. Beste kasuetan, baloratu beharreko datuak banakako prestakuntza-zentroei dagozkie. Kasu horretan, (prestakuntza-zentroa) adieraziko da.
b.1.– Sintesi-adierazlea: gehienez 10 puntu.
Lehentasunez langabeei zuzendutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-programazioetan prestakuntza-erakundeak (IFK) familia profesional bakoitzean lortu dituen gogobetetasun-tasen batez bestekoa. Horretarako, 2016an amaitutako programazioak hartuko dira kontuan, hasiera-urtea edozein izanik ere.
Lanbidek onartu eta lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzen diru-laguntzen deialdietan parte hartu ez duten prestakuntza-erakundeei 5 puntu emango zaizkie. Era berean, 5 puntu emango dira, adierazle hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik lortu ezin izan bada.
b.2.– Ziurtagiri ofizialak: gehienez 7 puntu.
Erakunde eskatzaileak (IFK) homologatutako estandar batzuk betetzen dituela egiaztatzen duten eta indarrean dauden sari edo ziurtagiri ofizialak, kalitatearekin, ingurumenarekin, laneko segurtasun eta osasunarekin, genero-berdintasunarekin eta euskararekin lotutakoak.
Kalitateari dagokionez, EFQM ereduan, Bikaintasunerako Konpromisoa kontuan hartuko da (200+), baita Europako Bikaintasuna ere (300+, 400+ y 500+). Foru-aldundiek, ministerioek edo beste administrazio batzuek emandako kalitatezko kudeaketaren arloko sari edo egiaztagiriak kontuan hartuko dira.
Euskarari dagokionez, prestakuntza-erakundeak lortutako egiaztagiriak edo sariak kontuan hartuko dira, eta zentroaren irakasleek dituzten euskara tituluak ez dira kontuan hartuko.
b.3.– 2015, 2016 eta 2017ko enpleguaren eta prestakuntzaren arloko diru-laguntzak emateko ebazpenak edo indarrean dauden lankidetza-hitzarmenak, Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzak ez beste erakunde publiko edo pribatu batek zuzenean kudeatutakoak: gehienez 5 puntu.
Prestakuntza-erakunde batek (IFK) arreta ematen dien kolektiboko pertsonen edo ekoizpen-sektoreen beharrei erantzuteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lortu edo sinatu dituen proiektuentzako diru-laguntzak emateko ebazpenen edo hitzarmenen kopurua, Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak edo Hotebuzek (erakunde kolaboratzaile gisa) edo beste erakunde edo organo batek kudeatutakoa, hala nola: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak (edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturena), Hezkuntza Sailak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, baita beste Administrazio Publiko batzuekk edo enpleguaren eta prestakuntzaren arloko beste Administrazio Publiko batzuek ere, enplegu-zerbitzu publikoak barne (sektoreko enpresen elkarteak eta abar.).
Horren harira, enpresek programatutako prestakuntza antolatzeko eta emateko moduko erakundea izateko hitzarmen edo kontratua kontuan hartuko da, baita lanean ari diren langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintza emateko erakunde prestatzailearen eta enpresaburuen elkarte baten arteko hitzarmena edo kontratua ere.
Ez dira kontuan hartuko lanekoak ez diren praktikak egiteko ezta funts publikoekin finantzatuta ez dauden prestakuntzak emateko prestakuntza-erakundeen eta enpresen arteko hitzarmen edo kontratuak.
Estatuko deialdietan batera parte hartzeko helburuarekin elkartutako erakundeen arteko hitzarmenak ere ez dira kontuan hartuko. Bestalde, kontuan hartuko dira zentroen elkarteei emandako diru-laguntzen ebazpenak edo hitzarmenak, erakunde bakoitzari eman zaion zati proportzionala zehazten bada. Era berean, ez dira kontuan hartuko teleprestakuntzaren modalitatean saio presentzialak egiteko zentro elkartekideak izateko hitzarmenak.
Hezkuntza-ituna kontuan hartuko da, baina ez da kontuan hartuko zikloak emateko baimena.
b.4.– 2016ko langabeen prestakuntzari lehentasunez zuzendutako diru-laguntzen deialdiaren ekintza-lerro guztietan emandako diru-laguntzen betearazpen-maila. Adierazle horrek benetan hasitako prestakuntza-ekintzen eta onartutako prestakuntza-ekintzen arteko proportzioa neurtzen du:
– Onartutako ekintzen % 90 eta 100 artean: 3 puntu.
– Onartutako ekintzen % 80 eta 90 artean: 2 puntu.
– Onartutako ekintzen % 70 eta 80 artean: puntu bat.
– Onartutako ekintzen % 70 baino gutxiago betetzea: 0 puntu.
b.5.– Prestakuntza emateko erakunde eskatzaileak egiaztatzen duen gaitasuna: gehienez 35 puntu.
Irizpide hauen arabera kalkulatuko da:
b.5.1.– Gehienez 10 puntu: langabeei lehentasunez zuzendutako eskaintza finantzatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako laguntzen deialdietan prestakuntza-erakunde (IFK) bakoitzak prestatutako pertsona-kopurua. 2013, 2014, 2015 eta 2016ko programazioetako ekintzen batez bestekoa hartuko da kontuan.
b.5.2.– Gehienez 5 puntu: Enplegurako prestakuntzaren alorrean lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzak egiten dituzten beste administrazio batzuen laguntza-deialdietan edo horiekin sinatutako hitzarmenen ondorioz prestatutako pertsona-kopurua, prestakuntza-erakundeak (IFK) kalkulatutakoa. Ez dira kontuan hartuko haien ardura duen erakundearentzako prestakuntza-planak egiten dituzten prestakuntza-erakunde publikoen datuak. 2013, 2014, 2015 eta 2016ko programazioetako ekintzen batez bestekoa hartuko da kontuan.
Kontuan hartuko dira ekimen pribatuko profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratutako ekintzetan prestatutako pertsonak.
Ez dira kontuan hartuko lanean ari diren langileei lehentasunez zuzendutako deialdietan parte hartu duten langabeak.
b.5.3.– Gehienez 10 puntu: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako Lehen Aukera eta Hezibi programen deialdietako parte-hartzaile kopurua. Lehen Aukeraren deialdian erakunde bakoitzak 2014an, 2015ean eta 2016an jasotako eta kudeatutako pertsonen kopuruak batuko dira. Hezibi programan, modalitate horretan 2013an, 2014an, 2015ean eta 2016an Lanbidek diruz lagundutako prestakuntza-ekintza bat egiten zuten pertsona-kopurua hartuko da kontuan. Irizpide honen balioa prestakuntza-erakunde (IFK) bakoitzak kalkulatu beharko du.
b.5.4.– Langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko diru-laguntzen deialdian emandako espezialitate bereko prestakuntza-ekintzen enplegagarritasun-tasa, prestakuntza-erakundearen (IFK) arabera kalkulatuta, deialdi honen II. eranskinean programagarri gisa argitaratutako prestakuntza-espezialitate bakoitzean: gehienez 10 puntu.
Honela kalkulatuko da: (Prestakuntzako arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzeko tasa x p3), non:
– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza emaitza positiboarekin amaitzen duten pertsonen kopurua, prestakuntza-ekintza hasi duten guztizko parte-hartzaile kopuruaren gainean.
– Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-ekintza amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.
– Parte-hartze anitzeko tasa: Prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, lehenengo prestakuntza-ekintza bigarren batekin lotzen duten pertsonen kopurua ikastaroa amaitu ondorengo hamabi hilabeteetan.
– p1, p2 eta p3 espezialitatearen kualifikazio-mailarekin lotuta kalkulaturiko tasa bakoitzari emandako pisuari dagozkio.
Tasa horiek prestakuntza-espezialitateen kualifikazio-mailaren arabera haztatzen dira. Horrela, beheko mailetan (0 maila eta 1. maila) modu positiboan amaitzea saritzen da, laneratzearen gainetik, eta maila altuenean (3.a) laneratze-tasaren pisua handitzen da. Parte-hartze anitzeko tasan 2. mailan parte hartzea saritzen da.
Prestakuntza-erakundeek aipatutako 2015eko Lanbideren deialdian diruz lagundutako prestakuntza-espezialitatea eman izan ez balute, 5 puntu emango dira
C.– Eskualdearen araberako haztapen-irizpideak.
Atal honetan erabilitako irizpidearen helburua eskualdeen arteko programaren oreka bilatzea da, diruz laguntzeko prestakuntza-ekintzen artean. Hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako eta web-orrian argitaratutako «Euskal autonomia erkidegoko enplegurako prestakuntza-beharren diagnostikoa lanbide heziketaren esparruan: espezialitate programagarriak» dokumentuaren arabera egingo da. Horrela, prestakuntza-espezialitate jakin bat lurralde historiko bakoitzeko gutxienez hiru eskualdetara zabaltzea bermatu nahi da, hori gertatu ahal izateko nahikoa eskaera badago.
Irizpide hori aplikatzeko, honela jardungo da:
Lehenengoa.– A eta B irizpideak aplikatuz eskaerak balioetsi eta ordenatu ostean, eta, aurrekontu-mugak kontuan izanda, diruz lagundu beharreko prestakuntza-eskaintza lortzen denean, prestakuntza-espezialitateak aztertuko dira eta lurralde historiko bakoitzeko gutxienez hiru eskualdetan ordezkaritzarik ez daukatenak hautemango dira; era berean, begiratuko da zer eskaintza dauden gainordezkatuta (hau da, prestakuntza-jarduera bat baino gehiago) eskualde batean edo bitan (eskualde saturatua).
Bigarrena.– Printzipioz, aurrekontu-kreditura iritsi ez den eskaerarik ba ote den begiratuko da, lurralde historiko bereko beste eskualde batean edo bitan ematen den prestakuntza-espezialitate berari dagokionik (segun eta hiruko gutxienekoa lortzeko bat edo bi falta diren).
Hirugarrena.– Diru-laguntza eskuratzeko lehentasuna izango du(te) aurreko bigarren puntuan adierazitako eskaerak edo eskaerek, saturatutako eskualde(et)an puntuazio okerrena lortu du(t)enaren aldean, lurralde historiko bereko hiru eskualdetan prestakuntza-ekintza bat diruz laguntzeko gutxienekora iritsi artean.
III. eranskinean daude horretarako kontuan hartu beharreko eskualdeak zerrendatuta.
2.– Berdinketa gertatuko balitz, b.5.4 balioespen-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraituko balu, b.5.3 balioespen-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpide gisa, b.1 balioespen-irizpidean puntuazio handiena lortu duena hartuko da aintzat.
3.– Prestakuntza-ekintzek 30 puntu lortu beharko dituzte gutxienez A eta B ataletako adierazleen arabera diru-laguntza lortu ahal izateko. Irizpide horiek III. eranskinean daude zehaztuta. Diru-laguntza ukatu egingo da prestakuntza-ekintzak gutxieneko puntuazio hori lortzen ez badu.
9. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.
1.– Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko hautaketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.
Hautagaiek honela parte hartu dezakete ikastaroan:
a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agindu diezaieke enplegu-eskatzaileei (eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenei), haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
c) Lanbidek enplegu-eskatzaileak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
2.– Kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetan, kontuan hartuko da prestakuntza-proiektuaren memorian enpresak adierazitako pertsonen profila, haren kontratazio-beharrekin bat datorrena. Memoria hori eskabidearekin batera aurkeztu behar da.
3.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan jasotako eskakizunak bete behar dituzte parte-hartzaileek, kualifikazio profesionalaren 2. eta 3. mailetarako. Era berean, prestakuntzako espezialitateen katalogoko prestakuntzako espezialitateei dagozkien beste prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, hautagaiek katalogoko espezialitate bakoitzarentzat ezarrita dauden eskakizunak bete behar dituzte.
4.– Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen azken hautaketa enpresa edo erakunde onuradunak egingo du, Lanbidek igorritako hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak inskribatutako hautagaietarako sarbidea izango du lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LANF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat egingo da. Hori erakundearen instalazioetan egingo da eta aurrez Lanbiderekin adostu beharko da, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutzen maila erreala zehazteko. Proba hori LAN-F aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.
5.– Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, proba egin behar denean, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela jokatuko da, kontratatzeko konpromisoa duten ekintzen kasuetan salbu:
a) Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ibilbideak:
1.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 12.2 artikuluan ezarritako baldintzetan banandu gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute.
2.– Modulatutako profesionaltasun-ziurtagiri bat programatzen denean, 12.2 artikuluaren arabera, Lanbidek jakitera emango ditu profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez. Horrela, ibilbide osoa osatzen duten edozein prestakuntza-ekintzatan parte hartzeko hautagaien poltsa bat eratuko du. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea ixten denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren, hautagaiak ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan taldekatuko dira. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen azken hautaketarako, horrela jardungo da:
– Profesionaltasun-ziurtagiriaren lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, inolako egiaztagiririk ez duten pertsonen proportzioa % 50 izango da. Gainerako % 50a profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonekin osatuko da, eta lehentasuna emango zaie lehen prestakuntza-ekintza hau bakarrik falta zaien pertsonei. Bi kategorietakoren batean nahikoa hautagairik ez balego, adierazitako proportzioa aldatu ahalko da parte hartzen duten pertsonen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan lehentasuna izango dute aurre-aurreko modulua amaitu duten eta prestakuntza-ekintza egin nahi duten pertsonek. Bigarrenik, ekintzari dagokion modulua bakarrik falta zaien pertsonak, ibilbidea bete dezaten eta profesionaltasun-ziurtagiria lor dezaten. Eta hirugarrenik, gainerako pertsonak, dituzten egiaztagirien kopuruaren arabera. Lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik hurbilen dauden pertsonek.
3.– 12.3 artikuluari lotutako prestakuntza-modulu solteak programatzen direnean, lehen prestakuntza-ekintzan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-ibilbidea osatzeko helburuarekin prestakuntza-moduluren bat egiaztatuta duten pertsonek. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek. Lehenengoari lotutako gainerako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, lehentasuna izango dute lehenengoan parte hartu duten pertsonek.
4.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Arlo horiek taula batean jasoko dira eta taula Lanbideren webgunean jarriko da (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdia argitaratzen den egun berean.
b) Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzenduta ez dauden prestakuntza-ibilbideak:
Ibilbide oso bati dagozkion prestakuntza-ekintzen kasuan, lehen ekintzan parte hartu duten pertsonek lehentasuna izango dute ibilbide horretako ondorengo faseetan parte hartzeko.
6.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, lehentasun-hurrenkera honetan:
a) Langabeak:
1. Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberarekin, lan-merkatuan sartzeko arazo bereziak dituzten pertsonak, kualifikazio-maila txikia duten pertsonek lehentasuna izanik: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan (langabeen % 54 emakumeak dira); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko PREPARA programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan (EAP) parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
2. Bigarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.
3. Hirugarrenik, etendurako Enplegua Erregulatzeko Espediente baten eraginpean dauden langabeak, ordutegiaren aldetik prestakuntza-ekintzara joan daitezkeenak.
b) Lana duten pertsonak.
1. Lehenik eta behin eta % 54ra arte, hautaketa-prozesuetan emakumeen parte-hartzea lehenetsiko da, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren araudian adierazitakoa kontuan hartzeko.
2. Bigarrenik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako pertsonak.
7.– Pertsona batek ezingo ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaro horiek egiteko beste eskabide batzuk badaude eta horiek eskatu dituzten pertsonek betetzen badituzte sarbide-eskakizunak.
8.– Hautaketa amaitutakoan, enpresa eta erakunde onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eman beharko diote horren berri, kudeaketarako LAN-F informatika-aplikazioaren bidez eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako jarraibideei jarraituz.
9.– Aukeratuak izan diren pertsonen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen diren pertsonen zerrendak jendaurrean ipini behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, eta prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egiten hasiko diren adierazi behar dute. Zerrenda hori prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago erakutsi behar da gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.
Iragarpen horiez gain, egoki iruditzen zaizkien beste bitarteko guztiak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek ikasleei alderdi horien berri emateko.
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.
2.– Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu eta erantzukizun zibileko polizak barne hartzen ditu ikasleak ikastaroetara joateagatik eta prestakuntza ematen den lekurako joan-etorrietatik eratorritako arriskuak.
3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.
Kontratazio-konpromisoa duten ekintzen kasuan, ondoren kontratatzeko aukerari, aurreikusitako kontratuen kopuruari eta horien baldintza zehatzei buruzko informazioa jasoko dute (lan-zentroaren kokapena, lan-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena...).
4.– Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, enpresa edo erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko du. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko partea bereizita egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatu arte, salbu eta enplegua aurkitu eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta horri probetxua ateratzea, edo behar bezala justifikatutako bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie.
11. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak izango dira honako hauek:
a) Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren pilatutako % 25etik gorako hutsegiteak, edozein arrazoi, justifikatua edo justifikatu gabea, dela medio.
b) Ekintza ez aprobetxatzea edo hori ondo garatzea eragozteko moduko portaera, baita higienearen eta osasungarritasunaren arauak ez betetzea ere.
2.– Ikasleak baztertzeko prozedura hau izango da:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den formularioa erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du. Horren ostean, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendariak baztertzeko prozedura hasteari buruzko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, gehienez, hamabost eguneko epean ebatzi beharko du prozedura. Inguruabarrek hala eskatzen badute, kanporaketa hasteko erabakian behin-behineko neurriak hartu ahalko dira prestakuntza-jarduera behar bezala garatzea bermatzeko, hala nola erabakia jakinarazteko egunetik prozedura ebazten den arteko egunetan ikaslea aldi baterako ikastarotik kanporatzea. Ebazpenean egokia den errekurtsoen oin-oharra azalduko da.
Ikasleren batek hutsegiteen % 25 gainditzen badu prestakuntza-ekintzaren iraupen-ordu guztiekin alderatuta, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura hasteko. Modulu oso bat geratzen bazaio egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), baloratu ahalko da pertsonak geratzen den modulua egitea, kontuan hartuta ikasle hori ezin dela justifikatutzat hartu prestakuntza-ekintzaren likidazioan.
Ikasle batek prestakuntza-ekintzara joateari utzi eta % 25etik gorako hutsegiteak gainditzen dituenean, zentroak Lanbideri emango dio horren berri eta baja emango zaio ofizioz, baztertzeko prozedura egin behar izan gabe.
12. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LAN-F) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko, bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun naturaleko epean egin beharko zaizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagozkion jakinarazpenak.
2.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat emateko diru-laguntza ematen denean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hori banandu ahalko du ziurtagiriak dituen modulu beste prestakuntza-ekintzatan, diru-laguntzaren eskabidean erakundearen hori egiteko baimena dagoenean, 6.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Lotuta jarraituko duten prestakuntza-ekintzen betearazpenak baldintza hauek bete beharko ditu:
– Modulu bakoitzaren betearazpena eta justifikazioa banakakoa izango da.
– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.
– Hori hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.
Horietaz gain, erakundeak prestakuntza-modulu bakoitzean horietan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste parte-hartzaile batzuk sartu ahalko ditu, 9.5.a).2 artikuluan araututako hautaketa-prozesuari jarraikiz.
– Erakundea behartuta egongo da modulu bat edo modulu bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei praktikak eskaintzera, horiekin profesionaltasun-ziurtagiria burutzen badute.
– Diru-laguntza ordaintzeko, prestakuntza-ekintza bakarra kontuan hartzen jarraituko da.
3.– Erakunde edo enpresa onuradunek Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariari baimena eskatu ahalko diote diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen betearazpena lotzeko, prestakuntza-ibilbide bera osatzen dutenean. Eskabidea eta, dagokionean, baimena lehen prestakuntza-ekintza hasi aurretik egin beharko dira.
Prestakuntza-ekintza horiek lotzeak honako hau dakar:
– Prestakuntza-ekintza bakartzat joko dira hasteko data ezartzeko.
– Batera finantzatuko dira, horiei guztiei 16. artikuluan jasotako ordainketa-erregimena aplikatzean dagokien zenbatekoa gehituz.
– Banaka betearazi eta justifikatuko dira.
4.– Deialdi honetan prestakuntza ematen duten prestatzaileak Lanbidek baimendu beharko ditu. Era berean, prestatzaileen fitxategian sartu beharko dituzte, indarreko araudian ezarritako baldintzei jarraituz.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko asmoa ez duten kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, horiek zuzenean enpresek ematen badituzte, ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea. Irakasle horiek ez dute alta emango Lanbideren prestatzaileen fitxategian.
5.– Diru-laguntza jasotzen duten ikasleez gain beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, diru-laguntza jasotzeko eskubiderik gabe, deialdiaren ebazpenaren ondorengo hamabost egunen barruan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle ororentzako bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.
6.– Langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, asteko ordu kopurua ezin izango da 40tik gorakoa izan. Muga horietan sartuko dira, dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari edo profesionaltasun-ziurtagiriarenak ez diren ekintzen praktikei dagozkion lan-zentroko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.
7.– Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.
8.– Enpresa eta erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:
– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatiko batean,
– ikastaroa behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta
– beharrezkoak diren babes-elementuak.
Era berean, ikasleei 10. eta 11. artikuluetan araututako eskubideen eta betebeharren eta kanporatzeko arrazoien eta prozeduren berri emango diete. Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, ondoren kontratatzeko aukerari buruzko informazioa emango diete, 10.3 artikuluan ezarritako baldintzei jarraituz.
9.– Ikasle batzuek jarduera bertan behera uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahalko dira prestakuntzara haien ordez. Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezkapen hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-ekintzak badira, kasu horretan ordezpena prestakuntza-ekintza hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko baita soilik.
Hasitako jardueretara eransten diren ikasleek ikastaroari probetxua ateratzeko gaitasuna bermatzen duen adinako maila eduki behar izango dute, ikastaroaren garapen arruntari eragin gabe. Hori dela-eta, prestakuntza-ekintzaren aprobetxamendua eta garapen arrunta bermatze aldera, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpideak ezarri beharko ditu ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko adinako gutxieneko maila dutela bermatzeko.
10.– Prestakuntza-ekintzan parte hartuko duten langabeei dagokienez, eta batik bat langabezia-prestazioa edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, prestakuntza emateaz arduratzen diren enpresa eta erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horien arrazoiak zehaztuta.
11.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, parte-hartzaile bakoitzari bertaratze-ziurtagiri edo diploma bat emango zaio, prestakuntzaren ebaluazio positiboa lortu badu. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduak erabiliko dira, eta, eredu horietan, ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, klaseak emateko modalitatea, datak eta jasotako prestakuntza-orduen guztizkoa jasoko dira gutxienez.
12.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta dagoenean, ikaslearen ebaluazioa moduluka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horren bidez, lanerako gaitasunez jabetu dela bermatzeko.
Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan burutuko den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta horien aplikazioak emango duen denbora. (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu eta aplikazio informatikoan sartuko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko emaitzak horiek ezaguerei zein gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan bilduriko trebetasun praktiko eta abileziei buruzkoak izango dira, eta, oro har, lanbide-gaitasunak eskuratu direla frogatzea ahalbidetu beharko dute.
Gaitasun-atalen egiaztapena lortzeko, ebaluazio positiboarekin gainditu beharko dira, gai kalifikazioarekin, gaitasun-atal bakoitzari loturiko prestakuntza-moduluak.
Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin. (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera).
Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LAN-F informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» o «ez gai».
Teleprestakuntzaren modalitatean, lehenago oro har ezarritakoaz gain, prestakuntza-moduluen ebaluazioa egiteko tutore-formatzaileek egingo duten ikasketa-prozesuaren jarraipen bat eta azken ebaluazioaren proba presentzial bat erabiliko dira. Ikasketa-prozesuaren jarraipenak plataforma birtualaren bidez aurkeztutako jarduera eta lanen analisia eta prestakuntza-ekintzak iraun bitartean egindakoak hartuko ditu barne, bai eta ezatzen diren komunikazio-tresnetan parte hartzea ere. Ikasketa-prozesuko jarduera bakoitzarentzat ezartzen diren zenbakizko ebaluazio-irizpideak prestakuntza-proiektuan definitutakoaren arabera aplikatuko dira.
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak hautaturiko tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.
Ikastaroa amaitzerakoan, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria (EPM) emango zaie, eta, ikasleak profesionaltasun-agiria osatu badu, hori emateko prozedura abiaraziko da.
Ikasleak ikastaroa emaitza negatiboarekin amaitzen badu, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio, bai eta gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak (EPMak).
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen zentroak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F informatika-aplikazioaren bidez:
● Ikastaldia hasi aurreko 7 egun balioduneko epearen barruan:
– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori onuradunen esku).
– Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.
● Amaitu ondorengo 7 egun balioduneko epearen barruan:
– Ikasleen emaitzak biltzen dituen online dokumentua, LAN-Fren bidez, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori onuradunen esku).
– Ebaluazio-aktak, beteta.
13.– Diru-laguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, diru-laguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko.
Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, onuraduna enpresa bat edo enpresa-talde bat denean, prestakuntza beren baliabide propioekin edo kontratazio bidez egin ahal izango dute, betiere helburua lortzeko egokiak badira. Era berean, prestakuntza-ekintzaren % 100era arte azpikontratatu ahalko dute egiaztatutako eta/edo izena emandako erakunde batekin, eta ez da azpikontrataziotzat joko diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea.
Kontratatzen baditu, enpresa edo enpresa-talde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko dizkie kontratuen zenbatekoak munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean (Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan zehaztua dago munta hori), ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde ez badago. Aurkeztutako eskaintzen artetik bat aukeratzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
Era berean, enpresa edo enpresa-talde onuradunak aurretiazko baimena eskatu beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-ekintzaren zenbatekoak diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, hori aurkeztu eta 20 eguneko epearen barruan ez bada esanbidez ebazten.
Nolanahi ere, 13. atalean ezarritakoari jarraituz, zuzenean aplikatu beharko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3. artikuluetan xedatutakoa.
13. artikulua.– Lanez kanpoko lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, lanekoak ez diren lanbide-praktiken iraupenak ezin izango du 200 orduko muga gainditu, oro har.
2.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratua dagoenean:
– Praktikaren iraupena eta edukiak lan-zentroko prestakuntza praktikoko moduluaren araberakoak izango dira (Profesionaltasun Ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoak). Enpresaren ustez praktikaren iraupena eta edukiak nahikoak ez badira, praktikaren iraupena handitu ahal izango da lanekoak ez diren praktiken beste hitzarmen batekin, betiere iraupeneko 200 orduko muga gainditu gabe.
– Prestakuntza-zentro edo -erakundeek prestakuntza praktikoko modulu bat egitea aurreikusi beharko dute, lan-zentroetan eta egindako espezialitatearekin zerikusia duten lanbideetan, ikastaroetan parte hartu duten ikasleen % 100entzat, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuko 5 bis artikuluan jasota dauden salbuespenetako bat betetzen duten ikasleentzat izan ezik.
3.– Lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluen ondoren egingo dira, ahal bada, eta betiere horiek ebaluazio positiboarekin gainditu badira. Ikastaroa amaitu eta 2 hilabeteko epean hasi beharko dira, prestakuntza-ekintza profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratzen ez denean; eta 4 hilabeteko epean, prestakuntza-ekintza profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratzen denean. Ezohiko egoeretan eta justifikatuta dagoenean, Lanbidek baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboarekin gainditu duten ikasle guztiek lanekoak ez diren praktikak edo prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute lan-zentroan, beren administrazio-egoera edozein izanik ere.
Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika utzi behar izatea ekarriko du.
4.– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen denean, lanekoak ez diren praktikak lan-zentroan egin ahal izango dira; ez, ordea, prestakuntza-modulua, salbu eta langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta baditu.
5.– Lanez kanpoko praktikak enpresen eta prestakuntza-erakundearen artean sinatutako eta prestakuntza-zentroek dinamizatuko dituzten hitzarmenen bidez arautuko dira. Praktikak hasi aurretik, hitzarmen horren berri emango zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Era berean, praktiketan parte hartuko duten ikasleen zerrenda ere jakinaraziko zaie.
6.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Hori Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritza Nagusiak baimendu behar du.
7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.
8.– Lanbidek praktiken hitzarmena baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lan-zentroetako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira.
14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du diru-laguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora bi bisita egiten ahaleginduko da, gutxienez:
– Hasieran. Bisitaldi honetan prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei ikastaroaren, horren edukien eta garapenaren eta beraien eskubide eta betebeharren inguruko datu guztiak emango dizkie eta ikasleek izan ditzaketen zalantza eta galderei erantzungo die.
– Ikastaroa amaitzean: zentroko baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei amaierako inkesta pasako die eta ikastaroaren balorazio orokorra eskatuko die. Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.
Zenbait prestakuntza-ekintza lotzetik sortutako prestakuntza-ibilbideen kasuan, aurreko kasuan bezala, bermatuko da hori osatzen duten ekintzen multzoa ematen den bitartean gutxienez bi bisita egitea, prestakuntza-ibilbidearen hasieran eta amaieran.
3.– Erkidegoko araudian ezarritakoarekin bat eginez, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzak erakusteko, egiaztatze-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsen parte-hartzetik sortutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
4.– Prestakuntza ematen duen zentroak Lanbidera bidali beharko du, ikastaroaren lehenengo hilabetea bukatu baino lehenago:
– Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaroaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen direla egiaztatzen duena.
– Ikasleei aplikatutako kalitate-inkestak, ikasleek egindako oharrekin batera.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babespean emandako prestakuntza-ekintza guztien ebaluazioa egingo du, ebaluazio-sistema misto bat erabiliz. Ebaluazio-sistema mistoak bi iturri hauetatik bilduko du informazioa:
A.– Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, Enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzuaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (BOE, 2009ko ekainaren 11koa) xedatutakoaren arabera. Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte telematikoki.
B.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako heziketaren ebaluazioa» ereduzko agiriarekin bat etorrita.
Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko nahitaez egin beharko da prestakuntza-zentro edo -erakundeak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzarentzako sintesi-adierazle bat. Sintesi-adierazle horrek aipatutako bi iturrietatik lortutako emaitzak haztatuko ditu, beheko formula honen arabera:
A= Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko puntuazioa; enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzuaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (BOE, 2009ko ekainaren 11koa) xedatutakoaren araberakoak izango dira galdetegi horiek.
Atal honek % 60ko pisua izango du adierazlearen puntuazioan.
B= Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuazioa, LAN-F informatika-aplikazioan emandako ereduaren arabera.
Atal honek % 40ko pisua izango du adierazlearen puntuazioan.
Nolanahi ere, beste informazio iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, halakorik balego, prestakuntza-zentro edo -erakundeen edo kanpoko beste erakundeen kargu utzitako ebaluazio-ekintzetan lortutako emaitzak, besteak beste.
16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
a) Lehen ordainketa egingo da, % 50ekoa, diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi eta Lanbidek egiaztatzen duenean baliabide tekniko, giza baliabide eta material guztiak (beharrezkoak nahiz, dagokionean, enplegurako lanbide-heziketa arautzen duen araudiak eskatzen dituenak) prestakuntza-ekintza planteatu eta diruz lagundu zen bezala egiteko martxan jarri direla.
12. artikuluko 13. atalean ezarritakoari jarraituz, enpresek edo enpresa-taldeek prestakuntza-ekintza kontratatzen badute, 6. artikuluko 3.2.c) atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eskabidearekin batera aurkeztu ez badute; kontratuaren kopia ere aurkeztu beharko dute.
12.3 artikuluan xedatutakoaren arabera baimendutako lotutako prestakuntza-ekintzen kasuan, lotutako prestakuntza-ekintza guztiengatik emandako diru-laguntzen baturaren % 50 emango da, lehena hasten denean. Lehen ordainketak 180.303,64 euroko zenbatekoa gainditzen badu, erakunde edo enpresa onuradunak banku-abala aurkeztu beharko du, lotzeko baimenarekin batera jakinaraziko diren jarraibideei jarraituz.
b) Bigarren ordainketa egingo da, gainerako % 50era artekoa. 2018ko ekitaldian ordainduko da, prestakuntza-ekintza amaituta eta, kontratazio-konpromisoa duen prestakuntzaren kasuan, lan-kontratuak hasita, 17. artikuluan ezarritako baldintzetan diruz lagundutako ekintza justifikatu ondoren.
Lotutako ekintzen kasuan, 2018ko ekitaldian ordainduko da horietako bakoitzari dagozkion bigarren ordainketen batura, azkena amaitzen denean eta horiek guztiak justifikatu ondoren.
2.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko da onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela.
Enpresa edo erakunde onuradunak egiaztapen hori egiteko baimena berariaz ukatzen badu, baldintza hori egiaztatzeko ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Laguntzen likidazioa, prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten parte-hartzaileen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa.
Prestakuntza presentzialari buruzko likidazioa honela kalkulatuko da:
– A modulua 15 ikaslerekin biderkatuko da, prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) atalean aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz. Emandako prestakuntza-orduekin ere bat etorri beharko da.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari B modulua ekintzak dituen ordu kopuruarekin biderkatzetik ateratako zenbatekoa gehituko zaio, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B modulua prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealarekin biderkatzetik ateratako zenbatekoa gehituko zaio, hori amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.
– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da, zeharkako gastuengatik.
Teleprestakuntzaren kasuan:
– A modulua emandako orduekin biderkatuko da, baita honako hauekin ere: 15 parte-hartzailerekin 10 eta 20 parte-hartzaile arteko ekintzetarako, 25ekin 21 eta 30 parte-hartzaile arteko ekintzetarako eta 35ekin parte-hartzaileen kopurua 30 baino gehiago izan bada.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari B modulua ekintzak dituen ordu kopuruarekin biderkatzetik ateratako zenbatekoa gehituko zaio, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B modulua prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealarekin biderkatzetik ateratako zenbatekoa gehituko zaio, hori amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.
– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da, zeharkako gastuengatik.
2.– Diru-laguntza jasotzen duen enpresak edo erakundeak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, hura amaitu eta 15 eguneko epean gehienez:
– Enpresa edo erakunde onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.
– Prestakuntza-orduetara joan direnean ikasleek sinatutako orriak, adierazitako orduak frogatzeko.
Gainera, kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, erakunde edo enpresa onuradunek horien kopia aurkeztu beharko dute, lan-kontratuak egiten direnetik gehienezko 15 eguneko epean.
Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Bigarren epe hori bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, itzultze-prozedurari hasiera emango zaio.
18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak.
2.– Zehazki, diru-laguntzen onuradunek frogaketa- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak ere; hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
EGIFek kofinantzatutako prestakuntza-ekintzek Erkidegoko araudian ezarritako frogaketa- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, eta horiek Enplegua eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egingo dituzte.
3.– Kontrol-ekintza hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimenaren gauzatzeari edo bideragarritasunari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak (deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak) eskatu direla edo eskuratu direla.
– Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragin diezaiokeen edozein gertaera jakinaraztea, baita diru-laguntza emateko aintzat hartu den inguruabarren baten aldaketa ere.
4.– Prestakuntzaren garapenean ekintzaren jarraipena egiteaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoria- eta ikuskapen-plan bat ezarri ahal izango du, alde batetik, deialdian xedatutako eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko eta, beste alde batetik, diruz lagundutako jardueren egiazko baldintzak zein diren berresteko.
5.– Era berean, diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak betetzeko, erakunde onuradunak laguntzarekin lotutako transakzioak identifikatu beharko ditu, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.
19. artikulua.– Europako kofinantzaketaren ondoriozko komunikazio-betebeharrak.
Europako kofinantzaketa jasotzen duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeek espresuki adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa jaso dutela, Euskadiko EGIFen 2014-2020 aldirako programa eragilearen esparruan edo gazteen enplegurako 2014-2020 aldirako programa eragilearen esparruan, irakaskuntza-material guztietan, sortzen diren bestelako materialetan eta diruz lagundutako jarduerak jakinarazi, zabaldu edo publizitatzean.
Era berean, diru-laguntzaren erakunde onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko da.
20. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
21. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, finantziazio-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
22. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
1.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko interesak eskatzea Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan zehazten diren kasuetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan zehazten diren kasuetan. Bereziki, ondorengoetan:
a) Jarduera egin dela eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete direla justifikatzeko obligazioa ez betetzea.
b) Laguntza bete beharreko baldintzak bete gabe jasotzea.
c) Jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.
e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Ez-betetze osoaren kasuan: diru-laguntza emateko helburua edo hori justifikatzeko betebeharra osorik ez betetzeak emandako diru-laguntzaren % 100 itzultzea ekarriko du. Era berean, osorik bete ez dela ulertuko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 35 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileak.
Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, osorik bete ez dela ulertuko da (diru-laguntzaren % 100 itzultzea ekarriko du) prestatutako langileen % 30 baino gutxiago kontratatzen denean, edozein arrazoi dela medio, hori betetzea eragotzi duten ezinbesteko inguruabarren kasuan izan ezik. Inguruabar horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatu behar zaizkio. Ezinbestetzat joko dira Kode Zibileko 1.105 artikuluan xedatutakoarekin bat datozen kasuak.
b) Ez-betetze partzialaren kasuan: diru-laguntza emateko helburua edo hori justifikatzeko betebeharra partzialki ez betetzeak emandako diru-laguntza aldatzea edo partzialki itzultzea ekarriko du. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlearen betearazpena % 35 eta % 100 artekoa bada, emandako diru-laguntza 17. artikuluan jasotako baldintzei jarraituz likidatuko da.
Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzen kasuan, partzialki itzuliko da, prestatutako langileen kontratazioaren ehunekoa % 30 eta % 50 artekoa bada. Kasu horretan, emandako orduen araberako likidazioa egin eta gero, egindako kontratazioaren ehunekoarekin bat datorren diru-laguntzaren ehunekoa ordainduko da.
Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko hori egiteko konpromisoa ez betetzea, kontratatzeko ikasle gehiago ez dagoen kasuetan izan ezik.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo horiek aurkezteko epea igarota, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendari Nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, bi hilabeteko epean, gehienez ere, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra adieraziko dio onuradunari, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Borondatezko aldian ez badira zenbateko horiek itzultzen, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
23. artikulua.– Araudi gehigarria, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak ematen diren kasuetarako. Batik bat, teleprestakuntzaren modalitatean.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak ematen diren kasuetan, honako hau izango da bete beharreko araudia, deialdi honetan aipatzen ez diren puntuetan eta, batik bat, teleprestakuntzaren modalitatean, deialdi honetan arautzen diren eta arau hauek baldintza zehatzak ezartzen dizkieten alderdiei dagokienez: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena eta hori garatzen duen ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa.
24. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta Prestakuntzarako Diru-Laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubidea izango dute, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
I. ERANSKINA
AURREKONTUEN BANAKETA
II. ERANSKINA
ESPEZIALITATE PROGRAMAGARRIAK ETA MODULU EKONOMIKOAK
III. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-EKINTZAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK